www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE XVIII.

Animako Eriotza, edo
Eskandaluaren gañean

 

Vae mundo a Scandalis...

 

        Esan degu leenagoko doktriña bietan, zer aditzen dan korputzeko eriotzaren izenean; nola kendu bear dan biotzeko gorrotoa edo eriotza. Badago eragozten dan beste eriotza bat ere, zeña dan animakoa, ta kaltegarriagoa korputzari bizitza kentzea baño, ta oni deitzen zaio Eskandaloa.

        G. Zer da ordea Eskandaloa?

        E. Da esatea, edo egitea zerbait ezaueraz, edo ezagutu bearraz nondik lagun edo proximoak artu dezakean bidea bere anima galtzeko. Edo orobat ez esatea, edo ez egitea, egin, edo esan bear dana, ez esan edo ez egiñaz animaren bat galtzeko bide edo gaia ematen danean.

        G. Bekatu au beti da andi edo mortala?

        E. Ez; nolakoa dan animari ematen zaion kalte bidea. Gezur txiki bat erasotzen badiozu, edo aserre gutxiren bat artu erazo, izango da bekatu beniala, zeren bakarrik ematen diozun bidea bekatu benial edo ariñen bat egiteko. Baña tentatzen badezu egin dezan gezurraren gañeko juramentua, edo eman bidea nai dezula, edo ezaueraz maldizio astunak egiteko, izango da bekatu mortala, ematen diozulako bidea, bekatu mortala eragiñarekin, kalte guziz andia animara ekartzeko.

        G. Beraz nik bekatu mortalen bat egiteko bidea emana gatik lagunari, onek egiten ezpadu, ez det nik bekatu mortalik egin izango?

        E. Ez diozu ondo; bada, asko da bidea ematea, ta peligro andian ipintzea, ematen dionak bidea, bekatu mortala egiteko.

        G. Baña nola bekatu izan kalterik etorri ezpazaio?

        E. Egin dezulako zuk bide gaiztoa emanaz zerez bear zana bestearen anima galtzeko. Demagun jaurtiki nai diozula zuk suarma batekin gizon bati bera heritu edo iltzeko asmoz, ta ez dizula surik artu, edo utsegin dezula. Zerez danez ill edo heritu zenuen biotzean, edo gogoz. Ala bada zuk esaten diozkatzuz emakume bati bekaturen bat eragiteko itz tentagarriak; onek lekurik eman ezagatik, ordu gaiztoan uristatu, edo bota zaituelako, zuk egin dezu bekatu eskandalozkoa Jangoikoaren begietan.

        G. Eta esaten edo egiten dan gauzak nondik bekatu egiteko bidea ematen diozun lagunari, nai ta ez izan bear ote du berez txar edo gaiztoak?

        E. Ez; asko da batzuetan gaitzaren irudia idukitzea, ez izanagatik. Ona zer zion San Pablok: baldin nere aragi jateak ematen badio kristauren bati eskandalu edo bekatubidea, ez det aoan aragirik sartuko. Osasun ona daukadala badirudit, ta egiaz ez idukiaz ta ondo dakianaz konsultatu edo itunduaz, jan badezaket ere aragia egun debekatuetan, jango ezin det nakustanen aurrean oei sinistu-erazo gabe, osasun paltaz, jan dezakedala aragia. Etxeren batean sartzeaz ematen bada zer esana ta gaizki esateko bidea, asmo gaiztorik iduki eza gatik sartzen danak, larga bear du sarrera, jendeak ezagutu dezan artean ez dagoala gaizki juzgatu edo esateko biderik.

        G. Ori orrela bada utzi bearko dira gauza onak ere, eskandalorik ez ematearren?

        E. Noiz nola. Jakin bear da onetarako gerta ditekeala eskandalua artzea bi aldetara; malizia edo gaiztotasun utsez, argaltasunez eta jakin ezaz. Baldin egitada edo obra ona bada bear bearra, ez da larga bear egingabe zer esan edo eskandaluaren beldurrez. Fariseoak esaten zituzten gaizki andiak Jesu Kristoren kontra Salbagille onen mirari ta Sermoiak gatik. Ordea jarraitzen zion predikatze, ta mirariak egiteari; oek bearrak ziralako, ta ez borondate utsekoak; berriz Fariseoen murumurazioak gaiztotasun utsez egiñak ziran. Baña pagatu zion Erromako Enperadoreari zor etzuen petxa edo tributua, zekialako gaitz-iritzia izango zala ez pagatzea. Gaurko egunean zer esan, edo murumurazio beldurrez larga bear balira gauza onak, utzi bearko giñoke sarri konfesatzeari, limosnak egiteari, bizitza ona eramateari, ta irten bearko genuke munduko jolas gaizto, nasaitasun guzietara; bada ez dago gauza ekusiagorik nola dan persegitzea, ta murmuratzea gauza onetan jardun nai dutenak gatik. Sinite eos, Coeci sunt, et duces coecorum. Esango likegu Jesu Kristok bere egunetako Fariseoak gatik ziona: larga larga esan dezeen nai duten guzia; itxuak dira, ta itxu mutillak. Nork jarraitu itxua dan gidari, edo itxumutillari? Noiz edo berriz gerta diteke utzi bearra gauza ona ta obligaziokoa, eragoztearren lagunaren bekatua, ta bakoitzaren animako peligroa. Emakumeren bati gizaseme gaiztoren batek pausoak zaitzen badizka bekaturako bidea emateko, ta meza enzun bear dan egunen batean ezin irten badu etxetik Elizara bakarrik baizik, ta uste badu bidean zaituko duela gizon gaiztoak, egon bear du etxean mezarik enzun gabe. Onelakoak gutxitan gertatzen dira. Dakuskun bada zenbat gisakoa dan eskandaloa. Bata da agiria, zabaldua, edo publikoa; bestea ixill edo ezkutukoa. Agiria da askoren begi edo belarrietara eltzeen dana, zeña zabaldu oi dan geiegi ere. Onelako eskandalo asko dago. Neskatx bat erorten da bekatu loian, ta gelditzen da aurdun. Onen bekatuak ots egiten du erri guzian ta albokoetan. Zenbat zer esan, ta murmurazio bide? Lenengo illetan asitzen dira susma, zaio, edo sospetxak; batak, aurdun dagoala urlia neskatxa; besteak, ez dagoala; batak, izango dala urlia mutil, edo gizonarena; besteak, berendiarena. Ezarten dioe erru edo kulpa eztuenari; aitatzen da leku askotan; bakoitzak esaten du otu edo antojatzen zaiona. Dia zabalduaz; aideak beldurtzen dira; gurasoak milla naigabe. Artzen diztez kontuak; lenengoetan uka ta uka; gero ezin ixilduan, esaten du urlia mutil edo gizonak engañatu zuela. Aita danak bear bada milla biraorekin ukatzen du. Orduan negarrak, ille ateratzeak, madarikazioak, auziak... Zenbat animako kalte edo eskandalo, onelako bekatuetatik? Noren leporako dira? Ai ai mundubarena eskandaluak gatik! dio Kristok. Nora ezekoak bezela dira eskandaloak; etorri bearrak mundukoen gaiztotasunez. Baña ai alako eskandalo emallea! Obe zuen jaio ezpalitza.

        Beste eskandalu ixilleko edo bakarrekoa da banaan, bakarrean, edo baten edo besteren aurrean ematen dan bekaturako bidea. Eskandaloa eman liteke zuzen, artez, edo zearrera, naiz albokerara, (directe, vel indirecte). Ematen da zuzen edo artez esan edo egiten danean zerbait lagunari bekatua eragiteko asmoz, onela eskatzen dionak neskatxari bekaturako laguntasuna, naiz batek besteak konbidatzen duenean gauzaren bat ostutzera. Zearrera edo albokerara ematen da eskandaloa, billatzen ez danean besteren bekatu egiterik, baña esan edo egiten duenean zerbait, igarten duela, edo igarri bear liokela, artuko duela nork edo nork argaltasunez bekaturako bidea. Ala guraso maldizioko itzak sarritxo esaten diztenak umeai, edo umeen aurrean besteai, ez dute egiten artu dezeen oek maldizioak egiteko biderik; baña igarri bear dioe enzunaz ikasi, beldurra bota, ta gero artu dezakela umeak ere alako oitura txarra; bada eskola txarrean azi danak, geienez ikasiko ditu egiten gauza txarrak. Orobat esaten dituztenak jende gazteen artean ipui itxusi loi, naiz bestelako itzketa desonesto edo bekatu loiaren gogoragarriak, nai ezpalute ere iñork lekurik ematea atsegin gaiztoari, nola igarri bear duten jartzen dirala bat baño geiago konsentitzeko edo borondatez gozatzeko irrisku edo bidean, ematen diote askori eskandaloa askoren aurrean bada, ta beren animen gañera artzen dituzte ematen diran bekatu bideak, ta besteen animetako kalteak. Itz zatar edo desonestoak enzunda jende ato edo pilla batean, batak egiten du irri parretxo bat, beste batek algara gozoa, beste batek txalo pozez; besteak, geitzen edo luzatzen du itzkunza ura. Aragia ez dago illik; mutil edo neskatxa gaztetxoak abiatzen dira gogoan itzak artu, ta zer esan nai ote duten; ikasten dituzte etzekizten gauzak; ta emendik zenbat galdu dira gero beren bakartadean itz aiek gogoan artu, ta deabruak sendoago eraatsita?

        Jauna, diote mingain madarikatuen jabe oek: Nik ez nuen nai itz alakoak esatean iñork bekaturik egin zezan; bai bakarrik parre eragin, ta denpora igaro olgantzan. Baña etziñon igarri bear bekatuetatako bideak ematen zinituela alako itzkerakin? Nai dezu parre eragin bekatu mortalak eragiñik? Olgatu Jangoikoaren ofensen artean? Au da gaiztakeriarik andiena parrez ta jokoz bekatua egitea. Bazenuka zuk zere etxean zakur andi gaizto ta kateatua egon bear duena, eta aterako bazenu kanpora igarri bearrean galduko dituela arkitzen dituen jendeak; edo oro bat etxeko kortan zezen gaizto bat, ta idikiko baziño atea, zakur ta zezen oek egiten dituzten kalteak, noren lepora joko lukee? Eranzu ezazu. Zer balioko lizuke esatea zuk atera zinituela etxetik mutil ta gizonak olga zitezen suerteak ateratzen? Olgatze edo dibersio ederra anbeste kalteren peligroekin. Jakingo balizu lurreko justiziak zer egin dezun, kastigatua izango ziñake zakur ta zezenaren kalteak gatik. Eta zer egingo dizu zuri Jangoikoaren justizia testigorik bear ez duenak jakiteko zer igarotzen dan emen, zere aotik konbersazio edo izkune loi zatarrak aterata eman badituzu animak galtzeko ta bekatuak zabaltzeko bideak? Agiña agiña gatik; anima anima gatik. Esan nai du, zere animan infenuan pagatuko dituzula emen animetan egin zinituen kalteak, ta zure bidez infernura joango diranak, esetsiko dizutela zakur amorratuen gisan ara eramateko bideak zuk egin zinituelako. Egun ederrak itxaroten dizute penitenzi egiazko gabe eriotzak arrapatzen bazaitu. Ona emen gertaera edo ejenplo ez anziñakoa, ta bai neuk ezagutu dedan Sazerdote bati igaroa.

        Bizi zan erri batean beste asko bezelako mutil gazte Jangoikoaren beldur gutxiko bat, zeñek zeramazan egunak jokoetan, itz zatarrak esan ta eskuka tentagarriak neskatxai egiten. Joan zan gau batean oera ardura gabe; ta lotan zegoala artu zuen ames lurrekoa baño geiago zana. Zeritzon agertu zala Jesu Kristoren tribunalean animak korputza largarik. Ipiñi ziozken begien aurrean galdu zituen animak bere itz, ta eskuka zikiñen bidez, ta ondo merezitu zuela Infernura joatea. Mutil au asi zan denpora zati bat eskatzen penitenzia egiteko; esturasun artan eskeñi zan bizitza on bat egitera, ta eranzun zitzaion: ematen zatzu bada urte biko epe, asti edo denpora penitenzia egiteko. Onenbesterekin iratzartu zan, ta luze zeritzon goizari arinka joateko konfesore baten billa. Eguna ondo argitu gabe bezala elizara joan zan, billatu zuen neure ezaguna zan konfesorea, ta erdi illa zirudiala esan zion: Jauna, arren konfesatu bear nau. Esan zion lenengo konfesoreari, zer gerta zitzaion, ta sinis dezan, Jauna, egia dala, begira nere alkandorari, ta erakutsi zion guzia odolean sartua bezela; zeren larritasun, beldur ta ikarak ateraerazi zion korputz guzitik odolezko izerdi ugaria Jesu Kristori baratza santuan biotzeko naigabean irten zion bezela; eta nola ikusi zituen ain argiro bere bekatu guziak zeruko ames artan, zeduzkan gogoan eraatsirik ta esan zituen erraz ta biotza erdibitzen zitzaion damuarekin. Asi zuen bizitza berri ta penitente bat; zaitu zuen konfesoreak noiz iltzen zan, ta ill zan Jangoikoaren erruki edo miserikordiak mugatu zion denporan, au zan urte biak osotuta bereala, ta orduan argiroago ezagutu zuen konfesoreak zerukoa izan zala ekusmen zorioneko ura.

        Ez det, Jauna, dio nork edo nork, orrelako ames beldurgarririk izaten gazte ark bezala igaro baditut ere urteak itz zatarrak esan ta eskuka tentagarriak egiten. Lo egiten det galanki, ta gozo gozo. Anbat gaiztoago zuretzat Jangoikoa ixillik egotea; aserre andiagoaren señalea da, eta ezarriko dizu eskua kolpe gogorragoren batekin. Maite izan zuen mutil esan deguna amorezko aserrearekin dei egin, ta eman ziolako penitenzia egiteko denpora. Ixillik egon nintzan, dio Jangoikoak, gorde nuen nere itza, edo aserre ona, Tacui semper, silui. Baña urratuko det nere ixiltasuna, aterako det arpegia, ta emango det itz ondo zolia, artuko det zigorra.

        Bada beste eskandalo emate gisa bat, ta da parre, edo siñu egiten zaienean ondo bizi diranai; ala atzeratu ditezkealako bertuteko bidetik. Ekusten badituzte sarri konfesatzen, lurreko ospe edo bulla zoroetatik aldegiten, au da esatea: Ona emen beata moda berriko bat, egun gutxiko santa; laster ekusi bear degu aldaretan. Nor piatu onelakoekin! Len zerbait bazan; baña orain guzia galdu da; gatzik ez du ezertako, gona luzeakin, mantillarekin arpegia estaldu, ta kokoturik eleiz bazterretan alperrerian egoteko ona da. Zorigaiztoko burlariak! Zenbat kalte egin dituzuten anima argaletan! Zenbatek largatzen duten Jangoikoaren bidea munduko ero, baño gaiztoagoen esamesak gatik! Abiatu ziñaten ondo esaten zien San Pablok, zenbiltzaten ondo: Quis vos fascinavit? nork zoraerazo dizute? Currebatis bene; quis vos impedivit? Nork largaerazo dizue artu zenduten bide ona? Gaizto, onik ekusi ezin dutenak. Madarikatuak bai infernukoen lanak artzen dituztenak; baña zorigaiztokoak ere mundukoen esames, parre, ta esetsiak gatik aldegiten dutenak Jangoikoaren bidetik. Biurtu ziranean Hebreotarrak Babiloniatik, abiatu ziran jasotzen Jerusalenen erri inguruko orma edo muruak. Alboetako jente gaizto batzuek, urreratu zitzaizten beargillai; egiten zuten alegiña bear ura eragozteko; etzien ezeri barkatu orretarako, ta besterik ezin zutenean egiten zien parre, ta burla. Baña ona zer eskatu zion Jangoikoari Nehemias Profeta Santuak: Jauna, ez gorde, ez eztali oen gaiztakeria; ez didilla desegin beren bekatua zure arpegitik; bada siñuka ta parrez atzeratu nai dituzte bear ta lan onean diardutenak. Orain bada, nolakoa izango da Jaunaren aserrea animako salbazioko lanak eragotzi nai izatea siñuka ta gaizki esanez? Gaiztoak nai dute kezka guziak kendu; besteen on egiñak ezarten die beazuna beren biotzetan; lotsatzen dira gauza onak ekusita, ta begien aurretik kendu nai dituzte; guziak beren lagun egiten badira, kenduko zaiela, uste dute, barrunbeko arantza ta keza; ta ez dute ezaguten eroak, justu edo onen orazioak dauzkala bizirik edo kastigu gabe. San Pabloren amorez gelditu ziran ito gabe berreun baño geiago onzi batean galduagiñik ebilli ziranak. Ala bada ematen dituzte anima onen galbide edo eskandaloak, gaizki esaten dutenak kristau zuzen ta garbien kontra. Eta nolako bekatua au Jangoikoaren aurrean?

        G. Nork bada eman oi du bekaturako bide edo eskandaloa?

        E. Txit askok; oek dira, itzez, eskuz, arpegiz, oñez, edo dan bezela dala lagunaren animak galtzeko peligro, edo irrizkuan ipintzen dutenak bekatu mortalen bat eragiteko bide ta gaia emanaz.

        Orregatikan, ematen dute eskandalo, edo gaitzerako bidea aserreren baten ondoren alkarrekin artu-eman arrazoizko ta len bezalakoak ez dauzkeenak; ematen dituztelako zer esanak, geitu gorrotoak alkarren aide, etxeko, ta adiskiden artean; bada batzuek jartzen dira bataren alde edo bando, ta besteak, bestearen; ta asko alditan auzoera edo erri zatia naastzen da biren aserrea gatik.

        Ematen dute eskandalo edo gaitzerako bidea apaintzen diranak modestia galdurik, ondo estaldu bear diran lekuak agirian darabiltzkienak; edo amorio gaiztoan katigatzeko asmoz apaintzen danean. Munduko moda ero ta ondagarriak ez dute balioko Jangoikoaren juizioan. Ikaratzeko doktriñak erakurtzen dira emakume apainzale ta arroen kontra Eskritura Santeetan, ta Elizako Santuak larga dituzten libruetan. San Ignazio Loiolakok agintzen zien bere diszipuluai, ez denporarik alperrik galtzeko konfesonarioan alako emakume mudazaleakin; lenengo etorreran konseju onakin egin zezatela alegiña janzi zitezen arrotasun gabe, ta bear zan modestiaz; ordea, ondu nai ezpazuten, ta bai jarraitu beren janzi modu astin ta arroari, bidaltzeko absoluzio gabe. Eun dama ta neskatx apainduen artean, bear bada ozta arkituko da bat apaintzen ez dana on iritziz, eder agertu naiz, arrotasun edo banidadez. Eta zenbat, gizasemen amorio ez ona iristearren? Oek dirudite Kristoren alabak? Mundua da gure animen etsaia. Nola bada anima gorde munduko arrotasunen artean? O lotsatzeko gauza! Jaikiko balira euskal-errietako lengo Señora ta Dama oraingoen asabak, ta ikusiko balituzke beren ondorengoen buruetako asmoak, ta korputz-janziak, zer esango lukee? Oraingo mirabeak arroago janzirik dabiltza lengo etxeko-andra andikiak baño. Larga nai diot gai oni alperrik nekatu gabe, ta bakarrik orain esango diet, galtzen dituztenak animak janzi arroegi, ta modestia gabeakin, ematen dutela gaitzerako bidea, zeña dan eskandaloa.

        Ematen ere dute eskandaloa neskatx ez gutxik beren arpegi ta begietako askatutasun, ta lotsa gabeaz. Ikusiko dituzu oen artekoak saltoka, deadarka, ta gizasemeai mokorkadak ematen, tenta ditzen asmoz, edo igarri bearrean mutillak elduko diela. Eta zer besterik nai dute? Eztira aizartzen, egia da, mutil gaiztoak bezala musuak ematera, gizon gauzari eskuak egoztera, aitatu bear ez diran tokietara; baña ezarian, edo ezer egiten ez dutelakoan ematen dituzte bideak eragiteko gauza txarrak. Au da egia garbia, mutillik gaiztoenak geienez lotsa andiarekin begiratzen diela neskatxa modesta, Jangoikozale, ta aldegiten dutenai munduko bulla ta ebillune naasietatik. Eta noiz bait tentatu badituzte, ekusirik egin dion arrera txatarra, agertu dion aserrea, ta artu zuen igesa, beste beingo atzeratzen dira. Baña dakustenean neskatx mutilzale, bullazale, modestia gabe, ta arpegi jaiki bat, begien arintasunean, itzen nasaitasunean, ta ibilmodu eroan agertzen duena bere biotzean zer dagoan, agur mutilla, agur gizona; an dira eskukak, an apa laztanak, an itz lotsagarriak, an zer ez? Beraz emakumeak galtzen dituzte anima asko beren nasaitasunakin. Beraz erorten dira eskandaloko bekatu kaltegarrian, ta dira deabruaren eizariak.

        Arritzeko gauza da San Juan Ebanjelistak Jesu Kristoren aldetik edo partez Tiatirako obispo santu bati bialdu zion mandatu bat: Au dio Jangoikoaren Semeak...ezagutzen ditut zure egite onak, zure fede, karidade, pazienzia, ta aurrerapenak gauza onetan; ordea badaukat zerbait zer esan zuri; largatzen diozu ixillik, edo bear bezala arpegia ateratzen ez dezu Jezabelen gisako emakume baten kontra, zeñek ematen dituen eskandaloak, galdu animak, erakasten duela bekatu loietako doktriña txatarra. Eman diot emakume gaizto oni epe ta lekua penitenzia egiteko, baña ez du penitenziarik egin nai, ez larga bizitza loi ta luxuriosoari, ez animak galtzeari. Nik ezarriko det Infernuko oean, ta berekin bekatu lagunak diranak, egiten ezpadute egiazko penitenzia, arkituko dira naigabe gogorrean. Orain bada, zenbat onelako Jezabel, edo emakume daude ez leku zabalean, bai edozein erritan? Zenbat, beren nasaitasun, begietako arintasun, itzen askatutasun, ta ebillera arroekin, likatzen dituztenak gizaseme gazte ta edade guzietakoak? Norako dira beren maitatzalle, ta jaraitzalleakin (sic) egiten ezpadute penitenzia, gogortzen badira enzun gabe Jangoikoaren deiak? Mittam ean in lectum. Ezarriko du Infernuko oera bekatuko oe zalea; ta oe artara bilduko dira berari jarraitu zioen gizasemeak. Eta zer igaro bear dute alkarrekin Infernuko oe gogor suzko artan? Ala bada, denpora guzietan egin dituzte, egiten ta egingo dituzte kalte andiak animetan emakume lotsagabe, lasai, begi eraskor, itz ero, ta oin ariñetakoak. Ekusten dira oek mutil gizonekin bideetan, ardantegietan sarturik, edo besoak alkartuta saltoka, ijuika dabiltzala. Jangoiko maitea! Zenbat bekatu egin ta eragiten dituzte? Etxean ostu gurasoai arto edo garia, apaindu bear baño geiago, ipiñi meriendak beren galaiai... ta zer ez?

        Ematen dute eskandaloa jaiegunetan bear debekatuak leku agirietan egiten dituztenak edo seme, alaba ta mirabeak obligatzen dituztenak bear egitera bekatu mortalera eldutzeko beste denporan; baita ere meza obligaziokoetan berriketa luzeetan daudenak, eragozten diela alboetakoai meza ondo enzuten, berak ez enzutea asko ez dala.

        Egiten dituzte eskandaloko bekatuak guraso maldiziogillak, umeai ostutzeko konsejuak ematen dizteenak, edo berak dakitela gauzak ostuaz, edo ontzat ematen dituztenak umeen lapurretak. Zer ikasiko dute seme-alaba, ta morroe-mirabeak ekusten badute, guraso, edo etxeko-jaunak dakartzela etxera auntz, ardi, ikatz, ta alako gauzak iñori osturik? Etxe guzia bekatuz bete ta diranak prestatu infernurako. Baldin eskandalo edo bekatu bidea ematen duen edozeñgatik badio Kristok: ai gizon eskandaloa ematen duena. Obe izango zuen inoiz jaio ezpalitza; zer esan guraso, umeai bekaturako bidea ematen dienakgatik!

        Berriz nork neurtu seigarren mandamentuan ematen diran eskandaloak? Zenbat daude ez dutenak beste itzkuntzarik zatar desonestoak baizik? Biltzen dira gazte ta zarrak sukalde, ta bear lekuetan. An izaten da gaiztoren bat bereala asmatu ta ateratzen dituenak konbersazio ez garbiak; batzuek lagundu, besteak geitu, geienak algara gozo egin, ta orra askotan zar ta gazte animak galdurik. Eta nork esan biotz barrenetik igarotzen diran naikunde, edo gurari zikiñak? Zenbat ume edo gaztetxori irasten zaiez itz loiak, ikasten dituztela jakin bear ez diranak? Zenbat kalte emendik? Bai, dio San Pablo Apostoloak, oitura onak galtzeen dira itzkuntza gaiztoekin. Ez du ezer balioko Jangoikoaren aurrean esateak, olgatzeko, jostatzeko, parre eragiteko esaten zirala. Mingaña da sentidurik kaltegarriena, ezitzen ezpada. Zartuta ere irauten du ekandu edo oitura gaztetan artuak; ta ekusten dira agure ta atsoak zabaltzen infernuko doktriña gazteen animetan. Au da deabruaren errosario ta letaña gogo geiagorekin esaten dana Ama Birjiñarena baño. Nola iges egingo ez dute Aingeruak alako lekuetatik? Nola poztu ez deabru Jangoikoaren ofensa ta anima galtzea dagoan tokietan?

        Egiten dituzte eskandalo ta bekaturako bideak, batari oratu, besteari musu, besteari eskuak egotzi, aitatu bear ez diran lekuetaronz. Deabruak dauzka asko adiskide bere ordez animak arrapatzeko. Zer eskandalo ematen degu Jauna, esan oi dute, musuka, apaka, oraka ta onelako olgantzeetan neskatx ta mutillak ibillia gatik? Pakean gabiltza, ez degu auzka ta aserre gauzarik izaten. Onelakoak ez dute iñoiz aditzen zer dan eskandaloa. Uste dute ez dagoala eskandalorik erri guziari zer esan ematen zaion gauza gaiztoren bat egiten ezpada. Eskandalotzat dauzke ordikeriak, aurdun irteteko bekatuak egiteak, auzi gaiztoak, alkarren gorrotoan askok dakitela egoteak. Baña dibersio, arazkeria, umore ontzat, bestelako eskuka, musuka ta aragiaren sugarrak: Nik diot ordi andi batek baño eskandalo ezagunagoa ematen duela, alako asmorik etzuen neskatx bati musu bat eman, edo esku egozte zatar bat egiten dionak. Ordi jakin ta ezagun bati guziak dioe gorroto, ta aldi askotan ez da iñor igitzen moskortzera, ordi andia ekusia gatik. Eta onetan dago eskandaloa, ematean bekatu egiteko bidea. Berriz neskatxa musu ta eskukorekin tintatua, jartzen dan leku emateko irrisku edo peligroan biotzaz baño ezpada ere, ta bota badu mutilla ordu gaiztoan bekaturik egin ezagatik neskatxak, bai mutillak eskandalokoa, bada berez zanez eman zion konsentitzeko edo nai izateko bidea. Etxe bati su ematen badiozu, gero itzeli arren sua etxekoren batek, zuk egin zenduen zerea biotzez. Izango dira mutil ta gizon beren egunetan eun emakume edo geiagori eman distenak anima galtzeko bideak; geienai bekatu eragin dienak atsegin txarren bat artuaz; ta bizi dira orregatikan anima galtzallak umore galantarekin. Zer geiago? Badituzu doktriña gaiztoak irakasten dituztenak. Gertatzen da noiz bait gizonsemeren batek tentatzea eskuekin emakume Jangoiko beldurrekoren bat, onek aserre santuren batekin eranzutea, ez duela Jangoikoak alakorik nai, bekatu dala, ta larga dizola berari pakean, ken dedilla bere aurretik. Zer asmatzen dute tentatzalle onelakoak bekatuaren beldurra kenduerazitzeko? Batzuek esan oi die, konfesatuta barkatuko dala, Jangoikoak badakiala gure argaltasuna. Beste batzuek ematen die herejiako doktriña au, ur bedeikatuarekin barkatuko dala; ez dagoala artan bekaturik, Zerua eztala ain erraz galtzen; eskuka ta musu batzuek gatik ez dagoala infernuratzerik. Oek bai dirala doktriña ederrak, herejiak erakastea, sinistu nai izatea bekatuak ez dirala Elizak ta Santu guziak bekatutzak dauzkenak. Oek dira eskandaloa zabaltzen dutenak fedearen kontrako gauzak erakatsirik; ta estaldu nai dute beren doktriña gaiztoa, Inkisiziora salatu ez ditzeen, esanaz, pasio gaiztoz esan dituztela, ez ala sinistuz. Nork daki beren biotzeko berri? Herejiako doktriñak erakastea, ala dala sinis dezan emakume argalak, ta bekatuko bidea zabaltzeko, da kastigatu bear dana fedeko doktriñak zaitu edo gorde bear dituztenen eskuz. Herejeak berak ere ez dituzte sinisten osoz, beintzat ez guziak, beren aldetik dagoala arrazoia. Luterok ezagutzen zuen etzala on ta Zerurakoa bere doktriña. Elizak kastigatzen du agertzen dana. Doktriña gaiztoak ereiten dituztenak salatu bear dira Inkisiziora, ta enzuten dutenak zerbait esan dala fedeko doktriñaren kontra, itundu edo konsultatu bear dute konfesore jakitun batekin. Luxuriara emanak diran txit askok, galtzen dute fedea, ta herejiarik geienak jaio dira bizio zikin onetatik. Biotz ustelduak, usteltzen ere du erraz adin edo entendimentua, ta gero kezka guziak kentzeko, ez da sinistu nai Jesu Kristoren doktriña garbia. Ikusten ere da noiz bait egun debekatuetan aragia jan edo baraurra ausitzeko esaten dutenak, aotik sartzen danak, ez duela zikintzen anima. Jesu Kristoren esan au gaizki aiturik, berak aragia jan ta besteai ere jan erazi nai die Elizako aginduaren kontra. Nola ordea zikindu zituzten Adan ta Ebak beren animak jan zutenetik Jangoikoak eragotzi edo debekatu zien frutua? Elizari sinistu nai ez diona, fede gabea da. Orra nola kristauen artean ere arkitzen diran, eskandalorik latzenak ematen dituztenak doktriña gaiztoakin. Nolako kastigoa itxaroten die?

        Nork banaan adiraz zenbat aldetatik ematen diran eskandalo edo animen galbideak? Nolako asmoak asko gaiztorenak bekaturako lagunak billatzeko? Nolako erregu, eregu edo palaguak, sari eskintzat erakarteko bekatu egitera? Mandamentu guzietan zabaltzen dira eskandaloak. Lapurretak egiten dituztenak, edo billatzen dituzte ostutzeko lagunak, edo ostuak estaltzeko. Ematen die bidea kaltea izan dutenai gorroto gaizto, maldizio astun, edo juizio txarretarako. Murmuratzalleak ematen dizte bekatu bideak enzuten enzunleai; zerren askok laguntzen dizkie mormurazioan, beste batzuek poztutzen dira enzutean lagunaren gaitza. Au aditzen da, nolakoa dan mormorazioa; astuna ta desonragarria bada bekatu mortal izateraño, eskandaloa ere izango da bekatu mortala. Nork esan berriz nolako bekatua dan umetxo gazteai bekatu eragitea? Oek pekatu egitetik, zenbat kalte? Zenbat konfesio gaizto? Itz gutxitan, ta ez aztu zuzenbide au; esaten danean (oro bat egin edo ez egin) zerbait, nondik artu dezakean argaltasunez, edo jakin ezaz, lagun edo proximoak anima galtzeko edo bekaturako bidea, egiten da eskandaloko bekatu ain astuna. Eta askori aldebatera eskandaloa ematen dienak, beren gain dituzte anima galtze guziak, nola batek illko balitu tiro batekin bost edo sei gizon. Eskandaloa da karidadearen kontrako bekatua; eta Jesu Kristok obligatzen bagaitu oker egiten dutenak zuzentzera al degunean, nolakoa izango ez da obligazioa oker ta gaiztoak ez gaiztoagoak egiteko? Nolakoa berriz zuzenak, edo ondo bizi diranak ez okertzeko obligazioa? Alkarri lagundu bearrean gu ere animak salbatzeko, badirudi gizon edo kristauak alkar galtzeko bizi dirala. Ezpalego konsejari txarrik, tentatzallerik, ta ejenplo edo jarraigarri gaiztorik, kenduko lirake bekaturik geienak. O tentatzalle, deabruaren lanetan zabiltzatenak! Zaku batean bezala gordeko ditu Jangoikoak zuen bekatu kaltegarria. Aterako ditu egunen batean, ta ezagutu eraziko dizute, zer dan bekatuak zabaltzea, azi gaiztoak ereitea Elizako landan, zer balio zuen anima batek! Zer emango dioe Kristori anima galduaren orde, edo trukadan? Ai bada, ta milla bider ai! bekaturako bidea ematen duena.

 

aurrekoa hurrengoa