www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE XVII.

Gorroto gaizto, ta bere ezagugarrien gañean

 

Diligite inimicos vestros...

 

        G. Asko ote da bostgarren mandamentua gordetzeko ez iñor iltzea korputzez?

        E. Ez; bada eragozten ere da biotzez eriotza ematea; gorroto benetakoa lagunari diona, eriotzgiña da, dio San Juan Ebanjelariak. Omnis qui odit fratrem suum, homicida est.

        G. Ori aditzen da gorroto badiogu geure ongin, edo mesedegillai; baña gorrotorik ez izan etsai ekusi nai ez gaituztenai, gaizkillai, egun on bat ematen ez digutenai, ori geiegi eskatzea litzake. Lege gogor, astun ta eramaten gaitza. Eta Jesu Kristok dio bere buztarria biguña dala, ta karga ariña.

        E. Itz eroak, mundu gaiztoko eskolan ikasiak, ta ez Jesu Kristoren eskolan. Jangoikoak ez digu eskatzen egin ezin dezakegun gauzarik bere graziaren laguntzez. Ezin deguna, billatu bear da orazio sendo baten bidez. Bere amoreak erraztzen ditu gauzarik gaitzeenak. Zezen bat illko ezin degu gere indarrekin; baña su-arma edo eskopeta baten bidez erraz egingo degu. Bada Jangoikoaren laguntasun, benaz ta humillik billatu ezkero, emango zaiguna, sendoagoa da naturalezaren ezin egiñak garaitzeko, eskopeta balatua zezena iltzeko baño. Zenbat kristau gure orakoak laztandu dituzte etsaiak amorerik andienarekin? Zer diot Kristauak? Anziñako legean, noiz etzegoan orain beste azkorgarri etsaiai on egiteko, zenbat on egin zion Dabid Erregeak bere etsai Sauli, sarri onek billatu bazuen ere bizitza kentzeeko? Nolako negarrak bere eriotzan?

        G. Baña jakin nai nuke, zertan dagoan lagunaren benetako gorrotoa.

        E. Ongi galdetzen dezu, zeren asko dira gorrototzat artzen dutenak benetako gorrotoa ez dana, ta beste asko, gorroto andia idukirik, begitantzen zatenak ez dutela gorrotorik.

        G. Zer da benetako gorroto, edo itz arrotzez esan oi duten odioa?

        E. Da borondate sendotik biotzean dagoan lagunaren gaitziritxi bat, ekusi ezin ta bendekunaia, artu duen bidegabe edo ofensaren bategatik. Ala lagunaren arpegirik ekusi ezin borondatezkoa, bere on ta alabanzarik enzun nai eza egin dion injuria gatik, poztutzea ta geiago laguntzea gaizki esatean, dira igargarririk onenak ezagutzeko biotza kalteturik dagoana.

        G. Bekatu ta gorroto egiazkoa ote da damu eman ta sentitzea lagunak egin digun bidegabe edo ofensa txarra?

        E. Ez, aurrera igarotzen ezpada. Gu gerez sentikorrak gera. Birtute goratu ta txit andia bear da ematen dizkigen naigabe, ta persekuzioak ixil isillik ta biotza igitu gabe igarotzeko, ta oraindik geiago apostoloak bezala idukitzeko biotzeko olgura, pozkaria, ta atsegin betea deshonra, ta asmatzen dizkigen gezur astunetan. Ez da pekatu noiz bait triste, estu, larri ta negarrez egotea, bidegabeko ofenseetan, borondate txarrik ezpadaukagu egin dizkigunarentzat. Gaixo bati mediko edo sendagilleak ematen dizkanean edari mingoitzak, artzen dio igia, ta naieza edariari, baña ez ematen dion medikoari. Borondatez, gozoz ezpada ere, artzen du edaria bere mingoiztasun ta guzi; zeren artzen du artu gabe egon ditekeala. Dio beregan edari au mingoitza da baña osasunkorra. Ematen didanak nere osasuna nai du. Au berau gertatzen zaie kristau on askori. Badakite, iñoren eskuz bada ere, ematen diela Kristok, animen sendagille onak bere pasioko kalizatik edari apurtxo bat. Potum dabis nobis in lacrimis in mensura. Badute naturalezaren aldetik atzerapena aoa idiki ta edateko; ordea nola dakiten esku onetik datorrela, osasun animakoa emateko dala, begiak itxi itxi eginda edaten dute, gorrotorik artu gabe gaizki egiten dionari.

        G. Jauna, ezpadu Jangoikoak nai iñoren bekatua, nola naiko du guri lagunak gaitz egitea? Ez digu Jangoikoak guri gaitz egiten, lagun gaiztoak baizik.

        E. Begi aragizkoekin begiratzen diezu gauzai. Baziñaki profeta baten esana, ez dala Erri guzian gertatzen Jangoikoa gandik ez datorren gaitzik, etzenuke alakorik esango. Semei gaiztoa ill nai zuten Dabidekin zijoazen lagunak, zeren egin zion arrika ta esan zizkon milla itz astun Errege Santu oni, ta eranzun zien benganza artu nai zutenai, ez gaitzik egin gizon orri, zerren Jangoikoak agindu dio niri gaizki esateko. Jangoikoak nai eztu gaizki egiten digunaren borondate gaiztoa; baña largatzen dio gaitz egiten, eragotzi dezakeala, guk gaitz artatik irabaziak ateratzeko. Nai gaitu probatu maite degun. Jaurtikitzen badiozu zakur bati arriarekin, zakur eroak oratzen, ta usikitzen dio arriari, konturik ateragabe arria geldi egongo zala jaurtiki zion eskua geldi egon balitza. Guk ere, oraindik eroagoak, egozten ditugu begiak lurreko gaitzetara, ta gaizkilla urretik miñ ematen digunetara, ez Jangoiko ongiñ, min emanda sendatu nai gaituenagana.

        Baña artu daigun erdi larga genuen aria. Diot bada atzerapena, naieza, edo naigabea idukitzea gaitz egiten digutenean, ez dala bekatu, ta bai aragiaren argaltasuna, ezpadezu nai gaitzik etorri dakion gaitzgilleari; prest bazaude Kristoren amorez barkatzeko, ta zure bear orduan arkitzen bada, on egiteko edo laguntzeko. Etortzen bazatzu beingoan gorroto ta ekusiezin zitalen bat, ez eman lekurik biotzean, kendu bereala ezagutu ondoan, eskatu Jangoikoari bera gatik barkatu, degiola gaitz egin dizunari zuk barkatzen diozun bezela. Barrunbeko naigabe ta guzi, itz egin era datorrenean aserrerik agertu gabe, ez arpegiko mukertasunik; auzoak bazerate, tratatu len bezela, ez igarrierazi besteai aserre zeratela. Onela lotsatuko dezu etsaia, ezagutuko du bere gaizki egiña, baketuko da, ta irabaziko dezu bere anima. Ez didilla Eguzkia sartu pakeak egin gabe, edo beintzat biotzean aserrea dezula. Esan nai digu Jangoikoak itz oekin, bereala ito bear degula aserre edo naigabea. Au da Kristoren doktriña ederra. Baña zer gertatzen da? Biotzean ondo gordetzea aserre ta gorrotoa. Jangoikoari erregutu bearrean etsaiaren ona gatik, barkatu bearrean Jesusen amorez, asitzen dira gaizki esaka, ta bear bada birao, ta araoka lagunaren kontra. Ah dollor traidore gaiztoa! Pagatuko didak, gogoratuko zak bai noiz niri au edo ori egin didan. Etorriko aiz nere bearrera noiz edo noiz, ta orduan jakinko diat zer egin. Infernukoak ere ez aute artuko niri eman didan gozo gaiztoa gatik. Ez dek Jangoikoaren arpegirik ekusiko niri barkazioa eskatu artean. Ez diatzak lo Jangoikoa. Arren... ez ditut esango noiz bait egin oi dituzten, arren askorekiko biraoak. Onela itz egiten duteneen biotzetan sarturik dago barren barreneraño gorroto oso bene benetakoa, ta mingañak itz egiten du ateratzeko bete beterik dadukana.

        G. Beraz beti da bekatu aserre ta gorrotoa?

        E. Jesu Kristok larga digu doktriña egoki ta ederra eranzuteko galde oni. Iñor aserratzen bada anajearen kontra, deitua izango da juiziora. Anajeak, etorki batekoak gera guziok Kristoren aoan, batezere Kristauok, bateo batean berriz jaioak bezala.

        G. Zer esan nai du gure Salbagilleak dionean aserratzen dana deitua izango dala juiziora?

        E. Ona itz oen esplikazio edo azaldura. Juezak eman lezake epai edo sentenzia, edo kastigatzeko gaitzgillea, edo libratzeko gaitzgabea. Deitua danak juiziora, irten lezake ondo edo gaizki. Ala bada aserratzen danak ere eduki lezake oben edo kulpa, baita ez ere. Aztertu bearko da bada nolakoa dan aserrea: bide onekoa bada bekatu ez da, ta bai irabazi andikoa.

        G. Noiz da baña bide onekoa?

        E. Lagunaren onez, pasio gabe, edo Jangoikoaren onragatik danean. Onela aserratu zan bein Jesu Kristo inoiz ez bezala arkitu zituenean Jerusalengo elizan erosla ta saltzallak. Egin zuen azote bat zigorrekin, asi zan jotzen, ta ateratzen tratulariak leku santutik, esaten ziela miñ miñik ta arpegi itzaltsu batekin: Izkribiturik dago; nere etxea eskari lekua da, ta zuek egin dezute latro-zulo edo lapurtegi bat. Nolako aserrea agertu etzien San Pedro Apostoloak Ananias ta Safira senar-emazte gezur andietan arrapatu zituenai? Illik erori ziran biak bein banaan Apostoloaren itz beldurgarriekin. Nora ninoake ekarri nai banitu santu askok aldi askotan agertu duten aserre ona, ta bide zuzenekoa bekatari gogortuen kontra ta Jangoikoaren honra gatik? Maite zituzten ordea aserre une aietan, zematzen zituzten bekatariak, emango zituzten bizitzak, beren salbazioa gatik. Onegiten zien alegiñez, ta aserre ta guzi, zeuzkaten biotzak lagunaren amorez argaldurik bezala. Ona emen aserre santuaren ezagugarria.

        Ala bada aserratzea gurasoa bide onez ume gaizki egiten duena gatik, jo ta kastigatzea neurri onean, pasio gabe, amoreak, ta umea ondu naiak zigorra darabillela, da aserre zuzen edo bide onekoa. Neskatx bat aserratzen bada bizkor bizkor bere garbitasunaren etsaiaren kontra, gaizki esaten badio arpegi aserrearekin, anima gordetzerren (sic) ta beste bein tentatu ez dezan, da aserre bearra, garbi ta bide onekoa, zeren makaltasunarekin ezer egiten ez dan egoak eman baizik tentatzalleari. Aserra zaitezte, dio Espiritu Santuak Dabiden aoz, baña bekatu gabe. Aserre onetik datorren gorrotoa, da ona ta zuzena. Ona zer dion Jesu Kristok: gorroto ez dionak Guraso, edo aideari, ez da nere eskolakoa. Esan nai du, ez gorrota ditzagula Gurasoak gaizki naiz; ta bai ez egiteko beren esanik, ez jarraitu konsejurik Jesu Kristoren doktriñaren kontra. Agur batekin larga guraso ta aide guziak, Kristok dei egiten badigu beste leku batera. Lotsa gaiztorik galdu bear etzaie, baña bai atzetu beren amorea, aurretik datorrenean Kristorena.

        Jesu Kristoren eskolako erakatsiak ona emen: Masallako bat ematen badigute, eraman ixillik aserre gabe, ta prestatu edo eskeñi beste aldea bigarrena artzeeko. Auziz kendu nai badigute Korputz estalki edo alkandora eman kapa ere bakearen amorez. Persekuzio, esetsi, iraun gogor, ta naigaberik miñenak ematen badizkigez, naiz asmatu gezurrik astunenak, ez aserratu, ez gaizkirik egin gaitz egiten digunari; maita ezazutez zuren etsaiak; erregutu Jainkoari persegitzen zaituzten, ta ez tiranak asmatzen dezkitzuenagatik; eta on egin ietzue gorroto dizuenai. Onela bada eragozten du Kristok gere buruaren amore aragizkoz, edo gerekoitasunez aserratzea; ta gorroto artzea, ta bakarrik nai du aserra gaitezela neurri onean, pasio gabe gere animaren ona gatik, edo Jangoikoaren onra dijoanean, edo bai aserrea zuzentzen danean lagunaren onera, biotzean bere amorea gordeta.

        G. Baña adierazo bear dit zeago, noiz izaten dan bekatu aserrea, noiz bekatu mortala, noiz ariña edo beniala.

        E. Aserratzen geranean arrazoi zuzen gabe, iraun erazitzen diogunean aserre txarrari, beti da bekatu; baña aserrea bada txikia, biotzean gutxi sartua, edo igui naturaleza argaletik geiago datorrena borondate gaiztotik baño, izango da bekatu benial, edo parkaerraza. Gurasoak batzuetan aserratzen dira muga edo modu gabe, egiten dizte agiraka molde gabeak edo gaizkiegi esan umeai; baña nola borondate txarrik ez dien geienez, ta biotzean kalte andirik ez dagoan, ez dute bekatu mortalik egiten, baña bai benialak, arrazoi ta neurri onekoak ez diranean. Ez det esaten guraso birao andiak ta sarri egiten diztenak gatik, zerren asko alditan egiten dute bekatu mortal, edo eskandaluz, edo borondate gaiztoz. Oro bat maisu, etxeko jaun, ta agintariak izan oi dituzte borondate gaizto gabeko aserratzak gordetzen ez dutela itzetan, ta egiteetan karidade bear dana, edo pasioak darabiltzanean. Oen onelako aserreak ez oi dira igaro bekatu ariñetik.

        Badira Kristau batzuek berritxu, itzjarioko, ta gogaitkarriak beren gatzgabetasuna gatik. Onelakoai artzen zaie igui, edo enpadua, atzeratzen gera bere tratutik, aldegiten degu beren itzkera edo konbersaziotik gorroto modu bat zaie; baña nola biotzean borondate gaiztorik ez diegun, poztuko ere ez giñatekean beren gaitz egiazkoetan, alako igui, aserre motel, edo enfadu artzea, ta aldegitea, ez oi da izan bekatu mortala, ta noiz bait ez beniala ere karidadeari ikutzen ezpazaio. Injuria edo bidegabe ezagunen bat egiten ez digutenai, gutxitan gertatuko da artzea gorroto gaizto biotz osokoa.

        Baña zenbatek egiten dituzte bekatu mortal ta latzak injuria edo kalte andiren bat egiten dienean, edo begitantzen zaienean egin diela? Onelakoak agertzen dituzte señale ezagunak igarteko daukatela pozoitua biotz guzia.

        Lenengo ezaubide edo señale argia da, injuriaren ondoren birao gogor ta gaitz andiaren eskiñigarriak egiten dituztenena. Oen artekoak dira neskatxa garbitasuna galdu duteenak ezarri oi dituztenak galaiaren kontra ukatzen dienean oek aurraren aitatasuna, edo ezkontzako itza. Nork esan zenbat ta nolakoak diran? Amore gaizto leengoa biurtzen da gorroto gaiztora. Orduan dira esateak, milla demoniok eramango al du, ilko al da konfesio gabe, ta burura datorkien guzia. Isilduko ziran birao gabe, ondo irten baliete beren asmoak; dote ona atera balute, ta geiago ezkontzarekin irten, esango lukee, zorionekoa nere bekatua.

        G. Zer bada, gorrotorik artu bear etzaion bekatu lagun edo anima galdu digunari?

        E. Bai bide onez, ez gaiztoz. Jangoikoagana biurtu dan animak, edo biurtu nai duenak (baña nork biurtu bear ez du?) erakutsi bear dio arpegi astun, illun ta mukerra bekatu lagun edo tentatzalleari, iges egin urrutitik itzik ere ez egiteko. Kristaua bada bekatu loira emana, dio Apostolo batek, ez onelakoarekin mai batean jan. Zenbat arrazoi geiagorekin iges egin bear da alakoak tentatzalleak badira, ta animak galtzen dabiltzanak? Oei zaten gorroto edo ekusi ez naia, da animaren onean, ta bide onekoa. Baña idukitzea gorroto biotzekoa munduko honra, edo on izatea galdu digulako, ekitea birao ta araoka, da ernegazio ta deabru gorrotoa.

        Badira auzoetan bizi diran batzuek errierta bat izan dutelako, gordetzen dutenak borondate gaiztoa ta ezagutu nai ez dutenak. Ez dute len bezala alkarrekin tratatu nai. Dagoala bere etxean, ta ni nerean. Ez nion nik gaitzik egin; bera asi zitzatan gaizki esaten, nik biderik eman gabe. Barkatzen diot, ez diot gaizkirik nai, baña bukatu ziran nere, ta aren arteko itzketa, artu-eman, ta etxe-sarrerak. Pakea eman bear diot nere buruari. Onelakoak bizi dira bekatu jarraituan, ta egiten dituzten konfesioak dira gaiztoak, gezurrezko, ta damu gabeak. Ona emen jakitun guzien zuzenbide ez da baidagabea.

        Aserre edo injuria artu danaren ondoren ematen ez dituztenak Kristau-amorearen señale, edo ezaubide agiriak, bizi dira gorroto osoan. Señale oek ez dira guzietan berdiñak; aideak aideai, auzokoak auzokoai zor die geiago Kristau batak besteari baño.

        Igarobidezko agur otz, ta motel bat ez da asko aserre izan diranen artean agertzeko ongi nai, edo amore señaleak. Aserrerik izan ez dutenak, ta gorroto gabe daudenak agur egin gabe igarotzea, bekatu ez da; au gertaliteke prest daudenen artean onegitera. Baña egiten danean demostrazio au aserrearen indarrez ta adirazotzeko bakoitzaren erra txatarra, da ukatzea bear dan señalea. Gertatzen da baserri, edo mendi etxeetan aserre bat auzoen artean. Gaisotzen da etxe batean nor bait. Alakoetan ekusi edo bisitatu oi dute auzokoak gaixo dana. Aserrea izan da, ta ez joan bisitatzera, ez eraman olloa edo zerbait aserre izan ezpalitza eramango zana, ta beste auzoetako aserre ez diranak bezala, sua palta danean ez joan billatzera lengo gisan, ta itz batean, ukatzea auzo onak oi duteen artu-emana, ta au aserrearen indarrez, da ez ematea auzoak auzoari zor diona usuz, edo oituraz ta agertzea biotzeko gorrotoa. Emendik datoz zer esanak, jendeak esatea gorrotoan daudela, ez dakitela nola konfesatzen diran. Nongo doktriña da au, bego bera bere etxean, ta ni nerean? Zer esango die Jesu Kristok onelakoai egun batean? dijoala ori bere etxera, edo Infernura, ta ni nereakin nerera. Badira guraso gaiztoak aserre ondoan galerazi, edo debekatzen dienak seme, alaba, morroe mirabeai aserratu danaren auzoko etxera joatea. Pakea eman nai diot buruari. Eta da pakea ematea pake gabe, kezka betikoan, erra txarrean auzokoarekin bizi izatea? Ona zer dion Kristok: Eraman nai badezu altarara eskinsari, edo ofrendaren bat, ta gogoratu bazatzu nor baitek zure kontra kezkaren bat duela, aserre dala, larga beiñik bein ofrenda eramateari, billaezazu aserre dagoana, egitzatzuz pakeak, ta gero egizazu ordu onean eskintza edo presenta aldarakoa. Ez du Kristok esaten, itxedon bear dezula besteak pakerako billa zaitzan; dio zeuk billatzeko; ez dio Kristok au, zeuk aserrerako bidea eman ta gorrotoan zaudenean, ta bai bestea aserre danean ta gorrotoa duenean zure kontra. Badago zer eranzun Kristori? Asmazio ta esesio guziak ebakitzen ditu Jesu Kristok itz oekin. Ez du nai artu ofrendarik pakean ezpagaude, paketzeko bideak artu gabe. Zoaz eranzutera Salbagille oni, Jauna, ez nion nik gai edo motiborik eman aserratzeko, ta gorrotoan egoteko; berak billatu bear nau, ta nik bera ez paketzeko. Lotsa naiz itz egiten; bear bada egoak artuko ditu berriz ere ni zapaltzeko; esango du nere etsaiak, berea zala arrazoia, nik barkazioa eskatu diodala, ta lotsaturik geldituko naiz... Zer esango lizuke Kristok? Bera ere guk ofenditu degula lagunak gu baño sarriago. Berak billatzen gaituela gu ere berekin pakeak egiteko; bein baño geiagotan ezetza eman diogula, bota degula ordu gaiztoan bezala; itz batean humillatu bear degula lagun aserratua paketzeko. Mundurik geienari gertatzen zaio onetan auzitan dabiltzenai bezala; bakoitzari deritzo bere aldetik dagoala arrazoia; ta ala bata bestea gatik, alkar billatu nai ez da, diraute aserreak, gorrotoak, ta zer esanak ematea; ta Kristok, zeñek eman digun doktriña erabakia, agertuko du guziena, edo alde bietatik zegoala kulpa, edo obena, ta bialduko ditu inoiz pakerik izango ez dan betiko etxera. Azken ederra. Konfesorerik jakitunenai ere zoroerazitzen die onelako estalgilla, ta asmari gaiztoak; ta oñean gelditzen dira aserre ta gorrotoak. Ala diaz komulgatzera esanarekin, Jauna ez diot nik gaizkirik nai, barkatzen diot, prest nago edozein mesede egiteko nere bearrean gelditzen bada; itz ederrak, baña joango zera bere etxera len bezela? Itz egingo diozu amorez ta arpegi onarekin? Biurtuko zera lengo artu-eman, edo auzo onak bezala, len alkarrekin zeunkatenera? Jauna ori ezin nezake bera leenago nere etxera ez padator. Besteak esango dio beste anbeste bere konfesoreari, ta ala oñean geldituko da eskandaloa, ta ezagutu nai ez dezun gorrotoa, ta biok kondenatuko zaitu Jesu Kristok jarraitu etziñelako bere doktriñari.

        Egon ere oi dira gorroto estaldu edo ekusi ez nai ezkutukoak opizio batekoen artean. Jostun, edo dendari batzuek besteen batzuen kontra irabazia gutxitzen dielako, dabiltza alkar gatik atzetik gaizki esaten, bata bestearen alabanza edo onik enzun nai ez dute; galtzen die honra, esanaz puntada txarra duela, ojal asko bear duela zerbait egiteko, iñoren onik ekusi ezin duela, zataltxo galantak ezkutatzen dakizkiala; ta zer ez? Barberak medikoen kontra, oek alkarren kontra; ta ala arotzen, olagizonen, ta bestelako opiziokoak bestelakoen kontra izan oi dituzte ekusi eziñak, gaizki esate bakoitzaren onnai edo interesetik jaiotzen diranak. Ez dira guziak alakoak, baña geiegi ekusten da.

        Berriz, zer esan auzilarien arteko gorrotoen gañean? Jauna, zer dio? Auzitan egitea, bekatu da? Ori ez diot, baña bai auzitan dabiltzanak geien geienak bizi dirala bekatu gorrotozkoetan. Ez dezu sinistu nai?

        Enzun bear nauzu. Auzitan dabiltzanak, dabiltza edo kerella utseko auzietan, edo ondasunen batzuen eske, deritzelako esku edo deretxo ona daukatela. Nik deritzot, onegi nabillela badiot, kerella utseko auzien artean nekez nekez arkituko dala bat bendeku naitik ez datorrena. Nondik auziak zuen artean? galdetzen zien San Tiagok bere egunetako Kristauai. Ez ote datoz zuen guraari, edo naikunde bidegabekoetatik? Unde lites in vobis? Kristauak kristauarekin auzitan Aita baten umeak izanik? Zergatik igaro ez pazienziaz auzi gabe? Zergatik, ez da baidaren bat jaikitzen bada, billatu ez alkarrekin ondo jartzeko bideak Konsejari Kristau aituen bidez? Badago zer eranzun San Pablori? Zer esango zuen Apostolo onek balekusaz gaurko auziak? Igaroko balitza Tribunalak dauden errietara ekustera anbeste eskribau, ta prokuradore kalzarbeak prozesoz beteak, ogei ezkutuko bat balio ez duen gauza gatik, gezurra esan dezu esan dielako beste gabe, beltziturik eun pliego baño geiago? Onra galdu dit, kalteak egin diztaz. Etsaia ezpalitza, ez legoke zer barkatu; etzedukan zer agindu Jesu Kristok, on egiozute gaizki egiten dizutenai. Ez da Kristoren eskolan ikasiko orrelako orduetan kerellak ematea, onra igarokor ta galerraz bat beretzerren. Ixiltasunak, ta onez igarotzeak irabazi ta pake geiago ekarriko dizu, lagun etsaiaren kontra paperak belzitu, ta biraoka ipiniak baño. Jauna, esan oi dute, nik ez det bengai bidegaberik billatzen; nere eskuz gaizkirik egin nai ez diot; zuzentzen naiz Justiziaren legeetara; orretarako daude juezak lurrean gaiztoak eskura ekartzeko gastigoaren bidez. Ederki, baña ondo irtengo dizute Jangoikoaren begietan esesio, estalki, ta buru garbitu nai oriek? Aztertu konzienziako zokondo, ta arkuntza guziak. Ez dezu bengairik nai; baña esaten dezu, zuk erakatsiko diozula obeto itz egiten, gogoan idukiko duela zer egin, edo esan zizun; pagatuko dizula; kondenatuko dutela juezak zuri barkazioa agirian eskatzera, ta auziko gastu guzietan. Ez dezu bengairik nai, baña bai gaizki esan, edo egin dizunaren diruak igarotzea eskribau ta justiziakoen eskuetara. Etsaia ipintzen dezu bide onetatik etxerako bear zituenak gabe; au gelditzen da betiko gorrotoan bezela zure kontra; bear bada ezarten dizkitzuz milla birao. Bere etxekoak, senide ta adiskideak esango dituzte milla gaizki zure kontra; galtzen dituzu anima asko ixillik ta geldi egon etziñalako, ta jarraitu etzenuelako Jesu Kristoren esana, ta nola irtengo dezu justiziak berak juzgatuko dituen juez Jangoiko onen tribunalean? Esango dizu, zuk billatzen zenuen lurrean etsaiaren kontra justiziako bidea. Nik ere bai orain. Nik justiziako bidetik juzgatuko zaitut; barkatu etzenuen; ez da nik ere orain.

        Arrazoiz itz egiten du, ta ez dute zer esanik itz utsak gatik kerellak ematen dituztenak. Honra billatzeko bidea da ixillik, ta onez eramatea; etsaia bera lotsatu ta etorriko da bestera itz egitera; baña eman dit belarondoko andi bat. Niri geiago, dio beste batek; ostu dizkidaz soro, baso, edo etxetik nere gauzak... Zer egin justiziari zuzendu gabe? Belarondoko, edo masallakoa gatik, dio Kristok, ez atzeratzeko beste bat artzetik; esan nai du igaro ditzagula onelako ofensa edo bidegabeak pakean ta ixillik. Gauzaren bat, au da korputz estalki edo alkandora eskatzen badigute auziaren bidez, emateko kapa ere. Doktriña au jarraituko balitza, eskribau gutxi bearko lirake; etxeak obeto, erriak pakean, ta pobre gutxiago.

        Ala ere esan ez dezazun obligatu nai zaitudala jarraitzera estu estu perfekzioko doktriña ederra, erakatsiko dizut nik zer egin kalteak egin dizkitzuenean. Beñik bein ez sutu, ez aserreari lekurik eman; erakori begiak Jangoikoari zure esturasun ta naigabean; ez dizut esaten estutu etzaiteala; eztago zere eskuan estututzea biotza, baña bai zuzentzea Jaunagana eskatzeko pazienziako grazia. Zoaz gero erriko kura, edo sazerdote on bat bategana, esan zaozu zer gertatzen zatzun, nolako kalteak egin dizkitzuen, ta onek artuko du bidea eskribauetara joan gabe bakean gauzak konpontzeko.

        G. Baña auzi bat iñori eman bear badiogu, azienda edo ondasunetara eskubide ona degula baderitzagu, zer egin? Nola egon auzirik egin gabe?

        Auzia iñori emateko arrazoiz, gauza askori begiratu bear zaio aserregabe, edo bide zuzenez eman nai danean ere. Gere buruaren asko-nai ta maitetasun larregiak itxutu lezake borondate onekoa ere. Erraz sinisten degu gere alde dagoala arrazoia ez dagoanean ere. Bagoaz galdetzera lege-gizon, edo letraduari, nola ez dan erraz jakitea besteak dauzkan arrazoi guziak, utsegin lezake bere iritzia ematean. Bestetik atsegin eman nai zaio alegiñez, edo arrazoi apur bat arkitzen bada galdetu edo konsultatzera dijoanari. Eta zer, letradua balitza diru zaleegia, irabazian geiago Jangoikoagan baño bere begiak ipinita dauzkana? Irabazi nai bide gabeak, zenbat itxutzen ditu? Arrazoi guziz pisutsu ta erabakiak iduki bear dira posesio, edo jabetasunean dagoanari eskatzeko beretzat pakean zeukana; zeren arrazoi berdiñetan onelakoarena da eskubidea. Artu ere bear da gogoan, nolako naigabea eman bear zaion lagunari auzi eman, ta kendu nai izatean beretzat zedukana. Eta geienez, nolako gorroto, ekusi nai eza, ta amorrua artuko ez dio? Nolako biraoak? Zenbat ekusi ezin oen aide, ta adiskidetatik? Galdu bear da diru ta denpora asko gora-bera, ta auzi abarretan. Itz batean dio San Franzisko Sales pakezaleak, San Agustiñekin auzitan jardun ta bekaturik egin ez, ozta ozta grazia ori emango zaie Santuei. Ala bada, auzi bear bearra eman orduko egin bear dira Zerura eskari beroak; billatu bear da biotz onez gizon pakezale, aitu, ta zuzen bat konseju artzeeko. Auzia premiazkoa bada, eman baño leenago artu bideak eskribau ta justiziako ospe gabe, bitarteko onakin, pakeak egin al badidiz zerbait galduta ere. Ezin bada, ta auzia abiatu bada, ez gorrotorik artu, ez gaizkirik esan, jarraitu len bezala adiskidetasun, edo itz egiteari. Erregutu Jangoikoari izan dezala indarra arrazoi egiazkoak, ta ez gezurrak.

        Berriz auzi ematen badigute, ta burua gorde bear bada, artu pazienziaz naigabea; bakea billatu, arkitu al badidi; ez gorrotorik artu auzi emalleari; bear bada arrazoi onak dauzka artarako nik uste ezpadet ere. Ez testigo gezurrezkorik billatu; ebilli zuzen ta egiaz; eskatu Jangoikoari laguntasuna arrazoia gure alde bada, arkitu ditzan Juezak, ta auzia galdu bada, ez abiatu biraoka, madarikatzen laguna, ta lagunaren adiskideak. Artu kolpe au humill humillik, ta ekusiko degu, nola mundurako galdu degunaren orde, emango dizkigun animan, ta bear bada mundu onetan, ondasun geiago balio dutenak, Job Santuari biurtu zizkon bezela. Oek dira Kristautasuneko legeak, ta jarraituko balira, auzi gutxi lirakee, ta diranak ere ospe ta aserre gabeak. Baña zer ikusten da? Auziak auziaren gañean, nekazaria ondaturik, eskribau ta oen laguntzalleak, apaindu, gizendu, ta diruz josirik. Gorrotoak, ekusi ezinak, biraoak, ernegazio itzak, emen gaizki ta gero gaizkiago. Auzien bidez, zenbat anima galtzen diran, bakarrik Jangoikoak jakin lezake. Pakea ematera etorri zan Jesus lurrera; pakea eskeñi ta opa zigun Zerura joan aurrean, ta kristau errietan arkitzen da auzi geiago ez diranetan baño. Ala da. Judu gogorrak, Turku, Mauru, edo Mahomaren jarraitzalleak ez dute auzi gutxi ta laster bukatzen dituztenak baizik. Onra ederra ematen diogu Jesu Kristoren lege, amorio, ta karidadean sustraituari! Infernuan izango dute asko auzilarik, iñoiz azkendu edo bukatuko ez dan auzi ederra. An gorroto, ta alkar ekusi ezin betikoa, ta pakezaleak zeruan betiko pakea.

        Ona bada zuzenbidea lagunari zor diogun amorioaren gañean. Amatu bear degu biotzez, ta agiriz, barru ta kanpo; amatu bear degu amorio Jangoikozkoaz, ta ez bakarrik lurrekoaz; ez bakarrik aideak, ongiñak, ezagunak, adiskideak, ta erri batekoak diralako. Zer? dio Kristok, Fedegabeak ere ez dute orrenbeste egiten? Nonne et Ethnici hoc faciunt? Au da nere legea dio Maisu Jangoiko onek, maitetu dezazutela alkar, nik maitatu zaituztedan bezala. Eta zergatik maite izan zituen Kristok bere eskolakoak? Ez aidetasun, errikotasun ta mesedeak artu zituelako, ta bai amorio garbiz. Onela bagabiltza, ez diogu begiratuko lagunagan, baizik Kristoren aginduari. Etsaia bada ere, on egingo diogu. Guziok gera Aita baten umeak, bere odolarekin erosiak, mai batean biltzen geranak, ta guk galtzen ezpadegu, Zeru batean idukiko gaituenak. Zer besterik bear da? Azkenean ona iñoiz desegingo ez diran Jangoiko-itzak: Zorionekoak errukiorrak, zeren berak ere arkitu, edo eretxiko duten erruki edo miserikordia. Berriz biotz gogorren jabeak, gaizki ebilliko dira azkeneko orduan. Ez dezu barkatu nai biotz osoarekin? Etzaituez bada barkatuko zuri ere bekatuak. Zuk laguna neurtzen dezun neurri berarekin, neurtua izango zera. Aserre gorrotozkoan zauden artean, ez du Jangoikoak zure eskaririk enzungo, ta ez egite onik artuko ere. Santu guzien penitenziak, martiri guzien tormentuak, Apostoloak beste anima, Zerurako irabazteak, ezer balioko ez dizu gorrotoan bazaude, ta arima guzitik barkatzen ezpadiozu. Ta zure azkena izango da alkarren gorroto ta betiko etsaitasunean dauden infernukoekin. Jangoikoak gorde gaitzala ala izaitetik (sic).

 

aurrekoa hurrengoa