www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE XIII.

Jangoikoaren legeko
laugarren mandamentuaren gañean

 

Honora Patrem tuum, et matrem tuam, ut sis longaevus super terram.

 

        G. Zeren gañean izango da gaurko doktrina?

        E. Laugarren mandamentuaren gañean, zeña dan au: honra itzatzuz aita ta ama bizi zaitean luzaro lurrean.

        G. Beraz luzaro biziko da gurasoak honratzen dituena?

        E. Jangoikoaren eskintza korputzaren onekoak aditzen dira, ez itz utsetan, ta bai bere espirituan. San Luis Gonzagak, San Stanislao Koskak, ta beste santu ta santa gaztetxo askok, honratu zituzten txit asko beren gurasoak, ta etziran luzaro bizi izan lurrean; baña eman zien Jangoikoak emengo bizitza orde, bizitza obeago bat, ta luzeagoa Zeruan; bada emen igaro zezaketen zaartzarañoko bizitza, igaro zuten Jangoikoaren aurrean. Baña animarentzat obea danean luzaro bizi izatea lurrean, iritxiko dute gurasoak honratzen dituztenak.

        Esan genuen doktriña batean ekarri zituela Moisesek amar mandamentuak izkribituta ol bitan; batean zeuden Jangoikoaren honrari dagozkion lenengo iru mandamentuak, zeintzuek adirazo ta zeaztu ditugun orain artean, ta beste zazpirak bigarren olean, ta oek eman zituen proximo edo lagunaren onerako; ta nola projimo guzien artean urrenak diran gurasoak, senar emazteak, etxeko jaunentzat morroe-mirabeak,... ala bigarren olean zegoan lenengo gurasoak honratzeko mandamentu edo agindua.

        G. Zer adirazo nai digu Jangoikoak onraren izenez, edo nola onratu bear dira gurasoak?

        E. Onratuko dira laguntasuna emanaz bear orduan, obeituz edo beren esan zuzenak egiñaz, lotsa edo errespeto ona erakarriaz, ta biotzean maite izanaz.

        G. Nolako laguntasuna zor zaio gurasoari?

        E. Zor zaio bai sokorru edo laguntza bear besteko ta borondate onekoa beren premia guzietan. Eta egiaz, nondik daukate umeak Jangoikoaz beetik beren izate ta bizitza? Nork azi ditu? Ez dira gurasoak? Beraz esker gaiztokoak ez izatera, zor die laguntasuna, ta alegin guzikoa. Ala dio Belarmino Kardenal beneragarriak bere urrezko doktrina liburuan.

        G. Nola zor die umeak gurasoai laguntza edo sokorrua, karidade utsez edo justiziaz?

        E. Zor dute justiziaz, zeren eman zien gurasoak jana ta janzia, umeak gero emateko kargarekin, ta gurasoak zor badie justiziaz laguntasuna umeai, oek ere bai gurasoai, ta dira bide lapurrak baño gaiztoagoak ume gurasoai laguntasuna ematen ez dioenak.

        Emendik dator, egotea bekatu mortalaren bean obligatuak laguntzera gurasoai, ez bakarrik beste projimoai bezela premia estu estu, edo azken azkenekoan, baita ere andi edo astunetan. Ala bada eri edo gaixorik badago gurasoa, ta ezpadu onek zerekin erosi osakarri edo botikakoak, zerekin pagatu osatzalleak, bear dituzte pagatu umeak, nola gurasoa dagoan obligatua alako orduan pagatzera umeak osatzeko bear diranak, umeak ez dutenean zerekin. Guraso bat sartu badute karzelan zorren bati ezin eranzun izan diolako, pagatu bear du umeak zor ura, karzelatik gurasoa ateratzeko.

        Ume ondo bizi diranak, daukatenak zerekin jaten eman ta janzi gurasoa, ezin largako dio aterik ate ogi eske ibiltzen, lotsari ta neke andikoa dalako limosna eskatze au. Zer esango genuke guraso ondo bizi dan bategatik bere umea premiaz aterik ate ogi ta arto atzean dabillela largako balio ala ibiltzen, mantenitu dezakeala? Biotz gaiztokoa dala. Bada zor dio gutxiago umeak gurasoari onek umeari baño? Nork artu du geiago, edo umeak gurasoagandik, edo onek umeagandik? Orregatikan ere gurasoak maiteago oi dituzte umeak, obeto laguntzen die aiek oei, oek aiei baño. Ona Santo Thomas Irakasla andiak erakasten duena: Kristau batek dauka gurasoa batetik, ta bestetik ume bat, guraso ta umea arkitzen dira premia batean; ez du zerekin lagundu biei. Nori lenen lagundu bear dio? Onra ta amorio geiago zor diola, dio Santu onek, gurasoari, baña janari edo alimentuaren aldetik geiago egin bear duela umea gatik; ez dala ordea libratzen alako kristaua egin al guzia egiten ezpadu laguntzeko gurasoari. Anbesteraño lotzen badute gurasoa, ala naturalezako itzak, nola Jangoikoak, nolako obligazioa ezarriko ez die umeai gurasoen alderako? San Juan Ebanjelistak badio, lagunari ematen ez dionak jana, edo janziak premia egiazkoan arkitzen danean, ez duela karidaderik, zer esan gurasoen alderako gogorrak diranak gatik?

        Ori ala da, dio ume batek; nik lagunduko nioke pozik nere buruaren jabe bakarra banintza; baña ditut emaztea, ta umeak; oek dira leenago. Bai; baña esadazu egia, ez dezu zerekin lagundu guraso premian dagoanari zere umeak ta emaztea galdu gabe? Ez dezu alperrik ezer gastatzen edo jokoan, edo jan edanean, edo premia gabeko janzian? Eman gloria Jangoiko guzia dakusanari ta aitortu egia. Bildu nai ote dezu etorkizunerako dote on bat umearentzat, ta bitartean guraxo (sic) gaixoa goseak illik ta narru gorrian bezela? Eta ez dezu konfiatu bear ez duela ezer etxeak galduko, Jainkoak beste aldetik geiago emango dizula, laguntzen badiozu gurasoari? Nor galdu da oraindik limosna zuzenak gatik? Zenbat esesio ta estalki igaroko ez diranak Jainkoaren aurrean. Zer itxadon dezakete ume diru zale, zeken ta zikotzak gurasoen alderako? Nola bedeikatuko ditu Jaunak? Edo zer egingo dioe bere zartza, ta premietan berari ume geiegi ta gaizki maite dituen oriek? Etxeko ate-abean esekita dago ezkutuko kana bat, zeñekin neurtuko dituen Jainkoak. Nor arrituko ez da egunoro ekusten danaz? Gurasoak txikitatik azitzen dituzte aurrak. Aitak bere buruari ematen diozka atsekabe, ta miñ asko, korputzari neke gogorrak ogia billatzeko. Amak sabelean zerabiltzan artean, zenbat ikara? zenbat peligro? zenbat naiez? jaiotzan zenbat min ta zein portitzak! jaio ta gero ematen dio bere bularra, garbitzen diozka sarri zapi loituak, gauetan igaro bear ditu ordu osoak lorik egin gabe aurraren ardura gogorra gatik; orain negarrez ixiltzen ez dalako aurra, gero gaisotzen dalako, ta ez gutxitan ito ez didin edo oean, edo seaskan. Zenbat laztan gozo ta estu ematen ez diozka? Zenbat itz ero esan amoriotik irtenak? Kanpora irteteko egiten danean umea, zenbat beldur erori ta banatu ez didin? Ala geienez azi ta estadua eman artean beti dabiltza gurasoak umeak zaitzen, jana ta janzia ematen, ta txit sarri amorio geiegiarekin nai guziak egiten. Zartzen dira zerbait gurasoak; nola eranzuten dioe seme ta alaba askok anbeste mesede ta amoreri? Esanik egin ez batzuetan gauza onerako izanda ere, egiten duteenean, egin marmarioz, mormosietan, bekoki illunarekin, begi aserratuakin, ezin bestez, borondate bage. Zer geiago? Botatzen dituzte etxetik guraso zaarrekin bizitzarik egin nai ezta; amaren zartzako argaltasunak igaro nai ez, etxean badaukate, illda balego, gogo osoarekin, baztertuta egun gozo bat ematen ez dioela; ume zitalak berak amama gaixoari farre ta siñu egiten diela, ta oen gurasoak kastigatu ez. Gurasoa zartuak anbeste desprezio eraman ezinda bezala, biraoka ta araoka seme, alaba, ta illobai; infernu txikitik andira erorteko bizitza daramela. O ume gaiztoak! Nola igoko ez dute Zerura gurasoen negar ta madarikazioak? O etxe zorigaldukoak! Zertara joko dezute azkenean, Zeru guzia zuen kontra dezutela? Berriz ere diot, etxeko abean esekirik dagoala ezkutuko kana bat, ta ez dutela ume gogorrak egun on bat gero ekusiko, bizi badira ere, beren ondorengoetatik. ume onak gorde bear liozke guraso zaarrari jatekorik onenak, ipiñi maian aurreneen, erakutsi beti arpegi amorezkoa, gaixo bada zaitu, albora joan, galdetu zer nai lukean, ta eman amorezko ezaugarri guziak, ta itz batean, egin gurasuak berekin egiten zuteena aurrak ziranean.

        G. Umeak iduki bear dute konturik gurasoen animakin?

        Bai bai; nola gurasoak iduki bear duten kontu andia Zerurako azitzeko aurrak, ala oek ere gero bear dute begiratu gurasoen salbazioko gauza guzietan, ez gaizki esanez, ez gogorki tratatuz, ta bai ondo esanez, ta artzen dituztela neurri guziak salba ditezen; au eskatzen du zor dien amorioak. Ala bada, eritzen diranean gurasoak ta jarri iltzeko arriskuan, dendatu bear dira umeak Sakramentuak artu ditzaten; ta ill ondoan lagundu bear die alegiñez, orazioakin, ta ezpadute gurasoak zerekin egin enterratzea, ta oi diran honrak, ez dituzte utzi bear hospitaleko enterruarekin, umeak dutenean zerekin egin. Gurasoak badira bizio edo oitura gaiztokoak, ordi, gastatzalle, ta birao zaleak, esan ondo, itz egin biguñki, ta konseju onakin egin al dan guzia ondu ditezen. Badira Euskal Errian ume on asko guraso ill ziranai urteoro artu oi dienak illen Bulda santua, atera erazitzen dituztenak mezak gurasoen animak gatik. Zer galduko dute onelako seme alabak?

        G. Gurasoak ill aurrean, edo testamentuz, edo itzez agindu bazuten mezaren batzuek ateratzeko, edo restituzioren bat egiteko, umeak zer egitera beartuak daude?

        E. Ume heredero, edo gurasoen ondasunak beretu dituztenak, daude lotu edo obligatuak, gurasoak eman dituen agintza ta karguak konplitzera. Gurasoak ezpazien ezer larga, ta badute zerekin konplitu kalte andi gabe, gaizki egiña izango da ez egitea gurasoak ill aurrean eskatu ziena. Eredero bi edo geiago izan badira, umeak alkar artuta konplitu bear dituzte guraxoen obligazio edo eskintzak. Ai! ta zenbat ume gaizto diran kausio ta jaramonik egiten ez dienak guraxoen obligazio ta eskintzai heredero edo jaubegai gelditu diranean! Arrapatu beingoan gurasoai larga dituzten ondasunak, ta aaztu aitaren obligazioakin. O Seme, lapur guziak baño lapurragoak; anima gaixoai ostutzen dienak, dauzkeela urte askotan Purgatorioan meza aginduak atera erazi ez dituztelako! Nola egongo da tormentu gogor aietan guraso gaixoa seme-alaben aztutasun edo nagitasuna gatik? Herederoa dago obligaturik pagatzerra leenagoko jabearen zor egiazkoak; baita ere egin zituen eskintze, edo agintza modu onekoak. Jauna, esan oi dute batzuek, aita edo amak niri larga zidena, zan maiorazgoa, ez gauza librerik. Maiorazgoak ez du gurasoaren zorrik pagatzeko obligaziorik; etzuen zorrik egin ez baño.

        O Seme zeken, diru zale, ta lurreko legeetatik zabiltzana, ori zor diozu gurasoari? Nola egin zituen zorrak gurasoak? Jokoan etxea ondatuz? Etzan Jauna orren jokolaria. Zertan bada? Bear bada umeai atsegin geiegi ematen, mai ona ipintzen, estudio edo ikasbidea ematen; seme ta alaba asko izanik oek zuzentzen, etxeak moldatzen, azienda aurratzen. Bear bada pagatu gabe larga zituen gurasoak beargiñak eta oen izerdi geldituko da, sari edo alogera gabe? Non da semearen onra? Non anima, negarrez daudenean langillak? Gurasoak artu ta ezarri bazien, zensoren bat maiorazgoari agertu etziolako alakoa zala, zergatik pagatu bear ez dio semeak aitak engañatu bazuen diru-emallea? Beste askok prestatu izango zion gurasoari estutasunean, pagatuko ziolako uste osoarekin. Ill bazan pagatu gabe, zergatik pagatu ez semeak, bear bada iñoren dirubarekin mantendu edo janzi bazan etxea, edo gelditu obetuta azienda? Lurreko legeak onak dira auziak kentzeko; baña anima ta Jaunaren legea dira bearrenak.

        G. Zer da Gurasoari zor zaion obedienzia?

        E. Da beren esanak egitea borondatez, trikatu gabe, ta laster edo bigarrenean eraso gabe, agertzen duteela umeak poz gozo bat esanak egitean. Umeak, obeditu gurasoai, Jainkoak ala nai duelako, dio San Pablok.

        G. Gauza guzietan obeditu bear bazaie gurasoai, naiz gauza txaarrak agintzen badute?

        E. Ez orrelakorik. Gurasoak agintzen badute Jangoikoak nai ez duen gauzaren bat, ez da egin bear. Ona zer dion Jesu Kristo ber berak: Gorroto ez dionak gurasoari, au da egiten ez dituenak leenago Jangoikoaren esanak, Gurasoarenak baño, eztu zer izan nere jarratzalle edo eskolakoa. Asko alditan etxekoak, guraso ta senideak oi dira etsairik gaizto ta gogaikarrienak. Aita edo ama batzuek dira erakasten duteenak Infernuko bidea; gauzak ostutzen, ostutzera laguntzen munduko ebillera nasaietara irtetzen, bear ez dan bizimodua edo estadua artutzen. Ala bada animaren kaltean ez egin gurasoaren borondaterik; obedienziak ditu bere neurri ta mugak. Seme edo alabak eranzun bear dio gurasoari humil humillik, ezin nezake nik orrelakorik, Jangoikoak debekatzen didalako. Gurasoago da Jangoikoa aita edo ama baño. Baña zer gertatzen da txit sarri? Umeak errazago egitea gauza okerrak, gurasoak agindu dielako estalki, esesio, edo aitzakiz, gauza onak baño. Aitak esaten badio semeari, ta amak alabari: zoazte pestara elizan ta etxean sartuta egon gabe, zein pozik egiten dan agindu au. Esaten badie, etzoazela mutil artera, ez danza nastuetara, zaude etxean; bai berriz! an dira bekoki astunak, arretondo txatarrak, musu astintzeak, begi sutuak, ostikada, eranzuteak; zergatik olgatuko ez naiz nere lagunak bezala? zuk naita ez joango naiz. Oro bat badarama aita gaiztoak semea egurrak, ardi, aari, edo beste gauzaren bat ostutzera, laguntzen dio, ta gero eranzungo du semeak, beldurrak eragin zidan zer egingo nuen gurasoak agindu bazidan? Ala prest daude egitera animaren kalteko gauzaak, ta ez animaren onerako agintzen zaiztenak. Obedienzia ederra. Beldurra bear ez danean; ta lotsagabetasun andia egin bear diran gauza onetan.

        Obeditu bear zaio bada gurasoari animaren, ta etxearen onerako agintzen duten gauza guzietan, nola bait Kristori bezala, zerren Kristori obeditzea dan gurasoen esanak egitea alako gauzeetan. Ez obeditzea, batzuetan izango da bekatu astun edo mortala, besteetan ariña edo beniala. Agintzen badio gurasoak batu ez didilla onelako, ta alako lagun gaiztoakin, jokatu ez dezala modu gaiztoan, geiegi galduko dalako peligroaz, sartu ez didilla onelako edo alako etxe bekatuko okasioa dagoanean, etorri didilla etxera mugonez, edo gabaz bear ez dan bezelako lekuetan ebilli ez didilla, aplika didilla ikastera, ikasi bear dana, alperrerian denpora igaro gabe; ez obeditzea onelako gauza astunetan da bekatu mortala, zerren ez obeditzeaz datozen animara, ta etxera kalte andiak. Zer da seme alper, lagun gaiztoekin ta gabaz kanpoan modu gaiztoan dabillena, bere zeregiñetara, erasten ez dana? Da etxerako, ta erri guzirako kaltegarria. Gauza txikietan bein edo beste ez obeditzea modu gaizto andi gabe, ez da bekatu mortala izango. Baña baldin tematzen bada egingo ez duela aitak agintzen dion gauza arin bat, nola dan iturritik ura, sorotik arto edo belarra ekartzea, modu txit gaizto ta sentigarrian eranzuten diola, da desonra ta naigabe andia gurasoari ematea. Oro bat gauza txikiak berenez diranetan sarri desobitzen (sic) badio, mandamentu zuzenik gutxitan baño egin nai ez da. Zer egingo dute gurasoak, nola zuzendu etxea, seme edo alabak txit sarri ukatzen badira mandatu zuzenak egitera? Nagitasunez, lotsaz, edo desprezio andi gabe gauza bat edo beste noiz edo berriz egin gabe largatzea, ez da gurasoari naigabe andia eman oi diona. Baña modu txit gaiztoarekin, temaz, ta agintzen diolako bera gatik ez egin nai izatea umeak, estutzen du asko gurasoa, baita modu ain gaizto gabe sarri desobeditzen dionean ere.

        G. Badago Eskritura Santan beldurra emateko kastigorik seme lotsagabeen gañean?

        E. Bai ta ona bat. Dabidek egin zuen zerbait aziera ona emateko bere seme Absaloni. Ordea onek irten zuen buru gaiztokoa, aitaren esan ta erakatsiai kausio edo jaramonik egin gabe. Eldu zan aitari erregetasuna kendu nai izateraño; eman ziozkan atsakabe txit andiak; deshonratu zituan bere emazteak lotsa guzia galdurik; ill ere zuen bere anaje bat. Baña etzan ixillik egon beti Jangoikoa. Izan zuen eriotza gaiztoa arbola batean illeetatik katigaturik; josi zuten bertan burni urratzalle, edo iru lanzarekin, ta larga zuten baso batean arriekin estalia bere korputz illa, ta anima gaizkiago infernuan, dirudianez.

        Berriz, zenbat bedeinkazio zeruko iritxi zituzten Jangoikoaren aldetik Isaak, ta Tobias gazteak beren gurasoei eman zien honra, ta esanak zuzen egin zituztelako? Zein onak irten zuten ta zein santuak guraso onen erakaste ta doktriña onak artu ondoan! Ume gaiztoak egun onik izango ez dute azkenean mundu onetan ere. Guraso nekez arto ta ogia irabazten dutenei, kentzen dizte ezkutuan etxean bear diran gauza ez gutxi; milla gezur ta asmorekin ostutzen dute arto edo gari zatiak beren janedan, ta jokoetako, ta dabill etxea apapuan, zorrak geitu, ta milla buruko miñen artean. Absalon gaiztoa bezala andinaiera, lasaitasunera, ta lujuriara ematen dira, ta ondatzen dute etxea. Ai balekite ondo gurasoak, zer dan ume bat azitzea Jangoikoaren beldurrean, ta nola dendatuko lirakean alegiñez ondo azitzera, ta mugonez gordetzera seme edo alabak, larga gabe ibilli ditezen jende nasaiakin!

        G. Eta zor die umeak gurasoei obedienziarik artu bear duten estaduaren gañean?

        E. Asko dago zer esan onetan. Jangoikoarena da deitzea, edo bokazioa, umearena dei oni jarraitzea, ta gurasoarena laguntzea. Laguntzeko jakin bear du, ta kontu eman umeak. Ez du gurasoak eskubiderik eragozteko bide zuzenetik datorren estadua. Baña umeak ez dute beren buruz ebilli bear bide gaitz onetan. Jangoikoari eskatu bear dio argia ezagutzeko, nola ta zein bidetik obeto serbituko duen ta irabazi Zerua. Estaduak dira iru gisakoak; bata Elizakoa, bigarrena ezkontzakoa, ta irugarrena batere katigatu gabe donzellatasuna gorde nai dutenena. Elizan daude bi bide, bata abadetzea, edo apaiz izatea, ta bestea Relijioan sartzea. Guzian dago zeri begiratu. Abadetzea berez bide ona da; baña ez arinki artu bear dana. Ezagutu bear da, ez dala gauza gaitzagorik apaiz edo abade on baten obligazioai eranzutea baño. Meza bat esatea, koruan kantatzea balitza abade on izateko asko, erraz litzake. Baña bertute andira deituak dira munduko sazerdoteak; izan bear dute beste kristauai eskua emateko jakintsuak, ta animazaleak. On asko egin dezake on ona bada, baña kalte asko beretzat ta askorentzat gaiztoa bada. Nola bada sartu estadu santu onetan santidade gabe? Nola izango da ona besterentzat, beretzat gaiztoa dana? Nola bere anima zuzentzen ez duenak zuzenduko ditu besteenak? Ala bada gurasoak ez dute onetan zer sartu, asko sartu oi diran bezala. Asko gurasok konturik eduki gabe beren munduko ona baño, berak artzen dute Jangoikoaren lekua, edo eman bokazioak. Ikusirik bere semea dala bizitza ez onekoa, dan bezala dala, ordentzeko dui duia ikasten badu, bereala abiatzen dira kapellania billa ta bear bada tratu debekatuakin. Umeak, etzaitezela onetan piatu gurasoakin; billa ezazute konfesore Jangoikoaren urreko bat; agertu oni bizimodu guzia, ta aurrerako gogoak. Berriz Relijioan sartzea berez ona baño obea bada ere ez sartu konseju on gabe, ta sartzea ez larga gurasoen erausi ta agiraka guziak gatik; ezagutzen badezute aldegin bear dezutela mundutik salbatzeko ekusirik zere indar laburrak irauteko on izatean munduaren erdian, ta ala orazio, nola komunioko une santuetan sentitzen dezutela gogargi edo inspirazio ezkutu ta jarraitu bat sartzeko Relijioan, ez ezergatik atzeratu. Utsegiten duena estadua, peligro andian arkitzen da. Jenderik geiena kondenatzen da, zeren artzen diran estaduak ariñegi, pasioz, edo munduko era edo konbenienziaren bategatik.

        Ori orrela da; ezagutzen degu ondo begiratu bear dala eliz-gizon, fraile edo monja izateko; baña zer bokazio bear da ezkontzeko? Zertako gurasoari konseju eskatu? Gurasoak atzeratuko nau kontu ematen badiot. Ni naiz ezkondu bear dana, ta nere buruaren jabe. Egia diozu gezurrarekin batera. Gezur andia da ezkontzeko zeruko dei edo bokaziorik bear ez dala, esatea. Zenbat gauzari begiratu bear etzaio betiko bezala buztartu bear danean? Amorio itxu, zatar, ta pasioz datorren ezkontzak, ondoren txatarrak ekarri oi ditu geien geienez. Lagun artuko dana ezpalin-bada Jangoikoaren beldurreko, ta bai okerra, nolako bizitza egingo da? Ardora emana bada; zenbat buruko-miñ emazteari? Ostutzeko oitura txaarra badu, lagundu eraziko dio emazteari lapurrerietan, ta biak kondenatzeko bide ederra. Ala bada bear da ezkontzeko katigatu baño leenago orazio egin Jangoikoari, konseju ona artu guraso, ta konfesoreagandik, ta aztertu edo ondo jakin ezkongeiaren kondizioak. Gutxi gutxitan gertatuko da gurasoak galerazotzea bide oneko, edo ondo datorren ezkontza. Galerazo nai balio umeari arrazoi on gabe, itundurik konfesore jakintsuarekin, artu legeak ematen dituen eskubideak, baña beti ekarri bear zaio gurasoari onra ta lotsa ona. O zenbat ume gaiztok egiten dituzten ezkontza bidegabeak beren buruz, amorio gaiztoz, bekatuz aseta bezala, deabruari korputzak leenaz emanda! Neskatxak siniserrazak edozein itzi loturik, datoz pekatuak egitera. Mutil gaiztoak pasio loi baten itxutasunean edozer gauza eskintzen dutela; batari bear bada gaur itza eman biaramonean beste bati; emendik eskandaloak errietan, guraso ta senideen naigabeak, auzi txatar ta ondagarriak; ta zer ez? Umeak, zorigaiztokoak izango zerate aitaren bedinkazio bage bazoazte ezkontzara Jangoikoak ere etzaitu bedinkatuko, ta gero zer gauza on izan? Ona bada emen bildu edo pillotuta umeen, obligazioak gurasoen alderako. Zor die amorio txit andi bat, erruki oso oso bat, onra ta lotsa andia, atsegin eman naia ondo dan guzian, laguntasuna premia orduetan; eriotzan, ta illorduan ere gogoan idukitzea; beren esanak, okerrak ez badira, prestasun andi batekin egitea. Oitura txaarrak baditu, itz biguñekin, ondo esanarekin, ta erreguz edo palagatzez eman onbidea. Au egiten duen umeak txit maite izango ditu Jangoikoak. Zenbat andiagoa zan Jesukristo, bere Ama ta San Jose baño? Bada egon zan beti bezala beren mendean. Et erat subditus illis. Beraz zorionekoak izango dira ume gurasozaleak. Bai bai. Ez dute aztu bear mandamenduko itzekin. Onra itzazuz gurasoak bizi izan zaitean luzaro; aditzen da arimako kaltean ezpada. Izango dute zorte ona. Neurri berarekin neurtuak izango dira. Ume onak izango dute gero nork lagundu ondorengoetan, ta bakarra bada ere, Jangoikoak idukiko du bere ardura edo kontua. Ume gaiztoak izango dute zaartza gogorra (zartzen badira), naigabe andiak, lapur gurutzea, gozagarri gabea, ta infernuko asipena. Eta izango ote da gurasoari eskua ezarriko diona kolpetzeko? Izango ote da birao ta madarikazioak ezarriko diozkana? Ill didilla onelako seme edo alaba gaiztoa, dio Jangoikoak berak. Aitari siñu gaiztoa egiten dion umearen begiak atera ditzatela egazti beltzak, edo beleak ta agilakumen janari izan ditezezela. Madarikatua izan didilla nere aldetik ama itz gogor, garratzakin mindutzen duena. Ona Jangoiko berberaren esanak.

        Nai dezute umeak, enzun Jangoikoak eman zuen ordena edo agintza anziñako legean? Seme gaizto edo esan egin nai ez duena, dio, eramango dute gurasoak errietako agintari edo juezen aurrera, ta esango die: Jaunak, gure semea da buru gaiztokoa, gure esanik egin ez duena, joko, jan, edan, ta emakumeetara emana. Salazio edo akusazio au enzunda, zer egin bear zuten juezak? Agindu erriko jendeak iltzea arrika alako seme gaiztoa, kendu zidin erritik gaitza, ta beste guzioi beldurra emateko edo ikusi zezaten jende oni lotsa ekartzen. Egia da Jesu Kristo etorri ezkero kendu zirala munduko kastigo eriotzako, legeak agintzen zituenak. Ordea bekatua gutxitu ez da, ta bai andiago egin kristauentzat ta infernuan gogorrago kastigatuak izango dira kristau umeetan gurasoei egiten dieten bidegabe edo ofensak, anziñako legekoak egiten zituztenak baño. Bukatuko det doktriña au. Espiritu Santuaren itz oekin: Umea, lagundu bear diozu zere aitari, zere kontura artzen dezula zaartzako egunetan, ta ez arren bere bizitzan naigaberik eman. Ala egiten duten seme-alabak, geldituko dira Zeruko ta guzien guraso Jangoikoaren kontura bizitza guzia osasunean, ta gaisotzan, izango dira zorionekoak lurrean, ta alere geiago beste munduan. Ala izan didilla.

 

aurrekoa hurrengoa