www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE XV.

Gauza beraren Jarraitza

 

Obedite Praepositis vestris.

 

        Ikusi ditugu leenagoko erakasteetan Umen, ta gurasoen eginbide edo obligazioak alkarrekiko; baña geiagora zabaltzen da Jangoikoaren Legeko laugarren mandamentua.

        G. Nola ori?

        E. Gurasoen izenez aditzen diralako nagusiagoak urteetan, dignidade, ta agintzeko eskubidean.

        G. Ezin aituko det esan duena argiroago ta zeeago adirazotzen ezpadit.

        E. Atsegin andiarekin azalduko ditut itz gutxian esanak. Guraso ordekoak dira batzuek animaren aziera ur urrekoa emateko kargua duteenak, edo anima zaiak. Oek dira, Eliza guzian Aita Santu Erromako, Kristau guzi guzien Burua, Kristoren ardi ta bildots guzien Arzaia. Gero Obispo Jaunak bakoitzak mugatuta dauzkan errietako kristauetan. Oen mendean kura, edo errietako erretora, au da anima zuzentzalleak. Gurasoen izenean aditzen ere dira. Abade, sazerdote, edo apaiz guziak, dirala relijiosoak, dirala mundukoekin kanpoan bizi diranak, ta oen artean bakoitzak bere konfesorea, zeñi ematen dion erregek berak ere aitaren izena. Oek guziok daukate animak zaitzeko ta zuzentzeko obligazioa, batzuek geiago, besteak baño. Guziak alkartu bear dutee gerra emateko infernuko etsai animaak irentsi nairik dabiltzanai, edo erakatsiz edo orazio modu askorekin. Oek gatik geien dio Apostoloak, Egizutez zuen agintarien esanak; eman bearko duteelako Jaunaren aurrean zuen animaren kontua.

        Beste agintari edo guraso ordekoak dira munduaren aldekoak. Oek dira errege, bere mendekoen buru Jangoikoak ipinia; ta onen bean ezagutzen ditugun beste agintariak, zeintzuek gorde bear duteen erri ta etxeetan pakea, ta eman bakoitzari berea, ta erriertak diranetan; edo nerea da, arena da esaten danean, erabaki bear duenak zuzen, noren aldetik dagoan arrazoia. Au onela ezpalitza, nola ibilliko litzake mundua? Ezpalego agintaririk kastigatzeko eskubideaz, zenbat lapurreta, zenbat eriotza, zenbat errierta? Indartsuagoak beretuko lituzke besteen gauzak, ta lurra izango litzake Infernuaren irudi bizi bat. Guziak nai balute berdiñak izan, guziak naiko lukee agindu, ta besteen esanik eginez Gurasoak ez luke pakerik izango etxean, morroiak jaikiko lirakee etxeko-jauneen kontra; mirabeakin ezin egingo luke bizitzarik etxeko-andreak, ta guzia izango litzake baralla, iskanbilla, ta atralaka gogorra.

        G. Ori orrela izango litzake; baña zertako egin zituen Jangoikoak gizonak desberdintasun onelakoan? Zertako batzuek aberats, besteak premia estuetan? Zertako batzuek agintatzen, ta beste gaixoak burua goratu ezinik andien mendean? Guziok gera kreatura Jangoikoak egiñak, aita baten umeak bezela, Kristoren odolarekin erosiak. Zertarako anbat kate, ta mendetasun?

        E. Atoz ona kristaua, nai diozkatzu Jangoikoari kontuak artu? Bada zera Infernua jo zuten Aingeru gaizto Demonio egin ziranak, bezelakoa. Oen bekatua Zeruan izan zan Jangoikoarekin bat izatea; ez bururik ezagutu naia, similis ero Altissimo. Luzifer Aingeru nagusietakoak erein zuen Aingeru eder askoren artean azi gaizto edo doktriña txaar au, ta beren andinai ta arrotasunaren kastigoan, jaurtikiak izan ziran Infernura. Luzifer gaizto kondenatuak irten zuen berriz lurrera doktriña bera erakastera gure lenengo guraso Adan, ta Ebari, esaten ziola oni, Jangoikoa beste izango zerate jakiturian, berak debekatu dizuten Arbolako fruta jaten badezute. Gezur onekin galdu zituen; eta Jangoikoaren Semea, ain andi izanda, txikitu zan serbitzari baten janzia arturik erakasteko humill ta beezaleak izaten. Egia da Jangoikoak nai duela guzietan berditasun biotzeko bat. Zuen artean andiena dana, esan zien Kristok Apostoloei, egin didilla txikiena bezela. Zan esatea, ez duteela andi ta agintariak ere anduste ta arrotasun biotzekorik izan bear; maitatu bear dituztela beeragokoak ta ez iduki jentil edo argigabeko erregeak bezala agintatze astin ta beldur garririk. Zergatik egin ditu batzuek aberats ta besteak ondasun gabe? Ah galdetze adin gabea, baldin lotsagabe esaten bada. Zorionekotzat daukazu aberatsa? Ez det nik erakurri Eskritura Santa guzietan aberatsak dirala zorionekoak, ta bai guzienez kaltegarriak lurreko ondasun geiegiak. Erakurten det nik, guziz gaitza dala aberatsak salbatzea, diruetan amorio edo eraspena ez idukitzea, ta zekentasuna dala idoloak adoratzea bezala. Erakurten det, kondenatu zala aberats burugin, erruki gutxikoa, ta Aingeruak eraman zuteela Lazaro pobrea Abranen egotokira, ta ura zegoala Infernuan ur tanta batzuen eske suen artean, ta ematen etzioela; berriz Lazaro pobrea, zeñentzat izan zan ain gogorra, zegoala ezeren palta gabe atseren ederrean. Zertarako dira bada anima galtzeeko bidean ipintzen gaituzten gauzak? Beraz mesede egiten die geienez Jangoikoak ondasun andi gabe ipiñi dituenai. Zergatik Kristok autatu zuen beretzat pobrezaren bidea? Zergatik bere Ama Maria, ta Aita ordeko Jose egin zituen ondasun gabeak? Obetzat zedukalako pobre izatea aberats baño. Izan dira bai aberats onak ere, egia da; baña oek ziran biotzez pobreak, pobrezaleak, berentzat bearra artu ta gelditzen zitzaitena, zabaltzen zuteenak premia zeukatenen artean. Ala bada ez naigaberik artu aberatsak ez geralako. Berriz obe ez ote da humil humillik esanak egin edo obeditzea, agintzea baño? Zenbat errazago da humilla izatea mendeko izanda, agintari izanda baño? Karguan karga andiak daude. Esku andiko edo poderosoai itxaraten die tormentu andiak beren obligazioai ondo eranzuten ezpadie; ala dio Espiritu Santuak. Españako Errege on batek eriotzako gaitzian esan zuen: Ai izan banintza konbentu bateko atezai edo portero! ango giltzak pisu gutxiago idukiko zuten nire koroa, ta zigorrak baño. Jesu Kristok ez du personeen banatasun edo desberdintzarik Zerurako gauzeetan. Ez maiteago Españaarra, Franzesa baño. Mauru belz gizonen begietan itxusia, ez da alakoa beretzat. Guziak erosi zituen bere odolarekin, guziai esaten die atozte nigana; guziak deitzen ditu bere maira prest badaukate anima. Borrero ondo bizi dan bat maite du, ta gorroto dio errege gaizto bati. Guziaz ere agintzen du, beeragokoak obeditzea goragokoai, pagatzea zorrak, honra, lotsa, ta petxuak. Errege, ta beste agintariai gaiztoak badira ere, agintzen ez dutenean Jangoikoaren kontrako gauzarik, zor zaie beti honra ta obedienzia. Berriz ematen badute bekatu egiteko biderik, eranzun bear zaie San Pedrorekin, arrazoi geiago dala Jangoikoari obeditzea, gizonai baño.

        G. Baña onelako munduko agintariei obeditu bear zaie beldur utsez, edo bai animako kargaz ere?

        E. San Pablok argiro dio, zor diegula konzienziako obedienzia, ta bekatu dala ez egitea beren agindu zuzen, edo bide onekoak; batzuetan izango da bekatu astuna, besteetan ariña, nolakoa da agintzen dan gauza, edo agintzen duenaren gogoa. Anziñako kristauak bizi ziran errege gaizto ta fedegabeen azpian. Joaten ziran gerra bidezkoetara trikatu gabe; baña esaten bazien adora itzatzuez idolo edo erromatar ordukoak zeuzkaten Jangoiko asmatuak, ori ez, esaten zuten. Oro bat Kristoren legearen kontra ezer agintzen bazitzaien.

        G. Beraz gaizki egiña da gaizki esaten egotea agintarien ordena edo eginbideak gatik.

        E. Bai, Jangoikoaren kontra ezer agintzen ez dutenean. Niri dagokit kontu artzea ta kastigatzea agintari ta guzien gaizkiegiñak. Mea est ultio. Nere aldetik denpora artzen dedanean, nik juzgatuko ditut juez edo agintariak. Kristau onak ixiltxorik eraman bear ditu gogortzat dauzkan ordena edo aginduak; probatu nai ditu Jangoikoak bereak ta eroapen edo pazienziaz irabazi dezatela zeruko koroa. Eskatu bear diogu Jangoikoari argi ditzala agintariak, ta ibilli ditezela bide zuzenean. Oek onela izanik, leenen leenen animako gauzeetan zor diogu onra, lotsa ta obedienzia Aita Santu Erromakoari, ta onek erakasten badigu zein dan doktriña zuzena, zein okerra, sinistu bear degu biotzez ta bear orduetan aitortu aoz erakasten diguna. Ardiak joan bear dute arzaiak daramazien larrera, edo belartegira. Aita Santu Erromakoetan beti gorde da kristoren doktriña ederra. San Pedrok erakatsi zuena erakasten da gaur, erakutsiko ere bai munduak dirauan artean. Mai onetan bildotsa jaten ez duena, arrotza da, dio San Jeronimok. Errege onak dira aurrerenak aitaren izena ematen San Pedroren ondorengoai, ta nork ez daki aitari zor zaiola onra, lotsa ta obedienzia? Aita Santua ez da gurekin sartuko animari dagozkion gauzeetan baizik. Ez digu esango: Atozte gerrara, baña bai agertu, zein dan doktriña ona, zein txatarra, noiz ta zertan utsegiten dan kristauaren eginbideetan, noiz ez. Esango ere digu obeditzeko errege, ta agintariai agintzeko eskua duten gauzeetan. Kristauak geran aldetik zor diegu onra Obispo Jaunai. Oek ere esku andia dute Kristok emanda, ta dira animako guraso andi edo nagusien artekoak, ta erakasten ez duenean ezer Elizako doktriña jakiñaren gañean (ta ez du Jangoikoak laketuko guri erakastea) zor diegu lotsa ta obedienzia. Errietako kura edo erretora jaunak ere erakatsiko dituzte elizan doktriña onak, ta erakatsiko balute txaarrik, Obispo Jaunak artuko lukee bear dan bidea.

        G. Eta zor diegu honra ta obedienziarik konfesoreai?

        E. Bai, ta oek ere dira guraso urrekoak, anima mantenitzen dutenak itz onen ogiarekin; erakasten digute Zeruko bidea, dabiltza gure animen billa, ta geiago zor diegu nolabait lurreko gurasoei baño. Ez det nik uste, emango digutela doktriña gaiztorik. Jangoikoak nai ez dezala, inoiz emango balute, eman kontu beste konfesore jakitun ta birtutetsu bati, ta emango zaio zuzenbidea. Sazerdotea izan diteke gaiztoa, Judas izan zan bezala apostoloen artean. Doktriña, ta konseju gaiztoa ematen duena, Zeruko Aingerua badirudi ere, madarikatua izan didilla, dio San Pablo Apostoluak. Ez jarraitu inoiz tentatzalleari, iges egin deabruari bezela edo geiago. Aita baten konseju txaarrak ez dira jarraitzekoak. Aita gaizto bati ekartzen dio lotsa ume onak beste gauza guzietan, ez dio laguntzen gauza txaarrean; errukitzen da, ta eskatzen dio Jangoikoari ondu dezan; ez ditu zabaltzen aitaren utsegiteak, ta Noeren Seme onak bezela estaltzen ditu ezkutuan egon bear diranak. Ekusiko banu nik sazerdote bat gaizki egiten esan oi zuen Konstantino Enperadore Santuak, estalduko nuke nere mantuarekin iñork ekusi ta jakin ez dezan. Sed vae illis Sacerdotibus, qui scandalizant pusillos, qui laqueos parant animabus Christi sanguine redemptis; qui, impudicitiae dediti, et verbis, et tactibus sunt ruina in populis. Sub ovina pelle Lupi rapaces, dispergunt Christi gregem: electi ad animarum salutem curandam pravo exemplo in infernum eas secum detrudunt. Vae miseris! Vae iterum! et millies vae!

        G. Eta zer zor die etxeko jaunak morroe mirabeai, ta zer oek aiei?

        E. Zor die bearraren sari edo aloger osoa, ondo dan besteko jana, doktriña, ta ejenplo ona. Zor die erruki ta amorioa, ta ala ez dituzte gaizki, deadarka ta biraoka tratatu bear, ez kolpeka erabilli. Eritzen, edo gaisotzen badira, ez da ondo egiña etxetik kanpora bereala botatzea, batezere serbitzariak ezpadu guraso nork arturik. Badira denporak limosna egitera obligazio estua dakardenak (sic); ta nork du eskubide geiago orretarako morroe edo mirabe gaisotuak baño? Bear bada itsatsi zaio gaitza etxeko bearretan, edo neke gogorren batekin.

        G. Zer dute zer ekusi etxeko-jaun edo andreak morroe-mirabeen aziera onarekin? Ez dituzte etxera ekarri doktriña erakastera, baizikan bear egitera, etxeari ondo begiratzera, ta argatik ematen die ogia ta urteko soldata edo bearsaria.

        E. Au dioten ugazaba, edo etxe-buruak ez bide dakite dirala kristau ta guraso-ordekoak serbitzari, edo ogitukoen alde. Ona San Pablo Apostoloaren itz desegingo ez diranak, ezta ere gezurtatuko: Bere etxekoen ardura edo kontua ez duenak, galdu du fedea, ta da Jentil edo fedegabea baño gaiztoagoa. Fidem negavit, et est infideli deterior. Zer esan lezake geiago? Guraso orde gelditu badira, nola umeai bezela begiratu ez? Doktriña ezpadakite, ezin gordeko dute Jangoikoaren Legea; au gorde gabe, salbatu ere ez; ta Kristau buru guziak bear die lagundu bere mendekoei salbazioko bidean. Ez dakianari erakastea zor da bekatuaren bean aldi batzuetan. Noiz, galdetzen du Asteteren doktriña libru labur baña urrezkoak? Eta eranzuten du ederki, gizon aitu edo jakitunen iritzian premia estua dagoan orduetan. Non premia andiagorik salbazioa baño?

        Obligazio oni eranzuteko ez da asko erakastea buruz doktriña bearra etxean. Bialdu ere bear dituzte sermoiak enzutera; ez goizean meza arin bat enzun ta kura jaunen doktrina edo erakasteak enzungabe urterik geienan iduki. Aldizka baño ezpada ere, bialdu bear dira meza nagusira, enzun deken sermoi edo doktriña bere arzaiaren aotik; agindu ere bear zaie konfesatzeko illean bein edo debozioa duten egunetan etxeko kalte gabe. Aste guzian dabiltza geienez arazo askoren artean Abe Maria bat esateko astirik ez dutela, batezere baserri edo etxealdeetan, ta arrazoia da jaiegunetan zer edo zer egin dezeen Jangoikoaren honran ta beren salbazioa gatik.

        Andiki, edo erri barruetan ondo bizi diranen morroe-mirabeak enzun dezakete astegunetan meza, etxeko lanen kaltegabe, batezere goiztxo meza ematen bada. Ala egiten dute ez gutxik, ta etxea ez da gaizkiago ebilliko.

        Morroe-mirabeak kristau on, ta Jangoiko zaleak badira, aurrerapen geiago egingo dute etxeak. Jose mutil gazte, ta Ijitoko Jaun baten morroe onagatik, zenbat irabazi ta aurreratu etzuen etxeko-jaun ark? Berriz gaizto ta Jangoikoaren beldurgabeak badira serbitzariak, zenbat kalte egin lezakete? Zenbat ezkutuko lapurreta? Zenbat ordu alper igaro? Etxeko buruak begi asko iduki bear dituzte; etxeko andreak adrillu artean bezela ebilli bear dute zaitzeko nola bizi dan etxeko jendea. Bear bada morroe gaizto batek erakatsiko die etxeko alabai doktriña gaiztoa ta ipiñi galtzeko bidean. Jose Ijitoko aitatu dedana, izan ezpalitza ain Jangoikoaren beldurrekoa, etxeko jaunari emazteak berak egingo zion traizio ta billaukeriarik beltzeena. Mirabea ba da lasai mutil zalea, galduak dira etxeko semeak. Egunoro enzuten dira onetan negargarrizko gauzak. Ala bada kendu etxetik bekatu-bideak, ta serbitu Jangoikoa.

        G. Eta morroe edo mirabeak etxetik irteten badu urtea osotu edo kunplitu gabe, zor ote zaio egin duen denporako bearsari, edo soldata?

        E. Bai. Gutxi gutxi dira arrazoi on gabe etxetik irtetzen duten serbitzariak beren honragatik ere. Bear bada etxeko-andrearen ernegazio, irritutasun, edo gogortasunak igaro ezinik, dia etxetik. Bear bada, dauka gurasoak bere laguntasunaren premia, ta oek leenenak dira. Bear bada, ezta dagoan etxea bere animaren onerako, ta bai kalterako bide batetik baño geiagotik, ta gauza guziak ezin ager litezkez; ta dan bezala dala bearegiñak bear du sari edo pagoa.

        Errukiaren aldetik txit ondo egingo dute etxekoandreak ez zikotz edo zekenak izateaz serbitzariekin. Ogia gilz estuetan dagoan etxea, etxe prestuez ta dollortzat dago; beste aldetik geiago galduko da uste ez dala. Erri guzian jakin oi da, ta gaizki esan. Badira berriz etxeko-jaun ta andre soñoko txit asko bazterturik dauzkeenak sitsak jaten bezela, ta morroe mirabeak irabazi laburrarekin gaizki janzirik. Zertako bada emango ez die alperrik galduko dana kutxa barruan? Nolako pozarekin egingo ez dute bearra, nolako amorez begiratu serbitzariak beren etxekojaun edo andreai eskuberoak baditzate, ta ez murri, estu ta sakatuak? Bazter guzietan zabalduko dute etxe artako prestutasuna; alkarren leian billatuko dute askok alako etxearen serbizioa, ta izango dira honratuagoak zeken estuak baño.

        G. Zerekin oartu edo oroitu bear dira etxeko-buruak amore ta errukia idukitzeko serbitzariakin?

        E. Ona Espiritu Santuaren itz ederrak: maita ezazu serbitzari leial, ta zuzena zere bizitza bezala; ez estutu bide gogorrez; ez diozu larga bear erori didin premia edo pobrezan; ez dezu luzatu bear goizeraño ematea bere bear saria. Ez dezu etxekoekin leoia bezela izan bear, ikararen azpian, ta zapaldurik darabiltzuzala. Eta San Pabloren aoz: Eta zuek, etxeko buruak, barkatu kiñatze, zemaitza, edo agiraka gogor bidegabeai, izan zaitezte errukior ta biguñak. Et vos, Domini, eadem facite illis, remittentes minas. Agertu zaiozute serbitzariai borondate ona ta asko naia; bigunki itzegiten diezutela; bada jakin bear dezute, zuek, ta oek daukazutela Zeruan Jaun bat, zeñek ez duen personen aukera, edo desberdintzarik. Nolako kontua iduki ta amorea agertu zuen bere serbitzari gaixotuaz Ebanjelio santuan erakurten degun erromatar soldadu zenturionaren izenarekin aditzen danak? Nolako eskariak Kristori senda zezan? Eta nolako alabanzak Kristok bere fedeagatik? Itz gutxitan, nai izan bear degu besteai egitea, geretzat naiko genukeana. Zer naiko genuke guk morroe, edo mirabe bagiña? Gogoratu au ondo, ta askotan. Orain bada, alako kontua iduki bear badute etxeko-buruak beren serbitzariakin, ala animako nola lurreko premietan, nolakoa izango da beren obligazioa ez emateko ejenplo gaizto, edo jarraigarri txaarrik bizitza gaiztoarekin? Nagi ta arretagabeak fedegabeak baño gaiztoagoak badira San Pabloren aoan, ta kristautasuna galduak bezelakoak, fidem negavit, zer esan bekaturako bideak ematen dituzten etxeko buruak gatik? Zer esan, itz ta eskuka tentagarriekin galtzen badituzte neskame, edo miraben anima gaixoak? Zer esan? Dirala deabrua baño gaiztoagoak, ta au geiegi esan gabe. Iges laster onelakoen atzapar ta etxetik. Dragoi gaiztoekin nor bizi? Zertarako dirala deritzazute, mirabe gaixoak, alakoen eskintza, erregalo edo sariak? Zuek katigatzeko, zuen animak deabruari emateko. Badira beste batzuek erakusten dienak lapur izaten, aginduaz ostu dezatela bata ta bestea, edo beren lapurretan partil izatera. Iges laster lapur etxetik ta Jangoikoaren usairik ez dagoanetik; bada bekatuko erorbide edo okasioan dagoala borondatez, ez dago konfesio onik.

        Txit atsegin andiarekin enzuten dituzte morroe mirabeak etxekojaun eta andreen obligazioak; baña enzun bear dituzte berenak ere.

        G. Zer zor die serbitzariak beren Etxekojaun edo andreai?

        E. Zor die honra, lotsa, esanak egiteak, leiala izatea, isiltasuna, etxeko gauzai ondo begiratzea, oniritzi edo amorea. Obligazio guzi oek sartzen ditu San Pablo Apostoloak itz eder oetan; Serbitzariak, obeditu zuen Jaunai, edo aragiko etxeko buruai lotsaz, ta beldur onez biotz zinzoarekin Jesu Kristo berari bezala...Ez dituzute beren esanak egin bear, berak zakustezalako, gizonai atsegin ematearren; egin bai biotz onez Jangoikoaren borondatea Jesu Kristoren serbitzariak bezala; serbitu bada amorez, begiratzen diezula beretan ez gizonai, bai Jangoikoari. Zer geiago esan diteke Kristori bezala begiratu bear zaiela baño? Jangoikoaren ordeko bezala daude; oei obeditzea da Jangoikoari obeditzea. Zor die bada beldur on bat, lotsa, esanak borondatez egitea, ta ez beldur utsez, edo bakarrik begietan.

        Lenen, zor zaie leialtasun oso bat, ala bear egitean, nola gorde edo zaitzean berai largatzen dizten gauza guziak. Onen kontra bekatu egiten dute berak dakitela, ez ekusia egiten dutela, ta gaiztoago dana bideak eman, edo ontzat darameela, largatzen duenean ostu ditzen etxeko gauzak, ala beste serbitzariren batek, nola kanpokoak.

        Jauna zer egingo det nik, esango dute, serbitzari lagunak ostutzen badituzte ixiltxorik gari, arto, okela, urdai ta onelako beste gauzak? Salatzen baditut, bizitza gaiztoa eramango det; nik ez diet esaten ostu dezatela. Zer egingo dezun? Egin lenengoan agiraka; esan, berriz egiten badute emango diozula kontu etxekojaun edo andreari; anima salbatu nai dezula, ta ez partil izan iñola ere beren lapurretan. Ondutzen ezpadira, galdetu zere konfesoreari, ta esango dizu gauzai ondo begiraturik, zer egin bear dezun. Animari ez ezen, honrari ere begiratu bear diozu. Etxeko buruak igarten badie gauzak gutxitu edo galduaz diazela, usteko dute zu ere lagun izan zerala besteakin; ekingo dizute; zuk burua garbitu naiko dezu, besteak ere bai, ta guziok gatik gaizki esango dute, ta bear bada guziok etxetik atera. Nola ebilliko da orduan zure honra? Uste dezu iñori ere esango ez diela zergatik etxetik bota zaituzten?

        Pekatu egiten dute ixillik ostutzen dituztenak arto, gari ta beste gauzak. Au badakite; baña ona emen estalgarria: Jauna, soldata laburra det, ezin janzi nindeke bear bezela ematen didatenarekin. Atoz ona; itundu ziñan soldata, ukatzen badizute? Ori ez Jauna. Bada debekatuta dauzka Jangoikoak, ta Elizak ere bai ezkutuko lapurreta oriek, ta gaiztotzat emanda zure esesio, edo garbigarriak. Konfesatu bear dezu zere gaizki egiña estalki gabe ta damu andiarekin, ta biurtu kendu dezuna edo balio zuena konfesoreak agintzen dizun bezala.

        G. Eta serbitzariak egin lezake limosnarik etxeko jaunen gauzeetatik ta oen agindu gabe?

        E. Noiz nola. Badakite ontzat eramango dutela, edo eman oi dutela artarako baietza edo lizenzia, egin dezakete; ez bestela. Berai ematen dien gosaria, errukiz ta karidadez eman nai badute, ez da bekatu, ta bai egitada ona, beste gosari bat artzen ezpadute. Au ba da goizeko txokolatea, ta gordetzen badute beren beste premietarako, ez dute bekaturik egingo, gosari berriren batekin gastaerazitzen ezpadioe etxeari. Badago oraindik zer esan; baña bakarrik esango det konzienzia argia dala leku eman nai bazaio, ta ez da baidaren bat datorrenean, ez ezer egin konfesore argitu ta jakitun bati galdetu gabe. Esango die Jangoikoak kontua artzean: eman zadazu kontu zuzena zere eskuetan bezela larga diran gauzeena. Redde rationem villicationis tuae.

        G. Zertara obligatzen ditu zor dion obedienziak?

        E. Egitera agintzen diena, ala beren animako onean, nola etxean bear diran gauzeetan. Ala bada agintzen dienean etortzeko etxera mugonez, edo gaba baño leenago, batu ez ditezela lagun txaarrekin, joan ez ditezela biguira edo ebilmodu kaltegarrietara, enzun dezatela meza nagusia, ta an egiten dan sermoia, konfesa ditezela ondo dirudian ta dan beste aldiz, nola gauza guzi oek diran anima ondo erabiltzeko, ta arrazoizkoak, bear die obeditu, ta gauza batzuetan ez obeditzea izango da pekatu mortala ta besteetan benial edo ariña, nola dan agintzen dan gauza. Mortala izango da animari kalte andia datorkanean ez obeditzeaz, nola dan lagun gaiztoekin batutzea okerrerako edo oker ebilteko peligroaz, joatea ibillera txatarretara; bestelako gauza ariñetan ez obeditzea, da berez bekatu beniala.

        Orobat agintzen diztenean etxerako gauza bearrak, nola diran bear egitea, zaitzea kontuz etxeko gauzak, daukate obligazioa obeditzeko, ta izango da bekatu mortala etxeko kalte ezagutu edo andian ez onelako esanak egitea. Serbitzari alper, nagi, ta denpora asko igarotzen duenak bearrik egin gabe bear egunetan, ekartzen dio etxeari kalte andia; bere nagitasunez ta konturik ezaz galtzen diranean etxeko gauzak, ta gauza ez txikiak, ez du betetzen bere obligazioa. Eskatzen dio arrazoiz etxeko buruari ondo dan jatekoa; bada, dio Apostoloak: ez dezala jan, bearrik egiten ez duenak. Si quis non vult operari, nec manducet.

        Baña agintzen badie Jangoikoaren kontrako gauzaren bat, ez die obeditu bear, nola dan zerbait ostutzea, edo ostutzen laguntzea. Ez da onelako agindurik egin bear milla agiraka ta deadar gatik, ez da etxetik botatzen badute ere; obe da ez egon eskola gaiztoko etxean. Orobat, agintzen badio ekartzeko etxera onelako, edo alako persona bide okerrekoa, ta gauza gaiztorako, ez Jauna, eranzun, ez det egingo bekatu dan gauzarik jai egunean, bear debekatuak egiten agintzen badio, ez du obeditu bear; esan bear dio, Elizak debekatzen dit, Jangoikoak ere bai bear egitea bere egun santuetan. Baña gogortzen bada, ta errierta andiak izango balira, ez da pekatu bein edo berriz kalte andiaren beldurrez laguntzea bear egiten. Baña sarritxo bada, irten etxetik, ta Jangoikoak argituko dio etxe obeago bat. Ala ere, etxeko buru gutxi dira lenengotik esaten bazate sendo, ez dala bearrik egin bear jai egun katigatuetan, ta ez diola konzienziak largatzen alako laguntasunik egiten, estutuko duenik morroe edo mirabea. Beti aditzen da bear debekatua, ta ez etxe bear egunoro ta jai egunetan ere kristau onak egiten dituztenak.

        Ez dute obligaziorik beren dirutik erosteko ausitzen diran etxeko onzien ordea, baldin uste ta naigabe ausi bazaiztez. Badira etxeko andra dollor ta zikotz, bonbil, katillu, ta edan onziren bat mirabeak ausitzen badu; etxe guzia deadarrez darabiltenak, ta gero soldatan gutxituaz pagaerazitzen dienak. Beren soldata laburretik oñean iduki bear dituztela mirabeak? O gogortasun zerura deadar egingo duena! Agirakaren beldurrez ere gordeko dira mirabeak borondatez ausitzetik.

        Lotsa ta honra ere zor die serbitzariak etxeko jaun ta andreai; ez die gaizkirik ta lotsa gaiztoan eranzun bear; ez arpegiko mukertasun, ta astuntasunik erakutsi.

        Jauna, diote, nere etxeko andrea ezagutzen ez du, da irritu ta ernegatua; beti deadarka ezerez bategatik. Abiatzen da biraoka ta araoka, bere naira gauza guziak irteten ezpadie. Badakit ala dala batzuetan; baña orra non Jangoikoak agertzen dien Zerua irabazteko bidea pazienzia andi batekin. Ixiltxorik badaramazuz agiraka, ta iraunemate zitalak, etzera sari gabe geldituko. Eranzute guziak ez dira bekatu mortalak, ta errazago egin lezake bekatu mortala umeak bere gurasoai ezaguera ta borondatez lotsa galduaz, morroe ta mirabeak etxeko buruari baño. Birtute guziz andi bat bear da beti ixillik eramateko alakoen ekin ta jardunak. Baña dendatu bear gera alegiñez pazienzia oso bat artzeera. Morroe ta serbitzariak daude fraile ta monjak baño ere mendetasun estuagoan; zeren fraile ta monjaen buruak begiratuagoak dira, ez dute alako ekin ta jardunik, nola etxeko andra askok. Serbitzari gaixoak, borondatea ukatzeko era eder ta egokia zuek dezutena. Obeditu bada humil humillik Kristori bezela gauza gaiztorik agintzen ez dizutenean. Pagatzalle ona daukazute zeruan. Etxekojaun ta andreak, morroe ta mirabeak egiten badituzte San Pabloren aginduak, etxe guzia ebilliko da zuzen; izango da pake osoa, ta amorea, ta mai batean lurrean biltzen diranak, batuko ere dira zerukoan.

        Etxeko jaun ta serbitzariai esan zatena, esan ere bear zate etxejabe, ta errenteroai; alkar estimatu bear dute. Aiek ez gogortasunik erakutsi oei, errenta andiegiak etxeai ipiñita. Nor ikaratuko ez da Santiago Apostoloaren itz oekin? Jakin zazute, dio, zuek galerazitzen diezun bearrak, zuen soroetan frutuak biltzen dituztenai, deadar egiten du Zerura; ta zuen lurretan jardun dutenen negarrak, igo dute Ejerzituen Jaunaren belarrietara. Zer da bearra galerazitzea? Da bearrak ez balio izatea errenta gogorregi ta bearraz gañekoak ezarrita. Errenta andiekin ondatzen dira nekazari errenteroak; dabiltza pagatu ezinik; luzatzen bazate, urrengo urtean gelditzen dira zorpeturik, burua jaso ezinik. Andik laster botatzea etxetik, katigatu edo enbargaturik duten guzia, ta azkenean edo aterik ate umeekin, edo lapurretara. Iñork ez du uste errenta geiegi egozten dionik etxeari; badira sartu nai dutenak, diote; egia da, baña estuak edozein gauza eskini erazitzen du. Errenteroa ondo bizi bada, ondo ebilliko da etxea, ez dute basoetan lapurretarik egingo, lur ta soroak obeto giatuak izango dira. Baña bere izerdia galerazitzen dutenak errenta geiegiakin, beste bearren batzuek eragiñik pagatu gabe, arri edo gorriñak galdu duenean fruturik geiena ta eskatzen dienak errenta osoa artu ez duenetik, dira biotz gogorren jabeak, Jangoikoagandik azkenean gauza onik izango ez dutenak. Etxejabeak bear dituzte maitatu beren errenteroak, bada oen nekeak bizi ditu. Orobat andiki ta aberatsak bizi badira era askorekin, oe ederra, mai ugaria, ta janzi apaindua darabiltela, nori zor dioe nekazari berak gatik mankatzen diradenai baizik? Baña errenteroak ere izan bear dute leialak, zaitu alegiñez etxe basoak; ez ezer ostu, ez ikatzak gutxitu, ez iñoren olara eraman ezkutuan. Ah! zenbat animak galdu bear duten agintari ta mendekoen artean, bakoitzak bere obligazioai ez eranzutea gatik! Izkribiturik dago, ez dala zeruan sartuko ez lapurrik, ez biotz errukiorra ez duenik.

 

aurrekoa hurrengoa