www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSTE XIX.

Zein astun ta kaltegarria dan
bekatu eskandalokoa

 

Vae homini illi per quem scandalum venit.

 

        Erakatsi degu igaro dan doktriñan, zer dan eskandaloa, nork ematen duen; baña bekatu gaizto gaizto oni ego luzeak ta oñ ariñak ebakitzeko, jakin bear da, zein astun ta kaltegarria dan.

        G. Zertan dago bada eskandaloaren gaiztotasun, astuntasun ta kaltegarritasuna?

        E. Esan da, eskandaloa dala bekaturako bideak eman ta Jangoikoa ofendierazitzea, ta animak galtzea. Zer jakin bear da geiago fede apur bat badago, ezagutzeko bekatu onen gaiztotasun kaltegarria? Ala ere esan bear da ezer geitu gabe, bekaturako bideak ematen dituena dala Ante-kristoaren laguna, Deabruaren Prokuradore edo bearrak egiten dituena, Jesu Kristoren etsai ta Gurutzearen frutuen galtzallea, ta zer ez?

        G. Jesus Jauna, esango du eskandalo emalleak; ez det nik orrelakorik nai izan; Jangoikoak nai ez dezala ni deabruaren adiskide, bitarteko, ordeko, edo prokuradore izatea, ta gutxiago Antekristoaren lagun ta Kristoren etsaia. Nola galdu berriz bere Gurutzeko irabazi edo frutua?

        E. Zer da ordea ansi zuk orrelakorik ez nai izatea, ala bazera? Nai dituenak bitartekoak, nai du oen ondorena. Animak galtzea da Antekristo edo Kristoren etsaia izatea. Zuk animak galtzen dituzu. Beraz zera Antekristoa. Lapur batek kendu balizkitzu etxean dituzun guziak, ta largatzen bazaitu ezer gabe, paketuko ziñateke lapur ark eranzuteaz, ez dala zure etsaia zure gaitzik nai ez duela? Zer eranzungo ziñoke? Ah traidorea! Anbeste ostu, anbeste kalte egin, ta nai ez diala nere gaitzik? Orain bada, lapurrak geienez ostutzen dituzte gauzak, ta kalteak egin, bakarrik beren onez, ez gaitzik egin naiz zuzen; ta mesede egin dienai ere ostu oi dizke. Baña kalteak beti dira kalte; jakin ezkero kalte egiten dala, ta egiten bada, naizkoa edo borondatezkoa, da kalte-egiña. Ala bada ostutzen dizkionak animak Jesu Kristori, egiten dizkio lapurreta ta kalterik andienak, ta lapurreta oek dira nai izanak, edo borondatezkoak, zerren egin ziran ezagutuz, edo ezagutu bearrez, zala Kristori kalte andiak egitea. Ah gizon gaiztoa! Zuk milla erregu ta palagurekin eragin zingon bekatu zeuk dakizun neskatx, edo andreari. Onen anima larga dezu deabruaren mendean, dago kondenazioko peligroan. Iraungo du bekatuan; bear bada eragingo die besteren batzuei bekatu, zuk kendu ziñolako Jangoikoaren beldurra. Egongo da lotsaz konfesatu ezinda, aurrera bekatu loirik geiago egiten ezpadu ere, ta salbatuko zan anima, bialtzen dezu Infernura. Kristok salbatu nai zuena ematen diozu deabruari. Beste bekaturik bizitza guzian egin ezpazendu ere anima bat galtzea baizik, ez da asko ta larregi penitenzia egiteko? Eta penitenzian sartzen bazera ere, nola bizitza guzian kenduko dezu biotzetik arantza gogorra, nik galdu det anima bat? Eta zer esan askori bekatuko bideak ematen diztenak gatik? Ez det nik orrelako asmorik. Eta zure asmorik ezak, aterako ditu Infernutik ara bialtzen dituzun animak? San Ignazio Loiolako Euskaldun guzien honragarriak, Jangoikoaren gloria aoan ta biotzean zerabillenak gau ta egun bezela, animen goseak zedukana argaldurik, esan oi zuen bekatu mortal bat eragoztea gatik Zeruan balego ere, jetsiko zala lurrera igarotzeko bizitza nekatsu ta gogor bat. Ezagutzen dutenak zer dan Jangoikoaren ofensa, zer Infernu igaro bear dan bekatu mortal bategatik, damutzen dira ekusirik kristau askoren itxutasun ta betiko galdu bearra. Bai Jauna, esaten zion Dabid Erregeak Jangoikoari, argaldu, sikatu, ta zimeldurik narabil zure honraren egarriak, zure itzaz aztu diralako gaiztoak. Orain bada, nolako gaiztakeria izango ez da, bat bera gaizto izatea asko ez dala, ematea besteai gaizto izateko edo Jangoikoa ofenditzeko bidea? Ez da au deabruaren adiskide ta ordekoa izatea? Zer dio Infernuko etsaiari animak badaramaz, edo berak tentatuz, edo gizonen bidez? Atoz fedeko begiekin mundua egin berria zanean gertatu zana ekustera. Noren bidez erakarri zuen Adan fruta debekatua jatera? Suge askojakin edo Luziferrek atera zituen kontu oek. Banoa lenengo ni Adan tentatzera jan dezan, ez det ezer aterako. Sendoa da, botako nau, ta ezin bekaturik eragingo diot; noan bada emakume Ebagana; au galtzen badet, galduko det Adan bere bidez. Ala irten zion bere gogora asmo gaistoak. Ekin zion Ebari deabruak milla berriketa ta erausirekin, janerazi zion oni; onek gero ekin zion senarrari, ta ala galdu zuen Adan. Deabruak berak ezin duenean anima galdu, baditu bere adiskideak, bere mandatariak, ta oen itz, ta egikizun gaiztoekin galdu oi ditu, nork esan zenbat anima? Ala galdu zuen Salomon andia emakume txatarren bidez. Ala galdu ditu bein baño geiagotan mirariak egiten zituzten bertute andikoak.

        Nik ez det orrelako asmorik diozu eskatua gatik norbaiti egin dezala gezurrezko juramentua; bakarrik nai det gorde nere burua justiziak kastiga ez nazan, auzi bat irabaztea gatik. Ederki, eta bide gaiztoko burua gordetzeak, auei irabazteak, norako du juramentu gezurrezkoa eragin diozun anima? Pekatu eragin diozu, ta nola etorriko da au, gezurra desegitera agirian, ta biurtzera kalte egin dituanen ordeak? Ai Jauna, esango dio Konfesoreari; nere honra leenago da; ez det nik biotzeko gezurti eginda gelditzeko Juezen aurrean; sinistuko ere ez naute, edo kastigatua izango naiz juramentugille gezurtia bezela. Berriz zeri ta zertara biurrera edo restituzio kalte egiñena niri agintzea? Nik ez det ezer atera; auzia irabazi duenak, ta juramentu gezurrezkoa eragin zidanak, egin dezala. Adiskidea, esango dizu Konfesoreak, zuk egin bear dezu, egiten ezpadu auzia irabazi zuenak. Eta egingo du? Leenago Infernura geienez orretara etorri baño tentatzallea. Ala biak lotu dira kate batean infernura joateko. Baña nork izango du kastigo andiagoa? Juramentu gezurrezkoa egiteko bideak eman zituenak. Beste batek billatzen ditu lagunak zerbait ostutzeko. Laguntzen dienak naastzen dira bekatuan. Oei nork sinitserazo obligatuak daudela biurtzera ostuak, lagundu baño besterik egin ezpazuten? Ala galtzen dituzte anima asko konsejari txarrak.

        Enzun berdintza au. Neguko otzean berotu nairik bidiazti bat sartu zan etxe batean, non zegoan lasta gela bat. Berotu nairik su eman zion; lastoak suartuerazi zion etxeari; etxeko garretatik igaro zan sua beste erriko etxeetara, ta erre ziran etxe asko. Jakin zan nondik irten zuen suak; justiziak arrapatu zuen lasto su emallea; erriko guziak bere kontra zituen. Zer egin dezu! galdetu zioen. Nik ez nuen kalterik egin nai, ta bai nere burua berotu. Ah traidore gaiztoa! esaten zioen, etziñakian lastoa erre erraza zala; bere sua igaroko zala etxe guzira, ta etxe batetik bestera sua igaro litekeala alkarren urrean badaude? Ala ez dago barkaziorik, ta bidaldu zuten bizitza guzirako gaztelu gogor batera. Ala bada Juez Jesu Kristok ere berotu nai dutenai luxuriako suan, nondik igarotzen diran anima askotara txingarrak, itz, akzio, edo beste gauza zatarren bidez, ez die artuko esesio edo aitzakiarik, ta bialduko ditu Infernuko presidio, edo gaztelu gogorrera bekatu bideak ematen dituztenak.

        G. Esan beza nai duen guzia; baña ez du siñitseraziko kristau bat izan ditekeala deabrua baño gaiztoagoa.

        E. Gaiztoagoren izena aditu genzake bi aldetara; alde batetik deabrua gaiztoago da, ta bestetik deabruak baño gaiztoagoak dira kristau anima galtzalla ez gutxi. Deabruak beti du gogo ta asmoa bekatuak erein, eragin ta zabaltzeko Jangoikoaren gaizki naiz edo gorrotoz, ta gure zorionaren damuz. Kristauak gaizki egiñez ez dute billatzen, egia da, bekatuak erein, ta zabaltzea Jangoikoaren gorroto, edo gaizki naiz ta zuzen animak galtzea, oen kondenazioan atsegin artzen dutelako, ta alde onetatik gaiztoagoa da deabrua bere asmo, ta gogoetan. Baña kristau ez gutxik egiten dituzte kalte andiagoak, erein ta banatu bekatu geiago, deabruak baño, ta errazagoa da gordetzea burua infernuko gaizkin guzietatik, kristau gaiztoetatik baño. Ez dezu sinistu nai. Enzun nazazu. Deabrua gure inguruan dabill lorik egin gabe leoi orroalari baten gisan, gure animak irensteko asmoz, ta San Pedrok esaten digu ez lorik egiteko, edo egoteko prest fede sendo batekin arpegi emateko. Cui resistite fortes in fide. Jarki zakioz deabruari, dio Santiago Apostoloak, ta igesa artuko du. Resistite diabolo et fugiet a vobis. Deabrua koldar, beldurti, ta biotzgabekoa da, arkitzen dituenan kristau Jesusen amorioari lotuak, esaten zien bezela San Antonio Abatak bere diszipuloai. Etzerate asko gauza, esaten zien San Antoniok, ni bezain gizon argal bategana anbeste zatozenean. Ur bedeikatu apur batek izutzen ditu; Jesus ta Mariaren izenak aitatzea, ta Gurutzearen señalea egitea asko da garaitzeko. Elizak ere baditu konjuroak aienatu, edo urriztatzeko etsai gaiztagin infernutik datozenak. Baña, zerk izutu Kristau tentatzalle gaiztoa? Ur bedeikatu, Jesus, ta Mariaren izenak? Gurutze ta Konjuroak? Nora iges egin? Badira Eleizan bertan ere azartzen diranak begirune, ta siñuakin bekatu bideak zabaltzen. Nora iges egin oetatik? Kalean, basoan, etxe barruetan, ta non nai ekiten dioe beren lan infernukoari. Zezen gorituak bezela esesten die indarrez ere bekatu eragiteko. Badago onelako deabrurik? Ez dute infernuko gaizkiñak onenbat eskubide; zauka egiten dute, dio San Agustinek; tentatzen dute ezkutuan; baña kateakin loturik dauzka Jangoikoak; ta joan bear da beren ortzetara, kaltea izateko. Baña munduko gaizto tentatzalleak kategabe dabiltza, urreratzen dira nora nai; belarrietara egozten dituzte itz galgarriak, begietara gauza likagarriak, eta eskuz egin, ezin esan dezakedana.

        Zer egin etzuen deabruak pazienzia galerazitzeko Job Santuari? Galeratzi ziozkan asto, ardi, abere ta giberri guziak; aize sendo batekin ezarri zuen lurrera etxe bat, non zeuden bere seme ta alaba guziak, asko ta ederrak ziranak, batek ere bizitzarekin irten gabe. Korputz guzia oñazatu, zauritu, ta ezkabi zikiñez bete zion; ondasun andien jabe zala, larga zuen ezer gabe. Ala ere, etzuen ezer atera; Jangoikoak eman zizkidan, ta berak kendu dizkidaz; izan didilla bedeikatua bere izen edo eskua. Au zan bere itzketa. Ernegatu zuen deabruak ezer atera etzuenean bere asmo ta egitada galgarriekin. Etorri zitzaizkon gizon santu oni konsolatzeko asmoz bere iru adiskide. Une onetan deabruak ipiñi zituen oen mingañetan itzketa estalki onekoak, baña ernegagarriak. Oek etzuten ezarri guziz, baña bai zerbait zabutu Joben pazienzia. Orra nola deabruak berez ezin egin zuena egin zuen gizonen bidez. Ala galdu dituzte kristau gaiztoak denpora guzietan, deabruak egin ta ezkutuko tentazio guziakin galdu ezin zituenak.

        Ona zer dion Predikadore santu batek. Obeago litzake, dio, Jangoikoak esango balie infernuko gaizkin guziai: Zoazte diranok mundura, emanzazute animetan nai ala gerra, arzazute, ta agerzaitezte dituzuten itxura gaiztoekin. Oetatik iges egitea Eleiza batera, edo fede sendo batekin arpegi ematea, Jesusi dei eginda indar gabe largatzea beeko ejerzitu billau, ta itxusi guzia, ez da orren gauza gaitza, nola dan Jesusen izenak ikaratzen ez dituzten kristauei iges egitea. Oek agertzen dira adiskide edo maitatzalleen itxurapen edo estalkiekin; ondo naia, oniritzi, edo kariñoaren janziaz, dira etsairik andienak animentzat.

        Itz labañak, eztizkoak, amorean koipetuak, eregu edo palaguak dira arma sendoagoak animak galtzeko, deabruen itxura, tentazio, ta esetsi guziak baño.

        G. Ote dago zer esan geiago eskandalo edo bekatu bidea ematen dutenak gatik?

        E. Bai; esan genzake oek gatik Jeremias Profeta santuaren aoz Jangoikoak dioana: Arkitu dira nere jenteen artean Eizari gisa batzuek ipintzen dituztenak lakirioak animak katigatzeko. Bai bai; tentatzalleak, bekatuak zabaltzen dabiltzanak dira Infernuko eizariak. Izen egoki ta berariazkoa. Ona nola. Ekusiko dituzu lurreko eizariak irtetzen dutenean erbi edo basaurderen baten eizara, nola egon oi diran zai, zelata gelditurik paradan, itxaraten erbi edo basaurdeari. Badituzte orretarako zakur ondo erakatsiak, usaia artzen dutenak oñatzetatik, ala erakoritzeko eiza. Alako batean agertzen da erbi gaiso, edo basaurde zatarra. Jaurtikitzen dioe amorruz bezela. Nolako poza iltzen, ta irtetzen badute beren gogoaz? Eta nolako naigabe ta damua, utseginda iges egiten badie?

        Zer esan nai det berdintza onekin? Badirala animen eizan dabiltzan kristau asmari gaiztoak, dituztenak zakur orde mandatariak, billatzeko ta eramateko artu duten paradara, bekatura nai dutena. Mandatari oen bidez jaikitzen da eiza, irteten du emakume eroak eiztaria zai dagoan tokira, onelako bidera, basora, etxe, edo lekura. Nolako atsegin ta pozkaria irteten badie ondo bere asmoak, galtzen badute neskatxa txoroa! Berriz nolako atsekabe, ta damua mandatariak ondo egin ezpadie agindu zitzaiona, edo emakumeak irten nai ezpadu bere tokitik? Biurtzen dira onelako eizariak beren etxeetara bekoki astunekin, motel motel, ta buruz bera lurreko eizariak ezer eztakartenean baño illunagoko arpegiarekin. O deabruaren eizariak, ta anima galtzallak! Bizi zerate zorigaiztoan Zeruari gerra egiteko. San Felipe Neriri eman zioen animen eiztariaren izena, zerren bere sermoi, konfesonario, ta milla asmo onez irabazten zituen animak Jesu Kristorentzat. Onela bada dira deabruaren eizariak itz ta egite gaiztoekin animak galtzen dituztenak. Nork esan zenbat kalte egiten dituzten Infernuko eizari oek? Lurrekoak iltzen dituzte egazti, edo piztia askotan kaltegarriak; deabruaren eizariak berriz anima anbeste balio dutenak. Aiek ezarten dituzte lurrean, aidean zebiltzan txoriak, ta oek ezarten dituzte infernura Zerura igo bear zutenak. Nolako begiakin begiratuko dizte Aingeru onak beren kontura zeuzkaten animak galtzen dizten eizari gaiztoai? Zer esango dute, berak deabruaren esetsi edo tentazioetatik gorde zituztenak, gorde ezin dituztenean kristau tentatzalleetatik? Bekatari baten egiazko konbersio edo biurreran poztu baziran anbeste. Aingeruak zeruan Kristo berberak dionez nolako lutua, esan genzake, artuko dutela Espiritu zorioneko aiek, dakustenean alderagiten diela kristau gaizto batzuek graziatik bekatura beste kristau argalen batzuei?

        Ona beste arrazoi biguntzekoa fede apur bat duen edozein kristau. Gauza jakiña da zenbat kontu edo ardura duen Jesusen Amak gure animakin; eztala jesten Zerutik Jangoikoaren graziarik, berak eskatu ta bere eskuetatik igaro gabe. Penitente guziak zor dioela Ama maitagarri oni Jangoikoagana biurtzeko izan duten grazia; ta ala Aingeru guziak baño geiago poztutzen dala justuen iraupenean, ta bekatarien konbersio egiazkoan; ta zenbat damu ematen dioe Jangoikoaren ofensak? Orain bada, zer egiten dute eskandalo-emalla, edo tentatzalleak? Galdu ta desegin Ama Birjiñaren lan, ta erreguak; kendu artu zuen poza, eta berak salbatu nai zituenak bidaldu infernura. O zorigaiztokoak! salbazioko aterik ederrena itxiten dezute, ta nolako aserrearekin begiratuko ez dizute Jesusen Ama onek?

        G. Borondate osoarekin enzun ditut arrazoi egoki esan dituenak ezaguerazitzeko eskandalo edo bekatu bidea ematen dutenen gaiztakeria; baña jakin nai nuke, dagoan edo ez beste argigarririk ezagutzeko bekatu onen anditasun ta eskergatasuna.

        E. Badaude bai, ta ona emen ondo aitzen erraza dan arrazoia. Bekatuaren gaiztotasuna geitzen da, nola geitzen diran dakazkien kalteak. Etxe bat erretzea lagunari, bekatu andia da, baña andi eskergagoa erri guziko etxeak erretzea. Bide batera irten ta lapur batek kentzen badiozka nori bait eun ezkutu, bekatu andi gaiztoa da; baña andi ta gaiztoagoa dirua kentzea asko ez dala, bizitza ere kentzen badio. Zergatik ori? Zeren kalte andiagoak egiten dira erri guziko etxeak erre, ta bizitza kentzeaz, etxe bat erre ta eun ezkutu kentzeaz baño. Ala ez da? Beraz bekatu ura izango da andiagoa zeñek egiten diozkan kaltea andiagoak. Eta zer, lagunaren kalteak asko ez dirala, Jangoikoaren kontra ere bada zuzen zuzen? Orain bada, zer bekatu da lagunari kalte geiago egin, ta Jangoikoari sentikizun edo damu geiago ematen dionik, anima bati bere grazia galeratzitzea baño? Jangoikoaren grazian dagoan animak dauzka berekin ezin esan beste ondasun. Zein aberatsa dagoan? Trinidadeko iru Personak berekin ditu atsereten bezala; Aingeruen lagun da; ederrago begiakin ekusi al ditekeanaz gain maite du Jangoikoa, Jangoikoak ere bera bai. Kristau gaiztoa, bekatu eragiten diozu onelako anima bati, mandamenturen bat ausieraziaz gauza astunean? Galdu dezu guzia. Kendu diozkatzu animatik iru Personak, ezaindu edo zatartu dezu ikatz guziak baño beltzago egiten dala, denigrata est super carbones, deabruak artzen dio jabetasuna, ta ala iltzen bada, bidaltzen dezu sekula guziko Infernura. Izan liteke kalte andiagorik? Bai gizon edo mutil zorigaiztoan jaioa, zuk orain parrez ta arduragabe esaten dituzu itz zatar, desonesto, atsegin loia aserazitzeko egiñak diranak; erakasten diezu bati baño geiagori jakin bear etzuteena, artuerazi diezu atsegin gaiztoa, eragin parre gozoak enzun zaituztenai; ipiñi dituzu ala bekatuan grazia galerazorik. Zer egin diezu? Zenbat kalte? Nola desegin? Eta lo egiten dezu galanki beldur gabe? Zaude zaude apur batean; ekusiko dezu egunen batean zer egin zenduen. Zuk neskatxa ero mutilzale, mundura irtena, zere apainduria ta begi arroekin likatzen dituzuna gizasemeak, amorio ez onera daramazuzala; zure salto, itz alegre, arpegiera azartuarekin irizikitzen diezula lujuriako sua, zaude zaude asti batean; zuk uste dezun baño leenago ezagutuko dezu zenbat kalte egin dituzun animetan. Erakatsi diezu zere lagun beste neskathai zure gisakoak izaten, zabaldu dituzu bekatuak, geitu Jangoikoaren ofensak, ta kalte geiagorako, zoaz konfesatzera ontzeko asmo sendo gabe, ukatzera, ta estaltzera bekatuak, ta artzera zere gañera Kristoren korputz ederra, daramazula biotz zikiñera, izan didin zure gaiztakeria guzien testigoa. Badakizu zenbat kalte egin dituzun anima argaletan? Zenbat ipintzen dituzun infernuko bidean? Nola biltzen dituzun infernurako lagunak? Nola egongo zerate an? Zu emakume gazte, edertasun usteko batekin arroturik, non gogoa an zankoa darabiltzuna, tanboril soñuak geiago poztutzen zaituena sermoi guziak baño, nolako poza zurea besteak baño billatuago zeranean danzarako! Itz eroak enzun ta gozatzen zerala, ta uste dezula ez dala plaza guzian izan zu baño begiratuagorik; zure ille ederki orraztuak eman diela inbidia zure lagunai; labur deritzazula udako arratsalde luzeari mutillen eskuetan ibiltzeko, norako zera zere lagun jarraitzalle oriekin? Espiritu Santuak egia badio, zerekin dezu pozoi gaizto ta kaltegarria, zeñekin galtzen zeran zeu ta galtzen dituzu beste asko.

        Zabiltza zabiltza; baña murrituko ditu Jangoikoak zure buruko ille eder oriek, ta zure zanko ariñak makalduko dira. Lotuko zaituzte infernuko karzelan, ezarriko zaituzte, largatzen ezpadiozu bizitza orri ta egin penitenzia, oe gogorrean ta jetsiko dira zure albora zere modu gaiztoarekin galdu dituzun animak.

        Sarri irakurri det iñoiz aztu etzatan San Dionisio Areopajitaren esan au: Jangoikozko gauzen artean jangoikozkoena dala, bear egitea animak salbaziora zuzentzen. Beraz deabruzko gauzeen artean deabruzkoena da okertzea animak salbazioko bidetik. Zer geiago? Animako salbaziora laguntzen dutenak ipintzen dute Jesu Kristoren pasio edo odolari palta zaiona. Bai, dio San Pablok, betetzen nabil Jesu Kristoren pasio santuari palta zaiona. Nola izan liteke Jesu Kristoren pasioari ezer paltatzea? Palta da eraastea animai Jesusen Pasioko frutua. Kristok nai du gu guziok salbatzea; ugariak dira bere irabazi edo merezimentuak, baña gu baliatzen ezpagera, geldituko gera frutu gabe. Iturri ugari batek beti ematen du ura; baña ezpagoaz iturritik ura artzera, illko gera egarriaz. Ibai batek busti edo erregatuko baditu soroak, egin bear dira ur bideak igaro didin ura; bestela gelditu dira soroak agor ta siku. Animen salbazioko lanean dabiltzanak igarotzen dituzte Jesu Kristoren alboko ur ederrak animetara, Sakramentu santuai ondo artzeera prestatzen dituztenean kristauak. Baña tentatzalle edo eskandaloa ematen dutenak urratzen dituzte ubideak edo kanalak; eragozten dute Jesu Kristoren Pasioko frutua, ta dira bere Gurutzearen etsaiak, San Pablok dionez. Eta au ez da Antekristo izatea?

        Ah Jauna! Zertara datoz asmazio oriek? Antekristo bat baizik izango ez da, ta bera etorriko da Juizioko eguna urreratzean. Zer? Antekristo bat baño ez dala, ta bera gero etortzekoa? Nere asmazioa dala besterik esatea? Ona zer dion San Juan Ebanjelistak: Antekristoa etorri da; ta oraiñ Antekristo asko egin dira. Ematen die Apostolu onek Antekristoaren izena bere denporan ziran kristau oker ta gaizto batzuei, zeintzuek atzeratzen zituzten besteak Jangoikoaren lege, ta Jesu Kristoren doktriñatik, zeren onelakoen ta Antekristo etorriko danaren lanak berdiñak dira, ta lan gaizto au da animak galtzea, eta au da Jesu Kristori gerra ematea jasotzen dute aldara aldarearen kontra, artzen dute Luziferren bandera ta biltzen dituzte onen azpira, Jesu Kristoren banderapean zeudenak edo egongo ziranak. Esan egia, etzan etorri Jesu Kristo lurraren gañera salbatzera galdu bear zutenak bestela? Etzan etorri Jesus Arzain ona bezela billatu ta biltzera aldendurik zebiltzan ardiak? Etzan etorri gure animako gaitzak osatzera bere korputzeko odol edo balsamo ederrarekin? Etzituen igaro animak salbatzeagatik esan ezin beste atsekabe, azote, ta mesprezio; eta azkenean eriotza lotsagarri ta tormentu andien artekoa? Zer egiten dute bada animak galtzeeko lan gaiztoan dabiltzanak? Kondenatu edo betiko galdu Jesu Kristok salbatu nai zituenak; kendu Jesu Kristoren eskuetatik, bildu zituenak; sartu otso gaizto ta, gosetiak bezala Kristoren arditegian, ill ta irentsi bere arditzat nai zituenak; animako bizitza kendu Jesusek osatu zituenai; erabilli oinpean Kristoren odol, ta balsamorik ederrena; kendu Aingeruai poza ta lagunak, ta Zeruan Jangoikoa alabatzera egon bear zutenak beti beti, bidaldu Infernura ernegatzera ta Jesusen izen santua madarikatzera. O gaiztakeria berdin gabea! Amaren sabelean dagoan aurtxoa galtzen duenak borondatez egiten badu bekatu ain izugarria galerazotzen diolako bateora eltzea, ta bialtzen duelako Linbora, nolakoa izango da anima bat, bi, edo geiago tentazioak emanaz infernura bialtzea? Ala da, ezpalego tentatzallerik, infernura joango ez litzake joaten dan erdirik. Alkar galtzen dizte kristauak, alkar salbatzeko lagundu bearrean. Zorigaiztokoa bada bekatura bidea ematen duen anima.

        Badakit zer eranzungo didazun, bekatu eragin badiezu besteai konseju, edo ejenplo gaiztoekin, ez dutela konfesatu baño; konfesioak barkatuko diztela zuk eragin dituzun bekatuak; zuk ere ala egingo dezula; zuk ez diezula ez konfesatzeko konseju txarrik eman. Ederki. Baña badakizu Jangoikoak emango dien konfesatzeko epe edo astirik zuk bekatu eragin diezunai? Ez dakizu iltzen dirala batzuek beingo batean, ta beste batzuek burua galduta konfesiorako ezaguera bear danik ez dutela? Ez dakizu txit asko kondenatzen dirala bekatuak ondo ta garbiro ez konfesatzea gatik lotsaren indarrez, ta bear bada zuk eragin diozun bekatua beste bati, onek gordeko duela agertu gabe? Ez dakizu bekatu batak bestea dakarrela, ta zuk bekatu eragin diozunak geituaz eramango dituela bekatuak, ta bear bada lotsagabeko eginda, besteen batzuei emango diela bekaturako bidea, edo itzez, edo bizitza gaiztoz? Ez dakizu bizi dirala beste asko bekatu eginda damu gabe konfesatzen, edo egiten konfesio ta komunio beste sakrilejio izugarri? Noren lepora joko dute kalte oek? Zenbat bider konsejari gaiztoak aldegin nai zutenak bekatutik, largatzen ez die milla erausirekin deabruak bezela sinistuerazi naiz, errukiorra dala Jangoikoa, noiz nai artuko dituela, zer edo zer esan bear dutela konfesore ta predikatzalleak? Orra nola penitenzia egiteko bideak galdu nairik dabiltzan. Zenbat alditan gertatzen da kezkaz beterik zeuden animak, arantza min ematen ziena atera nairik, Aingeru onak ezkutuan dei egiten ziela largatzeko bekatuari, ta gogo beroak artzen zituztenean biurtzeko Jangoikoagana, beingoan oztu ziranak gaiztoen berriketa ta erauntsiak gatik? Zenbatek largatzen die bide on zerabillenai besteen beldurrez? Zenbat anima, gauza txarra zer zan etzekitenak, ikasi dituzte gaiztakeriak iñork erakatsirik, ta gero egin bakarrean lotsatzeko gauzak? Bai, bai; anima bat galtzea gaiztoagoa da Kainek bere anaje on Abel iltzeaz egin zuena baño; bideetara irten ta lapurretan ibiltzea baño; Elizako ateak erre ta zillar guziak ostutzea baño; Santu bati, Sazerdote bati, ta Aita Santu Erromakoari bizitzea kentzea baño.

        Nai dezu geiago enzun? Ez dago iñor aserratzen ez danik Neron, Diokleziano, ta Eleizako lenbiziko irureun urteetan ekusi ziran errege ta beste agintarien kontra, iltzen zituztelako fedea gorde nai zuten kristauak anbeste tormenturen artean. Baña mesede geiago ekarri zien Elizako umeai gizon odolzale aien gogortasunak, kalte baño. Eriotza ematen zienen bidez, igoten zuten kristauak Zeruko gloriara. Zenbat martiri zorioneko jaio etziran ezpaten artean? Santu egin ziran, bestela epel batzuek izango ziran asko. Baño bekatuko bideak ematen dituztenak itz amoragarri ta biguñakin, ondo esan ta palaguakin, zer egiten dute? Onak izango ziranak, gaiztotu; Zerurako ziranak Infernura bidaldu. Beraz alde onetatik gaiztoagoak dira Neron ta Diokleziano baño. Aiek federik etzuten; etziakien nor zan Jesu Kristo; etzuten Zeruaren berririk, ez egiten zuten bekatuaren anditasunarena ere. Itxuan zebiltzan. Baña kristau fedea dutenak badakite zer dan anima galtzea. Bai, bai; esan genzake Dabid Errege Santuaren itzakin: Zuk egin dituzunak, o Jangoiko ona, desegin dituzte. Quae perfecisti, destruxerunt. Jesusen neke ta irabaziak galtzen dituzte animak galduaz. Zer balio du Jangoikoaren sazerdote animazaleak buruak nekatzea sermoi, ta beste alde askotara, baldin beren bearrak galtzen badiztez deabruaren ministro ta predikatzalleak? Baña zer sari itxaroten die azkenean? Birtuteko bideak zabaltzen dituztenak askoren sari ta alogera izango badute Zeruan, nolako Infernua izango ez dute bekatuko aziak ereiten dituztenak? Nola infernura aurrez bialdu dituztenak, deadar egingo ez dute arako bideak eman diztenen kontra? Nola oratu ta esetsiko ez die zakur amorratuak bezela ara dijoazenean? O eskandalo emallea! Anima galtzallea! Milla bider madarikatua zu, lan gaizto orri larga, ta negar egiñaz, ta bizitza santu batekin palagatzen ezpadezu Jesu Kristo ain ofenditua. Pensaezazu ondo.

 

aurrekoa hurrengoa