www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE XIV.

Gauza beraren gañean.

Nolakoak diran Gurasoen eginbide
edo obligazioak umeen alderako

 

Patres, educate Filios in disciplina, et correptione Domini.

 

        G. Zeren gañean izango da gaurko erakastea?

        E. Beren umeai gurasoak zor dien kontuaren gañean.

        G. Nola ori, Jangoikoaren laugarren mandamentuan orrelakorik aitatzen ezpada?

        E. Ezta ansi; batak dakar bestea; esan nai det, umeak zor badio gurasoai onra, lotsa, ta maitetasuna, zor ere die gurasoak umeai aziera ona; ta aziera onak dakar berekin bear kontu andi bat. Berriz alperra bezela da eskatzea gurasoai umeen amorio edo maitetasuna, zeren naturalezak berez dakar au, ta agindurik ere bear ez da. Zoazte ekustera Turko, fedegabe, ta herejeen artean, zer gertatzen dan? Ekusiko dezute zein maite dituzten beren umeak. Ordea gure Relijio santuak eskatzen du naturalezaz gaiñeko amorioa, zein dagoan zuzentzean umeak Jangoikoaren bidean. Gurasoak, esaten die San Paulo Apostoluak, azi itzatzu umeak Jangoikoaren eskolan ta zigorraren bean. Edozeñek usteko du gurasoak maite dituztela beren umeak; baña egia esan bear bada gutxi dira benaz, ta bear bezala maite dituztenak. Maitetasun egiazko au eztago erruki txatar batean, naigaberik ez eman naian, ondo jaten ematean, ta largatzean egin dezen nai duteena. Dago bada ematen aziera eder bat, ondo bizi izan da salbazioa iristeko izango dan bezelakoa. Ondasun ta aberastasun guziak larga arren umeari largatzen badu animako pobreza gogorrean, zer amorio erakutsi dio? Obe zan umearentzat erakatsi balio bere itz, ta egiteakin pobrezalea izatea, ez lurreko ondasun galkorretan biotza lotzea, batzalle zeken bat izatea baño. Guziok ao batekin diogu, mundua gaiztoa dagoala, bekatua zabaltzen dala bazter guzietara, lujuria, lapurreta, ekusi eziña, ta beste bizio guziak burugora dabiltzela. Ala da, bai zorigaiztoan. Baña nai degu ezagutu kalte guzien iturburua? Begiratu bada nola azitzen diran umeak: zein gaizki; zenbat lasaitasunarekin? Eta badago nola mundua zuzen erabilli? Azi umeak Jangoikoaren eskolan. Emen ikasiko da garbi ta umil izaten; emen iñori kalterik ez egiten; emen bakoitzari berea ematen, gezurrakin ez ibiltzen, ta orra mundua bestetuta. Jangoikoaren eskolan aziko balirake umeak, Elizak idukiko lituzke sazerdote birtetsuak, relijioak fraile ta monja santuak; neskatx ta mutillen artean ekusiko genuke moduan geiago, ezkonduetan pake ta amorio garbiagoa, ta kristaurik geienetan usain obea. Ez det ukatuko noiz edo berriz gertatzen dala guraso santuetatik irtetzea seme gaiztoak, ta seme onak guraso gaiztoetatik. Dabid, ta Ezekias erregeak, santuak izan ziran; eman zien alegiñez aziera ona beren umeai, ta irten zuten oek gaizto batzuek. San Hermenejildo Martiri ta prinzipeak izan zuan aita gaiztoa, ta ugazama gaiztoagoa, baña izan zuen osaba santu, ta emazte santa, bera santu atera zutenak. Baña geienez nolakoa azia, alakoa frutua; aziera onak ondoren ona.

        G. Sinisten det ori; baña nola beteko ditu guraso batek bere eginbide edo oblikazio osoak. Zer da aziera ona ematea?

        E. Izango da guraso egiazkoa, ta eranzungo die obligazio guziai zaitzen baditu umeak beren korputz, ta animetako on izatean; ematen badie jana, ta janzia gutxiegi ta geiegirik gabe, estadua artzeko dote bear dana, al dala eskolan irakastea, doktrina santua ikasierazotzea, konseju onak, ta bear danean agiriaka egin, ta zigorra erabilli.

        G. Zertan, ta nola uts egin oi dute gurasoak gauza onetan?

        E. Iru aldetara; arreta edo ardura gabeaz, edo nagitasunez; ardura larregi edo geiegiz, ta bidegabeko arduragatik, edo gaizki zuzenduz.

        G. Nik aituko badet esan didana, zeatzago, ta argiroago adierazo bearko dit.

        E. Bai, ta ona argibidea. Egiten dute beinik bein bekatu arreta bearraren paltaz umeen jan, ta janzirako bear zana ondatzen duteenak auzi bidegabeetan, jokoan, ardantegi, edo tabernetan, baita ere alperra izanaz irabazi bear lukeena, bear egiñaz, irabazten ez duteela. Eta gero ume gaixoak erdi billosik, edo larru gorrian, otzak igarota neguan, ogi ta arto eske, ta zer eman ez dagoala etxean guraso gaiztoa dala bide. O guraso dragoiak! Nola ekusi erruki gabe negarrez umeak, goseak igarota auzoetan, edo aterik ate ogi billa. Etortzen dira eskribauak enbarguak egitera artzeko duenaren eskabidez; badaramez ganaduak, edo etxerako bear ziran bei, edo buztar idiak; saltzen dira arto ta tresna etxean daudenak. Zorrak ta eskribauak ondatzen dute guzia; gero ematea erneguz madarikatzen senarra, umeak bear bada biraoka aita gaiztoa gatik, ta Infernu bizi bat eginda etxea.

        Baña demagun palta ez dala etxean itu ituan zer jan. Zergatik zerbait aurreratu ez beren denporan umeai estadu, edo bizimodua emateko? Neskatxa ezer gabe dagoanak gurasoen alperkeriz, edo ondabidea gatik, nolako tentazioak izango ez ditu, nola edo ala, oker bada ere billatzeko zer jan, edo ezkontza? Zein bestera gertatzen zaien guraso begiratu, beargin, ta buruonekoei! Maite dituzte umeak, dakustelako oek, nekatzen dirala gurasoak beren onagatik; ekartzen die lotsa ona, laguntzen die bearrean borondatez; ala etxe guzia dabill zuzen; bada zer jan, ta zerekin janzi; eskribauak ez dute olesik atean egiten; birao orde, alkarrekin gogoz esaten da gauean errosario santua, ta doktriña. Ez degu ekusten nolako maitetasun edo oniritzia dien egazti gurasoak beren umeai? Olloak nola dei egin ta biltzen dituzten txitatxoak jan dezen, berak irakazten diela nola jan? Nola berotzen dituzten beren egopean? Eta zer, usain egiten dutenean miruren bat aidean dabillela? Txoriak urratzen dituzte beren buruak negarrez bezala, mutiltxoren batek arrapatu diozkanean umeak abiatik. Kaiola batean sartutzen badituzte txorikumeak ta ipiñi leioren batean, ara diaz beldur gabe bezela, len etxera urreratzen beldur ziranak ere; eramaten die jatekoa katigu edo karzelan dauden umeai. Ala dendatzen dira arrazoi gabeko beste egazti, ta abere asko ondo azteko beren umeak. Eta zergatik gizatasun ta arrazoi apur bat daukaten gurasoak egingo ez dute alegin guzia umeen aziera onerako?

 

Egiten da bekatu ardura ta arreta geiegiz

        G. Nola ori?

        E. Ona nola. Badira guraso bat baño geiago, billatzen duteenak umen jana, ta janzia bide gaiztotik, lapurretara emanda edo bai beste irabazi okerrekin. Barkatzen ez die soroetako artoai, ardi, edo auntz mendiko larretan dabiltzenai. Basoetara joan ta ganadua mantentzeko orria egiteko estalkiz egiten dituzte arboletan kalte andiak. Auzoetako beresi edo aristian arkitzen dute egurra surtarako. Ikatz burdi, edo manda kargak daramatez olara iñori ostuta. Umeai bear bada lagun erazitzen die lapurreta onelakoetan ta ala arkitzen dute zer jan, gero trokatu, edo errabesatuko badituzte ere. Onelako bidetik dakarten mantenimentu edo janariak iraungo ote du? Ez ote dira biziko iduki ez edo premia andian egun gutxiren buruan? Nolako osasuna emango die iñori ostuta, jaten duten arto, ogi, ta aragiak? Bekatuko ogiak, zer on egingo die? Nolako biraoak ezarten ez dizte gaizki bada ere, kaltearekin gelditzen diranak. Probetxo gaizto egingo al dio; pozoi biurtuko al zaio: eriotzako jana izango al du. Onelakoak dira eragin oi dizten madarikazioko itzak. Eskola ederra umeentzat, da ustenean gurasoak artzen dituzten biotzaz berak mantentzeko!

        Beste batzuek dituzu ots ta beldur gutxiagorekin ostutzen dutenak umeai jana ta janzia emateko. Oek dira tratu edo artu eman, saldu-erosi, ta kontratu bidegabeak egiten dituztenak. Zenbat gezur gaizto, ta tranpa saldutzeko gauzak? Zenbat ostutze kana laburrekin neurtuaz, edo ontzat txatarrak salduaz, diruak logreriaz emanaz, ta beste milla aldetara? Oek ez dute beste lapur agiriak bezala ezagutu nahi gaizki egiten dutenik. Umeak ondo janzita badabiltza, etxean lapiko ona bada, ta estadu eder bat emateko dirua ugari or konpon beste guziak. Konfesore zurrak estutzen baditu absoluzioa ukatzeko bian, biurtzeko irabazi okerrak, eranzuten dute: umeak dauzkat; nola geldiko dira? Dator eriotzako ordua, len egon ziranentzat ebe luzeak artzeen, ta betiko egingoan. Zer gertatzen da? Umeai ematen badie kargua biurtzeko batari onenbeste, besteari beste anbeste, atera al badute konturik, itz onekin ezer egiten ez dute. Oek zatitzen dituzte ondasunak alkarren artean; gurasoa ill da aztu oi dira, ta animaren kaltean bizi dira bide gaiztotik zetozen ondasunekin, ta guraso umezaleegi ta zekena joan zan beste mundura bere obligazioai eranzun gabe, ta umeak gelditzen dira kondenazioko zori ezin gaiztoagoan.

        Badituzu beste guraso ume-zalegi batzuek beren buruekin kontu gutxi daukatenak umeai geiegi begiratzearren. Ematen die duten guzia, itxaropen ero batekin, begitandutzen zaiela, umeak emango diela bear dan guzia ta eramango duela zaartza on bat. Umeak egiten dizte milla eskintza eder, donazio oso bat egin artean: aita, edo ama pia zaite nerekin; ezer paltako etzatzu; ez dezu beste zeregiñik idukiko, ezpada meza enzun nai dezunean, jaiki nai dezunean, errosarioa esan...Baña gero? Beretu ezkero aita edo amaren gauzak, bear bada naiagoko lukee umeak, illik balego gurasoa; erakusten die arpegi astuna, bekoki illuna ta an dago baztertuta negarrez itz bat ateratzen aizartzen ez dala bere buruba madarikatzen bezela, ain eroa izan zalako. Gurasoa, esaten dio Espiritu Santuak, ez eman besteri zure ondasun osoak damutu ez dakizun. Obe da umeak egon ditezen eske, ezen ez zere burua ekustea umeen eskuetan. Eta egia esateko obe ez da umeak eskatzen egotea gurasoari umil umillik buruz bera, gurasoa umeari eskatzen egotea baño beldurrarekin. Umeak eske dabiltzan artean dira nai ta ez bada ere humillak; gurasoaren ondasunak izaterren (sic) gero, ekarten die lotsa, eregatzen dituzte, ta dabiltza inguruan bezela atsegin emateko; baña bein berena egin ezkero, ezpadute geiagoren usterik, badakuste gurasoa billosik bezala zer eman ez duela, gurasoak berak ebilli bearko du erregu ta palaguka eskatzen; ta bear bada ekusi bearko ditu bekoki illunak, begi aserreak, ta itz garratzak. Ona emen gertaera asko erakasten duenak gauza onetan.

        Juan Conchia zeritzon guraso batek eman zion seme bati zuen guzia ezkontza baterako; itz onak eman ziozkan seme ark emaitza edo donazio osoa eragin artean, ta ala gelditu zan seme ta erraiñaren besoetan bezala. Lenbiziko egunetan egiten zioen arrera ta arpegi ona; baña egun gutxiren buruan soñu berri bat enzun zuen. Etzioen ematen egun on bat; jango zuen ogia busti bear zuen malkoekin, onik egiten etziola aora zeraman ogi borondate txaarrez emanak. Itz gogorrak, arpegi illuna ta mustur astintzea ziran ematen zioen alogera. Damutu zitzaion egiña; baña asmatu zuen gauza bat, zeñek irten zion txit ederki. Auzoko gizon bati eskatu zizkon ixillik diru zati batzuek egun gutxiren epean biurtzeko itzarekin. Diru oekin sartu zan gela batean, asi zan kontatzen, ta otsak eragiten. Diruen otsak poztu zituen seme, ta errañaren biotzak. Urreratu ziran gelara, ta ate artetik begiratu ta zelatatu zuten gurasoa, zein zegoan mai gañean diruak kontatzen, ta nola gero gorde zituen kutxa-kisket batean. Nolako poza! Galdetu zioen urrengo egunean: Aita, zer egiten zenuen atzo gelan bakarrik sartuta? Norenak ziran diru otsegiten zuteenak? Eranzun zien: Zuek baño ume geiago baditut; gorde ditut diruak ill ondoan izan ditezen ondoen artzen nauenarentzat. Nork esan berri onekin nolako arrera egiten zioen andikan aurrera? Maian aurrerengo, jatekorik onena, arpegi gozatsuak, itz amoragarri, ta samurrak; galdetzen zioen, Aita, ondo zaude? Miñik badezu iñon? Zertako jaikitzen zera ain goizetik? Zaude oean nai dezun artean. Ala bada zeramazan egun zaartzako gozoak. Alako batean, gaixotu zan; lagundu zioen ezin obeto. Ill zan agure on au; ta joan ziran arinka kutxan zegoala uste zuteena arrapatzera. Ordea, etzuten ardipat ere arkitu, ta bai makilla labur lodi bat, ta paper, itz oek izkribituta zeuzkana: Nik Juan Conchia, azkeneko Testamentu onetan agintzen det, Kutxa onetan arkituko dan makilla sendo onegin emateko galantak, bere buruaregin konturik ateragabe, duten guzia bizi diran artean umeai ematen dien Guraso ero ta onegiai. Gelditu ziran onela diru gabe seme ta errañ gaizto aiek, ta aita asko jakiñak erakatsi zien beste gurasoei zer egin.

        G. Nola bete bear dute gurasoak bigarren obligazioa, zeña dan umeen instrukzio, edo erakastea?

        E. Kristauak diran aldetik erakatsi bear die txikitxotatik doktriña santua, edo ezauerara eldu ezkero jakin bear diran lau gauzak; ta oek dira Kredoa, Aita gurea, Amar mandamentuak, ta zazpi Sakramentuak.

        G. Zergatik erakatsi bear zaie txikitxotatik?

        E. Errazago ikas, ta errazago gordetzen dalako aurtxoa danean ikasten dana; mugonez egin ditzen akto fedeko, esperanzako ta amoriozkoak arrazoia eldutzeko egunetan. Zein erraz ta ongi ikasten degun jaioterriko itzkuntza! Zergatik ala? Zeren mingaña samurra dagoan ta jiraerraza lenengo urteetan. Ezta arritzeko gauza zenbat ipui luze, berriketa ta kanta soñu ikasten duten mutil ta neskatxatxoak zazpigarren urterako? Eta bear bada berritxu, soñulari ta ipui ikasla oek ez dakite Aita gurea ta ez ondo ziñatzen ere. Nondik dator au? Erakasten etzaitelako, gurasoen arretagabeagatik.

        G. Asko ote da erakastea buruz ondo ikasten duteen bestean?

        E. Ez; buruz ikasten duteenean, edo beintzat ondo ikasita, adirazo bear zaie zer esan nai duteen itzak. Guraso erri batuetan bizi diranak, zergatik eman ez eskola umetxoai ikasi deken irakurten, ta onen bidez doktrina santua? Zenbat on dakar erakurten jakiñak? Etxeetan erakurriko lirake libru onak, gurasoak berak ikasiko lituzkee jakin bear asko; eragotziko lirake izketa alper edo txatarrak; jakingo lukee nola konfesatu, komulgatu, ta ondo bizi izan. Zein gauza negargarria ekustea astegunetan mutiltxoak alperreria garbian kale, zoko, ta joko-lekuetan beste asko eskolan dauden artean! Etxealde, edo baserrietako umetxoak ez dute guziak erarik eskolara joateko, baña nola ez, erri bildu edo barruetan bizi diranak? Ona zein moldetan erakatsi bear zaien umetxoai doktriña santua. Erakurten ikasteko, dio San Anbrosiok, erakasten zaie lenen, letrak ezagutzen, gero geldika bildu edo batutzen, geroago zati batzuek erakurten, ta ala geldika arkitzen dira edozein libru erakurteko erraztuta. Ala bada, dio Santu andi onek, erakatsi bear zaie gaztetxoai; lenengo, buruz geldika; onen ondoren zer esan nai duteen itzak; gero nola bizitza ona eraman bear dan, nola iges egin bekatutik, nola konfesatu garbiro ezer gorde gabe lotsaz, nolako debozioarekin eldu komulgatzera, ta nola eskerrak astiro eman Jesu Kristori. Baña zertan iduki bear duteen kontu andia, da bidaltzean doktriña santuko esplikaziora. Buruz ondo dakiten mutiltxo neskatxak asko aurreratuko dira kura edo erretora jaunak egiten duen esplikazioa enzunaz. Ejenplotxoren bat enzuten badu ipuiak ikasten dituzten erraztasun ta pozarekin ikasiko dituzte; kontatuko dutee etxean. Dabid errege santuak zion, berak umetatik, lenengo urteetatik iduki zuela Jangoikuaren aginduen ezaguera ta berria. Initio cognovi de testimoniis tuis. Argizai samurrak artzeen du edozein sillu edo marka; dala Jesu Kristoren irudi edo imajiñarena, naiz mauru batena; naiz San Migelena, naiz bere azpiko beltz itxusiarena. Enzuten duteena sillatzen ta eraasten da gazteen biotz samur ta bigun-errazetan. Enzuten badituzte birao, izen gaizto, edo itz madarikatuak, irtengo dute biraogillak, ta ao gaiztokoak. Enzuten badituzte itz onak sarri ta amorez esanak, gorroto izango die biraoai ta itz gaiztoai. Kanpoan ikasi ez dezen gauza gaiztorik esaten edo egiten, azarri ebilli bear dute guraso onak; zaitu nolako lagunekin biltzen edo alkartzen diran. Umeak dauzkatzu? esaten dio Espiritu Santuak, eman bada erakaste edo dotrina ona, ta obendu itzatzuz txikitxoak diran artean. Filii tibi sunt? Erudi illos, et curva illos a pueritia illorum. Lepo gogortzen badira, ezer egingo ez dute; buru gora badabiltza txikitan, munduko legeai erasten badira, ez dute lepoa makurtu naiko eramateko Jaunaren legearen uztarria. Landaratxo gaztea erraz sustraitzen da lurrean, zuzentzen ere bai aizeren batek okertu badu. Baña aldatu nai badezu arbola sendo egin dan bat beste lur batera, ez du geienez sustrai berririk emango, ta igartuko da. Aize portitzen batek makurtu badu, utzi bearko diozu dagoan bezela; oker etorri bazan lenengoan ta lenengo okertualdian zuzendu ezpazan, ausiko dezu, baña zuzendu ez gerora. Ori berori esan bear da gazteak gatik. Gaztetxoak diranean seme-alabak zuzen erabiltzea gaitz ezta; zigor, edo agiraka batek beldurra emango die, ta beldurrez bada ere aldegingo dutee gaizki egitetik; gero amorezko itzakin, konseju onekin, etorriko dira birtutea maitatzera, bekatuari gorroto artzeera, errosario ta elizazaleak izatera, gurasoai ondo nai izatea. Ordea, azi badira gaizkian, iduna gogortu bazaie, lotsa galduko die gurasoei, esan onik egingo ez dute, ebilliko dira lagun gaiztoekin, etorriko dira berandu etxera; zerbait esaten badie gurasoak, itz txaarrekin eranzungo die, ta gurasoak izango dituzte egun gaiztoak lenengoan bear bezela azi etzituztelako. Jangoikoari begiratuko ezpalie ere, dendatu bear lirake gurasoak, umeak Jaunaren beldurrean azitzera. Ume Jangoikoaren beldurrekoak ekarriko die lotsa, onra ta laguntasun geiago gaizto lasai ta animaren konturik ez duteenak baño; etxeari ez die anbeste gastaerazoko, nola gaizto mundura emanak. Onetarako zer egin bear da? Aurtxotatik, edo zerbait ikasten asitzen diranetik eraatsi beren belarrietan itz onak. San Luis Errege Franziakoari txikitxoa zanean, esan oi zion bere ama onak: Luistxo, naiago zinituket ekusi illik korputzean, jakin baño egin dezula bekatu mortal bat. Soñu au txit sarri joten zion belarrian, ta anbeste eraatsi zitzaion biotzean, non da bizitza guzian gogoan erabilli zuen, iñoiz bekatu mortalik egin gabe igarotzen zuela, ta ala irten zuen santu andi. Erakatsi bear die goizean jaikitzen diranean Jangoikoari eskerrak eman, ta eskintzen egun guziko bear, ikaste, ta zeregiñak; eragin berekin fede, esperanza, ta amoriozko aktoak; erreza erazi iru Abe Maria Ama Birjiñaren onran, eskatzen zaiola gorde ditzala egun artan animako ta korputzeko erorbide, edo okasio galgarrietatik. Gabaz oera dijoazenean oro bat artuerazo, edo egotzi ur bedinkatua, errezaerazi iru Abe Maria Ama Birjiñari, zerbait Aingeru Zailla edo Goardakoari, gorde ditzan etsai gaiztoetatik. Berriz egun artean erlojuak jotzen duenean esan dezatela Abe Maria, egunoro Errosario santua, jan orduetan mai bedinkatzea asieran, ta azkenean esker ematea. Sarri aitatu zein ona dan Jangoikoa, nolako sariak dauzkan Zeruko glorian emen onak diranentzat, nolako kastigoak Infernuan gaiztoentzat. Nork esan lezake zenbat frutu artuko dan gerora onelako aziera ona ematen bazate txikitxotatik? Ordea, nolako asipenak izan oi dituzte umerik geienak? Nolako utsegiñak guraso askok konturik ez idukitzearren Jangoikoak bera serbitzeko eman dizten umeekin? Arritzeko gauza! Ain arreta gabeak dira guraso asko, batezere nakazarien artean, ezen eratzoten dituzten berekin oe batean sei ta zazpi urteko umetxoak, jakin bear ez dituztenak ikasteko bidean. Oro bat neskatx ta mutiltxoak, neba ta arrebatxoak oe batean alkarrekin. Zenbat anima gazte galdu ez dira bide onetatik? Deabru animazaleak ez du lorik egiten; egiten du alegiña gaztetxoai galerazitzeko bateoan artu zuten grazia; argitzen ditu gaitz egiteko, onerako ezaguerarik ez duten egunetan. Guraso kontugabeak usteko du lotan daudela umetxoak, ta bear bada egongo dira zelataka ta zaitzen bear eztana, ta atsegin gaiztoak artutzea ixiltxorik, edo eskuka zatarrak egiten. Nork sinis lezake bost edo sei urteko aurrak egin ditzaketela andi gaiztoen asmo zital lotsagarriak? Deabruak azkortzen ditu, batezere gauza bear ez dan bat ekusi badute. Animako etsai andi onek badaki zenbat kalte etorri oi diran lenengo urteetako bekatuetatik. Batzuek jarraitzen die geroago ta geiago txikitan artu zuen oitura gaiztoari; beste batzuek jarraitzen ezpadie ere, lotsatzen dira konfesatzera txikitan egiñikako akzio loiak; gero zenbat sakrilejio, konfesio ta komunio gaiztoen bidez? Sinis lezake? Badira gurasoak beren buruekin ekusi duteenak esan dedana, ta orregatikan ere ez konturatu zer gerta ditekean bere ume gaixoekin. Negar egiteko gauza! Gela batean gurasoak, ume azitxoak, ta bear bada morroe ta mirabeak. Nai nuke mundu guzira eldu ditekean itz zoli zoli bat esateko: Gurasoak, eragotzi bai umeen bekatubide guziak. Kontu, nola zabiltzaten oe ta gela oriekin. Zuen eskuetatik eskatuko ditu Jaunak umetxoen animak. Iduki amar begi baño geiago zaitzeko peligroak. Ez uste izan, txikiak diralako oker biderik ikasiko ez duteela.

        Jauna, esango dute bear bada; enzun degu ori bein baño geiagotan; ezagutzen degu arrazoiz itz egiten duela; baña zer egin genzake oe gutxi ta gela gutxi baditugu etxean? Etxejaun aberatsak bagiña geituko ginituke oe ta guziak, baña ezer ez degu; nekez bizi gera. Etxe-jabeak errenta diru edo gariak artutzeko prest daude, baña ez obrak egiteko. Au aitatzea litzake aserraerazitzea, ta etxetik botatzeko bideak ematea.

        Ah! nekazari gaixo onenbestean mendeturik zaudeen etxeko jabeen gogortasunez! Zer esango dizuet? Ez dezutela oerik non eratzo banaan umetxoak, naasi ipiñi gabe arrebatxoak nebatxoakin? Bearrak zakaztela alaba edo seme azitxoak oe baten eratzotzen guraso biakin? Zer egin dezakegu diozute? Zer? Nola ala konpondu nekez bada ere. Obe da emen zerbait igaro korputzean anima galdu baño. Egin al dan guzia erosteko oe zatartxoak badira ere. Erregutu Jaunaren amorez etxejabe, edo ugazabari geitu ditzala egotegi edo gelak essi (sic) batzuegin bada ere. Iduki eraaspen edo konfianza geiago Jangoikoagan, zeñek ondo bizi bazerate lagunduko dizue guzirako. Badakit kontu estuak artuko dizkeela Jangoikoak etxejaun zeken, diru batzalle zikotzai, errentak osoz artu ta etxeakin konturik ez duteelako, obligatzen dituztela errentero gaixoak egitera etxeko obra bear bearrak ere.

        Badira ordea ondo bizi diran etxe jabeak utsegiten duteenak gauza onetan; daukatenak zerekin oeak geitu, ta gela geiago egin, ta nagitasunez, dirurik atera naiezaz, edo anima galtzeari begiratu gabe, eratzoten dituztenak semetxoak alabakin, edo oek berekin oe batean, gaisto izatea ikasi dezakeen urteetan, edo bai semetxo onelakoak mirabeakin. Egunen batean jakingo da orain sinistu nai eztana, ta da, nola asko ta asko kondenatu ziran gauza onetan kontu andi bat ez idukiagatik. Idi ta beiekin ardura geiago eduki oi da. Ekusten dira korteetan toki bana edo bereziak. Baña ez bide du balio geiago, askoren iritzi edo egiñetan, animak abere batek baño.

        G. Zertan iduki ere bear dute gurasoak kontu andi bat?

        E. Beren umeak bildu, batzandu, edo alkartu ez ditezen lagun gaiztoakin ez zabiltzala, nere Semea, pekatariakin, larga aien bide gaiztoai, dio Espiritu Santuak. Gauza gaiztoa errazago eraasten da, ona baño. Lagun gaiztoak dituzte itzkera lasai txatarrak; ta San Pabloren esanez, galdutzen dituzte oek oitura onak. Gaiztoak aitatuko dituzte izen zatarrak, erakatsi jakin bear ez diranak. Oetatik sartzen dira gogorazio itsusi ta aragia arrotzen duteenak. Dator gero ekusi edo egin naia, ta azkenik guziak egiten dira alkarren lagun gaizkirako. Mutil gaizto bat asko da galtzeeko beste eun gazte; neskatx lasai mutil zale batek galduko ditu asko neskatx berenez doktriña onean azi ziranak. Ala bada, ez dute gurasoak laketu edo permetitu bear beren umeak alkartu ditezen lagun gaiztagiñakin. Zaitu bear dituzte, non dabiltzan, nola dabiltzan, non igarotzen dituzten orduak jaiegunetan.

        Erraz esaten da ori, diote guraso batzuek; baña ezin ebilliko gera iñude bat aur txikiarekin bezala. Joan nai dute jai edo pesta egunetan danzatzera. Nola eragotzi? Esango digute besteak ere badabiltzala. Etxean loturik idukiko ditugu? Au da betiko soñua. Ah gurasoak! Erakutsi baziño alabari txikitxotik, zein kaltegarriak diran ibillera, jolas, jostatze naasi mutil neskatxakikoak, gorroto artuko zien. Baña erakatsi diezu beste bide bat. Aurrerengo bazerate alako lekuetan, zer ikasiko dute alabak? Danza dezatela ordu gaiztoan bide gaiztoko alabak, sasikumeak, dio San Anbrosiok aserre santu batekin, danza dezatela Herodianaren gisako alabak, baña guraso prestu, onradu, ta kristau batek erakatsi dezola alabari, ez danza, ta bai Jangoikoaren lege garbia. Saltet, sed adulterae filia; que autem pudica est, religionem doceat, non saltationem.

        Jauna, erregututzen dute, ez du berorrek munduarekin konturik ateratzen. Gaurko egunean irten edo plazakoak ezpadira neskatxak, ez dute arkituko ezkongairik, geldituko dira izebatzat, ordea ederki janzi ta danzatzen badira izango da mutil bat edo beste billatuko duena. Bestelakoak dauzkee monjagaitzat. Ez dira baketzen irauntsi oekin; esango ere die alabai: Zoazte pestara; janzi zaitezte onela edo ala; ta alabak nai ez padu, ekin ta ekin, jardun ta jardun; ha epel, txaldan, gatzgabe, ta ezertako ez aizana, eliza bazter batean kokoturik egoteko baño, larga eien erakeria oriei, gazteak bere denpora bear din, gu ere onela oi giñan. Zer gauza txar arkitzen den danza orietan? Ire konfesariak etziakin zer ondo dan munduko izateko. Onela ereiten dituzte azi gaiztoak seme-alaben biotzetan, nasaitzen dituzte, ta gero ekusten dira anbeste ezkondu kontu, Elizan ezkondu baño leenago; anbeste buruko miñ, ta gero dakustenean neskatxa galanta mutillak ukatzen diola, edo ezkontza itza (zeiña oi dan aurrerena bekatu egin baño leenago) edo bai dala aurraren aita, orduan negarrak, biraoak, auzia, zer esanak, kostuak...ta esateak: ez nuen uste onelakorik egingo zidala nere alabak. Baña zer? Nasaitasunak ez dakar amorea, onek oniritzia, sentiduen askatutasuna, ta emendik edozein gauza? Adiña edo zenzu apur bat daukan mutillak ez du naiko ezkontzarako neskatx ero, ebiltari, ta molde gaiztokoa. Ezagutzen badu dala erorerraza bekatuan, gerorako ere beldur izango da, ta beti biziko da susma, zaio, edo errezelo gaiztoan. Neskatx garbi, begiratu, elizazale, ta Jangoikozkoa obea izango da ezkondu bear duen gizasemearentzat, etxea zuzentzeko, burua gordetzeko, senarraren borondatea egiteko, neskatx gaizto, lasai ta gizazale bat baño. Ezkondu baño leenago garbia izan dana, garbi izango da ezkonduta ere; eztio senarrari ezkutuko gaiztakeriarik egingo.

        O gurasoak! Zaitzen dituzute ganaduak aldendu ez ditezen; ostu ez ditzan lapurren batek; enzuten danean dabillela txakur amorratua, bereala sartzen dituzute etxean. Zenbat, zakur amurratuak baño pozoi geiago duten gizaseme, dabiltza kale, karrika, edo plaza orietan usikitzen duteenak anima itz labañakin, esku askatuakin? Eta agindu alabai irten dezatela etxetik oen ortzetara joateko? Eta maite dituzutela umeak? Eta izango zeratela ain kontu gutxikoak? Badira bai guraso ain gaiztoak, non da beren etxeetan ta begietan arkitzen duten umeak galbidea. Biltzen dira auzoetako mutil neskatxak ta etxekoekin bat eginda dabiltza etxean bertan danza ezin gaiztoagoetan, eskuka, apaka...ta gurasoa begira parrez. Norako dira onelako guraso ta seme-alabak? Deabruari leku eman etxean, igeserazi Aingeru santuai, zer itxaron dezakete azkenean?

        Eta gurasoak eragotzi bear ote dio umeari artu nai duen estadua? Onen gañean itzegin da leenagoko doktriñan, aitatu diranean umeen obligazioak gurasoakgakiko. Emen esan bear degu utzi bear diela umeai aukera edo libertade osoa. Sartu nai badute relijioaren batean, ez nai ez gogorrik erakatsi. Eskatu bai gizon birtutetsu ta jakitun bati aztertu edo esamina dezala dan edo ez bide oneko edo Jangoikoagandik jaioa dei edo bokazioa. Badiruri dala gizon aituaren iritzian, ez atzeratu, ta bai lagundu. Indarrez atzeratzen dituztenak, izango dituzte buruko min asko lurrean ere. Ezkontzako bidetik joan nai badute, ez obligatu relijioan sartzeera, baña ez utzi artu dezan adiskidetasun gaiztorik; zeren bide okerreko ezkontzak, dakarte Jangoikoaren aserrea. Gurasoak ebilli bear dute aurrerenak ume ta etxearentzat ona izango dan ezkontza egiteko. Erabaki bada ezkontza, itza eman, gorde ta zaitu ondo umea; ez larga alkarrekin egoten, zeren Deabruak puztu oi ditu gauza okerrak egiteko bitarte artan. Apaiz izan nai badu, begira nolakoa dan bizimodua. Bizitza nasaikoa bada, atzeratu bear du asmo ero artatik, bada Jangoikoak deitzen ez ditu Sazerdote izatea bizitza oneko ta birtutetsuak ez diranak. Baña zer gertatzen da geienekin? Etxearekin kontuak ateratzen dituzte, ez animaakin. Gurasoak ebakitzen dute bokazio edo eman gogoak. Au etxerako, bestea Elizarako. Eta gero zenbat kalte?

        G. Eta iñoiz kastigatu bear da seme edo alaba?

        E. Bai, baña amorez, bear orduetan, ta ondu ditezen gogoz, ez neurri ta modu gaiztoan. Ona zer dion Espiritu Santuak: Zigorra ez darabillen gurasoak, ez du maite semea, ta gaizki nai dio. Eta San Pablok: Ez aserra erazi gogortasun modu gaiztoekin zuen Semeai. Ezagutu dezatela ematen zaien kastigu edo zigorrada, dala ondo naiz, maitetasunez, ez gorrotoz. Uts egiten da bada ez egiñaz, ta gaizki egiñaz. Ez egiñaz, erruki kaltegarriz kastigatzen ez diranean bear dan orduan.

        G. Noiz ordea bear da zigorra artu umeak kastigatzeko?

        E. Ez ariñegi, baizikan bear bearrean, amorez ta beste bidez eskuratuko ez danean. Ume batzuek ezi ta eskuratzen dira errespeto, itzal, edo aurpegiko begirauneakin; beste batzuek sari, ta ondo esanekin; beste batzuek dira lepo gogorrekoak, tema gaiztokoak berearekin irtetzeagatik urkatuko lirakeenak; ondo esanez baño beldurrez geiago igitzen diranak. Ala bada ezin eman genzake zuzenbide bat guzientzat. Gurasoak ezagutu bear dituzte sustraitik seme-alaben jenioak, ta oetatik aterako dute nola ondo azi, amorez, erreguz, palagatzez, sariematez, edo beldurbidez, azote, zigor, masallako, jana gutxituz, illunbean idukiz. Beti billatu bear du zuzentzea okertzen asi dana; baña ez bere pasio aserrekor edo koleratsua asetzea. Badituzu guraso mauru-gisakoak, edozein utsegite gatik kolpeka banatzen ta mankatzen dituztenak, itz on bat ez duteenak, ta bai demonioai deika, biraoka ta araoka etxea goitik beera irabiatzen dabiltzanak. Katillu bat naibage, edo uste ezean ausi badute, nolako iskanbilla, ospe, deadar ta kolpetzarrak? Zertako kulpa gabe gaixoak banatzea? Morko, ta katilluak, edanonzi, ta bondillak (sic) nork nai ausi litzakez eskuetatik erorita. Onelakoetan asko da agirakatxo bat, kontuz ibilli ditezen.

        Zergatik artu bear dan zigorra, edo azotea, ona emen. Aitak ekusten duenean umeak ekartzen ez diola lotsa ama, edo guraso zaarrai, beldurra sartu bear die. Aita baten begirune itzaltsu, edo zigorra artze bat geiago da, amaren belar-ondoko, masallako, ta deadar guziak baño. Amari lotsa gaiztoa ekartzen dien umeak gutxitan ekusiko da aitari begirune astun bat egiten. Argatik alargun emakumeen seme-alabak daude lotsagabeak izateko peligro edo arrisku andian.

        Ondo esan da, Elizatik igesi dabiltzan umeak, mezako denporan jostatzen diranak, mugonez etxera ez datozanak, biraoak egiten dituztenak, ta itz batean, Jangoikoaren kontrako gauza ezagunak egiten dituztenak oituraz ta inklinazioz, bear dituzte zigorradak. Utzi itzai, utzi deadar ta biraoai, ta mankatu edo azurrik ausi gabe, oratu azoteari; gogortu ez didin, minberatu bere alboak. Tunde latera eius dum infans est, ne induret; ala agintzen du Espiritu Santuak.

        Baña zer egin gogortu bada umea; jo ta guzi ondu nai ez duena, onera ta gaizkira artuta ere egunoro gaiztoago dagoana? Zer egin gurasoari jaikitzen danarekin, itz bat esaten bazaio, ogei gogorragoak eranzuten baditu? Zer egin konseju onik artu nai ez, ta bizi bada Jangoikoak eragotzi dituen bide gaiztoetan? Gurasoak: zuzendu bear zerate Jangoikoaren aurrera orazio edo eskaari beroekin. Larga biraoai, ta madarikatzeari. Bide au gaiztoagoak egiteko da. Biraoak eransiko zaizke, ta etorriko dira naigabe ta burukomiñak. Monikaren negar ta orazioak goiz edo berandu enzunak izango dira. Ez aspertu erregutzez Jangoikoari; jo sarri bere miserikordiako atean. Zer egiten zuen Job Santuak? Bere umeak onak irten zeken, jaikitzen zan egunoro txit goiz, ta eskintzen ziozkan Jaunari sakrifizioak, ta ala etzioen iñoiz burukomiñik eman. Ezekias ta Josias Erregeak txit santuak ziran, baña beren semeak etziran ebilli beren urrats, edo oñatsetatik; gogortu ziran itz, ta jarraigarri onetara. Baña ekusi dira seme-alaba aldi batean gaiztotu asko, etortzen bide zuzenera gurasoen orazioak dirala bitartes.

        Ordea kontu andia ekusten ote da gurasorik geienetan? Orazio asko ondu ditezen umeak? Dirudite egiten duteela alegin guzia umeak gaiztoak izan ditezen. Zer enzun ta ekusten dute etxean? Birtuteko bidea, edo bekatukoa? Biraoak ugari, iñongo basoetan ostu egurrak, egin kalteak. Bear bada eman konseju umeari arrapa dezala iñoren ardi, edo auntza, jan etxean; agindu joan ditezela munduko ebillera nasaietara; jakin dabiltzala lagun gaiztoekin, ta begitandu gazteak gazte edo gaizto izan bear duteela. Etxera badatoz berandu milla gaiztakeria eginda, edo egingo dituztela ezagutu bearrean, itz makal batekin larga. Eta gero, zer gertatuko da? Zer itxedon dezakete ume gaiztoetatik? Ondatu etxea ezkutu edo agiri; amorerik ez gurasoai. Zer da gauza sarriago ekusten danik? Guraso batek largatzen badu semea ondasun andien jabe; seme ura gaiztoa bada, emakumezale, ardanzale, edo jokolaria, laster ondatuko ditu ondasunak, guraso ta asaben neke izerdiakin bilduak. Doterik ederrena da Jaunaren beldurra. Tobias gaztea utzi zuen aitak ondasun andien jabe, ez zekentasunez ta diruen zalegitasunez bildu zituelako, ta bai limosna andiak ugariro bedinkatu zituelako Jangoikoak. Seme on ta santu oni aita onak beste konseju on askoren artean agindu zion, izan zidilla limosnari edo pobrezalea. Eta galdu zuen etxea? Ez iñolaere. Bere ogitik ematen zien gose ziranai; larga zuen munduan izen ona, etxea onra andiarekin, ta anima Zerura zuzendu zuen. Berriz seme gaizto ondasun andien jabeak, dira edo zeken dollor batzuek, dirubatzalleak, iñork ekusi ezin dituenak; edo ondatzalleak bide gaiztoz; pobreai eman bear ziena daramatela edo emakume gaiztoa, edo jokoak, edo gastu alperrak, bearbada zor andiekin etxea larga ta ondorenak bere izena madarikatzen duteela. Seme-alaba onak aztuko ez dira gurasoekin, oek ill da ere; lagunduko die purgatorioan badaude limosna, orazio ta meza ateratzeakin. Berriz gaiztoak ez die kausio edo jaramonik egingo.

        Baña nolako kastigoak izango ez dituzte gaizki azia gatik beren umeak? Nor arritzen ez da erakurri ezkero Eskritura Santuetan gertatu zitzaionaz Heli zeritzon gizon bestetik guziz onari? Seme bi zituen zekentasunez edo ondasun naiz atzeratzen zituztenak asko Jangoikoaren sakrifizioetatik. Ezagutzen zuen aitak, ta zigorra galanki erabilli bearrean, bakarrik artu zuen agiraka otz, ta makal batzuek egiteko bidea. Nolako aserrea baña agertu zuen gero Jangoikoak, kastiguaren bidez seme gogor gaizto aiek zuzendu etzituelako? Egun batean kendu ziozkan Heliri, ta ill ziran bere seme biak, ta guzi orren gañeko zama, ta geien bat Heli mindu zuena, Testamentuko Kutxa santua ere arrapatu zuteen etsaiak, ta berri au enzun zuenean, erori zan eserita zegoan aulkitik, ta gelditu zan bera ere illik, ta igaro zan bere ondorengo askotara Jangoikoaren aserrea, iltzen zirala zaartu gabe urterik ederrenetan. Zer kastigu egingo du, gutxienez beste munduan, ejenplo edo jarraigarri gaiztoak ematen dituzten gurasoekin? Zer itz edo konseju okerrak ematen dituztenekin?

        Nai dizuet kontatu San Agustin jakitun, ta egia zaleak dakarren gertaera bat, ta bera Hiponako Obispo zala igaroa. Zirilo zeritzon Jaun batek zedukan seme bat geiegi naiz largatzen ziona lasai bizi izaten, ta irten zuen buru gaiztokoak. Egun batean lagun bera bezelakoakin jan edanean zegoala, berotu zuen ardoak, joan zan etxera zezen bat bezela, ta oratu zion amari, zein zegoan aurra egiteko; geroago esetsi zion bere arrebatxo bati bekatu eragiteko. Nekez gorde zuen bere burua deadar ta igesari emanda. Topatu zituen beste arreba biri, eman zien eriotza, ta azkenean ill zuen bere aita gaizki azi zuena. O gurasoak! Azi umeak Jangoikoaren beldurrean, ta izango zerate zorionekoak lurrean ta Zeruan. Ona emen beste ejenplo edo gertaera atsegingarriagoa.

        Erakurten da Erromatarren libruetan kondenatu zutela bein erriko agintariak gizon bat iltzera gosez. Sartu zuten presondegi estuan, ta debekatu zuten iñor sartzea jatekoa eramateko. Zedukan alaba ezkondu ta umetxo bat bere bularrean azitzen zuena. Zer asmatu zuen ume errukitsu onek? Joan zan karzelara, eskatu zuen lizenzia bere gurasoa ekusteko. Nekez bazan ere, iritxi zuen sartzea, baña ondo ekusi ezkero etzeramala jatekorik. Aitari ixiltxorik ematen zion bere ugatza edo bularrekoa aurtxo bati bezela. Egun askotan egin zuen ala. Galdetu zuten Juezak, ez ote zan ill gizon ura anbeste egunen buruan? Artu zuten estu, ta galdetu zioen nola zegoan goseak ill gabe? Eranzun ta aitortu zuen, nola bere alaba ona sartu zan egunoro bera zegoan tokian, ta nola bere ugatz edo bularreko arekin bizitza gorde ta luzatu zion. Jakin zutenean juezak deadar egin zuten, O! alaba ona baño obeagoa! Ez dezu irabazi kastigurik, ta bai sari andiak. Ez du ill ere bear, zu bezelako alaba azi duen gurasoak; ta ala atera zuten karzelatik. Oni deritzazu asko? Enzun andiago bat.

        Toledon, Don Pedro gogorra Errege zan egunetan, bizi zan zillargin bat, zeñi asmatu ziozken gezur astunak, ta kondenatu zuten iltzera leku agiri batean. Jakin zuenean bere seme batek, zuzendu zan juez, edo sentenzia emalleetara, ta esan zien: Jaunak, mesede bat egin bear didate, ta da barkatzea bizitza nere Aitari, ta neu naramatela urkamendira; pozik illko naiz bere ordez. Ez orrelakorik, esan zioen juezak. Irten etzuenean bere gogo ta asmoarekin, joan zan beste juez edo agintari nagusiago bategana eskaari bera egitera, ta iritxi zuen nai zuena. Atera zuten aita katigotegitik, ta sartu zuten semea. Aitak jakin zuenean zer gertatzen zan, joan zan seme onagana, ta esan zion: Nere seme onegia, ez det nai lurrean bizitzarik zuk galtzen dezula; oben, edo kulpagabe nago; baña zuk ere ez didazu orrenbat zor, ta naiago det neuk irten urkamendira, zu joatea baño. Ala zoaz etxera, ta nik igaroko det eriotzako sentenzia. Aita, zer diozu? Ez dizudala onenbat zor? Jangoikoaz bean zeuk emana da dedan bizitza; zere arpegiko izerdiarekin iraunerazi didazu, zuk eman ere jan dedan ogia. Ala ez det gauza andirik egingo, bear dedana baizik zure ordez nere bizitza emateaz. Nork ekusi zitzakean guraso ta seme on oek burruka bezela, batak baño besteak geiago nai zutela eriotza artu? Azkenik, irten zuen semeak berearekin. Atera zuten kalerik kale urkamendira eramateko; bildu zan jendea ugari ekustera sinistu ezin zutena. Pregoilariak esaten zuen oiuz ta deadarrez, seme au daramate eriotzara bere nai utsez, aitari bizitza gorde nai diolako. Nolako negar ta errukia jende ekusleena? O seme ona! esaten zuten, Jangoikoak etzaitu largako sari andi gabe anbeste maite dezulako zere gurasoa. Juezak berak ere nai zituzten atera biak eriotzatik, ta jendeak eskatzen zuen barkazioa. Ordea denpora gogor aietan, etzion barkatu eriotza juez nagusi errege gogor aren gisakoak, ta ill zuten. Ill da ere laztantzen zuten jendeak, ta egin zioen enterru onra andiko bat, bere anima zorionekoak premiarik izango ezpazuen ere Jangoikoaren aurrean. Umeak, zer diozute gertaera au enzunda? Egingo zenukete zuek onenbeste gurasoak gatik? Edolarik, zertako lagundu ta onratu ez? Gurasoak, badakutsute zein zorionekoa izan zan aita aitatu deguna, azi zuelako ondo ta Jangoikoaren beldurrean seme bere amorez bizitza galdu zuena? Zorionekoak bai guraso ume onak dauzkeenak. Zorionekoak ume gurasoak ondo azitzen dituztenak. Madarikatuak emen ta gero seme ta guraso gaizto ejenplo txarra eman ta artu dutenak. Gurasoak, ez naiz aspertuko esatez San Pablorekin, Azi umeak Jangoikoaren eskolan, itz ta jarraigarri edo ejenplo onekin. Oroi zaitezte au dala zuen obligazio txit estua, ta zuen eskuetatik eskatuko dituela Jaunak beren animak, ta izango zeratela dontsuak orain ta gero, bizitza onean alegiñez largatzen badituzute. Ala izan didilla.

 

aurrekoa hurrengoa