www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionearen ixtorioa
Laurent Diharasarri
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Erlisionearen ichtorioa laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre baithan, 1890.

 

 

aurrekoa  

BORTZGARREN ZATIA

 

Zer egin duen Elizak azken mende hautan

 

1500garren URTHETIK ETA
1890garren URTHERAINO

(390 urthe)

 

        1. Zoin izan dire, azken mende hautan, Elizaren ixtorioko gertakaririk handienak?

        Elizaren ixtorioko gertakaririk handienak, azken mende hautan, izan dire:

        Protestanten heresia [1], eta Trentako Kontzilioa:

        Misione katholikoen hedatzea;

        Frantziako Erreboluzionea;

        Batikaneko [2] Kontzilioa, 1869an.

 

        [1] Heresia da Elizak irakasten duen fedezko gauza baten ukhatzera thematzea.

        [2] Batikana deitzen da Erroman Aita Saindua dagon jauregia. Jauregi hau josia bezala da Jondoni Petriren Eliza handi, eder, pare gabekoari. Eliza hartan egiten ziren 1869an Kontzilioko bilkurak.

 

        2. Erraguzu Protestanten heresiaren gainean dakizuna.

        Hamaseigarren mendean, Luther deitzen zen fraide arnegatu bat hasi zen Elizaren irakaspenen kontrako gauza batzuen predikatzen. Aita Sainduak kondenatu zuen; bainan Luther ez zen bide onera bihurtu; aitzitik erlisione guzia desegin beharrez abiatu zen, ukhatzen zituelarik erlisioneko egia gutiz gehienak. Ukhatzen zuen Aita Saindua eta aphezpikuak Elizaren buruzagi zuzenak direla; ukhatzen zituen sakramendu gehienak; ukhatzen zuen badela Purgatorioa, eta obra onen bidez zerua irabaz ditakela.— Zion, ez diogutela ohore berezirik zor, ez saindueri, ez eta ere Andredena Mariari. Nola gizonaren jaidura tzar guzia lausengatzen baitzituen, frango jende, guziz Alemanian, jarraiki zen Lutheren irakaspen gezurrezkoeri. Suisan, bertze heretiko nausi batek, Kalbinek, gezur berak hedatu zituen, eta bertze asko gainetik.

 

        3. Nola jazarri zitzaion Eliza Protestanten heresiari?

        Protestanten heresiari jazartzeko, Aita Sainduak Kontzilio ekumeniko bat bildu zuen Autrixia Trentako hirian. Trentako kontzilioak garbiki eta goraki kondenatu eta herraustu zituen Lutheren, Kalbinen, eta bertze protestanten irakaspen galgarriak.

 

 

IXTORIOA

Misione katholikoak

 

        Protestanten heresia, ondikotz, kalte handia egin zuen Europan. Elizatik berexi zituen, Elizari khendu eta ebatsi ziozkan Angleterra, Alemania gehiena, eta Suisa. Bainan, Jainkoari eta bere misionesteri esker, Elizak alde batetik galtzen zuena bertze aldetik irahazten zuen. Eskualderik urrunenetan, salbaien eta paganoen artean, miragarriki, hedatuz zohan Jesu-Kristoren ezagutza eta amodioa.

        Dominikanoek Indietan prediratzen zuten Ebanjelioa, eta Trentako Kontzilioa bildu zenean, Indietan bazen hiruetan hogoi mila giristino baino gehiago.

        San Frantses Zabierekoak, Eskual-herriko semeak, gurutzefika eskuan bi mila lekho baino gehiago kurritu zituen, eta zer-nahi jende konbertitu zuen, bereziki Japoneko erresuman. Kristobal Kolonbek Amerikak atzeman zituen hamabortzgarren mendearen akabantzan; harren ondotik laster gan ziren harat Frantzizkanoak, eta haukien hitza adituz, Amerikanoak milihunka giristino egin ziren.

        Jesuistek fedearen argia ereman zuten Bresilerat eta Xinarat.

        Eta heltzen ziren bazter guzietan, misionest katholikoek populuak giristino legera bilduz, bide segur eta gozo batzuetan bezala ezartzen zituzten. Misionesteri esker, populu hek egiazki urus ziren.

 

        4. Zoin izan dire denbora hetan, eta ondoko bi mendetan, Elizako saindurik aiphatuenak?

        Asko Saindu eman ziozkan Jainkoak Elizari, protestanten heresiari ihardokitzeko; aiphatuenak dire:

        San Inazio Loiolakoa, Espainia eskual-herriko semea; Inaziok establitua da Jesuisten [Jesuista, erran nahi da, Jesusena. Jesuisten ordena deitzen da Jesusen Konpainia] ordena;

        San Frantses Zabierekoa, hau ere Eskualduna; hunek Ebanjelioa predikatu zuen Indietan eta Japoneko erresuman;

        Santa Teresa, espainola, Karmeliten ordena erreberritu eta hobeki moldatu zuena;

        San Frantses Salesekoa, Suisa Genebako aphezpikua; hunek zer-nahi protestant konbertitu zuen; eta bertzalde utzi ditu debozioneko liburu batzu hainitz onak eta ederrak;

        San Bizente de Paulo, Frantzian, Akitzeko ondoan sortua. Hunek establituak dire Lazariztak deitzen diren aphez misionest batzu; hunek oraino establitu zituen ospitaletako serorak, gerlarat soldaduen artatzeko gaten diren Serorak. San Bizentek bertzalde zer-nahi asmatu zuen eta egin jende beharren, umexurtxen, xaharren, ezinduen eta galbidetan zabiltzanen laguntzeko, hazteko, familiatzeko, belhatuaren ligatik atheratzeko, eta salbatzeko.

        Joani Batista de la Salle dohatsua; hunek establituak dire haurrak hain ongi altxatzen dituzte eskola giristinoetako Frerak, Baionan, Hasparnen, Dona Palen, Ustaritzen, Maulen, eta bertze asko lekutan ikusten ditugun Frerak.

 

        5. Zer pertsekuzione jasan behar izan zuen Elizak Frantzian, iragan mendean?

        Iragan mendearen akabantzan, 1789an, hasi zen Erreboluzionea. Oro nahasi zituen Frantzian. Erregeren orde bertze gobernamendu bat ezarririk, erregeari, Luis hamaseigarrenari, lepho moztu zion. Bainan erregeak baino ere higuinago zituen Eliza gizonak. Elizari, erlisioneari, nahiko zioken Erreboluzioneak lephoa moztu; erlisione nahiko zuken Frantzian osoki hil eta suntsitu. Aphezpiku, aphez eta fraide ahal guziak hil zituzten; bertzek Frantziatik ihes egin behar izan zuten; elizak hetsi zituzten; Elizako ontasunak ebatsi eta saldu, eta ez zen gehiago ez meza emaiterik, ez bertze zeremonia egiterik haizu. Hamar urthe iraun zuen pertsekuzione izigarri harrek. Hamar urtheren buruan Napoleon lehenak, laster enperadore behar zenak, Aita Saindu Pio zazpigarrenarekin, antolamendu bat egin zuen, Konkordata deitzen dena. Antolamendu harri esker elizak ideki ziren, eta lehen bezala Frantsesak libroki jarrai ahal izan ziren beren erlisione sainduari.

 

        6. Nola hari da beti Eliza arimen konbertitzen eta salbatzen?

        Giristino tokietan, Elizak arimak argitzen, konbertitzen eta salbatzen ditu aphezpikuen, aphezen eta fraiden bidez: hauk Jainkoaren hitza adiarazten dute; hauk, sakramenduak emanez, arimak Jainkoaren graziaz hazten eta hazkartzen dituzte. Giristino ez diren tokietarat, Elizak misionestak igortzen ditu. Beti izan dire, eta beti badire, eta orai sekulan baino gehiago, misionest khartsuak, edo zoin zokotara, paganoen eta salbaien erdira, deusen beldurrik gabe gogotik dohatzinak, Ebanjelioaren predikatzeko, Jesu-Kristori arimen irabazteko; hek, atseginekin zer-nahi gaitz eta nahigabe, gosea, erretzeko beroa, hormatzeko hotza, eritasunak eta heriotzea bera, arimen salbatzeko jasaiten dituzte. Bazter guzietan Elizak eskolak idekitzen ditu; bazter guzietan, zer-nahi karitatezko asmuen bidez, haurrak, eriak, xaharrak, beren ariman eta gorphutzean gerizatzen, artatzen eta sendatzen ditu. Azkenean, fedearen osorik eta garbirik atxikitzeko, eta gure denboretako erran eta irakaspen makur eta galgarrien kondenatzeko, kontzilio ekumeniko bat bildu izan du Erroman, 1869an, Abendoaren zortzian.

 

        7. Nola deitzen da Kontzilio hori? Zoin Aita Sainduk bilarazi zuen? Eta zer irakaspen handi dauku bereziki eman?

        Azken kontzilioa, Erroman 1869an bildu zena, deitzen da Batikaneko Kontzilioa.

        Kontzilio hori bilarazi zuen Aita Saindu Pio bederatzigarrenak.

        Kontzilio horrek, garbiki eta fedezko artikulu bezala, irakatsi dauku, Aita Sainduak ez dezakela hala ez denik irakats; Aita Sainduaren hitza segurki egia dela.

        Bai, Aita Saindua mintzo denean Aita Saindu bezala, erran nahi da Eliza guziaren buruzagi bezala, eta erlisioneari behatzen zaion zerbeit irakasten duenean, Eliza guzia, katholiko guziak irakaspen harren onhartzerat eta sinhesterat hertxatzen eta bortxatzen dituelarik, orduan, xoilki orduan, bainan orduan beti, Aita Saindua egiaz mintzo da; orduan Aita Sainduak ez dezake hala ez denik erran edo irakats. Hori, diot berritz ere, Batikaneko Kontziliotik hunat, fedezko artikulua da, Jainko bat badela bezen hazkarki sinhetsi behar duguna; hori sinhetsi nahi ez duena, ez da katholikoa, Elizatik kanpo da.

 

        8. Nor da Pio bederatzigarrenaren ondoko Aita Saindua, orai Eliza guziaren buruzagi, giristino guzien Aitzain eta Argitzaile dena?

        Pio bederatzigarrenaren ondoko Aita Saindua, orai Eliza guziaren buruzagi, giristino guzien Artzain eta Argitzaile dena, da Leon hamahirugarrena. Leon hamahirugarrena Aita Saindutzat hautatu zuen kardinalen bilkurak edo Konklabak, 1878an, otsailaren 20ean.

 

 

        9. Eliza lur huntan izan othe ditake behinere bake osoan?

        Ez, Eliza ez ditake lur huntan bake osoaz goza. Jesu-Kristo gure Jaunak errana da, hura bera pertsekutatu duten bezala, haren Eliza ere mende guzietan pertsekutaturen dutela.

 

        10. Zoin dire egungo egunean Elizaren etsairik gaixtoenak?

        Egungo egunean Elizaren etsairik gaixtoenak dire franzazonak, eta hauk iduri bertze bilkura edo zozietate galgarri batzu, beren lan tzarra maizenik gordeka egiten dutenak, eta Aita sainduek asko aldiz kondenatu dituztenak. Framazonak eta erran delako bertze zozietate horietako jendeak, Leon hamahirugarrenak berritz ere eskumikuz jo ditu, erran nahi da, Elizatik kanpo artiki; eta Aita Sainduak giristino guzieri manatzen diote zozietate edo bilkura horietarik, edo zoin izen ekhar dezaten, atzartasunik handienarekin urrun dadien.

 

        11. Eliza hariko othe da luzez oraino arimen salbatzen?

        Eliza arimen salbatzen hariko da munduak irauten dueno; eta deusek, ez eta pertsekuzione izigarrienek ere, ez diote khenduko arimen salbatzeko lehia eta ahala; ezen Jesu-Kristok Elizari hitzeman dio ifernuko indarrak, erran nahi da gaixtaginak, ez zaizkola nausituko, eta bera harrekin izanen dela menderen mende.

 

        Egizu Testament berriko ixtorioaren bilduma laburzki.

        Jesu-Kristo gure Jauna, Jainkoak Adami agindua, profetek hainbertzetan aiphatua, eta munduak lau mila urthez igurikatua, Bethlemen sortu zen Maria Birjinaganik; hogoi eta hamahiru urthez bizi izan zen Juduen artean; Ebanjelioa predikatu zuen, egin zuen zer-nahi mirakuilu, eta gizonaz goragoko bertuteak irakutzi zituen bere solas eta urhats guzietan. Judu eskergabek gurutzefikatu zuten, bainan piztu zen hirugarren egunean. Jesus Jauna gizon guzien salbatzeko ethorria zen, eta gizon guziek zeruko bidea ezagut eta har zezaten amoreagatik, establitu zuen Eliza. Bere dizipuluen artean hautatu zituen hamabi Apostolu, eta eman zioten buruzagi bat, Jondoni Petri, lehenbiziko Aita Saindua izan zena. Zerurat igan baino lehen, Jesus Jaunak Apostolueri manatu zioten Ebanjelioa predika zezaten mundu guzian, eta harren baithan sinhetsiko zutenak bathaia zetzaten. Apostoluak hedatu ziren lurraren lau bazterretara, eta jende hainitz konbertitu zuten. Hiru ehun urthez giristinoak pertsekutatuak izan ziren, Jesu-Kristo bera egina izan zen bezala; bainan nahiz milihunka hiltzen zituzten, beti emendatzen hari ziren. Azkenean Konstantin enperadoreak libertatea eman zion Elizari, eta Eliza ordutik agerian haritu zen arimen salbatzen, arimako eta gorphutzeko zerbait beharretan ziren guziak laguntzen zituelarik, etsai guziak garhaitzen, eta bereziki heresiak; heresieri ihardokitzen zioten, heresiak ezeztatzen zituen bere doktoren jakitatearen eta bere Kontzilioen irakaspen guziz seguren bidez. Elizak konbertitu zituen Europan egoiterat ethorri ziren nazione barbaroak, eta arteko mende guzietan haritu zen nazione heien argitzen, eskolatzen eta, saindutzen. Protestanten heresia agertu zenean, Aita Sainduak Kontzilio bat bildu zuen Trentan, eta protestanten gezurreri buruz, Trentako Kontzilioak argitan eman zituen eta irakatsi egiarik premiatsuenak. Orduan ere agertu ziren, alde batetik misionest khartsuz leher, Indietan, Japoneko erresuman eta Ameriketan jendea osteka konbertitu zutenak; eta bertze aldetik saindu handi eta predikari [1] famatu batzu, Eliza bere edertasun eta ontasun pare gabekoan hobeki ezagutarazi eta maitarazi zutenak. Beti, gezurrari buruz, egiaren hedatzeko, egiaren osorik eta garbirik atxikitzeko, Elizak misionestak igortzen ditu giristino ez diren tokietarat; giristino tokietan fedea hazten du eta hazkartzen, aphezpikuen, aphezen eta fraiden bidez. Azkeneko urthe hautan, Pio bederatzigarrenak egin du Batikaneko Kontzilio ekumenikoa; eta Kontzilio harrek fedezko artikulu bezala irakatsi dauku, Aita Saindua, erlisioneko gauzetan, beti egiaz mintzo dela, ez ditakela makur mintza. Guzien buruan, Eliza frango pertsekutatu dute, frango pertsekutatuko dute oraino; bainan Eliza, Jesusek hitzeman diolakotz, segur da iraunen duela munduaren akabantzaraino, eta munduaren akabantzaraino hariko dela beti arimen konbertitzen eta salbatzen.

 

        [1] Frantzian, predikaririk famatuenak izan ziren, hamazazpigarren mendean, Bossuet, Fenelon, Massillon, aphezpikuak, eta Burdalu, jesuista.

 

LAUDATUA IZAN BEDI
JESU-KRISTO GURE JAUNA!

 

aurrekoa