www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionearen ixtorioa
Laurent Diharasarri
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Erlisionearen ichtorioa laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre baithan, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN ZATIA

 

Elizak populuak argitzen ditu
eta bide xuxenetan sarrarazten

 

450garren URTHETIK ETA
1500garren URTHERAINO

(1050 urthe)

 

        1. Zertan zen Eliza bortzgarren mendean, Konstantin enperadoreak libertatea eman zionetik ehun urtheren buruan?

        Bortzgarren mendean, Konstantinek Elizari libertatea eman eta ehun urtheren buruko, munduaren lau bazterretan hedatua zen Ebanjelioa, eta Erromanoen azpiko jende guzia giristino egina zen. Ez zen gehiago heretikorik edo paganorik Barbaroak [1] baizik.

 

        [1] Erromanoek barbaroak deitzen zituzten Erromako enperadorearen azpiko ez ziren nazione guziak. Hitzkuntza horrek erran nahi du arrotza. Barbaroa edo arrotza, Erromanoentzat biak bat ziren. Bizkitartean, nola Erromako lurretarik kanpo jendea ez baitzen hain argitua eta eskolatua, Barbaroak, erran behar balin bada, populu erdi basa batzu ziren, eta gutiz gehienak paganoak, hala nola Frantsesak eta Angelesak.

 

        2. Nola konbertitu edo giristino bilhakatu ziren Barbaroak?

        Bortzgarren mendean, Barbaroak jabetu ziren Erromako enperadorearen azpiko ziren toki guziez. Toki hetan baziren jadanik aphezak eta aphezpikuak. Bertzalde, Aita Sainduek eta aphezpikuek igorririk, asko misionest khartsu gan ziren Barbaroen eskualdetan Ebanjelioaren predikatzerat, eta maiz eta ardura misionestek mirakuiluak egiten zituzten. Nazione hez-gaitz hek miresten zituzten giristinoen bertuteak, eta berak giristino egiten ziren.

 

        3. Non bizi ziren horrela konbertitu ziren Barbaroak?

        Horrela konbertitu ziren Barbaroak bizi ziren Europan: eta hetarik atheratuak, eta emeki emeki eginak dire, egungo egunean Europan ikusten ditugun nazioneak.

 

 

IXTORIOA

Klobis erregea konbertitzen da

 

        Lehen lehenik, barbaro guzien artean, katholiko egin ziren Frantsesak. Klobis, Frantsesen erregeak, emaztetzat hartu zuen printzesa katholiko hat, Klotilda deitzen zena. Maiz eta ardura, Klotilda sainduak bere senharrari egin ahalak egiten ziozkan jainko faltsoak utzarazi nahiz; bainan Klobisek ez zuen holakorik aditzen; gertakari miragarri batek konbertitu beharra zen; huna nola.

        Alemanak, Rhin deitzen den ur handiaz alde huntarat ethorririk, Frantsesen lurretan hedatzeko heinean ziren. Klobis lehen bai lehen badohakote bere tropekin, eta bi harmadek elgar jotzen dute Tolbiakeko zelhaian. Joite bat izan zen izigarria, eta Frantsesak gibelerat hasi ziren. Klobisek orduan, bere emaztearen erranez orhoiturik, othoitz hau egiten du gora gora: «Jesu-Kristo, Klotildaren Jainkoa, eman diezadazu etsaiaren garhaitzeko indarra, eta zure baithan sinhetsiko dut.»

        Hainbertzenarekin Frantsesak berritz ere suhartzen dire; Alemanak xehakatzen dituzte, erregea hiltzen diote, eta gelditzen diren hondarrak ihesi igortzen dituzte ur handiaz bertze aldera. Klobisek bere hitza atxiki zuen. Ethorri zen Reimseko hirirat; san Remi hiri hartako aphezpikuarekin ikasi zituen behar zirenak, eta gero, bere soldaduetarik hiru milarekin, bathaioa errezebitu zuen san Remiren eskutik. Klobis izan zen beraz katholiko egin zen barbaro aintzindari lehen lehena; eta horra zertako, ordutik eta beti, Frantziak garhaiatu izan duen izen lorios hau: Elizaren lehen umea, Elizaren alaba zaharrena.

 

        4. Zer ongi egin zioten Elizak konbertitu zituen nazione barbaroeri?

        Hasteko, Elizak nazione barbaroeri eman zioten fedea, ontasun guzietan baliosena. Bertzalde, nola erdi basak eta jite sorjesekoak baitziren; nola zernahi tzarkeriari eta lohikeriari emanak bizi baitziren, emeki emeki argituz, eskolatuz, saindutuz, Elizak ekharri zituen eztitasunaren, garbitasunaren, justiziaren eta karitatearen maitatzera, eta araberan bizitzera; hitz batez, Elizak Barbaroen artean landatu zituen populuen zoriona dakharketen bertute guziak.

 

 

IXTORIOA

Nola Aita Sainduak eskualde
batzuen nausi edo errege egin ziren

 

        Erran bezala, Frantzia zen nazione guzietan lehen lehena konbertitu; hala hala ez da izan nazionerik Eliza Frantziak bezenbat maitatu eta lagundu duenik. Lonbardak [Barbaro tzar batzu] Italiaz jabetu nahiz abiatu zirenean, Frantziari, Pepin Frantsesen erregeari, hel egin zion Aita Sainduak. Bi aldiz Pepin bere tropekin Alpesez [Alpesak mendi handi batzu dire, Frantziaren eta Italiaren artean] bertze aldera gan zen, eta Lonbardak leherturik, hogoi eta bi hiriz jabetu zen; hiri hek, guzien jakinean, Aita Sainduari eman ziozkan edo, hobeki erraiteko, bihurtu.

        Geroxago, Xarlemañe Frantziako enperadore handiak emaitza hori erreberritu zuen; bai eta lur eta hiri gehiago ere eman ziozkan Aita Sainduari.

        Horra nola Aita Sainduak egin ziren eskualde batzuen nausi edo errege. Ez da munduan Aita Sainduaren nausitasuna eta erregetasuna baino zuzenagorik; eta nihon populua, jende xehea bereziki, ez da Aita Sainduaren lurretan bezenbat egiazko zorionez gozatu. Bertzalde gauza ona eta beharra da, Jainkoaren nahiaren araberako gauza, Aita Saindua nihoren azpiko edo meneko izan ez dadin. Libroki, nihoren beldurrik gabe, eta nihork debekatu edo trabatu gabe, behar zaiote Aita Saindua mintzatu bere haurreri, mundu guziko giristinoeri. Horrengatik erran diteke Aita Sainduen erresuma giristino guzien, Eliza guziaren ontasuna dela; eta giristino guzien intresa eta dretxoa da, Aita Saindua errege izan dadin, Aita Sainduak bere lurrak izan detzan.

        1870ean, Aita Sainduari ebatsi ziozkaten bere lur guziak, eta geroztik Aita Saindua preso bezala dago bere Erromako egoitzan, eta egoitza harren athetaraino badohazko etsaiak trufatzera eta mehatxatzera.

        Giristinu on guziek Jainkoari galdegin behar diote khartsuki Aita Saindua, ahalik lasterrena, bere lurren, Elizako ontasunen nausi eta errege, zuzen den bezala, utz dezaten, Aita Sainduari beraz bihur dezoten zuzen kontra hartu dioten bere erresuma.

 

        5. Zoin gizonek bereziki konbertitu, eskolatu, eta bide xuxenetan ezarri zituzten Europako nazioneak?

        Europako nazioneak konbertitu, eskolatu eta bide xuxenetan ezarri zituzten gizonak, izan ziren bereziki fraideak. Fraideak bizkitartean ez ziren beren baitharik lan horri lotu eta jarraiki. Fraideak gaten ziren Aita Sainduek eta aphezpikuek igortzen zituzten tokietarat, eta beti Elizako buruzagien erranak egiten zituzten. Baziren asko fraide mota, asko fraide ordena edo familia [Erregela beraren azpiko diren, eta, maizenik, arropa bera duten fraidek eta serorek egiten dute fraide edo serora ordena bat, familia bat].

 

        6. Zoin ziren orduan, eta zoin dire oraino fraide ordena aiphatuenak?

        Orduko fraide ordena aiphatuenak, egungo egunean oraino irauten dutenak, dire: Benediktanoak, San Benediktok edo Benoatek establituak; Frantzizkanoak, San Frantsesek establituak; Dominikanoak, San Dominikek edo Domingok establituak.

 

        7. Nola bizi ziren fraide hek?

        Fraidek beren bizia penitentzia garratzenetan zaramaten. Beti hari ziren edo othoitzean, edo esku lanean, edo Ebanjelioaren predikatzen. Fraidek eginak dire Europako laborantza lur gehienak; lehenago ez zen oihanik, larrerik eta ihiztokirik baizik; fraidek lurrak atheratu dituzte, ondu, gizendu, eta lehenago ihirik eta lapharrik baizik ikusten ez zen tokietan, biltzen da, fraideri esker, zer-nahi bihi eta fruitu. Denbora hetan nihor gutik liburutan zakien, nihor gutik eskola pixka bat bilhatzen zuen. Fraideak aldiz beren etxetan, beren komentuetan, liburutan lehia handiarekin hari ziren; jende xehea ere asko lekutan urririk eskolatzen zuten, eta fraideri esker ez dire galdu aspaldiko zaharrek eginikako liburu eder aiphatu batzu. Fraidek bertzalde pobreak eta eriak artatzen zituzten karitaterik samurrenarekin.

 

 

IXTORIOA

Mahometanoak

 

        Zortzigarren mendean, herstura ikharagarri batean gertatu ziren Eliza eta populu giristinoak. Siriako, Palestinako eta Ejiptoko eskualdea, Afrikako itsas hegi guziaz, eta Espainia osoaz jabetu ondoan, Araba Mahometanoak [1] Espainia Frantziatik berexten duten mendiez [2] alde hunrarat ethorri ziren, eta Frantzian hedatzera zohatzin. Mahometanoek, beren ustez, gauza ona, zerua merezi zuen gauza egiten zuten, giristino guzien ahalaz hiltzea, eta jendea beren gezurrezko erlisioneari bortxaz eta biziaren penan jarraikaraztea. Bainan Frantsesek hazkarki ihardoki zioten, eta Charles Martel [3], Frantsesen aintzindariak, funditu zituen Poitiersko hiriari hurbil. Hainitz eta hainitz hilak gelditu ziren, eta bertzeak iziturik ihesi gan. Handik hogoi eta zazpi urtheren buruan, Pepin erregeak osoki hutsarazi zioten Frantziako lurra.

 

        [1] Mahometanoak dire Mahometen erlisione gezurrezko eta zikhinari jarraikitzen direnak; hala nola Arabak eta Turkoak. Mahomet, gizon tzar ta lizuna, seigarren mendearen akabantzan agertu zen.

        [2] Mendi hek deitzen dire Pireneak.

        [3] Martel, erran nahi da, martilua edo mailua. Izen hori eman zieten Frantsesen aintzindariari zeren, martiluarekin edo mailuarekin harriak xehatzen eta porroskatzen diren bezala, xehatu eta porroskatu baitzituen etsaiak.

 

        8. Nola deitzen dire Elizak populueri hainbertze ongi eta laguntza egin zioten denbora hek?

        Elizak populueri hainbertze ongi eta laguntza egin zioten denbora hek deitzen dire arteko mendeak (1).

 

        [1] Ordu arterainoko denborak deitzen dire mende zaharrak; denbora hek, erran den bezala, arteko mendeak; eta geroztikakoak mende berriak; arteko mendeak hasi ziren 474garren urthean, eta akabatu 1453garren urthean.

 

 

IXTORIOA

Grekak [1] xismatiko egiten dire

 

        Bederatzigarren mendearen azkenera, xismatiko egin ziren Grekak. Aita Sainduak ez zuen onhetsi nahi izan Konstantinopleko [2] aphezpikutzat Photius apheza. Hau orduan abiatu zen, bai eta ez ziola Aita Sainduari obedientzarik batere zor; eta haren alde jarri ziren, bai Konstantinopleko enperadorearen azpiko zen jende guzia, bai Rusiano populu ttikia, orai nazione handi bat bilhakatua dena. Photius bere irakaspen makurrekin kondenatu zuen kontzilio ekumeniko batek; bainan ez zen bide xuxenerat itzuli, eta Greken Eliza gelditu zen Erromako Elizatik berexia, arbola bati pikatzen zaion adarra iduri. Photiusek bertzalde ez zuen sinhetsi nahi Trinitate Sainduan, Elizak irakasten duen bezala, Izpiritu Saindua bardin Semearenganik heldu dela, nola Aitarenganik. Zonbait denboraren buruan, Grekek nahi izan zuten Erromako Elizarekin baketu eta batasunean sartu, ziotelarik: Elizaren irakaspen guziak onhartuko zituztela, eta obedituko ziotela Elizako buruzagi zuzeneri; hori hitzeman ere zuten goraki Frantzia Liongo Kontzilioan, hamahirugarren mendean. Bainan laster beren hitzak ahantzi zituzten, eta egungo egunean oraino Grekak xismatiko eta heretiko dire.

 

        [1] Grekak dire iguzki aldeko nazione batzu. Xismatikoak deitzen dire Elizako buruzagi zuzeneri, guziz Aita Sainduari, obeditu nahi ez dietenak.

        [2] Konstantinople da orai Turkiako hiri nausia.

 

        9. Zoin izan dire arteko mendetako saindurik aiphatuenak?

        Arteko mendetako saindurik aiphatuenak izan dire:

        San Remi, Frantzia Reimseko arxapezpikua; harrek bathaiatu zituen Klobis erregea, eta harrekin giristino egin ziren lehen Frantsesak;

        San Gregorio zazpigarrena, Aita Saindua; hau Alemaniako enperadoreari bortizki jazarri zitzaion, Elizaren libertatea begiratzeko;

        San Urbain bigarrena, Aita Saindua; hau ere, san Gregorio bezala, gudukatu zen Elizaren libertatea zaintzeko. Bertzalde san Urbaini esker egin zen lehenbiziko gurutzadea [1];

        San Bruno; harrek establitu zuen Xartrosen [2] ordena hertsia;

        San Bernat, fraidea eta hainitz fraiden Aita; san Bernatek establitu zuen Frantzia Zitauko komentu famatua; san Bernatek bere suzko predikuez eginarazi zuen bigarren gurutzadea;

        San Luis, Frantziako erregea; hunek egin zituen zazpigarren eta zortzigarren gurutzadeak;

        San Tomas, Italia Akinakoa; hau da Elizak izan duen Teologorik jakintsunena.

 

        [1] Gurutzadea: erran nahi da, gerla saindua. Gerla horietarat gaten ziren guziek gurutzearen seinale bat agerian bazakarkaten sorbaldaren gainean; horra zertako gerla horiek deituak diren gurutzadeak, erran nahi da gurutzedunen gerlak.

        [2] Xartrosak dire beti ixiltasunik handienean bizi diren fraide batzu.

 

 

IXTORIOA

Gurutzadeak

 

        Toki sainduak, nola Jerusalemeko hiria eta Jesu-Kristoren hil-hobia, Turko Mahometanoen eskuetarat eroriak ziren. Aspalditik giristinoak Jerusalemera beilan gaten ziren, Salbatzailea bizi eta hil izan zen tokietan belhaunikaturik, othoitzik khartsuenen egiteko. Bainan Turkoek trufatzen zituzten, laidoztatzen, jotzen, eta batzuetan hiltzen ere bai. Hori gehiago ezin jasana zen.

        Hamekagarren mendearen azkenera, Urbain bigarrena, Aita Saindu Frantsesa, Frantziarat ethorri zen; kontzilio bat bildu zuen Clermoneko hirian; eta han, hainbertze kharrekin mintzatu zen, hain ongi irakutsi zuen zonbat pairatzeko zuten giristinoek Jerusalemen, eta zoin gaizki ziren Turkoen menean Jesu-Kristo bizi eta hil izan zen tokiak, non han ziren guziak, eta baziren milaka, xutitu baitziren oihuka ziotelarik: «Jainkoak nahi du! Jainkoak nahi du!» Eta hitzeman zuten ganen zirela Jerusaleme Mahometanoen eskuetarik libratzera. Gerla saindu hortan soldadu izan nahi zuten guzieri, Aita Sainduak sorbaldan lotu zioten oihal gorrizko gurutze bat. Horrengatik soldadu hek deituak izan dire gurutzedunak, eta gerla hek gurutzadeak.

        Gurutzedunak beraz gerla Saindura gan ziren Godefroa de Bouillon aintzindari; eta hiru urtheren buruan, hartu zuten Jerusalemeko hiria.

        Izan ziren bertze zazpi gurutzade, bat bertzearen ondotik. Azkenekoan hil izan zen san Luis, Frantziako erregea. Arteko mendetan ez da egina izan gurutzadeak baino gauza ederragorik eta baliosagorik.

 

aurrekoa hurrengoa