www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionearen ixtorioa
Laurent Diharasarri
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Erlisionearen ichtorioa laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre baithan, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN ZATIA

 

Munduarea hastetik eta
Jainkoak Abraham bere populuaren
aintzindaritzat hautatu zuen arteraino

(2000 urtheren heina)

 

        1. Ikusten dugun mundu hau betidanik izatu othe da?

        Ez, ikusten dugan mundu hau ez da betidanik izatu. Hastapen bat izan dute zeruak, lurrak, itsasoak eta hetan aurkitzen diren gauza guziek; guziek izanen dute halaber akabantza. Jainkoa da bakharrik hasterik izan ez duena, izanen ez duena akabantzarik. Jainkoak zerbeit kreatu baino lehen, jeus ez zen Jainkoaz beraz kanpo.

 

        2. Nola Jainkoak kreatu ditu gauza guziak?

        Jainkoak gauza guziak kreatu ditu bere hitz xoilaz, sei egunen edo sei egun aralderen barnean. Mintzatu zen, eta guziak eginak izan ziren: argia, zerua, iguzkia, hilargia, izarrak, lurra, itsasoa, landareak, animaleak, eta azkenean gizona.

 

        3. Gizona kreatu aintzinean, Jainkoak ez zuena kreatu bertze zerbeit gizonaz gainekorik?

        Bai, gizona kreatu aintzinean, Jainkoak kreatu zituen aingeruak. Aingeruak izpiritu huts batzu dire. Jainkoak, kreatzean berean, grazia edo batetara dohana, saindutasuna eman zioten. Batzuek, gehienek, saindutasun hura begiratu zuten, eta Jainkoak sariztatu zituen, betiereko zeruko zorionean sarraraziz. Hek dire aingeru onak, edo xoilki aingeruak; hek zaintzen gaituzte eta ongirat ekhartzen. Bertze aingeru batzuek aldiz beren grazia edo saindutasuna galdu zuten, Jainkoaren kontra urguiluz altxaturik; Jainkoak betikotz ifernurat artiki zituen. Hek dire aingeru gaixtoak edo debruak, beti guri gaizkia eginarazi nahiz hari direnak.

 

        4. Nola Jainkoak kreatu zituen lehen gizona eta lehen emaztea?

        Lehen gizonaren eta lehen emaztearen kreatzeko, Jainkoari ez zitzaion aski zela, bertze gauzentzat bezala, xoilki mintzatzea, manatzea. Bainan berak nahi izan zuen gizonaren gorphutza lurretik egin, eta gero eman zion arima, erran nahi da, hil behar ez zuen izpiritu bat; lehen gizona deitzen zen Adam. Gizonaren bakharrik ez uzteko, Jainkoak Adami lo gogor bat igorri zion, eta, lo zagolarik sahets hexur bat khendurik, hartarik egin zuen lehen emaztea; deitzen zen Eba.

 

        5. Zertako Jainkoak kreatu du gizona?

        Jainkoak gizona kreatu du harren ezagutzeko, maitatzeko, zerbitzatzeko, eta bide hortaz betiereko bizitzearen ardiesteko.

 

        6. Zoin estatutan Jainkoak kreatu zituen Adam eta Eba?

        Jainkoak Adami eta Ebari, kreatzean berean, eman zioten grazia. Graziak saindu egiten zituen eta Jainkoaren adixkide. Hala egon izan balire, zerua izanen zuten saritzat. Jainkoak ezarri zituen lurreko Parabisua deitu zen toki eder batean. Han egiazko zoriona bazuten: bazakizkaten jakin behar zituzten guziak; errextasun handienarekin jarraikitzen ziren Jainkoaren nahiari; animale guziak beren eskuko zituzten; gaitzik ez zuten pairatu behar, eta egun batez, hil gabe, zerurat gan behar zuten, Jainkoarekin eta aingeruekin betiereko batasunean bizitzeko.

 

        7. Nola galdu zuten Adamek eta Ebak zorion hori?

        Adamek eta Ebak zorion hori galdu zuten, Jainkoaren grazia galduz beren desobedientziaz.

 

        8. Erraguzu nola desobeditu zuten Adamek eta Ebak?

        Lurreko parabisuaren erdian bazen arbola bat, deitua ongiaren eta gaizkiaren ezagutzeko arbola. Jainkoak Adam eta Eba gure lehen burhasoeri debekatu zioten arbola harren fruitutik jatea, bai irakusteko oroz gaineko nausia zela, bai eta ere jakiteko heia obedituko zioten: «Jaten balin baduzue, zioten erran Jainkoak, hilen zarete.» Ez dakigu xuxen zenbat denbora Adam eta Eba egon ziren Jainkoaren debekua hautsi gabe. Bainan, egun batez, Eba parabisuan zabilalarik, debruak, sugearen itxura harturik, desobeditzerat bildu zuen. «Ez zarete hilen, zion erran, bainan bertze Jainko batzu bezala izanen zarete; ongia eta gaizkia ezagutuko ditutzue.» Hitz horiek xoraturik, Ebak fruitua hartu zuen eta jan; gero Adami eman zion, eta hunek ere jan zuen.

 

        9. Zer gaztigu izan zuten Adamek eta Ebak?

        Adam eta Eba, berze desobedientziarengatik, parabisutik kanpo igorriak izan ziren. Bertzalde, desobedientzia harrek ekharri ditu, bai lehen burhasoentzat, bai hekien ondokoentzat, arimako eta gorphutzeko gaitzak, nola: graziaren galtzea, gaizkirako jaidurak, eritasunak, heriotzea eta ifernua.

 

        10. Jainkoak gizona arbuiatu othe zuen bere bekhatuaren ondotik?

        Ez, Jainkoak ez zuen gizona arbuiatu bere bekhatuaren ondotik; bainan agindu zion Erosle edo Salbatzaile bat, MESIAS izendatua izan dena. Lau mila urthez munduak igurikatu izan du Mesias, eta duela hemeretzi mende Jainkoak eman dio munduari; Mesias da Jesu-Kristo gure Jauna.

 

        11. Zer bilhakatu ziren Adam eta Eba?

        Lurreko parabisutik atheratu ondoan, Adamek eta Ebak behar izan zuten lanean nekhatu, eta beren ogia ederki izerdituz irabazi. Bazakiten hil hehar zutela; bainan sinhesten zuten ethorriko zela Salbatzailea. Mesias ethorriko zela sinhestearekin, eta haren merezimendueri esker, salbatzen ahal ziren bai Adam eta Eba, bai hekien ondokoak. Adam eta Eba zeruan dire.

 

        12. Zoin izan ziren Adamen eta Ebaren haurrak?

        Adamek eta Ebak haurra frango izan zuten; ezagutuenak edo aiphatuenak dire Kain eta Abel. Kain, gaixtoa, lur lanetan hari zen; Abel, ona eta prestua, artzaingoan.

 

 

IXTORIOA

Kainek Abel hiltzen du

 

        Kainek Jainoari sakrifiziotzat eskaintzen ziozkan lurreko bere lehen fruituak, eta Abelek bere artaldeko lehenbiziko bildotxak. Jainkoak onhartu zituen Abelen eskaintzak, ez ordean Kainenak, zeren hunen bihotza ez baitzen garbi. Kain hainitz bekhaiztu eta hasarretu zen, eta egun batez erran zion Abel bere anaiari: «Gazen kanpo horietarat» Gan ziren; eta baztertu zirenean, Kain lotu zitzaion bere anaiari eta hil zuen. Jainkoa agertu zitzaion Kaini, eta erran zion: «Non da Abel, hire anaia?» ihardetsi zion: «Ez dakit, niri othe dago nere anaiaren zaintzea?» Eta Jainkoak bihurtzen dio: «Zer egin duk? Hire anaiaren odolaren oihua lurretik eneganaraino heldu duk. Madarikatua izanen haiz, eta beti bidez bide ibiliko haiz iheska.» Kainek oduan: «Nere bekhatua sobra handia da barkhamendurik ardiesteko», eta badoha ihesi.

        Irakaspena [1]— Jainkoak ez zion barkhatu Kaini, zeren ez baitzuen nahi izan bere hutsa aithortu, eta hartaz urrikitu.

 

        [1] Testament zahar guzia Testament berriaren itzala bezala da; eta nola gauza haren itzaletik ageri baita, nolatsukoa den gauza hura, halaber Testament zaharreko gertakariek irarasten zuten zer gertatu behar zen Testatent berrian.

 

 

        13. Adamen eta Ebaren ondokoak jarraiki ziren-a Jainkoaren legeari?

        Ez, gero eta gehiago gaixtatuz gan ziren. Emeki emeki beren Kreatzallea ahantzi zuten; ez zuten gehiago Jainkoa othoizten, ez ziren gehiago agindu Salbatzaileaz orhoitzen.

        Bazter guzietan leher egin zuen tzarkeriak. Jainkoaren maitatzeko eta zerbitzatzeko orde, gizonek, beren hitzez eta beren egintzez, ez zuten laidoztatzen baizik.

 

        14. Zer egin zuen Jainkoak, gizonak hain gaixto ikusirik?

        Jainkoak behin baino gehiagotan mehatxatu zituen hanbat hobendun ziren gizonak; bainan hauk are gehiago gaixtatzen hari ziren. Jainkoak hartu zuen orduan gizon guziak uhalde batean ithotzeko xedea. Familia bat bizkitartean, Noeren familia, ez zuen galdu nahi izan. Noe gizon zuzen bat zen, beti bere Jainkoaren alderako eginbideri jarraiki zena. Jainkoaren manuz, Noe ehun urthez haritu zen arka edo untzi handi baten egiten: han, uhaldea heldu zenean, izan behar zuen bere ihes lekua. Noe lan hortan ikusiz, jendek errexki ezagut zezaketen, Jainkoaren mehatxuak zin-zinezkoak zitazkela; halarik ere, ez ziren beren baithan sartu, bainan are gehiago lohian orhatu.

 

        15. Erran diezaguzu uhalde handi, mundu guzia hartu zuen harren ixtorioa.

        Beraz, Jainkoaren manuz, Noek egin zuen untzi handi bat, Arka deitua. Arka hartan sarrarazi zituen bere emaztea, bere hiru semeak, Sem, Kham, eta Jafet beren emaztekin, eta animale mota guzietarik pare bat. Jainkoak orduan arka hetsi zuen kanpoko aldetik, eta gero, berehala, lurraren gainerat jautsarazi zituen zeruetako uharrak. Berrogoi egunez eta berrogoi gauez, uria jautsahala haritu zuen; azkenekotz ura igan zen mendi gorenak baino puskaz gorago, eta jende guziak itho ziren, arkan zirenak salbu.

        Irakaspena.— Nola arkan zirenak baizik ez baitziren uhaldetik salbatu, hala ez dire ifernutik salbatuko Elizan direnak baizik.

 

 

IXTORIOA

Noe eta usoa

 

        Ehun eta berrogoi eta hamar egunen buruan, hasi ziren urak behititzen. Noek Arkako leihoa ideki zuen, eta bele bat kanporat igorri; bainan ez zen belea gibelat itzuli. Handik zazpi egunen buruan uso bat igorri zuen, jakiteko lurra oraino urez estalia othe zen. Usoa, ezin atzemanez zangoaren ezartzeko leihorrik, itzuli zen arkarat. Bertze zazpi egun igurikatu ondoan, Noek berritz ere airetan utzi zuen usoa; eta ethorri zitzaion arrats irian, olio-arbola aldaxka bat, hosto hezez bethea, mokoan. Hortarik ezagutu zuen Noek, urak lehengo heinerat aphalduak zitazkela. Berritz ere, zazpi egunen buruan, usoa kanporat eman zuen, bainan aldi huntan ez zen gehiago ethorri. Orduan Noek arka ideki zuen gainetik, eta ikusirik lurra idortua zela, athera zen bere familiarekin, eta atherarazi zituen han ziren animale guziak.

 

 

        16. Zer egin zuen Jainkoak uhalde izigarri horren ondotik?

        Jainkoa, uhalde izigarri horren ondotik, agertu zitzaion Noeri; zeruan irakutsi zion hortz-adar bat, eta erran: «Adixkide jartzen nauk hirekin eta hire ethorkiarekin; ez duk gehiago uhalderik izanen gizonen galtzeko. Hortz-adar hau zeruan ikusten duzuenean, orhoit zaitezte zuekilako ene adixkidantzaz.»

 

        Uhaldearen ondotik jendea ez zen aintzinean bezen luze bizi izan. Adam bizi izan zen 930 urthe; adinik handiena jo izan duen gizona, Mathusalen, bizi izan zen 969 urthe. Noe 950 urthetan hil zen. Bainan geroztik laburtuz gan zen gizonaren bizia, eta laster jautsi zen orai irauten duen heintsuraino.

 

 

IXTORIOA

Khamen ethorkia madarikatua da

 

        Noek bazituen hiru seme: Sem, Kham eta Jafet. Lur laneri emana, mahastia landatu zuen, eta arnoa egin. Edan ere zuen ausarki, ez zakielakotz oraino arnoaren indarraren berri. Hala uste gahean moxkorturik, kasik biluza etzin zen eta lokhartu. Khamek ikusi zuen nola zagon, eta hartaz trufatzeko, gan zen bere anaien bilha; banian hauk, irri eta trufa egiteko orde, gibelkaganik, kapa batekin estali zuten beren aita. Noek, atzarri zenean, jakinik zer egin zioten bere haurrek, madarikatu zuen Khamen ethorkia; Sem eta Jafet aldiz benedikatu zituen.

 

        17. Uhaldearen ondotik, gizonek hobeki obeditu othe zioten Jainkoari?

        Hastetik bai; Noeren ondokoak, uhaldetik salbatu zituen Jainkoari eskerrak bihurtu nahiz, haren legeari jarraiki ziren. Bainan gero, gaztigu izigarri hura ahantzirik, zer nahi tzarkerietan pulunpatu ziren. Gehiago dena, elgarretarik urrun munduaren lau bazterretarat gan baino lehen, beren urguilu zoroan, gu zer gare irakusteko, nahi izan zituzten egin hiri handi bat, eta dorre bat, zerua bezen gora altxatuko zena. Jainkoak gaztigatu zituen, hekien mintzaira osoki nahasiz, eta ez zuten gehiago elgar aditu ahal izan. Orduan barraiatu ziren eskualde guzietarat, beren lana hala hala akabatu gabe utzirik. Dorre hura izendatua izan zen Babel, erran nahi da nahasmendua. Bainan horiek guziak hola, ez ziren gizonak Jainkoarenganat itzuli; aitzitik, hasi ziren harrizko eta zurezko Jainko orde batzuen adoratzen, eta bilhakatu ziren uhalde aintzineko jendeak bezen tzar.

 

        18. Ahantzi zuten beraz egiazko erlisionea?

        Bai berritz ere, uhalde aintzinean bezala, guziek ahantzi zuten egiazko erlisionea. Hargatik, Jainkoak ez zuen nahi izan erlisionea osoki gal zadien munduan.

 

aurrekoa hurrengoa