www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionearen ixtorioa
Laurent Diharasarri
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Erlisionearen ichtorioa laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre baithan, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUGARREN ZATIA

 

Elizak garhaitzen ditu heretikoak

 

314garren URTETIK ETA
450garren URTHERAINO

(137 urthe)

 

        1. Nola baliatu zen Eliza Konstantinek eman zion libertateaz?

        Konstantinek eman zion libertateaz Eliza baliatu zen, Ebanjelioaren agerian goraki predikatzeko, eta paganoen konbertitzeko. Ospitaleak egin zituen eri pobrentzat, xaharrentzat, eta umexurtxentzat. Ordu artio gizonak gizona higuin zuen; ordu artio, ongi errana izan den bezala, gizona gizonarentzat otso zen. Elizak bihotzetan piztu zuen elgarrentzateko amodio miragarri bat. Horra nola zen Eliza mendekatzen pairarazi ziozkaten pertsekuzione izigarriez: Jesu-Kristo bezala ongia gaizkiarentzat bihurtuz.

 

 

IXTORIOA

Nola bizi ziren
bai paganoak bai giristinoak

 

        Paganoek ez zituzten jende beharrak eta haurrak batere laguntzen. Aitzitik, hekien legen arabera, haur herbail eta gaizki-eginak hil behar ziren. Hetxek ez baitzuten jende eria, ezindua, irabaz biderik emaiten ez zuena urrikari! holakoak nola nahi bazterrerat uzten zituzten. Eskualde guzietan, hamarretarik bederetziak esklabo ziren. Esklaboak merkatuetan erosten ziren; abreak bezala beren nausiek lanean harrarazten zituzten, eta gero, zahartu eta ezindu zirenean, zokorat artikitzen den gutieneko artarik eman gabe.

        Jesu-Kristoren erlisioneak aldiz irakusten zuen gizon guziak anaia direla, zeruko Aita beraren haur direlakotz; irakusten zuen elgar maitatu behar dugula, eta ez diotegula, bertzeri egin behar, bertzek guri egitea nahi ez ginukenik. Erlisione miragarri horri jarraikiz, lehenbiziko giristinoek berehala amodio, karitate handi bat irakutsi zuten pobre eta esklaboen aldera; emeki emeki esklaboak hainitzez gutitu ziren, eta frango lekutan ez zen gehiago bihirik gelditu; jende beharra, giristinoeri esker, lagundua eta artatua izan zen.

 

        2. Eliza luzez utzi zuten-a bakean?

        Ez, Eliza ez zuten luzez bakean utzi; pertsekuzioneak gelditu orduko, etsai berri batzu agertu zitzaizkon.

 

        3. Zer etsai izan zuen bada Elizak pertsekuzionen ondotik?

        Elizak pertsekuzionen ondotik izan zituen etsaiak ziren: heretikoak eta xismatikoak. Heretikoek sinhesten eta irakasten zituzten Jesu-Kristoren irakaspenen kontrako gauza batzu; eta aldiz ez zituzten nihola ere sinhetsi nahi Jainkoak Elizari erran diozkan, eta Elizak fedezko artikulu bezala irakasten dituen egia batzu. Xismatikoak ere Elizatik kanpo, Elizaren kontra emaiten ziren, Elizaren zuzenezko buruzagieri obeditu nahi ez ziotelakotz.

 

 

IXTORIOA

Lehen heretikoak

 

        Elizak, erlisioneko gauzetan, ez dezake hala ez denik, ez sinhets, ez irakats. Jainkoari hortaz eskerrak diotzogula! Bertzenaz zer bilhakatu behar ziren Jesu-Kristoren irakaspenak, hainbertze heretikoen solas makurren eta gezurren erdian! Ariusek zion Jesu-Kristo ez zela Jainko, bainan bakharrik gizon handi bat. Eutikesek ihandesten zion Jesus ez da gizon ez handi ez ttiki; Jesus Jainko da eta bakharrik Jainko. Bertze batek, Nestoriusek, zaasan Jesu-Kristoren baithan badirela bi presuna. Jainkoarena eta gizonarena. Bertze asko gauzetan ez ziren heretikoak xuxenago mintzo, eta ez zuten hobeki elgar aditzen. Mazedoniusen arabera, Izpiritu Saindua ez da Trinitate Sainduko hirugarren presuna, bainan xoilki aingeru bat. Bertze batek zion Izpiritu Saindua dela xoilki Aitarenganikakoa, eta ez Semearenganikakoa ere. Zonbeitek irakasten zuten debrua, Jainkoa bezala, betidanikakoa dela eta beti iraun beharra; bertze zonbeitek zioten gure arima Jainko dela, eta ez dela bekhatu orisinalik [Sortzean ekhartzen dugun bekhatua, Adamen bekhatuarengatik]. Hitz batez, heretikoek bazabilkaten zer nahi solas makur, zer nahi zorokeria asmatzen zuten. Beharrik, agindu zuen bezala, Jesu-Kristo beti bere Elizarekin baitzen eta baita, Elizaren sinhestea, Elizaren irakaspena beti garbi eta xuxen atxikitzeko!

 

        4. Nola jazarri zitzaioten Eliza heretikoeri eta xismatikoeri?

        Eliza heretikoeri eta xismatikoeri jazarri zitzaioten, eta garhaitu zituen, Jesu-Kristoren irakaspenak gero-eta hobeki argitan ezarriz; irakaspen hek goraki eta ahal bezenbat indarrekin adiaraziz, bai bere Aiten liburuen bidez, bai bere Aita Sainduen eta Kontzilio ekumenikoen sententzien [Gauza baten gainean sententzia emaitea da, gauza hura hala dela edo hula dela garbiki eta segurki erraitea] bidez.

 

        5. Nor deitzen ditutzu Elizako Aitak?

        Elizako Aitak dire gizon saindu eta jakintsun batzu, Elizaren lehen mendetan Jesu-Kristoren erlisionearen alderdia, bai hitzez, bai iskribuz, hazkarki atxiki dutenak; heki esker hainitz arimetan piztu zen fedea; Elizari beraz eman zioten hainitz haur edo ume, eta horra zertako deituak diren Elizako Aitak.

 

 

IXTORIOA

Zortzi doktor handiak

 

        Elizako zortzi Aita aiphatuenak deitzen dire oraino Elizako zortzi Doktor eta Irakasle handiak, zeren giristino legea garbiki, nasaiki eta miragarriki irakatsi baitute. Hek dire: san Athanasio, Aletsandriako aphezpikua, behin baino gehiagotan erresumatik kanpo igorria izan zena, egiazko fedearentzat zuen ezin hautsizko atxikimenduarengatik. Athanasioren izena, naski harrek egina delakotz, ekhartzen du fedezko egien bilduma eder batek.

        San Gregorio, Nazianzeko Seme, Konstantinopleko aphezpiku izan zena. Izendatu zuten teologoa [1], haren irakaspenak osoki ederrak eta segurak zirelakotz.

        San Basilio, Zesareako aphezpikua, jakitate handiko gizona, ezin gehiago ona eta samurra pobren aldera, bainan pertsekutatzaileri buruz burdina bezen gogorra.

        Jondoni Joani Krisostomo, erran nahi da, urhezko ahoduna deitua izan dena, xoragarriki mintzo zelakotz.

        San Anbrosio, Milaneko arxapezpiku, Theodosio enperadorea eskumikuz jo zuena, erran nahi da, Elizarekilako batasunetik khendu, haitz bati adar bat pikatuz khentzen zaion bezala; eta hori, zeren Theodosiok Thesalonikako hirian zazpi mila arima zuzenik gabe hilarazi baitzituen.

        San Jerome, apheza, liburu Sainduak latinerat itzuli zituena.

        San Agustin, Afrika Hiponako aphezpikua, hainitz liburu eder eta hedadura handikoak utzi dauzkiguna.

        San Gregorio Handia, aita Saindua. Hunek asko populu ekharri zituen giristino egitera. Bertzalde, san Gregoriori esker, Erromako hiria eta Italia guzia goseteak ez zituen xahutu: hari esker oraino Barbaroak [2] ez ziren Italiaz eta Erromako hiriaz beraz jabetu.

 

        [1] Teologoak dire erlisioneari behatzen zaizkon gauzetan, heien argitzeko eta xehatzeko, Jainkoak Elizaren bidez eman dauzkigun irakaspenez baliatuz, lanean hari diren gizonak. Bixtan da, hortan ere, bertze gauzetan bezala, badirela izpiritu batzu bertzeak baino erneagoak eta xorrotxagoak.

        [2] Urruntxago ikusiko da zer ziren Barbaroak.

 

        6. Erraguzu zer ziren Kontzilio ekumenikoak?

        Jadanik errana izan da, Kontzilioak direla Elizako buruzagiek egiten dituzten bilkura batzu, erlisioneko gauzen gainean elgar aditzeko, eta behar diren argiak emaiteko. Kontzilio bat ekumenikoa da, Kontzilio hartarat Aita Sainduak munduko aphezpiku guziak deitzen dituenean, eta Kontzilio harren irakaspenak bere baiaz finkatzen ditutenean. Kontzilio ekumemiko bat mintzo denean, giristino izan nahi duenak behar ditu harrek erranak sinhetsi, harrek manatuak egin.

 

 

IXTORIOA

Lehenbiziko Kontzilioak

 

        Apostoluek Jerusalemen, Jondoni Petri buruzagi, egin zuten Kontzilioaren ondotik, huna zoin izan ziren lehenbiziko Kontzilio ekumenikoak.

        — Nizeako Kontzilioa, hiru ehun eta hogoi eta bortzean (325). Kontzilio harrek kondenatu zituen Ariusen irakaspenak.

        — Konstantinopleko Kontzilioa, hiru ehun eta lauetan hogoi eta batean (381). Kontzilio harrek kondenatu zituen Mazedoniusen irakaspenak.

        — Efesako Kontzilioa, lau ehun eta hogoi eta hamekan (431). Kontzilio harrek kondenatu zituen Nestoriusen eta Pelaioren [Pelaiok zion, haurrek ez dutela sortzean Adamen bekhatuaren ondorio tzarrik batere ekhartzen, eta gizonak, bere indar xoilaz, graziaren laguntza berezia gabe, zerua irabazten abal duela] irakaspenak.

        — Kalzedoneko Kontzilioa, lau ehun eta berrogoi eta hamekan (451). Kontzilio harrek kondenatu zituen Eutikesen irakaspenak.

 

        7. Elizak zertako horrela kondenatzen zituen fedearen kontrako irakaspen guziak?

        Elizak fedearen kontrako irakaspen guziak kondenatzen zituen, lehenbizikorik, Jesu-Kristok bere hitza oso eta garbi begiratzea manatu ziolakotz, eta bigarrenekorik, arimak heretikoen gezurren bidez galtzerat ez uzteko.

 

        8. Heretikoek eta Xismatikoek ez othe diote bada Elizari kalterik baizik egin?

        Ez, heretikoek eta xismatikoek alderdi onik ere izan dute Elizarentzat. Nola gaixtagin hek hari baitziren Ebanjelioan ez zirenak han kausitu beharrez, fededunek ere arta gehiago ekhartzen zuten Ebanjelioaren ongi ezagutzeko. Elizak bertzalde garbikiago xehatzen zituen eta irakasten heretikoek ukhatu edo makurtu nahi zituzten egiak; horrela fedea argitu eta finkatu zen arimetan, eta Ebanjelioaren ezagutza lasterrago eta segurkiago hedatu zen jenden artean. Heretikoek beraz Elizaren lana errextu bezala dute; ezen Elizaren lehenbiziko lana edo egitekoa da, munduan Jesu-Kristoren irakaspenen hedatzea. Eta nola pertsekuzionek irakutsi baitzuten giristinoen erlisionea Jainkoarenganikakoa zela; halaber heretikoek jendea ekharri zuten ikustera, zonbat ederrak eta segurak ziren giristino legearen irakaspenak.

 

        9. Noiz agertu ziren lehenbiziko FRAIDEAK?

        Lehenbiziko heretikoen denbora bertsuan, hirugarren mendean, agertu ziren lehenbiziko fraideak. Orduan, erran dena, nahi zuenak erlisionea agerian eta bakean segi zezaken. Munduan sobra galbide atzematen zuten, eta Jesu-Kristori hurbilagodanik jarraiki nahi ziren giristinoak, gaten ziren bazter toki batzuetara, mortura, han, bakhartasunean, hirietarik eta gizonen builatik urrun, zerua segurkiago irabazteko. Hek izan ziren lehenbiziko fraideak. Hetarik gehienik izan zen Ejiptoan, San Antonio fraide guzien nausiaren ondotik, eta harren azpiko. Frantzian aldiz Jondoni Martin, Turseko aphezpikuak, egin zituen lehen bi komentuak, laugarren mendean.

 

 

IXTORIOA

San Antonio

 

        San Antonio, Ejiptuarra, aitoren-seme zen. Hogoi urthetan mortuan bizitzera gan zen, zituen guziak bere arrebari eta pobreri emanik. Bakharrik bizi izan zen, lehenik itsaso gorriari hurbil diren mendietan eta gero Thebaidako eremu zabal eta ixiletan. Egoitzatzat harroka zilo bat zuen; ohetzat, ihizko xareta bat; jan edantzat ogi puxka bat eta ur gazitu xorta bat; eta hauk ere ez zituen ukitzen iguzkia sartu ondoan baizik. Bainan betiereko bakhartasun hori, eta gorphutzeko gozotasun guzien eskasia hori baino hainitzez dorpheago zitzaizkon bere arimako antsiak eta hersturak. Beti munduko orhoitzapen galgarriez hartua eta unatua, beti debruaz borthizki tentatua, bere buruarekin borroka bezala lehertua hari zen; eta gudu hortan garhaitua izanen zen, ez balitz othoitzari eta penitentziari khartsuki jarraiki, eta Jainkoaren grazia berezi batek ez balu haren bihotza hazkartu eta sustatu. Ez zen erori; aitzitik, hogoi eta hamabortz urthetako, hamabortz urthez ihardoki ondoan, osoki nausitu zitzaion etsai gaixtoari; handik harat Satanek ez zaukan gehiago Antonioren lilluratzeko esperantzarik. Antonio mortuan bizi izan zen lauetan hogoi eta bortz urthez, Jainkoa adoratzen eta zerbitzatzen zuelarik. Giristinoak milaka jarraiki zitzaizkon, hura bezala bizitzeko.

 

aurrekoa hurrengoa