www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionearen ixtorioa
Laurent Diharasarri
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Erlisionearen ichtorioa laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre baithan, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUAL-HERRIKO HAURRERI

 

        Liburu hau, haur maiteak, zuentzat egina da bereziki, nahiz jende larriek ere hunen irakurtzea on luketen, arras on.

        Liburu huntan ikusiko duzue eta ikasiko Erlisionearen Ixtorioa. Ez da ixtoriorik hain ederrik, ez da hain jakin beharrik.

        Ixtorio hortaz, ondikotz, ez duzue mintzatzen aditzen zuen eskoletan, gehienetan bedere. Zuen eskoletan zer nahi irakasten dautzuete, bainan ez Jainkoak zer egin duen sei mila urthe huntan gizonentzat amodioz, eta gizonek nola ihardetsi dioten Jainkoaren ongi egineri. Ez, haur gaixoak, zazpi urthez, egunean sei orenez, egon behar duzuen eskola hetan, nihork ez du aiphatzen Jainkoa, nihork Jainkoaren Seme gizon egina, Jesu-Kristo gure Salbatzailea, nihork Eliza Katholiko gure ama saindua. Eta bizkitartean zer dakigu eta zer hari gare, ez balin badugu Jesu-Kristo ezagutzen, maitatzen eta zerbitzatzen!

        Zuetaz urrikaldurik, haur maiteak, zueri erlisionearen ezagutzeko errextasuna emaiteagatik, asko aphez lagunek ere othoiztu nautelakotz, egin dut liburu hau. Edo, hobeki erran dezadan, liburu hau ez da nik egina. Gutiz gehiena egina da Jaun Kardinale jakintsun eta khartsu batek, Murde LANGENIEUX, Frantzia Reimseko arxapezpikuak. Nik ez dut frantsesetik eskuararat itzuli baizik; eta jaun Kardinaleari zin zinez eskerrak diozkat, lan horren egiteko hain gogotik eman dautan baiarentzat [1].

        Haurrek liburu laburrak nahi dituzte. Hau laburra da; eta bizkitartean hemen aurkhitzen dire erlisionearen ixtorioko gauza premiatsuen guziak.

        Haurreri laket zaizkote galde-ihardeska ikasten diren gauzak. Liburu hau galde-ihardeska egina da.

        Haurrek ixtorioak eta sainduak maite dituzte. Liburu huntan bada hainitz ixtorio pullit eta hainitz saindu.

 

ESKUAL-HERRIKO HAUR MAITEAK,

        Har zazue beraz liburutto hau, eta maiz eskuetan ibil zazue, maiz artharekin irakur. Liburu huni esker, segur, hobeki ezagutuko duzue eta maitatuko gure erlisione saindua.

        Hala gerta bedi, haur maiteak, Jainkoaren ohoretan, zuen eta nere onetan.

L. DIHARASARRI,

Kanboko erretora.

 

        [1] Egia dena den erraiteko, plamen zolan, hitz hauk diren tokian, kausituko ditutzuen xehetasunak, guziak nere baitharik emanak ditut; ez da bihi bat jaun kardinalearen liburuan aurkhitzen.

 

aurrekoa hurrengoa