www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionearen ixtorioa
Laurent Diharasarri
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Erlisionearen ichtorioa laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre baithan, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN ZATIA

 

Jesu-Kristo gure Jaunaren bizia
eta Elizaren hastapena

(33 urthe)

 

        1. Zoin denboretan ethorri zen mundurat Jesu-Kristo gure Jauna?

        Jesu-Kristo gure Jauna mundurat ethorri zen profetek aiphatu denboretan: orduan, Jakobek bere haurreri erran ziotenaren arabera, ez zen gehiago Judaren erresumarik, eta Herodesek manatzen zuen Judean Erromanoen konduko.

 

        2. Zonbait denbora bizi izan zen Jesu-Kristo lurraren gainean, eta zonbat parte berex ditezke haren bizian?

        Jesu-Kristo gure Jauna lurraren gainean bizi izan da hogoi eta hamahiru urtheren ingurua. Haren bizian berex ditazke hiru parte: bizitze gordea, bizitze publikoa edo agerikoa, bizitze loriosa.

 

 

§ I

JESU-KRISTO GURE JAUNAREN
BIZITZE GORDEA

 

        3. Zonbat denbora iraun zuen Jesu-Kristo gure Jaunaren bizitze gordeak, eta zertako gordea deitzen da bizitze hura?

        Jesu-Kristo gure Jaunaren bizitze gordeak iraun zuen hogoi eta hamar urtheren heina. Bizitze hura gordea deitzen da, zeren hogoi eta hamar urthez Jesus Jauna gizonen begietarik urrun egotu baitzen.

 

        4. Zoin dire Jesusen bizitze gordeari dohazkon gertakaririk handienak?

        Jesusen bizitze gordeari dohazkon gertakaririk handienak dire:

        Andre-dena Mariaren Anontziazionea;

        Andre-dena Mariaren Bisitazionea;

        Jesu-Kristoren Sortzea;

        Artzainen eta Errege Magoen adorazionea;

        Jesu-Kristoren Zirkonzizionea;

        Jesu-Kristoren tenploari Presentatzea edo Ofrendatzea;

        Ejiptorat ihes egitea;

        Jesus haurraren Jerusalemeko piaja;

        Azkenekotz, Jesusen Nazaretheko bizitzea hogoi eta hamak urtheak artio.

 

        5. Konda zatzu bai Anontziazionea, bai Birjina Mariak bere kusi Elisabethi egin zion bisita.

        Herodes, Judeako errege zelarik, Nazarethen bizi zen Birjina bat, Dabiden ethorkikoa; MARIA zuen izena, eta haren aita amak ziren San Joakin eta Santa Ana. Maria ezkontzaz hitzemana zen Josep deitzen zen gizon zuzen eta jainkotiar bati. Egun batez, Gabriel aingerua agertu zitzaion, eta ezagutarazi zion Jainkoaren ama izanen zela, erranez: «Agur darotzut, o zu graziaz bethea zarena; Jauna da zurekin, benedikatua zare emazte guzien artean.» Hitz horiek ahalkez asaldaturik ezarri zuten Maria; bainan aingeruak erran zion: «Ez zaitezela batere izi; ezen grazia ardietsi duzu Jainkoaren aintzinean. Mundurat emanen duzu seme bat, Jesus izendatuko duzuna; handia izanen da, eta deituko dute guziez gaineko Jaunaren Semea.» Mariak ihardetsi zuen: «Jainkoaren zerbitzaria naiz; egina izan bekit zuk erran duzuna.»

        Eta orduantxet berean, Izpiritu Sainduaren obraz, Jainkoaren Semeak, Trinitate Sainduko bigarren presunak, gorphutz bat hartu zuen Birjina Mariaren erraietan.

        Geroxago, Andre-dena Maria gan zen bere kusi Elisabethen ikusterat , eta etxean sartu zitzaioneko, Elisabethek erran zion «Benedikatua zare emazte guzien artean. «Eta niri nondik heldu zait zorion hau? nola daiteke nere Jainko Jaunaren ama ethor dadin nere ikusterat?» Mariak ihardetsi zuen Magnificat erranez Jainkoari eskerren bihurtzeko.

 

        Mariaren bihotzetik sortua da beraz, eta Mariaren ezpainek dute lehenbizikorik adiarazi guziek dakigun, guziek kantatzen dugun othoitz eder eta gozo hori: Magnificat anima mea Dominum: Nere arimak laudatzen eta goresten du Jainko Jauna.

 

        G. Konta zaguzu Jesu-Kristoren sortzea.

        Maria bere kusi Elisabethen ikusten izan zenetik aski laster, Erromako enperadoreak nahi izan zuen jakin, zonbat jende zuken denetarat bere azpiko, eta hortarakotzat, manatu zuen bat bederak bere izena eman zezan, nondik ere baitzuen bere ethorkia, eta herri hartan berean. Maria eta Josep gan ziren Bethlemerat. Bethlemen alainanbada sortu zen Dabid erregea, eta Maria eta Josep Dabiden ethorkitik edo familiatik ziren. Tokirik ez atzemanik ostatuetan, gan behar izan zuten hiriz kanpo zen heia erdi ideki batetara. Han gauerdi gainera, Abendoaren 25ean, mundurat ethorri zen Jesu-Kristo gure Jauna. Andredena Mariak ahal bezala troxatu zuen zituen puxea txarretan, eta othalako [Menjatera edo aska] baten gainean ezarri.

 

        7. Nork jakin zuen lehen lehenik Jesu-Kristoren sortzea?

        Jesu-Kristoren sortzea lehen lehenik jakin zuten artzain batzuek eta Magoek. Artzaineri aingeruek jakinarazi zioten, Magoeri aldiz mirakuiluzko izar batek. Magoak iguzkia sortzen den eskualdetakoak ziren, eta gehienen ustez erregeak. Mirakuiluzko izarrari jarraikiz, ethorri ziren Bethlemeko etxolarat Jesusen adoratzeko, eta eskaini ziozkaten urhea, itsentsua eta mirha: urhea, errege zelakotz; itsentsua, Jainko zelakotz; mirha, gizon hil beharra zelakotz.

 

 

IXTORIOA

Errege Magoak

 

        Beraz, errege Magoak iguzki aldeko tokietan bizi ziren. Mirakuiluzko izarra ikusi zuten bezen laster, jarraiki zitzaizkon, eta ekharri zituen Jerusalemeko hirirat. Han galdetu zuten: «Non da berriki sortu den Juduen erregea? Haren izarra ikusi dugu iguzki aldeko tokietan, eta ethorriak gare harren adoratzerat.» Herodes zen orduan Juduen erregea. Nola guzien bortxarat erregetua baitzuen bere burua, bertze errege batez mintzatzen aditzearekin, bere khoroa gal beldurrez osoki ikharatu zen, eta asaldatu. Berehala aphezak eta legeko nausiak bilarazirik, galdetu zioten non sortu beharra zen Kristo. Ihardetsi zioten: Bethlemen behar da sortu, Jainkoak bere profetaren ahoz erran bezala. Herodesek orduan Magoak bereganat ekharrarazi zituen ixilka eta gordeka; galdegin zioten noiz agertu zitzaioten izarra, eta igorri zituen Bethlemera, ziolarik: «Zohazte; jakin zatzue xeheki haurraren berriak, eta kausitzen duzuenean, jakintsun egin nazazue, ezen nik ere, zuek bezala, Haur harren adoratzera gan nahi dut.» Gezurtia! Ez zuen ez Jesus Haurra adoratu nahi, bainan bai hil! Erregeak berritz bideari eman ziren; Jesus Haurra aurkitu zuten bere othalakoan, eta adoratu. Bainan aingeru batek erran zioten, ez gehiago Herodesenganat hurbiltzeko, eta bertze bide batetik itzuli ziren beren tokietarat.

 

        8. Salbatzaileak noiz jasan zuen Zirkonzizioneko zeremonia garratza, eta noiz izan zen Tenploan ofrendatua?

        Sortu zenetik zortzigarren egunean, Salbatzaileak, Moisen legeak zakharken bezala, jasan zuen zirkonzizioneko zeremonia garratza, eta orduan berean eman zioten bere izena: Jesus; Jesus, erran nahi baita Salbatzailea.

        Berrogoigarren egunean, hau ere legeari obeditzeko, Mariak bere semea Tenplorat ereman zuen, eta Aita Eternalari ofrendatu. Han, Izpiritu sainduak argiturik, Simeon deitzen zen gizon zahar prestu batek, eta Ana deitzen zen alharguntsa saindu batek, ezagutu zuten Mariaren besoetan zen Haur hura munduaren salbatzailea zela, eta bozkarioz sustatuak, hasi ziren goraki Jainkoaren laudatzen. Gero Simeonek Mariari erran zion, dolorezko ezpata batek zilatuko ziola bihotza. Gizon saindua mintzo zen Mariak, Jesus bere semearen pasionean, pairatu beharko zituen oinhazez.

 

        9. Sortu zenetik laster norat ereman zuten Jesus Haurra?

        Sortu zenetik laster, Mariak eta Josepek Jesus haurra ereman zuten Ejiptorat, Herodesen ihesi, errege tzar horrek hilarazi nahi zuelakotz.

 

 

IXTORIOA

Ejiptorat ihes egitea.— Inozenten hiltzea

 

        Magoak beraz ez ziren Herodesenganat itzuli. Ikusirik ez zirela heldu, sumindu zen erregea, eta bere gogoari eman zion, behar zituela hilarazi bi urthe iraganak ez zituzten Bethemeko eta inguruetako haur guziak. Uste zuen hola eginez hilaraziko zuela Jesus Haurra; ezen Magoen solasen arabera, bi urtheren heintsua izan behar zuken, agertu zela Jesusen sortzearen berria zakharken izar miragarria. Bainan sarraski izigarri hori Herodesek egin baino lehen, aingeru bat agertu zitzaion Josepi, eta erran zion: «Har zatzu Haurra eta ama, ihes egizue Ejiptorat, eta zaudezte han nik itzultzeko erran artio; ezen Herodesek Haurra bilhatzen du hilarazteko.» Josepek aire berean hartu zituen Jesus eta Maria, eta hekiekin gan zen Ejiptorat. Laster Herodesen soldaduak ethorri ziren Bethlemerat eta inguruetarat, eta hango haur guziak hil zituzten. Haur ttiki hek dire deitzen: inozentak.

        Herodes hil eta, berritz ere aingerua agertu zitzaion Josepi, eta manatu zion itzul zadin bere herrirat.

 

        10. Zer egin zuen Jesus-Haurrak, Ejiptotik Israelgo lurretarat ethorriz geroz?

        Ejiptotik Israelgo lurretarat ethorriz geroz, Jesus-Haurra Nazarethen egon zen bere burhasoekin; hauk erran guziak egiten zituen; handituago eta zuhurtzia eta saindutasun gehiago zuen irakusten. Hamabi urthe zituelarik, burhasoek ereman zuten Jerusalemerat; eta etxerateko denbora ethorri zenean, Jesus, burhasoen ohar gabean , hiri hartan gelditu zen. Mariak eta Josepek eskas zutela ezagutu zuteneko, auhenka bilhatu zuten bazter guzietan. Hiru egunen buruan, atzeman zuten Tenploan, doktoren erdian; eta legeko nausi jakintsun hek miretsiak zauden Haur harren solasen zuhurtziari.

        Hogoi eta hamar urthetaraino, Jesus Jauna bizi izan zen pobre; bizi izan zen othoitzean eta lanean.

 

 

§ II

JESU-KRISTO GURE JAUNAREN
BIZITZE PUBLIKOA

 

        11. Zer adinetan Jesus Jaunak hasi zuen bere bizitze publikoa, eta zonbat denbora iraun zuen bizitze harrek?

        Jesus Jaunak bere bizitze publikoa hasi zuen hogoi eta hamar bat urthetan, eta bizitze harrek iraun zuen hiru urthe, Salbatzailea hil artio.

 

        12. Zer egin zuen Jesus Jaunak hogoi eta hamar urthetan?

        Hogoi eta hamar urthetan, Jesus Jaunak Jondoni Joani Baptistaren bathaioa errezebitu zuen Jourdaingo ibaian; gero sartu zen mortuan; han barurik egon zen berrogoi egun eta gauez, eta debruak tentatu zuen.

 

 

IXTORIA

Jesu-Kristoren bathaioa

 

        Jondoni Joani Baptista, santa Elisabethen semea, bazabilan Jourdain hegiko eskualdetan, ziolarik Salbatzailea sortua zela. Eta jendea osteka heldu zen harrenganat, ibai hartako urean penitentziazko bathaioaren errezebitzeko. Jesus ere Nazarethetik ethorri zitzaion Jondoni Joaniri. Sainduak ezagutu zuen, eta oihuz hasi zen: «Huna Jainkonaren bildotxa, huna munduko pekhatuen khentzailea.» Eta gero Jesusi buruz: «Zer, erran zion, eneganat heldu zare! Bathaia zaitzadan nahi duzu, zu, ni bathaiatu behar nindukezuna!» Jesusek ihardetsi zion, hala behar zela. Eta Salbatzailea uretik ilkhitzearekin, zerua ideki zen, eta Izpiritu Saindua jautzi zen haren buruaren gainera, uso baten itxuran. Eta denbora berean, zerutikako boz bat aditu zen, zioena: «Hau da nere seme guziz maitea, hunekin da osoki nere bihotza.»

 

        Zerutikako boz hura zen Aita eternalaren boza; horrela Trinitate Saindu guzia seinale zen Salbatzailearen bathaioan. Aita Jainkoa, mintzo zena: Seme Jainkoa, bathaioa errezebitu zuena; Izpiritu saindu Jainkoa, usoaren itxuran jautsi zena.

 

        13. Zer egin zuen Jesu-Kristok mortutik atheratu ondoan?

        Mortutik atheratu ondoan, Jesu-Kristok hautatu zituen bere hamabi apostoluak, eta hasi zen Ebanjelioaren predikatzen. Ebanjelioa, hitz horrek erran nahi du Berri-Ona. Jesusek goraki zion (eta hori zen Berri-Ona) Jainkoaren Semea zela, zela Mesias edo Salbatzaile Jainkoak agindua, munduaren hastetik igurikatua eta profetek hanbat aldiz aiphatua; zion ethorria zela gizon guzien salbatzeko.

 

        14. Nola Jainko Semeak frogatu zuen egiazki Jainkoaren semea zela, eta munduaren Salbatzailea?

        Jesus Jaunak, Jainkoaren Semea eta munduaren Salbatzailea zela, frogatu zuen: 1. Irakaspenik garbienak eta ederrenak, Jainkoarenganik baizik ethor ez zitazken irakaspenak emanez, eta berak, irakaspen hekien arabera, gauza guzietan saindutasunik miragarriena irakutsiz; 2. profeten erran guziak bethez; 3. mirakuiluz leher eginez. Konparazionera; bortz ogiekin bortz mila gizon baino gehiago hazi zituen; bere nahi xoilaz eriak sendatu zituen, sendatu itsuak, elkhorrak, mutuak; hilak phiztu zituen, eta azkenean phiztu zuen bere burua.

        Beraz bi hitzez: Jesusek garbiki zion Jainkoaren Semea zela, zerutik lurrera gizonen salbatzeko jautsia, eta egiaz mintzo zela frogatzeko, mirakuiluak egiten zituen, konparazionera hilak pizten [1].

 

        [1] Mirakuilua da kreatura guzien ahalaz gaineko gauza bat, gauza bat Jainkoaren indarrak baizik egin ez dezakena. Mirakuiluak batzuetan Jainkoak egiten ditu ber-berak, nihor bitartekorik gabe; eta bertze batzuetan egiten ditu kreaturen, eta guziz sainduen bidez, heieri hartakotz behar duten indar berezia emanez.— Ebanjelio sainduan ikusten dugu nola, bertze askoren artean, hiru hil piztu zituen Jesus Jaunak.

        1. Behin, Naimgo hirixkan sartzera zohalarik, Jesusek buruz buru egin zuen hauka handi batekin. Ehorztera zaramaten alharguntsa baten seme bakharra. Ama gaixoa han zen, nigarrez urtua. Jesus Jaunak, urrikaldurik, erraiten dio: «Ez zazula nigarrik egin.» Gero kutxatik hurbiltzen da, eta ukhitzen du. Hil garraiatzaileak gelditzen dire, eta Jesusek hitz hauk adiarazten ditu: «Gizon gaztea, manatzen dautzut, altxa zaite.» Eta hila altxatzen da eta mintzatzen hasten, eta Jesusek bihurtzen dio bere amari.

        2. Bertze behin, Jaire deitzen zen Sinagogako aintzindari bat ahuspez eman zen Jesusen oinetan; eta bere alaba, hamabi urtetako nexka bat, hil urrana zuelakotz, othoizten zuen zohakion etxera, haurraren sendatzera. Salbatzailea berehala abiatu zen. Bidean zohatzilarik, Jairen zerbitzariak ethorri zitzaizkon, ziotela: «Zure alaba hil izan da. Zer balio du Nausiaren, Jesusen unaraztea?» Bainan Jesusek erran zion: «Ez izi; xoilki izan zazu sinhestea.»

        Etxerat heldu zirenean, han kausitu zuten jende multzu bat intzinaka eta marraskaz. Jesusek erraiten diote: «Zertako holako asaldadurak eta nigarrak? Nexka hori ez da hila, lo dago.» Gero bertze guziak ilkiarazirik, xoilki aita amekin eta berekin ekharri zituen hiru dizipuluekin, sartzen da hila etzina dagon barnean. Eskutik hartzen du, eta erraiten dio: «Nexka, xuti zaite.» Eta haurra, pizturik, harat hunat badabila.

        3. Bertze aldi batez, Jesus Jourdaingo ur bazterrean zelarik, Mariak eta haren ahizpa Marthak gaztigatu zioten maite zuena eri zela. Hura zen Lazaro, Mariaren eta Martharen anaia, Jesusen adixkide mina. Hiru anaia arreba horiek Bethaniako hirixkan bizi ziren; eta Bethania Jesus orduan zen lekutik urrun da, arras urrun. Jesus bizkitartean ez zen oraino bi egun hartan mugitu. Gero erran zioten dizipulueri: «Itzul gaiten Judeara; Lazaro gure adixkidea loharkatua da, eta atzartzera nohako.— Bainan, ihardesten diote dizipuluek, baldin lo badago, sendatuko da.» Ez zitzaion gogoratu heriotzeko loaz mintzo zela Jesus. Salbatzaileak erraiten diote beraz orduan garbiki: «Lazaro hila da, eta zuengatik, zuen sinhestea hazkar dadien amoreagatik, atsegin dut ez han gertaturik. Bainan orai gazen Lazaroengana.» Jesus Bethaniara heldu zeneko, bazuen jadanik lau egun Lazaro hobian zela. Nausia han zela jakitearekin, Martha biderat athera zitzaion, eta erran zion: «Jauna, zu hemen izan bazine, ez zen ene anaia hilen.» Jesusek ihardesten dio: «Zure anaia pizturen da.» Mariak ere marraskaz gauza bera erraiten dio Jesusi: «Jauna, zu hemen izan hazine, ez zen nere anaia hilen» Jesusek orduan galdetzen du: «Non emana duzue? — Zato ikustera», diote ihardesten. Jesus bera nigarrez zagon, eta Juduek zioten: «Zonbat maite zuen!» Hobia harroka zilo bat zen, leze ttiki bat iduri, eta harri batek hesten zion sartzea. «Khen zazue harria,» dio Jesusek. Harria khentzen dute, eta Jesusek, bere Aita zerukoari othoitz khartsu bat egin ondoan, boz hazkar batekin erraiten du: «Lazaro, ilki zaite hobitik.» Eta betbetan hila jeikitzen da, gorphutz guzia oihalez lotua, begitartea hil mihiseaz estalia. «Deslot zazue, dio Jesusek, eta utz ibiltzera.» Hori ikustearekin, han ziren jende gehienek sinhetsi zuten Jesus Jaunaren baithan.

 

 

IXTORIOA

Jesusen Transfigurazionea
edo itxuraz kanbiatzea

 

        Egun batez Salbatzaileak hartu zituen hiru apostolu, eta berekin mendi handi baten gainerat iganarazi. Han, othoitzean nasi zen, eta othoitzean zagolarik, bertze bat iduri bilhakatu zen. Haren begithartea egin zen iguzkia bezen distirant, haren soinekoa elhurra bezen xuri. Denbora berean, betbetan agertu ziren bi gizon, Jesusekin solasean zagozila; hek ziren Moise eta Elia. Eta zerutirako boz batek zion: «Hau da nere Seme guziz maitea, hunen erranak adi zatzue.» Hitz horiek entzutearekin, apostoluak ahuspez erori ziren. Bainan Jesusek hurbildurik ukitu zituen, eta erran zioten: «Xuti zaitezte, ez beldurrik izan.» Orduan begiak altxatu zituzten, eta berehala bazter guzietarat hedatu; bainan ez zuten nihor, Jesus beraz bertzerik, ikusi.

 

        Jesusen orduko distiradura pare gabea, ez zen bizkitartean haren Jainkotasunaten kasik pindar bat baizik; Jesusek, gutiz gehienetan, bere Jainkotasuna gordetzen zuen, gizonen ez izitzeko.

 

        15. Nola predikatzen zuen Jesus Jaunak Ebanjelioa?

        Jesus Jaunak bere Ebanjelioa predikatzen zuen bere hitzez, eta bere obrez edo egintzez. Bazabilan Palestinako hirietan eta herrietan barna. Besta handi egunetako, noiz eta ere jende guzia Jerusalemerat biltzen baitzen, hiri hartarat bazohan Salbatzailea ere, eta Tenploan adiarazten zituen bere irakaspenak. Batzuetan bazter-herri zonbaitetara gaten zen, eta nora nahi jendea osteka jarraikitzen zitzaion, haren irakaspenak entzun beharrez. Maiz bere irakaspenak emaiten zituen parabolen bidez. Parabolak dire etsenplu, edo konparantza, edo hobeki alegiazko ixtorio salbagarri batzu. Jesus Jaunak bere dizipulueri ikasi zioten othoitz eder hau: «Gure Aita zeruetan zarena, erabil bedi sainduki zure izena, ethor bedi zure erresuma, egin bedi zure borondatea, zeruan bezala lurrean ere. Egiguzu egunean gure eguneko ogia, barkha diezagutzu gure zorrak, guk gureganat zordun direneri barkhatzen diozkategun bezala, eta ez gaizatzula utz tentamendutan erortzera, bainan begira gaitzatzu gaitzetik. Halabiz.»

 

        16. Zer bizitze zaraman Jesus Jaunak?

        Jesus Jaunak zaraman bizitzerik sainduena, bizitze bat bertute guziez berregindua. Eztia zen eta bihotzez humila; pazientziarekin jasaiten zituen bai bere pobrezia, bai gizonen sorjeskeriak; guzientzat ona zen, urrikalmenduz bethea konbertitu nahi zuten bekhatorosentzat, eta hala hala garratza beren bekhatuan gogortuak zagotzinentzat. Gauza guzietan ez zuen bere Aita Jainkoaren ohorea baizik bilhatzen, eta maiz gau osoak iragaiten zituen othoitzean.

 

 

IXTORIOA

Jesus eta haur ttikiak

 

        Behin Jesus Jaunari ereman ziozkaten haur multxu bat; ttiki ttikiak ere baziren beren amen besoetan, eta amek Salbatzaileari galdetzen zioten, othoi haur ttiki hek uki zetzan bere esku sakratuez, eta benedika. Dizipuluak, ikustearekin haurrak Jesusenganat hurbiltzen, gibelatzen eta urruntzen hasi ziren frango idorki. Bainan Jesusek ez zioten hori ongi hartu, eta erran zioten: «Utz zatzue haur ttikiak nereganat ethortzerat, eta ez zatzuela urrun; ezen haurrak bezalakoentzat da zeruko erresuma.» Gero besarkatu zituen, haur dohatsu hek, eta eskuak heien buruaren gainean ezarririk, benedikatu zituen.

 

        17. Erran diezaguzu zer prediku egin zuen Jesus Jaunak mendi baten gainean?

        Egun batez, ikusirik jende oste handi bat ondotik zarraikiola, Jesus Jauna igan zen mendi baten gainerat, eta han jende guzia haren inguruan bildu zenean, mintzatu zen eta erran zuen:

        Dohatsu gogoz pobre direnak, zeren hekiena baita Jainkoaren erresuma.

        Dohaisu ezti direnak, zeren lurraz jabetuko baitire.

        Dohatsu nigarrez dagotzinak, zeren kontsolatuak izanen baitire.

        Dohatsu justiziaren gosea eta egarria dutenak, zeren aseak izanen baitire.

        Dohatsu urrikalmendutsu direnak, zeren berek urrikalmendua ardietsiko baitute.

        Dohatsu bihotza garbi dutenak, zeren Jainkoa ikusiko baitute.

        Dohatsu bakea maite dutenak, zeren Jainkoaren haurrak deituak izanen baitire.

        Dohatsu justiziarengatik pertsekuzionea pairatzen dutenak, zeren hekiena baita zeruko erresuma.

 

 

IXTORIOA

Haur prodigoaren parabola,
edo alegiazko ixtorioa

 

        Erran dugu jadanik, maiz parabolen bidez Jesus Jaunak argitzen zituela bihotzak. Huna parabola hetarik bat, irakusten daukuna zonbatetaraino Jainkoak maite dituen urrikitzen diren bekhatorosak.

        Gizon batek bazituen bi seme. Gaztenak galdegin zion aitari heldu zitzaion ondoriotasuna, eta hura harturik gan zen etxetik urrun, hainitz urrun, eta zituen guziak lagun tzarrekin garbitu zituen. Halako beharrak jo zuen, non bortxatua izan baitzen muthil jartzera nausi gogor eta zikoitz baten azpiko; eta nahiko zuen ase bederen azienda beltzen janariaz; bainan nihork ez zion emaiten. Azkenekotz bere baithan sarturik, erraiten du: «Zenbat sehiek ene aitaren etxean badute jateko ausarki! itzuliko naiz nere aitarengana, eta barkhamendu galdeginen diot.» Heldu da beraz bere aitaren etxerat; bainan, xedea zuen bezala belhauniko emaiteko astirik utzi gabe, aitak bere besoetan hartu zuen eta besarkatu; gero bazkari handi bat eginarazi zuen, ziolarik: «Bozkaria gaiten; ezen nere semea galdua zen, eta huna non atzemana den.» Seme zaharrena bizkitartean, beti aitarekin etxean prestu egon zena, damuztatua zen, heia harri baino besta gehiago egin behar zion bada aitak makur ibili zen anaiari. Eta aitak erran zion: «Ene semea, zu beti nerekin zaitut, eta nik ditudan guziak zureak dire; bainan zuzen da egin dezagun bozkariozko aphairu bat; bai egiazki: ezen zure anaia galdua zen, eta huna non atzemana den.»

 

        Haur prodigoa da bekhatorosa, Jainkoarenganik urruntzen dena, eta berritz Jainkoarenganat bere hutsen ondotik itzultzen dena; aita familiakoa da Jainkoa bera, urrikitzen den bekhatorosa bozkariorekin errezebitzen duena; Seme zaharrena da giristino on eta leiala, bekhatorosa gal-bidetarik atheratzen ikusteak loriatu behar duena; azkenekotz, bekhatoros urrikituarentzat egina den janari aberats eta nasaia da Gorphutz Saindua.

 

        18. Zer egin zuen Jesus Jaunak bere irakaspenak, bera zerurat igan ondoan, munduari ezagutarazteko?

        Beti, menderen mende, bere irakaspenak munduari ezagutarazteko, Jesus Jaunak egin edo establitu zuen Eliza.

 

        19. Nola Jesus Jaunak egin edo establitu zuen Eliza?

        Jesus Jaunak, Judu parrasta bat konbertitu zuenean, hetarik hamabi hautatu zituen eta egin Apostolu. Berekin, lekuko bezala, hiru urthez ibili zituen izan zen toki guzietan; eta bere irakaspenen gainean emaiten ziozkaten xehetasun bereziak. Erraiten zioten: «Zuek zarete munduaren argia; egun batez , zuek beharko diozkatzuete gizoneri goraki erran, nik orai zueri aphaletik erraiten dauzkitzuetanak.» Gero eman zioten buruzagi bat, zerurat igaiten zenean, bere ordeko lur huntan utzi behar zuena; buruzagitzat hartu zuen Simon eta izendatu zuen Petri [Izen horrek toki hetako mintzairan erran nahi du Harria], erraiten ziolarik: «Petri (Harri) haiz, eta harri horren gainean jarriko diat nere Eliza, eta ifernuko indarrak ez zaizkok sekulan nausituko. Alha zatzik nere bildotxak, alha nere ardiak», erran nahi da: Izan hadi nere artalde osoaren artzaina; ttikiena nola handiena, fededun xoilena nola Elizako aintzindari, aphez edo aphezpikuena. Hiri zagok guzien manatzea, hiri guziak argitzea eta irakaspen garbiez haztea. Ordutik beretik Eliza egina zen; ordutik baziren fededunak edo dizipuluak, Jesu-Kristoren baithan sinhestea zutenak; baziren hamabi Apostolu, fededuneri behar ziren irakaspenen emaiteko; bazen guzien buruzagi bat, Petri. Bizkitartean, Petrik eta bertze Apostoluek ez zuten Salbatore [Jesus Jauna zerurat izan zen eguna] egunean baizik beren Nausi Jainkoarenganik hartu, mundu guzian Ebanjelioaren predikatzeko, eta ahalaz mundu guziaren konbertitzeko manamendua.

 

        20. Zoin dire hamabi Apostoluen izenak?

        Hamabi Apostoluak dire: Simon-Petri, eta Andres haren anaia. Jakobe lehena eta Joanes; Jakobe bigarrena eta Juda; Philipe, Bartholome, Tomas, Mathiu, Simon Khanaangoa, eta Judas Izkariota, Jesus saldu zuena.

 

 

IXTORIOA

Jesusek Apostoluak deitzen ditu
eta berexten

 

        Apostolu guziak kasik arraintzale pobre batzu ziren. Egun batez, Galileako itsas hegian zabilalarik, Jesusek bi uraska edo xalupa ikusi zituen leihorrari hurbil. Hetarik batean ziren Simon, eta Andres haren anaia; arraintzan hari ziren itsasoan. Jesusek erran zioten: «Zatozte nerekin, eginen zaituztet gizon arraintzale.» Bigarren xalupan baziren bertze bi anaia, Jakobe eta Joanes, beren aitarekin; hauk beren saren antolatzen hari ziren. Jesus sartu zen Petriren xalupan, eta handik mintzatu ur hegirat bildua zen jendeari. Mintzatzetik gelditu zenean, Jakobe eta Joanes ere doitu zituen. Biek berehala utzi zituzten beren sareak, utzi zuten beren aita xalupan; eta lauak, Simon-Petri, Andres, Jakobe eta Joanes, beren xalupak leihorrerat ekharri ondoan, zituzten guziak utzirik, jarraiki zitzaizkon Jesusi.

 

        21. Juduek ezagutzarik irakutsi othe zioten Jesusi, hekien artean egiten zuen ongi handiarentzat?

        Ez Juduek ez zioten Jesusi ezagutzarik irakutsi hekien artean egiten zuen ongi handiarentzat: aitzitik, egin ahal gaizki guzia egin nahi zioten, bereziki Eskribauek eta Farisauek. Eskribauek legea irakasten zioten Judueri; bainan Salbatzaileak ezagutarazten eta frogatzen zuen, zonbat guti argituak ziren berak, eta zoin fede tzarrekoak. Farisauak, berek ziotenaz, bertzeak baino hobeki jarraikitzen ziren legeari; bainan gehienak faltso batzu ziren, urguiluz hanpatuak eta zikoitz errabiatuak; jendea enganatzen zuten beren erlisione itxuraz. Jesusen irakaspenak hastio zituzten, zeren baitzion ez zirela maitatu behar mundu huntako aberastasunak, atseginak eta bertze gainerateko ontasunak. Etsai herratsu hek maiz laidoztatu zuten Salbatzailea, harrikatu ere zuten, eta azkenekotz gogoari eman zioten behar zutela hilarazi.

 

 

IXTORIOA

Jesus Jaunaren Jerusalemen sartzea

 

        Aphez nausiek eta Farisauek biltzar bat egin zuten Jesusez mintzatzeko, eta han zioten: Gizon horrek mirakuilu hainitz egiten du; aintzina hola segitzerat uzten badugu, guziek harren baithan sinheste hartuko dute. Egun hartarik harat, ez zuten gehiago gogoan izan gauza bat bakharra baizik: Jesusen hilaraztea. Eta horra zergatik Salbatzailea, bertze eskualde batera, Efrem deitzen zen hiri batera gan zen eta han bere dizipuluekin egon. Bada aphez nausiek eta Farisauek manatu zuten, Jesus non zen zakiten guziek sala zezaten eta jakinaraz; uste zuten hola harrapa. Gaizoak, nahiz gaixtoak! Bainan, mundu hunen uzteko denbora hurbildu zitzaionean, Jesus bera gan zen Jerusalemerat. Bidean Jerikoko itsua eta bertze bi itsu sendatu zituen. Jerusalemen sartu zen astaina baten gainean, profeten erranen arabera , eta populu guzia lasterka biderat athera zitzaion, ziolarik oihuz: «Hosanna! Benedikatua izan bedi Jaunaren izenean heldu dena:» Eta Jesusek orduan ezagutarazi zioten, hanxe laster funditua eta suntsitua izanen zela Jerusalemeko hiria; zonbait egunez gero agerian bere irakaspenak eman ziozkan populuari; bainan ez zitzaion nihor lotzerat atrebitu. Arte hortan tratuan hari zen Judas aphez nausiekin; hitz eman zioten, hogoi eta hamar diru puskentzat salduko ziotela, eta eskuetarat emanen bere nausi Jainkoa.

 

        22. Zer egin zuen Jesu-Kristo gure Jaunak hiltzeko bezperan?

        Gauza guziez jakintsun zen Jesus Jaunak, bazakien Juduek hilarazi behar zutela. Bainan lurra utzi baino lehen, nahi izan zuen Gorphutz-Sainduko sakramendua establitu. Ortzegunarekin zen, arrats aphalean; Jesus Jauna bere dizipuluekin gan zen Bazko bildotxaren jatera, erran nahi da Juduen Bazkoaren egitera. Mahainean zirelarik, hartu zuen ogia, benedikatu zuen, eta eman zioten Apostolueri, ziolarik: «Har zazue eta jan; hau da nere gorphutza.» Hartu zuen gero arnoa kalitzan [Edateko untzia], eta erran: «Har zazue eta edan; hau da nere odola: hau egizue ene orhoitzapenetan.»

 

 

IXTORIOA

Jesusek aintzinetik adiarazten du
Judasek salduko duela

 

        Jesus Jauna, bere apostoluekin azken afariaren egiten hari zelarik, betbetan lotsatu zen eta asaldatu, eta erran zioten: «Egiazki, egiazki, zuetarik bat bada, nere etsaien eskuetarat emanen nauena: gauza hori aintzinetik dautzuet ezagutarazten, amoreagatik eta, gertatzen denean, jakin dezazuen nor naizen.» Joanesek galdegin zion: «Nor da hura Jauna?» Jesusek ihardetsi zion: «Nori ere emanen baitiot ogi bustia, eta hura da.» Eta ogia bustirik, eman zion Judasi, erranez: «Egin gogo duzuna, egizu ahalik lasterrena.» Eta Judas ilki zen, Jesus bere etsaien eskuetarat emaiteko. Gaua zen.

 

        23. Erran diezaguzu Jesus Jaunaren Pasionea [Jesus Jaunak pairatu zituenak].

        Bere apostoluekin azken afaria egin ondoan, Jesus Jauna ilkhi zen hekiekin eta gan Olibetako [Oliba deitzen da bai olioa emaiten duen fruitua, bai fruitu hura dakharken arbola] mendi hegalean aurkhitzen zen baratze batetara; toki hartan othoitz egitea laket zuen. Han, ikusirik zer oinazeak behar zituen jasan, eta gizonek zonbat bekhatu eginen zuten, lazduraz eta antsiaz erori zen hagoniarik izigarrienean. Odolezko izerdi bat jauzi zitzaion gorphutz guzitik, eta ahuspez emanik, bere Aita zerukoari othoitz hau egin zion: «Ene Aita, izurrite hau urrun bedi nereganik, egin ahal baditake. Bizkitartean, egin bedi zure nahia eta ez nerea.» Hainbertzenarekin, aingeru bat zerutik jautsi zitzaion, kontsolatzeko eta hazkartzeko. Handik laster Judas agertu zen, gizon tropa handi baten aintzinean; gizon hek makilekin eta ezpatekin ziren. Jesus hartu zuten eta ereman Anas, Kaifas aphez handiaren aitari-arreba zenaren aintzinera. Anasek igorri zuen Kaifasenganat, eta Kaifasek hiltzera kondenatu zuen, gezurrezko lekukotasunen gainean. Apostolu guziek ihes egin zuten, eta Jesusek erran bezala, Petrik hiru aldiz ukhatu zuen. Kaifasen etxetik Jesus Jauna ganarazi zuten Pontzio Pilatusen aintzinera. Hunek orduan manatzen zuen Judeako eskualdean Erromanoen konduko Pilatusek ikusi zuen Jesusek ez zuela deusetan ere hobenik, eta libratu nahiko zuken bainan beldur zen hori Juduek gaizki har zezaten. Egin zuen guzia beraz, izan zen eskuen garbitzea, irakusteko garbi nahi zuela Jesusen odoletik. Salbatzailea, Pilatusen manuz, azotez zehatu zuten; gero buruan elhorrizko khoro bat ezarririk, zer nahi laido egin zioten, thuka, joka, eskarnioka. Nahiago izan zuten Jesus baino Barrabas, heriotzeak egina zen ohoi bat, libratu. Azkenekotz Pilatusek ere Jesus hiltzera kondenatu zuen. Eremanarazi zuen, bere gurutzea bizkarrean, Golgota edo Kalbarioa deitua den mendiaren gainera.

        Han Jesus bi ohoinen artean gurutzefikatu zuten, erran nahi da eskuak eta zangoak itzatu ziozkatela gurutze bati. Eta halarik ere Jesus othoitzean hari zen bere etsai eta hiltzailentzat, ziolarik: «Ene Aita, barkha zozute, ezen ez dakite zer hari diren.» Jesus hiltzearekin, iguzkia goibeldu zen, lurra ikharatu, hobiak ideki ziren, hilak piztu. Ortziralearekin zen, arratsaldeko hiru orenetako heinean. Jesus jadanik hila zelarik, soldadu batek lantza [Burdin zorrotz bat haga baten puntan] batez bihotza zilatu zion; gero, Salbatzailearen gorphutza, hil mihisean estalirik, ezarri zuten hobian; eta Jesusen etsaiek erran zituzten soldaduak hobi harren zain, orhoitzen zirelakotz hitzeman zuela hirugarren egunean piztea.

 

 

IXTORIOA

Maria gurutzearen oinetan

 

        Andre-dena Maria, Jesusen Ama, bere Semeari jarraiki zitzaion gurutzearen ondoraino. Han zagon, Jesus azken hatsetara hari zelarik, Jondoni Joani Apostoluarekin, bihotza erdiratua, bainan xutik. Hil baino lehen, Jesusek behatu zion bere Amari, eta erran zion amultsuki, Jondoni Joaniz mintzo zelarik: «Huna zure Semea.» Erran zion gero Jondoni Joaniri, mintzo zelarik Mariaz: «Huna zure Ama.»

 

        Gurutzearen ondoan, Jondoni Joani giristino guzien ordain bezala zen; beraz Andre-dena Mariak guziak bere haurtzat hartu gaitu, eta guk behar dugu Maria amatzat atxiki, eta ama bat bezala maitatu.

 

        24. Zonbat egunez Jesus egon zen hobian?

        Jesus Jauna hobian egon zen hiru egunez, erran nahi da ortzirale arratsetik eta igande goizeraino; gero piztu zen bizitze berri baten hasteko, Jesusen bizitze loriosa deitzen duguna, eta bizitze harrek menderen mende iraunen du.

 

 

§ III

JESU-KRISTO GURE JAUNAREN
BIZITZE LORIOSA

 

        25. Zoin dire Jesus Jaunaren bizitze lorioseko gertakaririk miragarrienak?

        Jesus Jaunaren bizitze lorioseko gertakaririk miragarrienak dire: Salbatzailearen Piztea eta haren Zerrurat Igaitea.

 

        26. Konda diezaguzu Jesus Jaunaren Piztea.

        Bi egun hartan hobian zen Jesusen gorphutza. Hirugarren egunaren hastean, Salbatzaileak, bere indar xoilaz, berritz batetaratu zituen bere arima eta gorphutza, eta lorios ilki zen hobitik. Aingeru batek, zerutik ethorririk, irauli zuen hobiko harria, eta jarri zen harri harren gainean. Aingeru harren distiradura ikustearekin, ikharatu ziren han, hobiaren zain, zagotzin soldaduak, erdi hilak lurrerat erori ziren, eta gero, bere baitaratu zirenean, gan ziren ihesi.

 

 

IXTORIOA

Jesus Jauna agertzen zaiote
emazte Saindueri

 

        Bazko igande goizean, argi urratzean, zonbait emazte saindu gan ziren Jesus Jaunaren ehortz lekurat. Ez baitziren guti harritu, ikusirik hobiko harria amildua, eta harri harren gainean jarria aingeru bat, iguzkia bezen distirant! Aingeruak erran zioten: «Ez zaiteztela izi; badakit gurutzefikatua izan den Jesus Nazaretakoa bilhatzen duzuela. Bainan zertako hilen artean bilha bizi dena? Ez da hemen; piztu da, berak erran zuen bezala. Zohazte laster dizipulueri eta bereziki Petriri erraitera, Jesus hilen artetik jeiki dela.» Eta emazte hek lorietan dizipuluenganat zohatzilarik, huna non betbetan Jesus agertzen zaioten, eta erraiten diote: «Agur darotzuet.» Berehala emazte saindu hek ahuspez ezartzen dire, eta Jesusen oin sakratuak besarkatzen dituztelarik, adoratzen dute.

 

        27. Jesus Jauna zerurat igan zen-a piztu ondoan, berehala?

        Ez, Jesus Jauna ez zen zerurat igan piztu ondoan berehala. Lurraren gainean egon zen oraino berrogoi egun, bere dizipulueri agertzeko, Apostoluak hobeki argitzeko, eta hauki egiazki piztu zela garbiki eta nasaiki frogatzeko.

 

        28. Zer egin zuen Jesus Jaunak berrogoi egun hetan?

        Berrogoi egun hetan Jesus Jaunak egin edo establitu zuen penitentziazko sakramendua, noiz eta ere erran baitzioten Apostolueri: «Errezebi zazue Izpiritu Saindua. Bekhatuak barkhatuak edo khenduak izanen zaizkote, zuek barkhatzen edo khentzen diozkatzueteneri; eta aldiz atxikiak edo utziak, zuek atxikitzen edo uzten diozkatzueteneri.» Hau ere erran zioten: «Zonbait egunen buruan Izpiritu Saindua jautsiko da zuen baitara; emanen dautzuete beharko duzuen indarra nere lekuko izaiteko, nere izenaren hedatzeko bazter guzietan.»

 

 

IXTORIOA

San Tomasen fede eskasa

 

        Tomas, hamabi Apostoluetarie bat, ez zen han bertzekin, Jesus agertu zitzaiotenean. Lagunek erran zioten: «Guk ikusi dugu Nausia.» Bainan ez zuen sinhetsi nahi. «Ez, ez, zion Tomasek, non ez ditudan nere begiz itzek egin ziloak ikusten, non ez dudan erhia ezartzen itzen tokian eta eskua sartzen haren sahetseko zaurian, ez dut sinhetsiko.» Handik zortzi egunen buruan, dizipuluak toki hartan berean bilduak ziren, eta Tomas ere heiekin. Atheak hetsiak zagotzilarik, Jesus agertzen zaiote beren erdian, eta erraiten diote: «Bakea dela zuenkin.» Gero bere zauriak Tomasi irakusten diozka, dioelarik: «Ekhar-ak hunat hire erhia, eta ikus zatzik nere eskuak. Hurbil hadi oraino, ema-ak hire eskua nere sahetsean, eta ez hadiela izan gehiago sinhets gogorra, bainan bai fede bizikoa.» Tomasek ihardetsi zion: «O ene Jauna eta ene Jainkoa.» Erran zion Jesusek: «Tomas, sinhetsi duk ikusi naukalakotz; dohatsu ikusi gabe sinhesten dutenak.»

 

        29. Konda diezaguzu Jesus Jaunaren Zerurat Igaitea.

        Piztu zenetik berrogoi egunen buruan, Jesus Jaunak bere dizipuluak ereman zituen Olibetako mendiaren gainerat. Han erran zioten Apostotolueri: «Bothere osoa emana izan zait zeruan eta lurraren gainean. Bothere harren ariaz, igortzen zaituztet neroni nere. Aitak igorri nauen bezala; zohazte beraz, nazione guzieri irakats zozuete Ebanjelioa; bathaia zatzue Aitaren eta Semearen eta Izpiritu-Sainduaren izenean; irakats zozuete nik eman dauzkitzuetan manamendu guzien begiratzen. Sinhetsiko duena eta bathaiatua izanen dena, salbatuko da; sinhesten ez duena aldiz, galduko. Eta ni zuenkin izanen naiz beti, azken mendetaraino.» Gero eskuak altxaturik, benedikatu zituen. Eta benedikatzen zituelarik, bere indar xoilaz, lurra utzirik zerurat airetan abiatu zen, eta gan. Han, zeruan, Jainkoaren eskuineko aldean jarria dago; handik ethorriko da azken egunean bizien eta hilen jujatzerat.

 

        30. Zer erran nahi dute Jesus Jaunak, zerurat igaiteko heinean, bere Apostolueri adiarazi ziozkaten solas horiek?

        Hitz hauk: Nere Aitak igorri nauen bezala, igortzen zaituztet, erran nahi dute: Salbatzaileak, Apostolueri eta hekien ondoko zuzeneri, eman diotela berak bere Aitarenganik zuen predikatzeko eta irakasteko kargu eta dretxo bera.

        Hitz hauk: Nazione guzieri irakats zozuete Ebanjelioa, erran nahi dute; Apostoluek bazutela gizon guzieri, nazione guzieri Ebanjelioaren predikatzeko zuzena eta eginbidea, eta zuzen eta eginbide berak dituztela Apostoluen ondokoek.

        Hitz hauk: Sinhesten ez duena kondenatua izanen da, erran nahi dute norbeitek ez baditu onhartu nahi Apostoluen eta hekien ondokoen irakaspenak, ez dela hura zeruan sartuko.

        Azkenekotz hitz hauk: Eta neroni zuenkin izanen naiz beti, azken mendetaraino, erran nahi dute: Jesus Jauna beti bere Elizarekin dela, beti bere Eliza argitzen eta gidatzen duela, eta hala eginen duela munduaren akabantzaraino.

 

aurrekoa hurrengoa