www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erlisionearen ixtorioa
Laurent Diharasarri
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Erlisionearen ichtorioa laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre baithan, 1890.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN ZATIA

 

Jainkoaren populuak
erregeak buruzagitzat izan zituenetik
eta Jesu-Kristoren sortzeraino

(1080 urtheren heina)

 

        1. Zoin izan ziren Israeldarren erregerik handienak?

        Israeldarren erregerik handienak izan ziren Dabid eta Salomon.

 

        2. Erran diezaguzu zer egin zuen Dabidek?

        Dabid Judaren tribukoa zen. Tribu hartarik Jakoben erranaren arabera, sortu behar zuen Salbatzaileak. Gauzarik aiphagarrienak egin zituen Dabidek. Hartu zuen Jerusalemeko hiria, eta harat eremanarazi alientziako arka. Inguruetako eskualde guziez jabetu zen. Nahi izan zuen Tenplo bat egin Jainkoaren ohoretan; bainan Jainkoak garbiki erran zion, haren semeak egin beharra zela lan eder eta saindu hura. Erran zion ere, haren ethorkitik sortuko zela munduaren hastapenetik agindua zen Mesias edo Salbatzailea. Handik aintzina Israeldarrek Mesias deitu zuten: Dabiden Seme Erregea. Ez zen sekulan ikusi Dabid bezen errege botheretsurik. Bainan, hoinbertze zorionen erdian, galdu zen, itsuskeria eta tzarkeria batzu egin zituen, eta Jainkoak gaztigatu zuen garrazki. Dabid urrikitu zeu bere hutsez, eta zer nahi nigar hekientzat eginik, bihotza Jainkoarekin, baketua hil izan zen hiruetan hogoi eta hameka urthetan. Dabidek eginak dire egungo egunean ere gure elizetan kantatzen diren psalmu gehienak.

 

 

IXTORIO

Absalon

 

        Huna bere bukatuengatik, Dabidek jasan behar izan zuen bihotz minik zorrotzena eta khiretsena: Absalon bere semea kontra altxatu zitzaion. Haur eskergabe harrek harmada handi bat bildu zuen, bere aitari erregetasuna khendu nahiz. Aitak gudukatu behar izan zuen bere semearen kontra. Absalonen tropak xehakatu zituzten Dabiden tropek; seme dohakahea ihesari eman zen. Bainan haitz baten azpitik iragaiten zelarik, buruko ile luzeak nolazpeit adarreri lotu zitzaizkon: azpian zuen mandoa aintzina gan zen, eta bera han itetarik dilindan gelditu. Norbeitek ikusi zuen, eta ethorri zen Joab deitzen zen, Dabiden tropetako aintzindari bati erraitera. Nahiz Dabidek debekatu zuen Absalonen hiltzea, Joabek bihotza erdiratu zion. Hori jakin zuenean, Dabid marrazkaz abiatu zen, eta ez ziren berehalakoan agortu haren nigarrak.

 

 

        3. Erran diezaguzu zer egin zuen Salomonek?

        Salomon Dabiden semea zen. Zuhurtzia berezi bat irakutsi zuen bere erresumako harat-hunat guzietan; bazuen lehia handi bat bakotxari bere zuzenaren emaiteko eta emanarazteko: Salomonek egin zuen Dabidek egin gogo izan zuen tenploa; lan hartan hiru ehun mila langile baino gehiago haritu ziren zazpi urthez. Akabatu zenean, jendea ihaurrika bildu zen alde guzietarik, eta Salomonek Jainkoari kontsekratu zion tenplo miragarri hura. Othoitz eder luze bat egin zion Jainkoari, eta gero xutiturik benedikatu zuen bere populua. Dabidek baino are zorion gehiago izan zuen Salomonek; bainan hunek ere bekatu handiak egin zituen, eta handiena, jainko faltsoen adoratzea. Jainkoak Salomonen gaztigatzeko, erran zion hura hil eta haren erresuma ez zela osorik geldituko, bainan izanen zela zatitua.

 

 

IXTORIOA

Nola hauzi bat xuritu zuen Salomonek

 

        Behin, etxe berean zagotzin bi emazteki gan zitzaizkon Salomoni, eta batek erran zion: Baginuen bakotxak haur bana; emazte huni hil zaio bere semea, eta lo nindagolarik ethorri zait, eta ene semea harturik, haren orde bere semearen gorphutza utzi daut.» Bertze emazteak ihardesten zuen: «Hori ez da egia; nere haurra bizi da, eta zurea da hila.» Eta biak kasaila gorrian hari ziren, eta lekukorik ez zen. Salomonek aditzen ditu bien erranak; gero, jakiteko zoinena zen haur bizia, ekhararazten du ezpata bat, eta erraiten diote bere zerbitzarieri: «Pika zazue erditik haur bizia, eta erdi bana eman emazte bakotxari.»

        Ama ez zenak dio orduan: «Bai, ongi hori; parti dezatela bien artean; hala ez da ez batena, ez bertzearena izanen.» Bainan egiazko ama kasik aldi-txartzen da, eta nigarra begian erraiten dio erregeri: «Jauna, ereman beza hunek haur bizia; bainan, othoi, ez hil.» Bazakien orai Salomonek jakin nahi zuena, eta erraiten du: «Emozue haur bizia emazte huni; ezen hau da egiazko ama.» Israelgo populuaren artean laster hedatu zen gertakari horren berria, eta guziek miresten zuten, zer zuhurtzia handiaz Jainkoak dohatu zuen Salomon, zuzenari bere bidearen emateko.

 

        4. Nola zatitua izan zen Salomonen erresuma?

        Salomon hil eta laster, hamabi tributarik hamarrek ez zuten Roboan haren semea erregetzat nahi izatu, eta Jeroboam buruzagitzat hautaturik, egin zuten berex Israelgo erresuma. Bertze bi tribuak aldiz, Judarena eta Benjaminena, egon ziren Roboamen azpiko, eta egin zuten Judako erresuma.

 

        5. Bi erresuma horietan zointarik sortu behar zuen Mesiasek?

        Mesiasek sortu behar zuen Judako erresumatik, Jakobek bere semeri hiltzerakoan erran ziotenaren arabera.

 

        6. Erran diezaguzu laburzki Israelgo eta Judako erresumen ixtorioa.

        Judako eta Israelgo erresumek, biek iraun zuten bat bertzearen aldean, Israelgoak 244 urthe, Judakoak 375 urthe. Nahiz Judako erresuman ez ziren bi tribu, baizik, Israelgoa baino hazkarragoa zen; jende gehiago zuen, eta lurrak ere hobea zituen. Judako hiri nausia zen Jerusalem, Israelgoa Samaria. Israelgo erregetasuna ez zen familia berean egon, bederatzi familiek ardietsi zuten aldizka; Judako errege guziak aldiz Dabiden familiatik izan ziren. Israelek ez zuen kasik errege tzarrik baizik izan; erresuma hori, Jainko egiazko ahantzirik, zer nahi itsumendutan pulunpatu zen. Judako erregetan aldiz izan zen asko jainkotiar eta populua ez zen sekulan bide onetik osoki eta alde bat zeihartu. Judako erregerik hoberenak izan ziren Josafat eta Ezekias: Israelgo tzarrena Akab.

 

 

IXTORIOA

Judithek bere populua libratzen du

 

        Frangotan Judako eta Israelgo erresumeri jazarri zitzaizkoten hauzoko nazioneak, eta kalte hainitz egin zioten. Behin, Holoferne deitzen zen Asiriarren jeneral batek, setiatu zuen Bethuliako hiria. Hiriko jendeak, jatekorik ez izanez, hersturarik izigarrienean gertatzen ziren; eta hitzeman zuten, baldin bortz egunen barnean laguntzarik heldu ez bazitzaioten, atheak idekiko zituztela. Ikusirik laguntzarik ez zela ageri, alarguntsa saindu bat, Judith, hiritik atheratu zen, eta, xoil xoila bere neskatoarekin, gan zen Holofernen soldaduen artera. Emazte ederra zen, eta ederki aphaindua. Soldaduek hartu zuten eta Holoferni ereman. Huni, Judithen solasetarik, iduritu zitzaion Bethuliatik urrundua zela hango herstura ezin jasanez. Bertzalde gustatu zitzaion; manatu zuen beraz utz zezaten nahi zuen bidetan ibiltzera, eta berak bere mahainean jarrarazi zuen. Aphairu nasaia zen; moxkortu zen Holoferne, eta bere soldaduek ohe gainerat ereman behar izan zuten. Soldaduak ilki zirenean, ez ziren Holofernekin gelditu Judith eta bere neskatoa baizik. Judithek orduan Jainkoari othoitz khartsu bat egiten dio; gero hartzen du Holofernen ezpata, burua pikatzen dio, ezartzen du zaku baten barnean, eta etsai guzien artetik itzultzen da Bethuliarat. Nork erran hiriko jenden bozkarioa? Berehala atheratzen dire Asiriarren kontra. Asiriarrak, ohartzen direnean jenerala hil diotela, harritzen dire eta ikharatzen; badohatzi ihesi, zituzten guziak han utzirik.

        Irakaspena.— Judithek Holoferne bere populuaren etsaiari burua pikatu zion; halaher Maria Birjina Sainduak burua lehertu dio ifernuko sugeari, gizon guzien etsaiari.

 

        7. Zoin izan zen Israeldarren azken gaztigua?

        Judako erresumaz bezenbatean, Nabukhodonosor, Asiriako erregeak, Jerusalemeko hiria funditu zuen eta suntsitu; tenploa erre zuen, eta populu guzia preso ereman Babiloneko eskualdera. Israelgo erresuma 130 urthe lehenago desegin zen eta akabatu; Ose, Israelgo azken erregea, bere populuarekin preso ereman zuten Ninibeko eskualdera.

 

 

IXTORIOA

Tobias

 

        Judako erresumatik Niniberat preso ereman zituzten jendetan bazen gizon saindu bat, Tobias deitua. Haur haurretik prestua izana zen; sekulan ez zituen jainko faltsoak adoratu nahi izan, eta behar zen tenoretan gaten zen Jerusalemerat, egiazko Jainkoaren bere tenploan adoratzeko. Niniben ere urrats bereri jarraikia zen. Bazabilan beti bertze Judatarren ikusten eta kontsolatzen; nasaiki laguntzen zituen bere ahalaren arabera; eta, nahiz erregek debekatua zen, hilak ehorzten zituen. Egun batez, pareta baten aldean lo zagolarik, xori ongarria erori zitzaion ohatze batetik begietara, eta itsutu zen: bainan horrengatik ez zuen gutiago Jainkoa maitatzen eta benedikatzen. Ustez laster hil behar zuen, bere semea ondorat ekharrarazi zuen, eta eman ziozkan sainduki bizitzeko irakaspenik hoberenak. Erran zion gero, bazuela hunenbertze diru denboraz prestamuz emana Gabelus, Rageseko hirian zagon Israeldar bati, eta zohakola diru harren galdetzera. «Aita, dio ihardesten gizon gazteak, ekharria naiz zuk erran guzien egitera; bainan ez dut ezagutzen ez Gabelus ez Rageseko bidea.— Zohazi beraz, dio aitak, bidea irakutsiko dautzun norbeiten bilha.» Ilkitzen da gizon gaztea; eta buruz buru egiten du iduriz bideari lotzera dohan bertze gizon gazte batekin; aingeru bat zen. Galdegiten dio Tobias semek, badakien-ez Tageseko bidea. «Bai, du ihardesten aingeruak, eta Gabelus ere ezagutzen dut:» Lorietan sarrarazten du Tobias gazteak bere etxean. Aingeruak hitzemaiten dio Tobias zaharrari ongi zainduko diola semea, eta gibelat ekharriko. Eta ahalik lasterrena bideko behar zituztenak harturik, badohatzi bi gizon gazteak. Hainitz ongi egin zuten beren joan-jina. Egun barez, Tobias gaztea Tigreko ur handian zangoen garbitzen hari zelarik, arrain izigarri bat athera zitzaion eta iresterat abiatu; oihuka hasi zen Tobias. Aingeruak erran zion orduan: «Har zazu arrain hori hegatsetarik, eta ekhar ur hegirat. Khen-zotzu bihotza, hera eta mina, eta altxa zatzu; on dire begietako gaitzen sendatzeko.»

        Etxerat itzuli zirenean, Gabelusek zor zuen dirua harturik, Tobias semek aitari begiak gantzutu ziozkan arrainaren minarekin, eta berehala sendatu zitzaizkon. Tobias orduan nahi izan ziozkan aingeruari bere ontasunen erdia eman, harrentzat eta haren semearentzat egin zituenen sari. Bainan ihardetsi zion: «Ni Rafael aingerua naiz; Jainkoak zuregana igorri nau, zure bizi guzian ongi zerbitzatu duzulakotz.» Eta hitz horiek erraitearekin, bixtatik gan zitzaioten.

        Irakaspena.— Oxala baginu Tobiasen konfidantzia Jainkoaren aldera, haren karitatea lagunaren aldera! Tobiasen ixtorioak irakasten dauku, Jainkoak bere zerbitzari onak beti sariztatzen dituela.

 

        8. Zer egin zuten Israeldarrek, Baliloneko eskualdean preso zagotzilarik?

        Israeldarrek ezagutu zuten eta aithortu Jainko ofentsatu zutela, eta hartakotz zirela hala gaztigaturik. Barkhamendu galdegin zioten, eta geroztik Salbatzailearen beha zagotzin; Salbatzaillea deitzen zuten ahal bezen khartsuki, eta heien bihotzetan ez zen bertze gutiziarik. Bizi ziren Jainkoaren legeari osoki jarraikiak, othoitzari emanak; beren hitziez eta egintzez, toki hetako jende sinheste gabekoari ezagutarazi zioten egiazko Jainkoa; eta hekieri esker, hainitz bazterretan hedatu zen munduaren Salbatzailea laster sortu beharra zelako sinhestea.

 

 

IXTORIOA

Daniel eta haren hiru lagunak

 

        Babilonen preso zauden Israeldarretan ziren Daniel eta haren hiru lagun. Nabukhodonosor erregeak eginarazi zuen bere potret bat, urhezkoa, eta nahi zuen jende guziek ahuzpez emanik adora zezaten. Danielek eta haren lagunek ez zuten holakorik onhetsi, ziotelarik, ez zela egiazko Jainkoa baizik adoratu behar. Erregea hasarretu zen, eta hiru gizon gazteak artikarazi zituen sutan zen labe batetara. Bainan ordu berean aingeru bat jautzi zitzaioten zerutik, eta su lamak bazterreraturik, igorri zioten haize goxo bat eta ihintz ezti bat. Suak ez ziozkaten soinekoak berak den gutienekorik ukitu; hala hala erre eta suntsitu zituen gizon gazteak loturik zauzkaten sokak; eta hiruak han zabiltzan bozik kharraren erdian, Jainkoa laudatzen eta benedikatzen zutela. Ikusgarri horren berria jakin zuenean, erregek gizon gazteak labetik atherarazi zituen, eta debekatu zuen handik harat Israeldarren Jainkoaren kontra mintzatzea.

        Gauza bertsua gertatu zitzaion Danieli. Erregek hainitz maite zuelakotz, bekhaizti zituen erregeren ondoko gizonak.

        Egun batez beraz, gezurrez hobendatu edo akusatu zuten, eta erregek, nahiz ongi gogoaren kontra, kondenatu zuen lehoinek jatera, eta lehoinak zauzkaten zilo handi batera artikarazi. Bainan Jainkoak mirakuilu batez salbatu zuen bere zerbitzaria. Lehoinek ez zioten den gutieneko minik egin Danieli; hantxet zagon gozo-gozoa hekien erdian jarria. Gauza miragarri hori jakin zuenean, errege oihuka hasi zen: «Zoin handia zaren Danielen Jainko Jauna! zoin handia zaren!» Daniel lehoin zilotik atherarazi zuen, eta haren orde harat artikarazi zituen haren etsaiak. Hauk, agertu bezen laster, jan zituzten lehoinek.

 

        9. Jainkoak onhartu zuen-a bere populuaren urrikia?

        Bai, Jainkoak onhartu zuen bere populuaren urrikia. Hiruetan hogoi eta hamar urtheren buruan, Jerusalemerat itzularazi zituen Israeldarrak eta han berritz egin zituzten beren hiria eta beren teknploa.

 

 

IXTORIOA

Esther

 

        Ez ziren bizkitartean Judu guziak Jerusalemerat itzuli; zonbait familia gelditu ziren Asirian, hala nola Mardokeren familia. Mardokek bazuen iloba bat Esther deitua, hainitz ederra eta prestua. Asuerus erregeak hartu zuen andretzat. Erregeren lehen ministroa, Aman, barne tzarreko gizona zen; bere baithan egin zuen, behar zituela Asirian gelditu Judu guziak hilarazi. Nihork ez zakien Esther Judua zela. Hunek jakin zuenean Amanen xedea, berehala Asuerusen mintzatzera abiatu zen. Bainan nihor ez zitaken biziaren penan, deitua izan gabe, erregeren aintzinean ager. Halarik ere badoha Esther; erregeren aintzinean ahuspez emaiten da, eta bizia galdetzen dio bere nazioneko jendentzat. Erregek altxarazten du, eta hitz-ematen dio eskatzen duena.

        Jakiten du orduan zer hisian zagon Aman Judueri buruz: jakiten du Mardoke, Estherren osaba, urkharazi nahi zuela; eta sumindurik, Aman bera urkharazten du Mardokerentzat eginikako urkhabean.

        Irakaspena.— Esther erreginak galdegin eta ardietsi zuen bere populuaren bizia; halaber Maria, zeru lurretako erreginak, bere haurrentzat galdegiten du eta ardiesten bekhatuen barkhamendua, eta betiereko bizitzea.

 

        10. Nola bizi izan ziren Israeldarrak, Jerusalemerat itzuliz geroztik?

        Jerusalemerat itzuliz geroztik, Israeldarrak deituak izan ziren Juduak; ez zioten bertze izenik emaiten. Israeldar populua ez zen gehiago bere jabe, bere eskuko; bainan beti geroztik bizi izan zen bertze nazionen azpiko, ala Persen, ala Greken, ala azkenean Erromanoen.

 

 

IXTORIOA

Eleazar

 

        Juduek, egiazko erlosioneari atxikiak egoiteko, pairati behar izan zuten. Bazen lauetan hogoi eta hamar urtheko gizon saindu bat, Eleazar deitua. Bildu nagi izan zuten Moisen legeak debekatzen zituen zonbeit haragiren jatera; bainan holakorik ez zuen aditzen. Baitezpada lanarazi behar ziozkatela, ahoraino bortxaz sartzen ziozkaten, bainan alferretan; ahamenik ere ez zuen iretsi. Bazakien bada behar zuela edo jan edo hil. Haren adixkidek, heriotzetik begiratzeko, etsaiek jakin gabe khendu zituzten haragi debekatuak, eta hekien orde ezarri sori zirenak. Bainan Eleazarek erraiten diote: «Ez, ez, holako amarruak ez dire nere adineko gizonarentzat on eta gisa; etsenplu tzarra liteke bertzentzat, uste balute erregeren manua bethe dutala. Nereak laster egin du; ez ditut nere azken egunak zikhindu nahi eta desohoratu. Bertzalde, gizonen eskuetarik libraturik ere, ez nindake Jainkoaren eskuetarik libra.» Hiltzerat ereman zuten orduan, eta ehotzen hari zutelarik, huna haren othoitza: «Gauza guziak dakizkatzun Jainko Jauna, ikusten duzu izigarriki pairatzen duela nere gorphutzak, bainan nere arima bozkariotan dagola, zure amoreagatik pairatzen dutalakotz.» Hola hil izan zen Eleazar saindua, etsenplurik ederrena ez xoilki gazteriari, bainan oraino populu guziari uzten ziolarik.

 

        11. Jainkoak bere populuari maiz igortzen ziozkan-a profetak?

        Bai Jainkoak bere populuari maiz igortzen ziozkan profetak; igortzen ziozkan, erran zion legeaz orhoitarazteko, lege harren kontra egiten zituen hutsentzat gaizkien adiarazteko, eta hetaz urrikitan sarrarazteko; igortzen ziozkan bereziki, ethorri behar zuen Salbatzaileaz mintzatzeko. Profeten begien aintzinean, alainanbada, Jainkoak ethorkizuna zabaltzen zuen eta agertzen, eta irakusten ziozkaten handik ehunka urtheren buruan gertatu beharrak ziren gauzak. Profetak, laburzki erraiteko, ziren beraz ethorkizuna ezagutzen eta ezagutarazten zuten gizon batzu.

 

        12. Zer argi eta xehetasun eman zuten profetek Salbatzaileari buruz?

        Profetek luzaz aintzinetik erran zuten noiz ethorriko zen Mesias; erran zuten Judaren tributik izanen zela, sortuko zela Bethleemen, pairatuko zuela, hilen zela eta piztuko, Juduak arbuiatuko zituela beren bihotz gogortasunaren eta itsumenduarengatik, eta populu paganoak [Paganoak deitzen dire egiazko Jainkoa ezagutzen ez dutenak, eta, egiazko Jainkoaren orde, debrua zerbeit kreaturaren itxuran adoratzen autenak] egiazko erlisionerat ekharriko. Erran zuten Jainkoak, Mesiasen bidez, bere populuarekin eginen zuela adixkidetasun edo batasun berri bat, lehengoa baino hertsiagoa; eta bere zerbitzura deituko zituela, ez xoilki Juduak, bainan oraino lurreko nazione guziak.

 

        12. Zoin izan ziren profeta aiphatuenak?

        Izan ziren hamasei profeta bereziki aiphatuak: lau handi eta hamabi ttiki. Lau handiak dire Isaias, Jeremias, Ezekiel eta Daniel. Bertze hamabiak profeta ttikiak deituak dire, zeren ez baitire bertze lauak bezenbat ethorkizunaz mintzatu: Hamabi profeta horien izenak liburu sainduetan aurkitzen dire.

 

 

IXTORIOA

Elia eta Elisea, Jonas

 

        Bertzk hainitz profetek, nola Eliak eta Eliseak, ez dituzte, beren erranak iskribuz utzi; populuari ez ziren hitzez baizik mintzatu. Asko mirakuilu egin zuen Eliak, bai eta haren dizipulu Eliseak.

        Behin, Sareptako hiriaren ondoan, Eliak kausitu zuen alharguntsa gaixo bat, egur biltzen hari zena. Oihu egin zion eta galdetu ur xorta bat, eta ogi asiki bat. Goseteak toki hura xahutua zaukan. Alharguntsak ihardesten dio «Ez zait gelditzen olio ikhin bat eta ahur bat irin baizik; zonbeit xixtapurren biltzen nabila nere azken ogi ophilaren erretzeko; hura janez geroz, nere semearentzat eta neretzat ez da hiltzea baizik.—Ez beldurrik izan, dio Eliak; zohazi, eta duzun irinarekin egin diezadazu, ogi bat, eta hautspean errearaz; aspaldian jan gabea naiz.» Alharguntsak, galdegin bezala, ogia egin zuen, eta Eliak jan. Eta Jainkoak sariztatu zuen emazte harren karitatea; irinak eta olioak iraun zioten gosetea akabatu artio, eta aski izan zuen beretzat, bere semearentzat eta Eliarentzat. Geroxago eritu zen alharguntza gaixoaren semea, eta hil. Amak, marraskaz, hartu zuen bere haurraren gorphutza, eta ereman zion profetari. Eliak othoitz khartsu bat egin zion Jainkoari, eta haurra piztu zen.

        Holatsuko mirakuilu batzu egin zituen Eliseak ere: Samariako alharguntsa bat zorretan zen; eta, ez baitzuen pagatzekorik, haren baithan hartzeko zuenak ereman nahi ziozkan bi semeak. Emazte gaixoa badohako profetari, eta erraiten dio: «Ez dut untzi bat olio baizik, eta Jainkoak ez banau laguntzen, khenduko daurkitet nere haurrak.» Eliseak erraiten diu, bilha detzala bertze zonbeit untzi, hutsak, eta hetarat ixur dezala duen olioa. Emazteak egiten du profetak errana. Hasten da untzi hutsen belhetzen; bethetzen ditu, eta beti badario lehenbiziko untziari. Emazte zorionekoa! saldu zuen oliotik, bere zorrak pagatu ondoan, izan zuen bizitzekoa.

        Elia, Elisearen begien bixtan, lurretik zerurat altxatua izan zen suzko karrosa batean.

        Jonas zen hamabi profeta ttikietarik bat. Jainkoak Ninibeko hirirat igorri zuen, hango jende gaixtoa bere predikuez penitentzia egiterat ekhartzeko. Jonas, Jainkoaren errana egiteko orde, sartu zen bertze norapeit zohan untzi batean. Bainan untzi hura itsaso handirat zeneko, haize xirinbola izigarri bat altxatu zen, eta guziak galtzera zohazin. Orduan Jonasek bere laguneri ezagutarazi zioten harrengatik, Jainkoaren errana ez zuelakotz egin, zela kalerna hura, eta erran zioten: «Artik nazazue itsasora, eta itsasoa eztituko da.» Artiki zuten, eta erran bezala, ematu zen itsasoa. Jainkoaren nahiaz han barna zabilan arrain handi batek Jonas iretsi zuen, eta, hiru egunez eta hiru gauez bere sabelean iduki ondoan, leihorrerat eman zuen bizirik. Han, berritz ere, Jainkoak manatu zion Jonasi Niniberat gan zadien. Gan zen, eta egun oso batez karrikaz karrika ibili zen oihuka, ziolarik: «Oraino berrogoi egun, eta Ninibe desegina eta suntsitua izanen da.» Izitu ziren Ninibetarrak, penitentziari zin-zinez lotu ziren, eta, urrikitan sartu zirelakotz, Jainkoak barkhatu zioten.

        Irakaspena.— Jonas, hiru egun egonik arrainaren sabelean, bizirik ilki zen ur bazterrera; balaber, hiru egunen buruan, bizirik eta lorios ilki da hobitik Jesu-Kristo gure Jauna.

 

        13. Zoin dire Mesiasen ethortzeaz, biziaz, eta heriotzeaz, xehetasun gehienekin mintzatu izan diren profetak?

        Mesiasen ethortzeaz, biziaz eta heriotzeaz, xehetasun gehienekin mintzatu izan diren profetak dire: Daniel, Jeremia, Mikea, Zakharia eta Isaia.

 

        14. Zer erran izan zuen Daniel profetak?

        Danielek, Israeldarrak Babilonan preso zirelarik, bortz ehun urthe aintzinetik, xuxen xuxena erran zuen noiz sortuko zen eta noiz hilen Mesias.

 

        15. Zer erran zuen Jeremiak?

        Jeremiak erran zuen, Salbatzailea sortzearekin, hilaraziko zituztela haur ttiki hainitz, inozent sainduak; bertzalde ezagutarazi zituen Salbatzailearen pasioneko asko xehetasun.

 

        16: Zer erran zuen Mikeak?

        Mikeak erran zuen Mesias Bethleemen sortuko zela, eta hil ondoan lorios piztuko.

 

        17. Zer erran zuen Zakhariak?

        Zakhariak erran zuen Mesias erromes izanen zela, Jerusalemen sartuko zela astaina baten gainean, eta Judueri salduko zutela hogoi eta hamar diru puskentzat.

 

        18. Zer erran zuen Isaiak?

        Profeta guzietarik hobekiena Isaiak ezagutarazi zuen Salbatzailea, 700 urthe aintzinetik. Erran zuen, Mesias sortuko zela Dabiden ethorkiko Birjina batenganik, eginen zuela mirakuilu hainitz, eta hilen zela oinazerik garratzenetan. «Zango zolatik eta buru, kaskoratno ez da deus sendorik harren baithan.— Bildotx bat bezala ereman dute hiltzera, eta bildotxa bezala ixil ixila egon da ahorik ideki gabe.» Bainan ez du bere bekhatuengatik pairatu, ez da bere bekhatuengatik hil. «Pairatu du, dio oraino Isaiak, eta hil da, gure bekhatu eta tzarkeria guziak bere gain hartu dituelakotz.»

 

        19. Jainkoak zertako hola aintzinetik ezagutarazi zituen Salbatzailearen bizia eta heriotzea?

        Huna zertako Jainkoak hola aintziñetik ezagutarazi zituen Salbatzailearen bizia eta heriotzea: Nahi zuen, Salbatzailea ethortzen zenean, munduak errexki ezagut zezan, eta errexki onhar zezan haren hitza.

 

        20. Egi-guzu laburzki Testament zaharreko ixtorioaren bilduma?

        Haste hastetik, Jainkoak zeru lurrak kreatu zituen sei egunez. Lehen gizona izan zen Adam, lehen emaztea Eba. Jainkoak ezarri zituen lurreko parabisuan, eta hitzeman zioten, baldin haren manueri jarraikitzen baziren, dohatsu izanen zirela mundu huntan eta bertzean. Hekien zorionik handiena zen, Jainkoarekin bat egiten zituen grazia beren baithan izaitea. Bainan Adamek eta Ebak Jainkoari desobeditu zioten, fruitu debekatutik janez. Orduan galdu zuten grazia, parabisutik kanpo emanak izan ziren, eta Jainkoak kondenatu zituen, hek eta hekien ondokoak, bizi huntako gaitzen jasaitera, hiltzera eta sekulako ifernuan erretzera. Bizkitartean Jainkoak ez zituen osoki arbuiatu. Hitzeman zioten, hekien eta gizon guzien bekhatuen ezeztatzeko, eta zeruko athearen idekitzeko, lurraren gainera igorriko zuela Salbatzaile bat. Adamen eta Ebaren ondokoak gaixtatu ziren eta bekhatuan pulunpatu. Jainkoak gaztigatu zituen uhalde baten bidez, eta guziak itho ziren, salbo Noe eta haren familia. Berritz ere jendez estali zen lurra; bainan berritz ere gizonek, Noeren ondokoek, agindu Salbatzailea ahantzi zuten, eta eman ziren zer nahi tzarkeriari. Egiazko erlisionearen osoki galtzerat ez uzteko, eta gizonen artean Mesiasen esperantza bizirik idukitzeko, Jainkoak populu bat hautatu zuen, bere populutzat hartu zuena, eta bertze populu guzietarik berexi. Populu harrek behar zituen oso osoa begiratu Jainkoak Adami, Noeri, eta Abrahami irakatsi ziozkaten erlisioneko egiak. Populu hura deitua izan zen lehenik Hebreo populua, gero Israeldar populua, eta azkenekotz Judu populua. Populu hura Ejiptoarren aztaparretarik Moisek libratu zuen mirakuiluzki. Populu harri Jainkoak eman ziozkan bere hamar manamenduak Sinako mendian, eta gero jarri zuen Khanaango eskualdean. Eskualde hura deitzen dugu Lur Saindua, Judea edo Palestina. Populu hartan baziren hamabi tribu edo jende aralde; Judaren tributik athera behar zuen Salbatzaileak. Populu harren erregerik handienak izan ziren Dabid eta Salomon; Jerusalem zen hekien hiri nausia. Maiz eta ardura Jainkoak profetak igorri ziozkan populu barri, Mesiasez mintzatzezo; eta, zenbatenaz ere gehiago hurbiltzen hari baitzen Mesiasen sortzea, hanbatenaz ere nasaikiago eta garbikiago mintzo ziren profetak. Azkenean, Adamen kreatzeak 4.000 urtheren heina zuelarik, Bethleemen, Maria Birjina guziz Sainduarenganik sortu zen Salbatzailea, Jesu-Kristo Jainkoaren Semea.

 

aurrekoa hurrengoa