Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982

 

 

(9)

 

nerekin bazatoz

nerekin eta nere lagunekin

gaua oraindik isildu ez denean

zure bizkarrak lo hartzen badu

indezentzi apur bat

hainbeste mirarien artean

ez itsasorik ez lorerik

ausartzen bazara

maindire bakartiek hezurrak ere

karizia ditzazkete

zure zainetaraino sartuko naiz

belauneko zuloetatik barrura

nahi ez baduzu ere

arantzez eta gatez

nere izena ahaztu baduzu ere

eta zainak urratuko dizkizut

besotik leporaino

ezin dudalako hainbeste eguzki soportatu

eta hainbeste lo

besoak hautsiko dizkizut

pareta morez estali arte

arantzez eta maitasunez

lehertuko dizut lepoa mila pusketatan

nerekin ez bazatoz ere

haragi pusketa bakoitza malko bihurtu arte

azal izpi guztiak

karkas bilakatu arte

arrainen irrifarraren arrazioa ezagutu arte

zure sudurrean munduko mirari guztiak

jaiotzen direlako

nerekin ez bazatoz

baimenaz edo baimenik gabe

berdea soportatzeko apustua egiten baduzu

zeruan eguzkiak sekulan urre kolorerik ez duelako

 

Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982