Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982

 

 

(5)

 

beldur ematen dit

zure soinua ez sentitzeak

horretarako hainbeste garraisi

eta ez dut ezer sentitzen

eskutan zure betazalen bibrazioak ez badira

sabeletik datoz kolore beldurgarriak

eta tronpeta gozoak

belarriek odoldu nahi ez dutenean

hari fin bat lepotik behera

historia krudel bat behar dut

zerbait sentitu arte

tristezia sakon baten premia aitortzen dut

izerdia bada seinale

odolez betetako historia bat nahi dut

harramaskak sentitu arte

ez dakizulako zer diren

oinazerik gabeko musuak

isatsaren naranja dotorea

indezentea eta maitea

ez isildu, faborez

burua hegan eta aurpegian keinu triste bat

norbaitek landua

besterik ez

azkazalez bilatuko dut

zimurrez zimur

pasioa non babesten den jakin arte

pena baten arrastorik ere ez

balkoitik gora salto egin dezakedala

sentitu arte

hamargarrenetik gora

zure ahoa perfektoa ez dela

deskubritzera eraman zaitudalako

gerria loditzen ari zaigulako

begien bazterrak gehiegi maite ditudalako

desorden piska bat, faborez

gordina eta azidoa

goragala sentitu bitartean

fase ilun bat, faborez

fuera hilargia eta soinu zoriontsuak

nundik sartzen da uraren usaina estetaraino

nere baimena eskatu gabe

munduaren erreginarekin ari delaz

konturatu gabe

 

Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982