Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982

 

 

(6)

 

gurekin bazatoz

hondamendiaren bila

borrokazko banderen negar berderaino

nerekin hondoratzen bazara

iraultzak

zuk bezala

izen urdina duelako

exaltazioa lur azpian

nerekin bazatoz

eszepzio bat egiten baduzu

akabo belak eta aingurak

hainbeste mendetan negar egin ez dutelako

lotsa ematen didate zure begiek

minutu pare bateko zoriona ezagutzeko

arriskuak usteltzen ez bazaitu

hotza baina ez hotzikara sentitu nahi baduzu

tristezia lodia

epela ezin hautsi dudalako

dena da hemen epela eta berdea

taxisa tunelean sartzen denean

bateriak ezkila soinua egiten duenean

kolillak eta hotza eskuetan

hozpelen lekuan

egiazko oinaze bat, faborez

bizkar bat lotan

eta, kontsolamenduz,

lepo ukatu baten usaina

nerekin hondoratzen bazara

argi bakar bat buruaren gainean

ezin dut hainbeste berde soportatu

hori piska bat, faborez

harrapatuko ez bagaituzte

disfrazatuko bagara

epela ezin hautsirik

oinaze garbi bat besterik ez

zorionaren alboan

zurekin batera eskutatik ihes egunsentia

baina ez dut zure deia entzuten

saihetseko hezurren babesean

arnasa txoriz betea duzulako

sapelatzen hegal pisuak

pena ematen dizulako

ez dut nere izena entzuten

begiak okertzen baditut ere

zure aurpegiko urre zuriak nahi ez duelako

garraisiak ere epelak direlako

epelak eta berdeak

kataklismo, bat faborez

munduak jarraituko badu

 

Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982