Maitasunaren magalean
Nere ametsetara
etortzen zaren bakoitzean
beti zu gaixo edo ondoezik
eta ni pazientzia galtzeko zorian
baina bi detaile nagusi horietatik aparte
gainerantzean
ez da sekula ipuin berdina
gauean etxeko ateak
lotsaz irekitzen dituen neskatxena
edo kalean
kantoi baten babesa galtzean
topatzen duzunarena
neska ejerzito bat
zerbaiten inguruan bueltaka
beti begiak minez
eta inpazientzi keinu bat
buruan eta eskuetan
batzutan lepoan ere bai
haizeak kontra egingo balu bezala
ibiltzen
nere ametsetaraino
nundik eta zergatik
ailegatzen zaren bakoitzean
zure kontra eraiki ditudan defentsa guztien
garaile
nigan duzun eskubidea
erreibindikatzen duzu
urtetan jasotako
barrikadek
maitasunez, beldurrez, zorionez, zientziaz
landutako harresiek
ezin dute ezer
mahats aleak bezala lehertzen dira
zuk
buelta egiteko erabakia
hartzen duzunean
eta ez zaizu ardura
nere nigarra, oinazea
desilusioa
edo erregua
begiak ez ixteko
bi zotz jartzen baditut
betazalak ez erortzeko
hari batez heltzen baditut
hatzazalak ukabilak odoldu arte
sartzen baditut ere
alperrik da
zeren halako batean eta abisurik gabe
ez hilargiaren
edo Saturnoren eraginaz
zakurren zaunkak ia isildu direnean
buelta egiten duzu
zuri lotsarik ematen ez dizun
retirada lotsagarria
nere egile eta jabe
zarelako
behin betirako eta jotzeko premiarik ez
gaixo zaude
eta nik zaindu behar zaitut
seguru asko
ez duzu ikusten
beti ateratzen zaidan
keinu aspertua
ez dakizu ihes egin nahi dudanik
ez dakizu
zu azaldu zintezkelako
gorrotatzen ditudala amets guztiak
batzutan
gorputz lagun baten
beroa
luzaroan sentitu ondoren
batzutan sinesten dut
minutu pare batez
eta behin
aspalditxoan
ordu oso batez, inolako zalantzarik gabe
gutxienez,
behintzat ni hilda gero
argirik gelditzen ez denean
amore emango duzula
sinesterik banu
fantasmak gezurra direla
pentsatzera iritxiko banintz
halako batean
zuri kalte egiten dizun landare
bat aurkituko banu
edozein preziotan eta edozein lekutan
ontzi haundi batean
esploradoreak egosteko egiten diren ontzi horietako batean
makil luze batez astinduz
landare egosi baten kiratsak
lasaituko banindu
promesaz
eta otoitzez baretuko bazina
jainko edo deabrutan
sinetsiko bazenu
neguaz ala udaz
arduratuko bazina
zure bihotzean
haritz ezpal bat sartuz
deskantsatuko bazenu
edo Euskal Herritik kanpo
mugitzeko gauza ez bazina
hilero, lehenengo ostiraletan,
malko pare bat
eta urtero
udaberria hilobietaraino ausartzen ez denean
lore xorta kaskar bat.
Maitasunaren magalean |