Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982

 

 

(1)

 

Nola gustatzen zaidan

loa hartu berria duzunean

gorputza baretu zaizunean

zure belarrira

berta bertatik

maite zaitudala esatea

justu ile zuriak

ezpainetaraino heltzen diren lekuan

bizitzaren irradiazioaren mugan

gertu gertutik

zure eskubiko belarri xamurrari

maite zaitut esatea

nere bizitza egunero zabaltzen duzulako

inperfektoa bezain inkondizionala zarelako

maite zaitut

nigandik guztia espero duzulako

zintzo izateko premia zer den ez dakizulako

gauero

lehenengo loa

ezkerreko belarriaren gainean hartzen duzulako

ezkerra delako zure hilargiaren parte iluna

sekretoa

lepoa banpiroei eskaintzen duzulako

izerdi epela zure kopetetik

alde egin ezinean

grabedadearen legeek ez dute zuretzat existitzen

goxoa zarelako

goxoa eta lehuna

sagarraren lorea bezain hauskor

ilea izerdia surgatzen

berak ere zure izerdia nik haina maite duelako

urteak beste zerbaitetan

saiatzen badira ere

zu

eta ez zure azala edo eskua

goxoa izango zarelako

 

 

Hizketan jarraitzen dut

kontua zure belarriaren eta nere bihotzaren artean dagoelako

marmario urdin batzuk entzun bitartean:

zure subkonszienteak

hartua du mezua.

Badaki nigan

ugaltzen direla

zure hazienda defendatuko duten burdinak

eta otoitzak

edozein momentutan

atsedenaren ametsa sentitu bezain laister

sabela berriro zabalduko zaidala

larrosa usteldu bat bezala

zure beldurra eta harridura

gordetzeko lain

mundua estaltzeko lain

gainera

izerdia agortzen zaizunean

ez ditut zure ileak egarriz hiltzen utziko

txistuz bustiko dut kopet apal hori

zer axola du

oraingo honetan

denbora ez da halaz ere alperrik pasatzen

eta nik ez dut denbora bakardadean agortzen

zer inporta du

barruan bakarrik ez bazaude ere

zure tokia, hori bai

ez du inork hartuko

jaboizko bola batek ez du jaberik

behintzat zu lotan zauden bitartean

orduantxe zabaltzen baita egunero

milimetro bat

eta ostiraletan bi edo hiru

gure sekretoa

gutxienez hitza agortzen ez zaidan bitartean

edo zure eztarriak

saguzaharren beldurra ikasten ez duen bitartean

kondiziorik

edo erremediorik gabe

maite nauzulako.

 

 

Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982