Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982

 

 

(4)

 

nerekin hondoratzen bazara

munduaren pisua estomaguan sentitzen duzunean

zulo berde bat printza gorriekin

erremolinoaren azalean

nerekin hondoratzen bazara

isatsak

ez dut maite zure penek

nene magalean erortzean egiten duten soinua

gorrotatzen ditut zure isatsak

beherakoan uzten dituen oroipen isilak

mundua gurea dela ez bazeneki bezala

gurea, ez beste inorrena

eta gorria fuertegia da

ez naute harrapatuko

zure odola ere esnetsua delako

batzutan morea

ez gaituzte harrapatuko

ez dute oraindik ikasi mundua gurea denik

baina nola ez dira konturatzen

nerekin hondoratzen bazara

hostoz hosto irristaka

egunaren muga ezin asmaturik

algaraz algara

mundu berde batera jetxiko gara

ez ikutu

pinportak ikaratuko dira

ez arnasik hartu

tabakoaren ke piska bat besterik ez

plaf

eta paretak saltoka igoko dira

ez mugitu

bitartean gitarra elektrikoak

zuloa sakontzen duelako

zu ni zapaldu bitartean

ez gara belarra baino luzeagoak

etzanda

odol urdinaren kontra

nerekin bazatoz

txibiritak maite duten berdearen bila

letaginekin eta banan bana

moztuko ditut zure besapeko ileak

iturria zeinek ezkutatzen duen jakin arte

ileen hegoak zorabiatzen nau

berdez eta gorriz

iparraren bila nerekin bazatoz

erremolinoaren azpira haizea harritu baino lehen

loreen harramaskak

hortzekin desegingo dut belauneko

poro bakoitza

erditik ebakitzen ez banauzu

tronpetaren soinua nundik ateratzen den jakin arte

ez gaituzte harrapatuko

nerekin bazatoz

etzanda nagoenean

burua leihotik behera botatzea

atsegin ote den ez dakidalako

lainorik gabe hegan egiteko

aingurak baimenik ematen ez digulako

baina asmatu dezaket haize piska bat

usai garratz hori ahaztuko badut

botako ditut zenbait petalo gorri zerura

banderen konpetentzia

eta munduko lau ertzetatik etorriko dira lainoak

nerekin bazatoz

hostoek egarria duten bitartean

nahikoak ditut ukabil itxiak zure izterra urratzeko

belaunak pizteko

bibolinaren zilarrezko usaina

non ezkutatzen den jakin arte

ez baitut presarik

ilez ile

odol more zorionekoa

ez gaituzte harrapatuko

nerekin bazatoz

nerekin eta nere lagunekin

mundu guztia estomaguaren gainean

sentitzen

ikasi dugulako

klarineteak ametsetan

txindata oinaze zimur baten atzean

gordetzen denean

zure ileak banan bana zurituko ditut

hainbeste urre permititu baino lehen

lokatza besterik ez

ez gorri eta ez urdin

aingurari eusteko

nerekin bazatoz

haize ilun piska bat ere

fabrikatu dezaket begiekin

lainoak behar bezain arin ez bazatoz

nere betileek sortuko dute

arnasa estomagoarentzat

otsaila datorrenean

 

Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982