Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982

 

 

(3)

 

zure besapeko ileek altxatutako hegoak

usatuko du

azalen zoko usaina

kontrabajoak laguntzen badu

eta hostoen soinu eskandalosoa horitzen bada

ezin dut hainbeste berde garbi soportatu

a nere odola gorrituko balitz

instante batez bandera bat

buruen gainetik inork ikusten ez duen eguzkia

gorria bezain harritua

loreak ezagutzeko patxada hartuko bagenu

harriduraren gainetik

ederrak eta ezertarako ez

lore baten nobedade zuria gaindituko banu

krabelina agian bai

bada zerbaiterako

elizetarako

solapetarako

imaginazioa ezagutu ez duten jardinentzako

baina buganbilak

bizitzak zure gerrira eramango ez banindu

bitartekorik ez

buganbilak eta tartean

bi begi urdin

urdin elektrikoa, gertutik ikusten bada

esana dagoelako neskatxen gerria dela

atseden nagusia

zein ausartuko da

buganbila gorriak

eta zure begi elektrikoak

zerbaiterako direla esatera

tristezia eta oinazea asmatu gabe

bizitzeko gauza zarelako

geldi zaudelako beti mugimenduan

elektriko, eta ez da ezer gertatzen

mingainaz usatuko dut hitzen kolore naranja

ainguraren baimenaz

gorri urdindua

eta noizean behin

zainen garraisi bat

sustrai ahaztu batek

entzun nahi ez duenari

egindako deia

zure hegoaren meritoa baita

lorearen lekuan

gerezi bat sortzen bada

eta gaitzerdi

arratsari burla egin dion pistiloak

sagar baten txustar bilakatu nahi badu

ez dago zertan lotu beharrik

malkoa eta negarra

urdina eta gorria

nere mingainak

zure gerrian bizi zen garaian

honela erabaki zuelako

 

Maitasunaren magalean
Arantxa Urretabizkaia

Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1982