Kaleko ipuinak
11 Nik moldatutako azken istorio honek ez du amaierarik. Ez da nahita eginiko keinua. Horrela kontatu zidaten, bukaerarik gabe, eta horrela eskaintzen diot neuk ere irakurleari.
AFARIA
Neu arduratu nintzen jatetxea aukeratzeaz. Errota zaharberritu bat zen, eta jantokia garaiko dekorazioaz apainduta zegoen. Jatetxearen erdi-erdian, haritzezko mahai luze bat. Erdi Aroko ostatu bat zirudien. Afaria ondo girotua nahi nuen, eta ez zen leku makala hura. Baina lekua bezain garrantzitsua afarirako aukeratutako lagunak dira, noski. Hogeita sei eta hogeita hamasei urte bitartean geunden ia denok. Denetik genuen mahaian: etxeko andreak, unibertsitarioak, irakasleak, bankuko kutxazainak, udal funtzionarioak, kazetariak, mekanikoak eta langabetuak. Jakina, horrelako talde bat osatzeko ikastaro bat izan daiteke aitzakiarik onena. Azpeitiko Udal Euskaltegiak batu gintuen: EGA ateratzeko ahaleginetan geunden. Tximinia piztuta, sagardo kupela ondoan, zerbitzariak sartu-irten etengabean, sagardotegiko jaki tipikoak... Gustura geunden denok, eta segidan agertu genituen afariari buruzko geure sentipenak eta alegeratasunak. Baziren urteak, halakorik egiten ez genuela! Elkarrizketa aberatsak sortzen ziren etengabe, gaztetasunak berak ematen duen lotsagabekeria ausartarekin bustitako komentarioak asko eta asko. Idiazabal gazta, menbrilo eta intxaurrekin batera sartu zen sagardotegiko jabea ere, eta jatetxea itxi egin behar zuela jakinarazi zigun halako batean. Gaueko ordu bata zen, baina guretzat goiz oraindik, ziztu batean pasatu baitzen denbora. Denok mutututa geratu ginen, inork ez baitzuen alde egin nahi. Jabea, hain aurpegi tristeak ikustean, gutaz gupidatu zen eta berehala bota zigun geratzeko gonbita; eta besterik hartu nahi bagenuen eskatzeko esan zigun, kutxa zarratzera zihoan-eta. Hitza hartu genion, eta inor ez zen altxatu aulkitik; sagardoaz nazkatuta, kopak eskatzen hasi ginen. Kopen banaketarekin afariaren lehen etenaldia etorri zen. Orduan Juditek, Irudi eta Soinuko ikasleak, istorio bitxi hura kontatu zigun. Oraindik ere gogoan dut haren ahotz xarmangarria, bere gorpuzkera fina eta bere begi beltz sakonak. Gertatu zitzaion zerbait kontatzen hasi zen, eta gu denok berari begira geratu ginen, zozotuta. Aitorpen itxura zuen bere kontakizunak eta horrek iragarri zigun zerbait oso interesgarria entzungo genuela: “Duela bi aste afari bat izan nuen Donostian, eskolako jendearekin. Mexikano batera joan ginen eta handik alde zaharrera joan ginen, poteatzera. Poteoan zein afarian primeran ibili ginen. Gero etorri zen txarrena. Donostian, tabernak itxi ondoren, ez baitago ezer. Beno, bai, diskotekak eta “Reyes Akohólikos”, baina horko giroa ez zaigu asko gustatzen. Orduan, gutako bati Hondarretako Tenis klubera joatea otu zitzaion. Modan zegoen. Ordu biak aldera dantzatzeko pista bihurtzen zuten tokia, eta dantza-irakasleak dituzte salsa eta merengea ikasi nahi dutenentzat. Hori entzunda, guztioi gustatu zitzaigun ideia, eta eskeletoa mugitzera joan ginen. Lehenengo aldiz sartzen nintzen hara, eta lekua atsegina iruditu zitzaidan. Kluba Karibeko ukituez apainduta zegoen, eta pistan jendea jo-ta-su ari zen dantzan. Irakasleak Hegoamerikakoak ziren eta jendea animatzen aproposak ziren. Bikoteak eta neskak ateratzen zituzten pistara, giroa berotu asmoz. Leku horretan bertan egin genuen topo klaseko batek ezagutzen zuen mutil koadrila batekin, eta beraiekin hizketan hasi ginen. Hitz egiten eta dantzatzen hasi ginen, inoiz ez bezala. Dena zen barrea eta txantxa. Handik ordu batera leher eginda nengoen eta nirekin zegoen mutilari zera eskatu nion, mahai batean esertzeko, atseden apur bat behar nuela-eta. Bi kopatxo eskatu zituen eta bere koadrilako beste mutil bat zegoen mahaira eraman ninduen. Eseri eta aurkeztu egin ginen. Solasalditxo baten ostean, nirekin dantzatu zuen mutila pistara joan zen berriro, eta ni bere lagunarekin geratu nintzen. Onartzen dut ez nuela hura espero, eta hasieran oso gaizki sentitu nintzela. Handik alde egiteko aitzakiaren bat aurkitu nahi nuen, baina nekatuta eta apur bat “kargatuta” nengoenez, zutik jartzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Ipurdia aulkian itsatsita nuen. Mutilak barre egin zuen orduan. Nire aurrean eserita zegoen, bere gurpil-aulkian. Lagunak dantzan ikusten entretenitzen omen zen, eta nirekin hizketan gustura zegoela aitortu zidan. Deseroso sentitu nintzen berriz, baina, pixkanaka, nire ezusterako, oso mutil jatorra zela ohartu nintzen. Handik hamabost bat minutura barrez lehertzear nengoen, xelebrea baitzen tipoa. Konturatu orduko, aspaldiko lagunen antzera genbiltzan. Gutxitan gertatu zait halakorik, are gutxiago ezagutu berri dudan mutil batekin. Bi kopatxo gehiago eskatu nituen eta denbora igarri gabe joan zen: dantzatzeko pista hutsitu, nire lagunak aldendu, eta diskoteka delakoa zarratuta zegoen. Zerbitzari batek ireki zigun atea, baina penatan atera ginen kanpora. Nik ez neukan etxeratzeko gogorik, eta gau amaigabea desiratzen nuen, egia esan. Primeran pasatu nuela atzematen zen nire aurpegian. Horrexegatik, beharbada, paseatzera gonbidatu ninduen mutilak. Hondarretako lorategietara ailegatu ginen eta banku batean eseri nintzen. Mutila nire ondoan paratu zen, gurpil-aulkia eta guzti, eta konturatu nintzen etxera bidean lagundu egin beharko niola. Izan ere, ez zitzaidan egokia iruditzen elbarritu bat han bakarrik uztea; beraz, non bizi zen galdetu nion. Lasai egoteko esan zidan, handik oso gertu bizi zela, Antiguo auzoan, eta ohituta zegoela asteburuetan etxera bakarrik bueltatzen. Dena den, esan nion ez zitzaidala ondo iruditu lagunek berarekin izan zuten jarrera, bakarrik utzi baitzuten; baina hark behin eta berriz desenkusatu zituen. Gero auto-istripua nola gertatu zen kontatu zidan, horrela geratu baitzen elbarri. Ospitaleko urte luzea, errehabilitazioa... Gero etxera itzultzea eta neskarekin moztea... Berak ulertzen omen zuen bere neska ohia, baina ordutik ezin zuen bakardade sentipena uxatu. Galdetu nion ea ordutik hona beste neskarik izan ote zuen, eta berehala konturatu nintzen hanka sartu hondoraino zuela, kopeta ilundu baitzitzaion. Oso une tristea izan zen. Haren isiltasuna, begiak hits... Bizkarrean pausatu nion eskua eta galderagatik barkamena eskatu nion. Orduan eskua hartu zidan, eta nire ardura eskertu zuen. Kontatu zidan bera ikusezina zela, edo ikusezina balitz bezala pasatzen zirela bere ondotik neska guztiak, gupidagatik bakarrik hitz egiten ziotela askok eta askok, eta harreman berriak egiteko aukera gutxi zuela. Ilea laztandu zidan beste eskuarekin eta esan zidan bere bihotza ez zegoela elbarri, bere adinako mutil guztiek bezala maitatzea eta maitatua izatea desiratzen duela. Txintik esan gabe gelditu nintzen hura entzunda. Ez nuen halakorik espero. Bat-batean, gurpil-aulki batean eserita ez balego legez ari zen hizketan nirekin. Lepoa laztandu zidan, olatuek hondar beroa ferekatzen duten bezala, eta, gero, nire ezpainak begiratu zituen, musukatzeko gogoz zegoela adieraziz. Bihotza taupadaka hasi zitzaidan, taupadaka ez, saltoka. Musu bat besterik ez zen. Eta, hala ere, egoera hura barregarria egiten zitzaidan”. Juditi begira geunden denok, afarian, adi-adi. Bere ondoan nengoen ni, kontatutako eszena imajinatu nahian, eta ahoa irekitzen zitzaidan, sekula emango ez nion musuaren amarru txiki bat eginez. Ez nintzen bakarra, ordea. Juditengandik gertuena nintzelako-edo nire begietan pausatu ziren bereak, eta nigana gehiago hurbilduz istorioa kontatzen jarraitu zuen. “Imajina ezazue neure burua han. Hondarretako lorategietan, larunbat gau batean, ordu horietan mutil elbarri batekin, biok bakarrik eta musuka. Bada, kontua ez zen horretan geratu. Izan ere, musua eman eta gero, begirune handiz eskatu zidan berarekin zera... egiteko. Entzun bezain pronto ezetz esan nion. Baina, aldi berean, azaltzen ez dakidan morbo berezia sentitu nuen. Berriz eskatu zidan eta berriz ezetza jaso zuen. Ulertzen dut, esan zidan, modu onean. Baina berriro tematu zen. Gero eta deserosoago sentitzen nintzen. Uler ezazue, zer nekien ba nik horretaz? Nola egin sexua elbarri batekin? Esan beharra dut oso mutil ederra zela, eta gainera oso atsegina. Seguru nago aulki harexegatik izan ez balitz, neska asko izango zituela atzetik, eta lehenengo keinuarekin neu izango nintzela bere besoetan erortzen lehena. Bai, halaxe da. Baina gurpil-aulkia begiratu nuen eta paralizatuta gelditu nintzen. Berak berriz eskatu zidan. Beharbada igarri zidan duda-mudan nenbilela, eta handik gertu zegoen toki batera joango ginela aipatu zidan. —Beno, zergatik ez? —atera zitzaidan bat-batean. Ez zen baietz arrazoitua izan, ezta gutxiago ere. Haren poza ikustean konturatu nintzen baietza biribila eman niola. —Seguru al zaude? —esan zidan. —Bai —erantzun nion damutu aurretik—. Saiatuko gara. Baina gaizki badoa kontua, ez esan ezer. Eta abiatu ginen. Oraindik ere ez dakit zergatik joan nintzen: jakin-mina, lastima, edo morbo hutsagatik. Bera nirekin edozer egiteko prest zegoen”. Juditek pausa txiki bat egin zuen. Ni harrituta nengoen, eta neskarekin txundituta. Neska bat bere amodiozko istorioak aireratzen ikusteak harritu ninduen, jende aurrean eta zehaztasun denak emanez zebilen, gainera. Hura gehiegi zen Urolako mutil-koxkor batentzat! Nire ustez pertsona berezia izan behar zuen Juditek, eta, akaso, azken urteetan ezagutu dudan neskarik interesgarriena. Hain nengoen hunkituta, non ez bainintzen konturatzen begira-begira neukala istorioa kontatu bitartean. “Aulkiko bateriak martxan jarri zituen eta itsasargirako errepidean gora, ilunpean gindoazela, gure aurrean izarrak azaldu ziren, baita barkuko argi batzuk ere, gaueko itsas urrutian nabigatzen. Haren ondoan oinez nindoan artega eta mutilak eskua hartu zidan, hitz egiteari utzi gabe, nire urduritasuna apaltzearren akaso. Gora iristean aulkia biratu zuen eta lorategi ilun batera sartu zen. Erdian zuhaitz bat zegoen, eta belarra moztu berria. —Hemen?, galdetu nion sinesgogor. —Bai, hemen —erantzun zidan. —Baina nola? —Ez kezkatu. Zuk lagun egidazu eskatuko dizudan guztian, ongi? Baietz esan nion jakin-min handiz. Egoera sinesgaitza zirudien. Zuhaitz pean jarri zuen aulkia, eta besoak altxatuz beherengo zegoen adarrari heltzea lortu zuen. Gero, handik zintzilikatuta, aulkia baztertzeko eskatu zidan. —Mina hartuko duzu —esan nion. Baina berak barre egin zuen, eta flexioak egiten hasi zen, kokotxarekin adarra behin eta berriro ukituz. —Ez kezkatu —esan zidan—. Ikusten?, Tarzan peto-petoa naiz. Hiru flexio gehiago egin zituen eta begira gelditu zitzaidan. Zuhaitz gainetik itsasargiak aldika argiztatzen zuen ingurua. Polita nintzela esan zidan, eta hurbiltzeko eskatu ere bai. Hantxe musukatu ginen. Gorputz osoak dardara egin zidan. Ordura arte inork ez zidan inoiz halako musurik eman. Nire ezpainak axolagabe ireki ziren. Gero prakak eranzteko eskatu zidan. Makurtu egin nintzen, apur bat lotsatuta. Gerrikoa askatu nion poliki, botoiak libratu eta beherantz herrestatu nuen arropa, orkatiletaraino. Burua altxatu eta... Jesus, Maria eta Jose! Hura zen izatekoa! Ez nuen halakorik espero, egia esan”. Tinko so egin zidan Juditek. Haren begi-nini zabalduek ñir-ñir egiten zuten, nire zentzumenak sorgortuz. Harrapatu ninduen, bai, eta noiz jarraituko zain irrikaz nengoen. Isilik geratu zen, ordea, nire begiei so. Segundo batzuen buruan, jarraitzeko eskatu nion. Judit hurbildu egin zitzaidan eta nire masailean eskua jarriz barrezka hasi zen. “Ai, ene”, xuxurlatu zidan, “oraindik ez haiz konturatzen dena gezurra izan dela. Asmatzen ari nauk, motel”. Eta agur magiari, agur une mistikoari. Denek egin zuten barre, nik dena sinetsi nuela ikusita. Neuk ere barre egin nuen, nola ez, neure tolesgabetasunagatik. Ez nintzen bakarra izan, ordea. Gorritutako masail asko ikusi nituen han, nahiz eta denek aitortu zuten segidan jabetu zirela engainuaz. Lastima gezurrarena! Ze pena istorioak amaierarik ez izatea, edo amaiera hankamotz hori izatea. Denok jarri ginen pixka bat triste, mutilok bereziki. Izan ere, Urola bailara ospetsua dugu, zoritxarrez. Euskal Herri osoan ez da egongo gutxiago ligatzen den tokirik. Urolatarrak, azkoitiarrak eta azpeitiarrak, sexu-etorkinak izan dira mendeetan zehar, hau da, kanpora jo behar izan dute beti. Pena, beraz, Juditena, horrelako neska bat ondoan izan, norberari begira, istorio kilikagarriak kontatzen eta... dena gezurra!! Ez da txantxa kontua. Azkoitian jaioa naizelako entzun izan dut gaztetatik herrian txortan egitea miraria dela. Horregatik liluratu ninduen Juditek, eta aparteko neska zelakoan hara, nire ametsak denak zakarrontzira. Gau hartan ez nuen lorik egin. Juditenak baino mutilaren larruan jartzeak jarri ninduen pentsakor. Gogorra izan behar du gurpil-aulki batean egoteak, are gehiago egoera horretan neskatara irteteak. Baina amorru gehien eman zidana zen gizagaixoak fikzioan ere ez zuela lortu txortan egitea. Urola-Kostan horrek berdin dirau, oinezkoentzat zein elbarrituentzat. Gurpil-aulkirik gabe gabiltzanok ere elbarri gaude maitasun kontuetan.
Kaleko ipuinak |