Kaleko ipuinak
1 Txikia nintzela, oso-oso txikia, banuen lagun bat istorio eskatologikoak kontatzen zituena. Ondorengo ipuintxoa zen horietako bat, nik oso gustura entzuten nuena.
BASERRI SORGINDUA
Bazen behin emakume alargun bat, baserri zahar batean bizi nahi zuena. Bat aurkitu zuenean, hura ez erosteko esan zioten herritar batzuek, sorginduta zegoela-eta; baina, hala ere, erosi egin zuen, jendearen sineskeriei muzin eginez. Lehenengo ilbetean, ordea, ezuste ederra hartu zuen andreak. Lo seko zegoela ortzia laino beltzez estali zen bat-batean. Segidan, ekaitz-haizeak danbadaka itxi zituen leihoak eta zirrikitu guztietatik ufa-ufa sartzen zen, arima erratu baten ahotsa bezala. Euri langarrak gaua eskastu zuen nabarmen. Euri-tantek barrunda beldurgarria ateratzen zuten teilen kontra eta, minutu gutxitan, bristi-brasta, lokatzetan ziren landak eta soroak. Sukaldean dilin-dalan kuku-erlojuak hamabiak jotzen zituela taka!, ate bat zabaldu zen baserriaren beste aldean. Horretan, tximista batek itzal handi bat irudikatu zuen horman, eta espektro baten forma agertu zen bertan. Handik pixka batera, trumoiaren burrunbak danbor bihurtu zituen leihoetako kristalak. Hura denboralea! Baina, ekaitzak ekaitz, lo seko zegoen etxeko andrea, amets goxoan. Alargun berria izan arren, ez zion batere beldurrik bakardadeari. Urrats batzuk entzun ziren korridoreko ilunpean. Ai ene!, andrearen gelarantz zihoazen zuzen-zuzen. Tapa-tapa pausoak eman ahala krak egiten zuen egurrezko zoruak. Eta emakumea lo. Logelan andrearen zurrunka txikiak eta euriaren zarata besterik ez zen entzuten. Baina andrea ez zegoen bakarrik. Ezin zuen antzeman norbait sartu zela bere logelara, eta hurbiltzen ari zitzaiola gauaren erdian, poliki-poliki... Ilargi biribila hodei beltz artean ageri zen leihoan. Azkar argitu zuen gela barrua eta itzal luzea marraztu zen lurrean, zoruan hasi eta paretan zehar luzatzen zena. Ohearen silueta ere azaldu zen horman, eta bere gainetik atzamar ikaragarri bat, emakumea seinalatzen. Ilargia hodeien artean ezkutatu zen berriro, eta une hartan braust!, tximista bat erori zen oso gertu, eta berehalako trumoi itzelak esnatu zuen andre lotia. Segidan sumatu zuen zerbait arraroa zegoela gelan, eta agondu egin zen artega. “Zer da hori?”, esan zuen bere artean. Bihotza saltoka zuen, kopeta izerditan, eztarria siku. Zerbait zetorren beregana, ilunpean, eta, begiak zabaldu arren, ezin zuen ondo ikusi. Beldurrak jota, garrasi egitear zegoela, ahots xamur bat entzun zuen bere alboan: —Amatxo, amatxo, piza egin nahi dut.
Kaleko ipuinak |