Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006

 

 

6

      Kontakizun hau lehenengo aldiz entzun nuenean, Hitchcock zinemagileari dedikatutako saioa zegoen telebistan. Haren film bat ematen zuten astero, egilearen beraren aurkezpenaren atzetik. Telebistaren eragina nabarmena zen gaztetxoengan, eta kalean kontatzen zituzten istorioetan ere igarri zen. Hau kanpamentuetan kontatzen den ohiko istorio horietako bat da, eta amaierako azken esaldia ozen-ozenki esan beharra dago, entzuleak, ezustean harrapatuz.

 

 

ERAZTUNA

 

      Bilboko emakume eder bat Extremadura aldera zihoan oporretan. Iritsi orduko, bide-gurutze batean galdu egin zen, okerreko bidea hartuta. Zeruak udako ekaitza zetorrela abisatzen zuen, eta esan eta izan: euri-jasak asko murrizten zuen ikusmena, eta hori gutxi izan balitz bezala, gasolina-erreserbaren argia piztu zitzaion.

      Honetan, argi motel bat ikusi zuen urrutian. Tximista baten argipean etxe handi bat begiztatu zuen. Kortijo horietako bat zirudien. Emakume ederra hurbildu egin zen astiro, lokatzezko bide batetik. Etxeko forjazko ate handia itxita aurkitu zuen, ordea. Autotik irten eta maletatik ateratako gabardina jantzi zuen. Gero, burdinazko atea zabaldu eta oinez sartu zen etxe aurreko zorura.

      Etxeari begira zegoela, goialdeko gortina bat mugitu zen eta kristalean norbaiten isla sumatu zuen, zelatan. Hori ikusita emakumeak atea jo zuen. Handik pixka batera, pauso hotsak entzun zituen, eta atea ireki egin zen, karrankada gogaikarri bat sortuz.

      Berrogeita hamar urte inguruko gizon mesfidati batek zurbil begiratzen zion sudurzuloak zabal-zabal zituela. Alkoholak eta tabakoak urratutako ahotsaz esan zion ea halako orduetan zer demontre nahi zuen.

      Emakumeak gizalegez azaldu zion gertatutako dena, eta ondoren ostatu eskatu zion, hurrengo egunera arte etxean har zezan. Ezetz esan zion gizonak. Baina ondo ordainduko ziola entzun zuenean, berehala aldatu zuen ezezkoa.

      Adeitasunez jaso zion gabardina bustia orduan, eta aipatzen zion zoria izan zuela, ez baitzegoen beste etxerik hirurogei kilometro inguruan. Afaltzera ere gonbidatu zuen, eta jantokira eraman, bertan itxoiteko esanez.

      Honela, bakarrik geratu zen emakumea. Gelari begiratua emateko aprobetxatu zuen une hori. Mahai zahar eta luze baten gaineko sabaitik zintzilik, armiarma-lanpara batek argitzen zuen gaztelu-itxurako jangela hotza. Gizonak afari-erretilua zekarrela ikustean, emakumea aulki batean eseri zen.

      Hori bai, hiru lagunentzako platerak ipini zituen gizonak. Honetan, jangelako atea ireki zen kolpe batez. Harrituta eta atsekabetuta, emakumea aulkitik altxatu zen: hamar urteko mutikoa sartu zen bertan, gurpil-aulki batean jarrita zegoen mutiltxoa.

      —Aita!, etor zaitez azkar. Trabatu egin naiz —deiadar egin zion gizonari.

      Honek besoetan hartu eta mahaiaren buruan eseri zuen. Aurkezpenak egin eta gero, sopaz gainezka jarri zituen platerak; gonbidatuarenetik hasita, jakina. Gero bere tokian, mahaiaren beste muturrean jarri zen, emakumea bien erdian zegoela.

      Hasieran inork ez zuen hitz egin. Lehenengo platera amaituta, gizona oilasko errea banatzen ari zela, emakumeak esker onez aipatzen du etxe ederra dutela. Orduan bai, harro eta irriz azaldu zion berea kortijo aberatsa zela garai batean; zoriontsuak zirela bertan, dena aldatu zen arte... Itxuran, istripu batek dena aldatu zuen.

      —Hirira gindoazela gertatu zen. Azkar nindoan eta autoa joan zitzaidan bihurgune batean. Bertan hil zen andrea, eta semea betiko elbarritu.

      —Sentitzen dut —esan zuen andreak suminduta.

      —Harrezkero gaizki joan da dena. Azienda deskuidatu nuen. Dirua medikuetan xahutu nuen, eta laster etorri ziren zorrak. Zerbitzariak eta peoiek ere pixkanaka-pixkanaka alde egin zuten. Zorrak kitatzeko, nire kapitalaren zati handi bat saldu nuen. Etxea eta errenta txiki bat besterik ez zaigu geratzen, justu bizitzeko lain.

      Emakumeak ongi ulertu zuen gizonaren tristura, bera era bakarrik baitzegoen aspalditik. Eta horixe kontatzen die biei, hau da, umezurtza dela txikitatik.

      Solasa animatu egin zen eta oilaskoa dastatu zuten denek, baina mutikoa isilik eta uzkur egon zen afari osoan, beste mundu batean balego bezala. Hori bai, emakumea hizketan hasi zen une beretik ez zion gainetik begirik kendu, eta sorginduta bezala zegoen hari begira.

      Emakumearen eraztuna zen mutikoaren begi-nahia. Urrezkoa zen eta kakalardo-itxurako apaingarri txiki bitxi bat zuen erdian.

      —Oso eraztun polita duzu —esan zion bat-batean mutikoak, aita eta emakumearen arteko solasa eten zuela.

      —Eskerrik asko —erantzun zion emakumeak.

      Gustuko zuela ikusita, eta atsegina izan nahian, eraztuna hatzetik atera eta mutikoari eman zion. Gizonak pozik ikusi zuen semea, emakumearekin hizketan baitzebilen, eta lipar batez altxatu eta joan egin zen. Itzultzean postreak ekarri zituen. Emakumeak flana hartu zuen eta giroak animatuta eraztun haren istorioa kontatu zien.

      —Ama zenaren bitxi bakarra dut. Lotarako ere ez dut kentzen. Familia Zuberokoa nuen, eta gure arbaso batek topatu omen zuen basamortuko hilobi batean, Egiptoko gerran Napoleonekin borrokatu zuenean. Botere ezkutuak dituela esan zioten eta txikitan, amak eman zidanean, horixe bera ezan zidan. Betiko babesa ematen dio daramanari. Baina nik ez dut sinesten horretan.

      —Istorio polita —esan zuen gizonak.

      —Oso polita —esan zuen mutilak.

      Afaria bukatu ondoren nekatuta sentitu zen andrea. Lotara joateko baimena eskatu eta altxatu egin zen. Orduan, eskua luzatuz, eraztuna itzultzeko eskatu zion mutil koskorrari. Honek, ordea, kakalardoak sortzen duen distirak itsututa, ez ikusiarena egin zuen.

      —Barkatu, baina ez dut lorik egin nahi eraztunik gabe —azpimarratu zion emakumeak.

      Mutikoak aurpegi txarra jarri zion eta harribitxia bueltatu bai, baina gogoz kontra eman zion.

      Ondoren, gizonak atseginez erakutsi zion gonbidatuen logela. Goiko solairuan zegoen. Eskailera zabal batzuetatik igo eta eskuinera joanda, korridorearen amaierako atea zen. Beharrezkoa zen guztia zuen logelak, baita bainu ederra ere.

      Emakumea agurtu eta alde egin zuen gizonak. Ondoren, bainu-gelako iturria ireki eta bainu lasaigarria hartzeko prestatu zen. Ur epelak nekea lasaitzen zion eta logura areagotu. Ohean sartu eta berehala loak hartu zuen.

      Bitartean, behean, aita-semeek sesioa zuten. Eraztuna nahi zuela zioen mutilak, bere urtebetetzeko opari gisa. Setati gogorarazten zion aitari hitza eman ziola eta nahi zuena eska zezakeela.

      —Ondo dago, demontre! Datorren astean joango gara hirira, eta nahi duzun eraztuna erosiko dizut. Ados?

      —Ez, ez eta ez ! —erantzun zion oihuka.

      —Baina, seme, esan, zer nahi duzu nik egitea? Entzun diozu emakumeari. Ez dago antzeko eraztunik. Bakarra da munduan, eta ez dut uste salduko digunik.

      —Ken iezaiozu —esan zion umeak haserre.

      —Baina, zer diozu? Erotu al zara?

      —Lapurtzeko esan dizut!

      Aitak ezin zuen sinetsi semeak eskatzen ziona. Elbarri geratu zenetik asko gaiztotuta zegoen mutikoa. Gozo-gozotan hazi zuen, errudun sentitzen baitzen, eta gaina hartu zion gazteak. Eta azken boladan erabat okertuta zebilen, gainera. Andreari ez zion atea ireki behar. Jada berandu zen, ordea.

      —Ezinezkoa da hori, seme. Beti darama hatzean, baita lotan dagoela ere.

      —Esnatzen bada, hil eta kitto!

      —Baina, nola diozu horrelakorik! Ez zaitut ezagutzen, seme!!

      —Zure erruagatik hil zen ama. Zure erruagatik nago ni hemen eserita. Emadazu eraztuna, eta agintzen dizut barkatuko dizudala —adierazi zion gazteak aitari.

      Irudimena bitxia da askotan. Gogoz kontra hasi zitzaion lanean buruko errota. Erraza ematen du. Hilketa erraza. Batetik, emakumeek ez dute indar handirik. Bestetik, nork du haren berri? Inork ez daki hemen dagoela. Bakarrik etorri da, eta munduan bakarrik dagoela aipatu du afarian. Ez dute inon espero. Poliziak ez luke inoiz bilatuko kortijoan. Hilketa perfekturik bada, hauxe liteke bat.

      Pentsamendu hauetan murgilduta zegoela, okela mozteko labana jarri zion semeak aitari begien aitzinean.

      —Hil ezazu, aita, hil ezazu! —zioen, altzairuaren dirdira sumatzen zela bere begi-ninietan.

      Errobot baten antzera zutitu eta emakumearengana abiatu zen aita. Labana arropa artean ezkutatuta zeraman eta isilka igo zituen eskailerak. Goian, gelako ate aurrean gelditu eta belarria egurraren kontra jarri zuen, barruan mugimendurik ba ote zegoen jakin guran. Isiltasuna besterik ez. Ongi.

      Atea astiro zabaldu zuen eta barrura sartzeko nahikoa toki ikusi zuenean, maratila askatu eta barrura sartu zen, ia-ia hanka puntetan, zarata txikienak apur baitzetzakeen estrategia dena. Emakumea lo zegoen, albo batera etzanda, eta buruki gainean zuen eskua, eraztuna zeraman eskua, hain zuzen. Urrezko dirdira motelak gidatzen zuen gizona ilunpean, ontzia itsasargiak gidatzen duen legez.

      Ondoan jarri, eskutik hartu eta eraztuna kentzen saiatu zen, hori bai, emakumea esnatu gabe. Segidan ohartu zen hori ezinezkoa zela. Eta kontua gehiegi ez luzatzearren, labana atera eta zaust!, lepoa ebaki zion, alderik alde.

      Biktimak begiak zabaldu zituen, minaren eta izuaren eraginez, eta odola dariola zegoen ohe gainean. Gero gizona ikusi zuen labanarekin, eta dena ulertu zuen bat-batean. Ihes egiten saiatu zen, baina alferrik. Bere odoletan ito zen emakumea. Orduan ukabila gora jaso zuen gizonak, eta bihotzean sartu zion labana. Egina zegoen dena. Emakumea hilik zegoen.

      Hilketa burutu ondoren, tente itxaron zuen gizonak, zer egin ez zekiela. Gero emakumearen gorpuari eskua hartu zion eta eraztunari tiraka hasi zen, baina ez zuen ateratzerik lortu. Atzamarrari ondo itsatsita zegoen.

      Urduri jarri zen gizona orduan. Andreak zabalik zituen betazalak, eta bizirik zegoela zirudien. Bularretik labana atera, eta gizonak hatza moztu zion andreari. Oka-gura sentitu zuen, baina eskuratu zuen eraztun demonioa.

      —Aita, egin duzu, egin duzu! —esan zion semeak zoro-zoro eginda.

 

      Baina aita lur jota zetorren eskaileretan behera. Eraztuna semeari eman zion, ia erortzen utzi zuela.

      Mutikoak pozik hartu zuen eta odol-zipriztinak garbitu ondoren hatz lodian sartu zuen.

      —Aita, zer egingo dugu orain emakumearekin?

      Eta orduantxe otu zitzaion aitari gorpuarena: ezkutatu beharra zegoen. Etxetik irten eta korrika sartu zen kortara. Handik pixka batera katiuskak jantzita atera zen, pika eta pala eskuetan zituela.

      Toki egoki bat bilatu zuen, etxarteko lorategian. Zuloa egin ondoren, katiuskak erantzi eta etxera bueltatu zen. Gorpua izarekin bildu, jaitsi eta etxaurrean zehar arrastaka eraman zuen, lokatz artean. Zulora bota eta estaltzen hasi zen unean bertan emakumearen gabardinaz akordatu zen.

      Katiuskak erantzi, etxean sartu, gabardina hartu eta atarian gelditu zen ziplo. Burua altxa eta sabaiari begira geratu zen, une batez: demonio, emakumearen hatz moztua! Gora igo eta hantxe aurkitu zuen, zoruan botata. Gabardinarekin lagunduta jaso zuen. Sakon hartu zuen arnasa eta kanpora abiatu zen.

      Katiuskak berriz jantzi eta etxartea zeharkatu zuen. Gabardina eta hatza biak batera zulora bota ondoren, lurrez estali zuen gorpua. Gero zorua jorratu eta lurra berdindu zuen.

      Oraindik ere gauza asko lotu behar ziren, arrasto guztiak ezabatu asmoz. Kanpora irten eta emakumearen autoa hartu zuen. Argiak piztu gabe eraman zuen aintzira hurbil batera, eta bertan hondoratu zuen.

      Lasterka itzuli zen etxera. Katiuskak garbitu ondoren, oheari izara garbiak ipini zizkion, eta odolez blai zegoen ohe-estalkia sutara bota zituen. Goizeko bostak ziren. Neka-neka eginda zegoen gizona.

      —Eginda dago! —esan zion semeari, eta biak oheratu ziren.

      Biharamunean, ohiko bizimodua egin zuten, ezer gertatu ez balitz legez. Paseo txiki bat eman zuten eguzkitan. Etxartean arbola berri bat zegoen, bazter batean. Zuhaitz hari begira, aita-semeek hilketari buruz inoiz ez hitz egiteko akordioa hartu zuten.

      Egunak joan egunak etorri, hogeita hamabost urte igaro ziren. Mutikoa gizondu zen. Ahaztua zuen iragana eta eraztuna zeraman atzamarrean, betidanik berea izan balitz legez.

 

      Udako egun batean, ordea, inoiz ez bezalako ekaitza sortu zen iluntze aldera. Gizon handi batek sarrerako atean auto baten argiak sumatu zituen. Etxartean norbait zegoen eta ez zuten inor espero. Emakume bat zen autotik atera zena. Euritan zegoela, bazterreko arbolari begira geratu zen, une batez. Atarira hurbildu zen eta atea jo zuen. Gizonak ireki zion eta emakume eder bat ikusi zuen bere aurrean, gabardinaz jantzita. Berehala galdetu zion ea zer nahi zuen, gaueko ordu txikiak baitziren.

      Andreak labur-labur azaldu zion urrutitik zetorrela, matxura bat izan zuela autoan eta ekaitza hastean kortijoa ikusi zuela. Gaua pasatzeko leku bat behar omen zuen.

      —Molestia handirik ez bada, jauna, bihar arte besterik ez da izango, garabi bat etortzeko da-eta.

      —Nola ez! Sartu, sartu barrura. Gose izango zara dagoneko, ezta? Zatoz nirekin —esan zion gizonak ongi etorria emanez eta blai-blai zegoen gabardina jasoz.

      Gero, mahaia atontzen ari zirela, hizketan aritu ziren.

      —Guk afaldu dugu dagoeneko, baina gustura hartuko dugu kafetxo bat zuk afaltzen duzun bitartean —adierazi zion gizonak.

      Bat-batean, zaratatsu azaldu zen atetik berrogei bat urte zituen gizon bat, gurpil-aulki batean jarrita zetorrena.

      —Gabon! —agurtu zuen.

 

      Gurpilak mahai ingurura hurbildu zituen gizonak, eskuekin bultzaka; esku batean urrezko eraztun eder bat zeraman. Emakumea begira geratu zitzaion.

      Gizon zaharrak mahaian esertzen lagundu zion elbarrituari, justu emakumearen ondoan. Gero afaria eta kafea zerbitzatu zituen.

      —Atsegina da bisitak izatea; baietz, Sebastian? —esan zion elbarrituak gizon zaharrari—. Aita hil zenetik Sebastian eta biok bakarrik gaude etxe bakarti honetan.

      —Aita hil zaizu... sentitzen dut —esan zuen, eraztunari begiak kendu ezinik.

      Emakumearen edertasunarekin txundituta daude biak ala biak, zer edo zer hurbilekoa ikusten diote, ezaguna egiten zaiona.

      Euria gogotik ari zuen kanpoan. Bat-batean tximista bat erori zen, etxetik oso gertu, eta burrunbak aspaldiko oroitzapenak ekarri zizkion gogora elbarrituari.

      —A zer nolako giroa dugun gaur! —bota zuen andreak—. Eskerrak zure etxea aurkitu dudan! Zopa beroa mundiala dago.

      Koilara ahora zeramatzala zerbait deigarria sumatzen zitzaion: emakumea ezkertia zen, eta eskularrua jantzita zuela ari zen afaltzen. Gainera, lepoko zapia pixka bat askatu zuen eta eztarrian ebaki itzel baten arrastoa ageri zitzaion. Jakin-minak jota gizona galdezka hasi zitzaion.

      —Ebaki hau duela urte asko egin zidaten. Gizon batek egin zidan: lapurtu ondoren, lepoa mozten saiatu zen.

      Gizon biak mutu geratu ziren. Emakumeak zurrut egin zion kafeari. “Ezinezkoa da, ezinezkoa da”, errepikatzen zuen bere baitan elbarrituak. Amasa sakon hartu zuen, baina jakin-minak kili-kili egiten zion barru-barruan.

      —Barkatu, andrea, baina... —eta hitzak eztarrian kateatu zitzaizkion.

      —Bai?

      —Zergatik jaten duzu eskularru bat jantzita?

      —Jendea ez beldurtzeko erabiltzen dut —erantzun zion eskularrua kentzen zuen bitartean—. Lapurrak hatza moztu zidan eraztuna osteko.

      Gizona dardaraka hasi zen bere aulkian. Ezinezkoa zirudien, baina buruan galdera bat zuen dantzan, etengabeko dantzan:

      —Eta nor da atzamarra moztu zizuna, bada?

      —Zure aita izan zen.

 

Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006