Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006

 

 

10

      Lanean kontatu zidaten pasarte hau mundiala da oso. Gezurra da, bai, baina bere garaian barre asko egin genuen xelebrekeri honen kontura. Santanderrerako doan autobidea zabaldu zuten garaikoa da, eta kontakizunak argi erakusten du zein arriskutsua den batzuetan egia esatea.

 

 

ELEFANTEA

 

      Santanderrerainoko autobide berria inauguratu zelaeta, lagun bati bururatu zitzaion asteburuan Cabárcenora joatea bere auto berriaz.

      Cabárceno Santanderretik gertu dagoen zoo naturala da. Animaliak zail zabaletan itxita daude, eta hortaz nahiko aske ibiltzen dira. Parkea ikusgarria da, oso handia, eta alde batetik bestera joateko errepide txikiak daude; autoz joan daiteke, beraz, eta animaliak patxadaz ikusteko aukera polita dago.

      Goizean goiz irten zen Bilbotik laguna. Autobide berrian zehar ziztu bizian plantatu zen han. Sarrerako tabernan gosaldu zuen. Ondoren, sarrerekin batera ematen duten triptikoari begirada bat eman ostean, gertu dauden narrastiak eta tximinoak ikustera joan zen.

      Handik irten eta gero, triptikoa hartuta, animalia exotikoen zirkuitua aukeratu zuen. Hau da, gepardoa, jirafak, artzak, hipopotamoak eta elefanteak ikusteko baliagarria den bidexka.

      Eguerdi aldera, goseak jota, jirafen lekutik hurbil dagoen jatetxean ogitarteko bat, garagardoa eta zorro bat patata frijitu erosi zituen. Dena beteta zegoenez, kanpoko mahai batean bazkaldu zuen, kanpoko sargoriari eutsita.

      Garagardoari azken tragoa eman eta berriz autora, elefanteen eremua ikusi nahi zuen-eta. Beroa jasangaitza zen auto barruan ere, eta gizonak kristalak jaitsi zituen haizeari bide emateko. Metro batzuk gehiago eta hara!, aldapatxo bat jaistean ikusten ditu denak, bidetik metro eskas batzuetara. Elefante-talde galanta.

      Lehenengoz ikusten zituen hain hurbil, eta autoaren motorra itzali zuen, unea dastatzeko leku aproposa baitzen. Animaliei begira zegoela, erabat harrituta, ez zuen izan elefanteak aske zebiltzala ohartzeko betarik. Hesia apurtuta zegoen eta animaliak libre zebiltzan hara eta hona.

      Halako batean elefante bat autoraino hurbildu zitzaion. Laguna liluraturik zegoen animaliarekin. Baina elefanteak, barruan zeramatzan patata frijituak usainduta, ri-ra batean sartu zuen tronpa leihotik, laguna ezustean harrapatuz. Pakidermoa barrua miatzen hasi zen tronparekin. Beldurrak jota, kristalak igotzea erabaki zuen gizonak. Jakina, tronpa harrapatu zion animalia erraldoiari, eta handik aurrera komeriak: elefanteak oin bat jarri zion atearen gainean, eta palanka eginez tronpa askatzea lortu zuen. Hori bai, autoa batetik bestera mugitu zuen animaliak, gizonak azeleragailuari hondoraino ematen zion bitartean. Azkenean ospa egiteko aukera izan zuen turistak, baina autoa hondatuta zuen ordurako. Autotik atera zen txikizioa ikusteko, eta Asiako eta Afrikako elefante guztiak madarikatu zituen orduan, ukabila zerurantz altxatuz.

      Parkearen sarrerara hurbildu eta bertan azaldu zuen gertatutakoa. Baina han esan zioten ezin zutela ezer egin, asko sentitzen zutela, baina parkea ez zela horretaz arduratzen, ongi adierazita zegoela sarrerako kartelean.

      Alferrikako erreklamazio orriak bete ondoren, triptikoa eta txartela puskatu zituen. Parkea atzean utzi eta Bilbora itzultzeko goiz dela ikusirik, Santanderrera joatea erabaki zuen. Sardineron aparkatu eta, gertatutakoa ahazteko, zurrutari eman zion.

      Seiak aldera berriz hartu zuen autoa eta atea izorratuta ikustean mekauenka hasi zen berriro, ardoak ez baitzuen haserrea mantsotu.

      Bidea bide, Bilbo aldera iristean, Urtuella parean, balaztatu eta larrialdietarako argiak piztu zituen. Aurrean egundoko auto-ilarak zeuden. Talka izugarria suertatu omen zen bide erdian, eta trafiko osoa geldirik zegoen. Ertzainak ere bertan zeuden, eta auto bat bultzatuz karril bat libre ustea lortu zuten.

      Istripuan inplikaturik ez zeuden autoei pasoa eman zien hasieran Ertzaintzak, anabasa izugarria baitzen. Istripua nola sortu zen aztertzen ari zen Ertzaintza eta Cabárcenotik zetorren tipoaren autoa ikusi zutenean, dena mailetuta, bazterrean aparkatzeko agindu zioten. Hark azaldu zien oker zeudela, berak ez zuela inongo zerikusirik istripuarekin. Ertzaintzak ez zion sinetsi eta hantxe kieto egoteko agindu zioten.

      Baina gizonak azalpenak eman nahi zituen.

      Konpondu baino okertu egin zituen gauzak azalpenarekin: Santanderretik zetorrela esan zion ertzain bati, eta atekoa elefante batek egin ziola.

      Adar-jotzea begitandu zitzaion ertzainari, eta autotik berehala jaisteko agindu zion. Furgonetara sartu zuten gizona, alkohol proba egin eta taka, positibo biribila eman zuen. Isun itzela jarri zioten hantxe bertan. Baina txarrena etortzeke zegoen, epailearen aurrean deklaratu beharra zeukan, istripua argitzeko asmoz. Eta zer esan epaileari? Elefantearena berriz?

 

Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006