Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006

 

 

5

      Hau erostetxe handiak hirietan zabaltzen hasi ziren sasoikoa da. Txutxu-mutxua laster hedatu zen eskoletan.

 

 

ANDRE EZEZAGUNA

 

      Aspertuta nengoen etxean, eta Merkataritza Zentrora joan nintzen. CDak, liburuak, aldizkariak, ordenagailuak ikusten ibili eta gero, tabernara joan nintzen. Freskagarria eta patata frijituak erosi ondoren bideo-jokoen makinaren aurrean jarri nintzen. Handik pixka batera konturatu nintzen emakume batek zorrotz begiratzen zidala. Ezezaguna zen niretzat; lehenengoz ikusten nuen. Berrogei urte inguru izango zituen, eta oso ederra zen.

      Halako batean hurbildu egin zitzaidan. Makina ondoan jarri zen, eta niri begira geratu zen, ezer esan barik.

      —Kaixo —hurbildu eta horixe esan zidan bat-batean.

      Izen-abizenak eta adina galdetu zizkidan. Oso jarrera arraroa iruditu zitzaidan hura. Susmo txarra hartu nion eta, hortaz, galdetu nion ea nire datuak zertarako jakin nahi zituen.

      Erantzun ordez, istorio triste bat kontatu zidan.

      —Barkatu molestatu bazaitut, baina duela hilabete batzuk hil zitzaidan semea, eta zu ikustean egundoko ezustea hartu dut.

      Ni ikustean? Burutik jota zegoela pentsatu nuen. Baina, bestetik, benetan ari zela ematen zuen. Dirudienez, bere seme defuntuaren antz handia nuen. Bikiak ematen genuela esan zidan. Txantxetan ari zela pentsatu nuen, baina segidan konturatu nintzen gauza serioa zela.

      —Sinesten ez baduzu, hementxe dut semearen argazkia.

      Larruzko poltsatik diru-zorroa atera zuen. Plastikozko zorroan zuen argazkia atera eta eman egin zidan.

      Arraioa, egia zen! Berdin-berdinak ginen. Nola zitekeen hura? Hunkituta nengoen. Orduan ulertu nuen andrearen jarrera arraro hura. Emango ez zion, bada, inpresioa ni ikusteak!

      Baina jokoan buru-belarri sartuta nengoen, eta partida bukatu nahi nuela azaldu nion.

      —Axola ez bazaizu, ni hemen geratuko naiz pixka batean. Jesus!, semearekin hizketan nagoela ematen du —bota zidan orduan.

      Aurpegia zuritu zitzaion, eta makina gainean ipini zituen eskuak, zorabiatuta-edo. Azkar heldu nion, ea ondo zegoen galdetuz.

      —Bai, gazte —esan zidan—. Emozioa izan da, besterik ez.

      Aurpegiera hobetu zitzaion eta nik partida galdu nuen. Ezustean, andreak hogei euroko billetea luzatu zidan, nahi adina partida jokatzeko. Ez nion dirua hartu, noski.

      —Zergatik ez? —esan zidan dirua nire eskuetan jarriz—. Semeari ere asko gustatzen zitzaizkion makina hauek.

      Samurtu egin ninduen benetan, eta hartu egin nuen papertxoa. Jokatu bitartean bere semeaz jarraitu zuen hizketan. Konturatu orduko zortziak ziren.

      —Gustura nago, andrea —esan nion orduan—, baina afaltzeko ordua da eta etxera joan behar dut.

      Baina bera elkarrizketa luzatu guran zebilen.

      —Ez zaitez joan oraindik, mesedez. Gera zaitez beste pixka batean. Bihotzez eskertuko dizut.

      —Ezin dut, andrea.

      —Hara, zergatik ez diezu gurasoei deitzen telefonoz, beranduxeago joango zarela esateko? Zer diozu?

      —Ez. Sentitzen dut. Berandu da eta gose naiz dagoeneko —esan nion aitzakia merkea jarriz—.

      Orduan espero ez nuen zerbait esan zidan:

      —Hori al da guztia? Hementxe bertan afal dezakegu biok! Hara, deitu amari, eta esan lagunekin afalduko duzula.

      Amari ez niola gezurrik esaten aipatu nion eta, horretaz gain, ez zitzaidan ondo iruditzen berarekin afaltzea. Baina eskua hartu eta begietara begiratuz, hauxe esan zidan:

      —Egizu nire semeagatik! Azalduko dizut zergatik nahi dudan zurekin afaldu. Zera, nik semearekin tirabirak izaten nituen. Behin benetan haserretu ginen eta huskeria bategatik zigortu nuen. Aurrerantzean ez zidan gehiago hitz egin. Nik bere onerako egiten nuen, ama guztiok bezala, baina gazteok batzuetan ez duzue hori ulertzen. Urte betez egon ginen elkarri hitzik gurutzatu gabe; istripu-egunean bertan bete zen urtea. Betiko galdu nuenean konturatu nintzen txarto egin nuela. Beharbada ez duzu ulertuko, baina, zurekin hizketan banago, nolabait, badut halako esperantza bat, haren barkamena lortuko dudala edo... Horrexegatik eskatzen dizut orain nirekin afaltzeko.

      Nahikoa izan zen azalpen hori ni konbentzitzeko; bihotz taupadak areagotu egin ziren berehala.

      —Ongi da —esan nion.

      Etxera deitu nuen, eta gogoz kontra gezurra esan nion amari. Lagunekin afalduko nuela esan nion, gaineratuz beranduegi ere ez nintzela bueltatuko. Gero afaltzen hasi ginen. Andrea nire aurrean zegoen. Menua eskatu eta platerak ekarri bitartean urduri ibili nintzen. Ez nekien zer esan. Jende ezezagunekin afaltzeko ohiturarik ez dut, are gutxiago emakume batekin. Baina berak girotu zuen une delikatua.

      Afariaren hondarretan gustura ginen biok. Itxuran bere semea eta ni nahiko antzekoak ginen, eta ez bakarrik fisikoari erreparatuta. Batzuetan begietara so geratzen zitzaidan, tinko-tinko, isilik, eta bere begiradak laban zorrotzaren antzera zeharkatzen ninduen.

      Postrean eskua jarri zidan nirearen gainean, zerbait pertsonala esatear balego bezala. Baina ez zituen ezpainak ireki, begi ederrek bris-bris egiten zuten bitartean.

      —Semeak bezala jaten duzu flana —esan zidan ahots dardaratsuarekin.

      Eskupekoa utzita, kanpora irten ginen. Ilun zegoen, eta etxera oinez nindoala ikustean, laguntza eskaini zidan. Etxera autoz eramango ninduela esan zidan, nire eskua hartuz. Ezetz esan nion, eskua askatu bitartean; gertu bizi nintzela agertu nion, eta ez zela beharrezkoa.

      Baina berriz hartu zidan eskua eta auto aldera eraman ninduen, ume bat eramaten den bezala. Amore eman nuen eta autora sartu ginen. Barruan bere etxera joateko proposamena egin zidan, niretzat gauza batzuk zituela eta... Semearenak omen ziren, baina niri oparitu nahi zizkidan.

      —Zer dira gauza horiek? —galdetu nion jakin-minez.

      —Liburuak, DVDak, CDak, bideo-jokoak... Nahi duzuna har dezakezu. Zer diozu?

      Ez zitzaidan ideia ona iruditu. Semearen gauzak hartzea makabroa iruditzen zitzaidan. Pentsakor jarri nintzen eta bitartean nigana hurbildu zen, buruan laztanka hasi zitzaidala. Ezustean harrapatu ninduen horrek. Paralizatuta geratu nintzen, zer egin ez nekiela. Lepoa gogortu zitzaidan eta mihia sabaian itsatsi. Emakumearen lurrinak erakarri egin ninduen eta sorginduta bezala sentitu nintzen. Orduan nigana hurbildu zen. Erosoago sentitzeko-edo zeraman gona igo egin zuen pixka bat eta bere hankak nirea ukitzen zuela sentitu nuen, masailak gorritu eta lotsa sentitu nuen. Hanka luze fina zuen, gazte baten antzekoa.

      —Hemendik bi kilometrora bizi naiz. Zer diozu? —xuxurlatu zidan belarrira.

      Iletik behera jaitsi zuen eskua, eta masailetik tiraka, hari begira jarri ninduen. Ezetz esan nahi nion, nahiago nuela etxera joan. Mihia ez zitzaidan mugitzen, ordea. Gero egin behar ez zuena egin zuen. Musu eman zidan ezpain baztertxo batean. Musu laburra izan zen, eta ezpainak dardarka utzi zizkidan.

      Beldur nintzen. Bero. Nahastuta. Ez nuen amore eman, ordea. Sakon hartu nuen arnasa. Gero, argi eta garbi utzi nion gustura afaldu nuela, gau ederra izan zela eta oso atsegin portatu zela nirekin, baina ez. Etxera joan behar nuen.

      Nire eskuak hartu eta nahi nuena erosiko zidala agindu zidan, baina bere etxera joaten lagundu behar nion. Nahi nuen guztia opari nahi zidan. Eskatzerik besterik ez nuen. Eta nire eskua askatu gabe, bere izter gainean jarri zuen. Gero gora eta behera mugitu zuen astiro. Azal leuna zuen eta niri lotsa ematen zidan hura laztantzea, baina ez nuen eskua erretiratu. Gero eta bide luzeagoa egiten zuen nire eskuak, gorantz eta gorantz, eta gonaren barrenetan azkazalek kuleroen biguntasuna sumatu zuten.

      Haren hats beroak sorgindu ninduen. Sekula ez nuen horrelakorik sentitu. Ezetz esan nion une berean ezpainak hurbildu ziren, eta beste musu bat eman zidan, oraingoan bete-betean. Luzea izan zen. Lotsatuta nengoen.

      —Zergatik eman didazu musua? —galdetu nion burua nahastuta.

      —Zuri ez. Nire semeari —esan zidan zuhur.

      —Ni banoa.

      —Egon zaitez pixka bat —esan zuen—. Gauza bat eman nahi dizut.

      Atzealdeko aulkitik esku-poltsa hartu eta eskuartean ipini zidan. Barrura begiratzeko esan zidanean, beste zerbait aurkituko nuela pentsatu nuen, gaiztakeriaren bat akaso, lizunkeriaren bat. Baina ez. Halakorik! Poltsa barruan zegoena biribila zen, handi-handia eta potolo-potoloa, kontatu dizuedan istorioa bezain gezur potoloa!!

 

Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006