Kaleko ipuinak
2 Iratxoak, dragoiak, zaldunak eta printzeak existitzen ziren sasoiko ipuin zaharrak ditugu gustuko. Hemengo hau aitak kontatu zidan, eta benetako gertaera batean oinarrituta dago.
SAGARRONDOA
Azkoitiko kanpoaldean pinudi handi bat zegoen. Mieltxok, behin, menditik zetorrela pinudia zeharkatzea erabaki zuen, bazkal ordura garaiz iritsi nahian. Baina bide erdia egina zuela zerbait gertatu zitzaion. Harrituta gelditu zen pinudiko argigune batera ailegatu eta arbola bat ikusi zuenean. Sekula halakorik! Loretan zegoen sagarrondo bati argi-koro ikusgarri bat zerion eta adarretan bere lore zuriek dirdira egiten zuten amaigabeko kolore festa osatuz. Liluratuta geratu zen eta aurrerantzean, menditik jaisten zen bakoitzean, sagarrondoa ikustera joaten zen. Pixkanaka loreak esmeralda koloreko sagar bilakatu ziren, eta fruituak heldu zirenean pilo bat hartu eta zorro bete sagar eraman zuen etxera. Mieltxoren andreak eta seme-alabek sekula ez zituzten jan horrelako sagarrak. Aro osoan ez zuten ia beste frutarik hartu. Azkar husten zen zorroa, eta Mieltxok beteta ekartzen zuen berriz. Nondik zekartzan galdetzen ziotenean, “toki sekretu batetik” erantzuten zuen beti. Goiz batean, sagar bati hozka eginez zorionak gainezka egin ziola konturatu zen. Azken aldian osasuntsu ibiltzen ziren denak, seme-alabek gogor heldu zieten ikastetxeko zereginei, andreak gazteagoa zirudien, eta ezagutu zueneko egun hartan bezain maitemindurik sentitzen zen Mieltxo. Kalean, jendeak begi onez hartzen zituen, eta lantegian lanpostu hobe bat eskaini zioten. Ordura arte gorriak eta bi ikusi zituen Mieltxok familia aurrera ateratzeko, eta orain aldartea bestelakoa zen. Dena ondo zihoan, eta erraz gainera. Bere ustez ez zegoen zalantzarik: horren guztiaren arrazoia, nola edo hala, sagar haietan zegoen. Hurrengo udaberrian Mieltxok itzulinguru handiak eman zituen pinudi barrura sartzen inork ikus ez zezan. Sagarrondopean etzanda, hizketan hasten zen arbolak belarriak balitu bezala, eta baketsu sentitzen zen han. Gero, zorroa beteta, besarkada batez eskerrak emanez agurtzen zuen arbola. Urtetik urtera, Mieltxoren hitzak eta besarkadak eskertuz-edo, handiago eta emankorragoa egin zen sagarrondoa. Aldi berean, zenbat eta emankorragoa izan sagar-uzta, handiagoak eta ugariagoak ziren mieltxotarren ondasunak. Denbora gutxian herriko gizonik aberatsenetakoa bihurtu zen Mieltxo. Behin, goizean goiz jaiki zen Mieltxo sasoiko lehenengo sagarrak biltzera. Baina sekula espero ez zuena gertatu zitzaion iristean: arbola soilduta zegoen. Sagar zapaldu batzuk besterik ez zuen aurkitu lurrean. Hura haserrea! Nola gertatu zitekeen horrelakorik? Itxuran beste norbaitek ere topatu zuen arbola eta sagar guztiak eraman zituen. Sutan zegoen. Ostikada bat eman zoruan, eta alde egin zuen handik irainka eta purrustadaka. Albisteak haserrea piztu zuen etxean. Segidan itzuli ziren oinazea eta arazoak mieltxotarren artera. Uda gaizki igaro eta udazkena gorriagoa zetorren. Bazirudien aldarte txarrak ez zuela amaierarik. Guztia zen aldapa gora. Negua iristean gertatuaz ahaztu eta urak bere onera itzuli ziren. Negua iragan zen. Baita udaberria ere, eta heldu zen udaldia. Sagarrak jateko moduan zeuden, adarretan zintzilik. Poza zen nagusi berriz mieltxotarren etxean. Adarrak nola makurtzen ziren ikusita, hura inoizko uztarik onena izango zen. Alabaina, zorroa eraman zuen egunean arbola soilduta aurkitu zuen berriz. Ez dago esaterik zenbat oihu eta madarikazio isuri zituen. Etxean okerragoa izan zen: Mieltxo gupidagabe mespretxatu zuten, ergeltzat hartuz.
Horrela igaro ziren pare bat urte; zoritxar artean, mieltxotarrak ez ziren burua altxatzeko gauza. Andreari makalaldia etorri zitzaion, eta Mieltxok istripu bat izan zuen. Ez oso larria, baina egun batzuk igaro beharko zituen ohean. Izara artean zegoela izan zuen, bai, kontsolamendurik. Mieltxo konturatu zen lortutako gauzak ez zituztela galdu, behinik behin. Izan ere, ondasunak ez ziren handitu, baina gutxitu ere ez. Eta, gorabeherak izan arren, oso ondo bizi ziren. Hurrengo uda ere iritsi zen. Mieltxo egunero ibiltzen zen zelatan, ea pinudian norbait ikusten zuen. Baina ez. Loreak sagar bihurtu ziren gizakiaren atzamarretatik urrun. Bat hartu zuen. Hozka egin zion, eta gero bota egin zuen. Behazuna bezain mingotsa zegoen. Denborak handitu egin zuen sagarra, eta eguzkiak errubi itxura eman zion esmeralda-koloreko sagar-azalari. Zorroa hartuta, arnasestuka igo zen berriz mendira Mieltxo. Iritsi eta sagarrik ez. Guztiak desagertuak. Gizagaixoak ezin zuen sinetsi, bart hantxe ikusi zituen-eta. Estualdiak jota, dardarka hasi zen. Gorrotoak barrua irakiten jarri eta burua nahastu zion une batez. Ezin zuen jasan beste norbaitek sagarrak jatea, beste bat izatea haien jabe; bereak izan behar ziren ondasun haiek guztiak. Eta inbidiak habia egin zuen bere bihotzean, suge pozoitsu bat balitz bezala. Urte osoan sentitu zuen odolean zeraman pozoi beroa. Udako estreinako egunean, zorroa lepoan hartu eta basora abiatu zen. Ailegatu bezain pronto arbolaren ondoan bota zuen zorroa. Barrutik atera zuen metal hotzak dir-dir egiten zuen eguzkipean. Zartada bakoitzean, amorruak irakiten zion. Halako batean krak egin zuen egurrak eta arbola erori egin zen. Hurrengo egunean, traktore bat gerturatu zen pinudira. Gizon garai bat aulkitik jaiki eta astiro sartu zen basora. Iristean, sagar-arbola ikusi zuen belar gainean; usteltzen hasia zen fruitu berdez gainezka. Ziztada bat sentitu zuen orduan, sugegorri batek golkoan hozka egin izan balio bezala. Azkar ulertu zuen guztia, eta ahuleziak jota, belauniko jarri zen, goikoari galdetuz: —Ba al du esperantzarik gizakiak?
Kaleko ipuinak |