Kaleko ipuinak
3 Heldu edo zahartzen gara noizbait eta istorioak gurekin batera eraldatzen dira. Fantasiak atzera egiten du, eta benetako gertaerei ematen diegu garrantzia. Hau, auzoko neska bati gertatu zitzaion, herritik kanpo egin zuen lehenengoko bidaian.
BIDAIA
Iruņeko autobus-geltokian zegoen Zumarragarako autobusa hartzeko. Busa iristean denak jarri ziren ilaran; neska azkena zen. Halako batean, hogeita hamar urteko gizon bat heldu zen eta galdetu zion ea hura ote zen Zumarragara zihoan autobusa. Gizona totel-motela zenez, gorriak ikusi zituen galdera sinple hura egiteko. Neskak baietz esan zion, barreari eutsi ezinik. Jende guztia begira geratu zitzaion neskari, gizalege gutxiko gazte lotsagabeari. Txoferrak ateak zabaldu ondoren, denak eseri ziren barruan. Neska atzealdeko leiho ondoko aulki batean jarri zen. Totela, bi aulki aurrerago. Gidariak motorra piztu zuen, baina ateak ixteko zorian zegoela jende gehiago iritsi zen. Azkena hogeita bost urteko mutila zen, neskaren herrikoa. Berehala ezagutu zuen eta saltsa berotzen hasi zen, bada, mutil hura ere totela zelako. Gaztea igo orduko bi aulki baino ez zeuden hutsik: bata, totelaren ondokoa; bestea, neskaren ondokoa. Gazteak libre zeudenak ikusi zituen eta lehenengoaren aurrean paratu zen, hau da, beste mutil totelaren alboan. Neska barrez hasi zitzaion, gertatzear zegoena sumatuta. Eta halaxe izan zen. —Li-li-li-li-bre al-al da-dago? —entzun zen autobus osoan, neskaren barrearekin batera. Jendea marmarka hasi zen, eta jakin-minez atzera begiratzen zuten denek. Bitartean, gizonak, hura entzunda, erdi haserre, zera esan zion: —...Jotzen ala? Ai-ai-ai-ai-zak, ada-ada-adarra jo... Autobus osoa barrez lehertu zen, baita txoferra ere. Are gehiago gazteak jarri zuen aurpegia ikusita, bada kostatu zitzaion sinestea beste totel batekin ari zela hizketan. Berehalaxe azaldu zion harro: —Aiiiii-zak hiii, ni e-ere na-na-izela toto-to-te-e-la, jo-jo-oņo! —A be-beno! Hura entzunda txoferrak autobusa gelditu egin zuen, ez baitzen autobus-geltokitik irteteko gauza. Biak elkarren ondoan eseri ziren eta azkenik jendeak eutsi egin zion barreari. Neskak ez, ordea. Bidaia osoa eman zuen iji eta aja. Txoferrak errieta egin zion, eta gainontzekoen begi zorrotzek isiltzeko sujeritzen zioten arren, neskak ezin izan zion barreari eutsi. Noiz edo noiz totelek burua jiratu eta ukabila erakusten zioten neskari. Alferrik. Horrek neska saltoka jartzen zuen, barrearen barrez. Txoferrak irratia jarri zuen orduan, baina abestien arteko isiluneetan haren algara zen nagusi. Totelak lagun min egin ziren bidaian, eta neskak tripako mina izan zuen egun osorako.
Kaleko ipuinak |