Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006

 

 

4

      Oraingo hau beldurrezkoa da, edo suspensezkoa, gutxienez. Txikitan gustuko nituen beldurrezkoak. Kataluniako lagun batek kontatu zidan hemen agertzen dudana. Nik gaurkotu egin dut, eta, nola ez, gurean girotu.

 

 

INOZOEN EGUNA

 

      Ederra gertatu zaie hiru gazteri egunsenti aldera. Durangotik autoz gau-pasa eginda datozela, irratia piztu eta ezohiko albistea entzun dute, zeharo harrigarria: “Gizon gaixo batek ihes egin du eroetxetik. Indartsua eta oso arriskutsua omen da. Herritarrei behin eta berriz aholkatzen zaie, bera ikusiz gero, harengandik azkar urruntzeko. Ertzainak atzetik dabiltzan arren, oraindik ez dute atzeman. Azken berrien arabera, Azkarate mendate inguruan ikusi dute”.

      Albistegia bukatu bezain laster, barrez hasi dira denak. Izan ere, gogoratu berri dute Inuzente Eguna dela gaur. Txantxa delakoan, pozik doaz bidean zehar, “guri ez digute, behintzat, ziria sartu” esanez.

      Baina algarak berehala baretu dira Azkarate mendateko tunela argirik gabe topatu dutenean. Irratia ez da entzuten, tunel gehienetan gertatzen den bezala. Metro gutxiren barruan auto batzuk daude geldituta, eta abiadura gutxituz hurbiltzen dira gazteak. Kea izugarria dago. Argi luzeak eman eta autoetatik ez du inork erantzuten. Hutsik daude. Apur bat susmagarria da dena.

      Gazteak isilik geratu dira, zer pentsatu ez dakitela.

      —Goazen hemendik azkar —dio batek beldurrez.

      Keinukaria sakatu, eta beste karriletik aurrea hartzen diete oztopoan dauden autoei, baina metro batzuk egin ostean konturatzen dira ezin dela aurrera egin. Auto gehiago dago bidea mozten. Eta dena biribiltzeko, keak dena hartzen du, ikuspena murriztuz.

      “Istripua izan behar du honek”, pentsatzen dute gazteek; baina harrituta daude, lekuan ez baitago inor. Autotik atera dira, gidaria izan ezik beste denak. Kanpoan keak itsutzen ditu eta egoera horretan arnas hartzea zaila da. Hurbiltzen direnean konturatzen dira alde egin duela jendeak, autoen giltzak bertan utzita.

      —Uf!, hau ez da normala. Itzul gaitezen autora! —dio batek beldurrez.

      Baina ez dute ezer ikusten; ke artean galdu baitira. Bitartean, autoan bakarrik geratu den gazteak leihoa ireki du eta deika hasi da. Inork ez dio kasurik egiten eta bozina jotzen hasi da. Lagunak ez dira inondik ageri.

      Bat-batean, kolpe siku bat entzuten du eta autoko argi bat itzali egiten da. Aulkian salto eginez oihu egin du mutilak. Segidan itxi ditu bai leihoa, bai atearen krisketa. Bigarren kolpe bat eta beste argia ere itzali egin da. Orain ez du ezer ikusten. Praketan pixa egiteko gogoa sartu zaio. Artega, alde guztietara begiratzen du, eta aurreko kristalera burua hurbiltzen duenean, kas!, beste kolpe bat. Oraingoan, autoaren sabaian.

      Beldurrak gainezka egin dio mutilari. Zintzarrean korapilatuta dauka txistua, eta gorputza izerditan blai. Ezkerretik, ke artean, norbait dator astiro. Beste kolpe bat entzun du autoaren sabaian. Orain eskuinetik dator....

      —Nor da?

      Kolpe txiki batzuk erantzuten diote, berriz, sabaitik. Bata bestearen atzetik datoz, erritmo makabroa osatuz: kas, kas, kas. Isiltasuna. Kas, kas, kas. Isiltasuna.

      Gainera, gero eta gogorragoak dira kolpeak: KAS, KAS, KAS. Zoratzeko modukoak dira zarata nardagarriok. Eta, bat-batean, isiltasunak irensten du dena.

      Mutilak ez du ezer ulertzen. Ez du ezer ikusten. Ixo, badirudi autoaren gainean irristaka dabilela zerbait. Aurretik atzera; orain atzetik aurrera. Aurreko kristalera hurbiltzen da, eta gazteak bere lagun baten burua ikus dezake, bilin-boloka, bere begien parean, pilota jostalaria balitz legez.

 

Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006