Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006

 

 

9

      Istorio honek biziki harritu ninduen bere garaian. Berriz ere, benetako gertaera batean oinarrituta dago.

 

 

BEZERO MISTERIOTSUA

 

      Madrilgo lagun bat taxilari ibili zen uda batean, diru pixka bat atera nahian. Taxia erabiltzeko eguzkitarako betaurrekoak erabiltzen zituen, beste autoen kristalen distirek itsu uzten baitzuten tarteka, eta hori oso arriskutsua zen.

      Behin bezero bat ikusi zuen Castellanatik hurbil. Berrogei urte inguruko gizon dotorea zen, eta eguzkitarako betaurrekoak zeramatzan. Milaka daude horrelakoak Madrilen. Udaldian eguzkiak bortitz astintzen du Espainiako hiriburuan, eta horregatik ez da harritzekoa horrenbeste betaurreko beltz ikustea. Taxia libre zihoanez, espaloi ertzean zegoen gizonak eskua altxatu zuen, eta lagunak berehala moteldu zuen abiadura, bere parean jarriz. Maniobra egin eta gero, haren aurrean gelditu zuen taxia. Igo egin zen gizona. Keinukaria sakatu eta hirian barrena abiatu zen.

      —Arratsaldeon! Nora izango da?

      Lagunak, bertokoa izanda, ondo ezagutzen zuen Madril, eta, taxilari lanetan jarduteak, gainera, lehen ez zuen esperientzia eman zion. Hala eta guztiz ere, eskatutako helbideaz ez zekien ezer. Hortaz, nora jo jakin gabe, laguntza eskatu zion bezeroari.

      —Jauna, esango al didazu, mesedez, nondik joaten den toki horretara? Hasi berria naiz eta oraindik ez ditut ezagutzen kale guztiak.

      Bezeroak ez zuen erantzun. Lagunak gizonari begiratu zion atzerako ispilutik. Bezeroak jantzita zeramatzan betaurreko ilunak —jende askok egiten du hori—, eta buruko mugimendu txiki batekin baietz adierazi zion.

      Taxia aurrera zihoan. Lagunak, bide-gurutze bakoitzean, irteera bakoitzean, biribil-gune bakoitzean, atzerako ispilura begiratzen zuen badaezpada, bezeroaren keinu baten bila, baina gizonak ez zuen ezer egiten, ez zuen ezer esaten.

      Karrerak luzeegia zirudien, eta pentsatzen hasia zen bezeroak berak ere ez zekiela ondo nondik joan behar zuen. Hori gertatzen zitzaion lehen aldia ere ez zen izango, eta azkena ere ez. Madrid labirinto ikaragarri da.

      Halako batean biribil-gune batera heldu ziren. Bidea bertan amaitzen zela zirudien. Eta nire laguna ispilura begira eta begira, eta bezeroa kieto. Kezkatuta eta estututa, galdetzea pentsatu zuen:

      —Eta orain zer, jauna, eskuinera?

      Eta gizonak berriz baietz esan zuen buruarekin.

      Auzo oso bat zeharkatu zuten, gero etorbide bat, eta beste hainbat bide-gurutze ere bai. Eta gizonak ez zuen tutik esaten, ez zuen pistarik ematen, kieto-kieto zegoen.

      Beste biribil-gune batera iritsi ziren.

      —Eta orain zer, jauna, eskuinera berriz?

      Gizonak baietz adierazi zion burua mugituz. Kale batzuk gurutzatu zituzten, oraingoan astiroago. Gero eta bide-gurutze gehiago zeuden, gero eta sarrera eta irteera gehiago. Bezeroak ez zuen burua mugitzen, ordea.

      —Zer, berriz ere eskuinera?

      Gizonak, berriz, burua gora eta behera.

      Lagunak jarraitu egin zuen, astiroago. Baina nahastuta, urduri eta apur bat nekatuta ere bazegoen taxilaria.

      —Orain zer, jauna, eskuinera ala ezkerrera?

      Eta ispiluan zirkinik ere ez.

      —Ezkerrera? —galdetu zuen taxilariak.

      Gizonak baietz buruaz. Amesgaiztoa zirudien egoerak. Bezeroak keinuak egiten zituen, keinu estrainioak, jolasean balego bezala. Azkenean ailegatu ziren leku jakin batera, bezeroak hala-hola seinalatutako lekura.

      —Zein zenbakitan utziko zaitut, jauna? —taxilariaren azken galdera.

      —Hogeita hamabostean.

      —Ongi. Hementxe da.

      Gizonak billete bat zuen eskuan; juxtu-juxtu karreraren balioa ordaintzeko lain zuen horrekin. Dirua hartu eta taxilariak eskerrak eman zizkion.

      Gizonak ez zuen agurrik ere esan. Autoa berriz martxan jarri eta taxilariak atzera begiratu zuen, jakin-minez.

      Zer ikusiko eta gauza bitxia, benetan: ahoa bete hortz geratu zen nire laguna, bere bezeroak patrikatik makilatxo bat atera, zabaldu eta espaloian kolpetxoak ematen hasi baitzen, bere etxeko ataria topatu guran.

 

Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006