Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006

 

 

7

      Unibertsitateko garaiak aldaketa asko dakartza gazte askorentzat, batez ere herri txikietako gazteentzat. Unibertsitateko eskarmentu berriak lagun arteko bazka aproposa izaten dira sarritan. Pasadizo hau koadrilako batek kontatu zidan, benetakoa zela esanez. Kazetaritzako lehenengo ikasturteko irakasle bati jazo omen zitzaion, Francoren diktadura hondarretan zegoela.

      Istorio honek zera azaltzen du batez ere: diktadura garaiko askatasun eza, eta nola saihesten zen zentzura. Oso egokia da, azken boladan (bolada luzean) egunkariak ixten ari direla ikusita.

 

 

FRANCO HIL DA

 

      1975eko Eguberriak baino lehen Franco oso gaixorik zegoen, hilzorian. Aipatu irakaslea Bizkaiko egunkari baten zuzendaria zen orduan eta, kazetari profesional orok bezala, aurretik eginda zuen albistea, Franco hil orduko: Horrela, heriotza suertatuz gero, dena prest izango zuen.

      Franco hil zen egunean, agi denez, ezohiko zalaparta zegoen erredakzioan. Albiste garrantzitsua zen, baina ez zegoen zertan kezkatu. Espero bezala ateratzen ari zen dena. Tirada bukatuta, beste zereginik ez zegoenez, etxera joan zen, ezer txarrik sumatu gabe.

      Lo gutxi eginda jaiki zen biharamunean, eta dutxa hartu ondoren gosaltzen hasi zen. Telefonoak jo zuen orduan. Egunkariko nagusia zen, eta oso haserre zirudien. Gaizki esaka hasi zitzaion, inoiz ez bezala. Itzelak eta bi esan ondoren (hiztegietan agertzen ez ziren irainak), ea zergatik egin duen galdetzen zion; ea nola bururatu zaion berari horrelakorik egitea.... Gero, “kalean zaude” oihukatuz, telefonoa eseki zion.

      Zur eta lur geratu zen gizona, belarrian telefonoa zuela eta zer pentsatu ez zekiela. Eskegi bezain pronto jo zuen berriz telefono ziztrinak. Susmo txarra hartu zion horri ere. “Kabroia! Putasemea!”, esaten zion ahots ezagun batek beste aldetik. Berak telefonoa eskegi zuen ezer esan barik. Eta berriz jo zuen. Hartu eta norbaiten herio-mehatxua entzun zuen: “Hilko zaitugu, gorri zikina!”. Ikaragarria zen hura.

      Gosaria bukatzen saiatu zen, baina alferrik. Telefonoa jo eta jo ari zen. Hartu eta oraingoan ahots-doinua bigunagoa egin zitzaion: “La madre que te trajo, maricón”.

      Hurrengo deiak, aldiz, alaiagoak ziren (gaitzerdi). Zoriondu egiten zuten, egundoko potroak zituela esanez; benetan gizon aparta zela, eta domina merezi zuela,edo hortik gorako zerbait.

      Nazkatuta, telefonoa deskonektatu zuen. Gosaldu eta erredakziora deitzea pentsatu zuen; zer edo zer argitu asmoz. Baina horretan zegoela etxeko txirrinak jo zuen. Segidan atean jo zuten gogor.

      Beldurrez zabaldu zuen kazetariak. Bi gizon puska zeuden atarian, serio-serio, betaurreko ilunak zituztela. Beraiekin eraman behar zutela esan zion altuenak. Eta tutik esan orduko, auto beltz batean sartu eta eraman egin zuten.

      Txoferra azkar zihoan. Atzean, bi ezezagunen artean estututa zihoala, hilko ote zuten susmoa izan zuen kazetariak. Abiadura moteldu zuen bat-batean autoak. Gobernu Zibilean sartzen ari zirela ikusteak ez zuen lasaitu. Barrabilak Koldo parean sentitu zituen ia. “Nireak egin du”, pentsatu zuen orduan.

      Autotik bulego batera eraman zuten, gobernadore zibilarengana. Gobernadorearen aurrean laga zuten zutik, irmo, zuri, erabat kikilduta.

      Isilune luze baten ostean, keinua egin zien gobernadoreak gizonei, eta kanpora atera ziren biak. Gobernadorea aulkitik altxatu eta, eskuak mahaian ipiniz, hauxe esan zion kazetariari, begiak begi-zuloetatik irten beharrean zituela:

      —Oso azkarra zarela uste duzu, ezta?

      Hark ez zuen erantzun; adore gutxi zeukan orduan.

      —Bai, oso azkarra. Baina larrutik ordainduko duzu hau! Erbesteratuko zaitut! Joder! Kartzelaratuko zaitut! Urkatuko zaitut!

      Gizona isilik zegoen, ia arnasa hartu gabe.

      —Badakizu egin dezakedala. Hori eta gehiago.

      Gizona hatsari eusten zegoen.

      —Baina zer espero zenuen, bada? Zure erruagatik ni fusilatzea akaso? Alua!

      Gizonak hauspoa hartu zuen, halako batean.

      —Joder, zu bai hotza. Goizetik ari naiz telefonoa hartzen, Madriletik deika izan ditut goiz osoan, burua berotzen, eta zu orain hor zutik, txintik esan gabe. Esan zerbait behingoz, joņo, edo neuk txikituko zaitut bertan.

      —Inolako atrebentziarik gabe, gobernadore jauna, nik, nik agintzen diot ez dudala ezer ulertzen —esan zion segidan kazetariak, ezusteari eutsi ezinik—. Gosaltzen ari naizela nagusiak deitu dit kalean nagoela esateko. Gero, hasi da telefonoa joka, etengabe, eta ezezagun batzuek popatik hartzera bidali naute. Beste batzuek, aldiz, zorionak emateko deitu dute. Ondoren, etxeko atean aurkitu ditut honaino ekarri nauten tipoak. Ez dut ezer ulertzen, jauna. Nik ez dakit zein den nahaste guzti honen arrazoia.

      —Baina, zu bai kabroia! Benetan uste duzu sinetsiko dudala hori? Ez zarela ezertaz jabetu, ez dakizula ezer? A bai —jarraitu zuen—, jakina, zuek kazetariok oso azkarrak zaretela uste duzue. Orain esango didazu den-dena huts egite bat izan dela, ezta?

      —Barkatu, jauna, baina ez dakit zertaz ari garen, benetan.

      —A ze potroak! Beste bati sartu ziria, aditu!

      Orduan, gehiago ezin zuela, gizonak hauxe galdetu zion:

      —Barkatu, jauna, baina esango al didazu behingoz zer egin dudan?

      —Baina, baina, joņo, begiratu, joder, begiratu hor! Hartu, hemen duzu —esan zion mahaian zeukan egunkari mordo bat seinalatuz—. Hau zurea da, ezta?

      —Bai, jauna.

      —Irakurri, joņo, irakurri!

      Eta azaleko izenburutik hasi zen irakurtzen: “Franco hil da”. Hitzez hitz eta paragrafoz paragrafo jardun zuen akats baten bila; ez zuen aurkitu, ordea. Barruko orriak irakurri zituen gero, emaitza berarekin.

      Harrituta, hasierara itzuli zen, eta berriz hasi zen irakurtzen, mantsoago. Francoren daturen bat oker zegoelakoan aztertu zuen dena, baina alferrik. Ez zuen okerrik topatu.

      Hirugarren aldiz irakurri zuen. Oraingoan estu eta larri, kopeta izerditan zuela. Ezer ez topatzeak aztoratzen zuen gizona. Amaierara iritsi zenean, burua makurtu eta negarrez hasi zen, etsi-etsirik:

      —Barkatu, jauna, baina nik ez dut ezer gaizki ikusten. Ezer ere ez.

      —Baina nola ezetz, kabroia! Itsu ergel halakoa! Begiratu hor, joder. Amaieran, joņo.

      Zabaldu zuen egunkaria, justu albistearen azken orrian. Han behealdeko ohiko oharra ikusi zuen. Hortaz ez zen ohartu, jakina. Hantxe zegoen, Francoren heriotzari buruzko azken zutabeen ondoan, orri erdia betetzen zuen iragarki bat: “Celebre las fiestas con Delapierre.

 

Kaleko ipuinak
Juan Karlos Merino

Elea, 2006