Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001

 

 

HAMAIKA

 

      —Hi Agustin, bata bestetik biak hain urruti egonik, zergatik ote zuten izen bera bentak eta zuloak?

      —Barkatu, ez zekinat zertaz ari haizen.

      Beste mundu batetik baletorzkio bezain arrotzak egin zaizkio hitz haiek Agustini. Zer arraiogatik hasi ote zaio orain Ixiar berriketa txatxu horrekin? Ixik aurrera egin dezan nahi du, edo... bai, eztanda aitzineko denbora luzatu nahiko du. Gizon-emakume arteko sexuaren desberdintasuna hain ongi agertzen duen liburuan irakurri du emakumearen lekurik gozoena, eztanda izarratuan leher dezakeena, ez dela gizonek gehien goza dezaketen leku bera. Bai. Orain badaki zergatik ari zaion erasi murmuratian beste gai bat ukitzen. Bera ur-jauzi apartsutik behera amildu aurretik, Ixik ere zeru izarraturainoko bidaia egitea eskueran izan dezan. Garrantzirik gabekoa dirudien berriketan murgilduko da. Ixiarren guraria, bere nahi gogokoena balitz baino gusturago egingo du.

      —Baina... mozoloa ematen duk, motel! Kontu zaharrak guztiz ahaztu zaizkik, ala? Ea, nola zuen izena bentak?

      —Izena? Ba... Itxaron, gogoratuko naun-eta. Garo... Garo-Handinekoa!

      Lehiaketa batean garaile irten bailitzan bezain pozik geratu da Agustin. Ixiarren jokoan sartu dela begitantzen zaio, eta apur bat lasaitzen ari da.

      —Ba, hori. Heuk esan duk. Garo-Handineko benta.

      Pozik zaude, Ixiar. Agustin zuk nahi zenuen bidetik sartu duzu. Sartu zaizu. Zure beharra ulertu du eta orain zure lorea, laztandu, ferekatu, xeratu, losindu, leunkiro igurtziko du. Duzue. Gero, gerokoak. Hitzak jadanik soberan daude.

      Agustini derrepente bihotz oskarbia erabat ilundu zaio. Ekaitz beltzaren aurretiko lainoak ikaragarrizko abiaduran hurbiltzen ari zaizkiola sumatzen ari da. Pentsatzen ari denak ikara bidean jarri du.

      —Baina... Izen bereko benta eta zuloa... Garo-Handi basoko zuloa zuek erabiltzen zenutela esaten ari al haiz?

      Izialdura ikusi duzu Agustinen bisaian eta ez zaizu batere gustatu, baina orain ezin duzue eten hasitako lana. Ea naretzen duzun zure senargai ohia.

      —Bai, baina utz dezagun hori gerorako eta...

      Agusek ezin du, ordea, aurrera egin. Lazgarriegia da burura etorri zaiona. Berotasun guztiak iragan ilunetik datorkion ziega beltzeko haize jelatuak hoztu dizkio.

      —Poliziak zulo haren berri jakin zuelako atxilotu al zintuzten?

      Agustinen bisaian islatzen den larrialdia handiegia da zuk nare jarrai dezazun, Ixiar. Agustinek izugarrikeriaren bat esan behar dizula adierazten dizu senak. Beraren gainetik kenduz, ondoan etzan zara eta indarrez besarkatu duzu, laztandu duzu, zuk erantzungo diozunaren jarraian ihardetsiko dizunaren ikara jada sumatuz. Baina egiaren zidorra hartzea, estua eta malkartsua izan arren, beste biderik ez duzu.

      —Ba, bai. Oso arraroa izan zuan hura, erakundeak ikerketa egin arren, ez zuelako inoiz jakin nor izan zen salatzailea.

      Adi-adi geratu zara, Ixiar, senargai ohiaren aurpegiari so. Zer esango ote dizun itxaronaldi ikaratian.

      —Baina, Garo-Handiko zuloa nire ezkutalekua zunan! Ni erori ostean urteetan egon zunan erabili gabe! Hori ondotxo zekinat. Erakundeak beste bat prestatu zuela jakin nuen bezala. Zergatik erabili zenuten zulo hura!?

      Zure senak igorri izan dizkizun mezuak zuregana iritsi aurretik igarri izan dituzu. Beti. Orain jada badakizu zer esan behar dizun Agustinek eta senak tentuz ibiltzeko esan dizu, lore-sorta ederra bihurtutako zure bihotza ez dakizun kolpetik ihartu, zimeldu, maskaldu. Ahal duzun naretasun handienaz entzun behar duzu Agustinek esan behar dizuna.

      —Zergatik egiten didak galdera hori? Hik zuloa kantatu egin al huen?

      —Ez. Erori nintzenean ez, baina...

      Une honetantxe konturatu da Agustin zer gertatu zitzaion. Zer egin zioten. Ziegatik ziegarako egunak, hilabeteak, urteak kontatzen aritzeak kaltea baino ez zekarrela jabetuta, alferrikako itxaropenaren sokan dantzan ibiltzeak hondamena besterik ez ziola ekartzen ohartuz, baldintzapeko askatasunak, ihesaldiak prestatzeak, kondenaren hiru laurdenak betetzean edo negoziazio baten bidez kaleratuko ote zuten durundiez ahaztu beharra zegoela pentsatzen ari zen egun batean, piztiaren atzaparrak zer motatakoak ziren gogorarazi zioten. Goizean goiz beltz bilakatu zioten eguna etsaiek. Aldian behin agitzen den moduan, zergatik jakin gabe oso umoretsu jaiki zen. Ziegan txistu joka eta kantari bizarra egiten ari zela, kolpetik lau funtzionario barrenera sartu eta kanta subertsiboekin potroetaraino zeudela esanez,jo eta jo eta jo hasi zitzaizkion.

      Bere indarrei erraz egin zieten aurre. Ukabilaz, hankaz, borraz, ahal zuten moduan... Dena bel-beltz ikusi zuen arte. Erizaindegira eraman behar izan zuten. Bekainean lau punturekin, mailatua, ubeldua, eskuineko besoa ezkerreko sorbaldari lotua, esparatrapuz josia eta bekoki gaineko ilea falta zitzaiola dardaraz itzuli zuten ziegara, bisitarik gabe eta patioko lau orduak kenduta. Zigortua. Zergatik? Legepeko funtzionarioen aurka mehatxuka eta joka aritzeagatik. Egun luze hura ez zen oraino amaitu, ordea. Bakardadean, minbera eta larri ohean etzanda zegoela, danbateko handiz hiru zakur sartu ziren. Begiratuan igarri zien zer kastakoak ziren. Haien soei ezinikusia zerien. Bazkaria euren arteko txantxa eta barre artean ekarri zioten. Sadikoen barreak. Bihotza banpiro xurgatzaileen leize-zulo beltza bilakatua dutenen barrea. Ezkerreko eskuaz ezingo zela ongi moldatu eta platerekoa eman ere, eurek eman zioten, janarazi, bazkari guztia. Izaera likistutik, kirastutik, hirotutik soilik irten daitekeen barre derrigortu hotz artean. Erantzun ezinezko galderak egin zizkioten, baina jaten amaitu zuenerako, ziegako hormak desagertzen ikusi zituen, mendi ezagunak, zelai maiteak, masustez betetako laharrak, haurtzaroko muinoak, gurdi gurpilen ildoak zituzten bidezidorrak, txorien habia-leku bihurtutako lizar lerdenak, brisarak emeki higitutako belartzak, erreka aratz bilakatu aurretiko haitzarteko iturri gardenak, hantxe bertan aurrez aurre baleuzka bezain argi agertu zitzaizkion.

      Ondo baino hobeto zekien bere ziegan zegoela, Euskal Herritik ehunka kilometrotara, kartzela batean, eta hala ere, hantxe zeuzkan bere betiko lekuak. Txunditurik geratu zen edertasun hura ikusten. Argien, gardenen, udako eguzkipean bezain garbi ikusi zuen Garo-Handiko zuloa. Zurezko txabola baten barruan, gainean belar itsatsiz estalitako tranpatik beherako eskailera haiek, eta barnean bi gela nahikoa txukunak. Mahai txiki bat eta lau aulki. Behar-beharrezko dokumentuak baliogabetu ahala erretzen joaten ziren gela eta armak ezkutatzeko gordelekua begibistan zituen. Droga aluzinogenoren bat eman ziotela ez zuen zalantzarik egin. Ziegatan, kartzeletan iraun zuen bitartean ez zion amets txar hari behar hainbat garrantzirik eman, bera txoratzeko asmoz egin ziotelako ziurtasunean. Oraintxe, Ixiarren ahots artegak burmuinean oihartzun egin dion unean, konturatu da zer eginaraziko zioten. Zer egin zuen. Orain ez du zalantza arrastorik. Isilpeko leku hura ikusi ahala, bere kokapena, bere garrantzia, dena, oharkabean zakurrei kontatzen arituko zen. Ez da gogoratzen, baina horixe egingo zuen. Beraz... bera da Ixiarren erorketaren errudun. Egun madarikatu hura izan ez balitz, Ixiar ez zen egongo Herioren segaren zain. Izugarrikeriaren jabe eginik, lazturak aurpegia itxuraldatu dio.

      Zuri, Ixiar, Agustinek esan duen “baina” hori ez zaizu batere gustatu. Zer esango ote duen itxaroten egon zara. Ez ditzala bota zu halako beldurrez itxaroten zauden hitz izugarriak. Zerbait esan ordez, bere errugabetasuna azaldu beharrean, isildu, eta bisaian erakutsi du erantzukizun izugarriaren ikara. Ziplo, Agustinekin bakeak egin osteko zure piztualdia, udazkeneko mendebal bortitzak zuhaitz zaharraren adar eta azken hostoak ondoko harresiaren kontra eramanak, kolpatuak, okertuak, apurtuak nola, halaxe geratu da, zure ondoko gizonaren hitz zalantzatiak eramana. Orain arte txoriño kantari zenuen bihotza zurkaitza darion tortura-leku bihurtu zaizu. Zure soina, zure barrua, zure izaera, pitzatua, txikitua sumatzen duzu. Garo-Handiko zuloa Agustinek kantatu zuen! Beharbada horregatik atera zuten kartzelatik kondenaren erdia betetzear zegoela. “Agus, zer egin huen!”. Ondoezaldi beltzean amildu zara, Ixiar. Zure birikek ezin dute arnasarik hartu eta bota. Ahotik odola darizu. Hitz egin ezin eta hatz erakusleaz seinalatu duzu spray haizeztatzailea.

      Bat-bateko Ixiarren larrialdiak, ezustean harrapatuz, mendratu egin du Agustin. Alabaina, andregai ohiak adierazi diona egin du. Burua alde batera okertu odola bota dezan eta ahoa haizeztatu. Galduta dago. Ixiarrek zerbait esan nahi dio. Zer! Arnasa hobeki hartuko duelakoan ohetik atera eta agondu egin du, bizkarretik helduz ertzean eserita jarriz. Zer egin ez dakiela, Arrate txikiaren ahotsa gibeletik heldu zaio “Badatoz aita eta Igone!” dioela. Amaren atarramentu eskasa ikustean neska txilda beldurtu bide da eta “Aita! Aita!” garrasika irten du gelatik.

      Agustin orduantxe ohartu da larrugorririk dagoela! Ixiar ere biluzik dago! Nola edo hala sartu dio eriari kamisoia buru gainetik be’hera. Begiaren argia iluntzen ari zaionari ea unetxo batean eserita egoteko gauza izango al den galdetu dio. Buruaz baiezkoa egin dio. Amen batean prakak sartu eta alkandora ozta-ozta jantzi, praken barru aldetik sartu eta gerrikoa lotu duenean sartu da senarra. Ixiar ohe ertzetik alfonbra gainera erori den unean.

      Agustin, baldar, jasotzen hasi da, baina senarra egoera mota hauekin ohituagoa, hantxe bertan tapiz gainean hasi zaio arnasketa artifiziala egiten. Bultzada aski bortitza eman dio Agustini. Honek amesgaizto beltzenaren erdian egotea nahiko luke, baina ez, berak sorrarazi duen egoeraren erdian dago, ezintasunak jota, lurrak irents dezala desiatzen, ezertarako ez dela. Lotsaren lotsaz ikusi ere ez duela egiten. Pizti ankerrena baino okerrago sentitzen da. Ixiarrek hain hurbil bide duen heriotzak eria laga dezan, eta berari etor dakiola irrikatzen. Deblauki, “Azkar! Jarrai ezak ni egiten ari naizena!” bota dio senarrak. Bera telefonoz norbaiti deitzen ari den bitartean Ixiarren ezpainetan jarri ditu bereak Agustinek. Hotz dauzka. Ekintzaile zenean arnasketa ikastaroa egiteari esker ari da ondo lanean. Zein gogorra egiten zaion Ixi hala ikustea! Beste bultzada batez handik kenarazi eta bihotza auskultatu dio senarrak. Hitzik gabe mesanotxe ondoko kaxatik bihotza pizteko trepetak eskuetan hartu, argindarraren entxufean sartu eta bi plakekin emaztearen bularrean bat, bi, hiru... deskargak bota dizkio. Ez du ematen bere onera etortzen ari denik, baina hala ere itxaropenik galdu gabe, bizkarra izerditan blai duelarik, jo eta ke ari da. Halako batean kolorge zeuden masailak kolore amiñi bat, zurbila bederen, hartzen ari direla ematen du. Sendagileak emaztea besoetan hartu eta emeki, maitasun handiz, ohean etzan du. Goratuta zeukan kamisoia belaunetaraino jaitsiz izaraz estali du. Pixkanaka-pixkanaka agondu da gizona. Higikera bakoitzean zerbait gogorra egiteko gogoari eusten ari zaiola igartzen zaio. Bekoz beko geratu dira bi gizonak. Senarraren begirazunean erdeinua, destaina, arbuioa ikusi ditu Agustinek. Ezer esan gabe dauka aitzinean. Agustinek eztarria lehortua eta garuna antzutua sentitzen ditu. Ezer esan gabe senarra makurtu eta tapiz gainetik oinetakoak, udako galtzerdi parea eta Agustinen galtzontziloak jaso ditu.Eskuetara luzatu dizkio.

      —Hoa hemendik!

      Ez dio besterik esan. Hoa hemendik. Amorru eutsiak arrastaka atera dizkio hitzok. Jantziak eskuetan dituela azken soa bota nahi izan dio Ixiri. Senarra dauka bien artean. Itzuli erdia egin aurretik, senarrak mespretxu neurgaitzez begiratu dio hankartera. “Eta itxi ezak hori!” egin dio garrasi.

      Korridore ilunagoan noraezean geratu da Agustin. Ez daki aurrera doan ala atzera. Komisariako isolamendu ikaratiaren arrastoak dabilzkio buruan eta bihotza saiak jaten ari diren haragi hila bilakatu zaio. Hanka bat bestearen gibeletik doa. Badoa. Ez daki nora. Oinez doan heinean korridorea luzatzen ari dela begitantzen zaio. Bat-batean oin hotsak entzun ditu bere gibeletik, senarra beisboleko bateaz buruan kolpatzen irudikatu du. Ez. Ez da senarra. Alaba zaharrenak alkandoratik tenkatuz “Ez zaitez horrela joan kalera. Jantzi zaitez hemen” esan dio errukior. Bederatzi urteko neskatoaren soan bere ama eta Agustinen arteko maitasunaren berri dakienaren izpia ikusten zaio. Heldua da. Une latz hartan lagun bat aurkitzeak hunkitu egin du mutilzaharra eta bihotz berpiztutik malkoa dariola hasi da, burua oraino zutzunduta, nahasita, durduzatuta, zorabiatuta daukan arren. Eta begiak lehorrak. Oso. Ez daki nola ailegatu den eskaileretara. Bera bakarrik jantzi den ala neskatoak lagundu dion ere ez. Buru barruan segundo bakoitzean handitzen ari zaion durundi arraro bat dauka. Esku ahurrak lokietara eraman ditu hots hura geldi dadin. Badoa. Errepidetik aurrerantz.

      Bide ertzeko belarra odolez blaitua ikusten du. Lizarrustin jada gorpu laga zuten Axiorena da odola. Ixiren begiek “maite haut, Agus” esaten diote. So egiten den begietatik ez du ezer ikusten. Iluntzen ari du. Buru barruko hotsa handitzen ari zaio. Nahaspila endredatua bilakatu zaion bihotzaren begietatik ikusi nahi luke. Eta ezin du. Ziega beltzeko lurrean txindurriak ari dira lasterketa egiten eta komun gaineko sabai kantoiko amaraunetik hari batez zintzilikaturiko armiarma handi batek bihar euria egingo duela iragarri dio. Izkiriatutako poemak lurretik jaso nahi izan ditu, baina bota handi batek zapaldu dio eskua, berarekin eramanez hainbeste kostatako eta halako maitasunez egindako idatziak. Ez ditu gehiago ikusiko. Komuneko zulora odol tantak ari dira erortzen. Bere sudurretik. Buru barreneko hotsak alarau bilakatu dira. Elektrodoen oinaze pairaezina, bularrean, galtzarbetan, hanketan eta potroetan. Orduetan. Komunera joaten laga diotenean horma zikinean itsatsita dagoen ispilu herdoilduak aurpegi ezezaguna itzuli dio. Bisaia berdexka, ezpain loditu moreak, odol lehortua sudurzuloetan, hiru eguneko bizarra, masail puztuak, llea bekoki gaineraino erortzen zaiola, aurrera so egiteko ahalmena galdu duten begi abaildu, erdi irekiak eta buru barruko soinu ikaragarri hura. Belarrietatik ziplo sartu zaion poliziaren sirena hotsak izuti jarri du. Lepoa okertuz hiltzen ari den elur gaineko txoriño dardaratia du orain bihotza. “Kontuz, gizona!” entzun du. Anbulantzia da. Ixiar daramana, segur aski.

      Ixiar! Esan egin behar dio bera ez zela izan salatzailea. Ez dela ezertaz gogoratzen. Burua erabat galtzen ari da! Logelan hilda ikusi du Ixiar. Ez dago hilkutxan, ohe gainean baizik. Gaua da eta piztuta dauzkan lau kandelen suak besterik ez du argitzen gela, pertsonen erreinuak beldurgarri luzatzen direlarik. Leihoa gortina gorriz dago estalita eta atzetik parabellum 9 luzea daraman senarrak tiro egin dio. Egin duen garrasia auto baten kolpeko balaztadaren hotsarekin nahastu da. “Baina, gizona! Zer duzu horrela zabuka bide erdian ibiltzeko!” entzun du. Lurrean etzanda dago eta behetik gora emakume heldu baten aurpegi beldurtua eta errukiorra dakusa. Bere ondoan zer moduz zaudeka auto barruan herrira eraman du. Tren geltokira. Agustinek berak esan dio, nonbait, geltokira eraman dezan. Ez da gomutatzen. Bere jaioterrira joateko txartela ezkerreko patrikan dauka eta eskuez bueltak eta bueltak ematen ari da. Tren geltoki madarikatuak! Egun hartan trenez joan beharrean autoz joan izan balitz Ixiarrengana, ez litzateke dagoen egoeran egongo! Ez zituen ziega madarikatuak ezagutuko! Ixiar ez zen egongo eritasunak harrapatuta! Ixiar! Buruko mina handitzen ari zaio. Ezin du horrela alde egin, Ixiarren berririk jakin gabe.Tren geltokitik herrirantz egin du. Non ote dago erietxea?

      “Han goian, muino gainean, zeure goi-goian” esan dio neskato eder batek. Ixiar Arreta Berezien Gelan dagoela dio harrerako emakume betaurrekodunak. Espero zuen. Hirugarren solairuan. Ez da igogailuan sartu, senarrarekin topo egiteko beldur. Badoa eskaileretan gora. Bihotzaren taupadak, danba, danba, buru barruan sumatzen ditu. Mina zorrozten ari zaio. Bigarren eta hirugarren solairuen tartera iristean gorantz datozkion urrats hotsak sumatu ditu. Gerritik parabelluma atera, eskudel atzean ezkutatu eta aurretik pistola eskuan harro datorren zakurrari tiroa jaurti dio bularrera. Emakumea da. Beste zakur guztiek zalapartan ihes egin dute beherantz. Atzeko mendira ematen duen leihotik ihes egin dute. Herri hartan azpiegitura oso ona daukate eta berehala babestu dira burkide denak. Beti irria ezpainetan duen Bekozkok salbatu die bizia. Azkeneko solairuan bilera batean zeudela, “Zakurrak!” bota du arriskua urrutitik usnatzeko sen berezia garatu duen Bekozkok.

      Eskudel atzean makurtuta dago Agustin. Zer egiten du han? Gora datozenek ikusi baino lehen eskailerak binaka igoz ailegatu da hirugarrenera. Haize ekaiztsuak harrotutako pindarrez su hartu ostean erraustutako borda ketsu bakartia baino ezereztatuago sentitzen da. Senarrak ikusiko ote duen beldur da. Lotsa da. Atea bultzatu du. Ezkerretara korridore bat eta eskuinean aterik gabeko egongela antzekoa dirudiena. Ez ditu ikusten, baina emakume heldu bat eta neskato baten arteko elkarrizketa ulertezina entzun du. Senarra medikua denez, eriaren gela berezian egongo da. Zorabioen antzekoak etortzen hasi zaizkio. Ziplo gela barruan ikusi du bere burua. Alaba nagusiaren begi busti eta galdetzaileak eta erizainaren azalpenak aldi berean iritsi zaizkio bihotzera. “Ordutako bizia besterik ez du”. Lapurretan harrapaturiko ebasleak legez egin du ihes. Ez da gauza egoerari aurre egiteko. Koldarkeriaren erresuman sartua da, eskaileretatik behera jaisteko ere ez du indarrik. Belaunek klik egiten diote. Eskaileretan behera erortzen hasi eta gibeletik senarraren ahotsa “urdekume zikina!” entzutea aldi berean agitu zaizkio. Buruan ikaragarrizko kolpea hartzearekin batera gora so egin du eta han ez dago inor. Buru barreneko danbatekoak handitzen ari zaizkio. Kanporako beirazko ate aurrean dago eta hantxe bertan ikusi du Ixiar lurretik zerbait jasotzen bere gona mehe lasai koloredunaz. Gerritik eta ipurdi parean gonatik heldu dio. Ixiar! Emakumeak itzuli erdia eman eta “urdekume zikina!” esanez poltsaz izugarrizkoa eman dio. Ala besterik gabe muturraz jo ote du beirazko atea? Sudurretik odola dariola, durduzatuta, noraezean dabilela, atariko taxi-gidariak auto barrura atzeko aldera sartuz, zapi zuri handi bat eman dio odola xukatzeko. Alkandora odol tantaz josita dauka. Ubil bortitzean jirabiran, zentzua galtzen den muga iluna iragatear, bihotza artean harrapaturiko katagorri ikaratua bilakatu zaio. Odola ikusiz deblauki aiherkundearen oihanean galdurik sumatu da. Droga eman zioten zakurren kontrako herra biziz. Taxi barruan zapi odoldua lagaz, mukizapia atera du sudurretik berriro hasi zaion jarioa estaltzeko eta Ixiar ikusi du bere aurrean, oso hurbil, inora begiratzen ez duten kristalezko begi galduez, irribarre hits bat marrazten zaiolarik ezpain ertzetan, sudur-mintzak oso irekiak dituela, adats horaila kokotean ile-sortan bildua, ahoa kostata ireki du eta “Agus, nik...”. Betiko isildu da. “Iritsi gaituk” esan dio taxi-gidariak. Atzera, berriro, beste behin, tren geltokian dago.

      Ikaragarrizko beroa egiten du. Metalezko kaiolan sartuta dago. Esku-burdinez binaka lotuak daude. Tokirik gabe. Mantxa aldeko espetxe berriren batera daramatzate. Abereak bezala lurrean etzanda, bata bestearen kontra bero itogarriak arnasa hartzen ere uzten ez diela. Mutu. Izerditan blai. Eztarria espartzu lehorra bilakaturik. Bihurgune bakoitzean buruaz metalezko ertz bati jotzen diola. Itolarria jasangaitza egin zaion arte. Ezin du gehiago iraun. Eta txapelokerren zizpa luzeak beraiei apuntatzen. Beroa bularretik eztarrira pasatuz garunetara iritsiz, isolatutako ziegatik kanporantz ari da so, eta euria ari duela ikusi du. Eta hala eta guztiz ere, beroak hiltzear dago. Ondoko ziegan burkidea hil zen goiz sapa hartan bezala. Zirrikituan irekitako bere ziega paretik pasatzean, “Hi, Poeta! Lo al hago?” esan dio Agustinek. Burkideak ez dio erantzun. Oinazeak okertuta, burdinazko mahai ertzean itsatsita daukan andregaiaren argazkian begiak josita dituela aurkitu du. Minak utzi dion ezpainetako zirrikitu estuan irribarre baten antzekoa igartzen zaio. Ikara eta higuina nahastuaren erresuman sartu da.

      Trenaren traka-traka hotsa buru barruan dauka. Buru barneko beroak hil egin behar du. Balaztaren soinu ikaragarria belarrietan, bertan, aditu du. Ilunpe osoan dago. Ezerezean amildua.

 

 

Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001