Iraganean galdua
BI
Ez. Agustin ez zen izan lorerik lore ibiltzen diren horietakoa. Eta hori ez zen izan haurtzaroan dotrinan seigarren manamenduaren kontrako bekatua egiten zuenak betiko “infernuko surtan” amaituko zuela, edo Jesukristo berriro gurutziltzatzen zuela eta horrelako pitokeriak esaten zizkiotelako. Ez. Nerabezaro eta gaztaro sasoitsu eta orekatua duenak laster asko botatzen ditu hankaz gora irudi faltsu horiek. Egia da hala hezitako ehuneko bat sexualki ezindua edo osatu ezinik geratu izan dela, eta hori Eliza Ama Katolikoaren lan ilun, zikin eta pozoitsuari zor zaiola, baina hori ez zen Agustinen kasua. Agustin haurtzarotik egon zen oso kezkatuta etorkizunaz. Aitak Euskal Herriaren askatasunaren aldeko gerran Franco kriminalaren kontra gogor jo zuen, ondorioz zazpi urteko kartzela eta zigorrak jasanez. Agustin jaio zenerako, senideen artean hirugarrena zen, joan den mendeko 50eko hamarkadaren ia erdira iritsiak ziren eta, hala ere, gerra galduaren mamua gelaz gela larderiatsu ibiltzen zen etxe osoan. Afalondoko elkarrizketa isiletan jakin zituen Agustinek jakin beharreko guztiak, orduan hala iruditzen zitzaion, eta nerabezaroan jo eta su hasi zen herrian saltsa denetako perrexila izaten. Alfabetatu, ezkutuko eskola sozialetan parte hartu, ikastola sortzen lagundu... Horregatik ez zen izan lorez lore ibiltzen diren horietakoa. Astia falta, nonbait. Edo, beharbada, mutil koskorretako “neskak neskekin eta mutilak mutilekin” leloak indar handia hartu zuen bere baitan. Berehala konturatu zen “kulturak askatuko gaitu” esaera basazko hankak zituen erraldoi bihurtutako irudia zela. Euskal antzerkia indartzen zebilen bere anaia zaharrari, Xabini, hiru hilabetean entseatzen eta antolatzen ibilitako antzezlana antzeztea debekatu zion gobernadore zibilak. Halaber, luistarren kongregazioko aldizkarian idatzitako artikulu bat, norbaitek salatua, noski, Madrileraino iritsi zen, eta TOPek 5.000 pezetako isuna eta hiru hilabeteko kartzelaldia ezarri zion, nahiz eta abokatuak zigorra astean behin bere burua guardia zibilen kuartelean aurkeztera murriztea lortu zuen. Ez. Agustin ez zen lorerik lore ibiltzen zen mutila, baina guardia zibilengana joan behar izateak herrian ezagun egin zuen, eta nahiz eta bileretako neska gazteak aurrerantzean begi samurrez behatzen hasi, eta haietako bat baino gehiago ilargi beteko gau ederra baino ederragoa izan, haiek lagun, lankide edo burkide legez ikusten zituen eta kasu hauetan, usu, horrek maitasunerako bideak ixtea ekartzen du. Honela, bidean gurutzatzen zituen kanpotar nesken begiratu zohargiek edo sutsuek eragin handiagoa egiten zioten beti lagunen begirada emeek baino, eta ohean bakarrik geratzen zenean, oso haurra zenetik zinean ikusitakoaren eraginez, haiekin maitasun istorioak asmatzen zituen. Hamasei urte besterik ez zituela, lanean hasi berria, ETAko zenbait militanteri ezarritako heriotza-zigorraren kontra antolaturiko greba eta manifestazioetan gogotsu eta gogor parte hartu zuenean jakin zuen zenbaterainoko basa zen Espainiako Gobernua. Guardia Zibilak hiru saihets hautsi zizkion. Horrelakoren bat beste norbaiti jazotzen zaionean beharbada ez diogu hainbesterainoko garrantzia ematen, poliziak eraildako norbait tartean dagoenean bereziki. Horrelako zerbait zer den ez da jakiten norberak bere haragian sentitu arte, eta Agustinentzat hura borroka armatuaren alderako akuilatzea izan zen. Baziren urteak, euskal pizkundearekin batera, Agustinek ekintzaileak miresten zituela. Indar handiko kableetan ikurrinak jarri, lapurreta ausartak egin edo frankisten txibatoei jipoiak ematen zizkieten haiek. Saihetsak lotu eta klinikan hogeita lau orduz eduki zuten hartan denbora oro hausnarketan iragan zuen. Behin eta berriz etortzen zitzaizkion aitaita zenaren hitzak burura: “Espainolek ez zigutek onez inoiz emango guri indarrez kendutakoa, ez ezak hori sekula ahaztu Agustintxo”. Xabinek Meliton Manzanas torturatzailearen erailketa lagunekin xanpainaz txokoan ospatu zuela ere gogoan zuen. Baina bide zailena aukeratu ala ez aukeratu ibiltzearen arrazoi handienetako bat aitaren begiak ziren. Haiek batzuetan islatzen zuten tristezia sakon hura. Traizio handi bat jasandako begiak zirela iruditzen zitzaion mutilari. Gerra galdu zenetik hogeita bat urtean ezer ere egin ez zutenengandik jasandako traizioa izan zitekeela pentsarazi zioten Agustini aitari tarteka-marteka ihes egindako zenbait hitzek. Sistemaren kontra dabilena heldutasunera lehenago iristen da haizearen hegaletan arin dabilena baino. Kontra egoteak pentsarazi egiten du. Liburuak erosi, eztabaidatu, herriaren iraganarekiko jakin-nahia pitzarazi, etorkizunean norantz jo asmatzeko. Balizko askatasuneranzko bidean jartzen du bizitza osoa. Agustin ez zen salbuespen bat. Burgosko epaiketaren ostean jakin-mina bikoiztu egin zitzaion, Vietnamgo gerrako lau fronteen berri jakin zuen, Aljeriako gerrilla-gerra, Kubako Iraultza eta Sobiet Batasunaren sorreraren nondik norakoak ikasi zituen, Maoren teoriak, Ernesto Che Gebararen egunerokoa eta Krutwigen Vasconia irakurri zituen... Bileretan jada arduradun zen eta neskak... neskek gozoki bati bezala begiratzen zioten, Agustin maiz aztoraraziz, batez ere berak hainbeste zekien gaietatik atera eta gizon-emakumeen arteko gaietara eramaten bazuten elkarrizketa. Lotsati hutsa zen oraino. Nola izango zen, ba, lorerik lore ibiltzen diren horietakoa, lore bakar bat ukitzeko ausardiarik pilatzen ez bazuen? Euskararen aldeko lanak albo batera laga gabe, langile mugimenduan buru-belarri sartu zen, langile batzarrak eta langileriaren autoeraketa indartzen, bide iraultzaileena hura izan zitekeelakoan. Ezkutuko bilerek uzten zioten heinean mendi gailurretara ere abiatzen zen aldian behin. Normalean koadrilan. Neska-mutilak. Jadanik ondo konpontzen zen neskekin. Hainbeste buruhauste izan ez balu buruan! ETAko arduradunak hain basati erailak izateak min handia egiten zion, eta Benito Lertxundiren kantak zioen “ilunpetako gizona” izan ala ez izan zalantzan denbora luzean ibilitakoaren duda-mudak CIAk antolaturiko Txileko kolpe militarrak eraman zituen, haize-erauntsiak kale-kantoiko zakarra bezala. Parlamentuaren bidez herriak aukeraturiko Salvador Allenderen sozialismoranzko bidea tankeek zapuztu zutenean. Kapitalaren bota basak indarrez ernetzen ari zen lili gorria zanpatu zuenean. Ordudanik, kapitalisten poliziaren, armadaren, tankeen, armen, edota txibatoen aurka egitea ezinbestekoa zela pentsatu zuen Agustinek. Eta ezkutuan liburuak uzten zizkion lehengusuaren bidez sartu zen erakundean. Neskatarako ez zuen astirik. Edo oso gutxi behintzat. Hasieran lan errazak egin zituen. Propaganda banatu, pintadak egin... Erakundea laster asko konturatu zen Agustin altxor preziatua zela, teoriarik behar ez zuen edozertarako prest zegoena, alegia. Carrero Blanco almirantea auto eta guzti zerura igorri ostean, egoerak eskatzen zituen ekintzetan parte har zezakeela pentsatu zuen. Hurrengo bi urteak ikaragarriak izan ziren. Gose grebak espetxeetan, erakundearen zatiketa —Agustin miliekin geratu zen—, polimilien erorketa handiak,Txiki eta Otaegiren fusilatzeak, Francoren heriotza, Segoviako ihesa... Eta Agustin gero eta ekintzaile trebatuagoa bilakatzen ari zen. Bonbadun ikurrinak jarri, Euskal Herria desagertua ikusi nahi zuten txibatoen kontrako ekintzak... Egia esan, Jurramendiko sarraskia finantzatu zuen eskuin muturreko Araluzeren aurkako ekintzan laguntzaile izan zenetik bizimodua erabat aldatu zitzaion. Batera eta bestera, hemen teoria irakasten, han entrenamenduak egiten, asko ibili behar izan zuen. Langile mugimenduak eskatzen zion konpromisoa alde batera utzi gabe, jakina. Beraz, lorez lore ibilitakoa izan balitz ere, ez zukeen astirik izango emakume adats bat ferekatzeko ere. Francorik gabeko frankismoari min handia egin zion, nonbait, Araluze hain basatiki hiltzeak, eta Frantziako Gobernuaren laguntzaz Iparraldean babestutako iheslari ugari Bretainiako Yeu uhartera atzerriratu zuen, tartean zuzendaritzakoak egongo zirelakoan. Hain zuzen ere, erakundekoak uharte hartatik askatu eta atzera Iparraldean bizitzen jarri ziren udaberri hartan ezagutu zuen Ixiar. Zehatz esanda, haien itzulera mendiko koadrilarekin ospatzen ari zen afarian, benta batean. Amodio kontuetarako astirik izan ez zuenak ezin izan zuen inondik ere neska polit zirikatzaile haren aurpegia gogotik kendu. Ezin izan zuen neskaren begirada samur haren mintzaira burutik ezabatu. Ezta Espainiako Gobernua negoziatzera behartzeko hainbeste ekintza gogor egin zituzten bi urte luze haietako une zailenetan ere. Txundigarria zen agitzen zitzaiona. Erakundearen ekintzetatik at lehenbiziko hauteskundeak; Askatasunaren Ibilaldia; amnistia; Altsasuko Mahaiaren sorrera; Espainiako Gobernuak Consejo General Vasco zelakoa baimentzea; KAS alternatibaren aurkezpena; Euskal Herriaren historian egin den Aberri Egun jendetsuena eta baikorrena; Lemoizko zentral nuklearraren kontrako mobilizazio ugariak; euskaldunon borroka armatuaren aurka Donostian jeltzaleek egindako espero gabeko manifestazioa; Hego Euskal Herriko lau probintzietan %34aren baiezkoarekin bakarrik onartu zen Espainiako Konstituzioa, eta abar... Hamaika gauza gertatu zen kalean tarte luze horretan, eta Espainiako Gobernuak hirutan deitu zion erakundeari. Hiruretan, polizia lana egiteaz gain, zaborra eskainiz. Bi urte haietan Agustinek zituenak eta bi eman zituen borrokan Euskal Herriak negoziazio on bat lortuko zuelakoan, ahal zuen orotan agertuz neska txundigarri hura ezagutu zuen benta zaharberritura edo bi herrien erdian errepide ertzean zegoen jatetxera, jertse bila, neska hura eta negoziazioa burutik kendu ezinik. Ez alferrik. Harik eta Espainiako Gobernuaren egitasmoak eta helburuak, erakundearen zuzendaritza politikoko burua erail eta artezkari militarra gauza eztantzean, dena ur gardena baino argiago ikusi zuen arte. CIA ezin zitekeela ekintza haietatik oso urruti egon pentsatu zuen. Eta maitemintzearen lehenbiziko aztarnak zituen hain sutsu borrokatutako gudaria, abaildurak jota, kokilduta, aurrera egiteko kemenik gabe geratu zen. “Aurrera bolie, Mutiko! Horixe nahiko zian-eta berak” esan zion buruzagi handiak. “Moroaren ile bakoitzeko hamar eroriko dituk!” bota zion urduri Kiriok. “Neuk ere izugarri miresten nian”, oraindik eri, xuxurlatu zion eraildakoarenganako mira maitasun bilakatu zitzaion begibakar itsutuak. “Aurrera egin behar diagu, Mutiko!” aldarrikatu zion ozen Usurbilek, handik urtebetera BVEk erail zuenak. Zaharrak, ezpainak estutu eta ez zion ezer esan. Zertarako? Aurpegia aski adierazgarria zuen. Agustinek denei baietz esan zien, Xabier Letek Urepeleko artzainari egin zion bezalako abestia bezalakorik inork buruzagi handiari egingo ez zion segurantzian. Euskal Herriaren askatasuna ez zuela ezagutuko jakitun zenak, lau probintziako estatutu zabal bat nahikoa hurbil ikusten zuen garaiko afari hartan jarri zituen begiak. Eta behin eta berriro oraindik izena nola zuen ez zekien neska xarmangarri haren arrastoa aurkitu guran ibili zen. Halako batean aurkituko zuelakoan. Neurrigabe miresten zuen buruzagiak lagatako hutsunea berekin zeramala, naretzen, berriro heldu zion erakundeko lanari. Eta, hain zuzen, egun batean, beste herri bateko denda batean hamar kilo torloju erosten ari zela —ez zuen kiloka eskatu, noski—, neurri desberdinetakoen artean bihurkin bat aukeratzen, kokotean biribilean jasotako ile-sortaz orraztuta, sekula baino politago, bere ondo-ondoan zegoela ohartu zen. Maite dugunaren bila bera ibili ohi den bagabiltza, eta ustekabeko herrian edo lekuan bat-batean agertzen bazaigu, erreakzionatu ezinik geratu ohi izan gara. Ezinduta bezala. Horixe bera gertatu zitzaion Agustini. Ahoa irekita eta hitzik gabe geratu zen. Eskerrak kontu hauetan emakumeak gizonak baino azkarragoak diren, eurek nahi badute behintzat. Bestela, ezikusiarena egitearekin aski dute. Benta zaharberrituaren korridorean, neskak ezkerreko masailean Agustinen begirada sumatuz burua jiratu zuen, irribarre zabal bat eskainiz. —Ene! Hi al haiz? —Ba... bai. —Hantxe zeukaat hire jertsea, etxean, nire gelako armairuko kaxoian ondo-ondo tolestuta. Astia baldin baduk, oraintxe joan gaitezkek bila. Agustinek ezin zuen sinetsi ere egin agitzen zitzaiona. Gabonetako kantak dioen “biolina, txistua, danbolin soinua” entzun zuen. Eta neska hura ez zen isildu ere egiten. “Nola duk izena?”, “Nik, Agustin”, “Ni Ixiar nauk”. Gaixorik zeukan izeko bati bisita egitera joan zela eta, bide batez, etxerako bihurkina erosteko baliatu zuela bere herrikoa baino burdindegi handiagoa izatean aukera ugariagoa zegoelako, eguraldi ederra zegoela, mendira joateko aproposa, nahiz eta bera hain mendizalea ez izan, festa giroa eta parrandak gustatzen zitzaizkiola eta hala jarraitu zuen etengabe Agustinen bisaiatik begiratua kendu gabe honek bolanteari gogor helduz arreta guztia bideari jartzen zion bitartean. Istripua izatea besterik ez zuten falta! Ixiarren etxe aurrean aparkatu zuenean etorri zitzaizkion larritasunak Agustini. Ez zekien zer esan. Barre inozo bat egin eta neska, ordua, “Goazen, motel! Zeri begira hago?” botaz ezkaratzean gora desagertu zen, etxerantz. Agustin, bihotza lehertzear eta oraindik zutzunduta, egin behar zuena egiten hasi zen. Inkontzienteki. Autoaren atzetik torlojuen kutxa hartu eta ezkaratzean sartu zen gora begira, izter hasieraraino bistatu zitzaizkion Ixiarren berna eder haiek gogoan. Eskailerak binaka salto eginez, sueter mehe azpiko bularrak gora eta behera higitzen zitzaizkiola, paperean bildutako jertsea eskuetan, irribarrez jaitsi zen neska. Eta Agustin aztoramendutik sukarrerainoko bidea egiten, zintzilik zeraman kutxaren lokarria hatzetan sartzen ari zitzaiola konturatu gabe. —Zer duk hori Agustin? Niretzako opariren bat, ala? “Ostia! Zer egiten diat nik hemen honekin?”. Agustinek aitzakiaren bat asmatzerako Ixiar jada ari zen berriketan. “Gorde ezak kutxatzar hori bere lekuan eta tok hire jertsea”. Autoraino lagundu zion eta hantxe egon ziren berriketan, neska leiho irekian ukalondoak bermatuta eta mutila bolanteari heltzen neskaren begietako distirei so. Hurrengo igandean elkar ikustekotan geratzean, Ixiar, aurpegia Agustinengana hurbildu, eta mutilari ezpainetan segundo-hamarrena iraun zuen musu bat emanez desagertu zen. Hankarteko anaia txikia galtzontzilotan kabitu ezinik iritsi zen Agustin iritsi beharreko tokira. Lorerik lore sekula ibili ez zen mutilak bazuen lorea. Ederra, lerdena eta indartsua. Ongarri onez hezia zirudiena. Bere buruarentzat astirik ia inoiz hartu ez zuenak nahikoa buru-neke hartu zuen denborari denbora lapurtzeko. Amarruak eta iruzurrak erabili behar izan zituen, gizarte-segurantzako medikuarekin gaixotasunak apropos asmatuz. Harrezkero abagune oro profitatzen zuen neska harekin, kalean, tabernan, zinean, edozein lekutan berriketaldi luze edo laburrak egiteko. Eta lehenbiziko maitasunak duen xarma dastatzen hasi zen. Elkar ezagutzen ari ziren, bai buruz zein soinez. —Ibil hadi kontuz —esan zion herri hartako burkide batek—. Ez al duk hobe ezker abertzalean kokaturik dagoen batekin nahastea, eta ez txoriburu horrekin? Popatik hartzera bidali zuen. Haserre. Oraingo honetan, ez zuen utziko mendiko laguna zuen Nerearekin gertatu zitzaion bezala, amodioak ihes egin ziezaion. Ez horixe! Lagun izateari utzi eta senar-emaztegai ia nahi gabe bilakatu ziren. Elkarrekin bizitzean zer egingo zuten eta horrelakoak erraztasun handiz irteten baitzitzaizkien. Erakundearen beharretan hasieran bezalako ilusioarekin, lasaiago, eginbeharrekoak egiteko kemenaz, herria askatasunerantz eraman zezakeen lan gogorrean inoiz baino gartsuago eta gogorrago murgildu zen, Ixiar burkide egin beharko zuela gogoan hartuta, baina eginkizun hori aurreraxeagorako lagaz, pena ematen baitzion halako neska zirtolaria eta alaia eginkizun gogorretan sartzea. Baina ez zen hori bakarrik. Agian, Agustin bera zen andregaiak tolesgabetasuna galtzerik nahi ez zuena. Izan ere, ezkutuko lanak, bileretan, hausnarketetan, entrenamenduetan, gazteagoei adore eta kemena sortzean, ekintzetan, heldutasun osora iritsita eta umorez egiten zituen. Neskarenera joaten zenean, aldiz, nerabezarora itzuli balitz bezala sentitzen zen eta hori oso gustukoa zuen. Emakumeak gerlariaren atsedena izan behar duela dioen esaldi matxista hori ez zuen onartzen, baina, kontu honetan, agian, berekoikeria handiegiz ari zen jokatzen. Dena den, Ixiarren ondoan nerabezaroko garaian bizi balitz bezala sentitzen zen. Aizkorriko tontorrean musukatutako Nerea hura zuen eskarmentu bakarra, eta ezagutza horrekin ezin oso urrutira joan. Horregatik zegoen, ausaz, hain pozik, alai eta baikor. Horregatik izaten zituen begiak izpi maitekorrez beteak. Horregatik joaten zen mutil koskor baten moduan arineketan andregaia zain zeukan tabernara. Ixiarrekin zegoenean ezkutuko eginbeharren zama astuna bota eta mendi tontorretara zalu, berriketa arinean joaten zen mutiko bihurtzen zen. Ilunpetako lanetarako jada beharrezkoa zuen Ixiarren maitasuna. Alaiago sentitzen zen. Horregatik, aitzakia ñimiñoena aski izaten zuen neskaren herrira ihesaldi txikiak egiteko. Autoa libre bazuen, noski. Amak esaten zion, bai, “herrian ez al zagok hiretzako moduko neskarik? Kanpoeder!”. Baina hura ez zegoen bere nahian. Ixiar benetan maite zuen. Borroka gogor zihoan eta etsaia ez zegoen lo. Erakundeak Madrilen jo zituen kolpe bortitzenak eta estatuak BVErekin erantzun zuen, erakundearekin zerikusirik ez zuen jende ugari erailaz. Ixiarrekin izaten zen bakoitzean Agustin beti egoten zen bere bizimodu bikoitzaren berri ematekotan eta, “gaur esango zioat”, pentsatu izan zuen bakoitzean ezusteko zerbait agitu zitzaion, azkenerako gai hori hurrengo baterako lagatzen ia ohituz. Baina ezin zuen hala jarraitu. Erakundeak zenbat eta etxe, lagun, babesleku eta abar gehiago izan, orduan eta hobe zela ondo baino hobeto zekienez, goikoekin kontsultatzea erabaki zuen. Bitartean atzerapauso ikaragarria izan zen gertaera politikoa jazo zen. Franco bizi izan zen garaian satorrak bezala lur azpian ezkutatuak egon zirenek hiru probintzientzako Estatutua onartu zuten, Euskal Herriaren zutabe trinkoena den Nafarroa kanpoan lagaz. Euskal Herri euskaldunaren eta batuaren alde —sozialismoa bigarren mailan jartzen zuen Agustinek— borrokan ziharduenarentzat kolpe ikaragarria izan zen hura. Baita erakundearentzat ere. Eta Ixiarren gurasoak ez ziren ezker abertzalekoak. Hala ere, berean jarraitu zuen mutilak eta Ixiar taldekoa izan ala ez bere eskuetan lagaz, laguntzaile izan zitekeela erantzun zion erakundeak, Agustini bidea libre lagaz. Asmoa izatea kontu bat da. Ahal izatea beste bat, ordea. Mutil koskorretan aitortu ondoren gehiago bekaturik ez egiteko asmo sendoa hartu bai, baina, apaizarengana beti bekatu mota berarekin joaten zen bezala, aitortzea alferrikakoa zuela konturatu zeri arte, Ixiarrenganako asmoarekin berdintsu jazotzen zitzaion. Baina, ez zen borondate kontua bakarrik. Zenbait hilabetetan, eskuetan ardura bat baino gehiago zuela, arnasa hartzeko astirik gabe ibili zen, Goio eta Xabier hilik suertatu ziren Ipazterko ekintzan ere parte hartuz. Lepoan hartu eta segi aurrera abestea oso erraza da. Eta ona da kantatzea abertzaletasuna suspertzeko bada. Baina egoera hori jasan duenak ez du hain arin kantatuko abesti hori. Agustini gertatu zitzaion bezala. Hortzak estutu eta aurrera egin behar da, ordea. Eta Agustinek hala egin zuen. Andregaiarenera, berriz, ahal zuenean eta ahal zuen moduan agertzen zen. Lantegiko lanaren aitzakiak jarriz beti. Bizitza honetan, edozein erakunde edo lanetan sartuta zaudelarik, gertakari onak eta txarrak boladatan etorri ohi dira eta Agustini lasaiago ibiltzeko bolada etorri zitzaion halako batean. Ixiar inoiz baino gehiago maitatzen zuela sumatzen zuen, eta astean birritan egoten zen berarekin. Bularra hauspotuta, pozik sentitzen zen. Udaberri hartan kukuak makur jo zien arte. Andregaiaren auzoko festak ziren betiko tabernan sekula baino ederrago agertu zitzaionean. Makillajea inoiz ez bezala, dotore eta apain emanda, ikaragarri polita zegoen. Besteetan ez bezala koloretako gona luze lasaiaz zegoen jantzita, mahukarik gabeko sueter berdexka zuen soinean, eta bularretakorik gabe ote zegoen begitandu zitzaion. Baina, auskalo hala zen, emakumeen barneko sekretuez ez baitzekien gehiegi, eta hobe ezer ez galdetzea egoera zapuztu ez zekion. —Kaixo, Agus. —Aupa, Ixi. Arraioa! Polita hago benetan! Elkarren ondoan, poz-pozik, Ixiarren irribarre, begiratu esanguratsu eta ateraldi umoretsuek ia zorabiatzen zutela, kubata bana hartu zuten ke artean eta berriketa arinean. Zerbaitegatik maite bazuen neska eder hura eztenkada xelebreak botatzeko zuen erraztasunagatik zen. Eta egun hartan bezain jostalari ez zuen uste inoiz ezagutu zuenik. Arratsalde osoan tiropitxonean, norian, balantzean, leku ezkutuetan musuak ematen eta elkarri ferekak egiten, maitasuna une hartantxe aurkitu bailuten ibili ziren. Arratsalde hartan Ixiarrekin maitasuna egiteko irrikan egon zen eta ondo zekien neska ere halatsu zegoela, aurrez izan zituzten hiru esperientziak ez baitzitzaizkien ondo irten. Batean, neskaren izeko baten etxeko logelan zeudela, hastear, osaba ezustean komunera etorri eta ohe azpian ezkutatu behar izan zuten, zalapartan, erantzitako arropak beso azpian hartuz. Negua zen, hotz egiten zuen, eta biak larrugorritan zirela jan behar izan zuten lurreko hautsa. Balkoiko zirrikitutik sartzen zen haize hotzak, berriz, oilo-ipurdidun bilakatu zituen bien azalak. Eta normala den legez, nahi baino denbora luzeagoan hala egoteak eraman zizkien berotasunak, sugarrak, txinpartak eta gogoak. Beste batean, berriz, pinupean egin beharrekoa amaitu bazuten ere, hemengo bizkarreko sastraka, hango belauneko arantza, harantzagoko “norbait ote datorren iruditu zaidan”, honantzagoko haizeak bertaratutako zakur baten zaunkak, “geldi egon hadi”, “itxoin pixka bat”, “oraindik ez nauk behar bezala berotu”, “alda dezagun postura, orain ni gainean eta hi azpian”, “nik ezin zionat gehiago eutsi, ai, ai, ai, banoala”, eta abar, ez zuten elkarrekin batera gozatu. Beno, egia esateko, desastre hutsa izan zen. Hirugarrengoan, Agustinek autoa berekin zuen larunbat batean eremu bakarti batera joan eta hantxe saiatu ziren. Estreina aurreko eserlekuak etzanda jarriz eta, biak ere txikiak ez zirenez, hemengo abiadura aldatzeko palanka alua eta hango bolanteko klaxon madarikatua, gibeleko eserlekura joan ziren. Han neskak bernak sabaiaren kontra zituela, ipurdi erdia eserlekutik kanpo, orekari eutsi ezinik, alanbre gaineko funanbulu lardatsa legez, eta mutila neska besarkatu ezinik, eskuineko eskuaz aurreko eserlekuaren bizkarraldeari eutsiz, egin zuten egitekoa. Halamoduz. Lehiaketa batean lehenbiziko saria ez zietela emango, hori seguru. Arrebak Agustini esan zion etxea libre zutela, ama kalean zegoenean. Ixiarren osaba komunera joan zeneko hura buruan, ordea, ezetz erantzun zion. Ama hain katolikoa izatearen desabantaila. Dena den, berriro probatzeko gogo bizia sortu zitzaien, hurrengoan asmatuko zutelakoan eta denboraren poderioz lanbide goxo horretan trebe bihurtuko zirelako segurantzian. Autotxoketik jaikiz, neska, eskutik helduz, lasterka hasi zitzaion. —Goazen, Agustin! Begira, han urrutiko bikote hura nire gurasoak dituk. —Goazen beste alderantz, orduan. —Et, et, et, hator mutiko. Ez haute jango-eta. —Aizan, ez iezadan adarrik jo. Ez zeukanat hire gurasoekin egoteko gogorik. —Ez gaituk berriketan geldituko. Lasai. Nire gurasoak oraindik hi baino lotsatiagoak dituk-eta —soarekin gonbidapen sentsuala eginez. —Goazen, ba. Hik egoskor handiena ere heure alde jarriko hunan. “Aita, ama, hau da nire mutila” aurkezpen laburra egin eta ospa egin zuten, gurasoak hitzik gabe lagaz. Azkeneko trenaren ordura arte elkarri adarra jotzen, txantxetan, haurrak bailiran jolasean, eta lehen bezala laztan sutsu eta heldualdi gartsuekin jarraituz ibili ziren. Eguraldi ona baliatuz eta mundu guztia herriko festetan egongo zenez, mendi aldera pinupera ordez, pagopera joan zitezkeela iradoki zion mutilak lehenbizi. Geroxeago aieruz adierazi zion, eta azkenik, argi eta garbi esan zion. Neskak, aldiz, olgetako gogoa zuela, ez zuela sakontasunetan sartu nahi, baserritar despistaturen bat ager zekiekeela eta ez zuela horrelako egoera lotsagarritik pasa nahi eta azkenean ezetz garbia bota zion, baina... hilabete barru gurasoak kanpora zihoazela, hiru asteburu beraientzat izango zituztela eta orduan lasai, patxadaz, inor agertzeko beldurrik gabe, nare, ekuru, laxo, bare eta mantso-mantso gozatuko zutela, maitasuna dastatuko zutela, zer eta nola egin ikasiko zutela, egokitu eta moldatuko zirela. Hitz haiek entzutean, airean, hodei gainean bailihoan, paradisuan sentitu zen mutila. Betiko ohitura puskatuz, Ixiarrek estazioraino lagundu zion. Trenaren barneko plataforman besarkada estu batean bildu, azken musua eman eta txantxangorria baino arinago egin zuen salto neskak nasara. Trena martxan hasita, leihotik geltokiko kantinara sartzen ari zela ikusi zuen Agustinek. Hain pozik ibili zitzaion andregaiari bere isilpeko borrokaz pitin bat hitz egin zion, iradoki gehienbat. Jaramon handiegirik ez ziola egiten ikustean, hurrengo iganderako laga zuen gaia. Parada egokiagoa aurkituko zuelakoan. —Etzi bertan. —Etzi? Igandea duk! —Ustekabeko gertakari batek igandea egokiago bihurtu dik. Ager hadi gaur. Badakik non, azken argibideak ezagutarazi diezazkizuedan. Herriak txalotuko duen ekintza izango duk. Aurrez esandako orduan eta lekuan azaldu zen neskaren etxepera. Zortzi egun beranduago, ordea. Telefonoz aitzakia bat esan zion, baina neska sorgin hark ahotsaren tonuan, esateko eran edo auskalo nola, mutila ulertzera iristen ez zen abileziaz gezurretan ari zela igarri zion. Beraz, egia osoa esatea beste biderik ez zuen. Eta halaxe egingo zukeen tabernan sartu orduko Ixiarren muturrak eta bekozkoak ekaitzik bortitzena iragarri ez baliote. Ixiar psikologikoki prest ez zegoelakoan kolpetik dena esan ordez, zatika eta emeki adieraztea bururatu zitzaion. Erakundetik jaso zuen aholkua, neskari argibide handiegirik ez ematearena, gogoan zuen gainera, eta zer jarrera hartu zalantzati egon ostean, egia osoa ez esatea deliberatu zuen. Hala eta guztiz ere, zertxobait, zeharka bederen, argitu zion. Neskak bere haserrean ez zion ia entzun ere egin. Areago. Agustin gezurretan zebilkiola pentsatu zuen, tartean gona konturen bat ote zegoen susmoak hartuta batik bat. Ai, bere lankide Lurdex jori, oparo eta atsegina hiru hilabete lehenago andregaiari aurkeztu izan ez balio! Arratsaldea nola edo hala iragan eta erdi muturtuta iritsi ziren geltokira. Neska oraindik sinesgogor. Ia hitzik gabe. —Horretarako lagundu al didan honaino? Hobe geninan betiko lekuan agurtu bagina! —Zergatik ez didak egia osoa esaten? Aitor ezak egunero aldamenean izaten duan Lurdex hori nire aldean ederra dela. Eta ez duk hamabost egunean agertu ez haizelako bakarrik. Serio antzean irteten hasi ginenetik hamaika aldiz aldatu izan didak elkarrekin irteteko eguna eta dagoeneko kokoteraino nagok. Zuen artean ezer ez badago ere, egun batean irrist egitea ez huan oso harrigarria izango. Baina gona konturen bat bada esadak garbi, bilera, iraultza, abertzaletasuna eta bost duroko hitz horien atzean ezkutatu gabe! —Egia esan dinat, eta oraingoz ezin dinat garbiago hitz egin. Izan ezan konfiantza nigan! Laster esango dinat dena! Har ezan pazientzia pixka bat! —Ja, pazientzia eta gainerakoa beti emakumeok izan behar diagu! Ez duk, ez, hire andregaiarenganako konfiantza handirik erakusten! —gero eta haserreago Ixiar. —Ez dun konfiantza kontua! Orain ez al dakin, ba, zer motatako lanean nabilen sartua? Ba, hori aski dun, ezta? —Hemen gure heroia! —ironiaz Ixiarrek. —Hire aita bezalako babosoa, entxufatua eta pasteleroa ez naun behintzat! —jada bere onetik aterata. Esan bazion esan zion. Neskak amorruz beteriko soarekin batera ezpainak dar-dar ireki zuen ahoa, baina ezer esan gabe itzuli erdia eman eta herrirantz abiatu zen. Azkar eta sutan. Agustin geldirik, nasara sartzen ari zen trenaren hotsa entzutearekin batera, erdi ilunpeko zumardi bakartipean zehar Ixiar urrutiratzen ikusi zuen.
Iraganean galdua |