Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001

 

 

LAU

 

      Gasteizko alderdi politiko demokratikoen laguntzaz PSOEk preso politikoen sakabanaketa praktikara eraman aurretik Agustin presondegiz aldatu zuten, egunean bi orduko patioarekin. Gibelean geratzen ziren Mikel Zabaltzaren gorpu itoa edo Hego Euskal Herriak NATOri ezetza ematea. Hau alferrikakoa izan bazen ere, oso baliagarria izan zen Espainiako Gobernuaren jite “demokratikoa” ikusteko. Garbi zegoen Espainiako herria sistemaren, propagandaren eta hedabideen morroiagoa dela Euskal Herria baino. “Beste bat zapaltzen duen herria ez da librea” zioena ez zen gaizki ibili. Espainiako herritarrak konturatuko balira Gobernuaren menpe dagoen lurralde zabalean lau nazio desberdin daudela eta estaturik gabekoek estatua duenak bezainbat eskubide dutela, arazoa konponduta legoke. Hori amets egitea besterik ez zela ondo ikasi zuen Agustinek. Isilpeko lanean ziharduenean, bai Espainiako alderdi komunistakoekin izandako eztabaidetan eta bai txanpinoiak bezala bat-batean agertu ziren militante sozialistekin izandakoetan, euren Espainiaren batasuna hautsi ezintzat jotzen zuten. Historian, kulturan eta hizkuntzan oinarrituriko Euskal Herriaren aldeko arrazoiak alferrikakoak ziren, hauen kontra euren Historia de España ateratzen baitzuten. Beraz, Hego Euskal Herriak erabakitakoa, erabakitzeko ahalmena izanda ere, ez Espainiako Gobernuak ezta espainiarrek ere, ez zutela utziko gauzatzen ur gardenena baino gardenago ikusten zuen Agustinek. Askatasuneranzko ibilbidea Euskal Herriak bakarrik egin beharko zuen. Horregatik zeukan halako garrantzia Agustinentzat abertzaleen batasuna erdiesteak. Monzonek zioen bezala, Maltzagaraino bederen ailegatzeko. Horregatik zien halako gorrotoa traidoreei.

      Beste preso batzuekin laster jarriko zutela modulu berean, eta bien bitartean bakardadean Jainkoagandik hurbilago egoten ikasten bazuen, anakoreta agurgarria izateko parada ezin hobea ematen ziotela esan zion funtzionarioak ezpainak ironiaz okertuz, baina, arren, Hirutasun Santuari eta Ama Birjinari egiteko otoitz eta ez Karl Marxi edo Mao Tse Tung-i, bota zion segidan azeri-algara ilun batez lagunduta. Bertan txikituko zuen alu hura.

      Kartzela berrian, patioan ere bakarrik. Beste inor ez zegoenean ateratzen baitzuten. Orduan jakin zuen Agustinek zer zen lagunik gabe egotea. Denbora laburrerako izango zela pentsatuz, patioan soinketaren bidez gorputza eta ziegan ikasketen eta literaturaren bidez burua indartzea erabaki zuen. Eskolan garatu ezin izan zuen marrazkilari ikastaro batean eman zuen izena, ikasgaiak postaz hartuz. Haurtzarotik zaletasun hura izan zuenez, aritmetika eta geometriako koadernoak marrazkiz beteak izaten zituen, berehala hasi zen aurrerapauso nabarmenak egiten. Ixiarren argazkiari begira neskaren bisaia eder hura koloretan marraztu zuenean harro sentitu zen. Arraioa! Argazkian baino politago atera zitzaion. Euskal literaturan ere egunean egoten saiatu zen. Lan zaila. Gehiegi ez zekien, baina poesiak maila ona zuela uste zuen. Bazen liburu bat mutil koskorretatik ezagutzen zuena, Xabinek bere garaian erosia: Gabriel Arestiren Harri eta Herri, beti eskueran izaten zuena. Poesia soziala edo abertzalea asko gustatzen zitzaion, baina denen gainetik bazen poema luze bat, irakurtzen zuen bakoitzean malkoak aterarazten zizkiona. “Nik ez dakit, bada, zer dudan, ez, maiteago, gure lurra edo nire alabak. Haiek dira niretzat lurreko gatza, itsasoko usaia eta aireko soinua. Errusinolaren kantua motza da haiekin alderaturik. Nire alabekin baldin banoa espiritutsuagoa da arno zuria, zaporetsuagoa muskuilua eta urrintsuagoa Birginiako orria. Argia argiagoa da, haizea epelagoa, eta uhinak ederragoak...” . Zazpigarren urtera zihoan giltzapean zeukatela eta poemaren zati hau irakurtzen zuenean askatasunean Ixiarrek eta biek izan zitzaketen haurrak ia ikusiz, izugarrizko goibelaldian erortzen zen. Okerragoa izaten zen poemaren amaiera. “Asko maite dut Kantabriako itsasoa, nire lagunen presentzia eskaintzen baitit. Baina bertan nagoenean, Nerbioneko ibar goikoa etortzen zait gogora, eta orduan Bizkaia arineketan igarotzen dut, Arrigorriagatik gora igotzen dut, eta pinudien presentziaren aurrean nire lagunen ausentzia, damu dut”. Zati hau ia ezin izaten zuen amaitu, bidean lagatako lagunen hutsunea indar handiz sumatzen baitzuen bular estututik gora malkoak isuri aurretiko buruko minean. Euskal Herritik urruti, ziega ziztrin batean bakarrik eta etsaiez inguraturik egotearen desabantaila.

      Hala ere, zenbait aldiz, zure pairamen ahalmena pitzatzear dagoela uste duzunean, atsedena ekartzen dizun zerbait agitzen zaizu. Ziegan leihotik zekusan zeru hodeitsua begiratzen ari zen egun batean, bisitaldirako deitu ziotenean bezala. Anaia izango zelakoan hurbildu zen kabina estura. Ez kriskitinak jotzen, baina pozez, kartzela hartan hamabostean behin baino ez zuelako izaten bisitaldia. Bere txanda noiz izan itxaroten zegoela, bisitaria arreba zuela esan zion presozainak. Amarekin? Ez, bakarrik. Harritu egin zen. Ilundu ere bai ama ondoezik ote zebilen pentsatuz. Kabinako atea ireki ziotenean aitzineko atetik arreba ikusi zuen sartzen. “Zer moduz, Arantzazu?” galdera, aho-gingilaren eta ezpainen artean geratu zitzaion. Hura ez zen arreba. Antzeko ilea, koloretako soinekoa, eskuko poltsa, gerriko zabala, berberak ziren, baina, arraioa, hura ez zuen arreba. Biribildutako ezpainetara hatz erakuslea gurutzatuz isiltzeko adierazi zion eta gero keinu batez bien elkarrizketa grabatzen egon zitezkeela garbi utzi zionean, lurrikarak lurrazala nola, hala inarrosi zioten barrena imintzio haiek. Ixiar! Besoan atximurka egin behar izan zuen ametsetan ez ote zebilen ziurtatzeko! Aldi berean, baina, hura ere ezin zitekeela izan esaten zion arrazoibideak. Arrebaren eta Ixiarren aldean, gorpuzkera zabalagoa eta indartsuagoa zuen. Eguzkitako betaurreko beltzak kenduz, “Kaixo, Agus” entzutean bihotzaren taupadak bikoiztu egin zitzaizkiola esatea motz geratzea izango litzakete. Ahari-topekako aharia bezain astindua laga zuen agur hark. Ixiar zen. Zutzundurak bizpahiru segundotan isilik iraunarazi zion denboran ezin ziola “Kaixo, Ixi” esan konturatzeko beta eman zion. Halako batean, kostata, erreflexuak berreskuratuz, “Kaixo, Arantzazu” begi batez keinu eginez erantzun zion. Neskaren begi-ninietan beste egun baterako laga zuten pagopeko zoriontasun gordearen isla ikusi zuen. Bai. Begi haiek distira erlanztua zuten gibeleko atea hertsi eta beiraren beste aldetik begiratu ziotenean. Ixiar, halabeharrez, hitzaspertuan hasi zitzaion arreba bailuen. Halako erasian hasteak, ordea, iraganaren zakuan hitz pilatu gehiegi zituztela ohartarazi zion. Hitzen bildukia irauliz, esaldiak, hitz bakanak, gogoak, une hitsen ondorengo samurtasun beharra, den-dena bata bestearen gainean metatu zitzaizkion. Eta mataza erraldoi hura askatzeko haria begi-bistan izan arren, ez zuten askatasunik bihotzaren ateak irekitzeko. Eta elkarri so geratu ziren. Begitarteari, soinari, jantziari. Ixiar, bere ustetan, mutilaren arrebarenak izan zitezkeen keinuak, zeinuak, plantak, ihakinak egiten ahalegintzen zen, baina ondo ikasitako higiera haiek emaztegai ohiaren aitzinean zegoelako ziurtasunera gero eta indar handiagoz eraman zuten Agustin. Arrebarena egiten ari zen Ixiar zen.

      Zeruko izar guztien dirdira islatzen zuten begi haiek bereak zirela nahita ere ezin zuen ukatu. Eta maitasun handi bat ikusi zuen. Kristal bikoitz madarikatu bat zenbaterainoko oztopo izan daitekeen, elkarrekin egon nahi duten bi pertsona zein urrunduak senti daitezkeen, hitz egiteko askatasunik ez izatea nolako samina den, bereizarazitako maitaleek bakarrik jakin dezakete. Zer ez luke emango Ixiarren aurpegia bi eskuekin laztantzeagatik! Berriketaren haria galdu gabe ezkerreko eskuaz itxaron zezala esan eta eskuinekoarekin paparreko botoiak askatzeari ekin zion. Puntiladun bularretako zuri txikia bistatu zionean, lehenbiziko bihozkadan beste kartzela hartan aztalak nola, titiak hala erakutsiko zizkiola pentsatu zuen. Ai inozoa! Higiera sentsual batez titi-mutur paretik tolestutako eta zimurtutako papertxo mehe bat atera zion. Paparra hertsi gabe itsatsi zion kristalean. Boligrafo beltzez eta hizki nahikoa txikiz idatzita, mutilak neskaren benetako egoeraren berri jakin ahal izan zuen. Irakurtzen aritu zen denbora osoan so soslaiek makurtuta zegoen neskaren bularren arteko erreten gozora ihes egiten zioten. Amaitu egin zuen. Neskak orduan halako idazketa serioak iragartzerik ez zeukana egin zuen. Agustin behintzat,jokoz kanpo harrapatu zuen. “Asko maite haut, Agustin” esan eta atzera so egin zuen atea hertsirik jarraitzen zuen egiaztatzeko. Orduan, gonak gerriraino altxa zituen begietatik txinpartak zerizkiola. Azpiko prakarik gabe zegoen. Biak bakarrik zeuden. Ez zegoen ez beste ikuslerik, ez kamerarik, ez objektibo begiralerik. Biak gela batean bakarrik, maitasuna egin aurretiko unea izatea desiratu zuen.

      Iruditu egin zitzaion. Uste osoz irudikatu zuen. Ixiarren soina ez zen lehenagoko bera. Bernak, izterrak, indartsuago zituen. Soinketa ugari edo kirol asko egindakoenak ziruditen. Itzuli osoa eman zuenean ipur-masailak ere, gihartsuak, indartsuak ikusi zizkion. Politak hala ere. Ez, polita hitz eskasa zen. Ipurdi biribil ederra zeukan, ala Olentzeroren pipa! Aurrez aurre zutik, gonak atzeko aldetik jaitsi zituen sarrerako atearen kontra jarriz, aurretik gerrikoan kateatzen zituelarik paparreko botoiak lotzeari ekiteko. Ohartxoa irakurtzen aritu izan zeneko mutilaren so begiluzeak ikusi bide zituen Ixiarrek. Horregatik nahi izango zion azken oparitxo hura egin. Eta nola egin ere! Miretsi egin zuen andregaia, hala dei ziezaiokeela iruditu zitzaion orduan, egiten ari zen hura egiteagatik. Maitasun etsiak soilik sor dezake gizonen grina ase nahi hura. Botoiena amaitu eta bi eskuak adatsera eraman zituen orrazteko aitzakiaz soina gerritik gora atzeratuz sabela eta sabelpea aurreratzen zitzaizkiolarik. Bizi zen artean ez zuen sekula burutik kendu ahal izango bere maitearen soin zati erakargarri, polit, eder, bitxi, panpox hura! Segundo gutxi batzuk besterik ez ziren izan. Aski, hala ere. Eta dena erasian, solasean gelditu gabe. Miretsi zuen Ixiarren abilezia. Ahoa irekita, geldi-geldi eta zurrun geratu zen Agustin. Neskaren mardultasunak eta dulabretasunak kutsatuta, tinko, indartsu, trinko, irmo sentitu zen. Gonak jaitsiz beiraren beste aldera hurreratu zitzaion berriro. Bisitaldia susmagarri izan ez zedin, Agustinek ere zerbait esan behar eta bi hitz esatea besterik ez zuen egin, presozaina agertu eta denbora amaitu zela esan zionean. Ixiarren eta bien esku ahurrak, ezkerrekoa eta eskuinekoa, beiraren kontra bata bes'tea ukitzen baileuden jarriz agurtu ziren. “Agur, Agus”. “Agur, bai, Arantzazu”.

      ¿Quieres mucho a tu hermana, no, cerdo? O sea, ¡que los terroristas también tenéis sentimientos? ¡Cuidado, muchacho! ¡Que el incesto en España es ilegal y te puede caer un puro! ¡Igual te llevan a la cárcel!

      Eta destaina zerion barre ustela jaurti zion aurpegira urdekume trauskil hark ziegarako bidean.

      Jo eta ma, zur eta lur laga zuen bisitaldi hark. Ixiarren azken agurra izan zitekeela ere otu zitzaion. Eta bihotza ehiztariaren eskopetapeko txori bihurtu zitzaion. Sentimendu hura gainditu zuen, hala ere. “Berriro ere ahal duenean azalduko zaidak” esan zion ozen bere buruari bere usteak berretsiz.

      Gau hartan hego-haizearen beroa barrotedun leihotik sartzen zitzaiola, egundoko beroaz maindirearen zama jasan ezinik baina hala ere galtzontzilotan gaueko poluzioak izarak honda zitzakeela uste zuelako, barneko sua jasan ezinik, soinean izerdi tantak nagusi, ezin izan zituen begiak bildu. Nahastua, endredatua, lardastua sentitzen zen. Beiraren beste aldean, aitzinean izan zuen emakumeak, nahiz eta Ixiar zela jakin, beste bat ematen zuen. Ez atletaren soin mardul eta gihartsuaren jabe egin zelako soilik, ez, oraino asmatu ezinik zebilen beste zerbait zuelako, edo beharbada, ez zion bere buruari esan nahi izan ikara sentiarazten zion beste zerbait zuela Ixiarrek. Ez zen, ezta ere, arrebaren antz handiagoa izateko itxura aldatu zuelako. Ez. Ohean etzanda jirabiran ibili zen gau osoan geldirik egon ezinik, aldian behin ahur uztartuak kokotean jarriz izarrik gabeko sabaira so, andregaiaren soin eder erakargarria burutik kendu ezinik. Orrazkera aldaketak eragindakoa ote zen, ba, hainbeste asaldatzen zuena? Azkenean onartu beharra izan zuen. Begirada. Bai. Begirada maitekor haien artean nahigabe ihes egindako begirazun serio ezezagunak ziren larritu zutenak. Lehengo Ixiarren so gozo haren samurtasuna ia galdua zuten begiradak. Une oso labur haietakoak behintzat halakoak begitandu zitzaizkion. Irudipenak? Hain denbora luzean ekintzaile izatearen ondorioa izan zitekeen. Helburu bera duenarekin batera orpoz orpo borrokan jarduteak zenbat batzen duen ondo zekien eta, beraz, bereganako amodioa gordeta izan arren, elkartasuna besterik ez zen apika, elkarrekin arriskuak jasandakoarenganako mutilen batekin gustatua, erdi maitemindua egon zitekeen eta ekintzak egitearen ondorioz gogortuta zegoen. Edo, apika, nahastuta zegoen, zer nahi zuen edo nor maite zuen asmatu ezinik. Errukiaren begiratuaz so egin ote zion ere pentsatu zuen. Egoera latzean zegoen Agustin, eta Ixiar oraindik lazgarriagoan egon zitekeen, nola jokatu asmatu ezinik zebilkeen-eta. Kanpotik beti nortasunez aldatzen, itxuraz, jantziz, orrazkeraz... Eta barnetik nola senti zitekeen ez zuen pentsatu nahi. Dena den, jada ez zen lehengo Ixiar hura. Soinez malatsagoa izateaz gain, lehen ez zuen heldutasun aparta erakusten zuen. Baina... strip-tease antzeko hura egin bazion, zalantza oro baztertuz, oraindik maite zuelako seinaletzat hartu beharra zuen. Hala sinetsi gura zuen behinik behin. Agustinek maiteago zuen, hala ere, irtengune hartara salto egin eta bernak erakutsi zizkion Ixiar. Ile-sorta horaila kokotean biribilean jasoa izaten zuen neska eztenkari zirikatzailea. Sentikizuna indartzeko, ziurtatzeko, Ixiarrek aspaldi batean presondegira igorri zion argazkia atera zuen liburu batetik. Hura zen betiko Ixiar, bere begi jostari eta irribarre kokinarekin. Hari so egon zen gauero bezala. Gero, bisitara etorri zitzaion Ixiarrekin alderatu zuen. “Neu ere ez nauk lehengo bera” buruan zebilkiola, begiak hertsi zituen.

      Aurrez aurre bailuen bezain garden ikusten zuen neskaren sabelpe goroldiotsuak sukartzen zuela, gaua hil eta goizalba jaio baino lehenagoko tarte isil misteriotsu horretan hartu zuen loak.

      Neskak egin zuenaz poztu ziren etxekoak, eta nahiz eta elkarri ezer ez esan, denek bazekiten Ixiar ez zela berriro agertuko Agustin ikustera. Andregaiak esan ezin izan zion beste zerbait esan nahi ote zion errezeloa hartuta zebilen. Maitasuna zerion begirada haien arteko zenbait izpi oso hitsak izan ote ziren ere bai. Ur joanari presa jartzea bezalatsu, berandu zen jada ez ezer aldatzeko bakarrik, baita ezer pentsatzeko ere. Zer esan nahi zion igarri balu ere, alferrikakoa izango zuen, ezin izango zitzaiolako emaztegai legez mintzatu, salatu nahi ez bazuen behinik behin. Trantze hartan normala izan zen, beharbada, hitz egin ezin eta presozainen kontrol madarikatutik at zegoena egitea. Bere soin erakargarria erakustea. Mundu osoko maitasuna gorde zezakeen bihotza zuen Ixiarrek.

 

 

Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001