Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001

 

 

SEI

 

      Arrebaren hurrengo bisitaldian Ixiar osatzera Paris aldera eraman ote zuten jakin zuen. Gero, ezer ez. Haren arrastoa erabat galdu zen. Zurrumurruak eta esamesak besterik ez omen zebiltzan. Batean Aljerian ote zebilen, bestean Ameriketan... Aljeriako negoziaziorako egokia izan zitekeen Txomin urtebete lehenago hila suertatzea ere gogorra izan zen. Hala ere, berehala antzeman zion Agustinek buruzagi handiak ere ezingo zuela ezer egin. Espainiako Gobernuak bazterrak nahasteaz gain, eta negoziazioa apurtzearen erantzukizuna erakundeari botaz, ez baitzuen ezer egin. Itxaropen faltsuak piztea besterik ez. Eta hori gutxi balitz, Erkidego Autonomoan, Ajuria-Eneako hitzarmena asmatu zuten. Espainiako probintzia baskongadoak indartzeko ez bazen, esan ziezaiotela hari zer arraiotarako balio zuen Euskal Herriaren etsaiekin bat egite hark. Agustin, haserre, harriei ostikoka zebilen. Gainera, ez arrebak, ez anaiak, ez lehengusuak, inork ez zion Ixiarren arrastorik ematen.

      Tamalez, halabeharrez ikasi behar izan zuen bakardade garratzena baino mila bider okerragoa dela etsaiez inguratutakoarena. Espetxeratuak gero eta ankerkiago ziren tratatuak. Erakundeak zeraman borroka armatuaren ondorio garbia zen, nahiz eta presoek zerikusirik izan ez kanpoko gertaerekin. Leihoa burdinazko txapa batez estalita zeukan beste kartzela bateko ziegara eraman zuten. Patioan ere preso sozialak baino ez zeuden. Pajarito deitzen zioten bat oso lagun egin zuen. Txiletarra zen. Pinocheten estatu-kolpean handik ihes egindakoa berak zioenez. Guk alpinista deitzen ditugunak han andinista direla eta horrelako bitxikeriak irakatsi zizkion. Beno, ba, kartzela hartan, komisariako sentipenak berpiztu egin zitzaizkion. Ikara izugarri hura lagun izan zuen. Arnasa ebakitzen duen izua zer den berriro ezagutarazi zioten. Infernuaren beldur diren katolikoek, espainiarren komisariak edo isolamenduko zigor ziegak ezagutu beharko lituzketela pentsatzen zuen Agustinek. Bereziki, politiko demokrata euskaldunek. Orduan jakingo zuten zer den giza eskubideak bortxatzea. Orduan, agian, aldatuko zuketen euren politika eta, apika, faxista bezala salatuko zuten frogarik gabe epaitu eta kondenatzen duen Madrilgo Auzitegi famatua. Ondorioz, haren kondena guztiak baliogabetuz preso guztiak askatasunean irten ahal izango ziren. Euskal Herriaren bakerako bidean aurrerapauso ikaragarria izango zen.

      Garai hura jasatea tokatu zitzaion moduluko presozain-burua euskaldunen aurkako gorrototik elikatzen bide zen eta sei eguneko bizar zaindua erabiltzen zuen torero tipoko txuloputa bat zen. Hura gaueko txandan noiz egongo beldur-ikaretan egoten zen. Maleruski, maiz ibiltzen zen gauez. Espetxe hartan eduki zuten bitartean egunez nahita nekatzen zen loak lehenbailehen har zezan lortuz, baina beti ere ziegako burdinazko atea danbateko handiz noiz irekiko zuten beldurra barruan gordeta zuela. Goizeko ordu txikietan atea zabaltzeko hots bortitzarekin batera izu-ikara hezurretaraino sartzen zitzaion. Ohetik aterarazi, arropak erantzarazi, larrugorririk hormari begira jarri, gaizki hertsitako leihoko txaparen zirrikituetatik sartzen zen aire izoztuak dardara hutsa bihurtzen zuelarik, soldadutzan bezala irmo eta tente, txintik atera gabe egoteko agintzen zioten. Bizpahiruren artean garrasi iraingarriak eta mehatxuak jaurtitzen zizkioten bitartean, oheko estalkiak eta mahai ziztrinaren gainean egon zitezkeen liburuak lurrera bota, lehendik lurrean zeudenei ostikoak eman, argazkiak lapurtu, lapitzak edo boligrafoak puskatu, koadernoak zapaldu eta bere gauzei ahal zuten kalte handiena egiten saiatzen ziren, zenbaitetan koadernoren bat desagertzen zitzaiolarik. Eta ez zuten inoiz irteten bizkarreko bat edo matraileko bat edo beste eman gabe, edo, urdekumeak gau txarra bazuen, gomazko borraz jipoirik banatu gabe, Agustinen ama eta arreba putak eta euskaldunak bargastakumeak zirela esan gabe, edo belarrira, nahi ez bazuen ere espainola zela, edentsu, xuxurlatu gabe. Makurrarazteko. Polizia baino okerragoa zen funtzionario honek, gainera, askotan bizpahiru aste jarraian gauez egiten zuen lan. Edozein gautan eta beti ordu desberdinetan agertzen zen, eta uste izaten zuenean ez zela beste denboralditxo batean itzuliko, inoiz baino danbateko handiagoz sartzen zen, bortxaz, amesgaiztoa zirudiena atzera errepikatuz.

      Lotara bederen lasai joan ezin horrek, loak hartzea baita bortxatuaren babes bakarra, Agustin guztiz ikarati bilakatu zuen. Zenbat aldiz hasi ote zen irudipenak esnatu, ohetik salto egin eta arropak kentzen! Nahiz eta nekatuta aurkitu, zenbat bider egon ote zen loak hartu ezinik ateko sarrailako giltza hotsa entzuteko beldur! Ondo zekien hura guztia berariaz egiten zutela, presoak lagunartean izan lezakeen zangarra galtzeko, etsitzeko, abailarazteko. Gauza bat da buru hotzean pentsatzen dena, beste bat, oso bestelakoa ordea, sentimenduen mundua. Egoera hartan izua gainditu ahal izateko bihurgunez beteriko basoan amiltzen zen, oroitza indartsuren bat, irudi ederren bat, zer edo zeren bila. Zorigaitzez, burutazio horren lekua betetzen zuen sentimendu bakarra, maiz, gorrotoa izaten zen. Herra beltzak, korromioak soilik ahantzarazten zion gauetako beldur-ikara. Ixiarren argazkia lapurtu ziotenetik erraz pizten baitzitzaion funtzionarioenganako gaizkinahi uhertsua. Zortzi urte lehenago ere, etxera atxilotzera joan zitzaizkionean kendutako liburu eta paper artean Ixiar eta biak zeuden argazkia kendu zioten. Nahiz eta anaia zaharrena geroxeago komisariara erreklamatzera joan zen, han ez zeukatela jaso erantzun gisa eta harrezkero ez zen inon agertu argazkia. Agustinek benetan maite zuen erretratu hura. Hortz estutuak bistan zituela, begi bat itxita, balinezko eskopetaz tiro egiten agertzen zen, ondoan andregaia tiroa asmatu osteko flasharen argiak edertzen zion aurpegia adi-adi zuela. Bisaia ederra, begi amiņi bat makillatuekin, musu emateko gonbidapen huts ziren ezpain margotu erdi ireki mamitsuekin agertzen zen Ixiarren koloretako beste argazki hau ordea, betiko orrazkerari erantsitako diademaren distirek begien dirdiren isla ziruditela; hain polita ikusten zen lepotik gorako erretratu hau, ohe azpian liburu baten barruan ezkutatuta edukitzen zuena, ziegatik ostua izateak min handiagoa egin zion, haatik. Lazkagarria. Nahitaezkoa baitzuen argazkiren bat Ixiarren bisaia ederra memoriatik ezaba ez zekion. Erdeinu ilunenetik sortutako haienganako gaizkinahia zer zen ezagutu zuen.

      Egun batean, biharamunean askatuko zuten oharra jaso zuen Agustinek ilunabarrean. Bat-batean. Supituki. Deblauki. Derrepente. Benetan gertatzen ari zitzaion edo amets txororen bat ote zen zalantzetan ibili zen. Bere abokatuak ere zergatia ezin ulertu izan zuen agindua izan zen hura. Oraindik kondenaren erdia betetzeke zuela gainera. Azkeneko gau hartan izar bat piztu zitzaion ziega barruan. Ezin izan zuen loak bere magalean sosegu hartu. Ohe gainera igo eta leihoko zulatutako txapatik ikus zezakeen zeru zatiari agur esan zion. Haizeari, kilker kantuari eta urrutiko trenaren turuta-hotsari ere bai. Baita horma kantoian jagole egoten zen txapelokerrari ere. “Izorrai! Gera hadi hemen, ni banoak-eta!”. Egunsentian, aitaitaren baserrian oilarraren goizalbako estreinako kukurrukuak itzartzen zuen garaiko sentimendua piztu zitzaion. Lamiaren bat erreka gardenaren ertzean bere adats horaila orrazten ikusiko ote zuen uste pozgarriarekin, arineketan, oinutsik, abiadura osoan baserritik irteten zuen moduan prestatu zen kartzelatik, ahal bazuen lasterka, irteteko.

      Irten aurretik, kalerako ate handiaren ondoko gelan, bi funtzionariok goitik behera miatu eta arakatu zuten Agustin, auskalo zeren bila. Kartzela barruan denbora luzeagoan egonarazte hutsagatik. Egindakoaz damututa ote zegoen ere galdetu zion psikologoa omen zen bibote txikidun gizontxo batek. Damututa? Bera poliziaren hutsegite bategatik zegoela barruan, bere kasua akats bat izan zela eta Epaitegi Gorenera jota konpontzea espero zuela erantzun zion. “Entzun ezak belarritik, kakanarru alua!”. Kanpora irten bezain fite hego haize bero bafada batek aurrez aurre jo zuen, atzera barrura sar zedin nahi bailuen. Hemen izadia ere euskaldunen kontrakoa ote? Inor ez kanpoan bere zain. Normala. Inork ez baitzekien askatu zutenik. Edozer gerta ere familiak espetxeko kartilan beti sartzen zion dirua ez zitzaion gaizki etorri. Patrika beroarekin abiatu zen bide hautseztatu hartan zehar urruti samar zeukan herrirantz. Hala ere, pozik egin zuen bidea Euskal Herriko bidezidor batetik bailihoan. Ez zuen gibelera so egin, ezta deskuiduz ere, ez gatzezko irudi bihurtuko ote zen beldurragatik, ez, kartzela madarikatu hura ez zuelako urrutitik ere ikusi nahi baizik. Ezta urrutiratzen ere. Hor konpon. Bar-restaurante batean sartu zen. Haize egokitua zuen. Goraino betetako basoka bat ardo beltz, onekoa, eskatu zuen. Zerbitzariaren harridurazko begiradapean hura dastatzen ari zela eskatu zituen Madrilerako trenen orduak eta beharrezko zuen informazio guztia. Telefonoz deitu zion arrebari.

      —Kaixo, Arantzazu. Agustin naun.

      —Agustin! Zerbait txarra gertatzen al duk?

      —Ez, ez. Hago lasai. Kalean nagon. Askatasuna eman zidaten.

      Isilune luze nabarmena egin zen eta derrepente hitz bakan korapilatsu artean arrebaren negar arteko poza entzun zuen. “Lasai egoteko esan ez dinat, ba? Ez ezan negarrik egin, neska” esatearekin batera telefonoaren harian zintzilik geratuko ziren bi malko anpulu sentitu zituen masailetan behera. Bularreko korapiloa askatu eta hitzordua Madrilen jarri zion arrebari, penintsulako azken muturreraino bere bila joan ez zitezen. Goraino betetako beste basokada bat eta bi pintxo hartuz, irrikor agurtu zituen tabernaria eta zerbitzaria. Erdi txolinduta iritsi zen Espainiako hiriburura.

      Herrian zen berriro. Endredatua, erdi zorabiatua, lagun eta ezagunen ongietorria adierazten zuten bizkarrekoak jasaten, baina herrian. Omenaldiak, preso ohien arteko afariak, zalapartatsu, amets artean bezala sentitzen zituela, ziegako lur lauan ibiltzen ohituta, ordekarik gabeko eta harri kozkordun edo zuloz beteriko bideetan oinez ibiltzea zenbat kostatzen zitzaion sentitzeak harridura sortzen ziola,jatean ardoa edateko askatasunak, nahi bazuen baxoerdi bat eta hala nahi izanez gero gehiago, txunditzen zuela, mendi tontorretik urrutiko mendiak, basoak, bailarak ikusteak oraindik ziegak jasaten ari zirenen lagunenganako gogoa beste inon baino indar handiagoz pizten ziolarik, lagunek autoan eramaten zutenean abiadurak, nahiz eta 60an soilik joan, ia izutzen zuela, polizia mota guztiak ikustean, batik bat txapelokerrak, ikara sartzen zitzaiola, habia utzitako hegazti erbesteratua sentitzen zela... maiteaz galdezka hasi zen. Beste ezer egin aitzitik neska ohiaren arrastoa bilatu nahi zuen.

      Ameriketan gizon batekin bizi zela esan ziotenean uste baino kolpe handiagoa hartu zuen. Azken denboraldian Ixiar lagun bezala soilik oroitzen ikasi zuelakoan zegoen, baina berri hark zein oker zegoen erakutsi zion.

      Presondegiko bakardadetik bere herriko bakardadera itzuli zen. Denek egiten zioten diosala, bai. Ezker abertzalekoek batera eta bestera eramaten zuten. Herriko Tabernan burkidez inguraturik afaltzen edo bazkaltzen maiz egoten zen. Alkoholak kaldera berotuta kanta herrikoiak taldean kantatzen zituen. Baina ez zen berdina. Koadrilako guztiak ezkonduta eta seme-alabekin zituen eta hauek ere' nahiz eta tripa-festak, mendira ibilaldiak eta abar ahal zutenean antolatu, bakoitzak bere familiarekin nahikoa lan bazuela jabetu zen.

      Koadrilarekin lotzen zuen adiskidetasunaren haria ia etenda zeukan eta gainera lagun taldeko emazte gehienak, hauek ere kanpoeder, lehendik ez ezagutzeak bere burua arrotz sentiarazten zion. Ederra kontua. Haiek herriko eta bera kanpotar. Eta gero, beste hura zegoen, lagunek euren emazteekin mendian-eta ongi konpontzen ikusten bazituen, bere emaztea izan zitekeenaren irudia indar handiz etortzen zitzaiola gogora. Emakume haien begietan Ixiren izpi leinuruak kausitu nahirik ibiltzen zela igarri ez ziezaioten, txantxetan eta txiste kontalari ibiltzen zen. Eta zahatoa hartuz zurrutada amaigabeak egiten zituen. Elkartean baziren, berriz, basokadak derrotean edaten zituen. Ataka gaiztotik atexka meharrera doan bidezidor labainkorrean zehar bizi zen.

      Etxean, aldiz, bere logela zuen. Hura batere aldatu gabe gorde zuen arrebak eta bihotzez eskertu zion. Logelan lasai eta ia pozik sumatzen zen, baina, hala ere, ezin izaten zen han luzaroan egon, hura ere, azken finean, lau horma artea baitzen eta usu handik ere ihes egin beharra sentitzen zuen, haizea hartzera. Eta kalera joan beharrean sukaldera joaten bazen, edo hutsa edo familia osoarentzat leporaino lanpetuta zebilen arreba aurkitzen zuen, eta nahiz eta bere laguntza eskaini, arrebak eskuarki ezetz esaten zion, senarra bazuela-eta horretarako. Ia jarraian izandako hiru seme-alaba txiki zituen etxekoandreak ez zuen nahi adina betarik izaten nebari jaramon handiegirik egiteko. Eta okerragoa izaten zen egongelara joan eta koinatua zapatilak jantzita egunkaria leitzen harrapatzen zuenean. Matxista arraioa! Agustinek ez zuen begi onez ikusten. Arantzazu eta amarekin bizpahiru aldiz joan zitzaion hura ere bisitan, baina aurpegi bikoa zela begitandu zitzaion. Politikarako denbora gehiegi ez zuen arrebak, senarra berari arrazoia eman eta botoa jeltzaleei ematen ziona zela argitu zion Agustini, baina, arren, liskarrik ez sortzeko etxean. Arrebak ezingo zion inoiz istilu sorburu izan zenik leporatu, baina, ahotsik altxatu gabe eta ahal zuen apalen, Egin edo Egunkaria erosi nahi ez bazituen, gutxienez Deia eros zezan aholkua eman zion egunetik, Francori gerra irabazten lagundu ziotenei, El Diario Vasco edo El Correo Espaņol bezalakoei, inola ere dirurik ez emateko erantsiz, beti baboa izan zen Leokadio hura inoiz baino baboago iruditu zitzaion. Zer arraio ikusten ote zuen bere arrebak gizon harengan? Koinatuak heziera handiz, baina zuzenean, bere praketan sar zedila eta buru nahastu hartan zituen arazoekin nahikoa eta gehiegi zuela erantzun zion.

      Beharbada koinatua ez zen hain baboa. Arazoak zituen. Bai. Bete ezin zuen Ixiarrek lagatako hutsunea. Ardoaren lanbroetan komeni baino gehiago ibiltzea. Burua oraindik ziega barruan izatea. Erakundea ondo jokatzen ari ote zen zalantzak. KAS alternatiba zaharkitua geratu ote zen burutazioa. Ase ezin zuen emakume gosea. Lagun artean ere bakarrik sentitzea... Koinatuak bere buruaren egiaren aurrean jarri zuenetik egunetik egunera egonezina handitzen joan zitzaion. Ez zuen esango lau horma hotz arteko zigor ziegatako bakardadean bezain larri sentitzen zenik, inola ere ez. Baina etxeko balkoitik aurreko neska euriak bustitzen hasitako arropa zintzilikatuak oso aurpegi serioaz barrura sartzen edo balkoi erdi irekitik bere logelako ohe gainean eserita eskuzapiaz malkoak xukatzen ikustea tokatu zitzaionetik ezinegona handitu egin zitzaion. Ziegako Agustinek neska gazte bezala ikusten zuena jadanik neskazahartuta zegoen. Miren zuen izena. Euskal Herria askatzera joan zitzaion senargai desagertuaren zuloa bete ezinik bizi zena hala ikusteak arras hunkitzen zuen eta Herriko Tabernara lagunartera, baxoerdi bat edatera edo berriketan egitera joatea beste biderik ez zuen aurkitzen. Honela, maiz barneko kirioak airean zituela, egon ezinik, politikaren munduan murgilduta, presoen senide arteko erakundean sartuta lanean jardun arren, bere buruaren jabe izan zitekeen Euskal Herri berreraikia kartzelan sartu aurretik baino urrutiago ikusten zuen. Areago, bere burua urlo lodi ilun gainean, enbor bati heltzen, itsas zabalerako bidea galduta, azpiko korronte ikusgaitzak zingira lohira, kirastura eramaten irudikatzen zuen. Horrek, bakardadearen zirimola beltzean endredatuz, ahuleziak harrapatuta, kubata edo patxaranetan murgilarazten zuelarik. Harik eta eskuan purua zuela Gu gera Euskadiko gazteri berria mutiko garaian ikasitako kantuaz tabernako lagun guztiak nazkatzen zituen arte.

      Ez zuen esango politikaz gohaindu zenik, borondate handiko jende borrokalari, jatorra eta baikorra ezagutu zuelako; baita nahiko aldrebes, harro eta goikoen esanak loritoen moduan errepikatzen zituzten Jainkoaren hurrengo pertsonak sentitzen ziren babalore putzontziak ere. Eta hori aitortu beharra zuen. Okerrena ez zen hori, baina. Ezker abertzaleak eta erakundeak taktika aldatu beharra zutela pentsatzen zuen Agustinek. Lan bat ere egin zuen ordura arteko bilakabideari kritika egin eta irteera posibleak aurkeztuz. Ez zioten jaramonik egin. Aspaldian miretsi izan zuen buruzagi erailaren hitzak oso gogoan zituen: erakundeak herriak onar zitzakeen ekintza armatuak soilik egin behar zituela, alegia. Eta hau azaltzen bazuen, hori ezker abertzalearen kontua ez zela eta erakunde armatuak jakingo zuela zertan ari zen erantzuna jasotzean ere bakarrik aurkitzen zen.

      Egia zen herriak lehen onartuko zituzkeen ekintzak jada ez zituela ontzat ematen, agintedunen aldeko hedabideek beti alde batekoek isuritako odola, haiek jasandakoa besterik ez zutelako erakusten, abertzaleek jasandako basakeriak, sufrikarioak, heriotzak, erailketak, pertsona normalaren buruan sartu ere ezin daitezkeen torturak eta abar koldarki ezkutatuz. Egia zen, baita ere, euskara, euskal historia eta euskal kulturaren kontrako erasoak gero eta lotsagabeagoak zirela eta honen aurkako politika oso epela zela, baina hala ere erakundeak bere ekintzak hobeki zaindu behar zituzkeelakoan zegoen. Beharbada, euskararen eta erdaren arteko borroka euskara galtzen ari zela ikusteak eta euskararen alde agertutako askok eta askok praktikan ezer gutxi egiteak, bultzatzen zuten hain gogor jokatzera. Hitz batean esanda, ez zekien une hartan erakundea erabiltzen ari zen borroka armatu mota egokiena ote zen. Egokia ez zen bezala, gizartea demokraten eta biolentoen artean bereiztea. Gu demokratak eta zuek biolentoak ziotenenganako gorrotoa baino ez zuen sentitzen. Frantzian edo Espainian, EEBBetan zer esanik ez, talde antolatuak baleude nazio horietako hizkuntza desagerrarazteko, nazio horren kulturaren gainetik beste kultura bat ezartzeko edo nazio horren historia desitxuratu eta beste nazio baten historia inposatzeko, talde hauek demokrata kontsideratuak izango ote ziren? Aurkako lan hori egiteko askatasuna izango ote zuten? Ez ote ziren izango naziotik kanpora bidaliak? Euskal Herrian lan hori halako inpunitatez egiten ikusteak, demokraziaren izenean gainera, bere onetik ateratzen zuen Agustin. “Demokrazia dioanean zertaz ari haiz? Espainiako demokraziaz ala euskal demokraziaz? Inozo arraioa!” esan zion behin sututa batzokizale bati.

      Kontua da pentsamendu korapilatu hauek buruan zituela hartzen bazuen loak, amesgaiztoen ubil zorabiatzailearen menpe ibiltzen zela. Komisarian ikusten zuen bere burua, aitzinean torturaz hildakoak ikusten zituelarik, edo GALek eraildako burkide zaharrak, edo Donostiako Gipuzkoako Plazan zakurrek atzeman, arma kendu, esku-burdinez lotu, lurrera bota eta buruan tiro egin zioten bere lehengusu txikia. Baita kontrol madarikatu hartan senar-emazteak hil zituzten zakurren aurpegiak ere. Manifestazioetan hildakoak ere bai. Beti odola. Armarik gabe, esku ahurrak buru gainetik gora jasoak bistan zituela Gernikako baserri aurrean zuloz bete zuten mutilarena, Donostiako hiru militanteena, Pasaiako laurena... Etxe barruan poliziari ihes egin ezinik amesgaiztotan ibiltzen zen. Defendatzeko astirik eman gabeko gorpuak.... Hamar, hamabost, hogeita lau zulotatik odolustutakoek mendekua eskatzen zioten. Kalearen erdian tirokatutako herritarrek ere bai. Eta batik bat bidean bizia laga zuten bere kideen begiek. Izerdi anpuluak bekokian esnatzen zen. Gehiegi dira gure herrian bere buruaz beste egindakoak, leihotik behera botatakoak, eskuineko lokian tiroa eta ezkerreko eskuan pistoladunak... Zenbat diru jasotzen ote dute gorpu mailatu, bortxatu, jipoitu, zulatu, erraustu, ito, kare bizitan sarturiko horiek denak bere buruaz beste egin dutela esateko ausardia duten auzitegi-medikuek?

      Goizetan aurpegia garbitzean, pentsatzen zuen iraultzaile baten bortxa ezin zela agintedunenarekin parekatu, eta ahalik eta neurtuena behar zuela. Gauza zaila benetan. “Etsaiak gure aurkako amarrua eta jukutria beti erabiliko ditik, beti izango diagu erasoan, baina ez diezaiogun eskuetan argudiorik jarri gure herriaren aurrean gaizki gera gaitezen” esaten zien Agustinek sotil eta xaloenei. Entzuten zioten bakarrei.

      Bilera edo afarien ondoren etxerako bidea, koadrilakoekin bazen goizago erretiratzen zirelako eta ezker abertzalekoekin bazen haiek baino lehenago etxeratzen zelako, ia beti bakarrik egiten zuen. Egun euritsu haietan bikote berantiarren batekin gurutzatzen bazen, haien begietan ilusio distiratsua ikusten zuen eta orduan konturatzen zen bere aterkiak emandako babesa zuela lagunik handiena. Orduan konturatzen zen Ixiarren desagerpenak lagatako hutsuneaz. Eta haren itzulerarekin egiten zuena amets.

      Gauzak honela, egun batean etxeranzko kale estuan sartzearekin batera, bera baino hamar urrats aurrerago, kokotean biribilean jasotako Ixiarren ile-sorta berdin-berdina zuen emakume bat ikusi zuen gibeletik. Ibilerak ere berea zirudien. Bihotz taupaden indarrak bularra lehertzeko zorian jarri zion. Lertxuna haize bortizpean nola, halaxe jarri zitzaizkion hankak. Dardaraz. Emaztegai ohia etorri berria eta bere herrian ote zebilen esperantza hondarrari helduz, bihotza itxaropen habia bilakatuz, saltaka batean hurbildu zitzaion haren aurpegia ikusi nahian. Emakumeak, zertxobait asaldatuta, baina beldurtu gabe, “zer duzu?” galdetu zion. Ez zen bera, jakina. Neska gazte bat zen. Barkamena eskatuz, hura ikusteak sortu zion zirrara gainditu ezinik, begirada neskarengandik desbideratu eta, etxera joan ordez, taberna batera sartu zen. Ez baitzuen adorerik izan bere buruarekin bakarrik egoteko, bazekien-eta ohe ertzean eserita ziegako Agustinekin topo egin eta harekin elkarrizketan hasiz bihotza erdibitu egingo zitzaiola. Beraz, txiribogako barraren kontra bermatuz edanari ematea beste biderik ez zuen aurkitu, geroxeago, etxera ahal zuen moduan ailegatuz, logelan sartu orduko loak zurrunga batean har zezan.

      Hura jazo zitzaionetik, kalean, musika kontzerturen batean, edo hiriburuan, zinean, halako ile-sortaren bat ikustea egokitu zitzaion. Haietan ere ezinegona sortuz jarlekutik altxatzen zen neska haren aurpegia ikustera. Alderantziz egin beharra ere izan zuen. Aretotik kalera irten. Andregai ohiarena zatekeen adats eder hura denbora luzean ikusteak makalaldiari' jartzen zuelako. Kalean ere halakorik agitu zitzaionean, nahiz eta jakin Ixiar ezin zitekeela izan, lasterka abiatzen zen ea mirariren batek amodio zaharraren bisaia ikusteko modua egiten zion. Bost edo sei bider gertatu zitzaion. Gero, ezer ez. Bere irudipenek, burutazioek, nahiak eta ezinak sorturiko irudiak baino ez zirela izan pentsatu zuen. Edo, agian, denbora laburrean iraun zuen modaren bat izan zen. Kontua da, denboraldi hura iragan ostean, halakorik berriz jazotzen ez eta bere barreneko hutsunea handitu egin zitzaiola. Asteburuetako parrandetan, lagun taldetik galduz, halako ile-sorta aurkitu ezinik kalez kale ibili arteraino. Autoren baten edo besteren gurpilek ateratako zipriztinak zituela lekuko hakar, etxerako bidea galduta, ia goizalban berak nola jakin gabe iristen zen ezkaratzera. Mozkortuta.

      Denboraldi luze hura halaxe iragan zuen. Baita emakumezko lagun artean zebilenean ere. Iraganean eman gabeko laztanak, kale-kantoietako, tabernetako, dantzalekuetako beste ezpain batzuetan kausitu ezinik. Txolinduta. Ezin zion benetako egoerari aurre egin. Bazirudien bere arreba Arantzazuk bakarrik ulertzen zuela, nahiz eta honek erdi txantxetan “gauean txurrut, goizean purrut” esaten zion. Harik eta presondegitik askatu zutela jadanik lau urte paseak zirela ohartu zen arte. “Horrela ezin duk jarraitu”, esan zion ziegako Agustinek kalekoari. Hari jaramon egitea erabaki zuen. Pixkanaka bere buruaren jabe egiten hasi zen, mozkorraldiak bakanagoak zituen eta barreneko oinazea etsipen mingotsa bilakatu zitzaion.

      Gogoa patioko lagunengan maiz izaten zuen. Egun txarrak eta onak Euskal Herrian gertatzen zenarekin nola lotzen zituzten oroituz. Beti ere herriaren egoera askoz baikorrago irudikatuz. Eta... goibelaldi edo poz guztien gainetik... funtzionarioak. Haiek beti euskaldunak zaintzen. Patioan ere bai. Zeren beldur ziren? Elkarren artean euskaraz mintzatzeak ematen zien indarra kartzelaldian irauteko, umorez ibiltzeko. Euskaraz hitz egitean askatasun eremu bat sortzen zuten inguruan, funtzionarioak beraiek bamo askeagoak sentituz. Arbasoen hizkuntza helduleku eta zutabe bihurtu zitzaien. Elkarrengandik ikasi, zuzendu, hobetu. Nahiz eta miaketetan, araketetan, lekualdaketetan betiko galduko zirela jakitun izan, izkiriaturiko poemak, ipuinak, kontakizun laburrak, oroitzak, nobela proiektuak, idazki oro elkarri lehenbailehen erakutsi beharra zuten. Eta hori guztia, oro ikusten zuen haurtzaroko dotrinako triangeluaren erdiko begi beldurgarri hura bailitzan, funtzionarioen begiradapean. Beti inguruan. Ziegako bakardadean zegoelakoan zenbat eta zenbat aldiz ikusi ote zuen behatxulotik berari so funtzionarioaren begi luzea. Begiratu madarikatua. Higuingarria. Barrena amorruz bete eta hara koilara edo plater mailatua botatzeko gogoa pizten zion begia. Hamaika aldiz irudikatu zuen bere burua zulo hartara tiro egiten, eskuan parabellum 9 luzea zuela. Egun batean gorpuak lurrera zerraldo erortzean ateratako hotsa ere entzun zuen.

      Arrebak prestatzen zizkion janari goxoak mahaian ikusteak, barrukoen gabezia oroitarazten zioten. Espetxeko janari urria eta gose grebak. Herriaren erantzunean gogoa jarri eta kalean gehien arriskatu zirenak, barruan ere gehiena ematen. Askatasunean konturatu zen presoei gehiegi eskatzen zaiela, presoek Euskal Herriko informazio baikorregia jasotzen dutela. Bera egoera hartan ibili zenean behintzat, kaleko borroka handiagoa, goretsiagoa ikusten zuen. Beharbada autodefentsa bat zen. Bakarkako gatazka isolatua eramangarriagoa egiteko. Kalean gutxiengo zabal baten mugimendua izan arren, ez zen aski. Presoen alde eta burujabetzaren alde herriak ezin bazuen gehiago egin, bortizkeriaren kontra zeudenak eta borroka armatua beharrezkotzat jotzen zutenak azken hogei urteko konponezinak gaindituz, ez baziren nazio berreraikuntzaren alde elkartzen, presoek jai zeukatela pentsatzen zuen. Abertzale izeneko alderdi politikoek zuten hitza.

      Era honetan, motel eta triste, baikor eta borrokalari, lagunartean bakarrik sentituz eta mesedeak jasotzean lagunez inguraturik zegoela pentsatuz, neska gazteei eta ez hain gazteei so, emakumeekin aski ondo konpontzen zela, baina Ixiarrek lagatako zuloa inork betetzen ez ziola, denbora uste baino azkarrago joan zitzaion, behin adin batera iritsiz gero ihesean joaten baita, eta jada lasaixeago, emaztegai ohiaren oroitzapena eguneroko zereginekin estaliz, neska zirikatzaile hura ia-ia ahazteraino iritsi zen.

      Harik eta egun batean ETAko zuzendaritzakoa ote zen Iciar Gurpide Zamacola, Bizkortxo bezala ezagunagoa, senarraren adiskide batzuei esker honen herrira, Aranargira, itzuli zela egunkarian irakurri zuen arte.

      Gauak atzera luzeak, izerditsuak, hitz marmaratiz beteak, ezinezko amets ederregietan endredatuak bihurtu zitzaizkion. Lehorteak eta bero sapak ihartutako landarea bezain maskaldua sentitzen zen egunsentian. Etxe ondoko zuhaitzetako egunabarreko txorien kantuak, poztu ordez, eguneroko lanera joatea erabat anker ikusarazten zion, bazekielako barruan lankide artean edo kalean lagunekin batera ibili arren, gogoak iraganera ihes egingo ziola. Eta han ibili zen behin eta berriro amaierarik gabeko trantsitu luze haietan galduta, beti leku berera eramaten zuen labirinto ilunean sartuta, ilargi betea lagun, kalean behera bakarti, bakarrizketan, egunak ohean Ixiarren eskuaren bila argitzen ziola, tren geltokira joaten zenean leihoetan andereak norbait kausitu nahirik edo adio egin ezinik ikusten zituelarik.

      Herriko Amnistiaren Aldeko Batzordera joan, Ixiarren helbide berria jakin eta bisita egitekotan ia astero egoten zen. Larunbatetan ohean etzanda “datorren astean joango nauk” esaten zion bere buruari. Ozen. Hartutako erabakia berretsi nahirik. Hitzari eusten. Ezin izan zuen, baina, behar hainbat kemenik pilatu sekula. Bestalde, zer esan ziezaiokeen hainbeste urteren buruan? Ixiarrentzat bera pertsona garrantzitsua izan ote zen ere zalantzak baitzituen. Espetxean bisitaldi batzuk, beste zenbait gutun eta lapurtu zizkioten argazkiak, eta aurretik bi urte eskaseko amodio gaztea besterik ez zen izan haiena, beharbada. Eta ez zen beraren moduan oraindik lehenbiziko maitasunari hain lotua egongo. Harengana joanez gero, hark “ene, ia ez haut ezagutu ere egin! Zer moduz?”, eskua eman eta agur egin ziezaiokeen. Horrelakorik pentsatze hutsak dardaraz jartzen zuen. Baina... Bestalde... Jasan zuen giltzape-aldian ahal izan zuen guztietan Ixiarrek berarenganako maitasuna garbi utzi zion. Nahastuta zebilen. Baikortasunak heltzen zionean harengana joatea erabakitzen zuen. Atean kox-kox jo eta ireki orduko Ixiarrek beso zabalik hartuko zuelako ziurtasunera iristen zen. Horrelakoetan beti bileraren bat edo presazko eginbeharren bat sortzen zitzaion ordea. Edo... berak sortzen ote zituen lanak inkontzienteki elkar berriro ikusteko une larri hura saihesteko? “Inozoa nauk”, esaten zuen bere artean, “gerizondo gaztea loditzeko adina urte pasa dituk eta oraino amodio zaharrean pentsatzen!”.

      Gutxienez gurasoak bizi balitu, haiek bizimodu atseginagoa izan zezaten, haiek zaintzen entretenituko litzateke. Lantegian istripuz hil zen aitaz eta hil ondoren bederen ikusten utzi ez zioten amaz gau askotan oroitzen zen. Amaren gozotasun tinkoa, aitaren abertzaletasun baikorra... “Guk egin ez genuena zuek egin behar duzue”. Hitz haiek eta amaren etorkizuneko Euskal Herri liluragarriaren irudiak markatu zuten bere bidea. Eta ez zegoen egindakoaz damututa, ez. Hainbeste urteren buruan berea ez zen beste garai batean bizi ote zen errezeloak bakarti bilakatu ote zuen susmoa ez balu, orekatuago aurkituko zuen bere burua. Batzuetan mota orotako zalantzek eta duda-mudek mendi tontor batera igo eta hantxe etxola batean isolatuta egoteko gogoa pizten zioten. Izadiarekin bat eginda bere ezinegon ezbaitia sendatzeko. Gurari maiteenak kontatu ahal izateko, ondoan maiterik gabe baitzegoen. “Zer iruditzen zain hau? Ez al litzateke hobe, egin dena aztertu eta beste bide posibleren bati heltzea?” eta horrelakoak esateko ez zuen inor ohe ondoan. Izan balu, afalondoren, eguneko zereginak utzita atseden hartu eta hausnarketa lagun-giroan egingo zuten. Edo ohantzeko gozotasunean indarrez besarkatuz elkarri indarra emango zioten. Ixiarren besoetan, burua bere bular gain samurrean jarri eta emazteak hatzez orraztuko zion erortzen hasitako adatsa... “Non hago, Ixi?”. Ixiar, ordea, ezin zitekeen egon bera zegoen desamodio egoeran, haren bihotza beste gizon batek beteko zuen segur aski. Edo, beste era batera esanda, Ixiarrek bere izaera, maitasuna, dena, beste gizon bati emana izango zuen, helduen amodio sendo batez ziur aski. Aspaldi bateko sentimendu zaharrak ezin zezakeen bikote baten lotura indartsua apurtu, horretarako iraganean oinarrituriko bihotz ondoko sentikizunez gain beste zerbait sendoa behar zuen. Eta beste zerbait hori ez zuen Agustinek. Ixiarren senarrak, ordea, bai seguruenik. Gehienbat horregatik ez zen ausartzen Ixiarrengana joaten. Senar harentzat bera, Agustin, Ixiar adar-jotzailearekin jolasten zena, kanpotarra zen. Guztiz. Beste planeta batekoa balitz bezain arrotza. Eta ezezagun honek mutilzahar bat etxean nola hartuko ote zuen aurrez susmatu ere ez egiteak atzeratzen zuen, bildu zezakeen adore pindarra metatzeko gogoa ere kenduz. Ixiar etxean bakarrik harrapatzeko segurantzia izan balu sikiera...

      Egun batean, hala ere, duda-mudak leihotik behera bota, ausarten soinekoa jantzi eta telefono zenbakira deitu zuen. Zer edo nor entzungo ia dardaraz itxaron zuen. Seigarren txirrinaldian “Bai, nor da?”, haur baten ahotsa ekarri zion tramankulu madarikatu hark. Hementxe amaitu ziren Ixiar ikusteko Agustinen ausardiak. Haur'hura berea eta Ixiarrena, biena izan zitekeen gogoak heldu zion eta guztiz abaildua sentitu zen. Ezkondu ondoren zenbat haur izango zituzten eta horrelako konturik ez zioten esan elkarri, gai hau beti ere hurrengorako lagatzen zuelako Agustinek, baina ziur zegoen Ixiar ere haur asko izatearen aldekoa zela.

      Eta orain seme-alabarik baduela dakien arren, benetan nola ote dagoen ez daki. Zoriontsua ote den, edo, denboraren goldeak, berari bezala, aurpegia lorraztu ote dion, are gutxiago. Oraingo Ixiarrez ez dakiela ia ezer derrepente konturatu da eta urte luzeetako hutsunea barrenean pilatuta sentituz, hiltzear dagoen Ixiarren irudia etorri zaio. Nahiago luke egoera hartan ez balego. Zergatik egon den isilik Amerika aldetik etorri zenetik edo zergatik nahi ote dion orain hitz egin galdezka ari da bere buruari. Berari esan behar diona, denik eta garrantzitsuena izanda ere, ez da ezer heriotzaren aurrean. Esan behar diona Ixiarrek bere burua lasaitzeko izan daitekeela otu zaio. Kezkatu da. Dena den, pozik hartuko du, besoak zabalik. Oraindik maite du Ixiar.

 

 

Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001