Iraganean galdua
ZORTZI
Egin zuenaz zenbateraino dagoen damututa neska-lagun ohiaren begiratu iheskorrean antzeman dio Agustinek. Geroxeago, mutilzahar bera Ixiarren helduleku bakarra bailitzan sentiarazi dion begirada bota dionean, arrazoibiderik gabe geratu da, ziplo. Nerabezaroko amets txarretan bezala jendez mukuru legokeen kale erdian larrugorririk, galduta, ezkutaleku baterantz ihes egin nahian bailebilen sentitu da une batez. Ez daki nondik jo. Ixiarren gaixotasuna izan da aurkitu duen euskarri bakarra. “Ur pixka bat?” galdetu dio edalontzia eskainiz. “Bai”, esan diozu. Agustinek hurreratu dizun basoa heltzean hatz puntak ferekatu dizkiozu eta hori, zeuk hala uste ez bazenuen ere, aski eta gehiegi izan duzu bai kemena berreskuratzeko, eta baita —sinestezina iruditzen zaizu— estreinako amodioaren samurtasun tolesgabea sentitzeko ere. Ahalegindu zaren arren, ezin izan diozu jada masailean behera dihoakizun malkoari bidea hertsi. Bihoa. Badakizu-eta aitzinean duzun Agustinek zuk sentitu duzunaren antzekoa sumatu duela barrenean, hari elektriko bakarra bailitzan, bion hatzetatik burua iraganez bihotzeraino ailegatuz mezu isila pasa dela igarri baituzu. Laztan isil hark eman dion mezuak iraganeko egun zohardietaraino eraman du mutilzaharra. Edalontzitik zurrut egitean ihes egin dion begiradan bereganako lotura oraindik estua duela igarri dio. Eta atzera elkar ikusteak, denborale batek balkoiko atea bortizki lreki eta haizea indarrez sartzen uzten duen moduan, ziplo piztu dio iragana, elkarrekin iragandako egunak eta gauak beste argi batez ikusiz. Badirudi Ixiarrek hitz egiten hasi nahi duela. “Nagon isilik” pentsatu du. —Ez nian adorerik izan bisitaldietan hiri ezer esateko, eta orduan... Gelditu egin da oso abailduta balego bezala. Laguntza eta entelegua eskatuz begiak begietan geratu zaio. Ixiarren aitortzak nahiz eta ezustean harrapatu, ulermenaren bide zabaletik eraman du mutilzaharra. Hainbeste urte iragan ostean, orain badaki salatu zuena bere andregaia izan zela, baina zer da hori une honetan sentitzen ari den sentimendu eder metatuekin alderatuz? Ezingo lioke ezer aurpegiratu, salaketa hura ez baitzen benetako salaketa izan. Orain konturatu da biak bereizteak zorte txarretik gehiago izan zuela salaketatik baino. Zakur madarikatu haren maltzurkeriaren ondorioak ezin zituen bere gain hartu Ixiarrek. Estazioko kantinan sortu zen egoeraren erantzukizuna, berak, Agustinek ere bazuen neurri batean, neska abertzaletasunean hezten hasteko eguna beti hurrengo baterako lagatzen zuelako. Baina, zer egingo zuen? Hain barre-eragile zen, halako eztenkadak eta zirikadak botatzen zituen, halako adar-jotzaile, irri-egingarri zen, non pena eta guzti ematen baitzion neska hura ur sakonetan sartzeak. Etxean hezi balute... Baina zer espero zezakeen gerra piztu orduko abertzale bezala fitxatuta zegoelako estakurua jarriz, Iparraldera lhes egin eta gero gerra ondorenean udalean gerra irabazi zuten frankistekin zinegotzi bezala bat egin ostean, hiru probintzientzako estatutua nahikoa eta gehiegi zela pentsatzen zuen aita batengandik? Ama, berriz, baserritar gajo bat zen. Ixiar, bestalde, karkaren alaba izateaz gain, pinturazalea eta pintore amateurra zen. Ez zegoen artisten parnasora noiz iritsi zain, baina Euskal Herriko zenbait artista, irudigile, idazle eta abarren moduan, bere marfilezko dorrearen barruan sartuta bizi izan zen, inguruan jazotzen ari zitzaionaz arduratu gabe. Agustmek atera zuen norberekoikeriaren dorretik eta konpromisoaren bide meharra erakutsi behar zionean agitu zen dena. Beno, hobe kontu ilun horiek zeuden lekuan uztea. Ohean dagoenari begiratu dio gizonak. “Ahaztu kontu hori, Ixiar” esaten ari den bitartean ohartu da irriņo bat ateratzen saiatu dela, baina itxura guztien arabera urduriegi jartzen ari da. Gaixotasuna okerrera doala dirudi. Aurpegia zurbiltzen, begi-zuloak nabarmentzen, arnasa estutzen hasi baitzaio. Agustin ere estutzen hasi da. Neskari egin zuenari halako garrantzirik ez diezaiola eman adieraztea du irtenbiderik egokiena. —Ixi! Sosega hadi, arren! Ez zunan hire errua izan! Lasai! Beharbada errua nirea bakarrik izan zunan. Nik ez banin erretzen irakatsi, hi ez hintzatekeenan kantinara joango, edo, hasieratik garbiago hitz egin izan banin... Ixi! Hator heure onera! Zuk Ixiar, sekulako pena duzu. Zuen artean hain denbora luzean ia itzalita egon den itxindia piztu denean etorri behar zitzaizun, ba, makalaldi demontre hau! Zure antzinako erruak bainoago pozak eragin dizuna dela ohartu zara. Larrialdian ez duzu burua galdu, hala ere. Agustini mesanotxeko tiradera ireki dezan eta barruko spraya eman diezazun keinu egin diozu. Birritan haizeztatu duzu ahoa. Agustin erabat beldurtuta dago. Ez daki zer egin dezakeen, laguntza eskatu ala itxaron. Bizi osoan zehar, une anker eta bakartienetan sumatutako ikara birsentitu du, pentsatzeko ahalmena moteltzen diola. Inozo baten moduan dago Ixiarri begira. Zer komeni zaion jakingo balu sikiera... —Hire senarrari deitzea nahi al dun edo...? —Ez. Utz ezak. Aldian behin izaten ditiat honelako krisialdiak. Ohituta nagok. Berehala etorriko nauk neure onera. Begiz begi isilik geratu zarete. Hobe duzu zure mutil-lagun ohia lasaitzea, Ixiar. Gai baita bertan zerraldo erortzeko. Oraino maite zaitu. Gizakia komunismo primitiboan, lurra eta jainkosak gurtzen ziren garaietan, emakumea taldearen ardatz, sostengu eta belaunaldien arteko lotura zenean, matxismoan eta gerran oinarritutako gizakia baino lehenago, patriarkatuaren aurretik, jainko bizardun haserreti, suminkor, odolberoak sortu baino lehen, berez, izatez, gizartea poligamoa zela diote jakintsuek. Zuk ez dakizu hala izango zen. Apika, bai. Zuk zeuk ere behin batean, aurretik pentsatu gabe eta ia espero gabean, maitasuna egin baitzenuen gero poliziaren segadapean erori zen burkide batekin. Eta Eliza Katolikoak dioenak, bikote baten hil arteko nahitaezko lotura horrek, alegia, sistema politiko baten sostenguari gehiago erantzuten diola morala edo etikari baino garbi duzu. Orain senarra duzunarekin patxadan, babestuta, ondo sentitzen zara. Osasun betean bazina, ordea, nork esan lezake aldian behin ez zinela beste norbaitekin oheratuko? Salbuespenak, sistema politikoen gaindi badirela ere badakizu. Aurrean duzun gizona duzu eredua. Maitasun bakarrekoa da. Samur jokatu behar duzu berarekin. Zeuk nahi gabe nahiko min egin zenion bere garaian. Pozik emango zenioke haren ordaina zure esku balego, une honetan sentitzen ari zaren berarenganako maitasuna benetakoa baita. Barrura eraman ez balute, ezkontzerainoko edo bata bestearekin bizitzen jartzerainoko bidea elkarrekin egin bazenute, nork esan zeu ere ez ote zinen izango maitasun bakarreko emakumea? Bai, ziur aski. Oraino berarenganako amodioa sentitzen baituzu. Arnasa lasai antzean hartu duzu. Aitzinean oraindik larri duzun gizonaren aldean, askoz hobeto zaude. Burkopetik musuzapia atera eta larrialdiak bere bekokian ateratako izerdi tanta txikiak lehortu dizkiozu. Hain babesgabea aurkitu duzu, non “Hurbil hadi, Agustin” esanez, bi eskuak masailetan jarriz, musu bat ezpainetan ematekotan egon baitzaren. Ez zara ausartu. Berari eman nahi diozu lehenbiziko urratsa egiteko aukera. Musukatu ordez, eskuineko eskuko hatzez kopetatik atzeragoko ileak hobeki orrazteari ekin diozu. Lokietako ilea hatz artean hartu eta atzeraka, emeki, pagopean udaberri hartan bezain gozo ferekatu diozu. Antzinako amodio berpiztuak indarrez egin dio eztanda bularrean mutilzaharrari eta berak nahi gabe, halakoxe sentikizun zaharberrituagatik-edo, Ixiarri irakatsitako Labegeriren kanta, Haurtxo, haurtxoa, etorri zaio burura, “Aita preso da, zu bihar libro izateko”, eta bat-batean izan ez zituzten haurrengatik-edo, hunkipena begietan metatu zaio. Bama gogor egin nahi dio bere buruari. Ez du andregai ohiak beragatik errukia sentitzerik nahi. Ixiarrekin dago. Samur, ekuru, nare, gozo egon nahi du. Ezin ditu malko bideak ibili, amak etxean irakatsi zioenez, gizonek bihotza esku artean izan arte ez dutelako negarrik egiten. Eta halaxe egingo du. Ixiarren bisaia politean jarri du begirada. Agustin naretu guran ibiltzeak badirudi ez duela helburua bete, begi malkotuetatik ari baitzaizu so egiten. Urduritu egin zara. —Agustin! Zer gertatzen zaik? Hobe Ixiarri esaten ez badio iraganeko andregaiarekin egin gabeko bideak pentsatzeak ekarri diola estura eta ezinegona. Izan ere, aurrean daukan eria lehengo Ixiar neska gazte lirain haren hain berdina da! —Ezer ez. Beno, bai. Zerbait. Bat-batean iraganean murgildu naun eta... lehengo ile-sorta berdina duanez, ba... —ezin du jarraitu. Oraintxe duzu aukera, Ixiar, zezena adarretatik oratu eta makur jo zizuen kukuaren lekuan kardantxulo kantaria bezala izan ez zenuten iragana logela barrura sar dakizuen. Elkarrenganako maitasunaz aurrez aurre, kementsu eta garbi hitz egiteko tenorea da. Etorkizunik gabeko emakumea izatean aurrerantzean horrelako paradarik ez duzula izango ziur zaudenez, egokiera profitatzea beste biderik ez duzu. Hatz muturretako ferekak halako zirrara egin badizue, Agustini handiagoa apika, eta barkatuta zaudela jakiteak ematen dizun lasaituarekin, senargai ohiari ahal duzun unerik zoriontsuenak ematea, sortzea, asmatzeari, zilegi, haizu eta beharrezko deritzozu. Hala ere, nahiago zenuke barkatuta zaudela beraren ahotik entzungo bazenu. —Iraganean. Beraz, oraindik... zertxobait maite al nauk? —Ixiar. Ez iezadan horrelako galderarik egin, arren —minduta gizona. —Orduan... Barkatzen al didak egin nian hutsegite edo... zerrikeria hura? —Zer dion, baina? Nik ez zeukanat ezertxo ere hiri barkatzeko. Hura zorte txarra besterik ez zunan izan. Gainera, zakurrak nire atzetik aspalditik izango nitinan. Ni ondo nagon, baina, hi zer? Urte hauetan guztietan izan al dun zama astun hori heure gainean? —Ba... bai. Egia biribila esan diozu. Egin zenion estreinako bisitaldian mutilaren osasuna besterik ez zenuen buruan. Kartzelara joan aurretik, hedabideek zein alderdi politiko legeztatu berriek, ezkutuan zokoratua, baztertua edukitakoa, Agustinen abokatuak begien aurrean jarri zizun: Euskal Herrian ia eguneroko ogia zen tortura. Ordura arte hitz honek ez zizun ezer berezirik esaten, zaplateko eta deiadar batzuk zirelakoan zeunden. Legegizonak izugarrikeria haiek esan zizkizunean eta gero senargaiak zer egin zioten kontatu zizunean ikaratuta geratu zinen. Benetan laztuta. Eta zure izu hura egunak aurrera joan ziren heinean gero eta handiago bilakatu zitzaizun, zeu baitzinen mutila komisariatik pasatzearen erantzule bakarra. Lehenbiziko asteetan ezinegona gainditu ezinik, pantera beltz kaiolatu berriarena bezalako haserre basatiarekin oldartzen zinen aitaren kontra. “Zergatik ez zenidan esan zer izan zen Francoren kontrako gerra, edo nola jokatu zuten gudariek?!”. Horrelakoak botatzen zenizkion erantzukizunaren aurrean ihes egin zuenari, zure amaren tristura sortuz. “Ez ditzagun kontu triste hauek gogora ekarri”, esaten zizun. Zama handia izan zen zuretzat. Bai. Izugarria. Agustini bisitaldietan ez zenion horrelakorik esaten, barruan zegoen bitartean ahalik eta alaien, indartsuen, osatuen egon behar zuelako, espetxean denbora laburrean edukiko zutelako esperantzari helduz. Bien bitartean kalean haren lekua beteko zenuen. Harrezkero, zure nortasunaren adierazgarri moduan erabili duzu gainean zama pisutsu hori. Agustin konturatu da bere emaztegai ohia orduan egindakoaz oraindik lotsa dela, eta isilik egotea deliberatu du. Ez dio erantzungo, beste zerbait egitea pentsatu duelako. Ixiarren jokaera samurrak aurrera egiteko bideari sastrakak, arantzak, oztopoak, laharrak kendu dizkio. Dagoeneko ez da gelan ikarati sartu den Agustin. Birikak kemenez bete eta bi esku ahurrak jarri dizkio masailetan, gozo. Ixiar geldirik geratu da. Agustinek egingo luke pozik dagoela, begiei darien dirdiraren mintzoa mendi harkaiztsuko iturburua bezain gardena baita. Hala dagoela ezpainetan musu emateko tenorean egon da, lehengo ezpain haiei, ber-beraiei beha. Zu, berriz, Ixiar, itxaroten zaude. “Tontoko hau erabat mutilzahartuta dago”, diozu zeurekiko. Aurrera egin dezan nahi duzu. —Agustin, emadak musu bat. Asmo horixe bera duen gizona, Ixiarrek aurrea hartu diola ikustean, ia aztoratu egin da. Lehentsuago agitu zaion eran, iraganetik une honetarainoko maitasun gordea, pilatua, bildua sumatuz, ezpainetan musu leun lotsatia jarri dio. Emakumeak irri txiki bat egin eta “Horrela ez, motel, lehen bezala” esanez amodioz beteriko musu gartsu batez bete dizkio ezpainak, ahoa, mihia... Besoekin inguratu du, bere bularrean sentitu ditu bi bular bigunak... eta espero gabekoa jazo zaio. Aspaldian lotan zeukan txoria, negu luzea ja iragana balu bezala, ziplo itzartu zaio. Aurrez abisurik pasatu gabe gainera. Munduko bekaturik larriena egin bailuen, zutzunduta, endredatuta eta ia noraezean geratu da Agustin. Atzera egin duenean Ixiarren masailetan bi amapola agertu zaizkio. Derrepente biok oso arrai sentitu zarete. Ederki dakizu zer gertatu zaion Agustini. Begiratu lipar batean ikusitako hankarteko gaizki kokaturiko konkor ezagunean, fardelean, antzeman diozu. Barre-gura etorri zaizu. Gehienbat, nerabezaroan balego baino asaldatuago ikusi duzulako Agustin. Urte hauetan guztietan baraurik egon dela garbi dago. Eta hori pentsatuz izugarrizko tristezia etorri zaizu horren hobenduna ere zeu zarelakoan. Berehala gainditu duzu sentimendu hori, baina. Elkarri iraganeko pasadizo politak kontatzea proposatu diozu, izialdura horrela pasatuko zaio eta bidenabar denbora gustura emango duzue. Oso animatuta sentitzen zara, Ixiar. Gaixoaldia erabat ahaztu zaizu. Beste musu bat eskatu diozu eta oraingoan, ala ama birjinaren kuleroak!, ia hatsik gabe utzi zaitu mutilzaharrak. Zeure barreneko desioa piztu arterainokoa izan da. Arraioa! Ez dakizu zer atarramentu aterako duzuen, baina seguru dakizuna senarra laster agertuko zaizula da, eta ateburutik haren sendagile aurpegia azaldu aurretik, zuk zeuk, Agustinen baimenaz, hots egin diozu, alabak ekar diezazkizula eskatuz. “Berandu ezkondu nintzen arren, oraindik bi haur egiteko gai izan ninduan, Agus” esan diozu txirikorda zertxobait askatua kateatzen, senargai ohia eserlekuan eserita txintxo-txintxo egotera gonbidatuz. Euren aitarekin batera sartu diren bederatzi eta sei urteko bi neskato eder aurkeztu dizkiozu. Ama hain pozik ikustean alabei ere barre lasaia atera zaie.Txikiena zu zeu bezalakoa, berdin-berdina dela ikusarazi diozu Agustini. Une txiki bat besterik ez da izan, hain lipar laburra izan da, ezen pentsatu ere ez duzula egin iruditu baitzaizun, baina, haur hura Agustinena eta biona izan zitekeelako gogoa indar handiz sumatu duzu. Zure lehenbiziko amodioak eman gabeko maitasunaren zuloa beteko lukeen gutizia, haragi, hezur, argitasun, psikologia, sentimendu bihurtutako amodioaren fruitua. Senarrari behatu diozu. Mutil ohiarekin egon nahi duzula esatean hain ulerkor jokatu duen zure alaben aitari. Gaur goizean goiz zeuzkan kezkaren laino beltzak uxatu bide ditu. Aspaldiko aurpegi argiena ikusi diozu. Zeuk ere, Ixiar, gaur goizean ispilu aurrean adatsa konpontzen ari zinenean, zeure bisaia ere oso mejoratua ikusi duzu. Urduri, larri eta artega. Baina mejoratua. Eta orain... neska koskor bat bezala sentitzen zara. Aspaldian musu eman gabeko ezpainek indar sorgindua izango dutela otu zaizu eta irribarre zabala irten zaizu. Ez zaude zure sentimenduak ezkutatzeko. Zure senarrak ere ikus dezala oso pozik zaudela. Bai. Zure aurpegiaren lasaitu atsegina islatzen du zure senarraren bisaiak. Osasun betez sumatu zara eta, zer karajo gero, jaiki egingo zarela esan diozu. Hainbeste beldur zenion une txarra igaro da. Hain ondo konpondu den arazoak egoera berri pozgarrira eraman zaitu. Agustinez ia-ia lehen bezain maitemindua zaudela esango zenuke. Une honetan bi gizonez zaude maiteminduta, “hara hor poligamoak garela froga lezakeen egoera” pentsatu duzu irrikor. Egoera berri honek, hain ongi doan egunak, ospatzea merezi duela eta jaiki egingo zarela esan diozu senarrari, eritasuna trepeta zaharren zokora bota duzula-eta. Ohe ertzean eseri zaizu senarra, zuri gustatu ez zaizun irribarre triste batez lagunduta. Mediku izatearen desabantaila. Denok elkarrekin bazkalduko duzue eta mahaiburua, gonbidatu berezi legez, Agustin izango da. Gaur, egun aparta izan zitekeelako ustean neskame-erizainari jai eman diozu eta paper punta batean idatziak dituzu erosi beharrekoak. Senarra eta alaba zaharrena joan daitezkeelako iradokizunari baiezko garbiaz erantzun dizute. Gaur bazkari goxoa prestatu nahi duzu. Senarrak jaikitzen eta janzten lagunduko dizula esatean zuk keinu batez hurbiltzeko adierazi diozu. Agustin, heziera handiz,jaiki eta haur txikienarekin jolasean geratu dela ikusi duzu. Sartu denean baino gorrituago ditu masailak koitaduak. Beharbada igarri egin du zer esan behar diozun senarrari. “Agustinek janzten lagun diezadan gura dut, nire erruz itzalpean egon zenak hainbeste konfiantza eta gehiago merezi du. Gainera, hala jokatuko ez banu, gizajoa arrotz sentituko litzakete eta nik ez dut inola ere halakorik gerta dakion nahi, eta lasai, barrutik nahiko estalita nago-eta”. Ia arnasarik hartu gabeko esaldi azkarrean xuxurlatu diozu belarrira. Endelegamendutik baino pazientziatik hurbilago dagoen begirada bota dizu senarrak. Badoaz aita-alabak. Presaka ez ibiltzeko, arren, eskatu diozu senarrari, egun handietako bazkariak ospakizun handietako ordutegia eskatzen duela-eta. Oraingoan, so goxo batez lagundutako irribarre ederra bota dizu. Asko maite zaitu senarrak. Helduen maitasunez. Elkarrekin bide neketsua eta zaila egiteak sakon uztartu zaituzte. Agustinen maitasunak, aldiz, nerabezaroko maitasunaren antz handiagoa du. Eta zu berarekin, hau ezustearen ezustea, berdintsu sumatzen zara. Neskatila liraina legez, zeuon bidea orain egiten hasi behar bazenute bezala. Egiteke lagatako bidea ote da uztartzen zaituztena? Izadia ere alde duzue, Ixiar. Goizeko ekarraldia zuen maitasunaren erratzak aienatu baitu, ihesean desagerraraziz. Zirrikituan irekitako leihoak eguraldi berotuak epeldutako haize gozoa ekarri dizu aurpegira. Hirurok bakarrik geratu zarete, Agustin, haurra eta zeu. Neskato begi ederrak zuri musu eman eta ea ondoko bere gelan panpinarekin jolasean gera daitekeen galdetu dizu. “Bai, Arrate. Nahi duzuna, baina zerbait gura bazenu, zatoz gugana. Zure ahizpari esan diot, eta zuri ere, hain argia zarenez, esan egingo dizut, poxpolin. Hau Agustin da, nire aspaldiko lagun handi bat. Zuretzako osaba izango da”. “Gure osaba Bixente bezala?” galdetu dizu umearen osaba kuttunena den zure senarraren anaia txikiena, Iparraldetik Venezuelara egotzita dagoena, gogora ekarri dizularik. Baiezkoa musu handi batez ihardetsi diozu.
Iraganean galdua |