Iraganean galdua
ZAZPI
—Iritsi gaituk. Ixiarren senarraren ahotsak zineko pantaila aurrean ziplo esnatu duela iruditu zaio, kolpetik azaldu baitzaio aitzinean leku argi eta ezezaguna. Atzeko aldean hesitutako sagastia duen antzinako itxurako etxe zaharberritu bakarrera iritsi dira. Aurrean zelaia, iturria eta... ziegan amestutako gerizondo handi bat du! Iparraldekoen antzeko etxea da. Kanpora irekitzen diren egurrezko kontraleihoak dauzka. Hormak beix argi kolorekoak. Ia zuriak. Bi solairu dauzka, eta behean ingeniari bat bizi dela esan dio Ixiarren senarrak. Etxe ondoan eraikitako txabola antzeko garajean sartu du autoa Erramunek. Sortaldean desagertu den ekaitzak libre utzi dio bidea giro ederrari. Haizeak hegotik jotzen du orain. Ezkaratzera hurbiltzean belar ebaki berriaren usain ederrak ireki dizkio birikak, eta praka motzetan dabilen Agustintxo aitaitaren baserriko zelai eguzkitsura arte eraman du oroimenak. Hitzik gabe egin dute bigarrengorainoko bidea. Eskailburuan patrikatik giltzak ateratzean begirada arraroa bota dio medikuak, eta ez daki errukiorra ala bekaiztia izan den. Etxean sartu eta gibelean kaleko atea ixtearen hotsa entzuteak itzalezko larrialdia ekarri dio. Haize-bolada gogorrenak makalaren adarretan harrapatutako habiako txorikumea baino babesgabeago sentitzen da mutilzaharra. Korridoretik aurrerantz Erramunen urratsei jarraituz doan heinean, urduritasun estuak ekarritako egonezin ikaratia urdailean sumatzen hasi da. Erdi ilunpe hartan ezkerreko horman zintzilikaturiko gizon bibotedun burusoil baten argazkia eskola nazionaletako Franco iruditu zaiolarik, artegatasuna handituz batera “Lopetegui, lea en voz alta desde ‘La seriedad del español’ hasta ‘Gibraltar punta amada del pueblo español’. Empiece” entzun du. Ia izerditan dago Agustin. Maisu espainol madarikatu hark erdaraz mintzatzen traketsa zelako jartzen zuen ozen irakurtzen denen aurrean beti. Barregarri gera zedin. Eta gero betikoa, zigorra. Zumeaz esku ahurrean edo belarrondoko bat. Edo bi. Ari dira iristen egongela edo logela izan daitekeen atera. Hainbeste urteren buruan elkar ezagutuko ez ote duten zalantzak egoera okerrago batera eramango ote duen beldur da. Une honetan, baina, ezin du horrelakorik jazo dakiokeen laga. Gerta ala gerta, aurrera egin behar duela dio berekiko. Ixiarrek lehengo politasun hura gordetzen jakingo zuela pentsatuz aurkitu du iraganeko basoan galdutako kuraia. Ez daki Ixiar ezagutuko duen, Ixiarrek bera ez duela ezagutuko, ordea, ia segurutzat jo dezake, kaskezurra burusoiltzen eta ilea urdintzen hasita baitu. Nahikoa lan hartu du goizean ispilu aurrean soilgunea ondo-ondo estaltzen, eta aurpegiko zimurdurak gutxi balira, betaurrekoak erabiltzen ditu, gaizki argitutako ziegatan bizitzeak egindako oparia. Aurpegia bere koadrilako gehienek baino okerrago dauka. Hauek manifestazio batera edo bestera joatearekin euren buruak zurituz patxada ederrean bizi baitira. Xehetasun batean bakarrik dago gazteago. Koadrilako guztiak gizenduta daude. Bi, bederatzi hilabeteko haurduna baino sabel handiagoarekin gainera. Bera nahita ere ezin da gizendu. Ixiar. Hainbeste urte iragan dira, hainbeste. Ameriketatik Euskal Herrira itzuli zenean zergatik ez ote zuen erakutsi senargai ohia ikusi edo elkarrekin hitz batzuk egiteko asmorik? Apika, nahasia zebilen eta Ixiar ere, bera bezala, telefonotik hots egin ez hots egin, bisita egitera joan ez joan, zalantzan, duda-mudatan, zer egin edo nola jokatu asmatu ezinik ibili zen. Edo gaixotasunak ez zion laga behar bezala hausnartzen eta orain hobeto edo ausartago aurkitzen du gogoa... Heriotzaren atera iritsi bide denean, amodio zaharrarekin nahitaez egon behar hori da kezkagarriena mutilzaharrarentzat. Eta hala pentsatzea oso gogorra izan arren, nahiago luke azken aldiz ikusteagatik soilik balitz. “Ez dadila behintzat bere Ixiar estutzen duen zerbait larriagatik izan”, dio bere baitan. Bien artekoa ezinezkoa izan zen, zorte txar kontua eta kito. Ez zen inoren errua izan. Antzeko hamaika istorio gertatuko zen Euskal Herrian, eta zoritxarrez, gatazka honek konponketarik ez badu, beste hainbeste jazotzeko arrisku galanta dauka etorkizunak. Ixiarren kezka senarrak ezagutzen ez duena edo honek konpondu ezinezko zerbait bada, antzinako zerbaitekin loturaren bat izango du, nahitaez. Horixe larriena. Erramunek sukaldera eraman du eta apur batean itxaron dezala, arren, eskatu dio, logelara-edo doan bitartean. Estutasuna handitzen ari zaio mutilzaharrari. Sukalde hura Ixiarrena eta biena izan zitekeen. Egunero laneratu aurretik orain bezala bakardadean gosaldu beharrean emaztearekin gosalduko zukeen. Ai, leihotik etortzen zaizkion txorien kantuak biak gosaldu aurretiko goizalbakoak balitez! Une batez, bata polit batez jantzita, Ixiar bere aitzinean ogi xigortuan marmelada aizto txiki batez jartzen ikusi du. “Lantegian beti goizeko txanda izaten duanez —hika mintzatzen jarraituko zuketen— jaso ezak arratsaldean heuk gure txikiena ikastolatik, ni oso lanpetua nabilek-eta”. “Bai, neska, hainbeste egingo dinagu. Gaur neuk prestatuko dinat afaria. Sorpresatxo bat zeukanat hiretzat”. Eta gauean afalondoren, haurrak lotaratu, telebista amatatu eta senar-emazteentzako ohe handian goxo-goxo eguneko kontuak, kezkak, etorkizunerako planak, oporretarako ideiak, borrokarako estrategiak... edo kontu txikiak, belarri-gingila miazkatuz esaten direnak, hitz leunak, eztitsuak, beratzak edo barregarriak batak besteari esanez arituko ziren, elkarri heldu-heldu eginda loak hartu arte. Gorputzak hala eskatuz gero maitasuna ere egingo zuten. Ixiarren barruan sentitzea, biak erritmo berean higitzea... Itzuli da senarra. —Prest zagok hi hartzeko. Hator —logelarako atea erakutsi eta egongelara zuhur erretiratu da senarra. Agustin ateburuan ez kanpora ez barrura gelditu da. Izua eta maitea ikusteko gogoa biak nahastuta sentitu ditu sabelpetik eztarriraino, ipurditik kokoteraino eta izter parean praken kontra ahur izerdituak lehortzen ari den eskuetan. Ate irekitik ohe zatia dakusa. Hankaldea. Ohazal dotorea. Arnasa sakon hartuz animoa metatu eta sartu da barrura. Ezkerretara beldurrez egin du so. Iragana ziplo agertu zaio. Zurbilago. Aurpegiko hezurdura zertxobait nabarmenago. Ilesorta garai haietan bezala kokotean jasoa. Adats kolorea ere berdina. Bizkarrean bi burko dituela ohean eserita dago. Oparitu dion irribarreak mutil gazte arora eraman du. Begi-zulo nabarmenak ez balitu orduan baino politago dagoela esango luke. Zuk, Ixiar, ez diozu ezer esan, ahoaz. Begiez ongietorria eman eta keinu xume batez ohe ondoko aulkian eser dadila adierazi diozu. Urduritasuna nagusi, iraganeko Ixiar duela irudian, emaztegai izandakoaren begitartetik begirada kendu ezinik, oso poliki, hots txikiena ateratzeko beldur, eseri da. Isiltasuna nabarmena egin da. Une batean biok elkarri begira hitzik egiten asmatu ezinik geratu zarete. Aurrean duzun Agustinen begiratuan umezurtzaren arrastoak, maitasunaren beharra, bakardadearen zantzuak ikusi dizkiozu, Ixiar. Goiz osoa egon zara bere zain. Egunak argitu duenerako senarrak bakarrik utzi zaituen bakoitzean ispilua, orrazia eta gaztetako argazkia hartu eta orduko orrazkeraren kopia asmatu ezinik ibili zara. Badakizu-eta gizonak ume samarrak direla eta kanpoko itxurari zenbaterainoko garrantzia ematen dioten. Horrela, Agustini barneko sentimenduetan sakontzen lagunduko diozulakoan zaude, bidenabar zeure buruari ere lagunduz. Zurbiltasun nabarmenegia kolorete apur batez estali duzu. Alfred Hitchcocken Vértigo filmeko neskaren konplexua sartu zaizu. Ez dakizu esan behar diozuna ondo adierazten asmatuko duzun, baina bide hori nahitaez jorratu beharra duzu. Zeure buruarekin bakean geratu nahi baduzu behintzat. Eta bake hori nahitaezkoa duzu mundu honetakoak ondo lotuta utzi nahi badituzu. Gelan sartu ez sartu ikusi duzun gizona ez zaizu arrotza egin, horren beldur zinen, denborak ez dio hain tratu txarra eman, ordea. Itxuraz. Desberdin agertu balitzaizu ere, badakizu hitz egiten hasi eta berehala apurtuko zela hoztasuna edo elkarren arteko hasierako distantzia. Soinaren itxura da gutxienekoa. Betaurrekoek intelektual itxura ematen diote eta luzatutako bekoki gainean ezkerretik eskuinera orraztutako adats luze antzekoak ez balitu, gaztetako Agustin bera izan zatekeela pentsatu duzu. Dotoreago dago gainera. Loki urdinduek halakoxe itxura aristokratiko edo filmetako safarietako mutilaren antza ematen diote. Ez da gizendu adinean sartzen hasitako gizon asko legez. Irribarrea irten zaizu. Zeu baino askoz larriago dirudi aitzinean duzun senargai izandako gizajoak. Emakumeak, begiak ñir-ñir, eskua luzatu dio eta Agustinek, lotsatuta, “Zer moduz?” isil bat esatearekin batera, gaztaroan bezala esku hura ferekatu nahiko lioke. Ez da ausartu eta bostekoa emeki eman dio. —Kaixo, Agustin, aspaldiko. —Kaixo, Ixiar —esatearekin batera eztarria lakartu egin zaio eta behera so egin du. Larri. —Zer duk, Agustin? Lasai. Hi hori baino gogorragoa hintzen, ba, lehen? —Ondo esan dun, bai. Nindunan. —Bai. Denbora luzeegia eman diagu elkarren berri... —iraganeko oroitzapenak pilatuz hunkipenaren itsasoan galtzear sentitu zara, Ixiar. Ezin duzu hori gerta dakizun laga, arren. Zeure onera itzuli zara. Lipar bat besterik ez da izan eta Agustin gizajoa, begiak zure bisaian josita, ez da konturatu—. Iguzki denean kantatzen hidan aurpegi haren antzik ba al zeukaat? —Oso polit hago, Ixi. Benetan esaten dinat. —Ba, hiri berriz, kopeta atzeratu egin zaik —irri laburtxo batez. —Hala dun, neska. Orain astronauta yankien antzeko bekokia zeukanat. Biok barre egin duzue. Agustinek ez daki nondik jo. Aitzinean duen emakumeari, aldiz, zer eta nola esan ondo hausnartuta daukala aurpegian igartzen zaio. —Nola nagoen eta hori guztia, nire senarrak jakinaren gainean jarriko hinduen, ezta? Hiri... zer moduzko senarra dudala iruditzen zaik? Jatorra, ezta? Jatorra. Horrelako gizon zein emakume anitz ezagutu duzu. Zure senargaiari espetxean estreinako bisitaldia egin ostean hurbildu zitzaizun mutil eder hura bezala. Hark irakatsi zizun nor zen ilunpetako Agustin. Zer zen Euskal Herria. Historian zehar itxuraz ondo hesitutako euskaldunen gotorleku atzeko atea traidoreek etsaiari ireki egin ziotela beti espainoltasunaren haizeak bortxaz sartzen utziz, azaldu zizun. Oinaztarrak eta ganboatarrak, agramondarrak eta beaumondarrak, karlistak eta liberalak, abertzaleak eta frankistak... Beste mundu bat ireki zen zure aurrean. Gurasoek ezkutatu zizutena. Eskolan ikasi ez zenuena. Agustin bezain abertzale bihurtu nahi izan zenuen. Presondegian zeneukan mutilak ikus zezala zeu ere bide beretik zindoazela. Harekin bat egiteko prest zeundela. Zutaz harro senti zedila nahi zenuen. Legeztaturiko alderdien aldetik politikakeria nagusitzen ari zen garaian, erakundeak garai itxaropentsua bihur zezakeela uste izan zuenean, dena emateko prest zeuden neska-mutilak ezagutzea aurkikuntza handia izan zen zuretzat. Espainian eroso bizi behar zela ziotenen aldean esanekoak ziren aitaren etxearen zutabe sendoak jarri nahi zituztenak. Maitagarrienak ere bai. Lagundua, babestua, maitatua sentitzen zinen edonon: bileretan, gordelekua egin zizuten etxeetan, baserrietan... eta ekintzetan. Orduan jakin zenuen gudari izenaren esanahia. Ez zenion sekula barkatuko zure aitari abertzaletasuna ezkutatu izana. Ezta amari ere aitaren gibelean koldarki kukutua bizi izana. Hala ere, ez zenuen umorea galdu. Zure ingurukoek horretan asko laguntzen zizutela aitortu beharra duzu. Eta bakarrik geratzen zinenean, zeure logelan, mendiko zulo batean, etxeren bateko egongelan errezel atzetik kaleko joan-etorriari so, pentsamendua Agustinengan izaten zenuen. Hasieran trakets samar ibili arren, munduko txortalari onenak bihurtuko zinetela zioen mutil sasoitsu harengan. Bisaian irribarrea hain erraz azaltzen zitzaion harengan. Bazekien zu nondik nora zenbiltzan eta horrek poztu egiten zintuen. Ekintza bat egiteko prest zeundenean hurrengoa zure mutila kartzelatik ateratzekoa izan zedila amesten zenuen. Agustinek jakin izan balu Carabanchelgo jangelatik behera estolderiaraino eginiko zulotik urte askoko kondenadunek ia ihes egin zutela! Komandokoak hara iritsiak zineten, eta goizean goiz ez zen iheslaririk agertu. Gero jakin zenuten gauetik goizera denak beste kartzela batzuetara eramanak izan zirela. Kasualitate hutsa. Urteak pasa ziren funtzionarioek zulo hura aurkitu zuten arte. Agustin ez zen orduan kartzela hartan. Horregatik izan zenuten beti piztuta ihesaldi posible baten ametsa. Horregatik ematen zenuen hainbeste denbora balizko ihesaldiak prestatzen. Tentsioak, urduritasunak, egonezinak, odol hotzean jokatu beharrak, Agustin aske izanda eramanerrazagoak izango zirelako uste osoa zenuen. Lagun jator askoak, askatasunagatik eta zuregatik beren esku zegokeen edozer egiteko prest zeudenak ezagutu zenituen. Maitekorrak. Zakurren segapean eroriak batzuk, besteak atxilotuak, torturatuak, erbesteratuak, espetxeratuak... Zure bizimodu gogorrak, zure burkideen odolak eta malkoek gutxien espero zenuenean ifrentzua eskatzen zizuten. Samurtasuna. Uste gabe edo nahita, elkarri egindako fereka apal laburretan. Elkarri adore emateko besarkadetan. Gau osoak elkarren ondoan iragatean, behin batean Zipotzi eman zenion musu hartan... Ixiarren itaun bakoitzarekin gero eta galduago aurkitzen da Agustin. —Bai, bai. Jatorra ematen din, baina... —Ez duk gure garaian bezala, bazekiat. Beno, ezin diat denborarik galdu. Ondo al hago? Ezkondu al hintzen? Lasai itxurak egiten ari zaren arren, ezustean deblauki sortutako artegatasuna ahots ia dardaratian igarriko ote zaizun erne jarri zara. Ez zenuen ekin behar ezkontza kontu horrekin. Egunerokotasun itxura eman nahirik eginiko galdera horretan beharbada zure benetako desioa, hainbeste urtetako lan eta ekintzen pean gorderik eduki duzuna ustekabean irten zaizu. Galdera bota bezain pronto ohartu zara. Lagun on bati agian bai, baina maitale ohi bati sekula egin behar ez zaion galdera hutsalak uste baino zirrara handiagoa egin dizu. Une hartan, zure bizipen zolienak —jelatzear dagoen bordako teilatupeko istila bezain hotz duzun soina burkidearen igurtziak berotua, ebakuntza ondorengo oinazea sendagile samurraren irribarre leunak fereka bihurturikoa, Parisko klinikako gaixondo luzearen ordu hitsak, zuberotar erizain zalapartari, kontulari, zirtolariak zoriontsu eta barregarriak bilakatuak, orain senarra duzun gizonaren izate orekatua, ortzi izarratua islatuko lukeen itsasoa baino sakonagoko begiratu narea—, den-denak, hustubide batetik behera doan ura bezala, lipar batean betiko joango ote zaizkizun burutazioa izan duzu munduko tristura guztiak islatzen dituen Agustinen soa ikustean. —Ez, Ixi, ez. Aurrean duzun gizon helduaren begietan bikote izandako garaietan dabilela antzeman diozu. Oinaztargiak gau beltzean ortzia iparraldetik hegoalderaino segundo bakar batean gurutzatzen duen moduan etorri zaizkizu iraganeko irudiak, presondegian senargaiari, aitzinean duzun gizon horri berari, bai, Ixiar, “Agustin, beti hirekin izango nauk” esandakoak finitzen dituelarik erreskadan ikusitako irudiok. Mesanotxe gainean daukazun ur basokada hurbil diezazun eskatu diozu. Atsedenaldia beharrezkoa duzu. Bi txurrut egin eta jarrera erosoagoan ipini zara. Badirudi hobeki sentitzen zarela, nahiz eta Agustini esan behar diozuna esateko kuraiarik ba ote duzun zalantza handitzen ari zaizun unetik unera. —Zergatik ekarrarazi haudan garbi azalduko diat. Ez... ez duk oso erraza niretzat hau esatea, baina... aspaldian nire buruan jira eta bira habilkit. Gogoratzen al haiz, Agustin, geltokian elkarrekin egon ginen azken egunaz? —Nola ez naun, ba, gogoratuko? —Ba... Egun horretan... Ez. Gaizki ari nauk. Hamabost egun lehenago, herriko festetan, hi trenean laga ondoren geltokiko kantinara sartu ninduan zigarroak erostera. Oso pozik, badakik. Mostradore aurrean eserita, zigarroa erre eta freskagarri bat edaten ari nintzen bitartean mutil bat hurreratu zitzaidaan, su eske. Beltzarana, guapo samarra, dotore jantzita... Erdi euskaraz eta erdi erdaraz hitz egin zidaan. AEKn euskaraz ikasten zebilela, gurasoak erdaldunak izan arren asko miresten zuela gure hizkuntza, euskaldunon izaera eta abar. Erdaldun kastako batengandik ez nian espero horrelako hitz koipetsuak entzutea eta ordura arte sumatu gabeko sentikizun batek egin zian habia nire barruan. Euskaldun izatearen harrotasuna. Neure inozokerian, inuzentekeria esatea egokiago huke, kantinako elkarrizketa hartako garaian oraindik ez bainian losintxari zuririk behar bezala ezagutzen, nahiz eta etxean bertan izan halako moldekoa, hark esandako denak arrain gosetiak nola amua, halaxe irentsi nizkian hitzak barruraino. Oso pozik sentituz gainera. Hik badakik nolako tuntuna ninduan orduan, frankistak ere hain gaiztoak ez zirela uste nian-eta! Beno, hori nik adina dakik. Handik bi astera... biok haserretu ginen igande madarikatu hartan... Atsedenaldia hartu duzu. Berriro mintzatzen hasteko asmoz ahoa ireki duzunean geldi geratu zara. Ez dakizu sumatzen hasi zaren ondoezaldia den, esatera zoazena ahotik ateratzea asko kostatzen zaizun edo senargai ohia etxera ekarrarazi izanaren damua ote duzun. Izutzen hasia baitzara. Maiteminduaren begiradaz so egiten ari zaizun Agustin betiko atsekabetu, arranguratuko duzun, mespretxatuko zaituen, haserre alde egingo dizun, ikara sumatu duzu. Aurrez aurre duzunak denboraren errautsek estalitako lehenbiziko amodioaren txingar ezkutua berpiztu egin baitizu. “Barkatuko ez balit?” diozu zeurekiko. Gaixotasunaren alditxarrak heldu zaitu, apika barnean sumatu duzun ikarak lagunduta. Lehorrean heriotza aurkitu duen arraina legez ahoa irekita, elbarrituta, geratu zara. Bisaia maitea bat-batean paralizatuta ikusteak artegatasunaren zirimolara eraman du Agustin. Leiho irekitik datorkion haizearen hots leuna entzuten, geldirik, bera ere elbarri geratu balitz bezala dago. Ez daki zer egin. Jaiki, bi eskuak Ixiarren masailetan jarri, begietara beha, “zer dun?” galdetu dio larri. Ikaragarri luzea egin zaion une hartan sastraka artean gordetako kidearen begitarte hilurrena ikusi du. Inguruko baserri bateko mutil gazte kementsuaren laguntzaz burkide zauritua saparaino eraman ostean sendatu zuen moduan, mutilzaharrak ere nahiko luke Ixiar sendabidean jartzea. Bere esku balego... Ahoa hertsi eta kezkati begiratu dio andregai ohiak. —Lasai, Ixi. Ez estutu heure burua. Etorri zara atzera zeure onera. —Ba... egun hartan, zumardipetik herrirantz nindoala zigarro bat pizten gelditu eta azkenekoa zela ikustean itzuli erdia eman eta atzera kantinara sartu ninduan. Zigarro madarikatuak! Tabakoarekin batera kubata bat eskatu, neure egonezina ahazteko nonbait, eta ia dangada batean irentsi nian. Bigarrena eskatu, beste zigarro bat isiotu eta... tupustean,lurpetik agertu balitzait bezala, kantina bertan ezagutu nian mutil beltzaran bera bekoz beko nian. Ni hire aurka ernegatuta nengoan... Hik badakik txarrera jartzen nintzenean zer jenio petral neukaan orduan... eta, mutil hari betiko lagun banu bezala hitz egin nioan. Nire beroaldi hartan, alkoholak ere bultzatuta zalantzarik gabe, kakalekura bidali hindudan eta sar hezakeala hire isilpeko lana ipurtzulotik eta horrelakoak esan nizkioan nire lagun berri hari. Laguna... ederra laguna. Agustin... Ez duk... Ez duk neure burua libratzeagatik, baina nola jakingo nian, ba, mutil euskaltzale hura txakurra zela! Zakurra, bai, Agustin. Eta txoro honek jakin arren isilpeko zerbaitetan henbilela, nire buru oraindik arinean ez zuan sartzen hi ETAko militantea izan hintekeenik. Ondo dakik zein zen gure etxekoen joera politikoa eta neurea ere, “demokrazia” izeneko sistema politiko eraberrituan bizitzen hasi ginelako ustetan, gaztaroa borroka armatuari emateko prest zeudenak beste galaxia batekoak balira bezain arrotzak zituan niretzat. Ezin nian irudikatu ere egin inguruko mutil edo neska normalak erakunde armatukoak izan zitezkeenik. Atxilotu hinduten egunetik hasi ninduan neure buruari galderak egiten, hemendik eta handik informazioa jasotzen, irakurtzen... eta hire burkideen laguntzaz begiak irekitzen. Neure nahietara eta apetetara eraikitako mundu axal hura pitzatzen hasi zuan, lehendik neuzkan eskemak guztiz desegin nitian. Gero... badakik. Hitzak airean lagaz isildu egin zara. Ebakuntza larri hartatik esnatzen ari bazina bezala, unatua sumatu duzu soin osoa eta orduko erizain zuberotarra aitzinean ikusi nahi zenuke haren zorakeriekin barre egiteko. Egoera okerragoan zaude, baina. Kontaketaren zati zailena atera zaizu eta traidorea bazina bezain gaizki sentitu zara. Ez dakizu zergatik, baina Espainiako Gobernuaren aginduz eta bultzadaz Iparraldeko babestuak erailtzen zituzten mertzenarioren izen bat edo beste etorri zaizu burura. Hamaika alferrikako ahalegin egin zenituen haien arrastoa jakin eta edendun sugeak bezala jo eta bertan akabatzeko. Orain, une honetan, zeuk ere hainbeste mereziko ote zenuen duda-mudak sortu zaizkizu, egin zenuena egin zenuelako. Zure bihotzean maitasunaren lekua nahi baino sarriagotan gorrotoari utzi izanaren damua ere baduzu. Zeuk egin zenuen okerra besteari egotzi izan zenion-eta. Dena den, bizimodu hark gogortu egin bazintuen ere, herriaren askatasunaren alde jokatu zenuela ezin uka. Orain nahastuta zaude. Ondoan duzu abertzaletasunean hezi behar zintuena. Beragatik sartu zinen erakundean eta ez dakizu nondik jarraitu kontaketa. Beharbada ez duzue elkarri zer kontatzekorik. Une lipar batean urteetan euririk ezagutu gabeko basamortua bezain idortua ote zauden begitazioa izan duzu. Hitzek ez dute irten nahi zure aho erdi irekitik. Gau ekaiztsuan oihaneko haizearen txistuak eta trumoien dunbotsak izutzen duten haur galduaren pare zaude. Oraintsu arte izan duzun kemena, adorea, ausardia, haize bortitzak orbela nola, halatsu eraman dizu zure aitorpenak. Agustini begiratu diozu laguntza eske.
Iraganean galdua |