Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001

 

 

BAT

 

      Agustinek gutuna jaso duenetik ez du beste inor buruan eta trepeta zaharren moduan zoko ilunenean lagatzen, ezkutatzen, baztertzen ahalegindutako iragana saldoan tropelka datorkio burura, oinazearen zorrotza sentiaraziz. Ixiar Gurpide Zamakola. Bere andregai maitea. Une honetan dagoen parke ezezagunera ekarrarazi duen arrazoia alkandora zuriaren goiko patrikan dauka gordeta. Eskuz presaka izkiriaturiko gizon baten idazkia da. Dagoeneko bospasei bider irakurri du, eta zer izan daitekeen asmatu ezinik dago. Esan behar diona idatzi ordez aurrez aurre esateko egokiagoa dela, izugarrizko garrantzia duela, bere iraganarekin topo egin eta espero gabeko ezuste baten aurrean aurkituko dela. Oso zaila izango zaiola ezezagun bati hura agertzea, baina, arren, ager dadila, bere emaztegai izandakoarenganako sentimenik oraindik gorderik badu, edo, iragan garai ederren oroitzan oinarrituriko maitasun txikienaren arrastoa bederen geratzen bazaio, ager dadila mesedez. Ixiarri fabore handi bat egingo diola-eta. Urduritasunak dardarati bilakatutako idazkia ematen du.

      Ixiarrenganako sentikizunik ba ote duen galdetzea ere! Garbi dago gizon hark ez duela Agustin ezagutzen. Agian Ixiarrek ez dio esan zein ondo konpontzen ziren biak. Beno, egia da, bestalde, hogeita bi urte iragan direla gero bere emaztegai izango zen bisaia eder hari lotuta geratu zenetik, bizi ahal izango den laurdena baino gehiago, eta denbora horretan maitasun handienak ere hondora daitezkeela, zenbait maitasun handi haizeak eraman duen moduan. Baina Agustin seguru dago behin maitatuz gero sentimendu hori beti barnean geratzen dela, beste sentipenekin edo zereginekin estalita, erdi lotan, erdi esna edo hilda dirudiela, baina hor, bihotzaren kantoi ezkutuenean, erdi ihartutako landarea ur freskoak berpizten duen moduan, bihotz osora berriz hedatzeko prest. Berari behinik behin hala agitu zaio. Segur aski bere lehenbiziko maitasuna izan zelako da. Mutil koskorra zenean ia larunbat gauero ohean zegoela entzuten zuen abestia datorkio gogora, beheko tabernatik iristen zena eta anaia Xabinen koadrilak kantatzen zuena: “Un viejo amor ni se olvida ni se deja. Un viejo amor de nuestro lado se aleja, pero nunca dice adios”. Euskal kanten berpizte sasoi hartan huraxe zen erdaraz kantatzen zuten bakarra eta beti Xabin hasten zen kantatzen. Irribarrea eta algara hitzetik hortzera zituen anaia ere estreinako amodioak ukitua ote zegoen? Agian, irri-karkailak erraz botatzen dituztenek ezkutatzen dituzte gibelean tragedia handienak.

      Zergatik ez ote dio idatzi Ixiarrek berak? Ez ote da ezindua egongo behintzat. Eskua paralizatuta? Ene. Ez du pentsatu ere egin nahi. Gizonengan konfiantza osoa izango du eta nahiago izango zuen idazkia haren eskuetan laga berarentzat hitzen samurtasuna gordez. Bai. Horixe izango da. Jaiki eta ohiturari jarraituz zerura begiratu du. Ekaitza iragartzen duten hodei beltzak, sartaldetik sortaldera, udako zaparradaren igarle, astiro, mehatxari doaz. Lainoak horrela ikusten dituen bakoitzean berarengandik oso hurbil erori zen burkideaz gomutatzen da. Sabelaldean zauritua, une hartan ezer egin ezin eta odolustuta, ikurrinarekin bildu eta bere herriko hilerri ondoan, bide ertzean, jada gorpu utzi behar izan zuten egun anker hartaz. Hura izan zen Agustinek egin zuen azkenetako ekintza.

      —Aizan, non zagon Iratze taberna? —Agustinek dindanean eseri berri den neska gazte lirain bati.

      —-Jarrai ezazu bide honetatik, hor aurrean ezkerretara hartu eta errepidearen beste aldean ikusiko duzu. Aurre-aurrean —ihardetsi dio irri sentsual batez lagun taldearen zain bide dagoen neskak.

      —Eskerrik asko, polita.

      Neska gazteak irribarre egin dio batere lotsarik gabe. Erakargarria benetan. “Hamaika bihotz apurtuko ditun horrela jarraitzen badun”, pentsatu du mutilzaharrak.

      Iratze aurrean du. Lehenbiziko aldiz eskolara eraman zuten antzeko beldurra sumatzen hasi da. Ez da Ixiarren senarra ezagutu behar duelako. Hark esan behar dionak kezkatzen duelako baizik.“Nahiz eta larria izan, ez dadila konponketarik ez duen zerbait izan behintzat” dio bere baitan. Espero gabeko ezuste handiaren aurrean aurkituko dela dioenak garbiago idatz ziezaiokeen. Batzuei misterioa eta kukuka ibiltzea gustatzen zaie behintzat! Beno, ez du uste hain larria izango denik, bestela gutunean bertan jarriko ziokeen. Ala ez? Arnasa sakon hartu, barrura sartu, aulki batean jesarri eta pintxo bat eskatu du, baxoerdi batekin batera. Bitartean zigarro bat piztu eta Argia aldizkaria galtzen atzeko patrikatik ateraz hizki handiak kanpoaldera irakurtzeko moduan dituela eskuan tolestu du, bere bila datorrenak ezagutu dezan. Gogorik gabe jan du.

      —Hi al haiz Agustin?

      —Bai. Hi Erramun, ezta?

      —Eser gaitezen hor mahai horretan.

      Erramunek labur azaldu dio gutun misteriotsuaren arrazoia. Ixiarrengana eraman behar du. Gaixorik dago. Oso larri. Sendagileek esaten diotenez, aste gutxiko edo egun gutxiko kontua da. Hiruzpalau aste dira bere emazteak Agustinen izena ametsetan behin eta berriro errepikatzen duela. Kezka handiren bat du barnean, baina ez dio ezer esan nahi izan senarrari. Senargai izandakoaren arrastoa bilatu eta bere ondora eraman dezala. Besterik ez.

      Bat-batean botatako albiste hark ahoa irekita laga du Agustin. Mahaitik hegan kafe kikara ertzera joan den euliari begira geratu da. Azukre apurrak jaten ari da. Edo xurgatzen. Zer egiten dute euliek? Kanpoan euria hasi behar duela ematen du. Negu Gorriak datorkio belarrira... Euskalduna naiz eta harro nago. Ez zaio gertatzen ari zaiona gertatzen ari. Ametsetan ari da eta aurrean daukan gizona ez da benetakoa. Laster desagertuko da zigarroaren kearekin batera. Eskuan duen zigarroa indarrez zapaldu du hautsontzian. Ixiarren senarrak begirik kendu gabe dauka. Ahoa itxita. Mutututa geratu dela dirudi. Jarrera erosoagoan higitu da eserlekuan. Larri hitz egin du. Uste baino marrantatuago irten zaio ahotsa, eta eztarria garbitu behar izan du.

      —Ixiarrek ba al daki... azkenetan dagoela?

      —Nik ez zioat ezer esan, baina iruditzen zaidak bere buruaren berri ondo dakiela. Sendagileek niri berri txarra eman baino lehenagotik, beharbada. Neu ere medikua nauk —Erramunek.

      Ez dute ezer gehiago elkarri esateko. Agustinek galdera ugari ditu, baina nahita ere ezingo luke ezer esaten asmatu. Ixiarrek izan zitzakeen arazoen gainetik zerbait polita gertatuko ote zen ezkutuko esperantza erabat zapuztu du berri txar hark. Jada ez daki nora begiratu ere. Parkean bere pentsamenduekin batera eta bestera ibili denean halako indarrez pilatzen zitzaion iraganak ordura arteko bere etorkizun hauskara argiagoa bihur zezakeela pentsatu du. Albiste hark, ordea, Ixiarrekin nolabait, lagun moduan bederen, irudikaturiko etorkizuneranzko bide samurragoa ikaragarrizko bortxaz desegin du. Horrelako berri txarrak ezin dira horrela bota. Kolpetik. Mediku arraio hau ez da izango, ez, psikologoa. Agustin oso arraro sentitzen da: oinazeak bihotzean hozka eginda eta aitzinean duen gizonarenganako mespretxua sumatzen. Orain hau zergatik ari zaion gertatzen galdetu dio bere buruari.

      Medikua omen den senarrari berriro so egin eta konturatu da hark ere nahikoa lan izango duela bere oinazea ezkutatzen. Ez. Ezin du mespretxatu, baina esan behar ziona beste era batera esan besterik ez zuen! Ez dio bisaian tristurarik aurkitu. Agian bere emaztearena aspalditik irentsita duelako etsipenak ematen duen naretasun antzeko zerbait geratu zaio. Mutilzaharrak ez daki Erramunen lekuan balego izango lukeen hain lasai agertzeko kemenik. Izan ere, zenbat aldiz eta zenbat gautan irudikatu ote du bere burua ezkongabe edo alargun legokeen Ixiarrekin berriro topo egiten! Eta orduan, andregai ohiaren herrian edo hiriburuan, mendian edo hondartzan, zelaian edo gela txiki polit batean, hitz dardarati artean biltzen ziren biak berriro, zirrarak heldutako musu gartsuen artean, geroxeago, oheratu aurretik edo ondoren, berdin zitzaion, urte luze haietako bakoitzaren ibilbidea elkarri laztan artean kontatzeko!

      Erromantiko inozo bat besterik ez da. Halako albiste txarra kolpetik jakiteak, ordea, udaberri koloretsuz jantzitakoa izan zitekeena, negu beltzetan beltzenera eraman du Agustin. Aurrerantzean amets egiteko aukerarik ere ez duela izango jabetzeak ondoezaldia ekarri dio, komunera joatera behartuz. Aurpegia urarekin freskatu, lauzpabost bider arnasa sakon hartu eta prest dago. Tentetutako betiko kalpar madarikatua esku ahurra bustiz zapaldu du. Ixiarrengana ahal duenik eta dotoreen agertu behar du. Udako alkandora eta prakak gutxienez aski apainak dauzka. Trakets samarra da eta pintxoaren koipe tanta bat galtzen parera erortzean hankak zabal-zabal eginda eserita egon delako libratu da. Zurezko aulkiaren ertza paperezko ezpainzapiaz lehortu du.

      Itzuli denean medikuaren aurpegian erreparatu du. Ez du uste bisaia hura inon ikusi duenik. Gizon onaren itxura du, ile sarria eta oso zuria, begirada jatorreko begi belzduna. Eguzkia eta haizea hartzeko ohitura duen soin ongi zainduaren tankerakoa gainera. Bata besteari begira geratu dira, ezer esan gabe. Agustin seguru dago biek pertsona bera dutela buruan, mutilzaharrak iraganekoa eta senarrak oraingoa. Baina barnean galdera desberdina segur aski. Batak, “ni maite ninduen adina maitatzen ote du orain senarra?”. Eta besteak, “ni orain maite nauen baino gehiago maitatu ote zuen aurrean dudan ezezagun hau?”. Medikuaren begiratua jelosiaren itzalak ilundu ote duen iruditu baitzaio.

      Elkarri zer esan asmatu ezinak sortzen duen egonezina puskatuz medikua eserlekutik jaiki, biek hartutakoa ordaindu eta “Goazen! Autoz eramango haut” bota dio Agustini. Autoko atea irekitzen hasi eta egundoko zaparrada hastea bat izan da. Erramunen ondoan, aitzinako kristal-garbitzailea abiadura azkarrenean dabilela, Psikosia filmaz oroitu da. Eta film hartako neskaren moduan, erabat galdua sentitu da. Zerbait polita gogoratu behar du, Ixiarrengana bekozko ilunez ez iristeko. Herritik irtetean errepidearen paralelo doan burdinbideko trenaren turuta-hotsa ekarri dio belarrietara kristalaren kontra euriarekin batera gogor jotzen duen uztail hasierako haize indartsuak. Autoa hartzerik ez zuenean trenez joaten zen andregaiaren herrira. Hamaika bidaia egin zuen neskaren laztanen irrikan. Ea zigarro bat erre dezakeen galdetu dio Erramunek. Baietz erantzun dio Agustinek. Berak ere paparra apurtxo bat ireki eta zigarro bat isiotu du. Urduri dago. Gaztaroan, neguan tabako gorri gehiegi ahoratzen ez bazuen ere, udaberrian, eta bereziki udan, ugariago erretzen zuen. Asko trenean. Ama gazteak haur besoetakoekin edo zaharrak eztulka aldamenean esertzen zitzaizkionean baino ez zen joaten plataformara zigarrokina amaitzera. Nahiz eta sendagileak kalte egiten diola esan, garai hartan hain gogoko zuen Camel zigarreten usain aparta bihotzaren oroimenera berriro ekartzeagatik erretzen du oraino. Astean pakete bat. Ez da larregi. Bularra pozez hauspotuta joaten zen neskarengana. Trenera igotzen ziren baserritarrekin-eta hamaika solasaldi egiten zuen. Franco madarikatu hura hil zela jada lau urtera zihoan eta hil berritan edozer posible zelako uste hura baretzen joan bazen ere, euskaldunen aurpegietan oraino itxaropena nabarmen islatzen zen. Askatasuna hain hurbil ikustearen usaina edonondik usna zitekeen eta elkarrekin euskaraz hitz egitearen anaitasunak indar handia zuen orduan. Erdaldunek ere, hauteskundeak izango zirela jakitean, botoa alderdi abertzaleei eman beharko zitzaiela esaten zuten. Bai, garai hartan posible zen edozer.

      Trenetik jaitsi eta txistua joz, urratsez urrats, hankak luzatuz, oinez egiten zuen andregaiaren etxepeko tabernarainoko bidea. Edo autoz iristen bazen, plazan aparkatzen zuen, ongietorriak edo agurrak trenean edo autoan egitea ez baitzitzaion gustatzen neskari. Beraz, Ixiar ez zen inoiz Agustinen bila joan. Tabernan elkartu, arratsaldea eta gau zatia elkarrekin pasa eta neskaren etxepeko ezkaratzean agurtzen ziren igandero, aldian behin baita larunbatetan ere. Autoen edo tren geltokien kontra zerbait ote zuen galdetu 'izan zion neskari eta honek ez zitzaizkiola gustatzen erantzun izan zion beti, besterik gabe. Batik bat tren geltokiek tristura handia sortzen ziotela zioen. Agustinek, hala ere, neska kontuetan malezia handiegirik ez bazuen ere, ezkaratzeko ilunpeko gozotasun bero haiek ez galtzearren izango zela pentsatu izan zuen. Baina geltokira sekula joan nahi ez hura beste zerbaitekin lotua egon zitekeela ere pentsatu zuen. Haurtzaroko konturen bat, oraino berari esaten ausartzen ez zen sekreturen bat edo... erdi sorgina zenez, tren geltokian gertatuko zen zerbait gogorra aurreikusi ote zuen ere pentsatu izan zuen.

      Ixiar Gurpide Zamakola. Abertzale ez izatetik abertzale sutsuena izatera igaro zen bere andregai ohia. Nork esan halako indarrez maitatuko zuenik neska bat? Nork eta, haurtzarotik euskaldun kontzientzia izan eta etorkizunaz kezkatuta ezkutuko herri antolaketa mota guztietan ibili zenak. Neska gazteetan pentsatzeko ia betarik izan ez zuenak, edo hobeto esanda, nahiz eta haragiaren grina indartsua maiz sutan sentitu, horretarako denborarik hartu ez zuenak. Grina honen aurka bazuen ukendua, jakina. Harreman sexualak ordezkatzen dituen lanbide bakartia. Agustinen nerabezaroan eta gaztaroan hain modan egondakoa. Lorerik lore ibili izan balitz agian bizitza sexuala, osatua, lerdena eta ederra izango zuen. Baina buruan hori baino ez daukanak, horretan galtzen du indar oro. Ala ez? Kontua da Agustin ez zela izan lorerik lore ibili izan ohi diren —Euskal Herrian oso gutxi, egia esan— horietakoa. Eijerra zira maitia, erraiten deizut egia. Nork eraman ote deizu lehen floria?

 

 

Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001