Iraganean galdua
BEDERATZI
Biok bakarrik geratu zarete. Ausart zaude. Estalkiak ezkerreko eskuaz kenduz ohe ertzean eseri zara. Ohean egoteak kamisoia goratu egin dizu izterrak bistaraziz. Hala ere, ez duzu behera jaisteko imintziorik ere egin. Oraino izter indartsuak dituzu, hainbeste urteko ekintza armatuen eta entrenamenduen ondorioa. Lasterka oztopo, koska eta zuloen gainetik salto eta tiro egiten. Zuhaitz handietara igo, beheko adarren batera irten eta handik aurreraka edo atzeraka behera jauzi egiten zenuten, lurrean kiribilduz itzulipurdia eginez zutik geratzeko. Edo Iparraldeko etxe txiki horietako bigarren solairutik behera. Edozer gerta ere, altura handietatik erortzen jakin beharra zegoen. Zure berna ederrek soinketa ugari haiei zor diete beren malgutasuna. Agustinengana igo duzu begiratua. Zure aitzinean zutik dagoenaren egoerak ez dirudi oso lasaia. Hortzak erakusten dituen irribarrea egin diozu. —Tira, Agus, orain ez haiz aztoratuko mila bider ikusitako izter hauen aurrean, ezta? —Ez, baina, ohitura falta zeukanat, neska —maitekiro erantzun dizu, asaldadura disimulatu ezinik. Bi eskuak eskaini dizkiozu haietatik helduz tente jartzen lagun zaitzan. Ispiludun armairuko emakumeari beha geratu zara eta ikusi duzuna ez zaizu hain aldrebesa iruditu, argalago zaude, bai, baina zure soinak gaztetako edertasuna zeurekin mantentzen jakin du, eritasun ororen gaindi. Atea ireki eta soineko bila hastean, ziur aski halako egoeran inoiz aurkituko ez zen Agustini egonezina sortu, nonbait, eta leiho aldera alde egitera behartu du, zu lasai jantzi zaitezen. Errespetatu egin duzu haren durduzadura. Bi besoak gurutzatuz eskuez galtzarbe paretik helduz kendu duzu kamisoia behetik gora buru gainetik. Senarrari ez diozu egia esan, sostena baduzu, bai; kulerorik ez, ordea. Zure aldakak, sabela, lehenbiziko haurra izan aurretik odoljario arriskutsua izanaren ondorioz ia igarri ere egiten ez den zesareak lagatako orbaina, hankarteko triangelu formako bizar kizkurra... beha geratu zara. Ia ustekabean eskuineko erdiko hatzaz motxinaren erretena gora eta behera kitzikatzen hasi zara. Oraindik bizirik zaude. Eritasunak okerrera egin duenetik zure senarrak kristalezkoa baitzinan tratatzen zaitu, behin esan zenion, eta harriduraz begiratu zintuen, maitasuna egin nahi zenuela. Ongi portatu zen, baina harrezkero gaixotasunaren gainetik bizitzaren deia izan duzun bakoitzean, ez sarri, egia esan, ez zara senarrari ezer esaten ausartu. Sendagilea denez, kalte egingo dizulakoan egongo da. “Gizonek gure beharren berri ez dute inoiz jakiten”, pentsatu duzu. Bizitzaren azken hilabeteak, egunak edo, beharbada, orduak baino ez badituzu aitzinean, maitatzea eta maitatua zarela sentitzea da zure lehenbiziko beharra. Hain serioa da zure senarra, ordea. Bakarrik ez zaudela ziplo ohartu zara. Lehen ez zitzaizun horrelakorik agituko, baina eritasun madarikatu hau zutaz jabetu denetik aldizka burua ere, txoro-haizearen gisan, galdu egiten duzu. Burua jiratu gabe ispilutik barrena leihorantz egin duzu so. Kanpora begira geldirik dago zure Agustin gizajoa, baina... kanporantz irekitzen den leihoaren kristaletik beraren begitartea ikus dezakezu, beraz... hark ere bai zu. Lehentsuago erdi lotsatuta alde egin dizu, baina, inork ikusten ez gaituenean, geure ustetan bakarrik gaudenean, nor ez da kuxkuxeroa? Segur aski zure soina ikusten egongo zen. Miresten? Ai hala balitz! Begirada behera desbideratu duzu so debekatuak egiten jardungo zuen Agus kontura ez dadin zu hartaz jabetu zarela. Konturatuko balitz, lotsak hilko luke. Armairuko atea irekiz presaka, tarrapataka, koloretako soineko luze bat hartu eta burutik behera sartu duzu. Ezkerreko saihetsean dauzkan botoiak lotuz, telazko gerrikoaz sabel gainean korapiloa egiten ari zarela “Jantzi nauk, Agus. Zer? Polit al nagok?” esan diozu. Uste ez zuen lekura eraman du Ixiarrek Agustin. Hasieran fereka labur haiek, gero musu samurra, gero laztan eta musu gartsu hura, eta orain, oraingoa izan da okerrena, edo ederrena, nondik begiratzen den da kontua. Leihoa ireki duenean zurezko kontraleihoari ia itsatsita geratu da eskuineko kristala. Etxe aurrera jotzen duen gerizondoari, edo sagastiz inguratutako goiko baserriari behatu aurretik kristal hartan armairuko ispilua islatzen dela ohartu da. Aldatzen hasiko den Ixiarri ez begiratzea pentsatu du, jakina. Eta halaxe egin du. Ez oso denbora luzean. Barruko dei ezkutu batek andregai ohiari begira diezaion eskatu baitio. Soinean sostena besterik ez duela ohartuz, txundituta geratu da berrogeita bi urteko Ixiarrek oraindik nolako gorputz ederra duen ikustean. Neska gaztea ematen du. Geroxeago, bera han dagoela ahaztuta balego bezala, soinaren leku kuttunena igurzten hasi denean, orduan bai kanpora begiratu behar izan duela. Zer erremedio. Beno, pixka bat begira egon ondoren. Tentazioa handiegia izan baita. Jada jantzita egongo zelakoan atzera aurrean zuen pantailatik behatu duenean, soineko hura goitik behera janzten ari zen. Kulerorik gabe. Horrek ere asaldatu du. Irudia burutik kentzea hobe. Ixiarrek jakingo balu kristala eta ispilua profitatu dituela begirada lizunak botatzeko, ez lioke sekula barkatuko. “Agustin! Nola izan dezakek hain begiramen gutxi heriotza hain hurbil duen emakume batentzat! Zerria!”. Haurtzaroan Eliza Katolikoan hezitakoaren bekatuaren konplexua sartu zaio. Bestalde, ordea, gorririk ikusi duenean, behatz puntetan ukitu dionean, musu ematean, sekula ez duela Ixiar hainbeste maite izan ohartu da. Beharbada ez dio begirada lizunik bota, maitasuna izango zen. Bai, hori, maitasun begirada. Lau puntu kardinaletatik batera etorritako enbatak oraintxe batera gero bestera, ziba baten gisa, bueltaka jarritako txotxongiloa baino zorabiatuago, endredatuago sentitzen da gure mutilzaharra. —Goazen —esan diozu. Ez duzu beste hitzik behar izan. Goazen apala, xuxurlaria. Begiak zugan dituen Agustin zuregana hurreratu da. Edozertarako prest dagoela antzeman diezaiokezu. Zure nahiera, gurari, apeta, gutizia, zernahi mesede, mirabe otzanenarengandik baino errazago lortuko zenukeelako uste osoa duzu. Zeuk ere ez dakizu nondik jo. Agustin maitatzeko gogoa piztu zaizu zeure barru intimoenean. Ondoan, zuk zer esan zain, itxaroten, aiduru dagoen gizonari senar-emaztegai zinetenean hiru asteburu haietarako egiteko laga zenuten maitasun festa hura, orain, une honetan hastea gehiegia-edo irudituko ote zaion beldur ez bazina... Zu zeu ere urduriegi jarriko ote zinatekeen kezka duzu. Zakilixutek esango lukeen moduan gehiegiegia da, apika. —Hel nazak, senar-emaztegai ginen garaietan bezala. Etxea eta inguruak erakutsiko ditiat. Ez da irtenbide txarra izan, horrela biok baretuko zarete eta bidenabar zangoetan zenbaterainoko indarra duzun probatuko duzu. Ezkerreko besoaz gerritik heldu diozu eta Agusek eskuineko besoa zure sorbaldan jarri du zure besogaina eskuaz heltzeko. Emakumea balitz harro erakutsiko zenioke etxea senargai ohiari. Gizonak, baina, segapoto samarrak dira, dekoratu, errezel, margo, argazki, ohe-estalki, altzari, sukaldeko ontzi eta abarren kalitateaz edo edertasunaz konturatzeko. Euren mundua eguneroko lanaren inguruan eraiki dute; eta behin baino gehiagotan, borrokatik erretiratu beharraren ostean, osasunez ondo samar zinenean, zeuk ere atentzio handiegia merezi ez duen altzari bat gehiago ez ote zinen errezeloa izan zenuen. Amen batean erakutsi diozu etxea. Gainbegirada bat besterik ez. Arrate txikiari zeuon aurretik joan dadin esanez, atarian ingeniariaren alabekin jolasean gera dadila agindu diozu. Eskaileretatik behera kalerantz eraman zaitzan eskatu diozu Agustini. Bigarren solairutik sarrerarainoko bidea gizonari helduz aise egin duzu. Leihotik ematen zuena baino eguraldi ederragoa dago. Norabidez aldatutako azken lainoak iparralderantz ari dira desagertzen eta zerua urdin, eguzkitsu, alai agertzen da. Hego-haizeak epeldutako gerizondopean Agustinek besazpian eramandako neguko estalki lodi bat zabaldu du balizko hezetasunak ez diezazun kalterik egin. Atarian dagoen ehun kiloko alperra eramateko esan bazenio ere berdin-berdin eramango zizun; beno, ahalegindu, ahaleginduko zen behintzat. Zure esanetara dago. Zu nola poztu, zu nola zerbitzatu, zuk zer eska diezaiokezun, hura betetzeko. Beste egoera batean bazeundete... Badakizu zureganako maitasunaren kriseilua ere indar handiz piztuta dagoela. Erraz igartzen zaio. Begietatik darion suak gerta dakizuekeen une ederren baten itxaropenaz hitz egiten dizu. Amaren esanari jaramonik egin gabe hurreratu zaizuen haurrari, eskutik zintzilik eraman duen maletatxoko jostailuekin harantzagoko iturriaren aitzineko ordekan jolas dadila esan diozu. Eta hobe beste haur guztiekin, atarian. Badirudi Arrate txikiak badakiela zuk Agustinekin bakarka egoteko gogoa duzula, zuri beha-beha jarri, irribarre maleziati bat bota eta atarirantz joan baita. Ene! Irribarre maleziatia nola egingo zizun, ba? Maleziati zeu zaude, Ixiar. Dena den, oso azkarrak dira haurrak. Estalkiaren gainean gora beha etzan zarete biok. Isilune laburraren ostean, ezer esaten ez den berriketa arinean, eguraldia, bizi zareten etxea hain modu onean erostean izandako suerteaz, eta abar hasi zara. Badakizu gai hori ukitzea alferrikakoa dela, eta biok zaudeten lekuan aurrez aurre saihetsaren gainean bermatuz jarri zaitezten eskatu diozu. “Kaixo, Agus” emeki esan diozu. “Kaixo, Ixi”, esan dio mutilzaharrak, aitzinean irribarre ireki eder hura oparitzen dion maitea indarrez besarkatu eta soin osoa musuz estaltzeko gogoari eutsiz. Pinupean egindako saioaz oroitu da. Bat-batean erne jarri zara. Muino goieneko basotik haizearen hots gozoan bildutako kukuaren kantua iritsi ote zaizun belarrietara begitanduz patriketan ea zenbat diru duen galdetu diozu senargai ohiari. Begiak ondoan etzandako andre eri baina ederraren bisaian baino ez dituen gizonak, urduritasunari gaina hartuz, estutasunaren ataka bihotz kolpe batez irekiz, erasi marmaratiari ireki dio bidea. —Uztail hasieran kukuaren kantua? Ixiar. Nahiago niken, bai, bion udaberria balitz eta zuen herriko pagadi bakar txiki hartan bageunde kukua aditzen! Militanteen ekintzak, iraultza, odolez blaitutako askatasuneranzko bideak eta abar burutik ezabatuz, sekula entzun ez dunan mintzaira iradokitzailean begi leinuruak, marrubi basatien moduko ezpain abegikorrak, arrosak diruditen masail emeak, mahats ederrena baino gozoagoko belarri-gingilak eta bereziki hire barren-barreneko sugarra islatzen duten begiak ditunala esango ninan! Agustinen etorriarekin txundituta geratu zara, Ixiar. Bainulariari ur-jauzi gardenak soina nola, halatsu freskatu, naretu, araztu dute zure izakia lohiduraren beste ertzean dauden orbanik gabeko hitz haiek. Ziegatako gabeziatik sortutako gurariaren desira izan daitekeela, oraindik ere, pentsatu duzu. Gustatu zaizu, baina. Gero eta gardenago ikusten duzu zure Agustin beti, bizitza osoan esan dezakezu, zuri itxaroten egon dela. Emakumeren batekin edo besterekin ibiliko zen, baina ez da gai izan bere amodioa beste inori emateko. Hasiera batean, logelako sarreran agertu zaizunean errukiaren uhinak heldu zaitu, bularraldetik eztarrira halako pisu astun bat sumatuz. Orain, aldiz, gupidatik oso urrun daude zure sentikizunak. Etorkizunik ez duzuenez, iraganeko bion udaberrira joko duzu. Agustinek hala nahi du eta senargai ohiaren guraria betetzeak poztuko zaituelakoan zaude. Borroka kontutan heldua dena eta amodio kontutan ia-ia nerabezaroan geratu zaizunaren sasirik gabeko bide loretsua hautatu duzu. Batek daki nora eramango zaituen. —Kukua! Kontu txiki bat esan behar diat. Elkar ezagutu genuen egunean, goizez mendian koadrilarekin nenbilela, kukua inoiz baino kantariago entzun nian. Eguerdi aldean zuhaizpean etzan, begiak itxi eta haize xeratzaile epelak hosto artetik pasatzean ateratzen zuen hots biguna eta urrutiko ardien zintzarrien doinua nituela lagun, amodio handi bat ekar ziezadala eskatu nioan kukuari. —Ez hidanan hori sekula kontatu. —Lotsatu egiten ninduan. Nire sekretutxoa zuan eta gainera ez nian hitaz maiteminduegi agertu nahi. Gogoratzen al haiz elkar ezagutu genuen gau hartaz? —Gogoratuko ez naun, ba! Garo-Handineko jangela hartan bi mahai luzetan bi lagun talde eserita. Aurrean nitinan gure koadrilako bi aurpegi eta hire aitzinean zeudenan bi mutilen bizkar artetik hire begitartea ikusten ninan. Urruti samar, baina bekoz beko geundenan. Jan-edanean eta berriketan, baina begiratua hire aurpegitik apartatu ezinik iragan ninan ia gau osoa. Nik inoiz ikusitako neska politena hintzen. —Eta hik zergatik uste duk, ba, ibili nintzela hainbeste zorakeria egiten, hain barre-eragile eta... —Sentsual eta eder. —Ba, ondo konturatuta nengoalako hire begirada nigan josita zegoala. Zubiaurren margoetatik ateratakoa zirudien mutil euskaldun peto eder haren begirada atsegina beti nire gain nuela ikusteak laineza apur bat eman zidaan, bai, eta ez dakik zer nolako kili-kilia sumatzen nian barruan! —Kafea hartzeko garaia heldu zenean, aulkitik altxa eta komunera joan nindunan. —Eta nik, berriz, hi gelatik irteten ikustean, “ea mutil aparta horrekin hitz egitea lortzen dudan”, pentsatuz han abiatu ninduan hire atzetik neu ere. Hi irten zain egon ninduan harrizko trantsitu ilun haren erdian. Bai. Ondo gomutatzen nauk. Hiru ate zeudean. Bizkarrean jangelarakoa, aurrean kalerakoa eta eskuinean komunekoa. Ni geldirik ate ondoan. —Ez zekinat geldirik hintzenan, baina bai komuneko argi bizitik ipurtargia baino gutxiago argitzen zuen bonbilla bakarreko korridore ilunera pasatzean, itsuturik, laranja koloreko bonbillak airean ikusten nituela, bular oparo batzuekin topo egitean egundoko ezuste atsegina izan nuela. —Ezustea hirea izango zuan. Ai tontoa! Ni han apropos jarri ninduan, Agustin. Eta... tximista hura? Gogoratzen al haiz? —Bai, neska. Oraintxe esan behar ninan. Nik, “barkatu”, hik, “ez duk ezer”, ari ginela tximista ikaragarri hark hire aurpegia ipuinen munduko lami ederrena baino zoragarriago ikusarazi zidanan eta... hura laztana! Ardoak oilartuta egon ez banintz ez nindukenan ausartuko, baina... Hi, eta, zergatik eman hidanan halako masailekoa? —Ez zakiat, motel. Agian, musu luzeegia eman hidalako, edo beharbada itxurak gorde egin behar zirela uste nuelako, edo... Dena den, oso pozik hartu nian laztan hura. Horregatik belarrondokoa eman bezain laster —oroitzen al haiz?— ez niala minik eman nahi eta barkatzeko eskatu nian. —Ai, Ixi! Hura bai izan zela une benetan aparta! Zirrara mota desberdinak pilatuak! Laztana, matrailekoa, berriro samurtasuna... Batez ere baserriko leiho guztiak astindu zituen trumoi izugarri haren ondoren hi niregana arrimatu hintzenean, beldur hintzela-eta. —Ez ninduan beldur, Agus. Aitzakia ezin hobea zuan hirekin bakeak egiteko. Zaplateko hura ahantz hezan. —Benetan une txundigarria izan zunan... —Baina ez oso luzea. Gure koadrilako lagun baldar, tontolapiko, pailazo hura alkoholak eta kantuak lakartutako ahotsez, “zer egiten duzue hemen?” galdetuz azaldu baitzen. Zizpa ederrean bidali nian handik! —Bai! —barre-algaraka oraingoan mutilzaharra—. Hura poza hartu ninan! Ez zunan sekula halako kementsu nire alde jarri neska bat. Nolako neska gainera! Gatzaduna eta benetan polita, arraioa! Haserrealdi txiki harekin oraindik ederragoa ikusi hindudan. —Eta hi, berriz, gure koadrilako sapero hura baino tontoago geratu hintzen, ahoa irekita inozo baten moduan. —Egia dun, Ixi, egia galanta. Jakin ez zer egin, kanpora begiratu eta, begira, “euria ari dun” esanez atarirantz abiatu nindunan. Ziur nengonan-eta, ez zekinat zergatik, hik atzetik jarraituko hidanala. —Zaparrada ederra hasi zuan! Kanpora irten eta, euriak aurpegia blai ziezadan, gora begiratu nian. —Halako tuntuna! Bazirudinan ez hintzenala konturatzen aurpegiarekin batera soina ere bustitzen ari zitzainala. —Konturatu ez? Hala iruditzen al zaik? —Ez didan esango, ba, aurrez dena pentsatu huenala! —Beno, pentsatu, pentsatu, ez, baina nola erantzungo huen jakin nahi nian. Hire jokabidea ikusi. —Emakumeok! Gu bidea egiten ari garelakoan eta zuek jada helmugara iritsita. Baina, zer kristo! Pozik eskaini ninan jertsea eta... —Aitzakia ezin hobea nian hiri jertsea itzultzea zela-eta hurrengo baterako elkar ikusteko gera gintezen. Baina hain urduri nengoan, tuntun honi ahaztu eta dena egin baitzitzaioan eguna eta ordua jartzea. —Neu ere ez nindunan konturatu. Pailazoa! Hik esandako tabernara aldian behin azaltzen nindunan. Alferrik, noski. —Hiri jertsea itzultzea besterik ez balitz taberna hartan lagatzea banian, baina nire nahia hi berriro ikustea izanik... —Neuk ere esperantza hori ninan. Dena den, gau hura izugarri polita izan zunan. —Bai, polita benetan. Benta zaharberritu hura ez diat sekula ahaztuko. Amesti geratu zara iraganeko irudi maiteenak multzoan bururatzen ari zaizkizula. Zuk ez duzu ordea, Agustinek bezala, benta hura bakarrik gogoan ordea. Benta haren antzekoak, txabolak, bordak, baserriak, herrietako eta hirietako etxebizitzak... Bentako hura oso polita izan zen, bihotzaren leku gogokoenean izan duzu gordeta. Zure senargaia presondegian beti iragan berari lotuta egon zen bitartean, ordea, zu zeure bide propioa egiten ari zinen. Ezkutaleku bilakaturiko etxe haiek, sukalde haiek, egongela haiek, logelak, oheak... atsedenleku ere bilakatu ziren. Agustin gogoan zenuen, bai. Zuk nola pentsatuko zenuen, baina, helburu berarekin ibiltzeak, arrisku berak, tentsioz betetako itxaronaldi urduriak, ekintza ondo atera osteko babespe bereko lasaituak, hainbeste elkartuko zintuztela burkideengana? Olerkari Txiki deitzen zenioten mutil sentibera; leku txikietan moldatu behar izaten zenutenean hanka luze haiek non sartu eta nola jarri asmatu ezinik ibiltzen zen Hankamotzen jarrera irrigarriak; Espainiaren aldeko soldaduska egin beharrean Euskal Herriaren askatasunaren aldeko armadan lizentzia jaso arte urteak emango zituela zioen Txordo serioa; zurekin maitemindu zen kostaldeko Txiripa beltzaran bizia... Etxe leinargietakoak baino leinargiago, eskuzabalak... Munduko edozein bazterretan egonda ere beti txiroen alde aterako zirenak. Zakurrak urrutitik usnatzeko Kapeluk zuen gaitasuna... Beti gizonekin ibiltzea egokitu zitzaizun eta gizon haiek zure bizia izan ziren. Argiak, umorekoak eta zoropotoak ziren erlaxatuak zeudenean. Euskaldun guztion moduan jan-edanerako moko finekoak... Agustini lotuta egon zinen, bai. Legepeko izan zinenean dena ondo joan zen. Beharbada urteetan edo Agustin askatu arte halatsu jarraituko zenukeen. Legepeko bazina ezkontzeko aukera ere izango zenuen... Erorketa bategatik Iparraldean babestu legez bizitzeak aldatu zuen zure bizimodua. Bereziki GAL errefuxiatuak hiltzen hasi eta satorren moduan lur azpian ezkutatuta bizi behar izan zenuenetik. Ez zaizu inoiz burutik kendu Agustini egin zenion azken bisitaldia. Damutu ere egin zitzaizun joatea. Andregai bezala ezin bazenion hitz egin, zertara joan? Hainbesteko gogoa zenuen, baina, hura ikusteko. Ahalegindu zinen zure hitzek esan ezin zutena zure begiek, keinuek, soinak adierazi ziezaioten. Horregatik, ia erdi biluztu zinen. Zu zeu zinen guztia eskaintzeko prest zeundela adierazi nahi izan zenion. Jakin izan bazenu halako ondorio latza ekarriko zizula, ez zenuen berehala egingo bidaia luze eta arriskutsu hura. Beheraldiak jota, etsialdiak hondorik gabeko zuloan amildua, depresioak ezindua geratu zinen. Aurrerantzean ezingo baitzenion Agustini ez bisitarik egin ez gutunik idatzi. Etsipen hartan zure burkideen besoak babesleku bilaka zekizkizun gura izan zenuen, haien begiak zure ispilu, haien ezpainak zuk edan ezin zenuen Agusen amodioaren iturri. Ezin izan zenuen, baina. Orain senarra duzuna ezagutu zenuen arte. Egoera oso desberdinean, baina baita latzean ere. Kemen pindarrik gabeko une ahul haietan beharrezko zenuen indarra hark eman zizun. Agustinek, atariko haurren algarak entzuten, Ixiarrekin batera zelai txiki hartan etzanda, ziegan amestutako gerizondoko hosto arteko haizearen doinua Ixiarrenganako amodio zahar berpiztuaren eresia bihurtu zaiola, lehenbiziko aldiz ea elkarrekin bikote moduan irtengo ziren galderari Ixik baietz goxo batez erantzun zioneko sentikizun berdina du. Ametsetan dagoela iruditzen zaio. Onena, baina, ia sinestezina dena, Ixiarrek une hauetan berarengan sentitzen duen amodioaren indarra ia ukitu ere egin dezakeela da. Zerbaitetaz inoiz segurantziarik izan badu, une hauetako Ixiren sentimenduaz da. Begi erlanztuetatik darion maitasuna ezkutaezina du. Maitasuna pinupean edo autoan egin aurreko uneetan baino askoz gusturago dago Agustin. Orekatuago. Une honetan, zilegi balitzaio, senarrari traizio egitea izango ote den zama ez balu barrenean, maitasuna egingo luke aurrean duen Ixiarrekin. Isilik daude biak, pozik. Halako batean, barreneko naretasun goxoenean dagoela, laino ekaiztsuak eguzki aurrean jartzean nola, halaxe ilundu zaizkio Ixiarri begi orain arte oskarbituak. Izialduraren tximista sartu zaio bihotzeraino Agustini. —Ixi. Zer dun? Ez al hago ondo? —Ez hadi beldurtu, motel. Lehengo kontu zahar bat etorri zaidak derrepente burura eta... Bai, Ixiar. Zuk nahi baino sarriagotan etorri izan zaizu gogora. Une zoriontsuenetan maiz, zoriontsu izateko eskubidea kendu nahirik dabilkizun iraganeko mamu beltza bilakatu zaizularik. Iparraldetik hegoaldera zenbiltzan garai haietan, Agustini egin zenion azkeneko bisitaldi hartatik nahikoa hurbil denboran, inork espero ez zenutenean, zakurrak joan ziren zure bila. Denok batera erori zineten, eta komando-burua zeu zinela bazekiten. Komisarian zartatekoak, telefono listinaz buruan indar osoz emandako kolpeak, borra handi batez ipur-masailetan eta izterretan zartada jasanezinak. Bakean bakarrik uzten zintuztenean ere oinaze pairaezina zenuen lagun, gibelerat lotutako esku-burdinek higiera txikienekin ere salto eginez estuago lotzen zizkizutelako eskumuturrak. Berriro noiz agertuko izu-ikarez osatutako denbora. Leku isolatu ezezagun hartan nahi zutena inpunitate osoz egin ziezazuketelako segurtasunetik sortutako ondoez dardaratia. Eguneroko lan arruntera bailihoazen, barrez eta txantxaz berriro zure gelara hurbiltzean, barrenean pizten zitzaizun alarma gaixotia. Eta berriro galderak. Irainak. Arnasa hartzen uzten ez zizun burutik behera sartutako plastikozko poltsa, lepo parean ondo lotutakoa, itota hiltzea zer izan daitekeen irakatsi zizuna. Orduak eta orduak horrela. Jan gabe egon zintezkeen. Horrelako leku batean gosea baita desagertzen den lehenbiziko gauza. Loak hartu gabe ezin zenuen iraun, baina. Horretan ere ahalegindu ziren. Okerrena, ankerrena, emakume batek jasan lezakeen beheramendu, laido, irain mingarrien eta eramangaitzena etortzeke zenuen ordea, Ixiar. Larrugorririk jarri zintuzten. Zakur batek, zure gibelean jarriz, milimetro bat ere ez higitzeko esan zizun, ez bazenuen lepa-hezurra puskatuta hil nahi, besoaz lepoa estutzen zizularik. Beste bik, bakoitzak berna batetik ondo heldu zizuten, eta beste hiru titiburuetan, sabelean, aurreko aldetik ubeldu gabe zeuden izterretan, iztaietan, amodiorako gorde nahi izan zenuen zure soinaren leku intimoenean, ukitu grinati, likits, koipetsu, nardagarriak egiten hasi zitzaizkizun. Hantxe bertan hiltzea desiratu zenuen, Ixiar. Hitz bakoitzetik edena zerien gizaki haiek, hala deitu ahal balitzaie sorkuntzatik bihotza suge irristakor pozoitsuen putzu beltza bihurtua zutenei, halaxe jarraitu zuten, zuk jarrera alda zenezan lokian pistola jarriz garrasi egin zizuten arte. Pentsatzeko gauza ere ez bazinen, askoz urrutiago zenuen hitz egiteko ahalmena. Aho lehorra perlesiak jota legez eta ideiak bata bestearekin lotzen dituen haria etenda zenuen. Gibelekoak ipurdiko erretenean izugarrizko zartada eman zizun belaunaz, erabat minberatutako bi ipur-masailak harrapatuz. Lurrera zerraldo ahuspez jausi zinen. Han berriro pistola lokian ipini eta batek katuari sakatu zion. Tirorik gabeko klik hark dardarizo ikaratian jarri zintuen. Esku-burdinak askatu eta lau hankatan jartzeko agindu zizuten, jarrera ezin mingarri, umiliagarri, lotsagarriagoan. Lurrean esku ahurrak jarri beharrean, ordea, ukalondoak jartzeko agindu zizuten, lau hankatan egoteaz gain zure ipurdia gorago egon zedin, zure sexua begi-bistan, babesik gabe gera zekizun, zure ahalke ikaratia handitzeko. Orduan hasi ziren, batek zakila sartuko zizula, besteak, makila lodi bat, besteak gomazko borra... Uzkian min lazgarri bat sentitu zenuen, zerbait latza sartu zizuten. Odolez izan zenuen egunetan. Baginan ere zerbait gogorra, oso minbera sentitu zenuen. Ez zinen negar egiteko gauza ere. Zure emakume izaera puskatuak, erdibituak, bortxatuak ia eromeneraino eraman baitzintuen. Garrasi egiteko indarrik ere ez zenuen, eta hantxe hasi zinen soin minberatu dardaratiz, txilio, negar eta barrez nahasturiko hots arraro ero batzuk ateratzen. Sadikoaren mintzaera oihukariz belarria lerde koipetsuz bete zizunak “¿Qué te parece el polvo que te he echado? Pues ya puedes empezar a cantar desde rancheras hasta chotis madrileños!” buruan tiro egin ziezazula benetan desiratu zenuen. Zirt edo zart, hura amai zedila behintzat. Kordea ia galtzear zenuela mangera batez ur hotza jaurtiz halabeharrez eta oinaze artean zolitu zintuzten, lurrean etzanda trapuzko panpina bazina bezala presiopeko ur indartsuaz horma baten kontratik bestera erabiliz. Zutiarazi, galtzarbeetatik biren artean heldu eta aska zikin antzeko batera eraman zintuzten, buruz behera uretan sartzeko. Kiratsa zerion ur zikin hark goragalea eman zizun. Itomena, nazkak ematen zizun gonbito larritik behazuna eta irentsitako ur zikina botatzen zenuela, barruan likidoa pilatzen, zeure burua itota, hilda, behin baino gehiagotan ikusi zenuen. Odoletan, ubeldua, burua galduta, hotzikaretan zeundenean, dena amaitu zela zirudienean... Gomazko borra handi harekin ukaldi bortitz hura. Euskal abertzaletasunaren kontrako gorrotoak eman zizuna. Barnean zerbait lehertu zitzaizula igarri zenuen. Zu erietxera eramatea beste biderik ez zuten aurkitu. Ezin zuten demokrazian inor hil zekien utzi. Zu ospitaletik atera zintuen hirukote hartako bat ez zen erakundekoa. Benetako medikua zen. Erakundeak jarritakoa, zu hobeki zaindua izan zintezen. Nahikoa arriskatu zen orain zure senarra dena. Espetxean medikuaren zaintzaperik gabe egotearen ondorioz ia ustelduta hil zuten haurtzaroko lagun batek itzartu zuen borrokara. Harrezkero prest egon zen edozein motatako lanetarako. Aitzinean duzun Agustini ez diozu esango komisarian jasandakoak zenbateraino baldintzatu dizun harrezkeroko zure bizitza osoa. Ez tortura arruntagatik, arrunta deitu ahal balitzaie basakeria haiei, emakume baten soina, arima, psikea, morala, dena hondatuta lagatzen duen bortxaketa baino ankerragokoak izan ziren saio haiek ez ezagutu arren, torturapean zenbat jasaten den zuk adina jakingo duelako baizik. Askatu eta gerora zure bizitza bitan banatu zuten egun haietako arrasto ilunek ez zizuten gizon batekin harreman sexual normalak izaten utzi. Ez zinen gauza. Gizon batez maitemindu izan bazina ere ezingo zenukeen harekin maitasuna egin. Jada askatasunean, zenbat aldiz egon ote zinen kanpoko euriari so zure aurpegia islatzen zuen balkoiko kristaletik behera zihoazen ur tantak zure malko anpulu ziruditela! Zenbat aldiz ibili ote zinen euriaren gortinaren beste aldean legokeen paradisu galduaren argi izpi bat bederen aurkitu nahirik! Orain senarra duzunak pazientziaz eta trebetasunaz salbatu zintuen arte.
Iraganean galdua |