Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001

 

 

HAMAR

 

      Une honetan, belardian etzanda, iragan beltza deblauki etorri eta berehala uxatzea erdietsi duzunean, Agustinen haur begiratuan murgildu zara eta zuk hainbeste kalte egin zenionak ordaina merezi duela pasa zaizu burutik. Ez. Ez da ordain hutsa. Senarra logelara etorri aurretik, elkarri musu bero hura eman diozuenean, berarekin maitasuna oso pozik egingo zenukeela otu zaizu. Antzinako euskal pinturetako pertsonaien bisaia ederra duen Agus erdi-bertsolari eta erromantikoarekin. Horregatik biok ohean biluzik etzanda irudikatzearekin batera, gainera etorri zaizu, bortxaz, zeure baimenik gabe, komisariako zure soin hondakin bilakatuaren irudia. Indarrez besarkatu duzu Agustin. Ez dakizula etorri behintzat dardarizo hura. Agustinek igarri bide du nola zauden, hitzik egin gabe, inguruan inor ote dagoen axola izan gabe, bere soinaren kontra estutu baitzaitu. Zure bularrek haren bihotzaren taupadak sumatu dituzte eta bat-batean goizeko ekaitza hego haizeak uxatu ondoko naretasunaren antzekoa sumatu duzu. Aitzinean duzunari behatu eta ezpainetan musu bero bat jartzeko gogoari eutsi egin diozu. Leku hau ez da aproposena maitatzeko. Zuk oso intimitate handia behar duzu, esku ferekatzaileak, hitz xuxurlariak, xera leunak, zirri txikiak, bihotz zabaldutik irteten diren barre gozo maiteminduak behar-beharrezkoak dituzu. Soina zertxobait aldendu eta Agusen so zilarrean murgildu zara. Eskutik heldu eta, “goazen etxera”, esango zenioke. Baina une honetan, lipar magiko bat sortu da zuen artean. Geldirik, isilik, begiak begietan geratzea erabaki duzu.

      Egoera aldarazi duen zerbait jazo da. Biak etzanda bata bestearen aurrean Garo-Handinean elkarrenganako erakarpen sutsua ezagutu zutenekoa kontatzen aritu direnean baino beteago, poz handiagoaz sumatzen da Agustin. Aurrean duen bere betiko Ixiarri espero ez zuen zer edo zer gertatu zaio. Lipar batean begiak lausotu eta munduko tristura denak ikusi dizkio galduta geratu zaion so ilunduan. Ezin izan du begi izarniatu ederrak halako goibelduraz ikustea jasan eta pentsatu gabe, bihotzak agintzen zionari amore emanez, estu besarkatu du. Trumoiaren ondoren zuhaitz hosto blaituetatik txorien kantuek eguraldi eguzkitsua iragartzen duten alaitasun beretsuaz geratu da Agustin. Begiak begietan daude. Ixiarren soa ez da inoiz hain adierazgarria izan, hain kilikagarria, hain erakargarria, hain iradokitzailea. Orain badaki bera maite duela. Ziurtasun osoa du. Senarra maiteko du, beharbada bizia ere zor dio; une honetan Ixiarrengan sumatzen duen gozotasun maiteminak ordea, ez du parekotasunik bien artean izandako harreman hoberenarekin ere. Eskutik heldu eta, “etxera joango bagina?”, esatekotan egon da, baina aldiri ireki haietako hotsek edonoren begi-bistan egon daitezkeela ohartarazi diote eta ahoa ireki orduko ezpainak estutu ditu. Mintzatzen ausartu ez denari bat-batean mutiritasun antzeko zerbait sortu zaio, beste aukerarik ez duenaren bihozkoitasuna, eta gora begira jarriz, ezkerreko eskuaz Ixiarren eskuinekoari heldu dio. Honen erantzuna ezin hobea izan da. Eskuetatik lotuta nola, bihotzez, gogoz, desioz halaxe kateatuta geratu diren ziurtasuna du.

      Zuk, Ixiar, begiak hertsi dituzu eta sabelpetik gora, urdailetik, bularraldetik, eztarritik gora, garuneko zoko ezkutuetaraino igo zaizun samurtasuna laketuz, agondu egin zara. Inguruetara begiratu eta atarian jolasean ari diren haurretatik aparte beste inor ageri ez dela ikusirik, bi eskuak jarri dizkiozu Agusi aurpegi hezurtsuagoan. Iritsi da garaia. Ez dakizu zer egingo duzuen, baina lekukorik gabe, Agus eta biok munduko izaki bakarrak baitzinaten egoteko gogo bizia duzu. Bizia. Agustinek barrenean piztu dizunak oraina dastatzeko gutizia indartsua sortu dizu.

      —Aurpegia argalago daukak, Agus. Tira, goazen etxera. Hemen luzaroan egoteak kalte egin ziezadakek eta osasuntsu sumatzen naizen denbora hau ahal den gehiena luzatu nahi diat.

      Biok tentetuz bekoz beko geratu zarete. Aho irekian zuri zerbait samurra esateko gogoa igarri diozu Agusi. Apika, oraino maite zaituela edo horrelako zerbait. Ez zaio horrelakorik irten, baina. Ez du beharrik ere. Zuk badakizu maitasuna ez dela “maite zaitut” esatea, ekaitza aterpe, malkoa perla, arantza lore bihurtzea baizik. Eskutik suhar heldu diozu. Kementsu. “Goazen, Agus” esanez. Bihotza bularrean kabitu ezinik sumatzen duzu.

      Agustinek lehentxeago hainbeste hitz samur eta beratz esaten asmatu badu ere, “maite zaitut” hitz horiek ez zaizkio irten, berehala ohartuz Ixiarri ez zizkiola maitasun nobeletan eta filmetan hain merke botatzen diren hitz horiek sekula esan. Ez zaio axola. Hitz horiek garestiegiak iruditzen zaizkio. Bizian behin eta mugarik gabeko etorkizun zabalean soilik esan daitezkeenak direla pentsatzen du. Sentimenduen atea irekita dagoenean kaiolatutako hitzek ez dute garrantzirik. Une honetan espetxean hainbeste aldiz amestutakoa gerta dakioke. Ezagutu zirenean bezalaxe, eskutik helduta doaz. Helmuga jakin batera. Hala nahi luke behinik behin.

      Hala ere Ixik esan dion hitz batek amiñi bat endredatu du. “Argalago”. Ustekabeko zirrara egin dio. Iparraldean ezagutu zuen buruzagia ekarri dio gogora. Ezagutu ahala miresten joan zena, hain beharrezkoa zutenean beraien artetik kendu zutena, buruzagia izan arren, zoko ezkutuenean isilik besteren iritziak eta eztabaidak ondo hausnartu ostean, sintesi dialektikoak hain egoki egiten zekiena, bere buruaren protagonismoaren bila inoiz ibili ez zena, beste talde politikokoei zer eta nola esan zekiena, euskal kantu guztiak gordetzen zituena, Laboaren Zure begiek ene maitia hainbeste gustatzen zitzaion erromantiko ezkutua lzan zena. Santo Tomas goiz madarikatu hartan zergatik ez ote zuen auto azpian begiratu? Jada ezkonduta, haurrak izatea buruan zuela, goizeko 7:30etan jaiki eta zeruak iragartzen zuen eguraldi ederraz poztuta, autoa ondo ote zegoen jaitsi eta bertan eraila, apurtua, txikitua izan zenak umezurtz utzi zuen Agustin. Erakunde osoa. KAS alternatibaren asmatzaileak hogei urte luze odoltsuek beti berdin jarrai zezaten laga baino lehen, beste zerbait, beste egoera bat, irtenbide duin bat asmatuko zuela ziur zegoen Agustin. Baina orain, nahiz eta nahikoa berandu, badirudi erakundearen zuzendaritzak bete-betean asmatu duela, alderdi espainiar eta espainolista oro aztoratuta baitabiltza. Erakundeak lau haizetara hedaturiko su-etenak galtzontziloak hutsik harrapatu du etsaia. Bete-betean asmatu delako adierazpiderik onena abertzaleen kontrako espainolen hitz pozoinduek erakusten dute. Kezka handi bat du, baina, Agustinek. Hogei urte hauetan desbideratuak ibili direnek, euskaldun ororena izan behar zuen etxearen zutabeak hondarrezkoak, indargeak eraiki dituztenek, adorea izango ote duten aitzinera egiteko, edo, nahiz eta hauen urratsek berriro gibelerantz egin, erakundeak ikuspegi historikoa izango ote duen su-etenari eusteko, bien bitartean ikusiz, lasai, zer egiten duten etsaiek zein lagunek. Aitaren etxearen zutabeak sendo, lur indartsuan jartzeko gero. Horrek urduritzen du gehien. Erakundearen eta honen lagunen adierazpenak baikorregiak begitantzen baitzaizkio.

      Hau da, hain zuzen, Agustinen ardura politiko handiena. Erakundean lehen zerbait izateak ematen dion irmotasunak bihotz eman dio hamar orrialdeko gutun bat idatzi eta oraingo zuzendaritzari helarazteko. Hura igortzeko modua egin eta Ixiarren senarraren gutuna hartzea egun berean agitu zitzaizkion. Herenegun, preseski. Oraindik alkandoraren ezkerraldeko patrikan dauka senarraren gutuna. Behera so egitean ikusi du. Belaunetaraino iristen zaion gona lasaiaren barrenak Ixiren betiko berna politak erakusten dituela ikusi duen bezalaxe. Eskuineko eskuaz ari zaio heltzen eskutik. Politika kezkak ziplo uxatu ditu. Maitatzeko tenorea heldu zaio eta, aspaldiko partez, zoriontsu sentitzen da. Irribarre tonto batez nerabe bat baino mozoloago doanari besapeko estalkia belar gainera erori zaio, “baina Agus, zer gertatzen zaik?”, barrez bota dio Ixiarrek hura jasotzera makurtu denean. Bien artean tolestatzen hasi direnean mutilzaharrari Ixiarren belaunburuetara eta gorago ikusten zaion izter zatira joan zaio begiratua. “Oi, oi, pikaro bat eginda hago, e, Agus?”, izan dira Ixiar harpa-jolearen hitzak. Bihotzaren taupaden erritmoa azkarragotuta jaiki da Agustin. Pozez kabitu ezinik. Gaztetako Ixiar eztenkari zirikatzailea itzartu dela dirudi. Une honetan itzulipurdika haur baten moduan ibiliko litzateke. Iturriraino iristean egarri dela esan dio Ixik. Itxaroteko. Berari ere dangada batzuk egiteko gogoa etorriz, andregai ohiaren gibelean txandaren zain geratu da. Trankil, itxuraz, nahiz eta odolaren zirkulazioaren abiadura japoniar trenena baino azkarrago joan. Bernak apur bat irekita, zutik, gerritik gora makurtu da Ixiar ura edateko. Tentetu denean gona lasaia ipurdiko erretenean apur bat sartuta geratu zaio. Saihets aldetik eskuaz tiraz higikera dotore batez atera du, Agustinen antsia larria areagotuz. Ura edan eta aurpegia freskatu du. Begitartea zertxobait lehortzeko patrikatik mukizapia atera eta bisaia estali aurretik Ixiarren begiratuan endredatu da. Amarruti, gaiztakeria txikiren bat egin aurretikoa dela iruditu zaio. “Goazen, Agus” esan dio.

      “Goazen”, esan diozu, bai. Bion artean egon zitezkeen oztopo, eragozpen, traba oro harrika bota dituzue. Orain badakizu zer nahi duzun. Agusen ondoan ahal den denborarik luzeenean egon. Edo, Agus egon dadila zure aldamenean. Ahal badu, egunero zuregana bisita egitera etor dadila eskatuko diozu. Eta egunero ezin badu, bi egunetik behin. Senarra zure ondoan ez baduzu, hobe, bisitak irauten duen denboran askoz lasaiago egongo baitzara horrela. Arazo hori konpondu, dena ondo moldatu, antolatu egin beharko duzu eta dagoeneko badakizu nola. Aurrera egin behar duzu. Izter artean sumatzen duzun haizearen gozoak bizitzeko gogoa oraino indar handiagoz piztu dizun moduan, halatsu ikusten duzu Agustin ere, larritasun beroak hartuta, zure atzealdeari so galaraziak botaz, zerbait egin behar ote duen erantzukizunak jaten duela. Haur bat dirudi.

      Atarira iritsi zaretenean Arrate txikiari aita eta ahizparen etorrera zaindu eta autoa bidean ikusi bezain fite zuri gaztigatzera saltaka batean igotzeko esan diozu. Ez zaizu bat-bateko ezustekorik komeni. Eskaileretan gora hasterako bihotza Veronako maitaleen habia bilakatu zaizu. Zure begietan amapolaz jositako belardiak, enarak, udaberriko oilarite nabarrak, udako gau izarratuak, ilargia islatzen duten erreka zabalak ikus daitezke. Eskailburuko argian hosto artetik iragazitako eguzki izpia ikusi duzu. Atea irekiz trantsituaren erdi ilunpean zure soek sugar goria igorri diote Agustini.

      Agustinek, berriz, haizeak ikaratutako paper meheegia bilakatu zaion bihotzetik, egunsentiko lehen printzaren argiaren bidez ortzadarraren kolore guztiak islatzen dituen hosto muturreko ihintz tanta zintzilikatua ikusi du Ixiarren begiradan. Pittinka-pittinka urduritasunari lasaitasunak hartu dio lekua.

      Gelako atera iritsi zarete. Korridoreko erdi ilunpean maratilari heldu diozunean deblauki egin duzu zirrist iraganeko putzu ilunean. Arma ohe azpian gordeta, gora so, Agustinengan pentsamendua, histuraren erresuman laino uher artean gandu grisak inguratzen zintuela egoten zinen. Serio. Patuak goizalba distiratsuak ostu zizkizun. Ezkutuan, laguna noiz etorri zain egoten zinen gauetan, trumoiaren ozentasunak halako zemaitsu eta mehatxukor adierazten zizun bere ikara, eta biderik gabeko lur eremu malkartsuan, alarau isil bilakaturiko haizearen txistua belarrietan sentitzen duen bidaiari bakartia legez, galduta sentitzen zinen. Atea erabat zabaldu duzunean udak zure gelan eztanda egin du, arrosez, algarez, krabelinez, maitasun hitzez, txorien kantuz estaliz lurra, altzariak eta... ohea. Une honetan Agustinentzat baino ez duzu begirik. Izar argi nola zerua, halaxe dauzkazu begiak, Ixiar. Zure gibeletik sartu den Agustinek zuk espero ez zenuen adorez gerritik heldu dizunean bat-bateko inarrosaldi gozo bat sentitu duzu. Gaur arteko zure sentimenduak irauliz, Agusentzat baino sentierarik ez duzularik, etxe honetako ama eta emazte betebeharrak kareletik behera bota dituzu. Zuen bion itsaso gozo eta apartsura.

      Askatasuna ereitera irten zen goiz hartan baino bulartsuago sentituz, atzetik aurrera esku bat sabelean eta bestea bular batean jarri dizkio Agustinek Ixiarri, eskerrak emanez ura euri tankeran igortzen duenari enkontru hura posible egin duelako. Ixiarri udak gelan eztanda egin dion moduan lehertu zaizkio sentikizunak Agustini, Johnny Guitar filmeko pistolari famatu haren tankeran, maitasun hitzak bor-bor ia ustekabean botatzen hasiz.

      —Lantegian zurezko eskailera barraskildua, zerurainokoa bezain luzea egingo dinat, hango izarrak eta kometak hiri emateko, ez ditzanan aurrerantzean gau ilun hodeitsuak ezagutu! Hire urtebetetze egunean Auñamendi tontorreraino igoko naun Euskal Herriko eguzkiaren estreinako printza presoen senideen kriseiluan sartzeko, etxean beti nire bihotzaren argia izan dezanan! Itsasoa eta zerua musukatzen diren hegiraino joan eta eguzki gorria ostendu aurreko azken izpi berdea Erdi Aroko gure aitaitaren baserriko kutxan gorde eta hiri oparituko dinat orduko Nafarroako Erresumak eta gaurko Euskal Herriak bat egin dezaten! Anbotoko tontorrera igoko naun eta Marik emandako suzko ganibetaz ebakuntza egingo dinat hire sendaezinezko gaitz madarikatua zanpatzaileen putzu beltzera botatzeko. Orduan, antzinatik etorritako irrintzi gerlaria tontorreko ekaitz lainoekin elkartuz eta gure askaziaren laguntzaz, Euskal Herri zaharra Altamiratik Loarrera eta Gaskuñatik Atapuerkaraino berreraikiko dinagu, Enekoren, Antsoren, Labriten, Xabierren, Beretherretxeren, Andregotoren, Loperen,Tomaxen, Joanesen, Beñaten, Arturoren, Inexaren, Sabinoren, Beldarrairen, Txabiren, Gabrielen, Iñakiren, Joxemigelen, Txominen, Joxiren, Joxeanen, Joxeluixen, Iñaxiren eta hainbat eta hainbaten espirituek atseden aurki dezaten!

      Zu, Ixiar, txunditurik zaude. Erotu da Agustin. Poeta bilakatu zaizu. Beharbada ziegatan irakurritako euskal poetak plagiatzen ari da. Baina ez zaizu axola. Kontua, dioena zinez dioela da. Eta horrek balio du. Zure bihotz-taupadak, neskato batenak bezalakoak, amodio-une indartsuaren iragarki bailiran sumatzen dituzu. Besarkatuta zaude, gozo, Agustinen hitz murmurati pasioz beterikoek belarritik zure soin guztia hartu dutelarik, maitasuna ondoen egindakoan baino hobeto sentitzen hasi zara. Orgasmoaren atarian zaude. Sinestezina. Halakorik posible zitekeela esan balizute, antzarak ferratzera igorriko zenukeen, edonor. Plazer handiaren zelaian etzanda, zuhaitz hostotsupeko zirrikitu bakoitzetik ortzadarraren kolore guztiak ikusten dituzularik, haurtzaroan gozaturiko naretasuna berreskuratu duzu. Harik eta haize zurrunbilo batek kolpetik gelako leihoa ixtean, etorkizunik gabeko emakumea zarela derrepente akordura ekarri dizun arte. Eta malko batek, Ixiar, ihes egin dizu, bonbillatxo distiratsu txiki baten antzera masailean behera eroriz, kokotsetik zintzilik bakarti, babes eske, geratu zaizularik.

      Damutu zaio Agustini etorkizun luzea eskatzen duten hitzak esatea, baina hain ondo eta etorritsu sentitzen da, non barrena askatzea beste biderik ez baituen izan. Hatz erakusleaz jaso du Ixiren malkoa, bere gazitasunaz igurtziz ezpainak. Aurrez aurre jarri dira eta, “ez esan ezer”, murmurikatuz indarrez besarkatu du soin maitea. Gizatasunaren gogortasuna sentitu du, biak une honetan bat eginda sentitzen dira eta Agustinek aurrerago egiteko kemenik ez daukala sumatu du. Ixiarrek zer edo zer esango balio! Ez du beharrik izan. Ixiarrek senargai ohiaren ahoa bilatu eta musu sutsua, une hura besterik izan ez lezaketenena eman dio, “ai, nire amupeko moldakaitza!” esanez. Ziplo, gela argituari atariko haurren algaren oihartzuna, bi maitaleen ahotsen murmurioa, eta leihotik sartzen den txorien kantua dario. Mundua mundu denetik, Agustin ez da sekula hain ondo sentitu.

      Zure bihotza, Ixiar, amaren babesetik askatu eta galburu bila hegan doan txoriño bilakatu da. Amodio galduaren errautsak gordetako begiak sutan dauzkazu. Ez zaizu sekula bihotzean iraungi. Oso garbi ikusten duzu Agustinenganako desioa udazkeneko haize zurrunbilotsuak orbela nola, halaxe pilatu dizula bihotzean denborak. Eta orain askatasunaren unea iritsi zaizu. Iritsi zaizue. Txinparta gorituen, pindar saltarien, maitasunaren hauspoak indartutako txingar dantzarien sasoia heldu zaizue. Besarkadaren indarra emeki askatuz ohean etzan zara eskutik heldurik duzun Agustin gauza bera egitera gonbidatuz. Udako zapaten korapiloa askatu ezinik, urduri, mekauenka, sumatu duzu Agustin, eta algara gardena irten zaizu.

      Biok etzanda zaudete. Jantzita. Oraindik. Derrepente bion pentsamenduaren haria bide beretik doala sentituz, zertxobait agonduz arropak kentzen hasi zarete. Zurea erraza izan da. Soinekoa buru gainetik kendu, bularretakoa askatu eta, neskato garaian bezain lotsati, soina izarapean ezkutatu duzu. Zure ezpainetako irribarreari udaberriko liliak darizkio, zure ninietako argi dirdiratuek goizeko izar bana dirudite. Pozez kabitu ezinik sentitzen zara. Agus ondoan duzu. Zapaten lokarriarekin mekauenka ibili den moduan dabil orain ere dedioska gerrikoaren hebila eta portatxuloa askatu ezinik. Irten zaizun algararen ozentasuna leihotik atarira eta hemendik zuhaitzen gainetik goiko baserriraino iritsiko zela begitandu zaizu, handik oilarraren kukurrukuak erantzun baitizu. Eta hor dabilkizu, Agus, galtzontziloak kateatu zaizkiolarik behatzetan. Zein traketsa eta moldakaitza den! Eta barre lasai egin duzu. Zure bizitza osoan egin ez duzun bezala. Zure sexutik hasiz gorantz, sabela, urdaila, bihotza, bularrak, gozotasun naregarri batek betetzen dizkizula. Kostata, baina halako batean asmatu du mutilzaharrak izarapean sartzen. “Lasai, Agus. Besarka nazak, samur” esan diozu.

      Ixiarren hitzak agindu dira Agustinentzat. Dena den, daukan aztoramenduarekin ez zen izango jo eta zuzenean berera joateko gauza. Beste egoera batean baleude ere, ez luke halakorik egingo, eskarmentu handirik ez badu ere, Sexulapikoa liburua irakurria du eta badaki astiro, goxo, emeki, laztan eta ezti jokatu behar duela. Bereziki gaixorik dagoen Ixiarrekin. Andregai ohiaren titiak bularrean sentitzen ditu, sabela sabelean, eta ipurditik helduz bereganantz, bigun, itsatsi duen txistu zutituan pubiseko bizarrak sentitzen ditu. Zertxobait beheratuz, sarketarik gabe, klitori parean bermatuta egon dadila nahi du, ahoa aho parean, musu gartsu, suhar eta gozatsuan lotu direlarik.

      Zuk, Ixiar, ez duzu presarik. Horrelaxe egon gura zenuke, denbora eta lekutik at bazeunde bezala, Agusekin hodeizko dindan kulunkarian gora eta behera, hankartetik gora gozo samurra sentitzen duzularik. Titiburuak erabat gogortu zaizkizu, neskato garaian bezain azkar, ezpainetan bihotz kantaria loratu zaizu, beheko ezpainetatik maitasunaren suak beroturiko goroldio hezea, blaitua, sumatzen duzun bitartean. Eta hala ere gelditu egin zara, ia higitzeko beldur. Parekorik gabeko une honen magia puskatuko ote den beldur. Ezpainetatik zuri itsatsita daukazun aurpegia zertxobait aldendu duzu bi eskuez senargai ohiaren aurpegi bereziaren oraindik ederra dastatzeko. Ezagutu zineteneko Garo-Handineko bentako bisaiarekin lotu duzu. Izen berezia benta harena. Zure ikerketak egin dituzu eta jadanik desagertuta dagoela esan dizute, autobiaren bat egiteko. Tamala. Harrigarria biak bata bestetik hain urruti egonik, benta hark eta zakurrek harrapatu zuten zuloa zegoen mendi barrenak izen bera izatea. Hobe duzu, baina, kontu horietaz ahaztea, hain ongi sentitzen zaren une hau dasta dezazun. Begi dirdiratuak zugan dituen Agustini ahotik adurra eta behealdetik koipea dariola igarri diozu eta zuk unea luza dadila nahi duzu. Agustin gora begira eta zu beraren gainean kokoriko jarri zara, lasai egon dadila esanez. Emeki-emeki, presarik gabe, beraren gogortasuna zure barren-barreneko maitasunean sentitzen duzu, zure izaeraren lekurik intimoenean. Iraganeko ezintasunak gibelean utzi dituzu. Sendaturik zaude. Ia zorabiatzen hasterainoko gozotasuna sumatzen duzu, baina unea luzea izan dadin nahi duzu. Agus eztanda izarratuan joan ez dadin, gora eta behera ia igarri ezinezko amiñi bat higituz, lehengo pentsamenduaren hariari heldu diozu; horrela, gozoaren gozoz begietan malko anpuluen aurretiko hezetasuna igartzen zaion zure azpiko Agusi arreta apur bat desbideratuko diozu.

 

 

Iraganean galdua
Abelin Linazisoro

Txalaparta, 2001