Iraganean galdua
HIRU
Ez zuten elkar gehiago ikusi. Ez behintzat askatasunean. Hiru egun geroago poliziak goizeko ordu bietan atea txikituz, etxera sartu, ama eta arreba mehatxatu, bultzatu eta lurrean ordu erdi batean etzanda egonarazi, dena ipurdiz gora jarri, ukabilkadaz atera etxetik, ahoan pistola zuela eraman komisariara, infernu hartan laurogei ordu estirapean eta etsaiez inguraturiko isolamendu latzean eduki eta aurrean jarri zioten dokumentua sinatu ostean, beste hiru egunez eduki zuten tantun ukendua emanez kolpeen seinaleak kendu nahirik. Hemendik, esku-burdinez lotuta, denbora osoan guardia zibil baten metrailetak bularrera apuntatzen zuela, Madrilera eraman zuten, epaile faxista baten aurrera. Torturaren arrastoak erakutsi zizkion hari, eta aztarna haiek etxean eskaileretan behera erortzearen ondorioak ez ote ziren ez zekiela erantzun zion epaileak. “Ederki hasi gaituk”, pentsatu zuen. Espetxera sartzean larrugorririk jarrarazi, ezkutuko auskalo zer bilatzeko, koltxoi zahar bat bizkarrean jarri eta ziega batean sartu zuten. Bakarrik. Komisarian egunak eta egunak pasatu ez dituenak ezin lezake irudikatu ere egin, zer den bat-batean leihotik egunargia ala iluna den ikustea, eguzkiak jotzen duen edo zaparrada ari den, eguraldi ustela dagoen edo haize bizia dabilen. Ezin lezake jakin zenbateraino pozten duten txorien txorrotxioek eta, batez ere, beste tortura saio bat egiteko inor ez zaizula handik ateratzera etorriko jakiteak. Oinazeak, garrasiak, izerdi hotzak, eta jasanezinezko minak atzean laga dituzula jakiteak, alegia. Jakiteak zure aurrean daukazun ohea zuk bertan lo egiteko dela, eta gau hartan behintzat —eta zorte apur batekin baita aurrerantzean ere—, loak lasai hartuko zaituela. Komisariako babes gabezia zenbaterainokoa den adierazteko Eva Forestek kontatzen zuen, nola etorri zitzaion polizia ona tortura saio luze baten ondoren, eta praketako portatxuloa irekita zuela ikusirik finezia handiz hertsi ziola, bera erabat esker onez geratuz zakur hura munduko lagun handiena bailuen. Agustin ere, lehenbiziko zazpi orduko saioaren ostean, lurrean botata, segurua kendutako esku-burdinak atzera lotuta, aldian behin zartatekoak emanez eta pistolarekin mehatxuak eginez eduki zuten. Bigarren tortura saiorako jaikiarazi eta tortura lekura eraman zutenean, “nora eramango ote naute, norengana, zer egingo ote didate oraingoan”, eta horrelako galderak buruan zituela, lehengo talde bera zela ikustean... poztu egin zen. Bi gertakari hauek eman dezakete torturatuaren babes gabeziaren neurria. Ziega hartan, haatik, jada ez zuen beldurrik. Areago. Pozik zegoen. Izan ere, norbaitek, atea disimulu handiz irekiz, “tok, zigarroak eta txiskeroa, Agustin. Norbait kantatu al duk?” esan zion, euskaraz. Lagun artean zegoen! Ziega hartan, gosaltzen, bazkaltzen, afaltzen, zigarroak erretzen, atezainak eman zion nobela txiki bat irakurtzen, kanpoko eta barruko hotsak entzuten, pentsatzen eta paseatzen hirurogeita hamabi ordu pasa zituenean, koltxoia berriro bizkarrean hartu eta goiko ziegara joateko agindu zioten. Bidean, “Aupa motel, lasai”,“Guk emandako janaria jan beharko duk ipurdi horiek zertxobait betetzeko”, “Hi, Agustin, ba al dakik musean?”, “Hemen ongi egonen haiz, Mutiko”. Mutiko! Norbaitek bazekien bera Mutiko zela! Zirrararen zirraraz malko batek ihes egin eta sudur muturrean zintzilik geratu zitzaion. Preso politikoak hirunaka zeuden ziegatan. Patioan, beraientzako jangelan edo ziegan egoteko askatasuna zuten. Eguna antolatua zuten, euskarazko klaseak, politika, kanpoko berriak... Mus txapelketa bat ere antolatu zuten. Jokoan egiteko kartak debekatuta zeuden, noski, baina taldeko marrazkilari batek kartak eginak zituen Ducados paketeen kartoi ebakiez. Txotak, farol baten azpian zeuden putak ziren, zein baino zein politagoak eta ederragoak. Zaldunak, euliz eta kakaz inguratutako astoen gainean, arlote zarpailduen gisan eta ipurdi bistan, Franco, Felipe II.a, Fraga eta Martin Villa. Eta erregeak, beti errege bera: Espainiako Juan Carlos, inozo begiradaz eta egundoko adarrez hornituta aurrera so, bere gibelean emaztea, ministro desberdinekin eta jarrera ezberdinetan, larrua jotzen ari zen bitartean. Karta haiek ia inork ez zekien lekuan ezkutatzen ziren. Agustinek laster egiaztatu ahal izan zuen komisarian igarri zuena. Bere aurretik ez zela inor erori, alegia. Inork ez zuen salatu bide, eta ezin zuen ulertu nola arraio zitekeen halakorik. Mila aldiz pentsatu arren, ezin zuen asmatu zergatik edo nondik nora joan ziren zakurrak bere bila, zuloaz galdezka gainera. Beno, zuloaz galdetzea ez zen harritzekoa, zakurrek ikasi berria baitzuten izen hori eta zuloa besterik ez zen egongo haien buruetan. Baina ez zeuden oso desbideratuak, ez. Espainiako Poliziak gehiegi ez zekienez, torturapean zerbait esan behar-eta, erakundean sartu berria zela eta gerrako bi izen eman zituen, nortzuk eta nongoak ziren ez zekiela adieraziz. Burgosko Prozesuaren ondoren askatutako zahar baten izena ere eman zuen, dagoeneko erakundean ez zebilelako segurantzian. Poliziaren paperetan berak egin ez zituen ekintza biren arduradun egin eta horrela zakurrek, sarri egin ohi izan duten legez, kasu haiek artxibatu ahal izan zituzten. Zer egin zezakeen? Ez zuen beste irtenbiderik. Aitortza-dokumentuan Carrero Blanco hegan bidali zuen komando-burua bere ama izan zela jarri baliote ere, berdin-berdin sinatuko zuen. Kontua infernu hartatik albait lasterren irtetea zen. Baina burkideak lasai egon zitezkeen, arriskurik, zulorik eta sasirik gabeko bide laua laga baitzien, eta azpiegitura ukitu gabe gainera. Alde horretatik, Agustin bere buruaz harro zegoen. Zalantza batek iluntzen zuen bere barnea. Erakundeko militante bezala norbaitek salatu izana bera. Baina poliziak segurutzat jotzen zuena amarru bat izan zitekeen, gezurrarekin egia aterarazteko jukutria. Egiatik oso urruti zebilen oraindik Agustin. Dagoeneko hilabete luzea ondo pasata, espetxera egindako lehenbiziko bisitan arreba eta ama agertu zitzaizkion. “Ondo al hago, Agustin?” besterik ez zion esaten amak. Goiz hartan, bizarra ondo egin, marra zuzen-zuzenaz orraztu eta bisita ordurako bazituen mila kontu bi emakumeei esateko. Kanpoko berriak ere berak esan zizkien etxekoei. —Noiz dator Ixiar? —Oraindik baimenik ez zeukak. Hurrena Xabin etorriko zaik andrearekin. Jarraian, beharbada. Agurtzerakoan, Arantzazu arrebak masailetako bi zulotxodun irribarreaz, musu bat igorri zion esku ahurretik. Ama begira-begira geratu zitzaion. —Aita bezalakoxea haiz, Agustin —eta itzuli erdia emanez desagertu zen. Hitzik gabe geratu zen Agustin. Hamabi urte ziren aita hil zitzaiela eta ez zion halakorik sekula esan amak. Hamalau urtetik aurrera asko aldatu zelako agian. Semea ez ezik, hainbeste urtetan bisitatutako senarra ere ikusi zuela amak konturatu zen, eta horrek asko goibeldu zuen. “Itxura aldatu egin beharko diat. Ilea zerora moztu, bibotea laga, edo horrelako zerbait”. Baina ez zuen halakorik egin andregaiaren bisita izan arte. Xabin eta emaztearekin nahikoa barre egin zuen. Anaia antzezle hutsa zuen, baina ezezagunak zituen aitaren zenbait pasadizo ere kontatu zizkion. Bisita ordua elkarri adarra jotzen joan zitzaien, elkarri esan behar zizkioten enkarguak esan gabe. “Andregaiari esango zioat”. Bisitaren ondoren patioak oilategia ematen zuen. Denek bazekiten denen berri. Baten koinatuak arrautza frijitu gehiago nork jan apustua irabazi zuela. “Oraingo honetan arrautzak handituko zaizkiok”. Bestearen arrebak senargaia utzi zuela Donostiako pijoak bezala janzten zelako. “Basomutila behar badu, ni hemen nagok”. Bestearen anaiak, gauez mendi-bidean, autoaren argitan, arreba txortan harrapatu zuela, bera andregaiarekin asmo berarekin leku berera joan zen batean. “Zuen etxeko azkarrena arreba duzuela denok zekiagu”. Eta abar luzea. Elkarri animoak eman eta barre lasai egin. Oheko bakardaderako geratzen ziren kezkak. Izan ere, Agustin ohartu egin zen berari begiratzean senarraren bisaia ere ikusten zutela amaren begiek. Ixiarren bisita egunean bi aldiz joan zen komunera. Urduri zegoen. Beste bitan orraztu zen atzeko kalparra zapaldu ezinik. Aurrean irribarre goibelaz agertu zitzaionean, askoz helduagoaren itxura hartu zion. Eskuineko mahuka altxa eta bizeps gogorra erakutsiz “egundoko sasoian nagon” bota zion. Barrea agertu zen Ixiarren ahoan. “Horrela, neska”. Andregaiak aurpegia gehiago hurbilduz elkar ikusi zuten azken igandean hain egoskor jokatu izana barkatzeko eskatu zion. “Jakin izan banu...”. Begi ertzean malko bat dantzan zebilkiola ikusi nahi izan zuen Agustinek. Bisitaldi hura barrez amaitu zuten biek. Patioan betiko zorakeriak egin zituzten eta ziegan, gauez, haizeak doinu tristea igorri zion belarrietara. Denborak aurrera egin ahala, andregaia gero eta zentzudunago eta arduratuago agertzen zizkion, umorea inoiz galdu gabe, noski, baina jada ez zen edozer huskeriagatik barre ozenak jaurtitzen zituen neska hura. Olatuen bitsetan olgetan ibiltze hutsal hura betiko ahantzi bide zuen. Herriaren askatasun nahiarekin lotuago eta erakundearen bilakabideaz kezkatuago, erantzukizunak bizkar gainean hartzen zekien neska arduratua bilakatu zen, eta horrek asko poztu zuen Agustin. Kanpoarekin harremanak izateko, abokatuaz eta familiaz gain, Ixiar baitzuen zutaberik sendoena. Amaren sabelean bizi ahal izateko haurrak zilbor-hestea nahitaezkoa duen bezala, preso politikoak herriaren bilakabidea ezagutzea behar-beharrezkoa du espetxeko hormak gainera eror ez dakizkion. Baina garai hartan Agustinek Ixiarren irribarrea izan zuen ezinbestekoa albiste makurrak errazago jasan ahal izateko. Madril komandoko Zumai eta Joxe Arregi erori eta azken hau komisarian “oso latza izan da” esan ostean hil zenean, adibidez. Telesforo Monzonen heriotzak Argala ekarri zion gogora. Yeu uhartean elkarri eskua ematen. Iragana eta oraina elkarri ongietorria ematen. Argala ere jada iragana zen...Tejeroren estatu-kolpe zapuztua Espainiako Gobernuaren show bat besterik ez zitzaion iruditu. Egun haietan, erakundeak Ryan ingeniaria hil zuenean, biziki gorrotatu zituen politikoak. Aurpegi biko itxuratiak! Herri osoa zegoen Lemoizko zentral nuklearraren aurka. Ehunka manifestazio egin ziren. Tartean, baita ehun mila lagunetik gorakoak ere. Euskal Herrian horrelakorik sekula ez zen ezagutu —Askatasunaren Ibilaldian, apika—, eta hala ere hedabideek —Egin kenduz—, zentralaren aurkako adituen eta jakintsuen arrazoiketak ezabatuz, eta munduko handiena izango zela erdi ezkutatuz, zentralaren aldekoen argudioak besterik ez zituzten agertzen. Lemoiz gabe kandelak erabili beharko zirela, kobazuloetara itzuli beharko genuela... Euren burua demokratatzat zutenek ez zioten jaramonik egin herriaren borondateari. Geroago ere esan zuten Euskal Herria burujabea izango balitz egunero azak jan beharko genituela. Egia esan, askoz hobea da zoriontsu eta gustura azak jatea, otarrainxkak, bisigua eta txuletak urdaileko minez jatea baino. Erakundeak alde guztietatik ehunka ohar jasoak zituen zentralaren aurka zerbait egin zezan. Aukerak aztertu ostean barruan sartzekoa baino ez zuen aurkitu. Erreaktorean bonba jarri zuenean, aurrez abisua emana zuen, askoz lehenago. Ekonomatoan erosketak egiten ari ziren emakumeek zaindari baten ahotik eztanda bat gertatuko zela entzun zuten arren, zentralaren arduradunek ahoa itxita eduki zuten. Hildako bat eragin zuen haien isiltasunak. Agustin ondo gogoratzen zen garai hartan zer plan zuen Espainiako Gobernuak: bost zentral nuklear jartzea gurean. Itsasertzean lau (Bizkaian bi, Deban eta Lapurdin —Frantziaren baimenaz— bana), eta Tuteran beste bat. Hori ez bada Euskal Herria desagerrarazteko plana... jaitsi dadila San Baldomero zerutik eta esplika diezagula plan hobea. Eta politiko demokratak ingeniariaren heriotzan zuten erantzukizun zatia saihestuz, negarrez eta garrasika ETAren burua erretilu batean eskatzen. Hala ere, denboraldi hartan nahikoa ondo egon zen Agustin. Alde batetik, espetxean burkideekin eguna antolatzen, ikasten, soinketa egiten, adarra jotzen edo jangelan bazkaria edo afaria gozatzen eta apailatzen, horretarako baimena zutelako, eta bestetik, andregaia burkide bihurtu zitzaiolako. Haren bidez jakiten zituen erakundearen berriak. Gero eta harrituago zegoen Agustin. Lehenbiziko bizpahiru hilabetetan bere neska nahikoa serio eta zertxobait aldatua ikusi eta gero, berriro, atzera lehen bezain zirtolari zebilelako. Ateraldi umoretsuak sekula ez zitzaizkion falta izan eta gero eta politago ikusten zuen. Patioan eztabaidan ibiltzen ziren ea nork zuen emazte edo andregai politena, denbora-pasa, eta marrazkilariak, gai horretaz zuen jakinduria nabarmenduz, katedradun aurpegia jarriz, esan zuenean segur aski Mutikoren neska izango zela politena, hainbeste hanpatu zuen bularra, ezen ia haizeak eraman baitzuen. Eraman balu, hobe. Hori bai, denak iritsi ziren adostasun osora, politak eta itsusiak ehunekoetan hartuz, Euskal Herriko emakumeak zirela munduko politenak. Agustinek nabarmendu zuen Parisko neskak Madrilgoak baino politagoak zirela eta Parisen ikusten ziren arraza beltzeko auskalo zein herrialdetakoak, gizonak zein emakumeak, munduko ederrenak izango zirela inongo zalantzarik gabe. Xabin emaztearekin etortzen zitzaion, beti bezala, umoretsu. Ama, Arantzazurekin. Arrebak senargaia egin zuela esan zion. Ez Agustinen gogokoa. “Hago trankil, motel, ekarriko diat gure lerroetara”. Aurpegia zertxobait biribilago zuen eta irribarre-zaindari zulotxoak nabarmenago. Leokadio babo hark merezi baino andregai hobea egin zuen! Ama lasaituxeago zebilela ematen zuen. Ohitzen hasita-edo. Kontu politak esan zizkion amari. Ziegan gosaltzean, egunero ziegaz ziega ibiltzen zen zozo bat oso sarri barruraino sartu eta opil zatiak eskutik jaten zizkiola. Kumetan beste preso batek hezitakoa, nonbait. Patioko kantoi batean, lurretik eta ziegatako baldosa artetik pilatutako lurra jarri, etxekoei haziak eskatu eta loreak landatu zituztela. Espainiako kartzela bateko patioan lorategia, alajaina! Amari ez zion esan presozainek, loreak zimeltzeko, presoak ziega barruan zeuden bitartean, loreen gainean txiza egiten zutenik. Berriro landatu, erne, berriro txiza. Bere gurasoen baserriaz hitz egin zion amak. Sei senideen artean neska bakarra izatean zenbat maite zuen aitak eta nolako lore politez hornituta edukitzen zuen ataria amak. Udako egun batean etorri zitzaion berriro Ixiar bisitan. Uda bete-betea zen, ondo gogoratzen zen horretaz. Izan ere, sargoriaren sargoriaz patiora ezin zuten irten. Baldekada ur eguzkipeko harri gainera bota, eta derrepente lurrun bihurtzen zen. Egun sargoritsu horretan zuten bisita eguna. Hasiera hartan Francoren garaiko estiloko espetxean eduki zutenez, bisitaldiak gela handi eta nahikoa ilun batean izaten zituzten. Alde batean espetxeratuak, ukalondoak bermatzeko gerrirainoko zurezko mostradore estu antzekoa izaten zuten aurrean eta goraka, sabairaino, burdinazko barroteak eta sarea. Bisitariek beste hainbeste zuten eta bien artean hormatik hormarako luzeran metro eta erdiko zabalerako korridorean presoen elkarrizketak entzuteko asmoz batera eta bestera funtzionario bat ibiltzen zen. Bisitariak zein presoak, bakoitza bere familiakoarekin aurrez aurre jartzen ziren. Egun hartan, andregaia belaunburuetarainoko udako gona arin batez jantzita etorri zitzaion. Ala akerraren adar okerrak! Erakargarri zegoen, zinez. Liluramen hark itsuturik pentsamendu bakarra etorri zitzaion burura, emaztegaiaren berna ederrak ikustea. Eta esan egin zion. Neskak, orduan,“ai barrabas!” esanez gibel aldera lau urrats egin eta gonak altxatu ordez, barroteei helduz irtengune gainera ziplo igo zen, mutilak behetik gorako ikuskizunaz goza zezan. Agustini ez zitzaion ondo iruditu hura berak bakarrik dastatzea. Izan ere, elkarrekin bizi ziren presoak, han dena zen guztientzat, eta besteek ere berak bezainbat eskubide zutela pentsatuz, Ixiarri keinu sotil bat egitea aski izan zitzaion honek “bai, motel” esateko. Denak Ama Birjina agertu bailitzaien geratu ziren, ahoa irekita, behetik gora so, senideen barre-algaren eta funtzionarioaren “Por favo, zeñorita, bahe uzté de ahí, que ze me van ha zoliviantá lo prezo!” garrasi artean. Gau hartan, ikuskizuna hurbilenetik ikusi zuenak ezin izan zituen burutik kendu udako eguzkiak belztutako izter ederrak, eta ezta bere ustez kulero txikiegiak zirenen azpitik igartzen zitzaion altxor ilun, eder, oihantsua ere. Gaueko irudi guztien artean erregina. Hankarteko burusoilak astindu ederrak hartu behar izan zituen loak har zezan lortzeko! Garai hura izan zuen espetxean igarotako onena. Gero, askoz okerragoa zen beste presondegi batera eraman aurretik, joan-etorria eginarazi zioten beste batera. Han hiru astez preso sozialekin batera zergatik eduki ote zuten ez zuen inoiz jakin. Izorratzeko izan bazen, ez zitzaien ondo atera jokaldia. Xelebrekeriak gertatu baitzitzaizkion. Bidean, beste kartzela batean gelditu eta ia bi metroko atxilotu bat sartu zuten auto zelularrean. Bere esku-burdinetako bati lotuz biak uztartuta geratu ziren. Auto zelularra martxan jartzean, guardia zibilen kokapen zaratatsua ustiatuz labur galdetu zion erraldoiak euskaldunari. —¿Tú, qué? —ETA. —Buena gente... Ez zekien benetan esan zuen hura, baina etsaia behintzat ez zirudien. Auto zelularretik atera eta ziega banatan sartu zituzten. Han teoriaz inkomunikatuta egon behar izan zuen 72 orduetan mota orotako eskaintzak eginez egun bakoitzean preso bat sartu zitzaion. Espetxeko zuzendariak bidalita segur aski. Batak Argentino izena zuen arma trafikatzailea ezagutzen zuela eta ea nahi zuen harekin harremanetan jartzea eta ea zerekin zuen iaiotasun handiagoa, pistolarekin, metrailetarekin edo esku-bonbekin. Besteak droga izugarri onak zeuzkala... eta modu onean lortuko zizkiola. Ardoa ere erdiesteko moduan zegoela. Azkenekoak, berriz, emakumeak ziruditen mutil gazte ederrak eskaini zizkion. Hirurak txakurraren salara bidali zituen. Onena biharamunean gertatu zitzaion. Afaldu aurretik hirugarren solairura, presoak hirunaka zeuden beste ziega banatara eraman zituzten eta goizean goiz, garbiketa arduradunak, aginte handiz eta ozen esan zion behera jaitsi eta galeriako lurra urez eta trapuz garbitu behar zuela, eta mugitzeko, ez bazuen zigorrik jaso nahi behintzat. Ondoko ziegatik orduantxe irten zen erraldoiak funtzionarioa gerritik eta lepotik helduz txotxongiloa bailitzan aireratu zuen, jarraian orkatiletatik helduz buruz behera jartzeko. —¡Al vasco ni le mires a la cara! ¡O le dejas en paz o te suelto para que tu cabeza de cerdo quede hecha una tortilla contra el suelo! Presozainak berehala egin zuen ospa, entzundakoa sinetsi ezinik. Agustinek gero jakin zuen erraldoiaren beldurrik ezaren zioa. Zenbait urtez Afrikan legionarioa izana zen, eta mozkorraldiak, urdangak, biraoak eta heriotza ondoko odola oso ezagunak zituen. Apopilo zegoen etxeko andrea bere jakatik diru lapurretan harrapatu zuen erdi hordituta itzuli zen gau batean, amorruaren amorruaz ukabilkada bat eman eta jo eta bertan hil zuen. Hogeita hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta hamar zeramatzan barruan. Kartzeletako zuzendari oro bere eskuz itotzeko gogo bizia zuen erraldoi hura ez zegoen sistemaren propagandaren menpe. Ezta aldameneko ziegakide izan zuen andaluziarra ere. Otsoa zuen abizena, eta deitura hura euskalduna zela esan zionetik bere abokatu defendatzaile bihurtu zen andaluziarra. Ez hitzez soilik, euskaldunen kontra inork hitzik esaten bazuen, ukabilak baliatuz edonor uzten baitzuen lurrean zerraldo. Denetik ikusi zuen han Agustinek. Ardo zurrutada bategatik ipurdia jartzen zutenak, bost duroko txartel bat lortzeko ukabilkadak jasotzen zituztenak, gaztetxoak galbidean jartzen zituzten zaharrak, drogazaleen begi zorabiatuak, dosi handiegia hartu eta komunean erdi hilda geratutakoak, edozein huskeriagatik presozainek gomazko borraz ematen zituzten jipoiak... Agustin, ordea, bi bizkartzain haiei esker, nahikoa lasai egon zen. Kartzela berrian lau modulutan zeuden banatuta presoak. Ez zuten jangelarik. Ziegan geratzen zena ezin zen patiora jaitsi. Patioa ala ziega. Bakarka zeuden. Barrotedun leihotik, hala ere, ikus zezakeen urrutia. Errepidea, lurra, belar apurra, eta urrunago zuhaitzak, eta trena... aldian behin pasatzen. Bost lagun baino ez zeuden elkarri animoak emateko. Geroago iritsiko zen egoerarekin alderatuz, nahikoa eta gehiegi. Emaztegaia noiz etorriko, zer berri ekarriko, kartzelaldi hasieran baino urduriago egoten zen, gehienbat bisitaldi bezperetan. Familiakoak betiko moduan joaten zitzaizkion arren, Ixiarren bisitalditik bisitaldirako denbora luzatzen joan zen. Ulertzekoa. Erakundeko eginkizunek kate motzean lotuta edukiko zuten. Eskutitz politak idazten zizkion eta lerro artean zioena maiz ulertzen zuen. Bere pozerako. Epaiketa fartsa hura ere egin zioten. Antzerki hutsa. Francok jarritako TOP izeneko auzitegia —batik bat euskal independentistak epaitzeko— Audiencia Nacional izenekoa bihurtu zuten, epaile berdinekin eta metodologia berarekin. Abokatu defendatzaileari eta lekukoei jaramonik ez, frogarik gabe, torturapean sinaturiko aitorpenak frogatzat hartuz, fiskala jaun eta jabe zela... Eta alderdi politikoak zein hedabideak alai eta lasai, auzitegi demokratiko bat ari baitzen terrorista epaitzen. Ixiar ere, senideen artean babestuta, auzitegian egon zen. Begi zeharka ikusi zuen. Hogei urte eta egun bateko kartzela ezarri zioten. Berehala izan zuen neskaren bisita. Nahi bazuen beste mutilen batekin harremanetan hasi, ezkondu edo gura zuena egiteko esan zion Agustinek, beragatik libre zela. Protestak, matxinadak, edozer egiteko prest zegoela eta hori presozainek barkatuko ez ziotenez, ez zuela uste kondena laburtuko ziotenik. —Beraz, Ixi, benetan esaten dinat, egin ezan heure bizimodua, ni lagun hutsa izatearekin konformatzen naun, amodioa ondoan egokitzen bazain, hel iezaion, ez laga ihes egiten. Serioski ari naun! Beste ezer baino, berari askatasuna ematearren ari zela konturatu bide zen Ixiar eta ezetz erantzun zion, bere andregai izaten jarraituko zuela. Ezpain eder haiek esaten ari zitzaizkionak iraganean baino indar handiagoz berpiztu zion amodioaren sua Agustini, musu gartsu bat emateko gogoarekin batera. Ivristal madarikatua! Abokatuak esan zion PSOEk hauteskundeak irabazi zituenez, laster izango zela negoziazioa eta oso baikor zebilen. Agustinek, ordea, txarrena pentsatzeko ohitura zuen, badaezpada ere, eta ez zuen baikortasun hura barnera sartzerik nahi. Askatasuna ematen bazioten, aleluia, ez zeukan arazorik, baina okerrena gerta zekiokeela pentsatuz, ezin zuen emaztegaia mutxurdin izatera kondenatu. —Ezta pentsatu ere, beti hirekin izango nauk —erantzun zion atzera Ixiarrek, bekozkoa zimurtuz. Oso pozik entzun zituen hitz haiek Agustinek. “Beti hirekin izango nauk”, alajaina. Hitz ederrak benetan. Baina, zorigaitzez, guk hala nahi ez dugula ere, zinez, maitasunez, borondate onez esandakoak, bizitzak ustekabeko bihurgunetik eramatean, elkarrengandik urruti egoteak maitasuna moteltzean edo patuak gurekin anker jokatu izan duelako, hainbat bider berotasunean botatako hitzak irentsi beharrean aurkitu izan gara. Hori suertatu zitzaion Ixiarri ere. Arrazoia izan zuen Agustinek kideen baikortasunean ez erortzean. Urtebete baino ez zeramatzatelarik boterean, GAL izeneko erakunde armatuaren bidez, PSOEkoak Iparraldean babestuak erailtzen hasi ziren. Agustinek zerbait usnatua zuen, baita esana ere kideei nola adierazi zioten Felipe Gonzalezi Hego Amerikako diktadura batean subertsioa mozteko indar parapolizialak erabiltzea zela egokiena. Erailketak hasi zirenean eman zioten arrazoia kideek. Faxismotik zetorren UCD ausartu ez zena PSOEkoek egin zuten. Gerra zikina, langileriaren aurkako lege berriak atera, Europan domina bat jar ziezaioten lortzeko Bizkaiko industria astuna suntsitu, preso politikoak ahal zuen eta leku urrutienetara sakabanatu... Urrutiko intxaurrena ez zitzaion agitu erne egon zelako, baina jadanik ezin zuen negoziazioan pentsatu. Eta honek beheraldira eraman ez bazuen ere, nahiz eta txarrena entzuteko prest zegoela pentsatu, nahigabean murgildu zuen. Gerta dakizkizukeen ezbeharrei aurre egiteko prest zaudela pentsatzen duzun gehienetan bezala. Irudikatzearen eta benetan gertatzearen artean dagoen desberdintasuna. Eta Ixiar ez zitzaion nahi beste azaltzen. Gutunak ere lehen baino gutxiago idazten zizkion. Patioan kideekin edo ziegan irakurtzen denbora egiten zuen arren, beti kanpoko ateari so egoten zen. Baina ate hartatik ez zitzaion Ixiar agertzen. Xabinek “Ixiar datorren astean datorkik” esan zionean konturatu zen bizarra egin gabe joan zela anaiarengana. Ilea ia zeroan zeukan moztuta, eskuila bezala, eta bibotea moztu egin behar izan zuen, aurreko bisitaldian amak “motel, karabineroa ematen duk” esan ziolako. Ixiar aurrez aurre ikustean, barre irekia irribarre bilakatu zitzaion. Ez zuen hain serio inoiz ikusi andregaia. Garbiegi hitz egin gabe, elkarrizketa grabatzen ariko zirelako, ahal zuen moduan adierazi zion polizia gibeletik zebilkiola eta erdi ezkutuan ibili beharrean aurkitzen zela,jadanik ehiza-zakur talde osoa orpoz orpo bailuen. Ez zen bisita polita izan hura. Agustinek “noiz arte?” galdetzean, Ixiarrek “ahal dudan azkarren” ihardetsi zion ahotsez, buruaz ezetz esaten zion bitartean. Amesgaiztoetako ondoeza sumatu zuen urdailean Agustinek. Ohean jirabiran, ikasketetan kontzentratu ezinik, kideen patioko berriketaldiek eta senideen bisitaldiek laguntzen zioten arren, Ixiarren berririk gabeko egunak luze joaten zitzaizkion. Kanpotik berri onak jasotzea nahitaezkoa zuten. Hori ere basamortu idorreko euria bezain eskasa zen. Eta berri txarrak pilatzen ari ziren. GALen ekintzak, Ipar Euskal Herrian polizia frantsesak babestuekin egin zuen segada... Ixiar bisita kabinan nahi beste agertzea ezinezkoa zitzaiola jakin bazekien, baina gutunak ere behartsuaren etxean otarraina bezain urriak izatean, sosegua galduz, hagitz arduratzen hasi zen. Zenbait alditan berekoia zela, Ixiarrek askatasunaren aldeko borrokan ziharduela eta hura ez zela inor hari ezer eskatzeko pentsatzen zuen. Besteetan, baina, erakundeak kide bati kartzelara bisitan sar zedin erraztasunak emateko ahalmena izango zuela bururatuz, neskaren aurpegia, soina, hura dena ikusteko irrikak, andregaiaren, edo lagunaren, ja ez zekien zer zen ere, ahotsa entzuteko antsiak, senetik atera eta... Ixiarrek ez zuela eskubiderik hura zulo hartan arratoi nazkagarri bat balitz bezala bakarrik uzteko sartzen zitzaion kaskezurrean. Orduan, garrasi egiten zuen ziegan. Suminduta. Egun txar haietan patioko burkideekin ere haserretu egiten zen. “Kontuz, gaur pipermina janda zetorrek!” esaten zioten elkarri Agustin patiora betilun irteten ikusi orduko. Kanpotik zetozkion albiste txarrak ugariagoak izaten ziren onak baino. Esaten zioten, bai, Bilbon ikaragarrizko jendetza biltzen zela manifestazioetan, gazteria borrokalaria zetorrela eta ondo ari zela antolatzen, agian, negoziazioa aurki izango zela... Azkeneko hau bene-benetakoa ez bazen, aipatu ere ez egiteko eskatu zien etxekoei zein abokatuari. GALek jarraitzen zuen bitartean eta deportazioak gehi estradizioak indartzen zituen artean Gobernuaren asmoak garbiak zirela eta, arren, “gai hori ezta ukitu ere” errieta egin zion abokatuari. Urte hura ikaragarria izan zen. Gerra zikinak inoiz baino gehiago eraman zituen, Txapela, Perez Revilla, Tigre, Brouard, Pelitxo, Patxi, Antxon... Agustin lur jota ibili zen. Xabin eta emaztea betiko moduan —alai eta umoretsu agertzen ziren— etortzen hasi zitzaizkion, eta beste bi lehengusu ere bai. Ama eta arreba zituen herrian benetan gertatzen zenaren neurgailu onena. Ez zizkioten inoiz albiste onak puzten, ezta txarrak ezkutatzen ere. Zenbait aldiz, baina, senarra ikusten zuten amaren begiei so, Agustin zeharo urrikaltzen zen, zer esan asmatu ezinik geratuz. Okerrena, ordea, bihotza malkotan jartzen ziona, bisita denboraren amaierako agurrak izaten ziren, batez ere hain elizkoia zen amak ezkerreko ukabila gora altxaz “Aurrera bolie, Agustin!” botatzen zionean gogor itxurak eginez. Etxeko umea, oraino halaxe baitzen amarentzat, pozik lagatzearren egindako keinu hark akiturik lagatzen zuen. Patiorako bidean, barruko ihintza ondo ateratako artile marruskatua nola, halaxe geratzen zen Agustin, barnean ezer gabe. Ziegako hormak gainera eror ez zekizkion ikasketetan ere murgildu zen. Alfer-alferrik. Ezin zen kontzentratu. Patioko burkideek euren emaztegaiaren edo emaztearen kontuak aipatzen zituztenean, Ixiarren ateraldi barregarriak entzuten zituen haien ahoetatik eta ziegan bakarrik geratzean, andregaiak igorritako koloretako argazkian jartzen zituen begiak, neska polit hura mintzatzen hasten zitzaion arte. Neskaren bisitaldia txakur gosetiak hezur puska baino beharrezkoago zuen. Harik eta aurrerantzean haren bisitaldirik ez zuela izango jakin zuen arte. Ama esaten ausartzen ez eta arrebak bota zion aurpegira albistea. Poliziek ordu txikietan atea bortxaz bota zuten egun hartako ezuste izutua berpiztu zion berri hark. GAL etorri zitzaion burura. Iparraldean babestu beharra izan zuela? Iheslaria, bai, izango zen, baina mugaz beste aldean nekez aurki zezakeela babesa iruditu zitzaion Agustini. Haize bortitzak errotik ateratako hosto hila nola, halaxe erabili zuen urduritasunak batera eta bestera. Kideek patioan jada ez zuten piperminarena esaten. Bazirudien galdua zuela haserretzeko ahalmena. Muturrean ukabilkada hura hartu zuenetik bihotza amaierarik gabeko pasillo ilun bihurtu zitzaion. Orduan bai izan zituela beharrezko albiste onak. Baikorregi agertu ohi zitzaion abokatuaren etorkizunez betetako hitzak edo patioko lagunen txantxak, komeriak, kirtenkeriak, pitokeriak, kokolokeriak, adar-jotzeak eta ziri-sartzeak. Denak zituen beharrezko. Esaten dute pertsona edozertara ohitzen dela. Gezur hutsa. Ama bat ez da inoiz ohituko hamazortzi urterekin istripuz hil zaion seme batek lagatako hutsunera. Ezta atxilotu bat komisariako garrasietara ere. Ohitura bizitzarekin lotuta dagoenean da ohitura. Iraupenarekin lotuta dagoenean jada ez da ohitura izaten. Torturatua bizitza osoan izango da torturatua. Maite duguna kolpetik hiltzen zaigunean gure bizitzaren zati ederrena joaten da harekin. Eta irauten ikasi behar dugu, ahal bada aurrera begira eta irribarre handi batekin. Baina jada ez zara sekula izango gertaera haren aurretik zinena. Ixiar berriro ez ikustera ezin zen ohitu Agustin. Inguruko lagunek eta irakurtzeko zaletasunak salbatu zuen etsipenetik.
Iraganean galdua |