Iraganean galdua
BOST
Moduluz aldatuko zutela esan, bai. Baina alferrikako ilusioa. Doilorkumeak. Ziegako bakardade isolatuan, irakurtzeaz edo marrazkiak egiteaz akiturik, kontzentratu ezinik, konketa, komuna, lurrari jositako burdinazko mahai txikia eta aulkia lagun zituela, koltxoi mehe eskaseko burdinazko ohe gainean, edo barruan, giroaren arabera, etzaten zen, begiak itxiz Ixiarrengan pentsatzeko. Bi Ixiar zituen buruan. Betiko akuilatzailea eta azkeneko bisitan ikusitakoa. Afalostean, kanpotik argia amata ziezaioten baino lehen, irakurterraza zuen zerbait leitzen ahalegintzen zen, beti pentsamendu bera ez izatearren buruan. Abentura nobelak izanez gero, askoz nahiago. Ezingo zuen inoiz eskertu merezi zuen moduan arrebak jartzen zuen arreta nobela hauek eskuratzen, poesia liburuez gain haiek baitziren faxisten oztopoz beteriko bidean helmugaraino iristen ziren bakarrak. Bonbillaren argia indarraren kable barruan kukutzen zenean izaten zuen mamuen ordua. Heriotzaren inguruko pentsamendu ilunak izaten zituen gogoan, eta kanporatu ostean bizitzak eman ziezaiokeenari buruzko zalantzak ere bai. Egunak, bisitaldiak edo kanpoko berriek ematen ziotenen arabera. Edo ilunpean murgildu aurretik irakurritakoari harilkatutakoak. Iragana errepasatzen ere aritzen zen. Non huts egin zuen, zer egin zuen gaizki eta abar. Usu galdetzen zion bere buruari zergatik zegoen ziega madarikatu hartan. Nork eman zien bere izena Euskal Herriaren etsaiei. Bide hori antzua, idorra, agorra zela jakitun izan arren, behin eta berriro erortzen zen hondorik gabeko zulo ilunean, haserre, suminduta. Behin eta berriro Ixiarren irudia gogora ekartzen zuelarik barne ilunpe hartatik irten ahal izateko. Horrela, maiz, pentsamendu gogokoena zuelako, aspaldi hartan neskaren gurasoen etxean dastatzeke geratu zitzaizkien hiru asteburu haietan jartzen zuen oroimena. Eta halako indarrez irudikatzen zuen dena, ezen neskaren ahotsa entzun eta usaina sumatu egiten baitzuen, ukimena sentitu ere bai, harenganako maitasun gogoa izara arteko bakarkako gozamenetan amaitzeko, beti. Horren ondorioa, ordea, izugarri latza eta bakartia izaten zuen, isolamendu sentipena areagotuz, ziega madarikatu hura motz baino hotzago, hitsago eta txikiago bilakatzen zitzaiolarik. Horregatik, nahiz eta asko kostatu, zenbait gautan ez zuen Ixiarrengan pentsatu nahi izaten. Beste batzuetan, beharbada amodio kontuetan eskarmentu eskasekoa zelako edo bizitza osoan taldean, lagunartean, multzoan ibiltzen ohituegi zegoelako, bere buruarenganako gupida indartu egiten zitzaion, salatu zuenarenganako, norbaitek salatu zuela zalantzarik ez baitzuen, erdeinua eta gaizkinahia bortizki sentituz. Ilunabar batean, ia egun osoko irakurketak, etxekoei eta lagunei egindako idazkiak, erantzunik jaso gabe gura baino usuago geratzen zirenak, patioan egindako soinketa bortitzak, aberrian herritarrak nola ibil zitezkeen irudikatzeak edo une hartako erakundearen taktika egokiena ote zen pentsatzeak nahikoa akitu zutela, ziegako argia itzali aurretiko ohe gaineko atsedenean, ilunpetan geratu ostean, bakardadea nola edo hala bete behar eta burdinazko barradun leihotik zetozkion hotsak bere lagun izan zitezkeela oldoztu zuen. Aurrerantzean, kilkerraren kantua, edo haizeak urrutian zuhaitzak edo belarra astintzean ateratako doinua ziega barruko adiskide egin zituen. Euria egiten zuenean, berriz, lurralde idor haietan aski harrigarria bestalde, begiak hertsiz euriaren doinua bere etxeko leihotik entzuten bailegoen egoten zen, erne, zaparradaren hotsak, irudimenaren indarrez, bere herriko mendiak, basoak, errekak, zelaiak, soroak, muinoak, eta urrutiko baserriak ikusarazten zizkiola. Etxeko leihotik euriari begira bera une hartan bezain bakarrik sentitzen zen auzoko neska gazte baten begitarte hitsa etortzen zitzaion maiz. Udako denborale batek barrotedun leihoa bortizki jo zuen egun batean, teilak erortzen, aterkiak okertzen, erdi irekitako balkoiak danbateko handi batez ixtean ateratako kristal apurtuen hotsa, etxe ondoko lizarraren adar-hosto arteak ateratako txistua eta urrutian umeei deika ari zen andere baten ahots ikaratia entzun zituen. Agustinen lagunik onena irudimena izatea lortu zuen. Beste batzuetan, bere burua Udalaitzen,Txindokin, Aizkorrin edo Anboton irudikatuz, ahots ozenez hasten zen hitz egiten bere koadrila ondoan bailuen. Udalaitz zen gehien maite zuen gailurra. Hamaika urte besterik ez zituela aitak tontorreraino eraman baitzuen. Ordurako desagertuak ziren gerra aurrean omen zeuden zuhaitzak eta basoak, baina hala ere aita ahalegindu zen ikusten zituzten zuhaitz mota oro Agustin txikiak ezagutu zitzan. Muturrean, amak etxean Anbotoko Mariren istorioak bezala, aitak bera gudari ibilitako pasadizoak kontatu zizkion. Istorio haiek oso bereak izan zituen beti Agustinek. Aitak irakatsi zion mendigoizale izaten, eta aberria maitatzen ere irakatsiko zion, ordurako amak, begirada samurrez inguraturik, euskaldunen herriko zenbait edertasun kontatuz aitari aurrea hartu izan ez balio. Elurte handia egin zuen gau batean, goizalbarekin batera ama logelara sartuz “Elurra, Agustintxo!” pozkor esan zion. Ez zuen birritan errepikatu beharrik izan. Salto batean joan zen leihoraino. Hotzak urtu ezinezko bihurtutako malutak leku guztietan geratzen ziren: aurreko etxe txikiko teilatuan, zuhaitz adar biluzietan, lorontzien gainean, baserritik kalera zetorren asto gaineko otarreetan, ikatza zuri bilakatzen zuen etxe ondoko ikaztegian, txapelen gainean, aitaitaren baserrira eramaten zuen bidezidorrean, mendi guztietan... Zeruko liliak goitik behera erortzen ari bailiran ikusi zituen loaren amaraunak ziplo uxatutako haurrak. Jantzi, gosaldu eta amak kanpora ateratzerako ateri zegoen eta ortzian ostarte txikiak ikus zitezkeen. Hostorik gabeko zuhaitz baten adar elurtua laino artetik ihes egindako eguzkiaren printza batek filmetako jauregi dotoreetako argi-armiarma bilakatu zuen, eta, amaren eskutik helduta zihoan Agustin txikia arras liluraturik geratu zen. Aho zabalik. Haurra ikusten ari zenerantz bere soa bideratuz, “Euskal Herria askatzen dugunean, ikuskizun itsusiena hori bezain ederra izango da”, esan zion amak bere eskuaz semearena zertxobait estutuz. Orduz gero, Euskal Herria edertasun huts bilakatu nahirik ibili zen Agustin. Abertzaletasun horrek bultzatuta, zainetan zerabilen arbaso zaharren odoletik, irrintziak, ezpata kolpeak, kantuak, eta habailaz botatako harrien hotsak entzun zituen. Borroka odoltsuaren ondorengo garaipen handiaren ostean, haizeak maitatzeko garaia heldu zela xuxurlatzen zion belarrira. Karlomagnoren inperioko zalduneria Orreagako harripean desagertzen; arabiarren katezko hesia apurtzen; bisigodoen aurkako gudu gogorrak irabazten; Nafarroako nazio-estatu eraikian Loarreko gazteluan begiei eskuaz gerizpe eginez, gezi jaurtitzaile, balezta eskuetan jagole, muga zaintzen; Amaiur gaztelua defendatzen; Europako itsasoetako legeak idazten; ingeles eta irlandarrei bale harrapaketa irakasten; Amerika iparraldera Cristobal Colonen aitzinetik iristen; isabelino espainiazale taldea segapean suntsitzen; Intxortak defendatzen... ikusten zuen bere burua. Arratsaldeko soinketa eta irakurketa luzeak eragindako nekearen ostean, ohean etzanda, izadian jartzen zituen bere sentimen guztiak. Honela, ziega iluneko leihotik ilargirik gabeko gau oskarbia zegokeela igartzen zuenean, leihopeko ohe gainera igotzen zen, baina ikus zezakeen ortzi zatia hain txikia izanik, ez zuen ia izarrik ikusten edo oso gutxi, eta horrek ez zuen hainbeste pozten. Uda garaian, haatik, Hartz Handia osorik ikus zezakeen, bere etxe ondoko mendixkatik bezala, eta han egoten zen inozoaren moduan hari so, ikusten eta irudikatzen zuenari esker ortziaren handitasunaz jabetzen zelarik. Eta une horietan ekuru, lasai sentitzen zen. Hainbeste kalte egin zioten eta egiten zioten etsaiak barkatzeko ahalmena sentitu arteraino. Haizea alde zeukanean, ordea, urrutitik iragaten zen trenaren turuta-hotsa oso ondo etortzen zitzaion belarrietara eta urrutiak malenkoniaz betetako doinu bihurtzen zuelarik, zerbait goibela, laiotza edo ilunbetsuaren iragarpen bihurtzen zen beti beretzat. Espainiako lur haietako haizeak ekartzen zion hots hark inoiz itzuliko ez ziren garaiak ekartzen zizkion gogora beste zenbaitetan. Gauez bazen, eginahalak egingo zituen loak har zezan, nahigabeak ez zezan eraman inorako ez ziren bideetatik barrena. Egun argiz, berriz, ukalondoak burdinazko mahai txikiaren gainean jarrita liburuaren barreneko istorioaren bihurguneetan zehar ibiltzen saiatzen zen. Belarrietara heltzen zitzaion trenaren turuta-hotsak, ordea, Euskal Herrikoak bezalako soinu bera zuen eta liburuaren kontaketan sartzen zenbat eta gehiago saiatu, orduan eta ozentasun handiagoz aditzen zuen doinua. Barrote artetik etorritako iraganeko dei hura bizkarra eta bularraren artean sumatzen zuen eta une haietan liburuaren lerroak zirriborratu eta hizkiak begi aurretik desagertzen zitzaizkion, negarrari eusten sekulako buruko mina etortzen zitzaion arte. Besteetan, barrua hustu beharrak eraginda, izaera oro jaten zion ezintasunak bultzatuta, eskuak minberatu arterainoko ukaldiak ematen zizkion mahai txikiari, amorruaren malko anpuluak irteten zitzaizkiolarik. Gizakiak, ordea, badu egoera ankerrenetik altxatzeko ahalmena eta, sarri, egun hitsen gibeletik ordu alaiak etortzen zitzaizkion. Zergatik jakin gabe umore onez jaikitzen zen. Gau zohargi batean ilargi betearen argia ohe gaineraino iritsi zitzaion. Begiak hertsi zituen eta ilargiaren distira isilak belardiko lore hertsi ia zimeldua argitasun zurbilez laztantzen zuela ikusi zuen, eta bere egin zuen haren goibeldura, baina berehala poztu zen goizalbako gandu arteko eguzkiaren printzak lore hura piztu, argitu eta ireki egingo zuela pentsatuz. Loak hartu zuen irribarre inozo berarekin itzartu zen. Pozak zoratzen. Boligrafoa hartu eta poemak idazteari ekin zion. Egun onak izaten ziren haiek, funtzionarioek bakean lagatzen bazuten behintzat. Eta herritik iristen zitzaizkion berriak onak baziren, saltoka eta brinkoka ibiltzen zen, bisita egunean aurrean zuenari hitz egiteko betarik ia eman gabe. Denborak aurrera egin zuen heinean, bere burua andregaiaren herrira kaskarin samar joaten zeneko egun eder haien irudiak burura ekartzen saiatzen zen arren, zoritxarrez, lehorteak horiztatu eta ihartutako zelaia nola, hala aurkitzen zuen irudimena gura baino sarriagotan. Ezin izaten zuen gogoa bildu, iragandako pasadizoak zatika, denbora desberdinak nahastuak, zirriborrotsu etortzen zitzaizkiolarik bere haserrerako. Orduan, trenaren turuta-hots hura urrutiko atzerri batekoa balitz bezain arrotz sumatzen zuen eta hori ez zen txarrena izaten. Txistu hura burmuin barruan auhen luze negargarria bilakatzen zitzaionean, ordea, ia nahigabe neskarekin iragandako une ederrak pilatzen zitzaizkion, eta orduan, mundu guztiarekin trenean berriketan, zigarroa dastatzen, neskarengana pozez gainezka joaten irudikatzen zuen bere burua. Ondoren sentitzen zuena ezin adieraz daiteke. Barruko hutsunea eramangaitza izatea baino askoz okerragoa. Une eramanezin haietan, ziega ziztrin hura, lau hormak bereganantz hurreratzen bailitzaizkion, mehartu egiten zitzaion eta, ezinegonak helduta, ohe gainera igo eta salto eginez leihoko burdinazko barrei eskuez gogor heltzen zien, soin osoa goraka pultsuan altxatuz, kanpoa, belarra, mendia, arranoen hegaldia, pagadiren bat, gerizondo bakartiren bat, trena, zerbait ikusi nahirik. Ez alferrik. Ortozik ihintzak bustitako belar freskoa ezin zuela zapaldu konturatuta egon arren, ziegako bazter batean marrubi bila zebilen egun batean, espetxeko zuzendariak aginduta beste modulura pasa zuten, lehendik hiru euskaldun zeudenera. Bere liburuak, koadernoak, argazkiak, arropak, dardaraz jaso zituen. Bere burua lagunartean ikusteak erabat piztu zuen. Lanerako, idazteko, ikasteko, irakurtzeko gogoa lautan bidertu zitzaion. Eta berriketan egin zezakeen. Elkarrizketa luzeak gara zitzakeen. Ikuspuntu desberdinetan oinarrituriko taktikak eztabaida zitzaketen. Abiapuntu eta lasterbide ezberdinetatik ibili arren, amaierako helmuga bera zuten, eta ez zen gutxi. Ederrena, baina, kartzelaldia askoz eramangarriagoa egiten ziona, egunean lau ordutan aldamenean lagunen ahotsak entzutea zen. Nahiz eta zaharrena izan, laugarrena zenez, D’Artagnan deitzen hasi zitzaizkion. “Bakoitza denontzat, denok bakoitzarentzat” lelo famatua benetakoa egin zuten, “nire” hitza beti “gure” bihurtuz. Dena denena zen. Elkarrekin bi ordu goizez eta beste hainbeste arratsaldez egoten zirelarik, ziega ziztrin hartan hormekin hitz egiten aritzearen aldean egoera ederra zuen. Zalantzak kontsulta zitzakeen, konfidentziak egin, kanpotik etortzen zitzaizkien berriak pilatuz Euskal Herriaren bilakabidearen erradiografia lehenagokoaren aldean askoz egokiago egin zezakeen, hala uste zuen behintzat, eta bakoitza bere ziegara sartzean, elkarri bihar arte esan ostean, bere buruarekin egindako elkarrizketak askoz alaiagoak izaten ziren, hormak ez zitzaizkion gainera erortzen, leihoa handiagoa begitantzen zitzaion, kanpoko haizearen doinua leunagoa, kilkerraren kantua alaiagoa, eta trenaren turuta-hotsa entzutean, han, bagoi baten barnean Euskal Herrirako bidean irudikatzen zuen bere burua, “eutsi goiari, motel!” errepikatzen ziolarik ziegan motel egoten zen Agustini. Beste bat zirudien. Egunsentian Agustin txikia oporretan baserri aurreko putzu-zulora lasterka joaten ikusten zuen, han, ur-azaleko hostoak higitzean eguzkiaren argiak eragindako uhintxo dirdaitsuak piraten kutxako harribitxi bilakatzen zitzaizkiolarik. Eta bizarra kantuan egiten zuen. Taldean egoteak elkarri adar-jotzen ibiltzeko beta ere ematen zien, arpa-jotze txikiak, jakina, laurek barre egiteko. Iseka jasaten zuena haserretu egiten zen beti, aharra edo ernegazioa apropos handitzen zuelarik, besteei barre oraindik ozenago egiteko aukera emanez. Bazuten bat kostaldekoa eta hark itsasoko gesalez blaitutako kantuak irakatsi zizkien. Elkarren euskalkien desberdintasunak aztertu eta ikasi ere bai. Euskara batuak euskalkien bizitasuna oraino ikasteke zuela ere konturatu ziren. Iraun zuen bitartean ez zen garai txarra izan. Segoviako ihesaren garaian bezala sukaldetik edo beheko komunetatik beherantz indusi eta kanpora ihes egite kontu hori burutik baztertua zuten, ez zutelako diktaduraren garaian bezala espetxean batera eta bestera higitzeko askatasunik, ziegatik patiora eta patiotik ziegara, bakoitza funtzionario batekin, ongi zainduta joaten zirelako. Horrela, euren askatasuna herriaren borrokari lotuta ikusten zuten. Hala ere, ziegan bakarrik geratzen zenean noizean behin irudimenari langarik gabeko bidea ireki eta presondegi azpiko estolderian zehar kanporako bidea egiten ikusten zuen bere burua, askatasunaren haizea dastatu arte, haurtzaroan ikusi zuen Le trou film frantsesean legez. Bakarrik egotea lagun txar artean baino hobea dela, diote. Ez bazaude ziega zikin batean sartuta, jakina. Patioko bere hiru lagunak epaiketa batean lekuko izateko-edo kartzelatik atera eta ez ziren gehiago itzuli. Berriro bakarrik. Egunero ziega batean isolatuta hainbeste ordu egotea, isolamendu osoa ez izan arren, zeharo zamatsua bihurtu zitzaion Agustini. Eramangarriagoa izango zen negoziazio posible batean sinetsi edo denbora laburreko itxialdia balu. Hainbeste urte, hilabete, egun eta ordu aurrean izatean, ordura arte iragan zuena baino gehiago, gero eta astunagoa bihurtzen ari zitzaion. Eramangaitzagoa. Eta Ixiar falta. Goizeko zazpietan kafesne izeneko ur epel zikina hartzeko esnarazten zutenetik, gaueko hamaiketan ziegako argia amatatzen zioten artekoa barraskilo lasterketa baino geldoagoa zen. Egunek 48 ordukoak ziruditen. Denborak aurrera egin ahala, irudipen honek indar zamatsua hartu zuen bere baitan. Zazpi urte baino ez zeramatzan preso —ez da gutxi Espainian barrena presondegiz presondegi ibiltzeko—, eta orduantxe pilatu zitzaizkion kanpoko gertakariak bata bestearen gainean. Txarrak. Lehenbizikoa bere amarena izan zen. Hiru egunean hiru telegrama jaso zituen. Estreinakoa, bidean zetorkiola istripua izan zutela eta klinikan zeukatela. Nahikoa gaizki. Bigarrengoa, oso gaizki zegoela eta ama ikusi ahal izateko espetxeko zuzendariari baimena eska ziezaiola. Hirugarrengoa, hila zela. Alferrikakoak izan ziren Agustinen eta familiakoen eskaerak. Alferrikakoak protestaldiak eta haserreak. Ez zioten amari azken agurra ematen utzi. Oinazea gorroto bihurtu zitzaion. Gau hartan ohean fetu-jarreran egon zen etzanda. Amari eskutik helduta aitaitaren baserrian, zinean, auzoko festetan erroskilak erosten ibili zen. Askatasunaz ere hitz egin zuten. “Habil kontuz, Agustin, jende hau gaiztoa duk-eta”. Gabon gaueko afari goxoa dastatu zuten. Kantari. Eta urtero Aberri Egunean ama zein guapa apaintzen zen gogoratu zuen! Argiak iluna piztu aurretik lehertu zen negar samin batean. Egun ankerrak izan ziren haiek. Begi banatan gauaren iluna, herraren harrak erraiak jaten, Alos Torreko alaba presoak bezala histura eta isolamendua zituela gonbidatu bakarrak. Desberdintasun batez, hark leihotik bele beltzen karraka desatseginak entzun zitzakeela eta Agustini bele beltz itsusienak ordezkatu ziola bihotza. Presozain, espetxeko zuzendari, arduradun oro, ministro eta sakabanaketa politika asmatu zuten alderdi eta hauen laguntzaileenganako erdeinu beltza eta hesteak ebakitzen zizkion higuin zorrotza ankerki sumatu arteraino. Eta bihotza eskuan zuela idatz ziezaiokeen lagun bakarrari ezin zion izkiriatu. Ixiarri. Egoera txar hura hobeki jasango zuelako ustetan pairatutako egoera okerragoetan jarri zituen begiak. Egin behar izan zituen gose grebetan. Jan gabe egotea txarra bazen, ez zen askoz hobea ondorioa. Zigor ziega bereziak. Hogeita hamar, hirurogei edo laurogeita hamar egun, ez libururik, ez paperik, ez zigarrorik, ez ordutegirik, ez leihorik, hots, ezeren heldulekurik gabe, eguna ala gaua zen ia jakin gabe,Ameriketako filmetan bezala, ate bikoitzetako bat ireki eta lur pareko atetxotik latoizko plater mailatuetan bazkari edo afari arina sartzen ziotela egon beharra, iraun beharra, oso latza zen. Denboraren neurria galduta izatearen erotzeko moduko egoera pairatzea zer den ikasi beharra izan zuen. Egunak euria edo eguzkia zer ekarri zuen ezin ikusi. Leihodun ziegan urtaro aldaketak dasta ezinak baziren, zulo hartan ez zen urtarorik. Gauak erlantzak edo trumoitsuak ziren ezin jakin. Leihorik gabeko begiradak. Denbora geldian, hala ere, bihotzaren taupadek markatzen zioten biziaren erritmoa. Ordu luze haietan, irudimena eta hankak izaten zituen lagun bakarrak. Alde batetik irudimena, herria kalean borrokan, indarrez, gogoz irudikatzeko. Askatasunaren usaina zirrikiturik gabeko gela madarikatu hartara ekartzen zuen arte, eta bestetik bernak, oinez lau metro eskaseko hormatik hormara eta berriro buelta, ia zorabiatu arteraino gelditu gabe ibiltzeko. Soina nekatuz ekiditen zuen pentsamendu beltzetan erortzea edo bere buruarenganako errukiaren sentimendu merkean jaustea. Urratsak zenbatuz mendi ezagunera joan-etorria egiten zuen, bideko lizarrak, gaztainondoak, sastrakak, tximeleta zuri hegalariak, behien baurreak, haizeak hurbildutako txakur ikusgaitzen zaunkak, kukuaren kantua, bide ertzeko otaloreak, urrutiko baserriko tximiniako kea, haizeak higituriko artasoroak, eguzkiak apal argituriko urrutiko gailurrak... irudikatuz. Horrela, denborari denbora lapurtzen zion, lurrean eserita, bizkarra hormaren kontra, burua belaun artean eta eskuak kokotean, etsipenaren bide itzaltsuan galduta ez geratzeko. Orduan ohartzen zen oraindik orain bere bihotzean bazuela lekua hosto artetik iragandako haizearen doinuarentzat. Kartzelatik ateratzen zutenean oraindik izadiaren lagun izaten inoiz baino kementsuago jarraituko zuela ondo zekien. Hala ere, isolamendu ziega berezi haietan usu orekatuago sentitzen zen. Orduan ama bizirik zuen eta Ixiar ikusteko itxaropenez bizi zen. Estreinako aldiz isolamendu ziegatik berera eraman zutenean ohartu zen zenbat lagun zituen barruan. Koadernoak, bloka, argazkiak, boligrafoa, liburuak, gutunak, aurpegia eta hortzak garbitzen zituen konketa, mahai eta aulki ziztrin haiek, edozein unetan etzan zitekeen ohea eta barrotedun leihotik ikus zezakeen gauetako ortzi zatia. Horregatik ziren hain gogorrak lekualdaketak. Ez bakarrik lagun egindako patioko burkideak gehiago ikusiko ez ote zituen saminagatik, ezta bidean txapelokerrek edo poliziek emango zizkioten zartadengatik ere, baita, eta honek beti harritzen zuen, bere kide hain denbora luzean izandako ziega ez zuelako berriz ikusiko ere. Ez ziega maite zuelako. Ez. Hori inoiz ez. Hurrengo ziega beldurgarriago, ilunago, bakartiago izango ote zuen kezkak eragindako usteagatik baizik. Ziegaz ziega ibiltze hartan atera zuen bizidunen teoria. Alegia, mundu honetan bizidunak ez direla pertsonak, animaliak eta landareak soilik; eta ikusten eta ukitzen den oro dela biziduna, baita harria edo burdina ere. Bigarren gertakari makurra Ixiarrena izan zen. Harekin harremanetan jartzeko arrebaren bitartez asmatutako bideari ekin behar ziotenean gainera. Izan ere, gero eta urrutiago sumatzen zuen Ixiar eta hil ala biziko kontua zuen harekin harremanetan jartzea. Ixiarrenganako maitasunera lotzen zuen soka gero eta luzeagoa zela begitantzen zitzaion Agustini, indarrik gabea, higatua, baina hala ere, oraino etengabekoa. Eta Ixiarren soka berea bezalakoa ala indartsuagoa zen jakin nahi zuen. Egoera horretan zebilela, arrebak, jertse beltz batez jantzita kabina estu hartan agertuz eman zizkion Ixiarren berriak. Beste bi mutilekin atxilotu egin zuten. Neskari komando-buru izatea egotzi zion poliziak. Hirurogeita hamar orduko galdeketa egin ostean bi mutilak espetxeratuak izan ziren. Ixiar ordea... —Ehun eta hogei ordu torturapean, Agustin! Zer ez ote zioten egin gajoari! Komisarian oso larri jarri eta ospitalera eraman beharrean aurkitu omen ziren zakurrak. Hil ala biziko egoeran eta, hala ere, poliziaz inguratua. Ez eraikina bakarrik, baita korridoreak eta herioaren aurka borrokatzen ari zen gela ere. Seigarren edo zazpigarren egunean, Ixiar oraindik larri zegoelarik, jende multzo handi bat agertu omen zen bero-bero eginda ospitale inguruetara. —Hura poza Agustin! Polizia jendea jipoitzera jaitsi zenean, Ixiarren gelara hiru mediku agertu omen zituan ebakuntza larri bat egin behar ziotela esanez. Une hartan bi zakur besterik ez omen zeudean Ixiar zaintzen eta handik ebakuntza-gelarako bidean, ziplo desagertu omen zituan! Larrialditarako anbulantzian ihes egin omen zitean! Horiek zeuzkatek koskabiloak! Anbulantzia bost kilometrotara agertu omen zen, bidegurutze batean, barruan bi polizia eskuak hankei lotuta eta ahoa esparatrapuz itxita. Barneko hiru medikuen eta Ixiarren arrastorik ez. Agustin berehala jabetu zen Ixiar ez zuela berriro ikusiko. Poztu egin zen ihes egin zuelako, baita erakundeak frogatu zuen ahalmenaz ere, baina aurrerantzean satorra bere zuloan baino ezkutuago ibili beharko zuen, edo beste nonbaitera ihes egin.
Iraganean galdua |