Aroa
Aroaren ekeiak
Aroaren ekei bakoitxak badütü bere sailean berezgoak eta nabardürak. Bederazka ikus ditzagün.
Aizea
Hegoakoa da aizehegoa. Gure herrian hanitxetan emaiten dü, batean ezti eztia eta erraiten da hegoaide dela; bestean azkarkiago eta erraiten harro dela. Zonbaitetan indartsü izan daiteke, bazterrak iharrausten dütüalarik. Hegoak üztak zohitzen dütü, bena ere belarrak eta iratzeak barreiatzen eta frütak lürrealat urtukitzen. Aizeiparra hotz da, mehats, larroi ere orozgain negüan emaiten düalarik. Ekijeikigiatik horra dena da ekiaizea edo labeda. Deitzen dügü ere, güneka bederen, Ahüineaizea. Aro ederra eta txüküa ekarten dü, prefosta ekitsü eta labeda izenak salatzen düan bezala bero. Itsasotik den aizeak hiru izen dadüka: aizebeltza, pekoaizea eta zeiharraizea. Hola, arren, lau hegaletarik jiten zaizgün aize bereziak. Hona orai zer izan leitekean aizea. Azkarki eta arteka bera buha lezake: ordüan deitzen da aizebuhada, aizebuheta, aizebuilta. Nardagarri dena da aizebasuila. Zinez hotz dena eta sarkor, aizegorria edo aizelarroia da. Mingar dena aizemehea da. Sargia erdietan edo hegatz heipetan igaraiten dena eta hüxtü bat bezala egiten düana aizepenatüa da. Aize ttipi arrunta aizexkot bat da, bena hotz bada aizetto edo aizeini erraiten zaio. Üngürüka eta zühaitz edo hegatzen urtukitzeko heinean emaiten düan aizea da bahumeta edo kürübilloa.
Beroa eta hotza
Prefosta ekiak beitü lehen lehenik berotzen, aipa dezagün. Ekitü aditza erabilten da edo ebitik landa jin dela ekia erraiteko edo ere noiz agertü den. Hala nola: egün goizik ekitü dizü. Ekitoltzea izenak eta ekitoltü aditzak, ekiak itotzen düala dioe. Ekistatü, ekistatze hitzek ekiari para norbera jarten delarik edo zerbait ezarten delarik erran nahi düe. Eki txista baliatzen da ekiak norbait jo badü. Bero hitzak berak emaiten deigü berotarzün kente zonbait. Berope edo beilope erraitean aitortzen dügü bero goxo batek emaiten düala. Berodüra da arte bateko beroa, iraüten ez düana. Nahi badügü bero azkar bat izentatü, bero saminaz edo egosiaz mintzatüko gira. Honen ondoan, bero itogarria, gohain, gorain, gorin edo eskalfo deitzen da. Beroareki aipa dezagün, arren, hotza. Hau nabaritzen dügülarik, erraiten dügü hozdüra edo hozküra eta hoztü aditza. Azkarrago delarik eta lürra xuri, negüan, izotza da. Honeki batean, bena orozgain oihan papatxetako zühaintzeak irintsü bezala direlarik, lantzurda da. Hura gogortzen düan hotza karrua da. Bena, lürrean hedatzen bada, leira egiten dü. Hegatzetarik txilintxau den karrua, bai eta heze güneetarik dena kandailü izena hartzen dü.
Ebia
Beharrezkoa bezala ikusirik da ebia, bai lürraren hurtatzeko, lantareak sor ditean, bai edateko eta üküzteko hura emaiten beitü. Nahi günüke eztiki eta goxoki eror dadin. Lantzerra da ebi xehea, eta orano xeheago delarik lantxurdiña deitzen da. Aizeareki batean ari delarik, erraiten dügü erauntsia, txürrübila edo zürrübila eta irazarria. Isola, üharria, ekaitza edo harokaitza ebi zinez azkarra da. Arteka ari dena ebi txarraka edo tzarraka da. Gaüan sortzen den hezetarzüna sena da; ez zaio para egon behar osagarriarentako gaixto beita. Ebia eküratzen denean, ateria jiten da. Hanitxetan, martxoan bai üdan, düründak (irurziriak, ühülgüak) ebia lagüntzen dü eta haren kaska edo zaparta ezagün da. Zelütik, ordüan, tzarramikaz bezala jaisten den süa tximixta edo iñazia da. Ebi mentsa delarik, errekak agor dira, bazterrak ütsal, idor eta txükü. Sobera bezala delarik, lanapeaz lagüntürik eta hezetarzün handia bada, egün zirtzila da. Hezetarzün horrek barneko harlosak bustatzen dütü, bai eta zurak ere eta hantzen. Ebitik landa edo hürrünago ebia ari delarik, ikus genezake ortzadarra. Hau bi hitzez osotürik dago: ortzi eta adar. Ortzia, prefosta, gaineko aldean da; adarrak, aldiz, bere erroak lürrean dütü. Arren, gisa batez, zügü bat bezala lizateke, lürraren eta zelüaren artean, lürraren eta zelüaren artean bide bat egiten dü, algar jüntatzen dütü. Ekia eta ebia batetan agertzen direnean, erraiten da haxeriaren ezteiak direla. Honi zor zaio xehetarzün zonbait. Zertako erraiten da? Horrek erakarten gütü aipatzera nola ikusten den axeria. Prefosta ezteieak hitzak salatzen deigü gizakiaren arabera. Hontan bada hona eta gaixtoa, indarra eta ahülezia, boztarioa eta nahigabea, etabeste... Arren bi alde asmatzen dügü axerian: ausart eta lotsor da, maltzur eta ezaxol, bizitore eta gaixkigile. Bestalde, gizakia, bi gaintitarat küpüx izanagatik bat den bezala, hala hala üdüriten zaigü axeria. Ebiak eta ekiak honen bi aldeak izate bakoitxean agertzen deizgü. Hola axeria, gure ustez, bere jite osoan boztariatzen da eta bai ekia eta bai ebia balia ditzake batetan, hau da maltzurkeria eta gaizkia: egiaz, ordüan, ezteiak egiten dütü, bere helbürüala heltzen beita.
Elürra
Negüan, elür egiten dü. Negü betean badügü ontsala ikusten, azaroan has leiteke, maiatzean ürrentzeko. Ari denean, zelütik jaisten dira elürkanuak edo elürlümak. Azkarki ari bada, elürrerauntsia da. Iraüten badü lüzaxko ikusi dügü te ürrentitza baliatzen dügüla. Bena, erran genezake ere entsarrü, entsarre dela. Lürrean xehe hedatzen dena elürlahiña edo elürlahija da. Lodi bada, elürmeta edo elürratea. Aizeak güneka biltzen düana elürrosina da. Hurtzen ari denari elürbustia edo elürgesala izena emaiten zaio; lohiareki nahasten denari, salara. Oso hurtürik denean, lürbelztü dü, lürbeltz da. Berotzen hasten denean, mendi maxela beheiti badoa biribilkatüz bezala, hori da elürrausoa edo elürrosoa edo elürlurta. Elürraren kantüan ezar genezake beste ekei bat, ez dena ber urtaroan jiten. Hau tzitzerra, kaskaburra ere deitzen dena. Adarka edo güneka da ari. Lodi bada, harria da . Ordüan itxes handiak egin ditzake bai alorretan bai zühaintzetan, bai hegatzetan. Ürzo arraultzeak beno lodiago eror leiteke eta arte güti behar dü bazterren porrokatzeko.
Odeia eta lanoa
Odeiek zelüa tapatzen düe noiztenka. Odei puzka bat agertzen delarik, hori odeiaztaparra edo odeiezürra edo odeiherresta deitzen da. Badira odei lodiak edo odeimürrüak ebia ekarten düenak. Mehatxü handiagoa düenak dira odeibeltzak edo inkatxeroak, azken hitz honek inkatza oritarazten beitü. Hoiek ekar ditzakee isola gaitzak, bai eta harria. Goizan, argitzean, ekijeikigian, edo amiñi bat beste güne batetan odeiak gorritzen dira: hegoa dela salatzen düe. Horik dira odargiak eta erraiten da odargitü düala, bena ere azkorri edo ozkorri dela. Arratsen, ekitzalgian agertzen direnek biharameneko ederra düe. Noizean behin, artilea bezala herrokatzen edo biltzen direnean, zelüa üzürti dela dioe. Mendia mihikatzen düan odeia da odeibilüma.
Odeiak zelüan daude, lanoak, aldiz, apalago, eta lürrari lotürik bezala dirade. Hanitxenetan oihanak eta bortüak badütüe tapatzen, agitzen da naban hedatzen direla. Zonbaitetan ere aldegainean ekiak emaiten dü, aldepean lanoa itsas balde jarten delarik. Lano herresta hein bat arin da eta güneka baizik ez da agertzen. Tinkago delarik, lanape izena hartzen dü. Hain tink izan leiteke non üngüra zintirokean gainti orotarik eta metra ttipixko zonbait haratago deüs ez beitziniroke ikus. Iraüten düalarik, aroaz erraiten da dündü dela. Arin arina bada, labioa deitzen da eta abainoihal bat bezala dago. Askitan goizanko lanoa aizatzen denean, bero mingarra jiten da üdan. Baratzeko adelüak horitzen direla aipatzeko lanatü hitza baliatzen da. Odei ez lanorik ez denean, bai gaüarentako bai egünarentako erraiten zohar, zohardi dela. Argi argia balin bada, ordüan zohardi tipil dago. Gaü zohardiareki ihitz handia eta baliosa izan daiteke: hau da zohartihitza. Ihizearen herexa, ordüan, ontsa ageri da: hari jarraikiz, ihizlariek badakie non ihizea gorde den.
Aroa |