Aroa
Urtea
Urteak lau aldi badü, ekiaren üngürüaren arabera: bedatsea, üda, larrazkena eta negüa. Horiek bi püntü beharrezkoak badütüe, negüan eta üdan: egüberri eta ekaina. Lehenean edireiten dügü negübürüa, bigerrenean, üdabürüa. Bedatsean eta larrazkenean bi horik zatikatürik dira, egünak eta gaüak ber lüzetarzüna hartzen düelarik: gainti bat bedatseko hamabiko egünaz, eta beste bat larrazkeneko hamabiko egünaz. Herrokatze hori, arren, egiten da ekiaren ebilaldiaren eraginez. Ekia abiatzen da abentüaren 21 edo 22-an. Negübürüa den abiagüne hortarik sartzen gira negüko aldian. Martxoaren 20 edo 21-ean, bedatseko hamabiko egüneala heltzen gira. Hor sartzen gira bedatseko aldian. Ekainaren 21 edo 22-an üdabürüa joiten dügü. Hasten dügü ordüan üdako aldia. Berriz jaitsiko gira larrazkeneko hamabiko egüneala, irailaren 22 edo 23-an. Jaistez jarraikiko dü, larrazkeneko aldiaren lüzean, arrajarteko negübürüa den zerogünean. Hortarik landa lau aldien taigabeko ützülüngürüa arrahasiko da. Ützülüngürü hori bizitzearen itxüra bezala ikusirik da. Hontan dago sortzea eta heriotzea, bena ere heriotzetik harat beste izate batetarako berpiztea. Kirixtiek ekia Kristoren üdüria dela dioe eta hontan sinesten düe hiltzea ez dela ürrentze bat, bena giza izatea pizteaz aldakatürik dagola, betiereko bizitzea ardiesten düala. Ekiaren ützülüngürüak urte bat osorik hartzen dü. Lau urtaroak, arren, hor sartzen dira: bedatsea, üda, larrazkena eta negüa. Bena izadiaren gaintitik eta gizonaren lanaren gaintitik sogiten badügü, hiru zati ikus genezake: ereintza, sortzea-arpatzea-zohitzea, eta azkenik üzta. Orokorki lehen zatiak iraüten dü azarotik eta barantailala, bigerrenak martxotik eta maiatzeala, hirugerrenak ekainatik eta ürrietala. Prefosta, zatikatze horrek garrantzi handia badü, lür lanaren eta hazküntearen üngürüan jarririk delakoz. Hortarik beita jiten bai gizakiaren bai abereen janaria.
Aroa |