Aroa
Negübürüa
Urtean, bi egün algar lotürik ikus genezake, bata negüan, bestea üdan. Lehena da negübürüa, bigerrena üdabürüa. Negübürüa da urtean ekia apalena den egüna, üdabürüa, aldiz, ekia gorena den egüna. Üdako egüna ospatzen da Jondane Johaneren bestan, negükoa Egüberriz. Egüberri da Jesüsen sortzearen egüna. Bena hitz horrek bi zati badü: egü eta berri, erran nahi beita egün eta berri. Hori da negübürütik jiten den lehen egüna. Egün hitzak, aitzinetik, ekiaren ber zentzüa zükean. Bi egün horien, üdakoaren eta negükoaren lotüra süak düala egiten erran genezake. Jondane Johanez, nola sü hori ospatzen den ontsa ezagütürik dago. Nola haatik, egüberriz, ez da hain aipatürik. Arrunt, bien artean den ezbardingoa ageri da. Jondane Johanez, kanpoan egiten da, egüberriz, barnen. Ez dakit erran behar dügünez egiten da, ala egiten zen. Zeren eta bamen igaraiten zenaz gainen, süa sütondoan pizten zen. Sütondoak galdü dira edo bederen ez düe haboro aitzinetik züen zerbütxüa. Arren, nola ospatzen den egün hori? Gaü horrentako sükibel lodi bat ezarten da sütondoan. Idorrarazirik da hilabete zonbait lehen, eta arraheinki begiratürik, erdiratügabe, bere osotarzünean; iraün behar dü egüberririk, bederen urtatseartino. Izen berezi bat badü: Jinko mükürra. Gaü hortan ere, gaüherdiko meza aitzin, etxenkoak süaren üngürüan biltzen dira, gaztaina jaten, kantarapikotsez, gazteak pürü, elizalat joan beno lehen. Berriz, mezatik landa, bildüko dira oherat joan aitzin. Goizan, haurrek, beren oskietan, ontsa argitürik, emaitzak edirenen dütüe: huntto, txakolate, iranja, hots gaüza arrunt zonbait. Emaitza horiek ere badüe beren izena: Jinko küpidak. Ez da düdarik, bi gaüza horiek: Jinko mükürrak eta Jinko küpidek badüela, beren artean, zerbait ikusteko. Mükürra hitzak hanixtarzüna ozkatzen dü, zerbait gaintika dena. Küpida hitzak, bere aldetik, xühürtarzüna salatzen dü, zerbait nola nahi igorri behar ez dena, artoski zaintü behar dena, begiratü, apür den bezala edo balios. Beraz, batan hanitxa, bestean gütia. Jondane Johanez igaraiten denak üdari bürüz eta üdako üztari bürüz eramaiten gütü. Hebenkoak zer erranahia dü? .Aipatü dügün bezala, oro barnen igaraiten da, sütondoan: süak dü lehentarzüna hartzen. Bena düdarikgabe, sü hori ekiaren itxüra dago. Gure eüskal kültüran, ekiak arrakasta handia badü. Jada ikusten da aitzinixtorian, eta orai ere gure ilerrietan, eta zonbat eta zonbat itxüretan: lili, errota, izar, laubürü... Jondane Johanez, kanpoan, ekia, bere ederrenean eta bere azkarrenean agertzen da; egüberriz, barnen, bere ixilean, eta ttipian, xühürrean gordatzen da. Egüberriz, arren, süa etxen barnen dago eta süpazterrean. Badakigü bi gaüza horik, bai etxea, bai süpazterra, gure Eüskal Herrian, sakratürik direla. Etxea prefosta, ilerrieki eta elizareki bat egiten beitü. Bena sütondoa ere. Etxeko bihotza bezala da. Han dira biltzen oro, xaharrak eta gazteak. Han da berrikatzen. Han kontatzen ipuinak. Han, gizaldi batetik besteala, igaraiten kültüra. Behar da ere aipatü tximiniatik txilintxau den laratza. Prefosta hartan da ezarten bertza eta sükaltaritzako behar den besterik ere. Bena badü bere egiteko berezia. Gizonak betidanik ühülgiaren eta iñaziaren lotsa üken dü. Nola aiza litiroke? Hain xüxen laratza da, etxen barnen, zelüko sü gaixtotik begirazalea. Hortakoz, badütü behera bürüz zizelatürik diren ozkeak, beheiti lürrealat, sü gaixtoaren gidatzeko. Horietarik ageri da, barnen, sütondoan, igaraiten direnek nola ekialat erakarten gütüen. Hau, negübürüan, bamen jarten da. Ixilean, arraeginen dü bere indarra, hantik elkitzeko eder eta azkar, nausi. Bestalde, barnea aipatzen dügülarik, gogoalatzen dügü hartza. Hau, negüa jiten delarik, gordatzen da negükatzeko. Batean, xiloka edo aterbüxka batetan, egiten dü abarrezko habia bat, bestean harpe batetan sar leiteke. Zer nahi den, kanpoko bizitzea üzten dü eta, barnen bezala, baraxñitürik, lotarik, biziko da. Gero, bedatsea üsnatzen düalarik, berriz hartüko dü bere ohizko bizitzea. Gure kültürak abere mitologiko balde ikusten dü. Bai maskaradetan, bai pastoraletan ager leiteke: gisa hortan da ospatzen ordüan ekia eta haren eragina. Heben ere ageri da hartzaren egin moldeak eta barnen, sütondoan, pizten den süak beren artean lotüra bat badüela. Hartza berpizten den bezala bedatsean, hala hala lo bezala den ekiak, süaren itxüran, bere bidea arraheinki hartüko dü. Egitate horien arabera, badakigü zer lekü berezia, gure bizitzean, izadiak hartzen düan eta prefosta hortan ekiak. Horren indarra ospatzen da eta ahal güziak egiten dira honealako indar horren biltzeko. Basajauna ere hanitx aipatürik da gure rnitologian. Hari behar da nolapait kausitü. Negübürüaren üngürüan, Basajaunari bürüz eginik den beste ohidüra bat bada. Urtaro hortan dira adelatzen etxeetan gizenkiak eta xerrikiak. Basajaunarentako, arren, baztertzen dira odolki, lükainka eta pastetx. Ezarten dira kapitxale pean. Borta zabalik üzten da har dezan jatekoa. Ez balin bada egiten Basajauna mendekatzen da eta behi bat edo ardi bat eramanen dü hegatzaren gaineala. Horietarik orotarik gogoan etxeki behar da gizonak nahi dütüala bereganatü mündü hontako indarrak eta ahal oroz baliatü bere honarentako. Urtearen lüzean badira zeinak, bakoitxak bere aldia ozkatzen düana. Batean hastapen bat da, bestean herroka bat, beste batetan urrentzea. Nola horien nausi izan gizonaren helbürüa da. Oro har, negübürüan egiten direnek horrat gütüe erakarten. Bena gizonak ez beitaki beti nola planta, asmatzen dütü egitate zonbait, heben ikusi dütügün araberakoak.
Aroa |