Aroa
Junes Casenave

Astobelarra, 2010

 

 

Aroaren ezagügarriak

 

      Jada, prefosta, ikusten dügü aroak jentearen gogoan eta bizitzean garrantzi handia badüala. Bena jenteak ez dira haidürü edo so bezala egoiten. Gisa batez nausi izateko amets bat balükee eta arrenküra handia badüe aroari bürüz.. Hortakoz, han hor, ezagügarri bila dabiltza. Hoik edireiten dütüe bai zelüa bai bazterrak ikertzez. Hona gaüza zonbait.

 

 

Zotal egünak

 

      Horik dira urteko lehen hamabi egünak. Herri zonbaitetan agorrilako lehen hamabiak dira edo ere abentüko azken seiak eta urtatseko lehen seiak. Zer nahi den egün bakoitxak emaiten dü zer datean hilabete bakoitxa: hala nola lehen egünak urtarila, bigerrenak barantaila, eta abar...

 

 

Kartak

 

      Urtaro hatsarre bakoitxeko egünak dira. Hasten dira asteazkenean eta geroko astelehenean ürrentzen, astelehen honek 'karta giltzak' izena hartzen düalarik. Egün horien arabera dirate ondoko hiru hilabeteak. Arren, lehenek bedatseko hilabeteak manatzen dütüe, bigerrenek üdakoak, irailakoek larrazkenekoak eta abentükoek negükoak. Bakoitxak jakin dezan noiz diren kartak, hona heben nola. Bedatsekoak Hauste egüneko geroko asteazkenean hasten dira. Üdakoak Pintakoste ondoko asteazkenean. Larrazkenekoentako Dona Kürütxearen Goralpenetik, irailaren 14-tik abiatü behar da. Egün hori asteazkena beno lehen bada, asteazken hortan hasten dira kartak. Egün hori, aldiz, asteazkena edo geroko egün bat bada, geroko asteko asteazkenean hasten dira kartak. Negükoentako ber gaizaxka egin behar da, Santa Lüxia bestatik abiatzez. Santa Lüxia asteazkena beno lehen bada, asteazken hortan hasten dira kartak. Bena, Santa Lüxia asteazken edo geroko egün bat bada, geroko asteko asteazkenean hasten dira kartak.

 

 

Argizagia

 

      Jada aipatü dügü berartarik düan garrantzia. Heben erranen dügü bi hitz ikusteko zer eragin düan aroari bürüz. Argizagi berria eder bada, behar da egürüki laugerren egüna, ea kanbio bat hasiko denez; bosgerren egüna horren üdüriko da. Bena seigerrenak dü orokorki ozkatzen zer datekean argizagi horren hilabetea. Argizagia ebitsü bada, egünak emeki emeki honealatzen dira laugerreneala bürüz, gero seigerrenik harat eder izateko beste argizagi berrialartino. Haatik, argizagi aldi bakoitxean, gorapenekoan eta estiapenekoan eta ere argizagi betean egün bat et'erdi lehen, egün bat et'erdi geroartino izan daiteke kanbio bat, ederrealat ekardüra txar bazen, eta txarrealat ekardüra eder bazen, zonbait aldiz arin. Argizagia bazter argi batek üngüratürik delarik, erraiten da argizagia oro hurean dagola. Horrek ebia nahi dü. Adarrez gora bada, zare bat balde, ordüan, jinen da isola gaitza edo aize hegoa.

 

 

Aizea

 

      Jentea artoski jarraikitzen zaio aizeari. Prefosta, taigabe, hatsa hartzen dügü , bizia beita. Bena aizeak traba lezake, eta dioe hegoa aizeak orozgainetik. Honek hasbahiak neke handian ezarten dütü eta errematisma narneriak eta bürüko minak sorrarazten dütü. Ikusteko nontik aizea jiten den, badira han hor seinaleak, hala nola tximineako kea. Aroari bürüz hona nola ikusten den. Aize beltzak, iparretik horra denak ekarten dü isola, tzitzer eta harri; itsasotikoak ebia; ekijelkigiatikoak aro ederra; hegoa xuriak hiru egünetarik eta hamabostetara ederra nahi dü; hegoa beltzak, aldiz, ebia; honek gaüaz buhatzen badü, egüneko ebia da. Aizeak, goizan, zühaintzeen ostoak petikgora ützültzen badütü, ebia jinen da. Larrazkenean, ostoak erorten direlarik, aizeak ez badütü barreiatzen eta zühaintzeenpean egoiten badira, negü gaitza eginen dü.

      Aize gaixtoari bühürtzeko eta urte orotan alde ükeiteko, Santa Agata bestan, barantailaren 5ean, meza emanarazten da. Erramü egünean, pasionea irakurten den artean, sogiten da aizea norat doan. Urte osoarentako aroa ozkatzen dü.

      Puxka honen ürrentzeko, hona historiatto bat. Etxe batetan egoitera jin zen apez xahar bat. Erraiten zizün: «Izena badüen gaüzak badira. Bena ez da lotsa izan behar. Aizea da gaüzarik itsusiena. Beharrik ez da ikusten.»

 

Zelüa

 

      Ekia da, prefosta, zelüko nausia. Ez da harrigarri, arren, emaiten badeigü argi ontsaxko aroari bürüz. Jeikitzea zurpail delarik, sarriko ebia date. Goizan ozkoria balin bada, hegoa jeikiko da. Ekitzalgia gorri, biharamenean egün ederra. Zelüa odeizü denean eta ekia odei beltzen gibelean etzaten bada, ebia izanen da. Odei exürrak ebia dü. Barantailan, arrastiri apalean zohartzen düalarik, aize mehe bateki, biharameneko izotz azkart bat ozkatzen dü.

      Zelüan badira ere izarrak. Gaüa zohardi tipil delarik, zelüa titilatzen düe, distirant. Bezperan bekan bezala ageri badira, biharamenean aro ederra date. Haatik, üsü eta tink bezala agertzen badira, biharamenean tzürrübila date.

 

 

Süa

 

      Kantan ari den süa aizearen eta elürraren mezülari da. Txinkak zartanaren üngürüan jauzkan ari badira, elürra ez da hürrün. Kerradea tximinia behera erorten bada, hezetarzün iraünkorra jarriko da eta ebi erauntsiak jinen dira.

 

 

Beste zonbait

 

      Mendiek eta botxüek hüilan üdüri badüe, ebia da. Lauzadi edo harlasak arratsen heze badira, harokaitzak ikusiko dütügü.

      Hona zer dioen elürrari bürüz: abentüko elürra atxeirü da, urtarilakoa bürdüin, barantailakoa zur, martxokoa hur. Azken honentako ere jenteak uste dü gorotzaldi bat balio düala.

      Ostiraleek eta hilabeteek beren artean zerbait lokarri badüe. Hala nola erraiten den hilabetea ostirale haste bada, osoa egün horren arabera dateala. Bena martxokoak lazdüra bat ekar lezake, zeren eta hau beitioe: Jinkoak begira gitzala martxoko bost ostialetarik. Bestalde ez da ostiraleareki jokürik egin behar.

 

 

Abereak

 

      Hoien eginmoldeak aroaren berri eman dezakee.

      Badira lehenik etxalteetan bizi direnak. Oiloak zorkan ari direlarik, ebia ükenen dügü. Hala hala xahalak pürnauzkan, ebia ere date. Xerriek hortzetan arto bürüxkailak edo iratzeak iharrausten badütüe, hegoa egürüki behar da. Gatüak, xahatzean, bere aztaparra beharri gibelean erabilten badü, arokaitzak joko dü. Gatüak, orano, txostakan ari badira, elürra jaitsiko da.

      Kanpoko aldean bizi dira ihizeak. Haxeria ikusten bada bere honean ekitara, biharameneko ebia da. Beleek algar atzamanka iparraizea ekarten düe. Hüntzak egünaz kantatzen badü, biharameneko aro tzarra da. Üinürrü hegaldünak agertzen direlarik, ebi eginen dü. Xixariek bidean herresta isola handiak galtatzen dütüe. Behibideetako andere xuria ikusten delarik, bedatsea hüilantzen ari da. Biga edo hiru balin badira, üda bero date.

 

Aroa
Junes Casenave

Astobelarra, 2010