Aroa
Jondane Johane besta
Bezperan, gazteek ekarri egür eta abarreki, sü bat pizten da plaza erditan. Jenteak oro han dira: haurrak, gazteak, adinekoak, xaharrak. Süa pizten delarik, oihü eta zinkak emaiten dütüe. Gero garrak hein bat gora direlarik, gazteak eta haurrak alde gainetik jauzten dira, hola hola, edo hanitx ere bai hageki, ahal bezain gora jauzteko. Jauzten direlarik, bakoitxak oihü egiten dü: «Belagile zaharrak oro erra eta berriak ez kontserba.» Süa hil ondoan, egoiten den murrareki eta hautsareki, egiten da kürütxe bat. Gero oro badoatza beren etxeetarat. Goizan, bortabürüan, lili floka bat ezarten da. Zurezko kürütxe arrunt bati, lotzen zaio Jondane Johane lili, arrosa eta beste zonbait. Etxe borontean, aldiz, ezarten da ürrütxez eta elorri xuriz egin floka bat. Hor ez da lilirik. Ber gaüza egiten da bordetan; han ere sargiaren aldegainean lotzen da ürrütxezko eta elorri xurizko floka eta beste bat mürrü xilo batetan edo itzatürik. Ber floka hau lantatzen da ere alor bazterrean. Argitzean, oro joaiten dira herrekala. Han begitartea xahatzen düe, bena ez txükatzen. Ütürri sorgia bat balin bada, hara dira joaiten. Gero, badoatza bi ürratsen egitera, ortütsik, belar ihiztatüala. Goiz hartan ere, biltzen dira sendozale belar zonbait: milaziloa, idibegia edo bixileta, erlebelarra, hazteibelarra, peldoa eta beste, hala nola itzaurtze ostoak zanko minaren sendotzeko. Gaüza ez ohizko bat ere egin daiteke. Hona: haur batek balin badü etendüra bat, sendotzeko, behar da bi Johane. Jondane Johanez, goizean goizik joaiten dira oihaneala. Haitx gazte bat erdiratzen düe, xütik, moztü gabe. Bi Johanek algar iganarazten düe haur eria, bi gaintietarat, erranez: «To, Johane.» «Emak, Johane.» Eta hori hamar aldiz. Joan beno lehen, haurraren mantarra, adar batetarik txilintxau üzten düe. Arokaitzak. Gamere Zihiga Irondoko kartielan, bada txapela bat Jondane Johaneri emanik. Eraikirik izan zen, tzitzerrak eta harriak joiten beitzütüan güne hurak. Geroztik, halako mehatsü bat badelarik, egünaz ala gaüaz, Bagagiako nausia badoa txapelala eta sargia aitzinean, kanpotik, ezarten dü Jondane Johanen üdüria. Eta, geroztik, hanko bizizaleek ez düe ez tzitzer ez harri erauntsirik ezagützen. Laminak. Prefosta, Jondane Johane goizan gozatzen dira. Botzik, horik ere agertzen dira xahatzen ütürri sorgietan. Hala nola, saldoan, Iratiko tiniaren aldepean, Txistapeko ütürri begian. Jondane Johane goizan, Larraineko Üztarbeko harpe aitzineala agertzen zen lamina bat. Üztarbeko seme batek ikusi züan. Urte batez goaitatü züan, atzaman behar züala eta etxerat eraman, gogatüko züala. Arren atzaman züan eta bizkarrean hartü. Bena lamina igitzen zen. Bidean zernahi kabale agertzen zeion potikoari: süge, abere itsusi eta ebiltetik trabatzen züen. Erreka traukatü behar beitzüan, han lamina ezkapi zeion.
Aroa |