Aroa
Junes Casenave

Astobelarra, 2010

 

 

Hilabetea

 

      Urtea orano zatika genezake hilabeteak ikusiz. Hau haatik ez dügü egiten ekiaren arabera, bena bai argizagiaren arabera. Honek ekiak beno epe llabürragoz betatzen dü bere ützülüngürüa. Bere aldiek 28 egün nonbait han hartzen düe, hilabetekal. Hiru aldi aipa dezakegü: argizagi berria, argizagi betea eta argizagi zaharra. Argizagi beteak hilabetea mozten dü bi zatitan: gorapena, argizagi berriaren eta betearen artean; eta estiapena edo beherapena argizagi betearen eta zaharraren artean. Argizagia aldia hontan ürrentzen da, hau da hiru egünez galtzen dela edo bestela erranez hiltzen dela. Gero berriz sortzen bezala da, berritzen delarik bere ozke goreneala igan aitzin. Hantik harat berriz jaisten da eta hiltzen.

      Jentea aldi horier arraheinki so dago eta haren bizitzean eta lanetan garrantzi handia badüe. Hala nola ez da zühaintze bat noiz nahi egoixten. Süalako egürrarentako gorapenean mozten da. Aldiz, mairangeia estiapenean. Haatik honentako zühaintzea ebaki leiteke abentüko hilabete güzian, bai gorapenean bai estiapenean. Ereintzarentako berezten dira: lürpeko adelüak estiapenean ereinten dira, gora direnak gorapenean. Xerri ordotsa eraiten da estiapenean, xerri ahardia, aldiz , gorapenean. Arrantzaleak ez dü noiz nahi bere lata hartüko. Badeki arrainak argizagi berriaren üngürüan direla haboroenetan hamüari lotzen, bai eta ere, bena gütixeago argizagi betearen eta laurdenen üngürüan. Bestalde argizagiak, bere ürratsetan balüke eragina bürüko minetan, errematismetan eta orozgain haurren xixarietan. Aipatzeko bizitzearen gora beherak, erran zahar hau bada: ez dago argizagia beti bere betünean.

      Urteak hamabi hilabete badü. Hona horien izenak: urtarila, barantaila, martxoa, apirila, maiatza, arramaiatza edo ekaina, üztaila, agorrila, iraila, ürrieta, azaroa eta abentüa. Hona nola ikus daitekean argizagia, jentearen erranetan. Behin batez, gizon bat bazoan kapar haxe bat bizkarrean, franko nekez, argizagi bete batez. Ordüan oihü egin züan argizagiari:

      «Lagüntzen banündüzü.» Argizagia jaitsi zen zelütik eta gizona bere haxeareki eraman züan. Geroztik han argizagi bete oroz ikusten da. Santa Grazin, hau zioen Gaxerio ene aitaini zenaz: Gaüaz elki zen abar haxe baten bila. Bena ez zen arrajin. Geroztik argizagi betean ikus daiteke bere haxea bizkarrean.

 

Aroa
Junes Casenave

Astobelarra, 2010