Aroa
Junes Casenave

Astobelarra, 2010

 

 

Aro orokorra

 

      Aro errotik hitzak jelkitzen dira. Arotü aditza erabilten delarik, jakinarazten da aroa zerbaiten egiteko aldekoa bilakatü dela. Hala nola, artoaren ereintera abiatzen ahal da arotü beitü. Bestelakatzen bada, erran daiteke arogaiztü dü. Horren arabera, erran dezakegü azaroa aziaren ereinteko hilabetea dela; ostaroa, ostoak sortzen direna; bedaroa bedakan aritzeko edo belarren erabilteko hon dena; üztaroa üzten biltzeko behar bezalakoa; urtaro hitzak urtea emankor izan dela erran nahi dü.

 

      Hitz orokorrak hartzen dütügü aroaren izentatzeko. Bazterrer eta gaüzer bürüz, aipa ditzagün aizea, ekia, ebia, odeia, lanoa, labioa, harria, tzitzerra. Nola ikusten den: argi, beltz, ülün, goibel, dündü, nabar, zohardi. Nola nabaritzen den: bero, hotz, epel, goxo, mingarri, gori, bai eta ere: busti, heze, idor, txükü, ütsal.

      Berezia dago -te atzizkia. Aroak lüzexko iraüten düala edo hein bat azkar dela agertzen dü. Hona: argizagite da argizagia bere betean zelü zohardian agertzen delarik; ebite, ekite, bustitze, idorte, hezete, ebiak, ekiak, bustiak, idorrak edo hezeak lüzaz emaiten düalarik. Hurte, elürte, karrute, negüte hitzek ber zentzüa düe, bena heltübada lehenak beno azkardürari lot ditake. Arren hitzek aroa aipatzen badüe, atzizki ­te horrek indar bat emaiten deio.

      Badügü, bestalde, -tsü atzizkia. Horren erranahiak hanixtarzüna erakarten dü. Izener lot daiteke: ebitsü, ekitsü, lanotsü, itzaltsü, izartsü, ülünpetsü. Hor baliatürik da ebi, eki, lano, itzal, izar, ülünpe hanitx badela erakusteko. Izan leiteke ere izenlagüner eratxikirik: argitsü, bustitsü, ülüntsü. Ber herrokan bat berez ezarten dügü: hau da odeizü. Eta nola aroa bakoitxak nabaritzen düan, -bera atzizkiak jakinarazten dü: gorbera, hozpera, minbera.

 

Aroa
Junes Casenave

Astobelarra, 2010