Aroa
Sineste eta mitoak
Jenteen lanetan eta bizitzean aroak güne berezia beitü, gaüza berezi zonbait ere hortzaz erranik dira. Laborariek, üdan, bedakak hanitxetan franko nekez egiten dütüe lano eta lantzerrarengatik. Zertako? Ibar Esküinean ontsa badakie. Nork ez dü ezagützen Altzaiko Herensügea? Arren Herensügüak, Ahüzkiko papatxean alan ari ziren abere xehe eta larriak irexten zütüan. Ordüan, gaintika ase ondoan, Azalegiko errekan edaten züan, prefosta hur trago eder bat. Gero, etzanik, bazkalondo lo egiten züan. Hedailo, arren jarten zen, mihia nabaren aldegainean lüzatüz. Prefosta, ekia gordatzen züan. Mihitik, bestalde, ihitza iraurten züan. Beraz, belarrak ezin ziren idor. Hegoak, askitan, gure gainti horietan buhatzen dü. Hortarik landa, orozgain hegoabeltzetik, hegoekitzalgitik jiten denetik landa, ebia horra da. Hona zertako. Hegoak Landesetako Peyrehorade herriko hartü züan emaztea. Bena, üsantxa ez beitzüen etxeki, ez züan doterik üken. Ordüan, emaztearen herriala jo züan, kexü, azkarki buhatzez ere bai. Haatik, aldi hontan ere ez züan doterik bildü. Gaixo hegoa, bere ohiko günealat jin zen nigarrez. Hona orai zer agitzen zaion martxoari. Lehenik sineste hau bada: martxoan, üda egiten düanean, apirilak negüko jauntsiak jesaiten deitzo. Beha dezagün beste hau ere: martxoak ez züan hogeita hamar egün baizik. Artzainak erran zeion: «Hitzaz trüfatzen nük.» Erran gabe martxoari hori gaitzitü zeion eta apirilari egün bat jesan. Egün hura izigarri gaixto egin züan. Artzainari ardi saldoaren erdia ere hil zeion. Geroztik martxoak hogeita hameka egün badü.
Harriaga apeza Gameren erretor izentatürik izan zen. Egün batez herritarrer erran zeien: «Ni heben nizano ez da harri erauntsirik izanen, ez da ihor mankatürik izanen, gaztainatzetarik ihor ez da eroriko.» Eta, gisala, hala izan zen. Azken horren ontsa entelegatzeko, behar da jakin jente hanitx gaztainatzetarik erorten zela eta bizia galtzen züala. Adarreala igan eta haga batez gaztaina mardotxak joiten zütüen eta edo adarra hausten zen edo joitean txurdunpa eta lürrealat urtukirik ziren. Urte güziz han hor destorbü bat edo beste bazen. Bena hola izan zen Harriagaren indarra. Jenteek sinesten züen apezek zitzerra ere eküarazten züela. Haatik zioen otoitzea ez dela aski, behar dela poterea.
Laborari bat, egün batez, Jinkoarengana joaitera ausartü zen bere arrenküren agertzeko. Jinkoari, arren, zion ez zela aroa batere behar bezalakoa. Eki behar zelarik, ebi egiten züala, ebi behar zelarik idorteak joiten züala eta holako. Ez zütüan ez hura eta besteak lagüntzen. Jinkoak ihardetsi zeion: «Soizü, gizona, egin ezazü nahi düzüna; hortarako ahalak oro emaiten deitzüt.» Joan zen bai, laboraria, boztarioz jauzika, azkenekoz üzta aberatsak ükenen zütüala. Eta hasi zen egünaz ekiaren berotarzünaren hedatzen, eta gaüaz ebiareki bazterrak hurtatzen zütüan. Eta, hatsarre batetan ja, oro ezin hobeki bazoan. Bai bena, ez züan hontarzün horrek iraün eta, azkenekoz, ez ziren gaüzak batere aitzinetik beno hobeki igaraiten. Ülün ülüna jarri zen, gogozka barnak eta lüzeak egin zütüan, hau iker eta hori iker, ez züan ez ikusten zer egin zezakean. Bürüa apal, berriz Jinkoarengana jo züan. Eta Jinkoak: «Ordüan, gizona, zer dabila? Zertan daude zure abere eta üztak?» Gizonak, ahapetik bezala, aitortü behar üken zeion ez zirela gaüzak aldatü eta kontatü nola plantatü zen. Jinkoak eztiki: «Ai, gaixo gizona, zohartihitza ahatze düzü.»
Haurrak ere griñatzen dira jakin nahian zer datean aroa. Hona nola lotzen diren, prefosta txoskaka bat bezala. Baratzeala sartzen dira anddere kottagorriaren bila. Bat ediren düenean, esküetan hartzen düe eta er(h)i püntta goiti joan dadin üzten. Gero, erraiten deioe: «Anddere kottagorri, bihar eki ala ebi? Eki balin bada, hegalta zite, ebi balin bada, eror zite.»
Otoitzeak eta Elizan benedikatü gaüzak ere baliatzen dira aroa alde ükeiteko Jada ikusi dügü Jondane Johanez egiten diren ohidürak. Artoak, bedatsean, ereiten direnean arterriaren ürrentzean, alor kantuan arto bihiak lantatzez, kürütxe bat egiten da, horren lau bazterretan hitzak erranez:
1 Jinko honak busta 3 4 beste ditzala oroekilan hur honez
Maiatzaren hirua Dona Kürütxe dela dioe. Egün hartan, ürrütx txotx bat erdiratzen da. Hortan lotzen da beste txotx bat eta kürütxe bat egiten da. Gero erdioan ezarten da Erramü igantean benedikatü erramü osto bat. Kürütxe zonbait egiten da eta ezarten soro eta alor bazterretan, bai eta bordaldeetan.
Basajauna hanitx aipatürik da eta badütü harat honat ebilteko bere güne haütüak edo errekak ere. Larrainen ja ontsa ezagützen dütü. Han, elürra sendi düalarik, Iratiko oihanetik jaisten da eta jokatzen Barnetxbordala artino. Oihüz gain behera jauzten da , hanko artzainer salatzera ardiak artegian sartü behar dütüela elürrari ihes egiteko. Gero, hantik, bere builtadan, Itxelüko errekalat bürüz, orruaz, badoa.
Basajauna aipatzen dügülarik nola ez aipa berriz ere hartza. Ekiari bürüz, erran bezala, abere mitologikoa da. Hartürik da Basajaunaren aita bezala emaztearenganik. Betidanik gure Xiberoan bizi izan da bai harpeetan, bai mendiak gainti. Hotza jiten delarik negükatzen da. Gero, lehen beroak hasten direlarik, barantaila hatsarrean, lotarik iratzartzen da eta jeikitzen . Arren, ikusten den arabera, bedatseari lotürik dago. Negüan gaüzak lo eta hilik daude. Bedatsean berriz iratzartzen dira eta pizten. Horra zerentako hartzak, bere egongiatik elkitzen delarik, bedatsea ozkatzen düan. Berritzearen eta biziaren itxüra bezala da. Ber gisan eta arrazu horrengatik maskaradetan agertzen da, hoik egiten beitira ere bedatsearen berpiztearen ospatzeko.
Beleaz ere bi hitz erran dezakegü. Dakigün bezala belea beltz da, izenak bere erroan jakinarazten düan bezala. Bena gütiago aipatürik dena da erro hortarik elkitzen dügüla beli hitza. Beli horren erranahia da argi edo ekiari para dagona, nonbait han ekibegia erraiten dügün arabera. Arren, üdüriz, bi hitz horiek belea eta beli algarreki zer ikustekorik badüe, biek ber erroa düenaz gainen. Sineste zaharrak dio hatsarrean belea xuri zela, argiaren koloreko zela eta ez ülünaren. Üholde egünetan, Noe untzian zagolarik bere abere saldoeki, Jinkoak belea igorri züan ea bazterrak üholdetik txükatürik zirenez. Bena belea ez beitzen ützüli, gaiztü zen, hegaixtia opogaixtotüz: «Zuri hiz, jagoiti beltz hizate.» Bazter hanitxetan, hala da, Japonean, Xinan, bada sinestea ekihegaixti bat dela belea. Ekijeikigiako maxüxatzetik hamar bele hegaltatü ziren mündüari argiaren eramaiteko. Zeltoek bai belea bai argiaren jinko handia Lug ber hitzaz izentatzen zütüen. Halaber, gure beli argia eta gure bele beltza ber errotik dira, zeren eta beleek ekia bere gaüko ebilaldian lagüntzen beitüe. Aitzineko sinesteetan, beraz, belea, agertzen da eki izate balde edo bederen jinkozko mezülari. Gure mintzajeak, heben ere, gure aitzinekotarzünealat erakarten gütü. Eüskaldünak aspaldikoak gira, orai orano besteen erditan gure berezgoareki bizi, gure mintzajeak aspaldiko aldietara lotzen beikütü.
Hona gure mintzoak oritarazten deigüla ohidüra zaharrak arraheinki begiratzen dütügüla. Hoietan urteari eta orozgain ihauteriari lotürik direnak aipa ditzakegü: albadatak, maskak, maskaradak. Albadatak egiten ziren han hor gisa berezi batetara. Xiberoan, üsantxa begiratzen düe orano Larrainterrek. Herriko gazteak biltzen dirade urtarilaren azken neskanegünean eta etxez etxe badoatza, lükainka, odolerxe, arroskilla, arraultze eta beste hontto eske. Etxeko bakoitxarentako emaiten düe berset bat. Nausi, etxekandere, pottiko , neskatxuna, mixkandi bakoitxari zor zaio berea. Bersetak goxo dira zerbait emaiten badüe, gogor eta gordin ere, haatik, ez badüe emaiten. Maskak, zoritxarrez, ez dira haboro ikusten. Ihautiri asteharteareki agertzen ziren. Potiko zonbait biltzen ziren. Begitartea larrüzko mozorroz gordatzen züen, soinean zernahi pilta zahar eta ürratü jaunsten, zankoetan larrüzko azpantarrak ezarten. Ülüna jin zelarik, sartzen ziren etxeetan burrunba gaitzetan eta arrunt dantza deskarat zonbait emaiten züen. Ez ez zakielakoz dantzan, bena beren bürüen ez ezagütarazteko, zeren eta jenteek frisat edo jauzi batetarik aisa ezagüt beit litzakeen. Etxekoek emaiten zeien tripot, lükainka, arraultze. Gero biltzen ziren etxe batetan eta xanfart egiten züen. Bai albadakek bai maskek oritarazten düe negüko lotik iratzartzen ari direla bazterrak eta bedatsea berehala jitekoa dela. Hau da, prefosta, gaüza güziak arrapizten direla, bizi berri sortzen ari dela. Bena maskaradek düe hobekienik eta gisa handiagoz itxüratzen. Badira hor bai gorriak bai beltzak. Gorrietan, Zamaltzainak dü lehentarzüna: osatü ondoan eta ferratü eta, berriz jauzka hasten den arabera, hala hala negüa bere lotik elkitzen da bedatseko argi berriari leküaren üzteko. Beltzetan, aldiz, Pitxuk dü lehentarzüna. Oro bizi da. Bena bere aseka eta ezinegonagatik hiltzen da. Haatik atxeterak berpizten dü. Hala hala, güziak, negüan, hil ondoan, berriz, bedatsean, bizialat jiten dira. Horik oro ohidüra zaharrak, aitzinagoko mitoetan hoinarritürik. Ber ürratsean, gizakiaren arrenküra eta esperantxa erakusten düe, bizi berritzealako taigabeko deia.
Aroa |