Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila

 

Bertzetan

 

        Dantzan hasi nintzelarik nuen lehen aldikotz konduan hartu Euskal miltologia bat bazela. Basajauna, basa-andereen errolak baitziren kabalkadetan. Egia erran ez nuen ikerketa haundirik egin, ez aipatu ere, hori baino gehiago, amari ez bada behin, bazuenez basa-jaunez entzuterik. Hark, horiek oro zaharkerien erronkan uzten zituen: «Ui, ui gure aitatxi zenak ilargi, edo beherapenetan iziarazten gintuen butigeria horiekin, ez nion sekulan kasurik ematen.» Joan den mendeko solasak ziren beraz eta kontentatu behar zen mende honetako hastapenean etnografoek idatzi zutenekin.

 

 

        Lekunberrira errient izendatu ninduten biziki gazterik. Sartu nintzen laster ene adinekoekin harremanetan, erran nahi baita dantzaldietan ibiltzen. Ezagutzak egin eta estakuru guti aski genuen ostatuan biltzeko. Herri hartako etxeak eta jendeak aski fite ezagutu nituen, ostatuan ibiltzen zirenak behintzat.

        Batzutan zaharrak ere gelditzen ziren eta harrigarria kausitzen nuena, gure gisa fin gaixto egiten, berant arte egoten. Ez nintzen guti harritu bat hasi zitzaidalarik Basa-jaun solas.

        Gizon ausarta zen, haundia eta ederra. Fama haundiko ihiztaria zen eta ohartzen ari nintzen dohain haundia zuela gauzen kondatzeko ere. Mendiko magia sortarazten zuen. Behin, zer urtetan ere erran zuen, bere aitarenganik zeukan ixtorio hori, bere aitaren ttantta, hamalau urteko nexka, etxetik desagertu zen. Gauaz, bordan ardiak marrakaz ari baitziren ikustera joan zen eta sekulan ez itzuli. Biharamunean, ardiak borda zokoan metaturik ikusi zituztelarik otso edo hartzari pentsatu zuten eta ihiztorrak errestoan eman. Hurubiaka hasi ziren baina dardara batek harturik ez zuten burua finkatu nahi, herrestan eremanik ere. Tegian biribilkatu ziren. Elurra aski hurbil zen. Hara joan ziren, aitatxi, anaia gaztearekin eta elurrean sekulan ez ikusi herexak atzeman. Zango bat erronda zen bertz batek markatua bezala eta bestea animaleko giza-zangoa gurea baino bi aldiz haundiagoa, eta bilotsua, elurrean saihetsetan uzten baizituen basurde zurdeek egiten dituzten markak.

        Nehork ez zuen irri egiten ostatuan. Egiaren xehetasun guziak hor ziren, biloak elurrean eta kabalek duten naturaz kanpokoaren beldurra. Hartza usaintzean potzetara botatzen dute beren burua ardiek, hamar urte badu ere piztiak ez direla toki horietan

        Ixtorio hartan sinesten zuten. Gainera familiaz zeukan, ez zuen aitak semeari gezur errateko arrazoinik. Eta hau ez zen alegia ari, aski zitzaien haren begiei so egotea.

        Teoria hutsal ukan nuen aste guziko doia. Haurren simetria zirela zaharrak. Berriz heldu zitzaiela adin batetik goiti, ixtorietan sinestearen beharra. Liferentzia ttipi batekin. Balantzearen tenorea heldu, heriotzearen orenean ez dela txantxetan aritzen ahal. Ixtorio hori sinesten bazuen, zango bat mundu paganoan zuen, eta orduan balio metafisikoa hartzen zuen.

        Eguerditan auzo herrian zen errient batekin baskaiten nintzen ostatuan. Hori aipatu niolarik —bazuen beren munduan bizi diren intelektualen aire bitxi hori, eskolako lanaz aparte liburu bereziak irakurtzen zituen, filosofo haundien orrialde batzu gogoz ikasten— biziki pollita atzeman zuen ixtorioa eta gogotik honen sinesteko prest zen. Memento hoberenean heltzen zitzaion, berriki ondu zuen fedezko akta baten irudikatzeko. Gizonak, xintxoki portatzen bada horri buruz bederen, nahi duen parabisua ukanen du. «Orduan konparatuz, pentsatzen baitut hi Paxkal hazia izan haizela giristinotasunean, ezagutzen dizkiadan gustuekin, nahi baduk betiereko ihizien erresuman finitu, has hadi Manituren gurtzen. Bestenez bi hegal bizkarrean, harpa bat eskutan kantika xuxurlatzen ariko haiz zetazko arropa soinean. Nik hautua egina diat, plaztikazko espata ttipi bat erosia diat eta gau ala egun horrekin ibiltzen nauk segur izateko espata eskuan hiltzea. Odinen apairuan finituko diat kreman prestatu basurdez asetzen eta bilo hori luzeko neska lerden batzuk kalva eskainiko zidatek mahaian etzan aitzin». Irri karkaila haundi batean altxatu zen eta eskolara joan.

 

 

        Mendiak ninduen kezkatzen garai hartan eta solas horretatik landa gehiago. Hor zegoen. Aipatzen genuen anitz lagunen artean, begi ukaldi laxo batez estaltzen genuen, gure arteko hoberenek tuturru guziak izendatzen zituzten, baina oihanean sartuz geroz segitu xendera tipiena ere xenderara joaten zen, harresi edo zimendu deseginak baziren non nahi, gune ñimiñoenek elgarri erantzuten zuten, beren izen edo gaitzizenak bazituzten.

        Ez dut hemen aipatzen mendizale kluben mendia: «Igandean Baigurra egin dut, heldu denean Orhi...»

        Enigma bat bazen. Koda bat, kanpoko hauek ez genuen hartzen eta herritarren parte haundia jokoz kanpo egoten zen. Sistema hetsia bazen hor eta tenplo horretan sartzeko jakinean izan behar zen... edo zer besterik? Sinesmen berezia alabainan zibilizazio baztertu honen giltza.

        Misterioa leku ahantzietan pasatuz somatzen nuela iduritzen zitzaidan. Etxe gibeleko halztoi buztintsu bat, han zilo edo harpe bat eta handik ateratzen den usaina. Aski dugu ixtorioetan sinesten hasteko.

        Nuen denbora libro guzia mendiko zen, mapa eskutan, berdin arma edo amu haga. Ihiziko lagunen baitatik mapetan ziren toponimoak biltzen nituen. Bereizten nituen artzain edo beste bortu baliatzaileetatik neuzkanak, erranahi argidunak, zahar kutsu edo ipuin aire ekartzen zutenetatik. Leku ezkutuenek ninduten interesatzen eta horrela, arraintza sasoina zen, aipatu nion zahar bati xenderarik bazenez Bertza-zilora pasatzeko. Ergaraiko ur haundiaren sorgia baino gorago, Leizebizkarreko errekan zen potza lekua zen hura.

        Ez duk bertzetan arrain aski ederrik hire bi zangoen hausteko. Baduk arrain hara gabe. Basa-jaunak janen hau. Joan nintzen halarik ere eta behin baino gehiagotan. Laster gehienik maite nuen gunea bilakatu zen...

 

 

        Ondoko urtean etxez aldatu nintzen. Mendibeko bidean zen Ametzaenerat joan nintzen. Anitz irabazi nuen aldaera horretan Piarreren ezagutza egin bainuen. Lau urte hor nintzela eta ez nuen behin ere elekatu. Ez zen ostatuan ibiltzen. Konprenitu nuen orduan jende interesgarriak bazirela ostatuetarik kanpo, ihizi eta arrantzatik at ere, ez baitzuen horrek arma ez amurik behin ere hunki. Aitortu behar dut jende harremanen kapituluan biziki speedatua nintzela garai hartan. Bat pasatzen bazen ene ondotik agurtu gabe, ez nuen minuta batez ere pentsatuko amentsetan ari zela. Piarre futitzen zen. Estakuru onak atzematen zizkien denei, alderdi baikorretik interpretatzen keinuak oro. Ardura ikusten nuen, haren pentzean ari bainintzen arraintzan eskolatik landa. Purtta purtta ene kezka guziak, ilusio, aments aipatu nizkion:

        — Basajaun istorio hori nehork ez dik sinesten Lekunberrin, berek ere ez, baina etxetik baitute, eta ohorea zaindu behar... Beti mutiko fierrak izan dituk Itzainekoak, larderia haundikoak. Beti utzi diegu nahi dutena erraten, berek sinetsi arte. Irri goxoa ateratu zuen.

        Urteek dena ezabatzen dute, auzoen arteko kexuak, emazte ixtorioak eta ostatuko joka partidak.

        — Ohorea jendetasun afera duk ororen buru.

        — Badakik zer zen ixtorio hura: Zazpi mutiko bazituan etxe hartan, nexkak ere bestalde bainan ezkonduak. Ondotik arreba jin zitzaiean eskas aire batekin eta bizi zeno amak zian manatzen. Hura zendu zelarik dena aldatu zuan barne hartan. Biderik ez baitzen, berriak biziki berant jakiten genitian... Orduan neska bera hil zenez edo kalitu zutenez, hasteko ez zitean mezaz ehortzi eta potza edo leize batetara botatu ziketean. Gero, hain segur, galderen aitzintzeko Basa-jaun ixtorio hori pentsatu zitean eta nehor ez baitzen menturatu kontrarioaren erratera... Irri triste bat egin zuen.

        Ilusioa urtu zitzaidan baina ez ostatura joateko gustua eta ukanen nuen parada. Eskolatik landa poxi bat kalakan egon eta Thierryren autoa ikusi nuen gelditzen.

        — Zertarat heldu da hau hona? Baionako mutiko bat zen, gaskoi jatorrikoa baina horgo rugbilari guziek bezala Aturri-iparralderat joaten zelarik «basque» bilakatzen zen. Barnekaldeko baten definitzeko «un basque» erraten zuen ere. Frantsesa, baina Frantziako hego aldekoa, besta eta nexkazale porrokatua zen. Errient eskolako laguna nuen, elasturia turrustan heldu zitzaion, ez zen minuta bat bakarrik egoten ahal eta zapartegingarria zen. Izendatua zuten Garaziko beste herri batean. «Ez hekien?» Habilki aipatu zidan Baionara sartzen zela arrats guziz, ahanzter nuen fite gidatzea ere bere errabietan afixatzen zuela. Gomitatu nuen afaitera eta ondotik aste egunez ene etxean egoten zen.

        Hastapenean asteazkenetan sartzen bazen, gero, gauza guti baizukeen egiteko kostaldean, hor egoten zen, neska-lagun batekin jiten ere, behin baino gehiagotan. Proposatzen bazitzaion ostatu berri baten bisitatzea edo espreatzea, beti gertu. Ez nuen dudarik atxikitzen: gauzen edertzeko zuen mihi errextasunarekin, zer exotismo kargarekin agertaraziko zituen Baionan hemengo ostatu eta jendeak bereziki, euskararena leit-motiva beti: «Ostatuan sartzen haiz, ha hori jendetasunaren aldetik ez duk errateko, eskua ematen didate eta ça va? eta gero Qu'est ce tu prends? eta batzutan ulertzen dut «basurdea» eta pan pan! badakizue beti plazer egiten du solas batean onartua izatea. Eta bestea (ni nintzen) blablabla, gisakoa, basoak pasarazten dizkit.»

        Behin merkatuan ginelarik, pilota partida ikusirik, egon ginen herriko gazteekin. Zaharrago bat bazen hor. Ikustez ezagutzen ninduen eta hasi, nongoa, non bizi ginen. Ametzaenea aipatu niolarik, galdegin zidan ez ginenez laminen beldur. Thierryk deus ez bazuen segitu, intuizioa zukeen, ateratzean galdegin zidan zer kondatu zuen. Erran nion jada entzun nuela etxearen alokatzean, jendeak ziola etxe hartan mamuak bazirela, ez egiazko mamuak, ez zedin izi, baina mamu ttipi euskaldun batzu. Johanago eta xuriago zen: «Nahiago diat ehun kiloko astapito bat parrean ene xintxikatzera deliberatua, bere emaztea eta ama zikotu ditudalakotz butiga horiek baino» Gau hartan edana izanik ere, Baionara sartu zen lo egitera.

        Fama bada, erligionea galduago eta sineskeriak errotuago. Edo errotzeko lokia dutela. Thierryk froga ematen zidan. Denek maite dugu jostatzea, eta euskaldunak indianoak baldin badira Baionan, ez nion dena erran zerbait ukan zezan kondatzeko. Delako mamuen ixtoriaren sorburua Piarre zaharrak kondatu zidan.

        Bere gaztaroko gertaera zen: hiru lagun ziren, herritarrak Mendibe kaxkoko oihanetan segan ari zirenak luzean. Egunak luzeak ziren, sega bezain, eta gau beltzean etxeratzen ziren bizikletaz. Hiru horietarik bat biziki ziminoa zen, ostatuan beti zerbait kondatzeko prest, balentria zerbait, egia edo gezur. Beldurti hutsa ere. Larunbat aratsa zen, ostatura bazihoazen aste buruaren ospatzera. Tokiko beste gazte batekin hitz harturik, bihurgune batean, Ametzaeneko bide juntako sasuan, kuia ezarri zioten zuzia barnean, azantza egin galarrots tuta batez, eta beldurraren beldurrez gelditua zelarik bizikletari kateak estekatu. Eroa bezala eta orroaz lekuak hustu zituen herrirantz. Ostatuan kondarazi zioten ikusi zituen laminak nolakoak ziren. Besteak bilotsu, antzara patekin eta kanton, amatxiren altxoan bildu zituen guziak ikusi bezala zehaztu zituen.

        Ez baitzituzten egileen izenak salatu, kantonamendu osorat hedatu zen Ametzaenea lamindua zelako fama.

        Thierryk ez zuen luzaz segitu Baionara biltzen. Ondoko astean hor nuen berriz eta irria baita beldurraren kasatzeko arma egokiena, beti etxeko berriak galdegiten zizkidan, laminena alabainan: Hire egoiliarrak ontsa. Eixean sartzen zelarik, Gontran ezarri zion izena lamina edo mamu birtualari, «Ontsa Gontran?» erraten zuen.

        Arrazoina bazuen etxe laminduan bizitzeko. Beti nexkak bazituen atearazteko eta bi mundu horiek, barnekaldea eta kostaldea ez zirela sekulan kurutzatzen oharturik bere nexka lagunak ekartzen ahal zituen hona, ofizialak deus ere jakin gabe. Hola ezagutu ditut Noelle, Bety, Nadine... Ni arrantzan ibiltzen nintzen eta haiek konpontzen ziren laminekin. Aratsean bertsio idatzia banuen mahaian, arrapostua plantan egina, sekulan ofizialak telefonatzen bazuen ihardesteko. Ofizialki arrantzan hasia baitzen Thierry. Nexka zinkurika egoten zitzaidan telefonan hartu zuen pasio berriarekin ez zuela gauerdi arte ikusten.

        Behin, sartzean, etxe aitzinean atzeman nuen mutikoa. Nadinekin etzanaldia egiten ari zirela, gainean sabaian, laborari etxe zahar bat zen, sekulako arramantza entzun zuten.

        — Garratoinak dituzkek.

        — Garratoin dopatuak orduan, aldaera egiten ari altzariak orgataraka kargatzen!

        — Laminak ttipiak dituk, zangoak makur, baina biziki azkarrak eta langileak izateko fama baditek erran nion irri karkaila batean. Barnera sartu nintzen eta afaria prestatzen hasi. Ez zuen egoteko emeiarik. Xixak atzeman nituen eta moletaren usainak durduzarazten zuen. Baionara joan zen. Aste guzian iduriz. Baina gero Yvetten ezagutza egin zuen.

        Eskolatik landa, urrun joateko denborarik ez baitzen Piarreren pentzean ari nintzen arraintzan. Hara jiteko usaia hartu zuen Thierryk eta hastapenean beti bere abenturak kondatzen bazizkidan, zapargarriak bilakatzen ziren haren irudimenaren bahetik pasatu eta, emeki emeki hasi zen arraintzari interesatzen. Bera ere ari zen arrantzan Aturri ibaian. Lagun batekin kuralin izeneko battela bazuten eta noiztenka ureratzen zuten, amu-haga eta garagardoz bete eta. Konparaketak egiten zituen. Hariak lodiago, material guzia funtsean. Arraina ere, nolaz ez!

        Behin libera pasa egiten zuen arraina atzeman nuen eta Katy eta Patouren arteko konparaketa baten artetik erreka txar horietan arrain politak bazirelako oharrak ahoa urratu zion.

        Aizina baldin bazuen bortura joaten nintzelarik segitzen ninduen, hitzordua berantago zuelarik, edo, izenaz ez naiz orroitzen, nexka bat atzeman zuen etxekandere maniak zituena, haizatzen gintuen honek Ametzaenetik eta sekulako afaria prestatzen zigun. Beti balioa duten metodoak dira, mutiko baten kapturatzeko, Thierryrekin salbu. Egun hartan Bertzetan arraintzan ari nintzen. Leku hura bitxia atzeman zuen berehala. Bi metretan ikusten ez zen ezpelez kukutu xendera batetik heltzen zen. Erreka harrian zilatu duen zintzur ateka baten pean dabil. Saihetseko peña paretei so eginez: «Ebe, agian ez gaituzte Indianoek atakatuko. Arraina baduk hemen? Zer jaten du?»

        Gisu harriaren eraginez ur zola marmola bezain xuria da han. Leizebizkarreko errekako ura beti garbi garbia da, baina elur ura ematen du, den mendreneko esnea balu bezala, kare urtua.

        Arraina bakan zen, eta bakan lotzen, baina ederra izariz eta gehiago kolorez, ur horrek xuri xuriak eta distirantak egiten baitzituen, izokinak bailiran.

        Egun hartan deus ez baitzen lotzen, bazterrei beha zegoen Thierry:

        — Errak zer da hau?

        Potzan arraildura gora eta hertsia bazen. Harpe zerbait ageri zen.

        — Harpea, denetan badituk. Gaineko hegiak Leizebizkarre izena dik eta...

        — Eta gaineko bizkarrean holako bideak badituk. Zerbait bizi duk hor.

        — Azeri bat dudarik gabe...

        — Prehistoriko bat? Hemengo azeriek metra erdiko ildoa egiten die hostoetan. Banekian euskaldunak azkarrak zirela baina...

        — Orduan basajauna dukek...

        Zer zen azaldu ondoan:

        — Laxatzen ditiztek edo Yeti guzien kongresua hemen duk? Batean tipi eta bilo haundi, lo garelarik beren palmak ziratzen sabaietan, hemen haragi jale, zer da herri hau? Jenatzen bazaituztegu joanen gara! oihukatu zuen, Bertzek oihartzuna itzultzen zigutela Basajaun botz erlastu batez.

 

 

        Arraina hegiko harri xuhail eta biluzietan itzultzen zen zalaparta zaintsuan.

        — Ja zer biftekak dituen horrek» ene gibeletik.

        Ondoko putzuan, beste bat ttipiago baina odol ttittek efetu egin zioketen erran baitzuen

        — Bon errak, pasa ezak amu hori hona. Drago bat hartzea bezain errexa duk joko hori.

        Bizpahiru hutsegin eta Bertza zilo haundian atzeman zuen bere lehen amuarraina.

        — Zer da hor gorago?

        — Bertzak. Holako osinak edo putzuak dituk baina aldi oro xurruxta baduk. Aski landderosa duk. Ez duk xenderarik.

        — Bon ebe hemen gelditzen gaituk. Beste Gontran hark bere arrailduratik ateratuko delarik zerbait jan behar dik. Ontasunen banatze zuzen baten alde nauk

        Ondoko astelehenean merkatura ereman ninduen amuarrain arrantzako ekipatu behar zuela.

        Eta alabainan ur haundian teknikagoa baitzen arraintza, burua beti Bertza-ziloan zuen, lehen amuarrainaren lekuak beti uzten du aurriritzi baikorra. Suzy ez ikusi nahi edo Marijo aratsaldean heldu, estakuruak aldatzen ziren poxiño bat, beti Bertzetara joaten zen; noiztenka ekartzen zituen arrainak ontsa heldu zitzaizkion bere ofizialari buruzko solasak egiaztatzeko.

        Asteazken goiz hartan pasatu zen etxetik biziki goizik. Ohetik ateratzen bainintzen ez nuen batere konprenitu xerbitxatu zidan gidoi konplikatua «Hobe huke edatea uztea» botatu ondoan, gogoan atxiki behar nituenak oihukatu zizkidan beharri zilora. «Ninarekin jina nauk. Berriz joan duk beheiti; laguna badik hemengo bled batean. Sekulan telefonatzen badu (ofizialak) ez nauk ikusi. (Ixtorioak ukan zituen harekin, kasik atzeman zuen. Irriz ari zen, gauza konplikatu haiek gustukoak zituen). Ene autoa Changaien utzia diat (Aturri ondoan battelak lotzen ziren kaiño hura hola deitzen zuten). Behar dik sinetsi lupiña arraintzan naizela. Sarri arte.»

        Aratsean ez zen berriz pasatu. Ez nintzen inketatu, ardura horrela egiten baitzuen. Gainera ikaragarriko ortzantza egin zuen iluntzean, eta zen beldurtiarekin, nihauren baitan egiten nuen —Sekulan ateka hartan ximixta bat ikusten badu, polita baita han, Baionara sartzen duk lasterka». Irriz ari nintzen sukaldean.

        Biharamunean, baskaitean, ofizialaren telefono ukaldia. Ez ez nuela ikusi. Aratsean berriz. Nik ezetz. Nihaurek sinetsiko nuen botz horrekin, usaia nuen bezala. Hark egia errateko —beraz bazekiken zerbait— biziki grabe zela. Haren autoa Aturri ondoan zela. Lanera ez zen joan. Battela portuan zen. Arras airatua ematen zuen baina nik berretsi nion ezetz. Lagunei eman hitza sakratua baita edozein ofizialaren parrean ere.

        Bertzetara joan nintzen bost orenetan. Ekaina zenez banuen gustuan hara heltzeko astia ilundu aitzin. Ura goiti joanik eta berehala sarturik errekak bazuen usain, landare edo lohi fin, hare usain gogor eta freskoa, arraintzatik jauntzietan, biloetan ekartzen den usaina. Denez gain maite nuen uraren usaina. Ortzantz airek ez dute arraintzako deus balio kasik sekulan. Bainan beti bada norbait orzantz airearekin «xixtroa hola bete» zuela errateko. Sekulan salbuezpen eguna bazen, sekulan arrainak alan atzeman bazituen, aski zozoa izan zen, bere zarea Baiona guzian, ostatuz ostatu erakusteko baizik ez bazen ere, Bertzetan sartzeko. «Sekulan min hartu badu, zango bat hautsi edo behartu, hemen izan zitekeen uholdearekin ez bada ito.»

        Bi harrien artean urak kokarazten dituen abar eta puxken artean haren amua ikusi nuelarik kokotza bat-batean daldarka hasi zitzaidan, eta bizkar hezurrari beheiti izerdi izoztua senditu. Gorago joan nintzen urrats motel batez. Harpearen heinera heltzean erreka atekan sartzen zen, eta ez zuen hauturik uzten zango zein begiaren pausatzeko: ur-harri bat bildu nuen odol idortuz tindatua. Gizabiloak kolaturik bazituen. Itzuli nintzen iragan berria nuen harpeari so. Ostoak irauliak ziren, herrestan ekartzen den gorputzak egiten duen xendera-arroila. Errekak Urxabaletako lurretik utzi zuen lohian zango herexa. Zaharrak deskribatu zidan bezala: gure biena bezain luze eta zabal, aitzinean azazkal mako hautsiek egin zituzten markak, eta bereziki urak ekarri berri zuen mala fin horretan biloen perekaren marrak. Orrazi batez orean egin zitezkeenak. Burua goititu nuen aldi txartzeko beldurrez eta arraildura parrean nuela hauteman nuen sekulan ahantziko ez dudan usaina, basurde batena bezalakoa. Laster egin nuela badakit, bideaz batere ez naiz orroitzen. Etxean aurkitu nintzen aments gaixtoa egin nuela ene buruari errepikatzen. Ohartu nintzelarik eskutan harri biribil bat nuela bilo kolatu batzuekin.

        Peko pentzera botatu nuen daldarka, lerratu, zalapartaka arizan ezin xutituz eta begiak ezin zerratuz gau guzia goiti so egon, lamina bat nondik ateratuko zitzaidan zain.

        Hamar urte badu orain ixtorio honek. Kasetan, irratian aipatu zuten azkar desagertze hori. Ni ene zokoan egon. Murgilariek zortzi egunez miatu zuten Aturri, ortzantz ur-hastea eztitu orduko, Thierryren lagun batzuen battela falta zen eta posible omen zen... Bai, uholdea bortitza izan zen eta beste bi kuralin gaizki lotuak faltatu ziren ere.

        Hilabetea berantago, itsasoak Angeluko hondartza batetara giza-gorpu bat bota zuen. Familiakoak galdeginak izan ziren hea ezagutuko zutenez. Ezetz. Baina amaiera normal baten emateko gutiziarekin, dudarik gabe, gerrikoa edo xehetasun bat ezagutu zuen ofizialak eta Thierry Laborde izena duen harri baten pean ezarri zuten ezezaguna.

        Ehorzketetara joan nintzen zerbaiten aipatzeko nahikeriarekin. Ofiziala edo harentzat utzi nuen nexkarengana ez nintzen joan. Ez nuen lehenago sekulan ikusi. Zertara joanen nintzaion nahastera ene «basque» ixtorioekin?

 

 

Botoiletan
Antton Luku

Maiatz, Uhargi 36, 1998ko apirila